04.10.2017
PFEZa. Izatezko bikotea. Etxebizitza-kontua mailegua amortizatzeko erabiltzea, dohaintza baten ondoren.
Kontsulta-egilearen bikotekidea bien ohiko etxebizitza den edo izango den higiezinaren jabea da; bikotekideak hipoteka-mailegu bat eskatu zuen hori erosteko. Adierazitakoaren arabera, gaur egun izatezko bikote gisa erregistratzeko asmoa daukate, Izatezko Bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritakoaren arabera, ondasunak banantzeko araubidean. Horrez gain, kontsulta-egilea etxebizitza-kontu baten titularra da, eta hori erabili nahi du (bikotekideak etxebizitzaren erosketa finantzatzeko eskatu zuen) hipoteka-mailegu horren zati bat amortizatzeko.Jakin nahi du bere etxebizitza-kontuko saldoa erabil dezakeen bere bikotekideak eskatu zuen hipoteka-mailegua amortizatzeko, egindako kenketetarako eskubidea galdu gabe, eta/edo hori egin ahalko duen salerosketaren edo bikotekidearen dohaintzaren bidez higiezinaren 100eko 50 eskuratu ondoren, horren gainean dagoen zorraren 100eko 50 bere gain hartuta.
Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da; hain zuzen ere, 87. artikulua. Hau xedatzen du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erosteko zergaldian inbertitu dituzten kopuruen % 18ko kenkaria egin dezakete, haien kargura joan diren erosketa-gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea % 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: (...) b) Arauzko eran ezarritako formalizazio eta erabilera baldintzak betez, kreditu erakundeetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira, kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen. Ez da bete gabekotzat hartuko erabilera-baldintza, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak berriro osorik sartzen badira kreditu erakunde berean edo beste kreditu-erakunde batera osorik eramaten badira zergaren sortzapena gertatu baino lehen. Zergaduna idatz-zati honetako lehen paragrafoan aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, etxebizitza-kontuko kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzeko obligazioa ez da bete gabekotzat hartuko. Ezin izango da berriro kenkaririk egin letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru-kopuruak direla eta, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean. c) Erregelamendu bidez zehazten diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. (...)".
Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren (PFEZA) 69. artikuluan garatu da, besteak beste. Hauxe ezarri da bertan: "1. Kreditu entitateetan, beste edozein ezarpen motatatik bereizitako kontuetan, gordailatutako kopuruak ohiko etxebizitza erostearekin parekatuko dira, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak zergadunaren ohiko etxebizitza erosteko erabiltzen badira sei urte baino lehen. Aurreko baldintza ez da beteko gordailatutako kopurua beste etxebizitza-kontu batean ezarrita. 2. Kenkaria egiteko eskubidea galduko da honako kasu hauetan: a) Zergadunak etxebizitza-kontuan gordailatutako kopuruak, kenkaria egiteko eskubidea sortarazi dutenak, ohiko etxebizitza erosteko ez beste xede baterako erabiltzen baditu eta zergaren sortzapena gertatu aurretik kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik birjartzen ez badira edo kontu horretara aldatzen ez badira. Gordailatutako kopuruen zati bat erabiltzen bada, erabilitako kopuruak zergadunak lehenengo gordailatutakoak direla pentsatuko da. b) Kontua irekitzen denetik sei urte pasatzen badira kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen duten kopuruak ohiko etxebizitza erosteko erabili gabe. c) Ondoren egiten den ohiko etxebizitzaren eskuraketan ez badira betetzen kenkari hau aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak. 3. Zergadun bakoitzak etxebizitza-kontu bat bakarrik eduki dezake. 4. Etxebizitza-kontuak bereizita identifikatu behar dira Zergaren autolikidazioan; gutxienez datu hauek adierazi behar dira: - Kontua dagoen erakundea.-Kontuaren zenbakia. -Kontua ireki den eguna. -Ekitaldian zenbatean gehitu den kontuaren saldoa. 5. Egindako kenkariak egiteko eskubidea galduz gero, zergadunak honako hauek batu beharko dizkio kenkarirako baldintzak bete ez dituen zergaldiko zergaren kuotari: kendutako kopuruak gehi Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluak aipatzen dituen berandutza interesak".
Etxebizitza-kontuetan egindako ekarpenen ondoriozko kenkariak finkatu egiten dira, zergadunek kenkariaren xedeko saldoak erabiltzen dituztenean beren ohiko etxebizitza lortzeko edo birgaitzeko, ondorio horretarako ezarritako sei urteko epearen barnean. Epe hori igarotakoan, kenkaria izan duen saldo osoa lehen aipaturiko helburuetarako inbertitu ez bada, galdu egingo da aplikatu barik dauden zenbatekoen gainean kenkariak egiteko eskubidea. Kasu horretan, kontuan sartu eta kenkaria jaso duten lehenengo zenbatekoak ez direla etxebizitza lortzeko edo birgaitzeko erabili joko da, harik eta epe barruan helburu horretarako erabili ez den saldora iritsi arte. Horrenbestez, zergadunak urratzearen ekitaldian sorturiko zergaren kuotari bidegabeko kenkaria jaso duten zenbatekoak gehitu beharko dizkio, berandutze-interesekin batera. Halaber, galdu egingo da etxebizitza-kontuan egindako ekarpenen zioz aplikatutako kenkarietarako eskubidea, baldin eta zergadunak ohiko etxebizitza erosteko ez eta beste xede batzuetarako erabili baditu kenkarietarako eskubidea sortu duten diru-kopuruak (eta ez baditu berrezartzen edo zerga sortu aurretik ez baditu osorik sartzen kreditu erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean) edo diru-kopuru horiekin erositako etxebizitza ez bada ohiko etxebizitza.
Kontuko saldoa ohiko etxebizitza erosteko noiz inbertitu den erabakitzeko, kontuan hartu behar da batez ere bi betekizun hauek bete behar direla etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatzeko. 1) etxebizitza osoaren edo zati baten gaineko jabetza osoa eskuratzea; eta 2) etxebizitza zergadunaren ohiko etxebizitza izatea, une horretan edo aurrerantzean.
Hori dela eta, bakarrik dagokio aipatutako kenketa egitea dena delako etxebizitzaren (etxebizitza osoaren edo horren zati baten) erabateko jabea denari. Horrenbestez, higiezin osoaren edo horren zati baten erabateko jabetza eskuratzeko baldintza hori eskatu egiten da, etxebizitza-konturako ekarpenen ondoriozko kenketetarako eskubidea finkatutzat jo ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, izatezko bikotea osatu ondoren, horri dagokion ezkontzaren araubide ekonomikoa arautzen duten xedapenetan jasotako ondasun eta eskubideen titulartasun juridikoari buruzko arauak hartu behar dira aintzat (ondasunen bananketarenak, hain zuzen, kontsulta-idazkiaren arabera).
Horrela, arau horiek aintzat hartuta, ondasunak banantzeko araubidean, bikotekide batek bere etxebizitzaren erosketa finantzatzeko bere gain hartutako zorraren zati baten ordainketa hutsak ez dio ematen beste bikotekideari (ordaintzaileari eta, kasu honetan, kontsulta-egileari) higiezinaren gaineko inolako jabetza-eskubiderik (familiaren etxebizitza bada ere).
Beraz, ondasunak banantzeko araubidean izatezko bikotea eratze hutsak ez du berekin ekarriko kontsulta-egileak inolako jabetza-kuotarik eskuratzea familiaren etxebizitzaren gainean, bere kontuko saldoa horren gainean dagoen hipoteka-mailegua amortizatzeko erabiliz gero.
Hori dela eta, kasu horretan, kontsulta-egileak ezin izango du zuzen aplikatutzat jo etxebizitza-kontuko saldoa, kenketa egiteko erabili dituen zenbatekoak erabiliko baititu bere ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko helburua ez denerako (horiek itzuli edo beste etxebizitza-kontu batera eraman gabe Zergaren sortzapenaren aurretik, hau da, abenduaren 31ren aurretik). Beraz, egoera hori izanda, kontuko saldoa erabiltzen duen ekitaldian sortutako Zergaren kuotari batu beharko dizkio horretara egindako ekarpenengatik kendutako diru-kopuruak eta haien berandutze-interesak.
Hori guztia horrelakoa da, goian adierazi den bezala, bikotekideak (higiezinaren gainean dagoen hipoteka-maileguagatik) gainean duen zorraren ordainketa hutsak berez ez baitio ematen higiezinaren gaineko inolako jabetza-eskubiderik (jabetza eskualdatzeko inolako negozio juridikorik berekin ez badakar).
Aurreko guztiaren arabera, kontsulta-egileak etxebizitza-kontuko saldoa bere helbururako zuzen aplikatu dela ulertu ahal izateko, berak eta bikotekideak bitarteko negozio juridikoren bat egin beharko dute, horri jarraikiz higiezinaren zati baten, gutxienez, jabetza eskualdatzen zaiola bere etxebizitza-kontuko zenbatekoa higiezinaren gainean dagoen hipoteka-mailegua amortizatzeko erabiltzearen truke.
Zehatz-mehatz, kontsulta-egileak etxebizitza-kontuko saldoa erabili ahalko du bere bikotekideak eskatu zuen hipoteka-mailegua amortizatzeko, baldin eta biek bidezko salerosketa edo dohaintza negozioa gauzatzen badute, horri jarraikiz kontsulta-egileak dena delako higiezinaren zati baten gaineko jabetza eskuratzen duela amortizazio horretaz arduratzearen truke.
Higiezinaren zati bat saltzeko edo dohaintzan emateko eragiketa horrek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapeko ondare-aldakuntza sortuko dio gaur egungo titularrari, PFEZFAren 42. artikuluetan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.
Gainera, higiezinaren zati bateko salerosketaren bidezko eskualdaketa Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Kostu Bidezko Ondare Eskualdaketen modalitateari lotuta egongo da.
Baina, zorra onartuta dohaintza eginez gero, eragiketak honako hauetan ordainduko ditu zergak: 1) bai Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren Kostu Bidezko Ondare Eskualdaketen modalitatean, eskualdatutako higiezinaren portzentajeari dagokion zatian (haren balioa bat etorriko da dohaintza-hartzaileak bere gain hartutako maileguaren zenbatekoarekin); 2) bai Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan, eskualdatutako higiezinaren portzentajeari dagokion zatian, haren balioak dohaintza-hartzaileak bere gain hartutako maileguaren zenbatekoa gainditzen duela (dohaintzaren bidez benetan jasotzen duena).
Azken kasu horretan, dohaintza-emailearen zorraren zati bat bere gain hartuta dohaintza egiten da, eta kostu bidezko dohaintza izango da Kode Zibilaren 619. artikuluaren azken hitz-tartean zehaztutakoen artean; honako hau ezartzen da horretan: "Halaber (...) dohaintza da dohaintza hartzaileari ezarritako karga dohaintzapeko balioa baino txikiagoa denean". Halaber, Kode Zibilaren 622. artikuluan hauxe gaineratu da: "Kontratuei buruzko erregelek arautuko dituzte kostu bidezko dohaintzak; eta titulu honetako xedapenek arautuko dituzte ordain gisa emandako dohaintzak, ezarritako kargaren baliotik gorako zatian". Hori guztia horrelakoa da, logikoa denez, dohaintzan emandakoaren balioa dohaintza-hartzaileak bere gain hartzen duen karga baino handiagoa bada.
Kode Zibilak adierazten duen bezala, kostu bidezko dohaintza (dohaintza-hartzaileari ezarritako karga dohaintzapeko balioa baino txikiagoa denean) dohaintza modalitate bat da. Baina, kasu hauetan, karga egoteak izaera juridiko mistoa ematen dio, kostu bidezkoa-dohainekoa, eta horrek eragiketaren fiskalitatean islatzen du izaera mistoa ere baduela.
Beraz, kostu bidezko dohaintzei dagokien zerga ordainketa ezartzeko, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga arautzen duen araudia ez ezik, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga ere hartu behar da kontuan.
Horrela, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari buruzko martxoaren 25eko 4/2015 Foru Arauaren (ODZFA) 61. artikuluak honako hau ezartzen du: "1. Kostu bidezko dohaintzetan eta ordainketa dohaintzetan, kontzeptu horrengatik eta zenbateko osoan ordainduko da zerga. Elkarrentzako prestaziorik badago edo dohaintza-hartzaileari kargarik ezartzen bazaio, diferentzia kontutan harturik ordainduko dute zerga, soilik, kontzeptu berarengatik. Hala ere, zerga ordaindu ahal dute bateratzen diren prestazioengatik edo kargak ezartzeagatik".
Hauxe xedatu da Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko martxoaren 24ko 1/2011 Foru Arauaren (OEEJDFA) 9. artikuluan: "1. Zergapean dauden ondare eskualdaketak hurrengoak dira: a) Inter vivos egintzen bidez egiten diren honako ondasun eta eskubide hauen kostu bidezko eskualdaketak: pertsona fisiko edo juridikoen ondarearen barruan sartzen diren mota guztietako ondasun eta eskubideak. (...)".
Kopiatu diren manuekin bat etorrita, ondorioztatu behar da hipoteka-mailegua gainean duen higiezin bat dohaintza-hartzaileak zorraren zati bat bere gain hartuta dohaintzan ematea kostu bidezko dohaintzatzat jotzen dela eta zati batean ordaintzen dituela zergak bai Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan bai Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan.
Ondorio horietarako guztietarako, zorra bere egin duela ulertuko da, dohaintza eskrituran dohaintzan ematen den finka kargapetzen duen hipoteka bat dagoela adierazten bada eta berariaz aipatzen bada dohaintza-hartzaileak ordaintzeko dagoen zorraren zati bat bere gain hartzen duela, edo hura dohaintza-emailearen zorpeko egoeran subrogatzen bada, edo bere aldetik dohaintza-emaileak eskatutako kreditua ordaintzeko betebeharra berariaz jasotzen bada.
Beraz, laburbilduta, kasu honetan dohaintza-hartzaileak bere gain hartutako maileguaren zenbatekoarekin bat datorren balioa daukan higiezinaren zatiaren eskualdaketa kostu bidezko eskualdaketa da, eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kostu bidezko ondare eskualdaketen modalitatepean dago, higiezinaren zati horren balio errealaren oinarriaren gainean. Eta, dohaintza-hartzaileak (horrelakorik badago) bere gain hartutako maileguaren zenbatekoa gainditzen duen balioari dagokion higiezinaren zatiaren eskualdaketa kostu gabeko eskualdaketa izango da, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari lotuta egongo dena (inolako kontraprestaziorik gabe horrela eskuratutako zati horren benetako balioa oinarri hartuta).
Amaitzeko, nahiz eta bikotearen asmoa bestelakoa omen da, egokia da adieraztea, biak Izatezko Bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritakoaren arabera izatezko bikote gisa erregistratzen badira eta beren ondare harremanak eta harreman pertsonalak irabazpidezko ondasunen araubideko edo foru komunikazioko araubideko arauen arabera ezartzea ituntzen badute, Zuzendaritza Nagusi honek Kode Zibilaren 1354. eta 1357. artikuluez egiten duen interpretazioa aplikatu ahalko dutela. Hona hemen artikulu horietako lehenengoak ezartzen duena: "Prezio edo kontraprestazioaren bidez eskuraturiko ondasunak, prezio edo kontraprestazio horren zati bat irabazpidezkoa dela eta beste zatia pribatiboa, irabazpidezko sozietatearenak eta ezkontidearenak edo ezkontideenak izango dira indibisoan, bakoitzak egin dituen ekarpenen arabera". Eta bigarrenak, hots, Kode Zibilaren 1357. artikuluak, ondoko hau xedatzen du: "Ezkontide batek epera erosten baditu ondasunak sozietatea hasi baino lehen, ondasun horiek izaera pribatiboa edukiko dute beti, nahiz eta prezio geroratua, osorik zein zati batez, irabazpidezko diruarekin ordaindu. Salbuespen gisa har daitezke familiaren etxebizitza eta ostilamendua; horiei dagokienez, 1354. artikulu aplikatuko da".
Ildo horretan aipatu behar da Auzitegi Gorenaren 1989ko urriaren 31ko epai batek ezarri duela mailegu bidez finantzatzen diren erosketen tratamendua ondasunak epeka edo prezioa geroratuta erosten direnerako Kode Zibilaren aurreko bi artikuluetan ezarritakoa bera izan behar dela. Beraz, familia etxebizitza izanik, nahiz eta izatezko bikotea edo ezkontza eratu baino lehen erosi, ez da aplikatu behar, bikotekideek besterik adostu ezean, lehen ordainketak eskuraketaren izaera eragiten duela ezartzen duen printzipio orokorra. Ostera, Kode Zibilaren 1357. artikuluko bigarren paragrafoko salbuespenak, bestelako itunik egin ezean, bikotekide bakoitzak etxebizitza eskuratzeko eskatutako maileguaren amortizazioa Kode Zibilaren 1354. artikuluaren esparrura bideratzera behartzen du, eta haren arabera etxebizitzaren jabetza indibiso da irabazpidezko sozietatearena eta ezkontide batena zein biena, egindako ekarpenen proportzioan.
Ondorioz, irabazpidezko ondasunen araubidea (edo foru komunikazioko) araubidea onartu ondoren, ezkontideetako batek besteak erosi duen etxebizitza kargatzen duen mailegua amortizatzeko inbertitzen duen diruak etxebizitzaren jabetzan parte hartzeko eskubidea ematen dio, ordaindutakoaren proportzio berean, aurkakoa adostu ezean (bitarteko inolako negoziorik egin behar izan gabe). Hala, une horretatik aurrera eta baldintza horietan inbertitutako diru-kopuru horiei dagokienez, inbertsioaren ziozko kenkaria aplikatu ahal izango du. Gainera, arrazoi beragatik, ezkontide horrek aurrean aipatutako unetik etxebizitza-kontu pribatiboko saldoa higiezinaren erosketa finantzatzeko erabili ahal izango du, eta aurretik aplikatutako kenkariak finkatutzat jotzeko eskubidea edukiko du, bikotekidearekin inongo salerosketarik edo bestelako negoziorik egin beharrik izan gabe (eta bitarteko negozioren bat egotetik datozen zerga ondorioak bere gain hartu behar izan gabe). Hori guztia horrelakoa da, Zergaren araudian eskatutako gainerako baldintzak betetzen badira, jakina
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 42. eta 87. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 69. artikulua.Martxoaren 25eko 4/2015 Foru Arauaren 61. artikulua.Martxoaren 24ko 1/2011 Foru Arauaren 9. artikulua.