Hemen zaude:
26.03.2019
PFEZa. Eraikuntza berriko ohiko etxebizitza eskuratzea. Berrinbertsioagatik aplika daitekeen salbuespena. Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria. Senideen dohaintzaren edo mailegu pertsonalaren bidezko finantzaketa.
Kontsultagilea bere ohiko etxebizitza eskualdatu eta eraikuntza berriko bat eskuratzeko aukera aztertzen ari da. Agian etxebizitza berriaren erosketa prezioaren zati bat senideen arteko mailegu pertsonal baten bidez finantzatu, edo bere gurasoen dohaintza bat jasoko du prezio hori ordaintzeko.Hau jakin nahi du:1) Bere ohiko etxebizitza eskualdatzeak eta eskuratutako zenbatekoa eraikuntza berriko batean berrinbertitzeak dakarten tributazioa, eta berrinbertsio hori derrigorrezkoa den.2) Etxebizitza berriaren eskuraketari dagokion zenbatekoari ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkaria aplikatzeko aukera, bai hipoteka mailegu baten bidez finantzatzen badu, bai mailegu pertsonal baten bidez egiten badu eta, kenkariari begira, hipoteka mailegu bat pertsonal batekin birfinantzatzeko aukerarik dagoen.3) Haren gurasoek ohiko etxebizitza berriaren prezio osoari edo zati bati dagokion zenbatekoa dohaintzan emateak dakarren tributazioa.
1) Kontsulta-idazkian egindako lehenengo galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 40. artikulua aplikatu behar da. Horren arabera: "Zergadunaren ondarearen osaeran gertatutako edozein aldaketa dela-eta agerian jartzen diren balio-aldaketak dira ondare-irabaziak eta -galerak, baldin eta foru-arau honek etekintzat jotzen ez baditu".
Eta PFEZFAren 44. artikuluan honako hau gehitzen da: "1. Ondare-irabazi edo -galeren zenbatekoa honako hau izango da: a) Kostu bidezko edo kostu gabeko eskualdaketetan, ondare-elementuen eskuraketa-balioaren eta eskualdaketa-balioaren arteko diferentzia. Hala badagokio, eskuraketa-balioa eguneratuta egongo da, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera. (...) 2. Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, besterentze balioaren osagai bakoitzari dagokion zatia bereiziko da".
Bestalde, PFEZFAn hauxe ageri da 45. artikuluan: "1. Eskualdaketa balioa honakoen baturak osatzen du: a) Eskualdaketa gauzatu dadin eragin duen benetako zenbatekoa. b) Eskuratzaileak eskuratutako ondasunetan egindako inbertsio eta hobekuntzen kostua eta eskuraketari atxikitako gastuak eta zergak, korrituak kanpo utzita. (...) 2. Aurreko paragrafoan aipatutako eskurapen balioa erregelamendu bidez finkatzen diren koefizienteak aplikatuz eguneratuko da. Horretarako, kontuan hartuko da batik bat ondare elementuen eskurapen egunetik kontsumorako prezioen indizeak izan duen bilakaera eta eskualdaketaren ekitaldirako espero dena. Koefizienteak honela aplikatuko dira: a) Aurreko idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatutako zenbatekoen gainean, ordaindu direneko urtea kontuan izanik. (...) 3. Eskualdaketa balioa besterentzearen benetako zenbatekoa izango da. Balio honi aurreko 1. paragrafoko b) idatz-zatian adierazitako gastu eta zergak kenduko zaizkio, behin eskualdatzaileak horiek ordaindu ondoren. Besterentze balioaren benetako zenbatekotzat ordaindutakoa hartuko da, betiere merkatuko ohiko balioaren azpitik ez badago, kasu honetan azken hori hartuko baita".
Hortik ondorioztatzen da kontsultagileak bere ohiko etxebizitza eskualdatzeak ondare irabazi edo galera bat ekarriko diola, eta haren zenbatekoa hura eskualdatzeko balioaren eta eskuraketa balioaren artean dagoen aldea izango dela, eskuraketa balioa PFEZFAren 45.2 artikuluak jasotzen dituen moneta zuzenketako koefizienteak aplikatuta eguneratuta.
1994ko abenduaren 31 baino lehen erositako etxebizitza balitz, eskuratutako irabaziari, halakorik balego, PFEZFAren lehen xedapen iragankorrean araututako eraispen-koefizienteak aplikatuko litzaizkioke.
Horrela ateratako errenta aurrezkiaren zerga-oinarrian sartzen da eta, hari, tarifa gorakor bat aplikatzen zaio, gutxieneko marjinala % 20koa izanik (2.500 eurorainoko zenbatekoentzat) eta gehieneko marjinala % 25ekoa (30.000 eurotik gora aplikatzen dena).
Hori guztia gorabehera, PFEZFAren 49. artikuluak honako hau zehazten du: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketan jasotakoaren guztizkoa baino gutxiago bada, berrinbertitutako kopuruari dagokion lortutako ondarezko irabaziaren zati proportzionala baino ez da zergapetu gabe utziko".
Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 49. artikuluan garatu da. Hau xedatzen du artikulu horrek: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik ondare-irabaziak lortzen badira, irabazi horiek kargatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta eskualdaketan lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitzen bada ohiko beste etxebizitza bat eskuratzeko, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 8. idatz-zatian eta araudi honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi baten edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdatze-datatik aurrera urte birainoko epearen barruan. Berrinbertsioa epearen barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezioa geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, orduan, ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko zergaren autolikidazioan berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa duela agerrarazi beharko du zergadunak. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, dagokion ondare-irabazia kargatuko da. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Ez-betetzea izan den egunaren eta ez-betetze hori gertatzen den zergaldiari dagokion autolikidazioaren arauzko epea amaitu arteko epean aurkeztuko da autolikidazio osagarria.
Gainera, ohiko etxebizitzaren kontzeptuari dagokionez, PFEZFAren 87. artikuluak hau jasotzen du: "8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun- gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. Ohiko etxebizitza izan den etxebizitzak ez da ohikotzat joko zergadunak egoitza bertan ez duenetik aurrera. Erregelamendu bidez salbuespenak ezarri ahal izango dira. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro finka bakarra osatzen dutenean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat".
Aurrekoaz gain, honako hau dio PFEZAren 67. artikuluak: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren desgaitasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko egoitza izan dadin, zergaduna bera benetan eta iraunkortasunez bizi behar da bertan hamabi hilabetez etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean, edo etxebizitza okupatzea nahitaez eragozten duten bestelako inguruabarrak gertatzen direnean, artikulu honen 1. atalean ezarritako baldintzei jarraiki. (...) 4. Zergari buruzko Foru Arauaren 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, ondoko kasuan zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da: artikulu honetan ezarritakoaren arabera eraikina une horretan beraren ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetan ohikoa izateari utzi dionean. Era berean, Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluko b) eta c) letretan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, zergaduna mendekotasun-egoeran badago, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean xedatutakoaren arabera, edo gaixotasun larria duela egiaztatzen badu, eta bere ohiko etxebizitza aldatu beharra badu, harekin alboko lerroan edo zuzenekoan laugarren gradura arteko odolkidetasun bidezko ahaide direnek zaintzeko, haien ohiko etxebizitzan, edo egoitza batera joan beharra badu, ulertuko da lekualdatzea egin aurretik ohiko etxebizitza zuen higiezinak izaera hori mantenduko duela, adierazitako arrazoiak direla-eta; betiere, higiezin horri ez bazaio bestelako erabilerarik ematen".
Arestiko guztiaren arabera, zergadunek ohiko etxebizitza eskualdatzeak eragindako ondare irabaziak zergatik salbuets ditzakete, eskuratutako zenbatekoa eskualdatze datatik zenbatuta urte biko epean ohiko etxebizitza bat eskuratzen berrinbertitzen badute. Halaber, berrinbertsioagatiko salbuespen-eskubidea salmentan lortutako zenbatekoek ere emango dute baldin eta, salmenta egin aurreko bi urteko epean ohiko etxebizitza berri bat erosi ondoren, zenbateko horiek etxebizitza berriaren prezioa ordaintzeko erabiltzen badira. Halaber, berrinbertsioa epearen barruan egintzat hartuko da salmenta epeka edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta zergadunak mugaegunetako bakoitzaren zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen badu epeok hartzen dituen zergaldiaren barruan.
Eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko besteren finantzaketa erabili den kasuetan, horri dagokionez, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da haren salmentagatik lortutako zenbateko osotzat.
Berrinbertsioaren zenbatekoa txikiagoa bada besterentzean lortutako osokoa baino, orduan kargatik baztertuko da ondare-irabaziaren zati bat bakarrik, alegia, berrinbertitutako kopuruari dagokion ondare irabaziaren zati proportzionala.
Berrinbertsioa besterentzearen urte berdinean egiten ez bada, zergadunek, PFEZFAren 49. Artikulua eta PFEZAren 49. Artikuluan zehaztutako baldintza eta epeetan, ondarearen irabazia eskuratzen duten ekitaldiari dagokion Zergaren autolikidazioan berrinbertitzeko asmoa egiaztatu beharko dute.
Salmentan jasotako zenbatekoa ez bada besterentzetik bi urteko epean berrinbertitzen, PFEZAren 49. artikuluan ezarritako baldintzak urratuko dira, eta lortutako ondare-irabazia kargatuko da. Hori hala gertatzen bada, salbuetsita ez dagoen errenta hori lortu zuen urteari egotziko dio zergadunak, eta autolikidazio osagarri egokia egingo du; autolikidazio osagarri horretan, dagozkion berandutza korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia hauxe da: ez-betetzea gertatzen denetik ez-betetzea gertatzen den ekitaldiko autolikidazioaren arauzko epealdia amaitu arte.
Zehazki, epeok zenbatzeko moduaz, ondokoa argitu du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 24ko 1/2018 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 8.18 idatz-zatian: "Etxebizitza noiz eskualdatu den zehazteko (horrek markatzen du berrinbertsioa egiteko epealdia mugatzeko erreferentzia) etxebizitza horren gaineko jabetza osoa besterentzeko unea hartu beharko da aintzat (une hori eta hori eskuratzailearen ondarean gehitzen den unea bera izango da). Horretarako, doktrinako eta Auzitegi Goreneko gehiengoaren iritziz, gure antolamendu juridikoak tituluaren teoria eta modua jasotzen du, eta, horren arabera, saldutakoaren jabetza edo jabaria ez dira eskualdatzen erosleari ematen ez zaion bitartean. Ondorioz, zergadunari berrinbertsioa egiteko emandako epea konputatzeko unea eta ohiko etxebizitzaren gaineko jabetza osoa eskualdatzen duen eguna bat etorri behar dute. Beste alde batetik, ohiko etxebizitza, oro har, eskuratu dela ulertuko da higiezin osoaren edo zati baten jabetza osoa lortzen den unean; beraz, aurretik laburtutako tituluaren teoria eta moduari jarraiki, higiezina eroslearen esku eta jabetzan dagoenean. Hori, normalean, erosketa-eskritura publikoa formalizatzeko unean gertatuko da, aurretik higiezinaren salerosketaren (titulua) eta entregatzearen edo tradizioaren (modua) kontratua dagoelako konkurrentzia egiaztatu ezean, horretarako dagoen moduren batean (giltzak ematea, etab.). Hori guztia gorabehera, aintzat hartu behar da jarraibide honetako hurrengo puntuan xedatutakoa eta bertan ezarritakoaren antzeko kasuetan ondorio berera heldu behar da".
Kode Zibilaren 5.1 artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 1eko 39/2015 Legearen 30.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, dataz data zenbatzen dira urtetan finkaturiko epeak.
Gainera, asmoa ohiko bizilekua besterenduz lortutako zenbatekoa eraikitzen ari den etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzea bada, egokia da PFEZAren 68. artikuluan adierazitakoa aintzat hartzea. Horren arabera: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza erostearen parekoak dira: (...) b) Eraikuntza; zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epealdian amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. (...) 2. Epaileak onartutako konkurtsoaren ondorioz sustatzaileak ez baditu eraikuntza obrak lau urteko epealdian amaitzen (artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letra), edo ezin baditu etxebizitzak epealdi horretan eman, epealdia beste lau urte luzatuko da. Kasu horietan hamabi hilabeteko epealdia, aurreko artikuluko 2. paragrafoko lehenengo paragrafoan aipatzen dena, etxebizitza ematen den egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Paragrafo honetan ezartzen den epealdia luzatzeak ondoreak sortu ditzan ezinbestekoa da zergadunak zergaldiko autolikidazioari, hau da, hasierako epealdia bete ez den zergaldikoari, etxebizitzan egindako inbertsioen frogagiriak eranstea, edo egoera horietarik bat gertatu dela frogatzen duen agiria. Idatz-zati honetako kasuetan zergadunak ez dauka dirurik sartu beharrik eraikuntza-obrak amaitzeko lau urteko epealdi orokorra ez betetzeagatik. 3. Zergadunari leporatu ezin zaizkion aparteko inguruabarrengatik obrak bertan behera utzi behar badira eta ondorioz ezin badira amaitu artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatzen den lau urteko epealdian, zergadunak epealdia luzatzeko eskatu ahal izango dio Zerga Administrazioari lau urteko epealdia amaitu ondoko hilean. Eskaeran epealdia zergatik ez den bete azaldu behar da, eta eraikuntza-obrak amaitzeko zenbat denbora beharko den zehaztu behar da (ezin da izan lau urte baino luzeagoa). Aurreko paragrafoan adierazitakoari dagokionez, zergadunak frogagiri egokia aurkeztu beharko du. Aurkeztutako agiriak ikusita, Zerga Administrazioak erabakiko du eskatu den luzapen hori bidezkoa denez, bai eta epealdia zenbat luzatuko den ere (luzapenak ez dauka nahitaez zergadunak eskatutakoa izan). Epealdiak luzatzeko eskaerak berariaz ebazten ez badira hiru hileko epealdian, ezetsitzat hartu behar dira. Luzapena ematen bada, obrak bertan behera geratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. (...)".
Gai horri buruz, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 24ko 1/2018 Jarraibideak 15.8.13 idatz-zatian honako hau garatzen du: "Etxebizitzaren eraikuntza eta ohiko etxebizitzaren eskuratzea asimilatu egingo dira, baldin eta zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. Horretarako, oro har, eraikuntza-obrak amaitzeko ezarritako lau urteko epealdia zergadunak, inbertsioak direla eta, ohiko etxebizitzan inbertitu izanagatiko kenkariarekin lotutako onuraren bat lortzen duen lehenengo alditik aurrera konputatzen hasi behar da (kenkariaren aplikazioa, etxebizitza-kontuaren saldoaren helburua, berrinbertsioa gauzatzea)".
Gainera, Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 24ko 1/2018 Jarraibidearen 8.19 puntuak hau zehaztu du: "Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare irabaziak zergapetu gabe geratuko dira, baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, Zergaren Araudiko 49. artikuluan ezarritako baldintzetan. Zehatzago esanda, berriro inbertitzeko konpromisoa bete dela ulertu behar da, hain zuzen ere Zergaren Araudiko 49. artikuluan ezarritako epealdietan ohiko etxebizitza berri baten eraikuntzan inbertitutako kopuruengatik (etxebizitza horren sustatzaileari emandako kopuruak barne), betiere Zergaren Araudiko 68. artikuluan agindutako betekizunak betetzen badira, etxebizitzaren eraikuntza eta etxebizitzaren eskuraketa asimilatu daitezen. Epealdian egindako berrinbertsioa partziala bada, salbuespena ere modu partzialean aplikatuko da."
Etxebizitza eraikitzeko inbertitzen diren zenbatekoak (etxebizitzaren sustatzaileari aurreratutako ordainketak barne) etxebizitzaren eskuraketarekin asimilatzeko dauden betekizunak betetzen diren kasuetan, eskuratutako irabazia berrinbertitzeagatiko salbuespenerako eskubidea finkatu ahalko da baldin eta aurreko etxebizitza saltzean eskuratutako zenbateko osoa etxebizitza berria ordaintzera edo eraikitzera bideratzen bada, PFEZAren 49. artikuluan ezarritako berrinbertsio epearen barruan. Zergadunak bere aurreko ohiko bizilekuaren salmentagatik lortutako kopurua berrinbertitu beharko du PFEZAren 49. Artikuluan zehaztutako epean, eta, gainera, eraikinaren eraikuntza eskuratutzat emateko eskatutako baldintzak bete beharko ditu.
Baldin eta epe horretako berrinbertsioa partziala bada, salbuespena ere partziala izango da, eta zergadunak higiezina saldu deneko ekitaldian aurkezturikoaren aitorpen osagarri bat aurkeztu behar du, galdeturiko salbuespena ezin balia dezakeen irabaziaren zatiari dagokion zenbatekoa sartzeko (berandutza-interesekin batera). Goian adierazi bezala, zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, berrinbertsioagatiko salbuespena aplikatzeari begira, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat.
Hortaz, azaldutakoa dela-eta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuan, eraikuntza etxebizitza erostera asimilatzen da zergadunak obrak egitearen ondoriozko gastuak (lur-zatiaren ordainketari dagokiona barne) zuzen-zuzen ordaintzen dituenean, edo obren sustatzaileari konturako zenbatekoak ematen dizkionean, baldin eta obrak gehienez ere lau urteko epean amaitzen badira (eta etxebizitzaren jabetza eskuratzen bada, zentzu juridikoan), inbertsioa hasi denetik zenbatzen hasita. Horri dagokionez, inbertsioaren hasiera da ohiko etxebizitzan inbertitzearekin lotutako etekinen bat lortzeko lehen ordainketa egiteko unea (adibidez, kenkaria egitea, berrinbertsiorako konpromisoa gauzatzea eta abar). Azken betekizun hori kasu jakin batzuetan soilik salbuets daiteke. Kasu horietan, PFEZAren 68. artikuluan jasotako betekizunak betetzen direnean (goian beraren zati bat transkribatu da), administrazioak aldia luzatzea baimenduko du (gehienez beste lau urtez).
Horrenbestez, laburbilduz, zergadunek betetzat eman ahalko dute berrinbertsioaren konpromisoa, euren ohiko etxebizitza saltzearen ondorioz hartutakoa, berria eraikitzen inbertitzen dituzten diru-kopuruengatik -eraikinaren sustatzaileari egiten dizkioten konturako ordainketak barne-, etxebizitza eskualdatu aurreko bi urteak eta ondorengo biak barne hartzen dituen epean, betiere PFEZAren 68. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte, higiezin berria eraikitzeko ordaindu beharreko diru-kopuru horiek erosketaren parekoak izateko. Horretarako, higiezin horren eraikuntza obrak 4 urteko gehieneko epean amaitu beharko dira, inbertsioaren hasieratik aurrera zenbatuta, eta higiezinaren jabetza osoa eskuratu beharko da epe horretan (kasu batzuetan luzagarria). Ondorio horietarako, aurreko paragrafoetan azaldu bezala, inbertsioa etxebizitzaren erosketarekin lotutako mozkinen bat (kenketa gauzatzea, etxebizitza-kontuaren saldoa aplikatzea edo berrinbertsioagatiko konpromisoa osorik edo zati batean gauzatzea) eskuratzeko eskubidea ematen duen lehenengo gastua egiten den unean hasi dela ulertuko da.
Eskualdaketaren aurreko bi urteko eta eskualdaketaren ondoko bi urteko epean egiten den berrinbertsioa partziala bada, salbuespena ere modu partzialean aplikatuko da.
Nolanahi ere, zergadunak ez dira behartuta egongo PFEZFAren 49. artikuluko (eta PFEZAren 49. artikuluko) berrinbertsioagatiko salbuespenari heltzera.
Egiten badute, zergatik salbuetsita itzi dezakete euren ohiko etxebizitza (osorik edo partzialki) eskualdatzearen ondorioz eskuratutako irabazia. Kasu horretan, halaber, PFEZFAren 87. artikuluan adierazitakoa ere bete behar dute, ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkariari dagokionez: "3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. Artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare-irabaziaren zenbatekoari %18 aplikatuz ateratako emaitza.
Hortik ondorioztatzen denez, zergadun bakoitzak ekitaldi guztietan aplika dezaketen ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkaria 36.000 eurokoa dela gehienez, eta handik PFEZFAren 49. artikuluko berrinbertsioagatiko salbuespena aplikatzen zaien ondare irabazien zenbatekoa bider 0,18 egitearen emaitza ere kenduko da.
Hortaz, azken batean, ohiko etxebizitzen inbertsioagatik zergadunek zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, PFEZFAren 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare-irabazien zenbatekoari % 18 aplikatuz ateratako emaitza.
Horri dagokionez, PFEZAren 70. artikuluak hau xedatzen du: "Ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespena hautatzen bada, zergadunak, Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako 36.000 euroko zenbatekoa gutxitu ahal izateko, lehenbizi ondare-irabazi salbuetsiaren %18a egotzi behar du etxebizitza saldu duen ekitaldian".
Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 29ko 1/2018 Jarraibidearen 15.8.8 idatz-zatiak hau gehitu du: "Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Dekretuko 87. artikuluan eta Zergaren Araudiko 70. artikuluan ezarri da etxebizitza kreditua ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik aplikatu daitezkeen kenkariak ez ezik berrinbertsioagatik salbuetsitako ondare-irabaziaren ehuneko 18a ere kenduz txikitu behar dela. Eskualdaketa dagoeneko indargabetuta dagoen 10/1998 Foru Arauaren indarraldian egin bada, zerga-kreditua berrinbertsioagatik salbuetsitako irabaziaren ehuneko 15 gutxituko da. Berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatzen bada, zergadunak ez du edukiko eskualdatutako etxebizitza eskuratzeagatik aplikatutako kenkariengatik ezer itzuli beharrik, eta etxebizitza hori eskualdatuta lortutako ondare-irabazia kargapetik salbuetsitzat jotzeko eskubideari eutsiko dio, baldin eta lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada arau bidez ezarritakoari lotuta. Hala ere, berrinbertsioa jasotzen den etxebizitza berria eskuratzeagatik aplikatutako kenkariak itzuli egin behar dira (etxebizitza-kontuetara egindako ekarpenen ondoriozkoak barne), eskualdatu aurretik aplikatu arren, baldin eta, kenkariak aplikatu aurreko aitortutako irabaziaren ehuneko 18a abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 87.3 artikuluan ezarritako berrinbertsio-kenkariaren gehieneko zenbatekoa baino gehiago bada".
Beraz, ohiko etxebizitzan inbertsioagatik dagokion kenkariak eginda hau transmititu eta ohiko etxebizitza berri baten eskuratzeagatik lortutako kopurua berrinbertitzen den kasuetan, zergadunek ez dute transmititutako etxebizitzaren eskuratzeagatik dagokien kenkarien inolako kopururik bueltatzeko betebeharrik. Honela, etxebizitza honen besterentzeagatik lortutako ondare irabaziaren karga baztertutzat jotzeko eskubidea mantenduko du lortutako kopuru osoa araututako baldintzetan ohiko etxebizitza berri baten eskuratzean inbertitzen baldin bada, baina salbuespen horretako bere etxebizitza kredituaren %18a murriztu beharko du, PFEZFAren 87.3 artikuluak eta PFEZAren 70.artikuluak ezartzen duten moduan.
Hala ere, berrinbertsioa jasotzen den etxebizitza berria eskuratzeagatik aplikatutako kenkariak itzuli egin behar dira (esaterako, eraikuntzaren sustatzaileari konturako zenbatekoak emanez gero), eskualdatu aurretik aplikatu arren, baldin eta, kenkariak aplikatu aurreko aitortutako irabaziaren ehuneko 18a PFEZFAren 87.3 artikuluan ezarritako berrinbertsio-kenkariaren gehieneko zenbatekoa baino gehiago bada.
2) Bigarren galderari dagokionez, PFEZFAren 87. artikuluak honako hau adierazten du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete . 2. Aurreko 1. idatz-zatiak hizpide duen kontzeptuen baturagatik urteko gehienezko kenkaria 1.530 eurokoa izango da. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea 100eko 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: (...) c) Erregelamendu bidez zehazten diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun- gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. Ohiko etxebizitza izan den etxebizitzak ez da ohikotzat joko zergadunak egoitza bertan ez duenetik aurrera. Erregelamendu bidez salbuespenak ezarri ahal izango dira. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro finka bakarra osatzen dutenean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. 9. Artikulu honetan xedatzen den kenkariari dagokionez, arestian aipaturiko zenbatekoei kendu egin beharko zaie zergadunak etxea erosteko edo zaharberritzeko jasotako diru-laguntzen zenbatekoa, zeinak salbuetsirik egongo baitira zerga honen arautegi erregulatzailearen arabera".
Arau horretan adierazitakoaren arabera, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplika dezake kasuan kasuko higiezinaren gaineko jabetza osoa, osorik edo zati batez, eskuratzen duenak, betiere Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian horretarako ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira. Bereziki, kasuan kasuko higiezina zergadunaren ohiko etxebizitza bada.
Gainera, erantzun honen aurreko puntuan zehaztu denez, PFEZAren 68. artikuluak hau garatzen du: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza erostearen parekoak dira: (...) b) Eraikuntza; zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epealdian amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. (...)".
Hortaz, kontsultagileak galdetzen duen kenkaria aplikatu ahalko dio galdetzen duen etxebizitza berriaren erosketari dagokion zenbatekoari.
Eraikitzen ari den etxebizitza bada, kontsultagileak etxebizitzaren sustapen kooperatibak egindako ordainketei kenkaria aplikatzeko aukera izango du (haren gaineko jabetza osoa eskuratu aurretik), higiezinaren eraikuntza gastuen obra gehienezko lau urteko epean gauzatzen diren bitartean, inbertsioaren hasieratik kontatzen hasita (kasu batzuetan luzagarriak direnak), eta etxebizitza berriak ohiko izendapena jasotzeko behar dituen baldintzak (obren amaiera osteko hurrengo 12 hilabeteetan okupatzea, zehaztutako salbuespeneko kasuetan izan ezik, eta bertan, gutxienez, hiru urteko epealdi jarraituan bizitzea, salbuespen batzuetan izan ezik -PFEZAren 67. artikulua-) betetzen diren bitartean.
Inoren kapitalak erabiltzen direnean inbertsioa finantzatzeko, zergadunek aukera dezakete, higiezinaren erosketari dagozkion zenbatekoak ordaintzen dituztenean kenkaria aplikatu beharrean, erosketa finantzatzeko eskatutako maileguen printzipala amortizatu eta mailegu horiengatik eskatzen diren interesak ordaindu ahala kenkaria aplikatzea (kasu horretan, zergadunak jasaten duen besteren finantzaketak sortutako gainerako gastuak ere kendu ahalko dira).
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ez da inolako mugapenik biltzen higiezin bat erosteko edo eraberritzeko erabil daitekeen finantzaketaren jatorriari dagokionez, norberarena zein kanpokoa izan. Ez ditu finantzaketa horren osaera mugatzen (mailegu batek ego gehiagok osa dezakete) edo kasua izanez gero, mailegu-emaileari emandako bermeak ere mugatzen (berme pertsonalak, hipotekarioak, etab.).
Aurrekoa dela eta, argitu beharra dago, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatzeari begira, tratamendu berdina ematen zaiela etxebizitzaren erosketa finantzatzeko mailegu pribatuei eta finantza erakundeek emandakoei. Izan ere, mailegu pribatuak ere, partikular batek ematen dituen arren, higiezin baten erosketa finantzatzeko erabiltzen diren inoren finantzabideak dira.
Horren guztiaren arabera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudian ezarritako baldintzak eta mugak betetzen badira, kontsultagileak etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria aplikatu ahal izango du gurasoek emandako maileguaren printzipala amortizatu ahala, banku erakunde batek emandako mailegua balitz bezala.
Egindako inbertsioen eta haien dataren errealitatea egiaztatze aldera, zergadunek zuzenbidean onartutako edozein frogabide erabil dezakete, PFEZFAren 94. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta; honako hau dio: "Titulu honetan araututako kenkariak egingo badira, kenkariok justifikatzen dituzten agiriak aurkeztu behar dira. Aipatu agiriek enpresari eta profesionalei dagozkien fakturak egin eta emateko arauetan eskatutako baldintzak bete behar dituzte, hala dagokionean.".
Beste alde batetik, partikularren arteko maileguarengatik korrituak ordaintzeari dagokionez, kontratuko alderdiek askatasunez adostu dezakete mailegua doakoa izatea, eta mailegu-emaileek inguruabar hori justifikatzeko modua izan behar lukete zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bitartez, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren (ZFAO) 103. artikuluak xedatzen duenez, tributuen aplikaziorako eskumena duten organoek horrela eskatuko baliote (organo horiei legokieke kasuan kasu aurkeztutako frogak balioztatzea). Bereziki, ZFAOren 103. artikuluak honako hau arautu du: "1. Zerga prozeduretan, Kode Zibilean eta Prozedura Zibileko Legean frogabideez eta frogaren balioespenaz ezarritako arauak aplikatuko dira, zerga-arautegian besterik ezarri ezean. (...) 2. Zergak aplikatzeko prozeduretan, eskubide bat baliarazi nahi duenak hura sortu duten egitateak frogatu behar ditu (froga zama). 3. Baldin eta zerga administrazioak bere esku baditu froga elementuak, zergapekoek haiek zehatz-mehatz adierazita beteko dute eskubidea frogatu beharra".
Horrela soilik, ez zaie kapital higigarriaren etekinik egotziko aipatutako mailegu-emaileei, PFEZFAren 7. eta 58. artikuluetan arautzen den kostu bidezko izaeraren presuntzioa ezabatu ahal izango baita. Hau dio lehenengo artikuluak: "Lana eta zerbitzuak egitea nahiz ondasun eta eskubideak lagatzea ordaindutzat joko dira, foru arau honetan ezarritako eran". Bigarrenak, hau da, PFEZFAren 58. artikuluak, hau eransten du: "1. Foru arau honetako 7. artikuluan aipatzen diren errenta zenbatetsien balorazioa merkatu-balio normalaren arabera egingo da, eta merkatu-balio normaltzat hau hartuko da, kontrakoaren frogarik ezean: subjektu independenteen artean adostuko litzatekeen kontraprestazioa. 2. Maileguen eta besteren kapitalak erakarri eta erabiltzeko eragiketen kasuan, zergaldiko azken egunean diruak merkatuan duen legezko interes-tasa hartuko da merkatu-balio normaltzat. (...)".
Hortaz, zergadunek zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bitartez frogatu ahalko dute, bai eragiketa doakoa dela, bai maileguaren eta etxebizitzaren eskuraketaren arteko lotura, eta haren amortizazio kuotak ordaindu izana, eta zergak aplikatzeko ardura duten kudeaketa eta/edo ikuskapen organoei dagokie kasuan kasu aurkeztutako frogak baloratzea.
Etxebizitzako inbertsioa, mailegu pertsonalaren eta horren finantzaketaren arteko lotura eta haren printzipalaren amortizazioa egiaztatu ondoren, kontsultagileak ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenketa aplikatu ahalko du zergaldi bakoitzean ordaintzen dituen diru-kopuruen (mailegu horri dagozkienen) zenbatekoaren gainean, baldin eta, logikoa denez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudian ondorio horretarako ezarritako gainerako baldintzak eta mugak betetzen badira.
Azkenik, esan behar da partikular batek emandako mailegua lortzea Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Kostu Bidezko Ondare Eskualdaketen modalitatearen zerga-egitatea dela, nahiz eta zerga horretatik salbuetsita egon; beraz, zerga horren aitorpen-likidazio egokia (600 eredua) aurkeztu behar da.
Gainera, hipoteka mailegu bat pertsonal batekin birfinantzatzeko aukerari dagokionez, eskatutako mailegu berriak aurrekoaren amortizatu gabeko zatia birfinantzatzeko balio badu (eta hura kengarria bazen), zergadunek kenkaria aplika diezaiokete bigarrena birfinantzatzeko erabilitako lehenengoaren ehunekoari, azken horrek kuotak ken zitzakeen baldintza berdinetan.
Erantzun honen aurreko puntuan esan denez, ohiko etxebizitzen inbertsioagatik zergadunek zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, PFEZFAren 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare-irabaziaren zenbatekoari % 18a aplikatuz ateratako emaitza.
3) Kontsultagilearen gurasoek eskudirua dohaintzan emateko aukerari dagokionez, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko martxoaren 25eko 4/2015 Foru Araua (ODZFA) aplikatu behar da; haren 1. artikuluan hauxe adierazten da: "Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga zerga zuzena eta subjektiboa da, pertsona fisikoek dohainik lortzen dituzten ondare-gehikuntzak kargatzen dituena, hain zuzen foru-arau honetan ezarritako moduan".
Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren zergapeko egitateari dagokionez, ODZFAren 4. artikuluak hau ezartzen du: "Honako hau da zerga-egitatea: (...) b) Dohaintzaren bidez edo doako eta "inter vivos" negozio juridikoen bidez ondasunak edo eskubideak eskuratzea. (...)".
Ondorioz, kontsultagileak bere gurasoen dohaintzaren bidez eskuratutako zenbatekoa Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari lotuta geratuko da, doako "inter vivos" eskuraketa (dohaintza) gisa.
ODZFAren 13. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, dohaintzetan, dohaintza-hartzaileak edo mesedetuak ordaindu behar du, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren zergapekoa delako. Galdetzen den kasuan, kontsultagileak.
Zergaren sortzapenari dagokionez, ODZFAren 17. artikuluan hauxe jaso da: "(...) 2. Inter vivos egiten diren dohaineko eskualdaketetan, kontratua gertatu edo egiten den egunean bertan sortuko da zerga. (...)".
Hortaz, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga dohaintza egiten den egunean sortzen da.
Hortaz, kontsultagilearen gurasoek hari eskudiruaren dohaintza egiteak Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren zergapeko egitatea egitea ekarriko du, "inter vivos" irabazizko eskuraketaren kontzeptuan, eta eskuratzaileak hura ordaindu beharko du, dohaintza-hartzaile izateagatik.
Dohaintza-hartzailea eskualdatzaileen odolkidetasunagatiko zuzeneko ondorengoa den heinean, kuota osoa dohaintzaren zenbatekoari 100eko 1,5eko tasa finkoa aplikatzearen emaitza izango da, ODZFAren 47. artikuluan xedatzen denez: "Zergaren kuota osoa lortzeko, ondoren ageri diren tasa edo tarifen artean dagokiona aplikatuko zaio foru-arau honetako VI. tituluan adierazitako moduan kalkulaturiko likidazio-oinarriari, foru-arau honetako 43. artikuluko 1. zenbakian zehazten diren ahaidetasun-graduen araberako taldeak kontuan hartuta: a) I. taldea: Ehuneko 1,5eko zerga-tasa aplikatu beharko da. (...)".
Zergaren aitorpena, 651 eredua, aurkezteko epea 30 lanegunekoa da, egintza edo kontratua kausatzen edo egiten den egunaren ondoko egunetik aurrera zenbatuta, ODZFAren 69. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Bestalde, esan behar da dirua dohaintzaren bidez eskuratzea ez dagoela Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari lotuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 15eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 8. artikuluan xedatutakoaren arabera: "Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren mendeko errentak ez dira zerga honen mendekoak izango".
Dohaintza-emaileei dagokienez, PFEZFAren 43. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko dute, hots: "Jarraikoak ez dira konputatuko ondare-galera gisa: (...) c) Inter vivos egintzengatik edo eskuzabaltasunengatik kostu gabe egindako eskualdaketetatik datozenak. (...)".
Ondorioz, dohaintza-emaileek ezingo dute ondare galerarik zenbatu euren alabaren alde egindako diruaren dohaintzaren ondorioz. Gainera, eskudirua izanik, hura emateak ez die ondare irabazirik ere ekarriko.
Abenduaren 29ko 13/2013 Foru Arauko 7., 8., 40., 43., 44., 45., 49., 58., 87. eta 94 artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 49., 67., 68. eta 70. artikuluak.Martxoaren 25eko 4/2015 Foru Arauaren 1., 4., 13., 17., 47. eta 69. artikuluak.