19.05.2017
Enpresak langileen alargunei ordaindutako enpresa-osagarrien kapitalizazioa. Aplikatu beharreko zerga-tratamendua.
Enpresa jakin bateko erretiratuen eta pentsiodunen elkartea da kontsultagilea. Hark dioenez, kasu bietan 1992ra arte aintzatetsitako Enplegu-erregulazioko Espedienteen bidez aurretiazko erretiroa hartu dutenek eta baliaezintasunaren ziozko pentsiodunek eskubidea dute Gizarte Segurantzako pentsioa eta bizi artean enpresak ordaintzen dion konpentsazio osagarria ("enpresa-osagarria") kobratzeko, soldata osora iritsi arte. Agerliarrak adierazi duenez, aurretiazko erretiroa hartu dutenek %70eko integrazio portzentajea aplikatu izan dute osagarri horien gainean, betiere Lanbide-arteko Gutxieneko Soldataren bi aldiz eta erdi handiagoko kopuruan gehienez, urriaren 31ko 8/2000 Foru Arauan ezarritakoarekin bat etorriz. Horren bidez, langileek enplegu-erregulazioko espedienteen ondorioz aldian-aldian jasotako zenbait soldata-osagarriren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako tratamendua xedatu da. Horrez gain, pentsiodunak hilez gero, alargunek eta seme-alabek enpresa-osagarria kobratzeko eskubidea dute, pentsiodunek jasotzen zuten %50eraino gehienez ere. Kopuru hori hilero, urtero edo behin bakarrik ordaindu daiteke kapital gisa. Kasu honetan, 2013 eta 2015 bitartean senarrak hil zitzaizkien 33 alargunen talde batek kapital bakar gisa jasotako zenbatekoari dagokion tratamenduaz galdetu da. 1993. urtean, baldintza horiek aldarazi zituzten zenbait erabaki hartu ziren (aurretiazko erretiroa hartu zutenentzat edo ondoren baliaezintasunaren ziozko pentsioa jasotzen zutenentzat dela ulertu behar da).Jakin nahi du zein den alargunek kasu horietan jasotzeko eskubidea duten osagarria kapital bakar gisa jasotzeari dagokion zerga-tratamendu aplikagarria.
Kontsulta-idazkian eginiko galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aplikatu behar da. Horren 15. artikuluan hauxe dago ezarrita: "Kontraprestazio eta onura guztiak hartuko dira lanaren etekintzat, haien izena edo izaera zeinahi dela ere, eta diruzkoak nahiz gauzazkoak izan, betiere zergadunaren lan pertsonaletik edo hark duen lan-harremanetik edo estatutupeko harremanetik zuzenean edo zeharka eratorritakoak badira eta ekonomia-jardueren etekinak ez badira. (...)".
Hauxe erantsi du PFEZFAko 16. artikuluak: "Besteak beste, honako hauek izango dira diruzko lan etekinak: (...) e) Aurreko artikuluan zerrendatu diren harremanetatik eratorritako sari eta kalte-ordainak". Horrez gain, hauxe xedatu da PFEZFAko 19.2a) artikuluan:"1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute, oro har. 2. Alabaina, zenbaki honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kalkulatuko da portzentaje jakin batzuk aplikatuz kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari. Hauek dira portzentajeok: a) Lanaren etekinak bi urtetik gorako epean sortu direnean eta aldizka edo noizean behin lortu ez direnean, % 60 aplikatuko da; portzentaje hori % 50 izango da, berriz, sorrera-aldia 5 urtetik gorakoa denean edo, erregelamendu bidez, etekin horiek denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen direnean. Etekinak zatika kobratzen badira, etekinaren sorrera-aldia zenbatzerakoan kontuan hartuko da zenbat urtetan zatikatzen den kobrantza, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Letra honetan aipatzen diren etekinei % 100etik beherako integrazio-portzentajeak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin dira 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina 100eko 100ean integratuko da. %100 baino integrazio-portzentaje txikiagoa aplikatu behar zaien etekinak jasotzen badira, aurreko lerroaldean zehazten den 300.000 euroko muga zenbatzerakoan, lehenengo eta behin, integrazio-portzentaje txikienen dagozkien etekinak hartuko dira kontuan (...)".Hemen interesa zaigunari dagokionez, manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Arautegiko (PFEZA) 14.1 d) artikuluan dago garatuta. Hauxe ezarri da artikulu horretan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran ezarritako % 50eko integrazioa aplikatzeko, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako lanaren etekintzat jarraian adieraziko direnak soilik hartuko dira, baldin eta zergaldi bakarrean egozten badira: (...) d) Langile edo funtzionarioen heriotzaren eta lurperaketa edo ehorzketa gastuengatik ordaintzen diren prestazioak, bai publikoak, bai zurtzen erakundeek edo antzeko beste erakunde batzuek, enpresek eta erakunde publikoek ordaintzen dituztenak, Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 22. zenbakian xedatutakoaren arabera salbuespenaren gehieneko muga gainditzen dutenak. e) Muga gabeko iraupeneko ordainsari osagarrien, pentsioen edo urtekoen konpentsazio edo erreparazio gisa edo lan-baldintzak aldatzeagatik ordaintzen diren kopuruak. (...)".
Planteaturikoa bezalako kasuetan, hain zuzen kasuan kasuko kobrantza zuzenean aintzatesten zaienean enplegatuaren jaraunsleei (alargunari edota seme-alabari), jaraunsleek lan-etekin gisa integratu behar dituzte zio horrengatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian jasotako zenbatekoak, PFEZFAkok 12.2 eta 16 e) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz. Hauxe xedatu da artikulu horietatik lehenak:"2. Etekina jasotzeko eskubidea sortu duenari egotziko zaizkio bakar-bakarrik lanaren etekinak. Alabaina, foru arau honetako 18. artikuluko a) idatz-zatian aipatzen diren prestazioak, euren alde aitortuak dituzten pertsona fisikoei egotziko zaizkie".
Ildo horretan, kontuan izan behar da ezen, kontsultaren xedeko bezalako kasuetan, jaraunsleek ez dutela enplegatuaren edo pentsiodunaren eskubiderik jasotzen (ondarearen barrukoa dena dagoeneko), baizik eta eurek zuzenean eskuratzen dute enpresak heriotzagatik aintzatetsitako prestazioa kobratzeko eskubidea.
Halaber, hildako langileen jaraunsleek jaso beharreko kontsultaren xedeko osagarri horiek konpainiaren barne funtsetatik datozenez gero (eta ez enpresak pentsioen ziozko konpromisoak kanpoko enpresa bati agindutako aseguru kolektiboko ezein kontratutik), kobrantza horren ondoriozko errenta hartzaileen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari lotuta egongo da, eta ez Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergari.
Horrez gain, kasu honetan, PFEZAko 14.1. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharra dago. Izan ere, horren arabera, denboran era irregular nabarmenean lorturiko lan etekinak dira, besteak beste, langileen edo funtzionarioen heriotzagatik eta lurperatze gastuengatik jasotakoak, bai publikoak, bai Umezurtzen Elkargoek eta antzeko erakundeek eta enpresa eta erakunde publikoek eginikoak, betiere, hala denean, PFEZFAko 9.22. artikuluan (lurperatzearen gaineko prestazioari buruzkoa, zio horregatik jasanarazitako gastuen muga izanik) salbuetsitako zenbatekotik gorakoak badira, baita soldata-osagarriak, pentsioak edo iraupen mugagabeko urtekoen konpentsaziorako edo ordainketarako diru-kopuruak ere, edo lan-baldintzak aldatu izanaren ondoriozkoak, nolanahi ere zergaldi bakarrean ezarri beharrekoak badira betiere.
Azken finean, beraz, PFEZFAko 19.2. artikuluan eta PFEZAko 16. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, jaraunsleek (alargunak eta seme-alabak) konpainiako lehengo langileen heriotzaren ondorioz jasotako zenbatekoak lan etekin gisa egongo dira lotuta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, eta 100eko 50ean integratu ahal izango dira, gehienez 300.000 euro, etekin horiek zergaldi bakarrean badira ezargarriak.
Urteko 300.000 euroko muga hori ez da aplikagarria izango PFEZFAko hogeigarren xedapen iragankorrean aipaturiko kasuetan. Hauxe ezarri da artikulu horretan: "1. Foru arau honetako 19.2 artikuluan eta 25.4 artikuluan ezarritakoa gorabehera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoarekin bat denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen diren etekinei, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen hitzartutako kontratu edo akordioei badagozkie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie".
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 15,16, 19.2.a) art.Apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 14.1 d) art.Urriaren 31ko 8/2000 Foru Araua