www.bizkaia.eus/guregida


2017/12/04ko kontsulta


  
Data

04.12.2017

Erreferentzia

PFEZa. Atxikitako elementuen eskualdaketa. Epekako eragiketak.

Galdera

Kontsultagileak, Estatuako Loterien administrazio baten titularrak, bere kudeatzaile/administrari titulua eskualdatu nahi du (salerosketaren bidez), eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokion epigrafean baja eman, beste jarduera ekonomiko bat egiten jarraituko badu ere (hortzetako higienista). Dioenez, Estatuko Loterien administrari titulua haren amamarena izan zen lehenago, gero haren gurasoari iritsi zitzaion eta azkenean, hura erretiratu zenean, kontsultagileak eskuratu zuen. Loterien Administrazioak urteetan partekatu du lokala tabako-denda batekin. Haren jabea higiezinaren eta haren eduki osoaren jabe ere bada, Administrazioari dagokion material suntsikorrarena izan ezik. Hortaz, eskualdatuko duen aktibo nagusia lizentzia bera da. Kontsultagileak zenbait urtetan jasoko du salerosketaren prezioa (zatituta).Jakin nahi du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aldetik zer tratamendu dagokion egin nahi duen salmentari.

Ebazpena

Kontsulta idazkian egindako galderari dagokionez, kontsultagileak bere jarduera ekonomikoen etekin garbia kalkulatzeko zuzeneko zenbatespeneko metodoaren zein modalitate darabilen ere, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak (PFEZFA) 25. artikuluan xedatutakoa kontuan hartu behar da. Etekin garbi horiek kalkulatzeko arau orokorrei buruzko artikulua da eta hau dio: "3. Jarduera ekonomikoen etekin garbia kalkulatzeko, haiei atxikitako ondare elementuetatik eratortzen diren ondare irabazi edo galerak hartuko dira kontuan, eta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauak jasotakoaren arabera kuantifikatuko dira. Halaber, foru arau horren 36. artikuluan aparteko mozkinen berrinbertsioaz xedatutakoa aplikatuko zaie. Berrinbertsioa aukeratu nahi bada, hura aplikatuko den lehenengo ekitaldiko autolikidazioan adierazi behar da, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arauko 117.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Zergaldi baterako egindako aukera geroago aldatu ahal izango da, hain zuzen ere, zergaren autolikidazioa egiteko borondatezko epea amaitu ondoren, baina Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin ez badu. (...) Hala denean, zenbaki honetan xedatutakoa aplikatuta irabazi edo galerak sortzen badira, irabazi-galerok ekonomia-jardueraren etekin arruntari gehitu edo kenduko zaizkio, etekin garbia kalkulatzeko. (...)".

Ondorioztatu daitekeenez, orokorrean, ondare elementuen ondoriozko irabazi eta galerak, jarduera ekonomikoei atxikitakoak, beraien etekin garbien barruan sartzen dira. Ondare irabazi eta galera horiek Sozietateen gaineko Zerga arautzen duen araudian xedatutakoaren arabera zenbatzen dira eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren (SZFA) 36. artikuluan araututako berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatu dezakete.

Horrenbestez, ondorio horietarako, lehenik, zehaztu behar da zer diren atxikitako ondare elementuak, haietatik datozen irabazi eta galerei PFEZFAren 25.3 artikuluan xedatutakoak eragiten dien ezartzeko.

Hala, hauxe arautzen du PFEZFAren 26. artikuluak horri buruz: "1. Honako hauek joko dira jarduera ekonomiko bati atxikitako ondare-elementutzat: a) Zergadunak jarduera garatzeko erabiltzen dituen ondasun higiezinak. b) Jardueraren zerbitzupeko pertsonalaren zerbitzu ekonomiko eta soziokulturaletarako dauden ondasunak; ez dira afektatutzat joko, ordea, astialdi eta jolasaldirako ondasunak edo, oro har, ekonomia-jardueraren titularraren bakarreko erabilerakoak direnak. c) Etekinak lortzeko beharrezkoak diren gainerako ondare-elementu guztiak. Ez dira inoiz ere horrelakotzat joko erakunde baten funts propioetako partaidetzen aktiboak ez hirugarrenei egindako kapital-lagapenenak. (...) 5. Ondasun edo eskubideak besterentzen badira desatxikipena gertatu denetik hiru urte igaro baino lehen, desatxikipenik ez dela izan ulertuko da. (...) Jarduera uzten den kasuetan, ondare-elementuak jarduera utzi den ekitaldi horren aurretik desafektatu direla ulertuko da, salbu eta zergadunak jarduera utzi ondorengo hiru urteko epean berriro ekiten badio edozein ekonomia-jarduerari. Aitzitik, ekonomia-jarduerari ondare pertsonaleko ondasun edo eskubideak afektatzen bazaizkio, ondasun-eskubideok beren eskuratze-balioagatik hartuko dira kontuan. Ondore guztietarako, ondasunak eta eskubideak jarduerari lotu eta 3 urte igaro baino lehen besterentzen badira horrela lortutako kopurua Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 36. artikuluan ezarri bezala berrinbertitu gabe, loturarik ez dela gertatu ulertuko da".

Eskualdatu nahi den ondare elementua (funtsean, Estatuko Loterien administrari lizentzia edo titulua), egun, kontsultagileak egiten duen jarduera ekonomikoa egiteari atxikita dago ("Loterien Saltzaile Ofizialak").

Hori dela eta, besterentzearen zerga-ordainketari emango zaion trataera zehazteko, kontuan hartu behar da ea jaregintzat (edo desatxikitzat) jo beharko den ala ez bera eskualdatu aurretik, PFEZFAren 26. artikuluko 5. idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera. Artikulu horren arabera, garatzen ari zen jarduera ekonomikoa uzten den kasuetan, horri dagozkion ondare-elementu material eta ez-materialak jaregin direla ulertuko da, betiere jarduera utzi ondorengo hiru urteko epean jarduera horri edo beste edozein jarduera ekonomikori ekiten ez bazaio

Jarduerari uzten ez bazaio, kontsultagileak beste jarduera batzuk egiten jarraitzen duelako edo orain arte egindako jarduerari edo beste edozeini ekin diolako berriz, besterendu nahi duen negozioa eskualdatu duen dataren ondorengo hiru urteko epean, jarduera horren ohiko etekinean sartuko da galderaren xede den eragiketatik eratorriko errenta.

Hori guztia, ibilgetu material eta ez-materialaren ondare-elementuei (lizentzia, merkataritza-fondoa, etab. barne) egotz dakieken errentaren zatia berrinbertitzeagatiko salbuespena betetzeko aukerari kalterik eragin gabe (kasu honetan), SZFAren 36. artikuluan eta hura garatzen duten xedapenetan adierazitakoa betez Berrinbertsioagatiko salbuespen hori ezin da inola ere aplikatu existentzien besterentzeari egotz dakioken etekinaren zatiari, ez direlako ibilgetuaren ondare-elementuak, ondasun zirkulatzaileenak baizik.

Horregatik, galdetzen den kasuan, kontsultagileak beste jarduera ekonomiko bat egiten jarraitzen badu (dioenez, hortzetako higienista), ulertu beharko da eskualdatuko den lizentzia "Loterien Saltzaile Ofizialak" jarduerari atxikita dagoela, hura egiteari utzi arren.

Hortaz, eragiketa horren ondorioz eskuratzen duen ondare irabazia edo galera SZFAn xedatutakoaren arabera kuantifikatu beharko da, eta haren zenbatekoa jasotzen dituen jarduera ekonomikoen gainerako etekinei gehitu beharko zaie.

Ondorioz, SZFAren 15.3 artikuluan xedatutakoa hartu behar da kontuan. Han esaten denez, Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria kontabilitate-emaitzatik kalkulatu behar da, eta hura bakarrik zuzendu behar da zerga araudiak berariazko tratamendua ezartzen duen kasu eta eragiketetan.

Beraz, printzipioz, kontsultagileak lizentziaren eskualdaketa balioaren eta kontabilitate-balio garbiaren arteko aldeagatik eskuratutako errenta kalkulatu beharko du, kasuan kasu, egin behar diren doikuntzen bidez zuzenduta (eta PFEZFAren 26.5 artikuluan ondasunei edo eskubideei eragiten zaien kasuetarako adierazitakoa kontuan hartuz).

Bestalde, SZFAren 40.9 artikuluan ezarritakoa hartu beharko du kontuan: "(...) 9. Ibilgetu materialeko ondare-elementuak, ibilgetu ez-materiala, higiezinetako inbertsioak edo salmentak mantendu diren aktibo ez-korronte moduan sailkatutako elementuak eskualdatzean lortzen diren errenta positiboak zerga-oinarrian sartzeko, errenta horietan baliogalera baten zenbatekoa kenduko da, eta betiere errenta horien mugarekin. Hau da kenduko den baliogalera hori, eskualdatutako elementuei dagokienez: legez baimendutako azken eguneratzetik edo elementu hori eskuratu zen egunetik -bigarren egun hori gerokoa bada- gertatutako moneta-baliogaleraren zenbatekoa. Zenbateko hori honako erregela hauen arabera kalkulatuko da: a) Eskualdaturiko ondare elementuen eskuraketa prezioa edo ekoizpen kostua eta horiei buruzko amortizazio metatuak bider arauz ezarritako koefizienteak egingo da. b) Aurreko hizkian ezarritakoa aplikatuz kalkulaturiko diru-kopuruen arteko diferentzia eskualdaturiko ondare elementuaren kontabilitate balioan gutxituko da".

Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 21. artikuluan garatu da. Hauxe ezarri da bertan: "Baldin eta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauko 40. artikuluko 9. atalean xedaturikoa bidezkoa bada aplikatzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek eginiko jarduerei atxikiriko ondare-elementuen eskualdaketan agerian gelditu diren ondare irabazietan, erregela hauek izango dira kontuan: a) Ondare-elementu bat jarduera ekonomiko bati lotzen bazaio eskuraketaren ondoren, lotura gertatu den unea hartuko da eskuraketa-unetzat, gero Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 40. artikuluko 9. idatz-zatiko a) letran ezarritakoa aplikatzeko. b) Zergadunak bere jardueraren etekin garbia amortizazioen kenkaririk aplikatzeko aukerarik ematen ez duen zenbatespen metodo edo modalitate baten bidez kalkulatu duten zergaldietan hauxe hartu behar da amortizaziotzat Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 40. artikuluko 9. idatz-zatiko a) letran ezarritakoa aplikatzeko: ondare-elementuari Sozietateen gaineko Zergaren arautegiko gehieneko epealdiari dagokion gutxieneko amortizazio-koefizientea aplikatzearen emaitza".

SZFAren 40.9 artikulu horren bidez, ibilgetu materialaren, ukiezinaren zein higiezinetako inbertsioen ondare-elementuak edo salmentarako mantendu diren aktibo ez korronte moduan sailkatu diren elementu horiek eskualdatzean lortutako errenta positiboak zuzendu ahal dira, legez baimendutako balantzeen azken eguneraketatik edo ondare-elementu horiek eskuratzen diren unetik gertatu den monetaren balio-galeraren zenbatekoa kenduz, azken une hori geroagokoa bada (edo aktiboei ezin bazaie inolako eguneraketarik egin); gehieneko muga errenta positibo horiek izango dira. Horrenbestez, moneta-zuzenketa horren ondorioz ezin da irabazi bat galera bihurtu (gehienez, lortutako irabazia zerora murriztu ahal da).

Bestalde, arestian aurreratu denez, kontsultagileak galdetzen duen lizentziaren eskualdaketagatik eskuratutako irabazia berrinbertizeagatiko salbuespena aplikatu ahalko du, SZFAren 36. artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan araututakoaren arabera eta baldintza horiekin.

Zehazki, horri dagokionez, kontsultagileak galdetzen duen lizentzia eskualdatzearen ondorioz eskuratutako zenbatekoa berrinbertitzeko asmorik adierazi ez badu ere, hau xedatzen du SZFAren 36. artikuluak: "1. Nahi izanez gero, zerga-oinarrian sartu gabe utz daitezke ustiapen ekonomikoei loturiko ibilgetu material edo ez materialeko edo higiezinen inbertsioetako ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketetan lortutako errentak, foru arau honetako 40.9 artikuluan araututako moneta-baliogalera aplikatuz zuzendu ondoren. Orobat egin daiteke elementu horietatik datozen errentekin, eskualdatu aurretik salmentarako mantendutako aktibo ez-korronte gisa sailkatuta bazeuden. Zerga-oinarrian ez sartzeko aukeraz baliatu ahal izateko, eskualdaketaren bidez lortutako zenbatekoa aurrean aipatutako ondare-elementuetako batean inbertitu behar da, ondare-elementu hori eman edo eskura jarri den egunaren aurreko urtetik eta hurrengo hiru urteen arteko epean. (...) Berrinbertsioa, hura gauzatzen den ondare-elementuak eskura jartzen diren egunean egindakotzat joko da. (...) 2. Ondare-elementuen balio-narriaduragatik izandako galeren zenbatekoa ez da sartuko zerga-oinarritik kanpo uzten diren errenten multzoan, baldin eta galera horiek kenkari fiskala izan badute, ezta foru arau honetako 25. artikuluan xedatutakoari jarraituz kendu diren zenbatekoak ere, edo amortizazio askatasunari, amortizazio azaleratuari nahiz baterako amortizazioari aplikatutakoak, aipatutako zerga-oinarrian sartu behar badira, onura horiek izan zituzten ondare-elementuen eskualdaketa dela eta. 3. Zerga Administrazioak berrinbertsiorako plan bereziak onetsi ahal izango ditu hori bidezkotzen duten inguruabarrak biltzen direnean. Aurreko lerroaldean aipatutako inguruabarrak gertatzen direla ulertuko da, frogatzen baldin bada ezen, inbertsioaren ezaugarri teknikoak edo ekonomikoak direla eta, 1. idatz-zatian ezarritakoa baino epe luzeagoa behar dela inbertsioa egin ahal izateko, edo, behar bezala arrazoitutako ezusteko inguruabarrengatik, ezin dela inbertsio prozesua aipatutako epe horretan burutu. Berrinbertsio plan berezia onesteko eskaera egingo da arauz zehazten diren prozedura eta baldintzak betez. Ondare-elementua eskualdatu aurreko edo ondorengo sei hilabeteko epean aurkeztuko da eskaera hori, edo, hala behar denean, berrinbertsio aurreratua egitekoa den egunaren aurreko sei hilabeteko epean, salbu eta ezusteko inguruabarren ondorio denean; halakoetan, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako epea amaitu aurretik aurkeztu beharko da eskaera, eta bertan zehaztu egin beharko dira egindako berrinbertsio zatia eta hura osatzeko behar den denbora-plana. 4. Berrinbertsioaren xede diren ondare-elementuak zergadunaren ondarean eduki beharko dira, artikulu honetako 1. zenbakian ezarritako betekizunak betez eta justifikatutako galerarik ez badago. Ondasun higigarrien kasuan, bost urtez eduki beharko dira, berrinbertsioa gauzatzen denetik hasita, edo hiru urtez ondasun higigarriak badira, non eta haien balio-bizitza ez den laburragoa, foru arau honetako 16. artikuluan xedatutakoaren arabera. Elementuok arestian aipatutako epe hori amaitu baino lehen eskualdatzen badira, aurretik zerga-oinarrian sartu ez den errenten zatia zerga-oinarrian sartu beharko da, salbu eta hala lortutako zenbatekoa ez den berrinbertizen -aurreko 1. zenbakian zehaztutakoarekin bat- eskualdaketa egin osteko hiru hilabeteetan. 5. Berrinbertsioa adierazitako epean egiten ez bada, epea amaitu den zergaldiko zerga-oinarrian sartuko dira ez-betetzea dagokien zenbatekoak, zerga-oinarrian sartu gabe utzi direnak, eta euren zenbatekoaren % 15 gehituko zaie. (...) 6. Berrinbertitutako diru kopurua eskualdaketan jasotakoa baino gutxiago denean, berrinbertitutako diru kopuruari dagokion zati proportzionala baino ezingo da utzi zerga-oinarrian sartu gabe. Artikulu honetan jasotako araubidea ez da bateragarria izango eskualdatutako zenbatekoa berrinbertitzen den elementuei legokiekeen beste edozein zerga-onurarekin, albo batera utzita amortizatzeko askatasunari, amortizazio azeleratuari eta baterako amortizazioari dagokiena. Berrinbertitutako kopurua eskualdaketan guztira lortutakoa baino gehiago bada, gaindikinari, hala badagokio, foru arau honetako V. tituluko III. kapituluan araututa dauden inbertsioaren ziozko kenkariak aplikatu ahal izango zaizkio, edo gai izango da foru arau honetako 53. artikuluan aipatzen den erreserba gauzatzeko".

Halaber, berrinbertsio plan bereziei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 23ko 48/2014 Foru Dekretuak onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 11. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Frogatzen bada ezen, inbertsioaren ezaugarri teknikoak edo ekonomikoak direla eta, inbertsioak Zergari buruzko Foru Arauaren 36. artikuluaren 1. idatz-zatian ezarritakoa baino epe luzeagoa behar duela burutua izan ahal izateko, zergadunek Zerga-administrazioari eskatu ahalko diote berrinbertitzeko plan bereziak onesteko. Eskabidea Araudi honen 45. artikuluan ezarritako prozedura orokorraren arabera egin eta tramitatuko da. Eskabide horrek artikulu honen hurrengo idatz-zatietan xehakatutako espezialitateak izan beharko ditu. 2. Eskabideak honako datuok izan beharko ditu: a) Dagoenekoz eskualdatu edo gerora eskualdatuko diren ondare elementuen azalpena. b) Eskualdaketaren benetako edo ustezko zenbatekoa. c) Berrinbertsioa gauzatuko den ondare elementuen azalpena. d) Berrinbertsioa egiteko plan tenporalaren azalpena. e) Berrinbertsioko plan berezia justifikatzen duten zirkunstantzien azalpena. 3. Berrinbertsioko plan bereziak, kasuaren arabera, epe hauek izango dituzte: a) Sei hilabeteen barruan aparteko irabazia sortu duen eskualdaketaren egunetik aurrera. b) Eskualdaketa egin nahi den egunaren aurreko sei hilabeteen barruan. c) Inbertsio aurreratua egin edo hasi nahi den egunaren aurreko sei hilabeteen barruan. b) hizkian aurreikusitako kasuan, eskualdaketa sei hilabeteko epean egin behar da, berrinbertsioko plan berezia onesten den egunetik aurrera zenbatuta. c) hizkiaren kasuan, eskaera egiten den egunetik aurrera sei hilabeteko epean egin edo hasi behar da berrinbertsioa. 4. Era berean, zergadunek berrinbertsioko plan bereziak onesteko eskatu ahal dute baldin eta, gertaera bidezko inguruabarrengatik (behar bezala arrazoituak), berrinbertsio prozesua ezin bada burutu Zergaren Foru Arauaren 36. artikuluko 1. idatz-zatian ezarritako epean. Horrelako kasuetan, 2. idatz-zatian aipatzen diren datuak dauzkan eskaera bat aurkeztu beharko dute, egindako berrinbertsioaren zatia zehazten eta hura osatzeko behar den denbora-plana zehazten. Atal horretan aipatzen diren kasuetan, berrinbertsioko plan berezia Zergaren Foru Arauaren 36. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den epea amaitu aurretik eskatu behar da. 5. Berreinbertsio plana guztiz edo partzialki betetzen ez bada, zergadunak bere zerga egoera erregularizatuko du Zergaren Foru Arauaren 36. artikuluko 5. idatz-zatian xedatutakoaren arabera. Erregularizazioa egiterakoan, proposatutako inbertsioaren eta egindako inbertsioaren arteko proportzioa kontuan izango da".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek, nahi izanez gero, zerga-oinarrian sartu gabe utz ditzakete ustiapen ekonomikoei loturiko ibilgetu material edo ukiezineko ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketetan lortutako errentak, baldin eta horrela lortutako zenbatekoa izaera bereko beste elementu batzuk eskuratzeko berrinbertitzen badute, besterendutako ondasun edo eskubidea ematen edo erabiltzeko eskaintzen den egunaren aurreko urtetik hasita hurrengo hiru urteko epearen barruan (aukera izango du, nolanahi ere, berrinbertsio plan berezi bat eskatzeko legez ezarritako baldintzetan)..

Ondorio horietarako guztietarako, gauzaturiko ondare-elementuak inoren esku jartzen diren unean gertatuko da berrinbertsioa. Ondare-elementu horiek (berrinbertsioaren xedekoak) zergadunaren ondarean egon behar dute, egiaztaturiko galerengatik salbu, bost urtez, edo hiru urtez ondasun higigarriak badira, salbu eta bizitza baliagarri laburragoa badute eta egiaztaturiko galerak badira. Ondare-elementu horiek eskualdatzen badira zergadunaren ondarean egon beharreko gutxieneko epealdia bukatu baino lehen, nahitaez sartu beharko da zerga-oinarrian sartu ez den errentako zatia, salbu eta besterentzearen ondoriozko zenbatekoa berriz inbertitzen bada SZFAren 36.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Arau horiek aplikatu behar dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuan ere, jarduera ekonomikoen garapenari lotutako ondare-elementuak eskualdatzetik eratorritako errentei dagokienez.

Kontsultagileak berrinbertsioagatiko salbuespen horri guztiz nahiz partzialki heltzen ez badio, edo ezin badu egin (era berean, guztiz edo partzialki), kasuan kasu, PFEZFAren 75.3 artikuluan xedatutako murrizketa aplikatu ahalko du, jarduera ekonomikoen errenta bereziek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan Sozietateen gaineko Zergaren tasa baino handiagoan tributatu ez dezaten. Haren arabera: "3. Zergadunaren batez besteko karga-tasa orokorra Sozietateen gaineko Zergaren tasa orokorra baino handiagoa denean, kuota osoari kopuru hau murriztuko zaio: ekonomia-jardueren etekin garbi positiboa osatzen duten ondare-irabazien zenbatekoari batez besteko tasa horren eta Sozietateen gaineko Zergaren tasa orokorraren arteko diferentzia aplikatuz ateratzen den emaitza. Aurreko lerroaldean xedatutakoa aplikatzeari dagokionez, ondare-irabazien zenbatekoari kendu egingo zaizkio jardueraren etekin garbia zehazteko kontuan hartutako ondare-galerak, halakorik badago. (...)".

Azkenik, kontsultagileak dio salmenta prezioa geroratuta kobratzeko asmoa daukala eta, beraz, kontuan hartu behar da PFEZFAren 57. artikuluan xedatutakoa: "1. Oro har, eta foru arau honetan ezarritakoa gorabehera, zergaren oinarrian jaso behar diren errentak zehazteko, hala sarrerak nola gastuak, batzuk zein besteak sortu diren zergaldikoak izango dira, ordaindu edo kobratu diren unea beste bat izan arren. Bereziki, irizpide hauek aplikatuko dira: (...) b) Jarduera ekonomikoen etekinak Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauak ezarritako eran egotziko dira, foru arau honetan edo bestelako arauen bidez ezarri daitezkeen berezitasunak eragotzi gabe. (...) 2. Erregela bereziak: (...) c) Beren ekonomia-jardueraren etekin garbia zehazteko zuzeneko zenbatespenaren modalitate erraztua erabiltzen duten zergadunek aukera izango dute beren sarrera eta gastuak kobrantza eta ordainketaren irizpidea erabiliz egozteko, baina betiere baldintza hauek beteta: - Lehenengoa: Sarrera edo gastuen zerga sailkapenean inolako aldaketarik ez eragitea. - Bigarrena: Aldia egozteko irizpideak aldatzeak ez dezala eragin egotzi gabeko gastu edo sarrerarik izatea eta, horretarako, egozpen irizpidea aldatu aurretik dagokion erregularizazioa egitea. - Hirugarrena: Egozketarako irizpidea bat bera izan behar da aplikatzen zaion jarduera ekonomikoaren sarrera eta gastu guztietarako. Sarreren eta gastuen aldi-egozketarako kobratzeko eta ordaintzeko irizpidea aplikatzea Zerga Administrazioak onetsitzat joko da eragiketa ekonomikoen erregistro-liburuko aitorpen informatiboa aurkeztean adieraziz besterik gabe; irizpidea hiru urtean aplikatu behar da gutxienez".

Mota horretako errentak Sozietateen gaineko Zergaren eremuan denboran egozteari dagokionez, hau xedatzen du SZFAren 54. artikuluak: "4. Epekako edo prezio geroratuko eragiketetan, errentak, dagozkien kobrantzak egin ahala, proportzioz lortu direla ulertuko da, erakundeak sortzapenaren irizpidea ezartzea erabakitzen duenean izan ezik. Epekako edo prezio geroratuko eragiketatzat hartuko dira salmentak eta obren burutzapenak, berauen prezioa, osotasunean edo partzialki hurrenez hurrengo ordainketen edo ordainketa bakarraren bidez hartzen denean, ematearen eta azken epearen edo epe bakarraren mugaegunaren arteko denbora urtebetetik gorakoa izan denean. Geroratutako zenbatekoen endosua, deskontua edo kobrantza aurreratua eginez gero, egotzi gabeko errenta momentu horretan lortutakotzat emango da. Idatz-zati honetan ezarritakoa errenten sarrera eta gastuak nola kontabilizatu diren kontuan hartu gabe aplikatuko da".

Handik ondorioztatzen denez, kontsultagileak zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate erraztuari heldu badio, bere jarduera ekonomikoei dagozkien sarrerak eta gastuak kobrantzen eta ordainketen irizpidearen arabera egoztea hauta dezake, PFEZFAren 57.2 c) artikuluan xedatzen den bezala.

Bestalde, oro har, Sozietateen gaineko Zergaren eremuan (eta, beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako jardueren etekinen eremuan), epekako edo prezio geroratuko eragiketen kasuetan, lortutako errentak dagozkien kobrantzak eskagarriak diren heinean egoztea hauta dezakete zergadunek. Ondorio horietarako, epekako edo prezio geroratuko eragiketatzat hartuko dira salmentak eta obren burutzapenak, berauen prezioa, osotasunean edo partzialki hurrenez hurreneko ordainketen edo ordainketa bakarraren bidez hartzen denean, ematearen eta azken epearen edo epe bakarraren mugaegunaren arteko denbora urtebetetik gorakoa izan denean.

Epekako eragiketen edo prezio geroratutako aldi baterako egozpenaren arau hau, SZFAren 54,4 artikuluan azaltzen dena, bateragarria da aparteko mozkinak berrinbertitzeko araubidearekin, lege testu bereko 36. artikuluan azaltzen dena.

Nolanahi ere, kontuan izan behar da berrinbertsioa gauzatzeko finkatu den epea bakarra dela. Epe hori ondareko elementua ematen den dataren arabera ezartzen da. Zehazki, arestian azaldu dugunez, berrinbertsioa gauzatzeko legean ezarritako epea eskualdaketaren unearen aurreko urtearen eta hurrengo hiru urteen artekoa da, epekako eragiketak edo geroratutako prezioko eragiketak izatea gorabehera. Hori hala bada ere, zergadunek aukera daukate berrinbertsio plan bereziak eskatzeko, legez xedatutako baldintzetan.

Laburbilduz:

1) Zergadunak beste jarduera ekonomiko bat egiten jarraituko duenez (hortzetako higienista), besterendu nahi duen ondare elementua "Loterien Saltzaile Ofizialak" jarduerari atxikitzat joko da eskualdatzeko unean. Horrenbestez, zio horregatik eskuratutako errenta Sozietateen gaineko Zerga arautzen duen araudian xedatutakoaren arabera kuantifikatu beharko da, eta haren jarduera ekonomikoen etekin garbietan sartuko da, SZFAren 36. artikuluko etekin berezien berrinbertsioagatiko salbuespena aplikatu ahal izan ezean.

2) Kontsultagileak SZFAren 36. artikuluko berrinbertsioagatiko salbuespenari heldu nahi badio, kontuan hartu beharko ditu manu horretan berrinbertsioa gauzatzeko ezarritako epeak (dena dela, aukera izango du, kasuan kasu, berrinbertsio plan berezi bat eskatzeko, SZAren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera).

3) Bestalde, kontsultagileak ez badu edo ezin badu berrinbertsioagatiko salbuespen hori baliatzen, guztiz nahiz partzialki, PFEZFAren 75.3 artikuluan aurreikusitako murrizketa aplikatu ahalko da, jarduera ekonomikoen aparteko errentek ez dezaten zergarik ordaindu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, Sozietateen gaineko Zergaren tasa baino kopuru altuagoan

4) Errenta hori denboran egozteari dagokionez, PFEZFAren 57.2 c) artikuluak xedatzen duenez, zuzeneko zenbatespeneko metodoaren modalitate erraztuari heldutako zergadunek euren jarduera ekonomikoen sarrerak eta gastuak "kobrantza eta ordainketen" irizpidearen arabera egoztea hauta dezakete. Bestalde, SZFAren 54.4 artikuluak (hara bidaltzen du PFEZFAren 57.1 artikuluko b) letrak) dio, epekako nahiz prezio geroratuko eragiketen kasuetan, eskuratutako errentak dagozkien kobrantzak eskagarriak diren heinean egoztea hauta dezaketela zergadunek. Ondorio horietarako, epekako edo prezio geroratuko eragiketatzat hartuko dira salmentak eta obren burutzapenak, berauen prezioa, osotasunean edo partzialki hurrenez hurreneko ordainketen edo ordainketa bakarraren bidez hartzen denean, ematearen eta azken epearen edo epe bakarraren mugaegunaren arteko denbora urtebetetik gorakoa izan denean.

5) Denboran egozteko arau horiek bateragarriak dira SZFAren 36. artikuluko etekin bereziak berrinbertitzeko araubidearekin, baina berriz esan behar da berrinbertsioa gauzatzeko legez ezarritako epea eskualdaketaren unearen aurreko urtearen eta haren ondorengo hiru urteen artekoa dela, epekako nahiz prezio geroratuko eragiketak izan zein ez (dena dela, aukera dago berrinbertsio plan bereziak eskatzeko, SZFAren 36.3 artikuluan eta SZAren 11. artikuluan xedatutakoaren babespean).

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 25, 26., 27. eta 75. artikuluak.Abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 15., 36. eta 40. artikuluak.

Itzuli