www.bizkaia.eus/guregida


2017/10/04ko kontsulta


  
Data

04.10.2017

Erreferentzia

PFEZa. Giza baliabideen plan estrategikoak. Lan pertsonalaren salbuespena eta arauz kontrako etekinak.

Galdera

Giza baliabideen plan estrategiko bat onetsi berri duen udal batean egiten du lan kontsulta-egileak, eta plan horretan, 60 eta 64 urte arteko adina duten eta lanean diharduten langileentzako aurretiazko erretiroaren ziozko kalte-ordainak ezarri dira, betiere zenbait eskakizun betetzen badituzte. Zehatz-mehatz, giza baliabideen plan estrategiko horrek honako hauek arautzen ditu: enplegatu publikoa izateari uzten bazaio, oroharreko kalte-ordaina (haren zenbatekoa ezberdina da, erretiroa zenbat urtetan aurreratzen den kontuan hartuta); eta udalak bere gain hartzea langileak Gizarte Segurantzarekin sinatu beharreko hitzarmen bereziari dagokion kostua.Jakin nahi du zein tratamendu duen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan arrazoi horrengatik (enplegatu publikoa izateari uztea) kapital gisa jaso beharreko kalte-ordainak. Zehatz-mehatz, jakin nahi du horren gainean aplika daitekeen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9.5 artikuluan araututako salbuespena eta salbuetsi gabeko soberakinak etekinik atera diezaiekeen foru arau horren 19.2 artikuluko integrazio-ehunekoei.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da; hain zuzen ere, 15 artikulua. Artikulu horretan, ondorio horietarako lan-etekintzat zer hartu behar den definitu da. Hala, PFEZFAren 15. artikuluan hauxe ezarri da: "Lanaren etekinak dira zergadunaren lan pertsonalak edo beraren lan-harremanek edo estatutu-harremanek zuzenean zein zeharka sortzen dituzten kontraprestazio eta onura guztiak, jarduera ekonomikoen etekinak ez beste guztiak. (...)".

Horri gehitu behar zaio PFEZFAren diruzko lan-etekinei buruzko 16. artikuluak dioena: "Besteak beste, honako hauek izango dira diruzko lan etekinak: (...) e) Aurreko artikuluan zerrendatu diren harremanetatik eratorritako sari eta kalte-ordainak".

Horrenbestez, iraizpenagatik edo lan edo estatutu harremanaren amaieragatik emandako kalte-ordainak lanaren diruzko etekinak dira, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean daude.

PFEZFAren 15. eta 16. artikuluak, ordea, PFEZFAren 9. artikuluarekin batera aztertu behar dira, zeinek honako hau ezarri baitu: "Honako errenta hauek salbuetsita egongo dira: (...) 5. Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, hura garatzeko araudietan edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuetan finkatutako kalte-ordaina ezingo da nahitaezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. Era berean, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 103.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz bazkideak kooperatiba uzteagatik jasotzen dituen kalte-ordainak ere salbuetsita egongo dira; lan-araudiak Langileen Estatutuko 52. artikuluko c) letran aipatzen den kargugabetze kasuetarako nahitaez ezartzen duen zenbateko bera dago salbuetsita. Aurreko paragrafoetan jasotakoaren kalterik gabe, Langileen Estatutuko 51. artikuluaren arabera eginiko kaleratze kolektiboak direnean edo kontratuak estatutu horretako 52.c) artikuluan jasotako arrazoiengatik amaitzen direnean, zerga ordaintzetik salbuetsiko da estatutu horretan bidegabeko kaleratzeagatik nahitaezko izaeraz ezarritako mugak gainditzen ez dituen kalte-ordainaren zatia, betiere kaleratzeak eta kontratu-amaitzeak gertatu badira edo arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik, edo ezinbesteko kasuengatik, edo antolaketa eta ekoizpeneko arrazoiengatik. Ordezkotza-kontratu batean dauden langileek lan-harremana desegin eta lan-jarduera lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita. Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, administrazio publikoek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako bat oinarritzat hartuta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak aurreko lerroaldean aipatzen diren kaleratze kolektiboekin eta kaleratze nahiz kargugabetze objektiboekin parekatuko dira. Zenbaki honetan ezartzen den kalte-ordain salbuetsia 180.000 euro izango da, gehienez".

Manu hori apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren (PFEZA) 7. artikuluan garatu da. Hauxe ezarri da bertan: "Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 5. zenbakian ezarritako salbuespena aplikatzeko ezinbestekoa da langileak inolako loturarik ez edukitzea enpresarekin. Kontrakoa frogatu ezik, lotura horrek irauten duela ulertuko da iraizpena edo utzaraztea gertatu eta hiru urteren buruan langileak berriz ere ematen baditu zerbitzuak enpresa berean edo horrekin lotutako beste enpresa batean, Sozietateen gaineko Zergaren Foru Arauko 42.3 artikuluan ezarritako terminoetan. Salbuetsitako gehieneko kopurua, 180.000 euro, langilearen laneratze edo lan-utzarazpen bakoitzeko aplikatuko da, kalte-ordaina ordaintzeko modua gorabehera".

Beraz, arau orokor gisa, langilea kaleratzeagatik edo lanpostua utzarazteagatik ematen den kalte-ordaina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita dago neurri bateraino, hain zuzen ere, Langileen Estatutuan, hura garatzen duen araudian edo epaiak betearazteko araudian ezarritako derrigorrezko zenbatekoraino, eta, nolanahi ere, gehienez 180.000 euroraino iraizpen edo utzarazpen bakoitzeko (kalte-ordaina edonola ordaintzen dela ere). Salbuespen hori izateko baldintza da, ordea, langilearen eta enpresaren arteko lotura benetan eta eraginkortasunez ezabatzea, PFEZAren 7. artikuluan xedatu bezala.

Hala ere, talde-iraizpena egiten denean Langileen Estatutuaren 51. artikuluan xedaturikoarekin bat etorriz edo kontratuak Langileen Estatutuaren 52. artikuluko c) letran ezarritako arrazoietako batengatik azkentzen direnean, batera zein bestera arrazoia ekonomikoa, teknikoa, antolakuntzakoa, ekoizpenekoa edo ezinbestekoa izanik, langileak jasotzen duen kalte-ordainaren zati hau egongo da salbuetsita: Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenerako ezarritako nahitaezko muga gainditzen ez duen kopurua, eta betiere 180.000 euro iraizpen edo utzarazpen bakoitzeko.

PFEZFAren 9. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, administrazio publikoek Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoietako bat oinarritzat hartuta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak aurreko lerroaldean aipatzen diren kaleratze kolektiboekin eta kaleratze nahiz kargugabetze objektiboekin parekatzen dira. Horrenbestez, kasu horietan jasotzen diren kalte-ordainak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita daude Langileen Estatutuan bidegabeko kaleratzeetarako derrigor ezarritako mugaraino eta, gehienez, 180.000 euro iraizpen edo kargugabetze bakoitzeko.

Ondorio horietarako, hauxe ezarri du oro har urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren 56. artikuluak: " 1. Kaleratzea bidegabe jotzen denean, enpresaburuak bi aukera izango ditu epaia jakinarazten denetik bost eguneko epean: batetik, langilea berriro onartzea, eta bestetik, zerbitzu urteko hogeita hamahiru soldata eguneko kalte ordaina ematea, gehienez ere hogeita lau hilez. Urtebetetik beherako aldiak hileka hainbanatuko dira. Kalte-ordaina ematea hautatzen bada, lan-kontratua azkendu egingo da langileak lanari uzten dion egunean. (...)"

Oro har, 2012ko lan-erreformaren ondoren bidegabetzat jotzen diren kaleratzeengatik jasotzen den nahitaezko kalte-ordainaren zenbatekoa murriztu egin da: 33 soldata-egun lanean egindako urteko (urtera iristen ez diren aldiak hileka hainbanatu behar dira), 24 hileko gehienez (lehen 45 egun ziren urteko eta 42 hileko gehienez).

Hala ere, manu hori osatu egin behar da Lan Erreformarako Presako Neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean azaltzen denarekin. Xedapen horrek honela dio: "1. Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 56. artikuluaren 1. atalean -legegintzako errege dekretu horrek emandako idazkeran- araututako kaleratzeagatiko kalteordaina 2012ko otsailaren 12tik aurrera egindako kontratuei aplikatuko zaie. 2. 2012ko otsailaren 12a baino lehen egindako kontratuetan, aldiz, bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina honela kalkulatuko da: 45 eguneko soldata zerbitzu-urte bakoitzeko, indarrean sartu aurretik emandako zerbitzuengatik, eta 33 eguneko soldata zerbitzu-urte bakoitzeko, ondoren emandako zerbitzuengatik. Urtebetetik beherako lan-aldiak hileka hainbanatuko dira. Eragiketa horren emaitzaz kalkulatutako kalte-ordaina ezin izango da 720 eguneko soldatatik gorakoa, ondoko kasuan izan ezik: 2012ko otsailaren 12a baino lehen lan egindako aldiari dagokion zenbatekoa gehiago izatea; kasu horretan, gehieneko egun-kopurua aplikatuko da kalte-ordaina kalkulatzeko, baina guztizko zenbatekoa ezin izango da, inola ere, 42 hileko soldatatik gorakoa izan. 3. Kontratazio mugagabea sustatzeko kontratua duten langileen kasuan, Legegintzako Errege Dekretu honen seigarren xedapen iragankorrean araututakoari men egingo zaio".

Erregela horiek eurak ezartzen dira urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren hamaikagarren xedapen iragankorrean.

Beraz, laburbilduta, administrazio publikoek Langileen Estatutuaren 51. artikuluan ezarritako arrazoietako baten bat oinarri hartuta prestatzen dituzten giza baliabideen plan estrategikoetan xedatutakoari jarraikiz jasotzen diren utzarazpenagatiko kalte-ordainak, kontsultaren xede den kasuan gertatzen den bezala, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita daude, haien zenbatekoa honako hauen txikiena baino handiagoa ez bada: a) lan araudian iraizpen bidegaberako ezarritako derrigorrezko zenbatekoa (orokorrean, Langileen Estatutuaren 56. artikuluan eta ekainaren 6ko 3/2012 Legeko bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusita); eta b) 180.000 euro, edozein modutan ordaintzen direla.

Modu osagarrian, Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziei dagokienez, bi kasu bereizi behar dira: a) Hitzarmena sinatzen duten langileak izatea kotizatu behar dutenak. Kasu horretan, kotizazioaren kostuari aurre egiteko ordaintzen zaizkien diru kopuruek kaleratze edo lanpostu-uzteagatik lor ditzaketen gainerako diru kopuruek bezalako tratamendua jasoko dute. b) Kuotak ordaindu beharra enplegatzaileari egokitzea. Kasu horretan, enplegatzaileak kuota horiek ordaintzeak ez dakar berekin kaltetutako langileek inolako errentarik lortzerik. Langile horiek ezin dute, halaber, kontzeptu horrengatik inolako gasturik kendu beren lanaren etekinetatik. Beraz, enplegatzaileak Gizarte Segurantzako enpresa-kuota ordaintzearen pareko kasua litzateke.

Kontsulta-idazkian dauden datuetatik eta lan-legerian adierazitakotik ondorioztatzen omen denez, Gizarte Segurantzarekin sinatu beharreko hitzarmen bereziaren kostuari aurre egiteko asmoz entitate enplegatzaileak langile horiei ordaindutako diru-kopuruak ez dira nahitaez ordaindu behar; aitzitik, erakundeak berak erabakitzen du diru-kopuru horiek ordaintzea, galderan aipatzen diren deslotzeekin batera aplikatzen den neurri bat bezala. Beraz, gauzak horrela, zenbateko horiek lan pertsonalaren etekinak izango dira haien hartzaileentzat, nahiz eta giza baliabideen plan estrategikotik lor daitezkeen gainerako zenbatekoei bezalako zerga tratamendua eman beharko zaien. Horrenbestez, horien gainean PFEZFAren 9.5 artikuluko salbuespena aplikatuko da, aurreko paragrafoetan aztertutako moduan eta mugak izanda (giza baliabideen plan estrategikotik datozen gainerako hartukizunekin batera aplikatuta).

Gainera, zergadunak beren lanaren etekinen gastua aitortzen joan ahalko dira, Gizarte Segurantzarekin sinatzen duten hitzarmen bereziaren kuotak ordaintzen doazen neurrian, PFEZFAren 22. artikuluak adierazi bezala; horren arabera: "Gastu kengarritzat honako hauek hartuko dira soil-soilik: a) Gizarte Segurantzari edo funtzionarioen derrigorrezko mutualitate orokorrei egindako kotizazioak, eskubide pasiboen murrizketak eta umezurtzen eskolei edo antzeko erakundeei egindako kotizazioak, eta, orobat, zergadunek Gizarte Segurantzaren ordezko entitate edo erakundeei ordaindutako zenbatekoak, hari dagozkion zenbait kontingentziaren prestazioa indarrean dagoen araudiaren arabera beren gain hartu dutenean.(...)"

Aurrekoaren harira, honako hau argitzen du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 5eko 1/2017 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezartzen dituenak, 3.5.1 puntuan: "3.5.1 Sarrerarik ez. Lanaren etekinen gastu kengarriak ondokoak baino ez dira, kontzeptu horiengatik sarrerarik jaso ez bada: a) Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezia sinatu eta hura dela bide langileak ordaindutako kotizazioak. b) Zurtz-elkarteei eta nahitaezko mutualitateei ordaindutako kuotak".

Beraz, laburbilduta, kapital gisa jaso behar den eta Gizarte Segurantzarekiko hitzarmen bereziaren kostuari dagokion zenbatekoa salbuetsita egongo da, PFEZFAren 9.5 artikuluan araututako mugak egonda (giza baliabideen plan estrategikotik datozen gainerako zenbatekoekin batera aplika daitezke), eta soberakinak hurrengo paragrafoetan garatzen den tratamenduari onura atera ahalko dio.

Salbuespenaren mugaren gainetik kobratzen diren zenbatekoak (arestiko guztiaren arabera salbuetsitzat jotzerik ez duten zenbatekoak) zergapeko lan etekinak izango dira, baina horiei PFEZFAren 19.2.a) artikuluan araututako 100eko 60ko edo 50eko integrazio-portzentajeak aplikatu ahalko zaizkie, kapital gisa jasotzen badira eta horretarako eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badira. 100eko 100etik beherako integrazio-portzentaje horiek aplikatu ahal zaizkien etekinen zenbatekoa ezin da 300.000 eurotik gorakoa izan urtean.

Zehazki, hauxe dio PFEZFAren 19. artikuluak: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute, oro har. 2. Alabaina, zenbaki honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kalkulatuko da portzentaje jakin batzuk aplikatuz kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari. Hauek dira portzentajeok: a) Lanaren etekinak bi urtetik gorako epean sortu direnean eta aldizka edo noizean behin lortu ez direnean, % 60 aplikatuko da; portzentaje hori % 50 izango da, berriz, sorrera-aldia 5 urtetik gorakoa denean edo, erregelamendu bidez, etekin horiek denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen direnean. Etekinak zatika kobratzen badira, etekinaren sorrera-aldia zenbatzerakoan kontuan hartuko da zenbat urtetan zatikatzen den kobrantza, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Letra honetan aipatzen diren etekinei % 100etik beherako integrazio-portzentajeak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin dira 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina 100eko 100ean integratuko da. %100 baino integrazio-portzentaje txikiagoa aplikatu behar zaien etekinak jasotzen badira, aurreko lerroaldean zehazten den 300.000 euroko muga zenbatzerakoan, lehenengo eta behin, integrazio-portzentaje txikienei dagozkien etekinak hartuko dira kontuan. (...)".

Manu hori PFEZAren 14. artikuluan (besteak beste) garatu da. Honako hau dio: "(...) 2. Lanaren etekinen sortzapenaldia bi urte baino luzeagoa izan bada eta etekin horiek zatika jasotzen badira, Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letrako lehenengo paragrafoan ageri diren integrazio-ehunekoak bakarrik aplikatu ahal izango dira (% 60 edo % 50), baldin eta sortzapen-urteen kopurua, datatik datara zenbatuta, zergaldien kopuruaz zatitzearen emaitzako kopurua bi edo bost baino gehiago bada, hurrenez hurren. Etekinak zatika jasoz gero, Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko a) letrako hirugarren eta laugarren paragrafoetan aipatzen den 300.000 euroko muga aplikatu behar bada, gehieneko kopuru hori modu proportzionalean banatuko da zatikapenak hartzen dituen ekitaldien artean. (...)".

Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak apirilaren 5eko 1/2017 Jarraibidea eman zuen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri zituena. Hauxe ezartzen du 3.4.1 idatz-zatian, sortzapen aldiari dagokionez: "Hori dela eta, oro har, errenta baten sortzapen-aldia honela defini daiteke: zergadunak behar duen aldia errenta hori kobratu ahal izateko eskubidea sortzekoa, halako batean, errentaren zenbatekoa kalkulatzeko balio duena."

Aurrekoaz gain, ondokoa dio PFEZAren 16. artikuluak: "Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluaren arabera %100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa)".

Horrela, beraz, oro har lan-etekin osoa guztira hartzen diren izaera horretako errenta guzti-guztiek osatzen badute ere, lan-etekinen sortzapen-aldia bi edo bost urtetik gorakoa denean, % 50ean edo % 60an, hurrenez hurren, integratu behar dira Zergaren zerga-oinarrian, betiere zergadunak ez baditu hartukizun horiek (bi eta bost urtetik gorako sortzapen-aldia dutenak) jasotzen aldizka edo behin eta berriro. Modu osagarrian, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako lan-etekinak ere % 50ean sartzen dira zerga-oinarrian, baldin eta zergaldi bakar batean egozten badira. Zergaren zerga-oinarrian % 100etik beherako portzentajean sartu beharreko etekin horien zenbatekoa ezin da 300.000 eurotik gorakoa (integrazio-portzentaje horiek aplikatu aurretik zenbatuta) izan urtean.

Kasu honetan, udalak zirkunstantzia jakin batzuetan beren borondatez langile publikoak izateari uzten dioten langileei pizgarri ekonomiko zehatz batzuk ordaintzea ezarri du giza baliabideen plan estrategikoan. Zehatz-mehatz, ondorio horietarako, udalak onetsitako giza baliabideen plan estrategikoak oroharreko kalte-ordaina (haren zenbatekoa ezberdina da, erretiroa zenbat urtetan aurreratzen den kontuan hartuta) ematea ezarri du. Hori dela eta, errenta horren sortzapen aldia kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartu diren urteen kopurua bezalakoa izango da, hau da, hartzaile bakoitzari dagokion erretiro adina bete arte geratzen zaizkion urteen kopurua bezalakoa.

Horrenbestez, salbuetsitako zenbatekoaren (PFEZFAren 9.5 artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztua) gainetik jasotzen den soberakina lan pertsonalaren etekintzat joko da, eta haren sortzapen-aldia hartzaile bakoitzari erretiro adina bete arte geratzen zaizkion urteen kopurua bezalakoa izango da. Beraz, soberakin horri PFEZFAren 19.2 artikuluko 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahalko zaio, honako baldintza hauek betez gero: a) sortzapen-aldi hori 2 urtetik gorakoa izatea; eta b) kalte-ordaina kapital bakar gisa kobratzea.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9., 15., 16., 19. eta 22. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 14. eta 16. artikuluak.

Itzuli