15.09.2017
Kooperatibak sinatutako istripu aseguru kolektibotik kalte-ordaina kobratzea laneko istripuagatik.
Kontsulta-egilea kooperatiba baten bazkide langilea zen, eta bertan kamioi-gidari lan egiten zuen. 2013an, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor osoa aitortu zion, 2011ko irailaren 7an izan zuen laneko istripuaren ondorioz (kamioiko atoitik erori zen). Kontsulta-egileak aurka egin zion aitorpen horri Lan-arloko Epaitegi eskudunaren aurrean, eta azkenean horrek aitortu zuen ezintasun iraunkor absolutua (ez osoa) zeukala, 2013ko abenduaren 30eko epaiaren bidez. Ondoren, kontsulta-egileak bera kide zeukan kooperatibak sinatutako istripu aseguru kolektibotik ezintasun iraunkor absolutuagatiko prestazioa kobratzea eskatu zuen. Hala ere, hasieran, aseguru-konpainiak prestazio horren ordainketa ukatu zion, horretarako gorputz eta/edo buru aztarna zehatz batzuk, berak ez zituenak, izatea beharrezkoa zela alegatuta. Horregatik, uko horren aurrean, demanda aurkeztu zuen diru-kopurua erreklamatzeko Lan-arloko Epaitegiaren aurrean berriro ere. 2016ko otsailaren 19an egindako adiskidetze-ekitaldian, bi alderdiek adostu zuten aseguru-konpainiak 100.000 euroko kalte-ordaina ordaindu behar ziola, eta horren gainean 19.000 euroko atxikipena egin zen. Kontsulta-egileak Lan-arloko Epaitegiari eskatu zion atxikipenaren aplikazio zuzenari buruzko iritzia azaltzeko, epaia betearazteko fasean. Hala ere, galdera hori jaso zuten organo judizial guztiek zehaztu zuten hori ebazteko eskumena Bizkaiko Foru Ogasunari dagokiola.
Jakin nahi du bera kide zeukan kooperatibak kontratatutako istripu aseguru kolektibotik jasotako kalte-ordaina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita dagoen (eta, beraz, atxikipenari lotu gabe), 2011n izandako istripu batetik ondorioztatzen baita.
Kontsulta-idazkian azaldutako gaiari dagokionez, lehenengo eta behin, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bidez onetsi zen Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Itunaren (Ekonomi Ituna) 6. artikulua aplikatu behar da; horren arabera: "Bat. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoari lotuta dago. Lurraldearen arabera, eskumena daukan foru aldundiari dagokio zerga hori ordainaraztea, baldin eta subjektu pasiboaren ohiko bizilekua Euskadin badago (...)".
Bizkaian, agindu hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 2. artikuluan garatuta dago. Izan ere, artikulu horretan hauxe adierazi da: "Foru arau honetan xedatutakoa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren honako zergapeko hauei aplikatuko zaie: 1. Zergadun gisa: a) Hurrengo artikuluan xedatzen denaren arabera, beren ohiko egoitza Bizkaian duten pertsona fisikoei. (...) 2. Konturako ordainketak egitera behartutako gisa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergagatik atxikipenak eta konturako sarrerak egitera behartuta daudenei, baldin eta konturako ordainketa horien zenbatekoak Bizkaiko Foru Aldundian ordaindu behar badira Ekonomi Ituneko 7.etik 11.era arteko artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz. (...)".
Horretatik ondorioztatzen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga itundutako zerga dela; Bizkaiko erakunde eskudunek horri buruz onetsitako araudia Lurralde Historiko honetan bizi diren zergadunei aplikatu behar zaie, baita atxikipenak egitera behartuta daudenei ere, atxikipen horiek Foru Ogasun honetan sartu behar direnean.
Aurrekoa argitu ondoren, egindako galderari berariaz dagokionez, PFEZFAren 9. artikuluak honako hau arautzen du: "Honako errenta hauek salbuetsita egongo dira: (...) 6. Pertsonei eginiko kalte fisiko, psikiko edo moralen ondoriozko erantzun zibilaren kalte-ordainak (legez edo epai bidez onetsitako zenbatekoa)". 7. Aurreko zenbakian adierazitako kalteengatik aseguru kontratuen bidez jasotzen diren zenbatekoak, 150.000 euroko mugarekin. Diru kopuru hori 200.000 eurokoa izango da lesioak kalte-ordainaren jasotzailea lan eta jarduera guztietarako ezinduta uzten badu, eta 300.000 eurokoa jasotzaileak beste norbaiten laguntza behar badu eguneroko bizimoduko oinarrizko ekintzetarako". (...)".
Ondorio horretarako, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak apirilaren 5ean emandako 1/2017 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatu duten xedapenak aplikatzeko irizpide batzuk ezarri dituenak, honako hau argitzen du: "2.2.4 Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua, 9.6 artikulua: erantzukizun zibilaren ondoriozko kalte-ordainak. (...) Kalte fisikoak edo psikikoak esatean ulertu behar da kanpoko indarkeriaz, bat-batean eta zergadunak nahi gabe egindako lesio fisiko, psikiko edo moralak direla, aldi baterako elbarritasuna edo elbarritasun iraunkorra sortzen dutenak. Beraz, kalte-ordaina aurreko ezaugarriak betetzen dituen ekitaldi baten ondoriozkoa denean baino ezingo da salbuespen hori aplikatu. Salbuespen hau aplikatu ahal zaie laneko gaixotasunen zein ezbeharren erruz gertatzen diren kalteengatik ezartzen den erantzukizun zibilak eragiten dituen kalte-ordainei; izan ere, batzuetan zein besteetan kaltea zergadunari ez dagokion arrazoi baten ondoriozkoa da. Salbuetsitako zenbatekoaren gaindikina onuradunaren ondare-irabazia da. 2.2.5. Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua, 9.7 artikulua: aseguru-kontratuen ondorioz hartutako kopuruak. (...) Kalte fisikoak edo psikikoak esatean ulertu behar da kanpoko indarkeriaz, bat-batean eta zergadunak nahi gabe egindako lesio fisiko, psikiko edo moralak direla, aldi baterako elbarritasuna edo elbarritasun iraunkorra sortzen dutenak. Idatz-zati honetan «aseguru-kontratuak» aipatzen dira, beste zehaztapenik eman gabe, eta horregatik pentsatu behar da langileekiko hartutako pentsio-konpromisoak gauzatzen dituzten talde-aseguruak ere sartzen direla, baldin eta errenta aipatu kalteen ondoriozkoa bada. Onuradunak jasotako zenbateko salbuetsiaren gaindikina honela zergapetuko da: a) Enpresak hartutako pentsio-konpromisoa gauzatzen duen talde-asegurua bada, lanaren etekin gisa. b) Beste kasu batzuetan bereizketa hau egin behar da: b.1 prestazioa ezintasun iraunkorragatik ematen bada, higigarrien lanaren etekin gisa. b.2 prestazioa aldi baterako ezintasunagatik ematen bada, ondare-irabazi gisa".
Kasu honetan, kontsulta-egileak jasotako kalte-ordaina ez dator eragindako kaltea konpondu beharretik, enpresaburuari -horren kausatzailea den aldetik- egokitu legokiokeen horretatik (erantzukizun zibila), baizik eta bera aseguradun zuen (istripu) aseguru kolektibo batetik. Hala denean, aplikatu beharreko salbuespena PFZFAren 9.7 artikuluan araututakoa izango da, eta ez artikuluko bereko 6. puntuan ezarritakoa.
Aurreko guztiaren arabera, PFEZFAren 9.7 artikuluan ezarritako salbuespena aplikatu behar da, aseguruak kalte-ordainketaren bidez ordaindutako baliaezintasuna Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 5eko 1/2017 Jarraibidean aipatutako ezaugarriak (kanpoko indarkeriaz, bat-batean eta zergadunak nahi gabe egindakoa) biltzen dituen gertaera batetik datorrenean, hau da, istripu batetik. Baliaezintasuna zergadunaren berezko eta barneko gaixotasun baten diagnostiko hutsetik badator, ordea, ezin da aplikatu aipaturiko salbuespena, eta jasotako kalte-ordaina erabat loturik dago Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari eta horren atxikipen sistemari.
Bereziki, gai horri dagokionez, Aseguru Kontratuari buruzko urriaren 8ko 50/1980 Legearen 100. artikuluak, istripu aseguruari buruzkoa denak, honako hau zehazten du: "Kontratuan aldeek egiten duten arrisku-mugaketa gorabehera, istriputzat jotzen da kanpoko indarkeriaz, bat-batean eta asegurudunak nahi gabe egindako lesio fisikoa, aldi baterako elbarritasuna edo elbarritasun iraunkorra sortzen dutenak. (...)".
Beraz, kontsulta-egileak PFEZFAren 9.7 artikuluan jasotako salbuespena aplikatu ahal izango du, baldin eta beraren ezintasun iraunkor absolutua (kontsultaren xedea den prestazioa jasotzeko zioa) istripu baten ondorioa bada, aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzetan (kanpoko indarkeriaz, bat-batean eta zergadunak nahi gabe egindakoa); hots, berezko eta barneko gaixotasun diagnostikatu baten ondorioa ez bada.
Aurkeztutako datuetatik ondorioztatzen da zergadunari aitortutako kalteak berak (kamioiko atoitik erortzean) jasandako istripu batetik datozela. Hori dela eta, bera langile zeukan entitateak kontratatutako (istripu) aseguru kolektiboaren kobrantzaren ondoriozko errentak hemen aztertzen den salbuespenari heldu ahalko dio.
Salbuespen horren zenbatekoari dagokionez, PFEZFAren 9.7 artikuluan ezarrita dago, oro har, gehienez ere 150.000 eurokoa izan ahal dela. Alabaina, diru-kopuru hori 200.000 eurora handituko da zauriek edozein lan edo jarduera egitea galarazten badiote zergadunari, eta 300.000 eurora, gainera, eguneroko bizitzako ekintzarik oinarrizkoenak egiteko beste pertsona baten laguntza behar badu
Ezintasun iraunkor absolututzat hartzen da langileari edozein lanbide edo ofizio egitea galarazten dion ezintasuna. Horrenbestez, hasiera batean, zergadunak gehienez ere 200.000 euroko salbuespena baliatu ahalko du, hala denean, hura onuraduna deneko aseguru guztien ondoriozko errenta guztietarako.
Zenbateko hori gainditzen duen etekina (edo salbuespena egiteko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituena) badago, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian sartu behar da, goian kopiatu den apirilaren 5eko 1/2017 Jarraibidearen 2.2.5 puntuan ezarri bezala.
Galdetzen den asegurutik jasotako prestazioa 100.000 eurokoa da. Gauzak horrela, arrazoi horrengatik beste prestaziorik kobratzeko eskubiderik ez badauka, kontsulta-egileak goian kopiatutako PFEZFAren 9.7 artikuluan araututako salbuespena aplikatu ahalko du zenbateko oso horren gainean.
Bestalde, atxikipenei dagokienez, goian aipatu den Ekonomi Itunaren 7. artikuluak honako hau zehazten du: "Bat. Laneko etekinengatiko atxikipenak eta konturako diru-sarrerak araudi egokiarekin bat etorriz eta lurraldearen araberako Foru Aldundi eskudunak eskatuko ditu jarraian aipatzen direnen kasuan: (...) b) Gizarte Segurantzaren eta Klase Pasiboen araubide publikoetatik, Enpleguaren Nazio Erakundetik, montepio, mutualitate, enplegua sustatzeko funts, pentsio-plan eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetatik hartutako pentsio, hartzeko pasibo eta prestazioen etekinak, eta enpresa eta beste erakunde batzuen prestazio pasiboen etekinak, baldin eta hartzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan badu ohiko egoitza. (...)". Hauxe erantsi dio Ekonomi Itunaren 9. artikuluak horri: "Bat. Higigarrien kapitalaren etekinak direla-eta egin beharreko atxikipenak eta konturako sarrerak Estatuko administrazioak edo foru-aldundi eskudunak eskatuko ditu, bakoitzak bere arautegia kontuan hartuta, honako arau hauen arabera: - Lehenengoa. Lurraldea dela-eta eskumena duen foru aldundiak honako hauek eskatuko ditu: (...) d) Kapitalizazio-eragiketen eta bizitza edo elbarritasun aseguruen kontratuen ondoriozko etekinak, baldin eta onuradunak (edo aseguru-hartzaileak, erreskateetan) Euskal Autonomia Erkidegoan badauka ohiko etxebizitza edo zerga-egoitza. (...)".
Manu horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 28ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 79. artikuluan garatu dira. Hauxe ezarri da bertan: "1. Atxikipenak edo konturako sarrerak egin behar dituzten pertsonek eta entitateek titulu honetako xedapenak aplikatuko dituzte kasu honetan: artikulu honetako 2. idatz-zatian ezarritakoaren arabera atxikipenak eta konturako sarrerak Bizkaiko Foru Aldundiari ordaindu behar bazaizkio. (...) 2. Honako etekin hauek direla-eta egiten diren atxikipenak edo konturako sarrerak Bizkaiko Foru Aldundian ordaindu behar dira: (...) b) Gizarte Segurantzaren eta Klase Pasiboen araubide publikoetatik, Enpleguaren Nazio Erakundetik, montepio, mutualitate, enplegua sustatzeko funts, pentsio-plan eta borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetatik hartutako pentsio, hartzeko pasibo eta prestazioen etekinak, eta enpresa eta beste erakunde batzuen prestazio pasiboen etekinak, baldin eta hartzaileak Bizkaian badu ohiko egoitza. (...) h) Kapitalizazio-eragiketen eta bizitza edo elbarritasun aseguruen kontratuen ondoriozko etekinak, baldin eta onuradunak (edo aseguru-hartzaileak, erreskateetan) Bizkaian badauka ohiko etxebizitza edo zerga-egoitza. (...)".
Kontsultaren xede den kontratutik ondorioztatuko hartukizunen gainean aplikatu beharreko atxikipenak Foru Ogasun honetan sartu behar dira, Lurralde Historiko honi dagokion araudian xedatutakoa aplikatuta, hartzaileak ohiko egoitza Bizkaian badauka.
Horregatik, kontsultaren xede den kasuan, PFEZAren 82. artikuluan ezarritakoa hartu behar da aintzat. Honako hau adierazten da bertan: "Ondoko kasuetan ez da aplikatu behar atxikipenik ez konturako sarrerarik: a) Salbuetsitako errentak, Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 24. zenbakian ezartzen dena izan ezik, eta joan-etorrietarako gastuetarako eta ohiko mantenu eta egonaldi gastuetarako dietak eta kopuruak, kargapean ez daudenak. (...)".
Horretatik ondorioztatzen da kontsulta-egileak jasotako prestazioa ez dagoela inolako atxikipeni lotuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga dela-eta, goian adierazitako guztiaren arabera zergatik salbuetsitako errenta baita.
Atxikipenak betebehar horri lotu gabeko etekin batzuen gainean egitetik ondorioztatutako diru-sarrera bidegabeak itzultzeko prozedurari dagokionez, egokia da Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren (ZFAO) 118.2 artikuluan ezarritakoa aintzat hartzea. Horren arabera: "2. Zergapeko batek uste badu autolikidazio batek kalte egin diela nolabait bere bidezko interesei, zuzentzeko eskatu ahal izango du arau bidez ezarritako prozedurari lotuta. (...)".
ZFAOren 118.2. artikulua garatu egin da uztailaren 21eko 112/2009 Foru Dekretuak onetsitako Zergen Kudeaketari buruzko Araudiaren 85. artikuluan eta hurrengoetan.
Horrela, sobera egindako atxikipenei dagokionez, ZFAOren 118.2 artikulua ez ezik, Zergen Kudeaketari buruzko Araudiaren 88. artikulua ere hartu behar da aintzat; horren arabera: "1. Aurkeztutako autolikidazio batek atxikipenen, konturako sarreren edo jasanarazitako kuoten behar ez bezalako sarrera eragiten dizkienean beste zergadun batzuei, zuzenketa eskatzeko legitimazioa nahiz itzulketa eskuratzeko eskubidea Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 31. eta 229.4 artikuluetan xedatutakoari jarraiki arautuko da. 2. Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuetan, zuzenketa eskatzea hurrengoen ardura izango da: a) Euren zerga betebeharrak betetzerakoan zor ez zen sarrera egin duten zergadunei eta haien oinordekoei. b) Jasanarazitako atxikipena edo konturako sarrera jasan duen pertsona edo erakundeari, baldin eta jasandako atxikipena edo jasanarazitako sarrera bidegabekoak direla irizten badiote. Aldiz, bidegabekotzat jotzen den konturako sarrera inori jasanarazi ez bazaio, aurreko a) letran aipatutako pertsona edo erakundeek izango dute itzulketa eskatzeko eskubidea. (...) Aurreko b) eta c) letretan aipatutako kasuetan, atxikipena edo konturako sarrera edo zergaren jasanarazpena bidegabeki jasan duen zergadunak zor ez zen sarreraren itzulketa eskatu ahal izango du, zor ez zen sarrera egiteko erabilitako autolikidazioa zuzentzeko eskatuz. 3. Atxikipena edo jasanarazpena bidegabeki jasan duen pertsona edo erakundeari berari egingo zaio behar ez bezala sartutako kopuruen itzulketa, nahiz eta zor ez zen sarreraren itzulketa atxikitzaileak edo kuotak jasanarazi zituen zergadunak eskatu, edo Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorra administrazio bideko berrikuspenaren arloan garatzeko araudiko 14. artikuluan ezarritako prozeduretako batean erabaki. (...) 5. Bidegabeki jasandako atxikipen edo sarreren kasuan, ez da bidezkoa izango inongo itzulketarik egitea, baldin eta bidegabekotzat jo den atxikipen edo konturako sarreraren zenbatekoa autolikidazioren batean kendu bada edo Administrazioak kontuan hartu badu likidazio nahiz itzulketaren batean (...) 7. Autolikidazioaren zuzenketa atxikipenak, konturako sarrerak edo jasanarazitako kuotak behar ez bezala jasan zituen zergadunak eskatzen duenean, aurreko artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da, hurrengo berezitasunekin batera: a) Prozeduraren ebazpena berariazko antolamendu araudia gorabehera zuzentzea eskatu den autolikidazioa aurkeztu zuen zergadunarekiko eskudun den organoaren ardura izango da. (... ) b) Eskabidea atxikipen jarduna, konturako sarreraren murrizpena edo jasanarazpen jarduna eskatzaileari benetan jakinarazi zaionetik egin ahalko da, edo, bestela, hark horren berri izan duela egiaztatzen denetik aurrera. Zuzentzea eskatzen den autolikidazioa aurkezteko dagoen aitorpen epea amaitu baino lehen aurkezten denean zuzenketa eskabidea, bidezko geldiarazpen alditzat hartuko da prozedura ebazteko epea zenbatzeari dagokionez aurkezpenetik aitorpenerako epe hori amaitzen den arte doan denbora. c) Eskabidean, araudi honetako 85.4 artikuluan aurreikusitako inguruabarrez gain, atxikitzailearen edo jasanarazitako konturako sarrera egin zuen pertsona edo entitatearen edo jasanarazpena egin zuen zergadunaren izen-deiturak, edo sozietatearen izena edo izendapen osoa eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere jasoko dira. Eskabidea behar ez bezala jasandako atxikipena, konturako sarrera edo jasanarazpenak bidezkotzen dituzten agiriekin batera aurkeztu beharko da. d) Prozedura izapidetzen denean, konturako sarrera egin eta eraginkor bihurtu zuen edo jasanarazpena egin zuen atxikitzaile edo zergadunari zuzenketa eskabidea jakinarazi egingo zaio, eta agertzeko 10 eguneko epea duela esango. Epea agindeiaren jakinarazpen egunaren biharamunetik hasiko da, eta eskatutako agiri eta aurrekari guztiak eta egoki irizten direnak aurkeztu beharko dira. e) Prozedura amaitzen duen behin-behineko likidazioa edo ukatzeko ebazpena zergadun guztiei jakinaraziko zaie. f) Onesten duen ebazpena atxikitzaileak, konturako sarrera egin eta eraginkor bihurtu zuen zergadunak edo jasanarazpena egin zuenak errekurrituko balu, hura ez da betearazlea izango irmoa bihurtzen ez den arte. (...)".
Azken manu horren idazkeratik ondorioztatzen denez, ordaindutako diru-kopuruak atxiki dituen entitateak, hala denean, bidegabe atxikitako eta Foru Ogasun honetan ordaindutako zenbatekoak itzultzeko eskabidea egin dezake, aintzat hartuta eskabide horrek atxikiaren alde sortzen dituen ondorioak eta prozedura. Alabaina, atxikipenpekoak berak ere eska dezake atxikipen horren itzulketa. Bi kasuotan ere, eskabidea edonork egin arren, egindako gehiegizko atxikipenen itzulketa lortzeko eskubidea atxikipenpekoak izango du beti.
Bestela, langileak jaso dituen atxikipenak PFEZaren bere autolikidazioan sartu ahalko ditu. Kasu horretan, ez da bidezkoa itzulketa gehigarririk egitea, hala denean, bidegabekotzat jotako atxikipenaren zenbatekoa autolikidazio horretan kenduko baita.
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 2. eta 9. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 79. eta 82. artikuluak.Martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauaren 118. artikulua.Uztailaren 21eko 112/2009 Foru Dekretuaren 88. artikulua.