saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


2017/11/22ko kontsulta

Data

22.11.2017

Erreferentzia

BGAEa eta pentsio-planak. Erretiroa kobratzea beste BGAE baten eskubide ekonomikoak lehenago kobratu ondoren.

Galdera

2014an, kontsultagileak BGAE batean zeuzkan eskubide ekonomikoak jaso zituen, borondatezko baja hartzeagatik. Hamar urteko antzinatasuna zeukan bertan, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian hala jasotako zenbatekoaren 100eko 60 sartu zuen. 2017an, kapital gisa berriz ere, partaide den pentsio-plan batetik, eta bazkide den BGAE batetik kobratu nahi du, oraingoan erretiro kontingentzia gertatzeagatik.Jakin nahi du berriz aplikatu ahalko dien 100eko 60ko integrazio ehunekoa 2017an partaide den pentsio-planetik eta bazkide den BGAEtik eskuratutako prestazioei, erretiro kontingentzia gertatzearen ondorioz.

Ebazpena

Kontsultaren idazkian eginiko galderari dagokionez, lehenik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 18. artikulua aplikatu behar da. Hauxe ezarri da artikulu horretan: "Ondokoak ere lanaren etekintzat jo behar dira: Honako prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazioak a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide osoek eta haien onuradunek jasotako zenbatekoak, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik, entitatea desegin edo likidatzeagatik, edota gaixotasun larriaren kasuan nahiz iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotakoak barne. Dena den, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik nahiz entitatea desegin edo likidatzeagatik jasotako zenbatekoak, oso-osorik, borondatezko gizarte aurreikuspeneko beste entitate batean sartzen badira, bi hilabeteko epea igaro baino lehen, zenbateko horiek guztiak ez zaizkio batuko zergaren zerga-oinarriari. b) Pentsio planen onuradunek jasotako prestazioak -gaixotasun larrien kasuan edo iraupen luzeko langabezia egoeretan modu aurreratuan erabilitako zenbatekoak barne- eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an emandako 2003/41/EB Zuzentarauan araututako pentsio-planetatik jasotakoak (zuzentarau hori enpleguko pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoa da) . (...)".

Gainera, PFEZFAren beraren 19. artikuluan honako hau xedatu da: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute, oro har. 2. Hala ere, idatz-zati honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari ondoko portzentajeak aplikatuz kalkulatuko da: (...) b) Foru arau honetako 18.a) artikuluan aurreikusitako prestazioak -6. zenbakikoak kanpoan utzita- kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da. Aurreko paragrafoan ezartzen dena gorabehera, kapital gisa jasotako zenbatekoa 100eko 60an integratuko da, kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere bi urte baino gehiago igaro badira lehenengo ekarpena egin zenetik. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasungatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte pasatuta egotea. Orobat, letra honetan ezartzen den tratamendu bera emango zaie gaixotasun larriagatik eta iraupen luzeko langabeziagatik jasotzen diren kopuruei ere. Letra honetan jasotzen den 100eko 60ko integrazio-portzentajea berdin aplikatuko zaio estalitako kontingentziak baino beste arrazoi batzuengatik eta 1/2002 Legegintzako Errege-dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik jasotako lehenengo zenbatekoari. Letra honetan ezarritako ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehenengo zenbatekotzat. (...) Zenbaki honetako b) eta c) letretan aipatzen diren etekinei 100eko 100etik beherako integrazio ehunekoak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik integratuko da (100eko 100)".

Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran ezarritako integrazio-ehunekoa (100eko 60) kontingentzia bakoitzagatik kapital modura jasotzen den lehenengo prestazioari (18. artikuluko a letrakoak; 6. zenbakikoei ez) bakarrik aplikatu ahal zaio, lehenengo ekarpenetik urte bi baino gehiago pasatu badira. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasungatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte pasatuta egotea. Urte bakar batean jaso ez bada, kontzeptu bakoitzagatik jasotako lehenengo prestazioari aplikatuko zaio % 60ko integrazioa, horretarako ezarritako betekizunak betez gero. Hori dela eta, hauxe da lehen prestazioa: zergaldi batean kontingentzia bakoitzagatik kapital gisa jasotzen diren diru kopuru guztien batura. Aurreko guztia gorabehera, zergadunak prestazioa kobratzen duen lehenengo urtean ez dauka nahitaez kapital gisa jasotzen duen kopuruaren 100eko 60 integratu beharrik. Aitzitik, integrazio-ehuneko hori bigarren ekitaldian eta hurrengoetan modu berean lortzen dituen kapital zenbatekoei aplikatzea hautatu dezake, baldin eta lehendik aplikatu ez badie. (...) 2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeko, ondoko hauetako bakoitza kontingentzia bat izango da: a) Erretiroa hartzea, laneko arautegian ezarritako kasu guztietan. b) Ezintasun iraunkorra edo elbarritasuna. c) Kausatzaile bakoitzaren heriotza. d) Mendekotasuna. e) Iraupen luzeko langabezia. f) Gaixotasun larria. g) Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege-Dekretuak onetsitako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8. artikuluko 8. idatz-zatian ezarritako kontingentziak edo egoerak gertatzeagatik ez beste arrazoi batzuengatik jasotzen diren kopuruak. (...)".

Horrez gain, PFEZA beraren 16. artikuluan hau adierazi da, era berean: "Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluaren arabera % 100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa)".

PFEZFAren 19.2.b) artikuluan ezarritako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatzeari begira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudiak tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. zenbakietan aipatutako gizarte aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren zenbatekoei, diru-kopuru horiek ordaintzaile bakarrak eman zein ordaintzaile gehiagok eman. Hau da, tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letran aipatzen diren BGAE-etatik, pentsio planetatik, gizarte aurreikuspeneko mutualitateetatik, enpresen gizarte aurreikuspeneko planetatik, aurreikuspen-plan aseguratuetatik eta mendekotasun-aseguruetatik jasotzen diren kopuruei.

BGAEren ezarritako kontingentziei dagokienez, hauxe ezarri da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluan: "1.- Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez, lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonal batzuetara edo guztietara: a) Erretiroa. Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa izango dira. Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan zehaztutako adinean gertatu dela joko da -inoiz ez hirurogei urtetik behera-; betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo horri utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan. Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera, betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo horri utzita badago. (....)".

Era berean, pentsio-planen eremuan, erretiroaren kontingentzia Pentsio plan eta fondoak arautzeko Legearen testu bateginak, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzazko Errege Dekretuak onetsi zuenak, bere 8.6 artikuluan mugatzen du. Hauxe dakar: "6. Aurreko prestazioak ordainduko diren kontingentziak hauek izango dira: a) Erretiroa: kontingentzia hori zehazteko, kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren araubidean aurreikusitakoari helduko zaio. Partaideak ezin badu erretirorik hartu, behin 65 urte bete eta gero kontingentzia gertatutzat joko da partaide horrek lan jarduerari edo jarduera profesionalari uzten dion unean, ez bada erretiroaren kontingentziarako kotizatzen ari Gizarte Segurantzako inongo araubidetan. Hala ere, prestazioaren kobrantza aurreratu ahal izango da hirurogei urte betetzen direnean, erregelamenduz ezartzen den moduan. Pentsio planek ezarri ahal izango dute erretiroko prestazioa ordainduko dela baldin eta partaideak, adina gorabehera, bere lan-harremana azkentzen badu eta legezko langabezia egoerara pasatzen bada Langileen Estatutuaren Legearen testu bategineko 49.1.g), 51., 52. eta 57 bis artikuluetan aipatzen diren kasuetan. (...)".

Beste alde batetik, otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluak hauxe dio (indarrean dago, urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudia indarrean jarri arren, xedapen indargabetzailean ezarritakoa kontuan izanik): "Bazkide batek baja boluntarioa hartzen duenean -erabatekoa edo neurri batekoa- metatutako erreserben kontura finantzatutako prestazio horiek eragiteko egintza gertatu baino lehen, entitateak, gabealdiko 10 urte gutxienez biltzen dituen bazkidearentzat, bere estatutuetan arautuko du hurrengo formuletatik baten bat: a) Bazkide izaten jarraitzearen aukera, kotizatu eta bere unean prestazioak jasotzeko. b) Egindako kotizazioekiko prestazio murriztuak jasotzeko eskubidea. c) Metatutako erreserbak itzultzea. Ondorio horietarako, BGAEko banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko bazkideek aurretiaz eskuratu ahal izango dute banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko aurreikuspen planetarako egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoen zenbateko osoa edo zati bat, hamar urtetik gorako antzinatasuna baldin badute".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, pentsio-planen edo BGAE-en bidez lortutako zenbatekoek lan-etekinak sortzen dizkiete hartzaileei, eta hartzaileek % 60ko integrazio-portzentajea (urtean 300.000 euro, gehienez) aplikatu ahal diete, goian transkribatu dugun PFEZFAren 19.2 artikuluan aipatutakoa, hain zuzen, baldin eta: a) kapital gisa kobratzen badira; b) lehenengo ekarpena egin zenetik bi urtetik gorako epea igaro bada, ezintasun edo menpekotasunaren ziozko prestazioetan izan ezik; eta c) BGAE eta pentsio-plan horietatik dirua kobra daitekeen kontzeptu bakoitzagatik lehenengo diru-kopurua jaso bada (galdetzen den kasuari eragiten dionez, kapital gisa, erretiroaren edo borondatezko bajaren zioz eskuratu den lehenengoa bada, gutxienez 10 urteko antzinatasuna egiaztatu ondoren).

Aipatutako kontzeptuetariko bakoitzagatik jaso den lehenengo diru kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen diren kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko arauek tratamendu bakarra ematen dietela, besteak beste, zergadun batek bera partaide edo bazkide duten edo izan duten pentsio-plan eta BGAE guztietatik lor ditzakeen zenbateko guztiei.

Zuzendaritza Nagusi honek beti uste izan du hauxe besterik ezin esan daitekeela: BGAE batetik jasotako zenbatekoa borondatezko bajaren (edo erreskate eskubidea erabiltzearen) ondoriozkoa da, baldin eta otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluan horretarako ezarritako inguruabarrak gertatzen badira. Zehazki, oso-osorik edo zati batez metaturiko erreserben pentzura finantzaturiko prestazioan gertaera kausatzailea jazo baino lehen gertatzen denean baja. Hortaz, metaturiko erreserben pentzura finantzaturiko prestazioan gertaera kausatzailea jazo ondoren kobraturiko diru kopuruak ezin har daitezke zergadunak BGAEan borondatez hartutako bajaren ondorioz lortutakotzat, baizik eta kasuan kasuko kontingentzia gertatu izanaren ondorioz.

Ildo bereko adierazpena egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, besteak beste, 2014ko azaroaren 6ko epaian, erretiroaren kontingentzia gertatutakoan BGAE batetik kobratu izanari buruz. Ondorio hau atera du: "BOSGARRENA.- Erreskate partziala borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde batean, behin erretiroa hartutakoan; erretiroaren kontingentziarekiko lotura, PFEZaren zerga-oinarrian sartzearen ondorioetarako. (...) Horrek ondorio honetara eramaten du: borondatezko erreskatea, interesatzen zaigun aldetik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren otsailaren 26ko 9/1999 Ebazpenaren bidez onetsitako eta 1999ko martxoaren 10eko 48 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako 1998ko abenduaren 22ko Zirkularrak (horren bidez igorri ziren banakako, enpleguko eta elkartutako modalitateetako BGAEentzako arauak, ekarpenen mugaketari lotuak, prestazioak aitortzerakoan eta metatutako erreserbak itzuli edo aldatzerakoan bete beharrekoak) ezarri zituen ildoetan (arau esparru zehatzik ezean, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/183 Legean eta lege hori garatzeko 87/1984 Dekretuak onetsitako Araudian ezarritakoari eutsiz), 4.1.2 puntuan erreskate partzialak aipatu zituen, antzinatasunaren 10 urteko gutxieneko ezalditik abiatuta, eta horrek ez du baztertzen guk berresten dugun ondorioa, alegia, behin gertatuta kontingentzia, oraingo honetan erretiroa, zeina, demandatzailearen kasuan, 2001eko ekitaldian gertatu baitzen, jasotako prestazioak erretiroko prestazioak dira, eta ezin dute autonomiarik eduki, ondorio horietarako, ez antzinatasunagatiko erreskatetzat hartzeko eskaerak ez horren onarpenak. (...)".

Era berean, aurretik aipatu den urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onetsi den Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudiaren 29. artikuluan hauxe zehaztu da: "2. Legearen 17. artikuluan ezarritako mugaketak honako irizpideen arabera aplikatuko dira: (...) e) Erretiratu batek ezin izango du borondatezko bajaren eskubidea gauzatu. (...)".

2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egondako araudian (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) ezarrita dagoenez, aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea berriro aplikatu ahal izateko kontingentzia beragatik edo arrazoi beragatik, gutxienez 5 urte igaro behar ziren arrazoi beragatik azken hartukizuna jaso zenetik (eta zerga-oinarrian 100eko 60 sartu zenetik), eta, horretaz gainera, egindako ekarpenen maiztasuna eta erregulartasuna egun horretara arte indarrean egon zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan eskatutakoak izan behar ziren.

Hala ere, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen gorago aipatutako PFEZFA, gaur egun aplikatu behar dena, eta, bertan adierazten denez, galderan aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea soilik ezarri ahal izango zaie kontsulta honetan aipatu ditugun gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitezkeen zioengatik jaso diren lehenengo prestazio edo hartukizunei, eta gehienez ere urtean 300.000 eurokoak izango dira. Ondorio horietarako, zio horietako bakoitzarengatik jaso den lehenengo prestazioa 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako lehenengoa dela joko da (aurreko ekitaldietan kobratu diren zenbatekoak alde batera utzita).

Horrela, bada, Lanaren etekinei aplikatu beharreko atxikipen portzentajeak aldatzen dituen abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak hau dio: "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2013ko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikuluko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jaso dena joko da lehenengo prestaziotzat, eta ez da kontuan hartuko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren babesean, data hori baino lehen prestaziorik jaso den eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien".

Horrenbestez, PFEZFAren 19.2.b) artikuluan araututako 100eko 60ko integrazio portzentajea aplikatzeari begira, manu horretan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bide ematen duten kontzeptuetariko bakoitzarengatik jasotako lehenengo diru kopurua hauxe da: 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lehenengo aldiz ekitaldi bakar batean kapital eran lortzen diren diru kopuruen multzoa. Ez da kontuan hartzen egun hori baino lehen prestazio edo hartukizunik jaso den, ezta zein zerga tratamendu eman zaien 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoaren babesean.

Emandako datuen arabera, 2014an, kontsultagileak kapital gisa kobratu zuen, gutxienez, bazkide zen BGAE batean zeuzkan eskubide ekonomikoen zati bat, jasotako zenbatekoari 100eko 60ko integrazio ehunekoa aplikatuz. Egun, 2017an erretiro bati dagokion prestazioa kobratu nahi du, kapital gisa berriro, pentsio-plan batetik eta BGAE batetik.

Kontsultagileak, ordea, ez du esan zehazki zein datatan lortu zuen erretiroa. Beraz, hau besterik ezin da esan:

-Lehenengo pertzepzioa kobratu zuen unean erretiro kontingentzia dagoeneko perfekzionatuta bazegoen, PFEZAren 15.2 artikuluan eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluan definitzen den moduan, ez da ulertu beharko ordainketa jasotzearen arrazoia zenik erakundean baja hartzea, ezta ere berak estaltzen zituen kontingentziak gauzatzea ez zen arrazoi bat (ez, behintzat, ondorio fiskaletarako); aitzitik, erretiroaren kontingentziagatik gertatu dela ulertu beharko da (izan ere, gorago argitu dugunez, pilatutako erreserben kontura finantzatutako prestazioak kausatzen dituen egintza gertatutakoan kobratzen diren zenbatekoak kontingentzia egokia gertatzeagatik eskuratu direla ulertu behar da, eta ez beste arrazoi batzuengatik). Kasu horretan, galdetzen duen lehen kobrantza eskuratu zuenean (2014an) kontsultagilea erretiro egoeran bazegoen, ezingo die berriz 100eko 60ko integrazio ehunekoa aplikatu 2017an kontingentzia beragatik (erretiroa) eskuratutako zenbatekoei.

-Kontrako kasuan, hau da, kontsultagileak lehenengo kobrantza erretiroaren kontingentzia perfekzionatu baino lehen eskuratzen bazuen (2014an), ulertu ahalko da kontingentzia hori gertatzea ez zen kausa batetik etorri zela ordainketa. Horrenbestez, PFEZFAren 19.2.b) artikuluan ezarritako integrazio-portzentajea aplikatu ahalko du (% 60, gehieneko oinarria urtean 300.000 euro izanik) kontsultan aipatu diren bi pertzepzioetan, baldin eta, noski, horretarako dauden gainerako betekizunak betetzen badira (eta, beraz, ezingo die berriz 100eko 60ko integrazio ehuneko hori aplikatu erretiro kontingentzia beragatik ondorengo ekitaldi batean eskuratutako zenbatekoei).

Oro har, gogoratu behar da zergadunek ez dutela zertan ordaindu kobrantzako lehen ekitaldian kapital gisa jasotako kopuruen % 60, eta lortzen dituzten zenbatekoen gainean integrazio-portzentaje hori egitea erabaki dezakete, hori ere kapital gisa, bigarren edo ondoz ondoko ekitaldietan, betiere lehenago egin ez badu (2014ko urtarrilaren 1etik).

Ondorio horietarako, adierazi behar da PFEZAren 15.2. artikuluan eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluan jaso dela erretiro aurreratua, erretiro malgua, erretiro partziala eta Gizarte Segurantzak onartutako beste formula batzuk erretirotzat jotzen direla.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 18. eta 19. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 15. eta 16. artikuluak.Abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra.

Itzuli