www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta


  
Data

09.09.2019

Erreferentzia

PFEZ. Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazio ganbera ofizial bateko kide anitzeko organoetako kideek osoko bilkuretara joateagatik jasotako zenbateko finkoak.

Galdera

Kontsulta-egilea zuzenbide publikoko korporazio bat da, eta Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera Ofizialen apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legeak arautzen du. Haren gobernu- eta administrazio-organoak osoko bilkura, batzorde betearazlea eta burua edo presidentea dira. Kontsulta-egileak dioenez, osoko bilkurako kideek eta aholkulariek ez dute ordainsaririk jasotzen. Hala eta guztiz ere, agertutako erakundeak laurogeita hamarna euroko zenbateko finkoa ordaintzen die guztiei, osoko bilkuretara joateagatik dituzten gastuak konpentsatzeko, eta, horrela, saihestu egiten du arrazoi zioz sorrarazten dituzten kostuak justifikatu behar izatea. Hori guztia egiten du konpentsazio horien kudeaketa errazteko, bai ordaintzailearentzat (kontsulta-egilearentzat), bai hartzaileentzat eta, bidenabar, osoko bilkuretara joatea sustatzeko. Kontsulta-egileak dioenez, adierazitako zenbatekoa, 90 eurokoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onartu zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 13. artikuluan ezarritako zenbatekoetan oinarrituta kalkulatu da. Kontsulta-egileak bere interesen alde jarduten du espediente honetan, ez bere kideen edo elkartekideen interes kolektiboen ordezkari gisa.Kontsulta-egileak ondokoak jakin nahi ditu:1) Azaldutako zenbatekoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari lotuta ez daudela jo ote daitekeen, haien jasotzaileentzako errentarik ez dakartela ulertuta, kideen eginkizunak betetzean dituzten gastuengatik konpentsatzeko erabiltzen baitira.2) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren konturako atxikipena egin behar duen osoko bilkurako kideei ordaintzen dizkien konpentsazioen gainean eta, hala bada, zein zenbatekotan.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian ageri diren gaiei dagokienez, lehenik eta behin, Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera Ofizialei buruzko apirilaren 1eko 4/2014 Oinarrizko Legean araututakoa hartu behar da kontuan. Lege horren 9. artikuluak honako hau dio: "1. Merkataritza, industria, zerbitzu eta nabigazioko ganbera ofizialetako gobernu-organoak osoko bilkura, batzorde beterazlea eta presidentea dira. (...)". Zehazki, osoko bilkurari dagokionez, apirilaren 1eko 4/2014 Legearen 10. artikuluak honako hau arautzen du: "1. Osoko bilkura Ganberaren gobernu- eta ordezkaritza-organo gorena da. Gutxienez 10 kide izango ditu eta gehienez 60, eta lau urteko agintaldia izango dute. (...)". Horrela definitzen dira kontsulta egin duen Ganbera Ofizialaren gobernu-organoak, eta, zehazki, osoko bilkura, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen 2015eko azaroaren 4ko Ebazpenaren bidez onartutako barne-araubideari buruzko Araudiaren 8. eta 9. artikuluetan. Era berean, kontsulta egin duen Merkataritza Ganberaren Barne Araubidearen 14. artikuluak osoko bilkuraren eskumenak ematen ditu, eta honako hau adierazten du: "Osoko bilkurari, Ganberaren gobernu- eta ordezkaritza-organo gorenari, eskumen hauek dagozkio era esklusiboan: a) Araudi honen 3, 4, 5 eta 6. artikuluetan ezarritako eginkizunekin zerikusia duten erabakiak hartzea. b) Korporazioaren berezko jarduerei lotutako urteko jarduketa eta kudeaketa-programak onartzea. c) Erakunde, agintari, epaitegi eta auzitegi, arbitrajeko erakunde-mota guztien aurrean era guztietako errekurtsoak eta ekintzak jartzeari buruzko erabakiak hartzea, Batzorde Betearazlearen eskumenari kalterik egin gabe. Justifikatutako urgentzia. d) Ganberak mota guztietako elkarte, partzuergo, fundazio, sozietate zibil edo merkataritzako sozietate publiko edo pribatuetan edo antzeko erakundeetan parte-hartzeari buruzko erabakiak hartzea. e) Ondasunak eskuratzeari edo erabiltzeari buruzko erabakiak hartzea. Ahalmen hori Batzorde Betearazleari eskuordetu ahal izango dio presazko kasuetan. (...) g) Batzorde Betearazleko burua eta gainerako kideak hautatzea, kargutik kentzea erabakitzea, eta sortzen diren lanpostu hutsak agerrarazi eta hornitzea. h) Batzordekide laguntzaileak eta aholku-emaileak izendatzea eta kargutik kentzea, araudi honetan ezarritako moduan. i) Aholkularitza-batzordeak sortu eta desegitea. j) Urteko kontuak onartzea, Korporazioaren Gobernuaren Urteko Txostena eta Idazkari nagusiari eta Ganberako langileei buruzko era guztietako erabakiak hartzea, araudi honetan eta araudiaren manu osagarrietan ezarritakoaren arabera. l) Ganberak edozein erakundetan edo antolakundetan izango dituen ordezkariak izendatzea; eta m) Ganberaren gobernu-organo gorena eta ordezkaritza orokorra izateari gagozkiola, dagozkion ahalmen guztiak baliatzea". Aurreko guztiarekin bat etorriz, ondoriozta daiteke kontsulta egin duen Ganbera Ofizialaren osoko bilkura dela erakunde horren gobernu- eta ordezkaritza-organo gorena, eta erakunde horren zuzendaritza- eta ondare-kudeaketako lanak egiten dituela. Aurreko guztia argitu ondoren, bidezkoa da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 15. artikuluan xedatutakoa aintzat hartzea. Aipaturiko artikuluak honako hau ezartzen du: "Lanaren etekinak dira zergadunaren lan pertsonalak edo beraren lan-harremanek edo estatutu-harremanek zuzenean zein zeharka sortzen dituzten kontraprestazio eta onura guztiak, jarduera ekonomikoen etekinak ez beste guztiak. (...)". Bestalde, PFEZFAren 18. artikuluak honako hau ezartzen du: "Ondokoak ere lanaren etekintzat jo behar dira: (...) e) Administrazio-kontseiluetako eta haien ordezko batzordeetako administratzaile eta kideek nahiz bestelako ordezkaritza-organoetako kideek jasotako ordainketak. (...)". Errenta jakin bat PFEZFAren 18. artikuluaren e) letra horretan txertatzeko arrazoia dugu errenta hori jasotzen duen zergaduna erakunde baten ondarea administratu eta kudeatzeko eginkizunak betetzen dituen organo bateko kidea izatea da, erakundearen izaera edozein delarik ere. Beraz, manu horretan adierazitakoak ez die merkataritzako sozietateen administratzaileei eta administrazio kontseiluetako kideei bakarrik eragiten. Gainera, behin eta berriz aipatutako PFEZFAren 16. artikuluaren d) letrak honako hau xedatzen du: "Honako hauek dira lanaren diruzko etekinak: (...) d) Bidaia-gastuetarako dietak eta ordainketak, salbu eta lokomozio-gastuak eta ostalaritzako establezimenduetan egiten diren mantenu- eta egonaldi-gastu arruntak, erregelamendu bidez ezarritako mugen barruan betiere. (...)". Azken xedapen hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 13. artikuluan. Artikulu horretan, hauxe ezartzen da: "A. Erregela orokorrak. 1. Lanaren etekintzat hartuko dira bidai gastuetarako sariak eta esleipenak, salbu eta joan-etorrikoak, eta ostalaritzako establezimenduetako mantenu eta egonaldirako arruntak direnak, baldin eta artikulu honetan adierazitako betekizun eta mugak betetzen badituzte. 2. Joan-etorri gastuetarako esleipena. Kargatik salbuetsita daude enpresak edo enplegatzaileak lantegi, lantoki, bulego edo laneko zentrotik kanpora joan behar duen enplegatuaren edo langilearen joan-etorri gastuak konpentsatzeko erabiltzen dituen kopuruak, honako baldintza hauek betetzen badira: (...) 3. Mantenu eta egonaldirako gastuetarako esleipenak. Enpresak edo enplegatzaileak jatetxe, hotel eta ostalaritzako gainerako establezimenduetako mantenu eta egonaldiaren ziozko gastu arruntak konpentsatzeko erabiltzen dituen diru-kopuruak kargatik salbuetsiko dira, baldin eta diru-kopuru horiek hartzailearen ohiko lanlekutik eta haren egoitzatik kanpoko beste udalerri baten egindako gastuengatik sortu badira. (...)". Aurreko guztiarekin bat etorriz, kontsulta egin duen erakundeak osoko bilkurako kideei eta aholkulariei ordaintzen dizkien diru kopuruak, hartzaile horientzat, lanaren etekinak dira, bai eta bi alderdien arteko inolako lan-harremanik ez dagoenean ere. Kontsultan aipatutako errentak lanaren etekintzat kalifikatu ondoren, aztertu beharko da ea PFEZAren 13. artikuluaren arabera kargatik salbuetsita dauden dieten araubidea aplikatu ahal zaien errenta horiei (gorago artikulu horren zati bat transkribatu da). Kargatik salbuetsita dauden dieten araubide horrek oinarritzat hartzen du dieta horiek ez direla benetako ordainsariak hartzaileentzat; aitzitik, horien bidez konpentsazioa baino ez zaie ematen langileei, enplegatzailearen aginduz lantokitik edo lantokiko udalerritik kanpora egin behar izaten dituzten joan-etorrien gastuengatik. Baina PFEZFAren 13. artikuluan dietak kargatik salbuesten dituen araubide hori ordaintzailearekin lan- edo estatutu-harremana duten zergadunei bakarrik aplikatu ahal zaie. Beraz, ezin dute araubide hori aplikatu, besteak beste, administratzaileek, administrazio kontseiluetako eta horien ordezko batzordeetako kideek eta beste ordezkaritza-organo batzuetako gainerako kideek. Ordaintzailearekin lan- edo estatutu-harremanik ez izan arren lanaren etekinak lortzen dituzten zergadunek ere euren jardueraren ondoriozko gastuak izan ditzakete, eta gerta liteke gastu horien ordaina zergadun horientzat errenta ez izatea, baina ez PFEZFAren 13. artikuluan ezarritako inguruabar eta baldintzekin. Hain zuzen ere, kasu jakin batzuetan, erakundeek gastu jakin batzuk jasaten dituzte beren gobernu-organoen bilerak antolatzearen ondorioz, eta horien artekoak ditugu organo horietako kideen joan-etorriei dagozkienak. Horien ordainketa ez da azken horiek ematen dituzten zerbitzuen ordainketa, ez zuzenekoa, ez zeharkakoa, eta, era berean, ez da inolako errentarik lortzen ordaintzaileak bere eskura jartzen dituen bitartekoak pertsona batek erabiltzen dituenean, eskatu dioten lana egin dezan. Hori dela eta, kontsulta-egilearen osoko bilkurako kideek haren bileretara joateagatik egiten dituzten gastuengatik hertsiki konpentsatzeko jasotzen dituzten zenbatekoak (adibidez, garraio-gastuak, mantenua, etab.) ez dira ematen dituzten zerbitzuen ordainekoak, ez zuzenekoak, ez zeharkakoak (eta ez dago errentarik pertsona batek bere jarduera gauzatzeko ordaintzaileak bere eskura jartzen dituen bitartekoak erabiltzen dituenean -esate baterako, erakundearen gobernu-organoek batzar-aretoa eta haren instalazioak erabiltzen dituztenean bilerak egiteko. Horregatik, kontsulta honen inguruabarrean, gerta liteke "hirugarren baten konturako gastua" egin dela onartzea, eta horrelako gastuen ordainketak ez luke kargapeko errentarik sortuko, baina horretarako baldintza hauek bete behar dira: 1.- Zergadunak kargatik salbuetsita dauden dieten araubiderako eskubiderik ez izatea, PFEZFAn eta PFEZAn (batez ere PFEZAren 13. artikuluan) ezarritakoaren arabera. 2.- Eta, planteatutako kasuari dagokionez, erakunde ordaintzaileak egiten dituen gastuek xedetzat izatea gobernu organoetako kideen eskura jartzea euren lana bete ahal izateko behar dituzten baliabideak; besteak beste, organo horien bilerak egiten diren lekura joateko baliabideak. Hala, bada, horrelako kasuetan zergadunei ordaintzen zaizkien diru-kopuruak ez dira kargapean egongo, baldin eta diru-kopuru horiek hartzea eta ordaintzaileak zergadunei euren eginkizunak bete ahal izateko baliabide materialak eskura jartzea pareko ekintzak direnean. Hau da, zerbitzuak egin behar dituzten lekuetaraino joateko gastuak zehatz-mehatz ordaintzen zaizkienean. Aldiz, ordaintzaileak oroharreko diru-kopuru batzuk ordaintzen baditu eta ezin bada frogatu diru-kopuru horien bidez zehatz-mehatz konpentsatzen direla zergadunek euren eginkizunak betetzeko egin beharreko joan-etorrien ondorioz jasaten dituzten gastuak, orduan diruzko ordainsari baten aurrean egongo gara, eta zergari lotuta egongo da, lan-etekin gisa, salbuetsi gabe. Horrenbestez: - Erakunde ordaintzaileak Administrazio Kontseiluko kideen eskura jartzen baditu euren eginkizunak bete behar dituzten lekura joateko beharrezko baliabideak, hau da, garraiobidea eskuetaratzen badie edo arrazoi horrengatik jasaten dituzten gastuak zehatz-mehatz ordaintzen badizkie, ez da haientzako lan-etekinik egongo, ez baitute inolako irabazirik lortuko. - Aldiz, kontsulta egin duen erakundeak bere Administrazio Kontseiluko kideei euren zerbitzuak egin behar dituzten tokiraino joateko egindako gastuak ordaintzen badizkie, baina ez bada frogatzen horrela ordaindutako diru-kopuruak gastu horiek zehatz-mehatz konpentsatu dituztela, edo kide horiei oroharreko diru-kopuruak ordaintzen badizkie, eurek nola erabili erabaki dezaten, orduan diruzko lan-etekin baten aurrean egongo gara, eta etekin hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta horren atxikipen-sistemari lotuta egongo da. Aztertutako kasuan, kontsulta-egileak oroharreko zenbateko jakin batzuk ordaintzen dizkie osoko bilkurako kideei, kide anitzeko organo horren bileretara joateagatik (laurogeita hamar euro, kasu guztietan). Ulertu behar da, beraz, aurreko guztiaren arabera, arrazoi horrengatik (Ganberaren osoko bilkuretara joateagatik) ordaintzen dituen konpentsazioak lanaren etekinak direla hartzaileentzat, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari lotuta daudela eta ezin salbuetsizkoak direla (eta zerga horren atxikipen-sistemaren kargapekoak direla). Diru kopuru horien gaineko atxikipena egin beharrari dagokionez, PFEZFAren 81. artikuluak hau xedatzen du: "1. Ondoko errentak atxikipen edo konturako sarreraren mendekoak izango dira: a) Lanaren etekinak. (...)". Lanaren etekin horiei aplikatu beharreko atxikipen tasa 100eko 35ekoa izango da, hau da, administratzaileen eta administrazio kontseiluetako, horien ordezko batzordeetako eta beste ordezkaritza organo batzuetako kideen ordainsariei dagokiena, PFEZAren 87.1.b) artikuluan adierazten den bezala. Artikulu horrek dioenez: "1. Lanaren etekinen gainean egin beharreko atxikipena kalkulatzeko lanaren etekinen zenbateko osoari jarraian azalduko diren ehunekoetatik egokia aplikatu behar zaio: (...) b) Administrazio kontseiluetako, horien ordezko batzordeetako eta beste ordezkaritza-organoetako administratzaile eta kide izateagatik jasotako ordainsarien gaineko atxikipen-ehunekoa 100eko 35 izango da. (...)".

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 15, 16 eta 18. artikuluak.Apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 13, 81 eta 87. artikuluak.

Itzuli