19.05.2017
Salbuespena ohiko etxebizitzako berrinbertsioaren zioz. Ezkontide ohiak eta seme-alabak epailearen epaiagatik erabilitako etxebizitza eskualdatua.
2016ko otsailean, emazte ohia eta seme-alabak (hasiera batean, etxebizitzaren erabilera eta gozamena zeuzkaten dibortzioari buruzko epaiaren bidez onetsitako hitzarmen arau-emailean ezarritakoa dela bide) bizi zireneko familia-etxebizitzatik zegokion zatia eskualdatu zuen kontsultagileak, 2014ko urrira arte behinik behin. Ezkontza-sozietaterako erosi zen etxebizitza hori 1996an. Kontsultagileak dioenez, hala lorturiko zenbatekoa beste etxebizitza berri batean berrinbertitzeko asmoa du agerliarrak.Jakin nahi du ea lorturiko irabazia ohiko etxebizitzan berrinbertitzearen ziozko salbuespena balia dezakeen.
Kontsulta-idazkian eginiko galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikulua (PFEZFA) aplikatu behar da, martxoaren 2ko 3/2015 Foru Arauko bertsioan (2014ko urtarrilaren 1etik ditu ondorioak). Hauxe dago ezarrita artikulu horretan:"1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa txikiagoa bada eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino, lortutako ondare-irabazian berrinbertitutako zenbatekoari dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe. 3. Eskualdatu aurretik zergadunaren ohiko etxebizitza zen etxebizitza familiarra eskualdatzearen ondorioz lortutako ondare-irabazietarako ere aplikatuko da goiko zenbakietan xedatutakoa, baldin eta zergadunak etxebizitza horretan bizitzeari utzi badio ezkontideak banantzeko edo izatezko bikotea desegiteko prozedura batean emandako erabaki judizial bat dela-eta. Baldintza hau bete behar da zenbaki honetan xedatutakoa aplikatu ahal izateko: eskualdatzen den etxebizitza familiarrak zergadunaren ezkontide edo izatezko bikotekide ohiaren eta, hala badagokio, haien arteko ondorengoen ohiko etxebizitza izan behar du, arauz ezarritako eran, betiere ondorengoek foru arau honetako 79. artikuluan jasotako kenkarirako eskubidea eragiten badute".Manu hori garatuta dago Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 (PFEZA) Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Arautegiko (PFEZA) 49. artikuluan. Horren arabera:"1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, horri dagokionez, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauaren 87. artikuluko 6. zenbakian ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko Foru Arauaren 87. artikuluko 8. zenbakian eta araudi honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi batean edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdaketa-datatik urte bi pasatu baino lehen. Berrinbertsioa epealdiaren barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezioa geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, zergadunak ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko autolikidazioan adierazi beharko du berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa daukala. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, orduan kargapean jarriko da lortzen den ondare irabazia. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia: baldintza betetzen ez den egunetik hori gertatzen den zergaldiko autolikidazioa egiteko ezarritako epealdia amaitu arte".Etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartzeari dagokionez, hauxe ezarri da PFEZFAko 87. artikuluan: "(...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun-gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. (...)".PFEZAko 67. artikuluak, berriz, hauxe zehazten du:"1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun-gradura edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko egoitza izan dadin, zergaduna bera benetan eta iraunkortasunez bizi behar da bertan hamabi hilabetez etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitza okupatzea eragozten duen zerbait gertatzen denean, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz. b) Zergadunak ohiko etxebizitza karguagatik edo enpleguagatik badauka eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez badu; honelako kasuetan lehen aipatutako hamabi hileko epealdia kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatu behar da. (...) 4. Zergari buruzko Foru Arauaren 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, ondoko kasuan zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da: artikulu honetan ezarritakoaren arabera eraikina une horretan beraren ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetan ohikoa izateari utzi dionean".Bestalde, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak apirilaren 5eko 1/2017 Instrukzioa eman zuen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri zituena. Hauxe zehazten du 8.20. idatza-zatian:"Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87. artikuluko 8. zenbakian eta Zergaren Araudiko 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. Hain zuzen ere, aurreko bigarren manuan ezarri denaren arabera, berrinbertsioagatiko salbuespena aplikatzeko, zergadunak bete ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da eraikin hori une horretan bere ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetako edozein egunetara arte halakotzat hartu denean (abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarria eta abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauko bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, modu iragankorrean epealdi hau lau urtera luzatu da xedapen horietan ezarritako kasuetarako). Hala ere, ondoko hauei ere aplikatuko zaie salbuespena: aurretik noizbait zergadunarentzat ohiko etxebizitza izan dena eskualdatuta lortutako ondare-irabaziei, baldin eta bertan bizi ez bada epaile batek senar-emazteak banantzeko edo izatezko bikotea azkentzeko prozedura batean emandako erabakiagatik. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko ezinbestekoa da eskualdatutako etxebizitza familiarra zergadunaren ezkontidea edo izatezko bikotekidea izan denaren ohiko etxebizitza izatea; bien ondorengoak egonez gero, haien ohiko etxebizitza ere izan behar da, araudian ezartzen denarekin bat etorriz, baldin eta abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 79. artikuluan araututako kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen badute".Horrekin guztiarekin bat etorriz, honako hau ondoriozta daiteke: kontsultaren xedeko berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatzeko, beharkizun hauek bete behar dira nahitaez: 1) zergadunaren ohiko etxebizitza osoaren edo zati baten jabetza eskualdatzea; 2) beste etxebizitza oso baten edo zati baten jabetza osoa eskuratzea (edo etxebizitza birgaitzeko); 3) beste etxebizitza hori zergadunaren ohiko etxebizitza izatea edo halakoa izatekotan egotea; eta 4) aurreko ohiko etxebizitzaren salmentan lorturiko diru-kopuru osoa inbertitzea eskualdaketa-dataren aurreko bi urteren barruan (zatizko berrinbertsioa denean, salbuespena ere zatika aplikatzen da).
Zergadunak inoren finantzazioa erabili duenez eskualdaturiko etxebizitza erosteko, hauxe da lorturiko guztizko zenbatekoa ondorio horietarako: besterentzeko unean amortizatzeke dagoen maileguko printzipalean eskualdaketa-balioa gutxitzearen emaitza. Era berean, berribertsioaren ziozko salbuespena baliatzeko eskubidea ematen dute ohiko etxebizitza eskualdatu baino gehienez bi urte lehenago eskuraturiko etxebizitza berriaren prezioa ordaintzeko salmentan lorturiko diru-kopuruek.
Ohiko etxebizitza kontzeptua PFEZFAko 87.8 artikuluan eta PFEZAko 67. artikuluan dago araututa. Hala, zehazki, hemen interesa zaigunari dagokionez eta PFEZFAko 49. artikuluan araupeturiko salbuespena aplikatze aldera, zergaduna bere ohiko etxebizitza eskualdatzen ari dela ulertuko da une horretan halakoa bada etxebizitza, edo halakoa izan bada eskualdaketa-dataren aurreko bi urteren barruko edozein egunetan (hots, etxebizitzan bizitzen jarraitzen badu salmentaren unean, edo bertan bizi bada aurreko bi urteren barruko edozein egunetan).
Horrez gain, kontuan izan behar da ohiko etxebizitza dela gutxienez hiru urtez jarraian bizi deneko etxebizitza (salbu eta ezinbesteko inguruabarra dela-eta lehenago aldatu beharra badago bizilekua).
Gainera, bidezkoa da esatea ezen, 2014ko urtarrilaren 1etik hasita, PFEZFAko 49. artikuluko berrinbertsioaren ziozko salbuespen hori aplikagarri zaiela familia-etxebizitza eskualdatzeagatik lorturiko ondare-irabaziei, betiere zergadunaren ohiko etxebizitzatzat hartu bada aurretik eta zergadunak bertan bizitzeari utzi badio epaileak hala erabakita ezkontza-banantzearen edo izatezko bikotearen desegitearen ziozko prozeduran. Horretarako, zergadunaren ezkontidea edo izatezko bikotekidea izan zenaren ohiko etxebizitzari deritzo familia-etxebizitza eta, hala denean, bi ezkontideen ondorengoen etxebizitza baldin eta PFEZFAko 79. artikuluko kenkaria egiteko eskubidea ematen badu (ondorengoen ziozko kenkaria egiteko).
Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 5eko 1/2017 Instrukzioaren 8.20 atalean (arestian hitzez hitz emandakoa) argitzen duenez, planteaturikoa bezalako kasuetan, hots, familia-etxebizitza denean, zergadunaren ezkontide ohiaren edo izatezko bikotekide ohia izan zenaren ohiko etxebizitza dela ulertzeko eta, hala denean, bi ezkontideen ondorengoena denean eta PFEZFAko 79. artikuluko kenkaria egiteko eskubidea ematen badute, PFEZFAko 87.8. artikuluan eta PFEZAko 67. Artikuluan ezarritakoa bete beharra dago nahitaez.
Lehenago ere argitu denez, PFEZAko 67. artikuluko 4. puntuak arautzen du ezen, kontsultaren xedeko berrinbertsioaren ziozko salbuespena baliatzeari begira, bidezkoa da ulertzea zergaduna bere ohiko etxebizitza eskualdatzen ari dela une horretan halakoa bada etxebizitza, edo halakoa izan bada eskualdaketa-dataren aurreko bi urteren barruko edozein egunetara arte.
Irizpide bera aplika daiteke ezkontide ohiaren ohiko etxebizitza den ala ez erabakitzeko ere, eta hala denean, bi ezkontideen ondorengoena. Hots, familia-etxebizitza den ala ez zehazteko.
Beraz, aztergai ditugun ondorioetarako, ulertu behar da, era berean, zergadunak familia-etxebizitza eskualdatzen ari dela etxebizitza hori emazte ohiaren edo izatezko bikotekidearen ohiko etxebizitza denean, eta hala denean, ordura arte bienak ziren ondorengoen familia-etxebizitza, edo eskualdaketa-data aurreko bi urteren barruko edozein egunera arte.
Emandako datuen arabera, 2005ean bizitzeari utzi zion familia-etxebizitza eskualatu zuen kontsultagileak 2016ko otsailean, dibortzio prozeduran epaileak emandako erabakia zela bide. Izan ere, etxebizitza hartan bizi izan ziren bere emazte ohia (Alzheimer diagnostikoa zuena) eta bi seme-alabak (25 eta 19 urtekoak, hurrenez hurren), 2014ko urriaren 26ra arte behinik behin, hain zuzen ere hasiera batean epaileak onetsitako hitzarmen arau-emailean ezarritakoarekin bat etorriz.
Horrenbestez, halako inguruabarretan, kontsultagileak galdeturiko familia-etxebizitza besterentzearen zioz lorturiko irabaziaren berrinbertsioaren ziozko salbuespena baliatu ahal izango du (lehenago, ohiko etxebizitza izan zen berarentzat, baina dibortzio prozeduran epaileak emandako epaia zela bide etxebizitzan bizitzeari utzi zion, eta etxebizitza gehienez ondorengo bi urteren barruan eskualdatu zen emazte ohiarentzat eta 25 eta 19 urteko bi seme-alabentzat, hurrenez hurren, ohiko etxebizitza izateari utzi zitzaion unetik), betiere, jakina, Zergaren araudian horretarako galdaturiko gainerako beharkizunak betetzen badira (lorturiko zenbatekoa ohiko etxebizitza berrian eskuratzeko berrinbertitzea, etab.).
Abenduaren 5eko 3/2013 Foru Arauko 49 eta 87. art.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko Foru Dekretuaren 49 eta 67. art.