www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

14.06.2018

Erreferentzia

PFEZ. BGAE kapital gisa erreskatatzea borondatezko bajarengatik, desgaitasunarengatik eta erretiroarengatik. Ondorengoek heriotza kontingentziarengatik aplika dezaketen integrazio ehunekoa.

Galdera

Kontsultagileak 60 urte ditu, eta % 34ko desgaitasuna. Hori dela eta, Gizarte Segurantzaren dagokion prestazioa aitortuta du (adierazten duen moduan, ezintasun iraunkor absolutuaren ondorioz). Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde batzuetako bazkidea da, eta horietan, hamar urte baino gehiagoko antzinatasuna egiaztatzen du. Horietatik, zenbait prestazio kobratu nahi ditu kapital gisa ekitaldi desberdinetan, arrazoi hauengatik: lehen ekitaldi batean, borondatezko bajarengatik (edo erreskatatzeko eskubidea erabiltzeagatik); geroagoko beste urte batean, ezintasunarengatik edo baliaezintasunarengatik, eta geroago, 65 urte betetzen dituenean, erretiroarengatik.Zera jakin nahi du:1) Ekitaldietan adieraziko arrazoi bakoitzarengatik (borondatezko baja, desgaitasuna eta erretiroa) jasotzen dituen zenbatekoetan % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahal izango duen.2) Hiltzen bada, bere oinordeek integrazio ehunekoren bat aplikatu ahalko duten bazkide a den BGAEetatik jasotzen dituzten kopuruetan.

Ebazpena

Kontsultaren idazkian eginiko galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 18. artikulua aplikatu behar da. Hauxe ezarri da artikulu horretan: "Honako hauek ere lan etekintzat hartuko dira: a) Honako prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazio hauek: a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide osoek eta haien onuradunek jasotako zenbatekoak, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik, entitatea desegin edo likidatzeagatik, edota gaixotasun larriaren kasuan nahiz iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotakoak barne. Dena den, borondatezko edo nahitaezko bajagatik nahiz entitatea desegin edo likidatzeagatik jasotako zenbatekoak, oso-osorik, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batean sartzen badira, bi hilabeteko epea igaro baino lehen, zenbateko horiek guztiak ez zaizkio batuko zergaren zerga-oinarriari. (...)".

Bestalde, PFEZFA horren 19. artikuluak hauxe dio: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute, oro har. 2. Hala ere, idatz-zati honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari ondoko portzentajeak aplikatuz kalkulatuko da: (...) b) Foru arau honetako 18.a) artikuluan aurreikusitako prestazioak -6. zenbakikoak kanpoan utzita- kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da. Aurreko paragrafoan ezartzen dena gorabehera, kapital gisa jasotako zenbatekoa 100eko 60an integratuko da, kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere bi urte baino gehiago igaro badira lehenengo ekarpena egin zenetik. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasungatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte igarota egotea. Orobat, letra honetan ezartzen den tratamendu bera emango zaie gaixotasun larriagatik eta iraupen luzeko langabeziagatik jasotzen diren kopuruei ere. Letra honetan jasotzen den 100eko 60ko integrazio-portzentajea berdin aplikatuko zaio estalitako kontingentziak baino beste arrazoi batzuengatik eta 1/2002 Legegintzako Errege-dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik jasotako lehenengo zenbatekoari. Letra honetan ezarritako ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehenengo zenbatekotzat. (...) Zenbaki honetako b) eta c) letretan aipatzen diren etekinei 100eko 100etik beherako integrazio ehunekoak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik integratuko da (100eko 100)".

Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran ezarritako integrazio-ehunekoa (100eko 60) kontingentzia bakoitzagatik kapital modura jasotzen den lehenengo prestazioari (18. artikuluko a letrakoak; 6. zenbakikoei ez) bakarrik aplikatu ahal zaio, lehenengo ekarpenetik urte bi baino gehiago pasatu badira. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasungatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte igarota egotea. Urte bakar batean jaso ez bada, kontzeptu bakoitzagatik jasotako lehenengo prestazioari aplikatuko zaio % 60ko integrazioa, horretarako ezarritako betekizunak betez gero. Hori dela eta, hauxe da lehen prestazioa: zergaldi batean kontingentzia bakoitzagatik kapital gisa jasotzen diren diru kopuru guztien batura. Aurreko guztia gorabehera, zergadunak prestazioa kobratzen duen lehenengo urtean ez dauka nahitaez kapital gisa jasotzen duen kopuruaren 100eko 60 integratu beharrik. Aitzitik, integrazio-ehuneko hori bigarren ekitaldian eta hurrengoetan modu berean lortzen dituen kapital zenbatekoei aplikatzea hautatu dezake, baldin eta lehendik aplikatu ez badie. Kontingentzia batengatik lehenbizikoz prestazioa jasotzen denean batera jasotzen badira alde batetik kapital bakarra eta gainera aldizkako errenta bat, lortutako kopuruak honela integratu behar dira: a) Errenta gisa jasotako prestazioari dagokionez, ekitaldian jasotako kopuruaren %100. Honen ondoreetarako, errenta prestazioa da aldizkako ordainketak, bi edo gehiago jarraian, eta urte bakoitzean gutxienez ere ordainketa bat jasotzea. b) Kapital gisa jasotakoaren %60, lehenengo ekarpena egin denetik bi urte baino pasatu badira. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasungatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte igarota egotea. 2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeko, ondoko hauetako bakoitza kontingentzia bat izango da: Erretiroa hartzea, laneko arautegian ezarritako kasu guztietan. b) Baliaezintasuna. c) Kausatzaile bakoitzaren heriotza. d) Iraupen luzeko langabezia. e) Gaixotasun larria. f) Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8. artikuluko 8. idatz-zatian ezarritako kontingentziak edo egoerak gertatzeagatik ez beste arrazoi batzuengatik jasotzen diren kopuruak. 3. Zergari buruzko Foru Arauko 18. artikuluko a) letran ezarritako prestazio mistoa jasoz gero, hau da, mota guztietako errentak eta kapital kobrantzak bateratzen dituen prestazioa, 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako portzentajeak kapital modura kobratutako kopuruei bakarrik aplikatu ahal zaizkie. Hain zuzen ere, errenta-prestazioak kobratzen hasi ondoren errenta aurreraturik berreskuratzen bada, lortutako etekinari prima edo ekarpen bakoitzak errenta eratzerakoan duen antzinatasunaren araberako integrazio-ehunekoa aplikatuko zaio. (...)".

Horrez gain, PFEZAren 16. artikuluan hauxe zehaztu da: "Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluaren arabera %100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa)".

PFEZFAren 19.2.b) artikuluan ezarritako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatzeari begira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudiak tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. zenbakietan aipatutako gizarte aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren zenbatekoei, diru-kopuru horiek ordaintzaile bakarrak eman zein ordaintzaile gehiagok eman. Hau da, tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letran aipatzen diren BGAE-etatik, pentsio planetatik, gizarte aurreikuspeneko mutualitateetatik, enpresen gizarte aurreikuspeneko planetatik, aurreikuspen-plan aseguratuetatik eta mendekotasun-aseguruetatik jasotzen diren kopuruei.

BGAE-ek estalitako kontingentziei dagokienez, hauxe ezarri da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legean: "1.- Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez, lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonaletariko batzuetara edo guztietara: a) Erretiroa. Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa izango dira. Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan zehaztutako adinean gertatu dela joko da -inoiz ez hirurogei urtetik behera-; betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo horri utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan. Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera, betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo horri utzita badago. b) Ezintasun iraunkorra edo lana egiteko baliaezintasuna, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan eta antzekoetan aurreikusitakoaren arabera, edo eskumena daukan organoaren erabakiaren arabera. Gizarte Segurantzako sisteman sartuta ez dagoen bazkidearen kasuan, baliaezintasunaren kontingentzia gauzatutzat joko da eskumena daukaten organoek, gutxienez, %33ko edo erregelamendu bidez ezarriko den portzentajeko murrizpen anatomiko edo funtzionala egiaztatzen diotenean. Adinagatik edo gaixotasun edo desgaitasunen batengatik, pertsona batzuek modu iraunkorrean bizi duten egoera da mendekotasuna, eta autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsorialaren gabezia edo galerarekin zerikusia du; horren ondorioz, mendekotasuna dutenek beste pertsona baten edo batzuen arreta behar dute, edo laguntza handia behar dute eguneroko oinarrizko ekintzak aurrera eraman ahal izateko; adimen-gaixotasuna edo gaixotasun mentala dutenen kasuan, berriz, autonomia pertsonala izateko beste laguntza mota batzuen beharra daukate. (...)".

Horrez gain, 2016ko urtarrilaren 1ean Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua, urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onartutakoa, jarri zen indarrean, eta honakoa xedatzen du: "1. "1- Erretiro-kontingentzia gertatu dela ulertuko da 5/2012 Legaren 24.1.a) artikuluan ezarritakoa gertatzen denean.

Bestalde, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen erregelamendu bereko 30. artikuluak, ezintasun iraunkorreko edo baliaezintasun kontingentziari dagokionez, hauxe arautzen du: "1. Estaldura emango zaion ezintasun iraunkorraren edo lanerako baliaezintasunaren kon-tingentzia izango da: ohiko lanbidean jarduteko ezintasun iraunkor partziala; ohiko lanbidean jarduteko ezintasun osoa; edozein lanetarako ezintasun iraunkor absolutua; eta baliaezintasun handia. Kontingentzia hau zehazteko Gizarte Segurantzaren araubide egokian ezarritakoa aplikatuko da. 2. Gizarte Segurantzaren sisteman integratuak ez dauden bazkideen kasuan, minusbaliotasunaren kontingentzia gertatuko da, kotizaziopekoak ez diren pentsioetarako araudi aplikagarriarekin bat, organo ofizial aginpidedunek edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak berariaz balioztapen-funtzioa ematen dion organoak ehuneko 33tik gorako ezintasun edo gaixotasun kronikoaren maila zehazten dutenean, araudian dauden baremoak aplikatu ondoren".

Beste alde batetik, otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuko 31. artikuluak hauxe dio BGAEi buruz (indarrean dago, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudia indarrean jarri arren, xedapen indargabetzailean ezarritakoa kontuan izanik): "Bazkide batek baja boluntarioa hartzen duenean -erabatekoa edo neurri batekoa- metatutako erreserben kontura finantzatutako prestazio horiek eragiteko egintza gertatu baino lehen, entitateak, gabealdiko 10 urte gutxienez biltzen dituen bazkidearentzat, bere estatutuetan arautuko du hurrengo formuletatik baten bat: a) Bazkide izaten jarraitzearen aukera, kotizatu eta bere unean prestazioak jasotzeko. b) Egindako kotizazioekiko prestazio murriztuak jasotzeko eskubidea. c) Metatutako erreserbak itzultzea. Ondorio horietarako, BGAEko banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko bazkideek aurretiaz eskuratu ahal izango dute banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko aurreikuspen planetarako egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoen zenbateko osoa edo zati bat, hamar urtetik gorako antzinatasuna baldin badute".

Aurrekoarekin guztiarekin bat etorriz, BGAEetatik eskuratutako zenbatekoek lan-etekinak sortzen dituzte horien hartzaile direnentzat, eta hartzaileok goian transkribatu den PFEZFAren 19.2.b) artikuluan aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahal diete zenbateko horiei, betiere: a) kapital gisa kobratzen badira; b) lehenengo ekarpena egin zenetik bi urtetik gorako epea igaro bada, ezintasun edo mendekotasunaren ziozko prestazioetan izan ezik; eta c) BGAEetatik dirua kobra daitekeen kontzeptu bakoitzagatik lehenengo diru-kopurua jaso bada, PFEZAren 15.2. artikuluan ezarritakoari dagokionez (hau da, azaldu denaren antzeko kasu batean aplika badaiteke, erretiroagatiko kapital gisa, ezintasun iraunkorreko edo lanerako ezintasun bajaren zioz eskuratu den lehenengoa bada, gutxienez 10 urteko antzinatasuna egiaztatu ondoren).

Aipatutako kontzeptuetariko bakoitzagatik jaso den lehenengo diru-kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen diren kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko arauek tratamendu bakarra ematen dietela, besteak beste, zergadun batek bera bazkide duten BGAE guztietatik lor ditzakeen zenbateko guztiei.

Zuzendaritza Nagusi honek beti uste izan du hauxe besterik ezin esan daitekeela: BGAE batetik jasotako zenbatekoa borondatezko bajaren (edo erreskatea) ondoriozkoa da, baldin eta otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluan horretarako ezarritako inguruabarrak gertatzen badira. Zehazki, oso-osorik edo zati batez metaturiko erreserben pentzura finantzaturiko prestazioan gertaera kausatzailea jazo baino lehen gertatzen denean baja. Hortaz, metaturiko erreserben pentzura finantzaturiko prestazioan gertaera kausatzailea (ezintasun iraunkorra edo baliaezintasuna, erretiroa eta abar) jazo ondoren kobraturiko diru kopuruak ezin har daitezke zergadunak BGAEan borondatez hartutako bajaren ondorioz lortutakotzat, baizik eta kasuan kasuko kontingentzia gertatu izanaren ondorioz.

Ildo bereko adierazpena egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, besteak beste, 2014ko azaroaren 6ko Epaian, erretiroaren kontingentzia gertatutakoan BGAE batetik kobratu izanari buruz. Ondorio hau atera du: "BOSGARRENA.- Erreskate partziala antzinatasunagatik borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batean, behin erretiroa hartutakoan; erretiroaren kontingentziarekiko lotura, PFEZaren zerga-oinarrian sartzearen ondorioetarako. (...) Horrek ondorio honetara eramaten du: borondatezko erreskatea, interesatzen zaigun aldetik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren otsailaren 26ko 9/1999 Ebazpenaren bidez onetsitako eta 1999ko martxoaren 10eko 48 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako 1998ko abenduaren 22ko Zirkularrak (horren bidez igorri ziren banakako, enpleguko eta elkartutako modalitateetako BGAEentzako arauak, ekarpenen mugaketari lotuak, prestazioak aitortzerakoan eta metatutako erreserbak itzuli edo aldatzerakoan bete beharrekoak) ezarri zituen ildoetan (arau esparru zehatzik ezean, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/183 Legean eta lege hori garatzeko 87/1984 Dekretuak onetsitako Araudian ezarritakoari eutsiz), 4.1.2 puntuan erreskate partzialak aipatu zituen, antzinatasunaren 10 urteko gutxieneko ezalditik abiatuta, eta horrek ez du baztertzen guk berresten dugun ondorioa, alegia, behin gertatuta kontingentzia, oraingo honetan erretiroa, zeina, demandatzailearen kasuan, 2001eko ekitaldian gertatu baitzen, jasotako prestazioak erretiroko prestazioak dira, eta ezin dute autonomiarik eduki, ondorio horietarako, ez antzinatasunagatiko erreskatetzat hartzeko eskaerak ez horren onarpenak. (...)".

Horrez gain, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Arautegiko 29. artikuluan hau xedatzen da, erretiroari dagokionez: "2. Legearen 17. artikuluan ezarritako mugaketak honako irizpideen arabera aplikatuko dira: (...) e) Erretiratu batek ezin izango du borondatezko bajaren eskubidea gauzatu. (...)".

2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egondako araudian (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) ezarrita dagoenez, aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea berriro aplikatu ahal izateko kontingentzia beragatik edo arrazoi beragatik, gutxienez 5 urte igaro behar ziren arrazoi beragatik azken hartukizuna jaso zenetik (eta zerga-oinarrian 100eko 60 sartu zenetik), eta, horretaz gainera, egindako ekarpenen maiztasuna eta erregulartasuna egun horretara arte indarrean egon zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan eskatutakoak izan behar ziren.

Hala ere, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen gorago aipatutako PFEZFA, gaur egun aplikatu behar dena, eta, bertan adierazten denez, galderan aipatutako 100eko 60ko integrazio portzentajea soilik ezarri ahal izango zaie kontsulta honetan aipatu ditugun gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitezkeen zioengatik jaso diren lehenengo prestazio edo hartukizunei, eta gehienez ere urtean 300.000 eurokoak izango dira. Ondorio horietarako, zio horietako bakoitzarengatik jaso den lehenengo prestazioa 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako lehenengoa dela joko da (aurreko ekitaldietan kobratu diren zenbatekoak alde batera utzita).

Horrela, bada, Lanaren etekinei aplikatu beharreko atxikipen portzentajeak aldatzen dituen abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak hau dio: "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2013ko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikuluko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jaso dena joko da lehenengo prestaziotzat, eta ez da kontuan hartuko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren babesean, data hori baino lehen prestaziorik jaso den eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien".

Horrenbestez, PFEZFAren 19.2.b) artikuluan araututako 100eko 60ko integrazio portzentajea aplikatzeari begira, manu horretan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bide ematen duten kontzeptuetariko bakoitzarengatik jasotako lehenengo diru kopurua hauxe da: 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lehenengo aldiz ekitaldi bakar batean kapital eran lortzen diren diru kopuruen multzoa. Ez da kontuan hartzen egun hori baino lehen prestazio edo hartukizunik jaso den, ezta zein zerga tratamendu eman zaien 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoaren babesean.

Aurkeztutako datuei erreparatuz, kontsultagileak 60 urte ditu eta Gizarte Segurantzak aitortutako ezintasun iraunkorra (ehuneko 34). Horren truke, dagokion prestazioa kobratzen du, eta dagoeneko ezintasun iraunkorreko edo baliaezintasuneko kontingentzia burutu da, Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluan, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamenduan eta PFEZAren 15. artikuluan ezartzen den moduan. Ondorioz, egoera hauetan, ezin da esan bazkidea den BGAEetatik lortzen dituen ordainketak erreskatatzeko eskubidea duen ekitalditik datozela (borondatezko baja). Kontuan hartu beharko du ezintasun iraunkor edo baliaezintasun kontingentzia horretatik datozela, betiere erretiroarena (edo mendekotasunarena) oraindik ez badago burututa.

Zehazki, kontsultagileak hiru zenbateko kapital gisa jasotzeko aukera proposatzen du, bazkidea den BGAEetatik, hiru urte desberdinetan. Lehendabizi, borondatezko bajarengatik, desgaitasunaren edo ezintasunaren ondorengo urte batean, eta 65 urte betetzen dituenean, erretiroarengatik.

Gorago adierazi denez, kontsultagilea dagoen egoeran ezin da esan kobratu nahi duen lehen prestazioa BGAEetako borondatezko bajatik datorrela (erreskatatzeko eskubidea erabiltzeagatik); kontuan hartu beharko litzateke ezintasun iraunkor edo baliaezintasuneko kontingentziatik gertatu dela, oraindik ez dagoelako burututako erretiroko kontingentzia (ezta mendekotasunarena ere).

Horregatik guztiagatik kontsultagileak % 60ko integrazio ehunekoa aplikatu ahalko du bazkidea den BGAEetako kapital gisa kobratu nahi duen lehen kopuruaren gainean, gehienez, 300.000 eurorekin, integrazio ehuneko hori 2014ko urtarrilaren 1etik aplikatzen duen baliaezintasun edo ezintasun kontingentziagatik lortzen duen lehen prestazioa delako (edo erretiroko kontingentziarengatik, kobratzen duen unean dagoeneko burututa badago).

Era berean, % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahalko du berriro (300.000 euroko gehieneko muga horrekin) hurrengo ekitaldietan BGAE beretik edo beste batzuetatik edo zergaduna bazkide, partaide edo onuradun izan dezaketen gizarte aurreikuspeneko sistema guztietatik kobratzen dituen zenbatekoen gainean, galdetzen diren prestazioak dakartzan arrazoia ez denagatik jasotzen baditu.

Zehazki, aipatutako % 60ko integrazio ehuneko hori aplikatu ahalko du kapital gisa erretiroko kontingentziarengatik jasotzen dituen lehen kopuru horien gainean, behin burututa (betiere ehuneko hori aplikatu den aurreko kobrantza ezintasun edo baliaezintasu kontingentziarengatik etorri bada), edo, hala badagokio, mendekotasunarengatik.

PFEZFAren 19. artikuluan eta PFEZAren 16. artikuluan berariaz adierazten den bezala, % 60ko integrazio ehunekoa aplikatu ahal zaion 300.000 euroko gehieneko zenbatekoa PFEZFAren 19. artikuluko 2. zenbakiko b) eta c) letretan aurreikusitako etekinen multzoari dagokio. Hau da, zergaduna bazkide edo partaide izan dezaketen gizarte aurreikuspeneko sistema guztiei eta onuradun bihur dezaketen enplegatzaileen pentsioengatiko konpromisoak gauzatzen dituzten aseguru kolektiboei.

2) Bigarren galderari dagokionez, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko martxoaren 25eko 7/2015 Foru Arauaren (ODZFA) 7. artikuluak honako hau ezartzen du: "Ez dira Zergari loturik egongo: 1. Onuradunek honako hauetatik jasotzen dituzten prestazioak, baldin eta hartzaileari dagokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren menpe badaude: (...) b) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foruko 56. artikuluko 5. zenbakian ezarritako karga-tasa aplikatu behar zaien borondatezko gizarte -aurreikuspeneko erakundeak. (...)".

Bestalde, PFEZFAren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurretik idatzitakoa, BGAEetako onuradunek jasotako kopuruak laneko etekinak dira hartzaileentzat.

Aurreko guztiaren arabera, BGAE-ek ordaintzen dituzten prestazioak, bazkidearen heriotzaren kontingentzia gertatzearen ondoriozkoak barne, hartzailearen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian sartu behar dira lanaren etekin gisa, eta ez daude Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren kargapean.

Horrez gainera, PFEZFAren 12.2 artikuluak hau dio: "2. Etekina jasotzeko eskubidea sortu duenari egotziko zaizkio bakar-bakarrik lanaren etekinak. Alabaina, foru arau honetako 18. artikuluko a) idatz-zatian aipatzen diren prestazioak, euren alde aitortuak dituzten pertsona fisikoei egotziko zaizkie". Beraz, galdetzen diren prestazioak, prestaziorako eskubidea aitortzen zaien pertsonei egozten zaizkie.

Erantzun honen aurreko puntuan adierazi den moduan, BGAEetatik eskuratutako zenbatekoek lan-etekinak sortzen dituzte horien hartzaile direnentzat, eta hartzaileek PFEZFAren 19.2.b) artikuluan aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahal diete zenbateko horiei, gehienez, 300.000 euro urtean, betiere: a) kapital erara kobratzen badira; b) lehenengo ekarpenetik bi urte baino gehiago igaro badira, ezintasunagatiko edo mendetasunagatiko prestazioen kasuan salbu; eta c) aipatutako BGAEtatik kobra daitezkeen kontzeptu bakoitzagatik eskuratzen den lehen kopurua bada, kontzeptu horiek PFEZFAren 15.2. artikuluan mugatuta dauden bezala.

Aipatutako kontzeptuetariko bakoitzagatik jaso den lehenengo diru-kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen diren kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko arauek tratamendu bakarra ematen dietela, besteak beste, zergadun batek bera bazkide duten BGAE guztietatik lor ditzakeen zenbateko guztiei.

De acuerdo con lo indicado en el artículo 15.2 del RIRPF, de cara a la aplicación de este porcentaje de integración del 60 por 100, tienen la consideración de contingencias, o de motivos de cobro, diferentes: a) erretiroa hartzea, lan-arloko araudian xedatutako kasu guztietan; b) ezintasun iraunkorra edo baliaezintasuna; c) kausatzaile bakoitzaren heriotza; d) mendekotasuna; e) iraupen luzeko langabezia; f) gaixotasun larria; eta g) azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako pentsio-planak eta funtsak arautzeko legearen testu bateginaren 8. artikuluko 8. zenbakian aurreikusitako egoerak edo estalitako kontingentziak gertatzea ez beste arrazoi batzuk, manu horretan aipatutako gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik hartukizunak jasotzeko eskubidea ematen dutenak.

Horrela, eremu honetan kausatzaile bakoitzaren heriotza kontingentzia bat da, eta, beraz, norberaren aurreikuspen sistemetatik kobratzeko arrazoietatik ere (erretiroa, erreskatea, baliaezintasuna eta abar) bereizi behar da. Hala ere, kausatzaile beraren heriotza kontingentzia bakarra da.

Aurrekoarekin bat, kontsultagilearen oinordeek % 60ko integrazio ehunekoa aplikatu ahalko dute PFEZFAren 18.a) 3., 4., 5., 7. eta 8. artikuluan adierazitako aurreikuspen sistematik jasotzen dituzten kopuruetan, kontsultagilearen heriotzaren ondorioz, gehienez, 300.000 euro urtean, arrazoi horregatik (kontsultagilearen heriotza) jasotzen duten lehen prestazioa delako, Ezin dute berriro aplikatu integrazio ehuneko hori arrazoi beragatik (kontsultagilearen heriotza) geroko ekitaldietan behin behinean lortzen dituzten kopuruetan.

Ekitaldi berean kapital gisa jasotzen dituen zenbatekoen multzoa jotzen da arrazoi horren zioz jasotako lehen kopurutzat (baita ordaintzaile desberdinetatik, hots, BGAE desberdinetatik, datozenean ere).

Horrenbestez, etorkizunean BGAEen kontsultagilearen oinordeek jasotzen dituzten kopuruak azken horren heriotzako kontingentziarengatik lortutakotzat hartuko dira, hau da, hala badagokie, bazkideak edo partaideak diren (oinordeak) erakundeetatik kobratzeko beste arrazoi batengatik izango dira. Horrela, datozen urteetan kontsultagileak jasoko dituen zenbatekoen % 60 integratzeak ez dio kalterik egingo oinordeen eskubideari. hots, aipatutako integrazio ehunekoa kopuru horietan aplikatzeari (kapital gisa lortutakoak kontsultagilearen heriotzarengatik).

Araua

Arts. Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 12., 18. eta 19. artikuluak.Art. Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 15. eta 16. artikuluak.

Itzuli