www.bizkaia.eus/guregida


2017/05/22ko kontsulta


  
Data

22.05.2017

Erreferentzia

Ohiko etxebizitza zer den. Hiru urte igaro baino lehen etxebizitza aldatzea, bikotea adiskidetzearen ondorioz.

Galdera

Kontsulta-egilea 2015eko uztailean dibortziatu zen, eta 2012an jaio zen neska adingabe baten aita da. 2015eko azaroan ohiko etxebizitza bat erosi zuen, eta bere etxebizitza-kontuaren saldoa erabili zuen hori ordaintzeko. Horrez gain, banketxe bati 130.000 €-ko mailegu bat eskatu zion erosketa finantzatzeko. 2016ko irailean emazte ohiarekin adiskidetu, eta berriro berarekin eta bere alabarekin bizi izaten hasi zen emazte ohiaren titulartasunekoa den etxebizitzan.Jakin nahi du 2015eko azaroan erositako etxebizitzak ohiko etxebizitza izaten jarraituko duen berarentzat, aipatutako arrazoiagatik PFEZaren araudian exijituriko hiru urteetan bertan bizi izan ez bada ere, egindako kenketarako eta Kostu Bidezko Ondare Eskualdaketen gaineko Zergan % 2,5eko tasa murriztua aplikatzeko eskubiderik ez galtzeko moduan.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, lehenik eta behin Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 87. artikulua: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erosteko zergaldian inbertitu dituzten kopuruen % 18ko kenkaria egin dezakete, haien kargura joan diren erosketa-gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea % 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: (...) b) Arauzko eran ezarritako formalizazio eta erabilera baldintzak betez, kreditu erakundeetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira, kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen. Ez da bete gabekotzat hartuko erabilera-baldintza, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak berriro osorik sartzen badira kreditu erakunde berean edo beste kreditu-erakunde batera osorik eramaten badira zergaren sortzapena gertatu baino lehen. Zergaduna idatz-zati honetako lehen paragrafoan aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, etxebizitza-kontuko kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzeko obligazioa ez da bete gabekotzat hartuko. Ezin izango da berriro kenkaririk egin letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru-kopuruak direla eta, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean. c) Erregelamendu bidez zehazten diren kasuak. (...). 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro finka bakarra osatzen dutenean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat".

Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 69. artikuluan garatu da, besteak beste. Hauxe ezarri da bertan: "1. Kreditu entitateetan, beste edozein ezarpen motatatik bereizitako kontuetan, gordailatutako kopuruak ohiko etxebizitza erostearekin parekatuko dira, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak zergadunaren ohiko etxebizitza erosteko erabiltzen badira sei urte baino lehen. Aurreko baldintza ez da beteko gordailatutako kopurua beste etxebizitza-kontu batean ezarrita. 2. Kenkaria egiteko eskubidea galduko da honako kasu hauetan: a) Zergadunak etxebizitza-kontuan gordailatutako kopuruak, kenkaria egiteko eskubidea sortarazi dutenak, ohiko etxebizitza erosteko ez beste xede baterako erabiltzen baditu eta zergaren sortzapena gertatu aurretik kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik birjartzen ez badira edo kontu horretara aldatzen ez badira. Gordailatutako kopuruen zati bat erabiltzen bada, erabilitako kopuruak zergadunak lehenengo gordailatutakoak direla pentsatuko da. b) Kontua irekitzen denetik sei urte pasatzen badira kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen duten kopuruak ohiko etxebizitza erosteko erabili gabe. c) Ondoren egiten den ohiko etxebizitzaren eskuraketan ez badira betetzen kenkari hau aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak. 3. Zergadun bakoitzak etxebizitza-kontu bat bakarrik eduki dezake. 4. Etxebizitza-kontuak bereizita identifikatu behar dira Zergaren autolikidazioan; gutxienez datu hauek adierazi behar dira: - Kontua dagoen erakundea. - Kontuaren zenbakia. - Kontua ireki den eguna. - Ekitaldian zenbatean gehitu den kontuaren saldoa. 5. Egindako kenkariak egiteko eskubidea galduz gero, zergadunak honako hauek batu beharko dizkio kenkarirako baldintzak bete ez dituen zergaldiko zergaren kuotari: kendutako kopuruak gehi Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluak aipatzen dituen berandutza interesak".

Halaber, hauxe dakar apirilaren 1eko 1/2017 Jarraibide horren 15.8.15 idatz-zatiak: "a) Zergaren Araudiko 69. artikuluan ezarritakoa dela bide, kreditu erakundeetan (ezarpen mota guztietatik bereizitako kontuetan) gordailatzen diren kopuruak zergadunak ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko erabili dituela pentsatuko da, baldin eta kenkari eskubidea sortu duten kopuruak beraren ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko ez beste ezertarako erabili badira. Idatz-zati horretan "kenkari eskubidea sortu duten kopuruak" esamoldea ageri da, eta esan nahi du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatu dela. Gordailaturiko kopuruak baliatzeko betekizunak betetzat joko dira, baldin eta kenkaria aplikatzeko eskubidea sortu duten kopuruak zerga sortu aurretik berriz jartzen badira edo kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik jartzen badira. b) Diru-kopuru batzuk baliatzea: Kontuko kopuru batzuk ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko barik beste zerbaitetarako baliatzen badira eta Zerga ordaindu baino lehen berriz jartzen ez badira, hurrenkera honetan baliatu direla pentsatuko da: - Lehenik eta behin, kenkaria egin ez zaien diru-kopuruak, eta gordailaturiko zenbatekoa handiagoa izango balitz, - Lehenbizi gordailaturikoak. c) PFEZaren araudian ez da ezarri, oro har, etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, hain zuzen ohiko etxebizitza eskuratzean edo birgaitzean kenkaria egiteko eskubidea ematen duen etxebizitza-kontuaren saldoa. Hala eta guztiz ere, azken ondore horietarako, kontuan hartu behar da abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarriak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 8 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2008ko urtarrilaren 1a eta 2009ko abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauko lehen xedapen gehigarrian beste kasu batzuetara ere hedatu du neurri hori: ohiko epea 2010eko urtarrilaren 1a eta 2011ko abenduaren 31 bitartean amaitzen zaien etxebizitza-kontuetara. Era berean, halakoetan, epea luzatzeko bi urteko epealdian ekarritako diru-kopuruek ere emango dute ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egiteko eskubidea. Azkenik, otsailaren 29ko 1/2012 Foru Arauak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 7 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2012ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Legez ezarritako luzapenen ondorioz 2004an 2012an irekitako etxebizitza-kontuetarako finkatutako gehieneko epealdia amaitu da. 2013an 2005ean (abenduaren 23ko 3/2009 Foru Araua), 2006an (otsailaren 29ko 1/2012 Foru Araua) eta 2007an (abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) irekitako kontuen gehieneko epealdia amaituko da. 2008an irekitako kontuena 2014an amaitu zen, eta 2015ean amaitu zen 2009an zabaldutako kontuen epea. Amaitzeko, 2016an 2010ean irekitako kontuen epea amaitu zen. d) Zergapekoak bere bizilekua beste lurralde batera (komuna edo forala izan) aldatuz gero, Bizkaian egindako kenkarietarako eskubidea finkatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituenetz ebazteko eskumena Foru Ogasun honi dagokio, eta lurralde historiko honetan indarrean dagoen araudia aplikatuko du. Baldintza horiek betetzen ez badira, Bizkaian kendutako zenbatekoak Foru Ogasun honetan ordaindu beharko dira, dagozkien berandutza-korrituekin batera, non ere bizi den zergaduna baldintzak bete gabe. e) Zergadun bat etxebizitza-kontuari emandako epealdia amaitu aurretik haren saldoa bere ohiko etxebizitza erosten edo zaharberritzen inbertitu gabe hiltzen bada, kontu horri emandako zenbatekoetan egindako kenkariak (hiltzearen ondorioz bere xederako erabili ez direnak) ez dira itzuli beharko. Aitzitik, etxebizitza-kontu horri dagokion epealdia amaitu ondoren hiltzen bada, etxebizitza-kontuaren zenbatekoei egin eta bere xederako erabili ez diren kenkariak itzuli beharko dira, bidezko berandutza-korrituekin batera. f) Aurreko c) letran ezarritakoa gorabehera, etxebizitza eraikitzea eta hori eskuratzea loturik dauden heinean, balizko kasu horietan (eraiki beharreko etxebizitzak) bi aukera daude etxebizitza-kontuko saldoa egoki inbertitutzat jotzeko: 1) Zergadunak kenketaren xede izan den kontuaren saldo osoa erabiltzea higiezinaren jabetza osoa erosteko, etxebizitza-kontuei ematen zaien 6 urteko epea amaitu baino lehen. Horrela, une horretarako, dena delako higiezina erosteko eskritura publikoa gauzatuta egongo da. 2) Zergaduna etxebizitzaren eraikuntzaren sustatzailearentzako konturako ordainketak egiten hastea (edo zuzenean diru-kopuruak ordaintzea hori eraikitzeko obrak egikaritzeagatik) kontuan gordailatutako zenbatekoaren kontura, kontua ireki denetik 6 urteko epea amaitu baino lehen. Kasu horretan, ulertu behar da kenketaren xede den kontuaren saldoa haren xederako behar bezala erabili dela epearen barnean, baldin eta: a) higiezina eraikitzeko obrak oro har gehienez lau urtetik gorako epean -inbertsioa abiarazi denetik zenbatzen hasita- amaitzen badira (eta higiezinaren gaineko jabetza osoa eskuratzen bada alde juridikotik); epe hori Zergaren Araudiko 68. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako kasuetan luzatu ahalko da; eta b) eraikitzeko epean (printzipioz, 4 urte) zergadunak kenkaria izan duen kontuaren saldoa erabiltzen badu eraikuntzaren sustatzailearentzako konturako ordainketak egiteko (edo zuzenean berak eraikitzeko obrak egikaritzeko). Ildo horretan, Zergaren araudiak etxebizitza-kontuei ematen dien epea, 6 urtekoa kontua hasten denetik zenbatuta, ezin luza daitekeela, baina uste du luzapenik ez izate hori alde batetik honi dagokiola: kenkaririk ezin aplikatzea epe hori igarotakoan (6 urtekoa) eginiko ekarpenen gainean; eta bestetik, kenkaria aplikatu zaien eta gordailatu diren diru-kopuru guztiak Zergaren araudian beren beregi ezarritako helburuetarako nahitaez erabili beharra, ohiko etxebizitza eskuratzeko adibidez. Baina hori ez da eraikuntzarekin berdinesten. Beraz, pentsatu daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa epearen barnean behar bezala inbertitu dela, higiezinaren eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiten hasten badira edo obrak egiteko kopuruak zuzenean ordaintzen badira etxebizitza-kontu horren kontura kontua ireki eta hurrengo 6 urteko epearen barnean, baldin eta obrak 4 urteko gehieneko epean amaitzen badira, inbertsioa abiarazten denetik zenbatuta (zenbait kasutan epe hori luza daiteke) eta 4 urte horien barnean etxebizitza-kontuaren saldo osoa inbertitzen bada. Kontuaren saldoaren zati bat bakarrik erabiltzen bada eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiteko edo etxebizitza eraikitzeko 4 urteko epe horretan, zati hori baino ez da behar bezala inbertitutakotzat joko (horrenbestez, gainerakoen gainean egindako kenkarietarako eskubidea galduko da). Hortaz, eraikitzen ari diren etxebizitzak direnean, 10 urtera arte luzatu daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa erabiltzeko gehieneko epea, kontu hori irekitzen denetik zenbatzen hasita (6 urte etxebizitza-konturako, gehi beste 4 higiezina eraikitzeko, eta bi kasuetan luzatu egin daiteke epea).

Beste alde batetik, PFEZAren 67. artikuluak PFEZFAren 87. artikulua garatzen du, eta ohiko etxebizitzatzat zer hartu behar den ezartzen du. Artikulu horri jarraikiz: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. Ez dira sartuko ohiko etxebizitzaren kontzeptuan ez lorategiak, ez parkeak, ez igerilekuak, ez kirol instalazioak, ez garajea, ezta, oro har, berez etxebizitza ez diren gainerako elementu guztiak, erregistroan etxebizitzarekin batera ageri direnak izan ezik. Familia unitateko kideak ondasun higiezin hiritar baten baino gehiagoren titularrak direnean, ondasun horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko egoitza izan dadin, zergaduna bera benetan eta iraunkortasunez bizi behar da bertan hamabi hilabetez etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitza okupatzea eragozten duen zerbait gertatzen denean, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz. b) Zergadunak ohiko etxebizitza karguagatik edo enpleguagatik badauka eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez badu; honelako kasuetan lehen aipatutako hamabi hileko epealdia kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatu behar da. Lokalak etxebizitza gisa gaitzen badira, etxebizitza lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia ematen denetik aurrera hasiko da zenbatzen atal honen lehenengo paragrafoan aipatzen den hamabi hileko epealdia. 3. Aurreko paragrafoetan ezarritako salbuespenak aplikatu behar direnean, etxebizitza aldatzea nahitaez dakarten edo etxebizitzan bizitzea eragozten duten inguruabarrak gertatu arte aplikatuko da ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria, salbu eta zergadunak karguagatik edo enpleguagatik erabiltzen duenean ohiko etxebizitza (horrelakoetan kontzeptu honen kenkariak aplikatu ahal izango ditu egoera horrek dirauen artean, etxebizitza erabiltzen ez badu). Ondorio horietarako, aurrekoarekin parekatuko da zergadunak etxebizitzaren beharra konpentsatzeko kopuruak jasotzea eta, gainera, etxebizitza famili unitatetik kanpoko pertsonek ez erabiltzea".

Gainera, hauxe ezarri da PFEZFAren lehen xedapen gehigarrian: "Foru Arau honen ondorioetarako, izatezko bikoteari buruzko aipamenak direnean, Izatezko Bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedaturikoaren arabera eraturiko direla ulertu behar dira".

Horrekin guztiarekin bat etorriz, zergadunek ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egin dezakete etxebizitza-kontura ekarritako kopuruen gainean, baldin eta kenkariaren xedeko zenbateko horiek ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko erabiltzen badira kontua irekitzen denetik 6 urte igaro baino lehen.

Hasteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian ez da ezarri etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko legez emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, ohiko etxebizitza eskuratzen edo birgaitzen kenkaria egiteko eskubidea eman duenik.

Epe horren mugaeguna iritsi eta kenkaria jaso duen saldo osoa lehen aipatutako helburuetarako inbertitu ez bada, galdu egingo da aplikatu barik dauden zenbatekoen gaineko kenkaria aplikatzeko eskubidea. Kasu horretan, kontuan sartu diren eta kenkaria jaso duten lehenengo kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabili ez direla pentsatzen da, harik eta epe barruan helburu horretarako erabili ez den saldora iritsi arte. Eginiko kenkarietarako eskubidea orobat galduko da etxebizitza-kontuaren saldoa ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko ez beste helburu batzuetarako behin betiko erabiltzen denean eta erositako edo birgaitutako etxebizitzak ohiko etxebizitzatzat hartzeko eskaturiko betekizunak betetzen ez dituenean.

Higiezina eskuratzeko, hura okupatzeko eta, gutxienez, hiru urteko epe jarraituan bertan bizitzeko betekizunek izaera substantiboa dute eta ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko inguruabarretan zein etxebizitza-kontuan egindako ekarpenen ziozko kenkarien eskubidea bateratzeko helburuz aplikatzen dira.

PFEZFAren 87.8 artikulua eta PFEZAren 67. artikulua ohiko etxebizitzaren kontzeptuari buruzkoak dira, eta horiek diotenari jarraikiz, etxebizitza bat ohiko etxebizitzatzat hartu ahal izateko, okupatu aurretik baliatutako kenkarien eskubidea finkatzeko xedez, beharrezkoa da etxebizitza horretan era eraginkorrean eta iraunkorrean bizitzea hamabi hileko epean, etxebizitza eskuratu edo lanak amaitu ziren unetik zenbatzen hasita, eta etxebizitza horretan bizi behar da, gutxienez, hiru urteko epean, etenik gabe, etxebizitza okupatzea edo zergaduna gutxienez hiru urteko epe jarraituan bizitzea ezinezko bilakatzen duten inguruabar jakin batzuk gertatu ezean (zergaduna hitzen denean, etxebizitza okupatzea ezinbestean eragozten duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, edota etxebizitzaz ezinbestean aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola, etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo horrekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen ezintasun mailara edo zergaren kuota osoaren kenkaria baliatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lehen enplegua edo beste bat lortzea; etxebizitza aipatutako epean ordaintzea eragozten duten inguruabar ekonomikoak gertatzea edo bidezkotu daitezkeen antzeko egoerak gertatzea).

Nolanahi ere, dena delako higiezinaren jabetza (jabetza osoa edo horren zati bat) eskuratzeko betekizunak ez dauka inolako salbuespenik.

Horrela, beraz, aztergai darabilgun kasuari dagokionez, esan beharra dago etxebizitza, gutxienez, hiru urteko epe jarraituan bizitzeko salbuespena bakar-bakarrik baliatu ahal dela etxebizitza ezinbestean aldatzera behartzen duen inguruabarren bat gertatzen denean, interesdunaren borondatea edo komenentzia gorabehera. Beharrezkotasun horrek esan nahi du saihestu edo gainditu ezinezko kausaren bat dagoela.

Beraz, gutxienez hiru urtez etengabeko egoitza izatearen baldintzan salbuespena aplikatzeko, honako hau jakin behar da: higiezina erositakoan sortutako egoera batean bizilekuz aldatzea zergadunaren aukera den edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen ondorioa den. Zergadunak hautatzeko aukera mantentzen badu eta bizilekuz aldatzea erabakitzen badu, etxebizitza ezingo da ohikotzat jo, Zergari dagokionez. Erabakitzeko aukerarik ez badu, berriz, etxebizitza ohikoa izango da, nahiz eta bertan ez bizi legez eskatzen den gutxieneko epean.

Kontsultaren xede den kasuan, etxebizitza aldatzea justifikatzen da kontsulta-egilea bere emazte ohiarekin adiskidetzeagatik, horrekin alaba gazte bat (5 urtekoa) duela. Horri dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak ez du beren-beregi gehitu etxebizitza aldatzea derrigor dakarten arrazoien artean familia-adiskidetzea, ezta seme-alaba adingabeekiko bizikidetza ere. Bestalde, Zuzendaritza Nagusi honek ezin ditu baloratu, kontsulta loteslearen bidez, aipatu inguruabarrek eragindako ondorioak.

Hala ere, adierazi behar da alegatutako arrazoiek (emazte ohiarekin adiskidetzea eta alaba adingabearekin batera bizi izatea) bakarka edo multzoan eta zenbait kasutan berekin ekar dezaketela etxebizitza aldatu beharra (kasu bakoitzean dauden baldintzak ikusita, bereziki zerga onura bidegabea eskuratzeko planifikatu den jokabide baten aurrean ez gaudela ziurtatzeko asmoz). Beraz, printzipioz, uler liteke galdetzen den lekualdaketa ez datorrela kontsulta-egileak bere kabuz hartutako erabaki batetik. Kasu horretan, gauzak horrela, ohiko etxebizitzatzat jotzeko etxebizitzan hiru urtez, gutxienez, etengabe egon beharraren salbuespena aplikatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango aipatutako arrazoiagatik bertan bizi izateari utzi zion unera arte kendutako diru-kopuruak itzultzea.

Hala ere, izatezko kontu horiek guztiak ezin dira kontsulta fasean baloratu erabat; aitzitik, zergak aplikatzeko eskumena duten kudeaketa eta ikuskaritza organoek baloratu behar dituzte, kasuan kasu dauden izatezko elementuen arabera.

Horregatik, kontsulta-egileak uste badu bere egoeraren inguruabarrak etxebizitzaz aldatu behar izateko bezain larriak direla, nahikoa frogatu beharko du premia hori, zuzenbidean onartzen diren frogabideetako edozein erabiliz, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren 103. artikuluak xedatu duenez, Zerga Administrazioko kudeaketa edo ikuskapen organoek hala eskatzen badiote eta haien aurrean, eta organo horiei dagokie aurkezten diren frogak baloratzea. Orduantxe, eta ez lehenago, aurkeztu behar dira bidezkotzat jotzen diren frogak (funtsean zerga onura bidegabea eskuratzeko aldez aurretik planifikatu den jokabide bat izatea eragozteko asmoz, baina kasu honetan ez omen da horrelakorik gertatzen).

Galdetzen den higiezinean egoteko ezintasuna behar bezala frogatzen bada, horrek ohiko etxebizitza izaten jarraituko du, aldaketa derrigor ekarri zuten zirkunstantziak gertatu ziren unera arte. Kasu horretan, ez da galduko ordura arte egindako kenkarietarako eskubidea, eta etxebizitza-kontuaren saldoa behar bezala aplikatu dela ulertu ahalko da.

Bestela, kontsultaren xede den higiezinak ohiko etxebizitza izateari utziko dio, bertan irautearen baldintza ez betetzeagatik, eta itzuli egin beharko dira inbertsioen ziozko kenkariak euren berandutza-korrituekin batera.

Bestalde, baliteke kontsulta-egileak emazte ohiarekin izatezko bikotea osatzea edo berriro berarekin ezkontzea.

Horri dagokionez, parekotzat jotzen ditu Pertsona Fisiko Errentaren gaineko Zergaren araudiak maiatzaren 7ko 2/2003 Legean arauturiko izatezko bikoteak eta senar-emazteak. Gainera, PFEZAren 67. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezkontzea (eta, beraz, egitatezko bikotea eratzea ere bai) legegilearen arabera etxebizitzaz aldatzeko beharrizana justifikatzen duten baldintzetako bat da, betiere ezkontza edo eraketa horren eta etxebizitza aldaketaren artean kausazko erlazioa baldin badago, logikoa den bezala (normalean ezkontide edo bikotekideetako bakoitzak bere etxebizitza uzten duenean gertatzen da etxebizitza aldaketa hori, familiaren etxebizitza izango den etxebizitza berrian batera bizitzeko, edo ezkontide edo bikotekideetako batek bere etxebizitza uzten duenean bestearenera joateko, baina ez biek batera etxebizitza bat erosten dutenean ezkondu aurretik edo egitatezko bikotea eratu aurretik, adibide bat jartzearren).

Hortaz, planteatutako kasuan, bidezkoa da ulertzea galdeturiko bizileku-aldaketak ez duela galaraziko kontsulta-egilearen etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartzen jarraitzea, betiere izatezko bikotearen eratzeak edo ezkontza berriak eraginda badago (hau da, ezkontzaren eta bizileku-aldaketaren arteko ezinbesteko kausa-ondorio erlazio badago). Hori guztia horrela izango da, kontsulta-egilea etxebizitza horretan hiru urtez jarraian bizi izatera iristen ez bada ere.

Ondorio horietarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian ez da ezarri gehieneko eperik, aurretik edo ondoren, hain zuzen ere etxebizitza aldatzea ezinbestean dakarren inguruabarra gertatzen denetik (izatezko bikotea eratzea edo ezkontzea) etxebizitzan bizi izateari uzten zaion edo etxebizitza eskualdatzen den arte. Alabaina, epe hori nahikoa zentzuzkoa izan behar da, alegaturiko gertaeraren (egoitza aldatzea) eta berau justifikatzen duen inguruabarraren (izatezko bikotea eratzea edo ezkontzea) arteko kausa-ondorio erlazioa dagoela erabakitzeko, eta Foru Ogasun honetako kudeaketa eta ikuskaritza organoei dagokie kasuan kasuko gertaerak baloratzea. Zergadunen arteko kausa/ondorio erlazio hori frogatzeko, zuzenbidean onartutako edozein frogabide erabil daiteke.

Hortaz, kontsulta-egileak ez ditu galduko galdeturiko etxebizitzan inbertitzearekin lotutako zerga onurak, zeren eta izatezko bikotea eratzeak edo ezkontzeak eragin baitu aldaketa, erantzun honetan azaldutakoaren arabera.

Bestalde, kontsulta-egileak 2015eko azaroan erositako etxebizitzaren erosketari aplikatu beharreko Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kostu-bidezko ondare-eskualdaketen modalitateko karga-tasari dagokionez, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko martxoaren 24ko 1/2011 Foru Arauaren (OEEJDZFA) 13. artikuluak honako hau agindu du: "Zerga kuota lortzeko, honako tasa hauek aplikatuko zaizkio likidazio-oinarriari, hurrengo artikuluan ezarritakoa gorabehera: a) % 7 aplikatuko da, ondasun higiezinen eskualdaketetan nahiz haien gaineko berme-eskubide errealen eraketan eta lagapenean (salbuespena: berme-eskubide errealen eraketa eta lagapena). b) Goiko paragrafoan xedatutakoak badu salbuespen bat: oro har, etxebizitzen eskualdaketek % 4ko karga-tasa izango dute, eta haien barruan sartuko dira bai garaje plazak (gehienez bi unitate) eta bai etxebizitzaren eranskinenak ere, baldin eta denak eraikin berekoak badira, eta denak batera eskualdatzen badira. Nolanahi ere, negozio lokalak ez dira hartuko etxebizitzaren eranskintzat, nahiz eta harekin batera eskualdatu. (...) c) Aurreko bi idatz-zatietan xedaturikoa gorabehera, % 2,5eko karga-tasa izango dute etxebizitzen, haien garaje plazen (gehienez bi unitate) eta eranskinen eskualdaketek, baldin eta denak eraikin berekoak badira eta denak batera eskualdatzen badira, eta baldin eta haien eskuratzailea familia ugariaren titularra bada edo honako kasu hauetarikoren batean badago: - Eskualdatutako etxebizitzaren azalera eraikia ez da 120 metro koadrotik gorakoa, eskuratzaile-kopurua edozein izanda ere. - Eskualdatutako etxebizitza familia bakarrekoa da; ez du 120 metro koadrotik gorako azalera eraikirik, eta haren partzelaren azalerak (eraikinak hartzen duen zatia, barne) ez du 300 metro koadro baino gehiago, eskuratzaileen kopurua edozein izanda ere. Familia bakarreko etxebizitzatzat joko da sarrera independentea duena; isolatua, binakakoa, atxikia edo ilarakoa izan daiteke. Azalera eraikia, berriz, hemen definitutakoa izango da: hiri-ondasun higiezinak zerga-ondorioetarako balioztatzeko arau teknikoetako 5. arauko 3. zenbakia (arauok 2013ko abenduaren 3ko 163/2013 Foru Dekretuaren bidez onartu ziren). Letra honetan jasotako ondorioetarako, negozio lokalak ez dira hartuko etxebizitza eranskintzat, nahiz eta harekin batera eskualdatu. % 2,5eko tasa aplikatzeko ondokoak bete behar dira: 1. Eskuratzaileak tasa hori lehenago aplikatu ez izana etxebizitza horren edo beste baten eskurapenean, eskuratutako titulartasun-portzentajea edozein izanda ere. 2. Etxebizitza eskuratzailearen ohiko etxebizitza legez erabiltzea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauan eta hura garatzen duten arauetan ezarritakoarekin bat etorriz. Etxebizitza eskuratzen denetik hamabi hilabete igaro baino lehen aurkeztu behar da baldintza hori betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa. Hori egiaztatzeko, zuzenbidean onartuta dauden frogabideak erabil daitezke. Nolanahi ere, preskripzio-epearen barruan egiaztatzen bada etxebizitza ez dela ohiko etxebizitza legez erabiltzen, tasa % 4ra igoko da...".

Hortaz, oro har, etxebizitzen eskualdaketak (garajeko plazak gehienez bi unitate eta eranskinak barne, denak batera) Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kostu-bidezko ondare-eskualdaketen modalitatean zergapetzen dira, % 4ko tasan.

Eskualdaketa horiei (etxebizitzen, haren garaje plazen plaza bi gehienez eta gainerako eranskinenei) % 2,5eko tasa murriztua aplikatu ahal izateko, honako baldintzak bete behar dira:

1) Etxebizitzak ezingo du 120 metro karratu baino azalera eraiki handiagoa izan. Familia bakarreko etxebizitzen kasuan, azalera eraikia ezingo da 120 metro karratu baino handiagoa izan eta lur-zatiaren azalerak (eraikuntzak hartzen duena barne) ezingo ditu 300 metro karratu baino gehiago izan. Hori guztia, zenbat eskuratzaile diren alde batera utzita.

Higiezinaren (eta, familia bakarreko etxebizitzen kasuetan, lurzatiaren) azalerari buruzko baldintza hori ez zaie eskatuko familia ugarien titularrei.

2) Eskuratzaileak ezingo du lehenago % 2,5eko tasa murriztua aplikatuta eduki (etxebizitza bera edo beste bat eskuratzeko), eskuratutako titulartasun-ehunekoa edozein dela ere.

3) Eskuratzaileak ohiko etxebizitza gisa erabiliko du aipatutako etxebizitza, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudian ezarritako eran (gaur egun, PFEZFAren 87.8 artikuluan ezarri bezala). Etxebizitza eskuratzen denetik hamabi hilabete igaro baino lehen aurkeztu behar da baldintza hori betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa. Egiaztatze horretarako, zuzenbidean onartutako edozein frogabide erabil dezakete. Preskripzio-epearen barruan eskuratutako higiezina ohiko etxebizitzarako erabiltzen ez bada, tasa % 4ra handituko da.

4) Higiezinaren jabetza osoa eskualdatu behar da. Zehazki, OEEJDZFAren 13. artikuluko b) letran araututako % 4ko tasa jabetza osoaren eskualdaketari eta, oro har, etxebizitzen gaineko eskubide errealak, bermekoak izan ezik, eratu eta lagatzeari aplikatu behar zaie. Hala ere, OEEJDZFAren 13. artikulu bereko c) letrako % 2,5eko tasa murriztua, ordea, higiezinaren osotasunaren edo zati baten jabetza osoaren eskualdaketari baino ez zaio aplikatzen (ez, ordea, eskualdatutakoa jabetzaz besteko eskubide bat bada).

Aurkeztutako datuetatik ondorioztatzen denaren arabera, kontsultaren xede den eskualdaketak 100eko 2,5eko tasan ordaindu zituen zergak, zergadunak honako baldintza hauek betetzen baitzituen: 1) % 2,5eko tasa murriztua lehenago aplikatu ez izana; eta 2) etxebizitza ohiko bizilekurako erabiltzea, PFEZFAren 87.8 artikuluan xedatutako baldintzen arabera.

Geroago higiezinak ohiko etxebizitza izateari utziko balio (goian aztertu den bezala), kontsultaren xede den eskualdaketak zergak ordaindu beharko lituzke 100eko 4ko tasan.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87. artikulua.Apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 67. eta 69. artikuluak.Apirilaren 6ko 1/2016 Jarraibidea.Martxoaren 24ko 1/2011 Foru Arauaren 13. artikulua.

Itzuli