www.bizkaia.eus/guregida


2017/05/19ko kontsulta


  
Data

19.05.2017

Erreferentzia

Etxebizitza-kontua eta eraikuntza.

Galdera

Kontsulta egileak etxebizitza-kontu bat ireki zuen 2005ean, eta 2008. urtera arte ekarpenak egin zizkion. Horien gainean kenkariak egin zituen, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenetan. 2008an, kooperatiba bat eraikitzen ari zen ohiko etxebizitza bat adjudikatu zitzaion, eta etxebizitza-kontuan sartutako dirua etxebizitzaren prezioaren konturako lehen ordainketa egitera bideratu zuen. 2011n beste etxebizitza-kontu bat ireki zuen. Izan ere, une hartan kooperatibak artean ez zuen hasi etxebizitzen eraikuntza. 2016an, kooperatiba hartzekodunen konkurtsoan sartu zen, eta agerliarrak baja eskatu zuen kooperatiban. Beste kooperatiba batean sartzeko aukera eskaini zitzaion, bazkide-erreserbarekin eta aurreko kooperatibari hasieran ordaindutako zenbatekoak onartuz. Beranduago, kontsulta-egileari proposatu zitzaion partikular batengandik eskuratzea babes ofizialeko etxebizitza baten azalera-eskubidea, Eusko Jaurlaritzak finkatutako prezioan.Hauxe jakin nahi du:1) 2005ean irekitako etxebizitza-kontuan sartutako diru guztia -2008. urtera arte kenkaria aplikatu ziona- bere xederako behar bezala bideratu duela uler daitekeen ala ez, kenkari horiek egiteko eskubidea ez galtzeko moduan, hasieran haren ohiko etxebizitza eraiki behar zuen kooperatiba ez den kooperatiba bati aldatzearen ondorioz.2) 2011n irekitako etxebizitza-kontuaren saldoa beste etxebizitza baten gaineko azalera-eskubidea eskuratzean inbertitu ahal duen, eta kontu horretan ekarpenak egiten jarraitu ahal duen.

Ebazpena

Kontsulta idazkian egindako galderei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 87. artikulua. Hau xedatzen du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea % 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: (...) b) Erregelamendu bidez ezarritako formalizazio- eta erabilera-baldintzak betetzen dituzten kreditu-erakundeetako kontuetan gordailutzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira, kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen. Ez da bete gabekotzat hartuko erabilera-baldintza, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak berriro osorik sartzen badira kreditu erakunde berean edo beste kreditu-erakunde batera osorik eramaten badira zergaren sortzapena gertatu baino lehen. Zergaduna letra honetako lehen lerroaldean aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, ez da bete gabekotzat hartuko etxebizitza-kontuko kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzeko obligazioa. Ezin izango da berriro kenkaririk egin letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru-kopuruak direla eta, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean. c) Erregelamendu bidez zehazten diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, besteak beste, etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea"

Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 69. artikuluan garatu da, besteak beste. Hauxe ezarri da bertan: "1. Kreditu-erakundeetan beste edozein ezarpen motatatik bereizitako kontuetan gordailatzen diren kopuruak ohiko etxebizitzaren eskuraketarekin parekatuko dira kasu honetan: kenkarirako eskubidea sortzen duten kopurua zergadunaren ohiko etxebizitza erosteko erabiltzen bada sei urte pasatu baino lehen. Aurreko baldintza ez da beteko gordailatutako kopurua beste etxebizitza-kontu batean ezarrita. 2. Ondoko kasuetan kenkaria aplikatzeko eskubidea galduko da: a) Zergadunak etxebizitza-kontuan gordailatutako kopuruak, kenkaria egiteko eskubidea sortarazi dutenak, ohiko etxebizitza erosteko ez beste xede baterako erabiltzen baditu eta zergaren sortzapena gertatu aurretik kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik birjartzen ez badira edo kontu horretara aldatzen ez badira. Gordailatutako kopuruen zati bat erabiltzen bada, erabilitako kopuruak zergadunak lehenengo gordailatutakoak direla pentsatuko da. b) Kontua irekitzen denetik sei urte pasatzen badira kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen duten kopuruak ohiko etxebizitza erosteko erabili gabe. c) Ondoren egiten den ohiko etxebizitzaren eskuraketan ez badira betetzen kenkari hau aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak. 3. Zergadun bakoitzak etxebizitza-kontu bat bakarrik eduki dezake. 4. Etxebizitza-kontuak bereizita identifikatu behar dira Zergaren autolikidazioan; gutxienez datu hauek adierazi behar dira: - Kontua dagoen erakundea.-Kontuaren zenbakia. -Kontua ireki den eguna.-Ekitaldian zenbatean gehitu den kontuaren saldoa. 5. Aplikatutako kenkariak egiteko eskubidea galduz gero, zergadunak ondoko hauek batu behar dizkio kenkarirako baldintzak bete ez dituen zergaldiko zerga-kuotari: kendutako kopuruak eta Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluan aipatzen diren berandutze-korrituak".

Beste alde batetik, PFEZAren 68. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza erostearen parekoak dira: (...) b) Eraikuntza; zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. (...) 2. Epaileak onartutako konkurtsoaren ondorioz sustatzaileak ez baditu eraikuntza obrak lau urteko epealdian amaitzen (artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letra), edo ezin baditu etxebizitzak epealdi horretan eman, epealdia beste lau urte luzatuko da. Kasu horietan hamabi hilabeteko epealdia, aurreko artikuluko 2. paragrafoko lehenengo paragrafoan aipatzen dena, etxebizitza ematen den egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Paragrafo honetan ezartzen den epealdia luzatzeak ondoreak sortu ditzan ezinbestekoa da zergadunak zergaldiko autolikidazioari, hau da, hasierako epealdia bete ez den zergaldikoari, etxebizitzan egindako inbertsioen frogagiriak eranstea, edo egoera horietarik bat gertatu dela frogatzen duen agiria. Idatz-zati honetako kasuetan zergadunak ez dauka dirurik sartu beharrik eraikuntza-obrak amaitzeko lau urteko epealdi orokorra ez betetzeagatik. 3. Zergadunari leporatu ezin zaizkion aparteko inguruabarrengatik obrak bertan behera utzi behar badira eta ondorioz ezin badira amaitu artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatzen den lau urteko epealdian, zergadunak epealdia luzatzeko eskatu ahal izango dio Zerga Administrazioari lau urteko epealdia amaitu ondoko hilean. Eskaeran epealdia zergatik ez den bete azaldu behar da, eta eraikuntza-obrak amaitzeko zenbat denbora beharko den zehaztu behar da (ezin da izan lau urte baino luzeagoa).. Aurreko paragrafoan adierazitakoari dagokionez, zergadunak frogagiri egokia aurkeztu beharko du. Aurkeztutako agiriak ikusita, Zerga Administrazioak erabakiko du eskatu den luzapen hori bidezkoa denez, bai eta epealdia zenbat luzatuko den ere (luzapenak ez dauka nahitaez zergadunak eskatutakoa izan behar). Epealdiak luzatzeko eskaerak berariaz ebazten ez badira hiru hileko epealdian, ezetsitzat hartu behar dira. Luzapena ematen bada, obrak bertan behera geratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. (...)".

Gai horri dagokionez, ondoko hau argitu du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 5eko 1/2017 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 15.8.13 idatz-zatian: "Etxebizitzaren eraikuntza eta ohiko etxebizitzaren eskuratzea asimilatu egingo dira, baldin eta zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. Horretarako, oro har, eraikuntza-obrak amaitzeko ezarritako lau urteko epealdia zergadunak, inbertsioak direla eta, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkariarekin lotutako onuraren bat lortzen duen lehenengo alditik aurrera konputatzen hasi behar da (kenkariaren aplikazioa, etxebizitza-kontuaren saldoaren helburua, berrinbertsioa gauzatzea)".

Era berean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua aplikatzeko irizpideak ezarri dituen Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 5eko 1/2017 Jarraibidearen 15.8.15 idatz-zatian hauxe argitu da: "a) Zergaren Araudiko 69. artikuluan ezarritakoa dela bide, kreditu erakundeetan (ezarpen mota guztietatik bereizitako kontuetan) gordailatzen diren kopuruak zergadunak ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko erabili dituela pentsatuko da, baldin eta kenkari eskubidea sortu duten kopuruak beraren ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko ez beste ezertarako erabili badira. Idatz-zati horretan "kenkari eskubidea sortu duten kopuruak" esamoldea ageri da, eta esan nahi du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatu dela. Gordailaturiko kopuruak baliatzeko betekizunak betetzat joko dira, baldin eta kenkaria aplikatzeko eskubidea sortu duten kopuruak zerga sortu aurretik berriz jartzen badira edo kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik jartzen badira. b) Diru-kopuru batzuk baliatzea: Kontuko kopuru batzuk ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko barik beste zerbaitetarako baliatzen badira eta Zerga ordaindu baino lehen berriz jartzen ez badira, hurrenkera honetan baliatu direla pentsatuko da: - Lehenik eta behin, kenkaria egin ez zaien diru-kopuruak, eta gordailaturiko zenbatekoa handiagoa izango balitz, - Lehenbizi gordailaturikoak. c) PFEZaren araudian ez da ezarri, oro har, etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, hain zuzen ohiko etxebizitza eskuratzean edo birgaitzean kenkaria egiteko eskubidea ematen duen etxebizitza-kontuaren saldoa. Hala eta guztiz ere, azken ondore horietarako, kontuan hartu behar da abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarriak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 8 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2008ko urtarrilaren 1a eta 2009ko abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauaren lehenengo xedapen gehigarriak neurri hau zabaldu du 2010eko urtarrilaren 1aren eta 2011ko abenduaren 31aren artean epe arrunta amaitzen zaien etxebizitza-kontuetara. Era berean, kasu hauetan, epea luzatzen den bi urteetan ordaintzen diren zenbatekoek ere ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik kenkaria egiteko eskubidea emango dute. Azkenik, otsailaren 29ko 1/2012 Foru Arauak 7 urtera luzatu zuen etxebizitza-kontuen epea, beraien 6 urteko epea 2012ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean amaitzen baldin bazen. Aurreko kasuetan legez, epea luzatzen zen urte horretan ordaintzen diren zenbatekoek ere ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik kenkaria egiteko eskubidea eman zuten. Legez ezarritako luzapenen ondorioz, 2004an irekitako etxebizitza-kontuetarako finkatutako gehienezko epea 2012an bete zen. 2013an bete zen 2005ean (abenduaren 23ko 3/2009 Foru Araua), 2006an (otsailaren 29ko 1/2012 Foru Araua) eta 2007an (abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) irekitako kontuei dagokien gehienezko epea. 2014an, 2008an irekitako kontuen epea bete zen. 2015ean, 2009an irekitako kontuen epea bete zen. Azkenik, 2016an, 2010ean irekitako kontuen epea bete zen. d) Zergapekoak bere bizilekua beste lurralde batera (komuna edo forala izan) aldatuz gero, Bizkaian egindako kenkarietarako eskubidea finkatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituenetz ebazteko eskumena Foru Ogasun honi dagokio, eta lurralde historiko honetan indarrean dagoen araudia aplikatuko du. Baldintza horiek betetzen ez badira, Bizkaian kendutako zenbatekoak Foru Ogasun honetan ordaindu beharko dira, dagozkien berandutza-korrituekin batera, non ere bizi den zergaduna baldintzak bete gabe. e) Zergadun bat etxebizitza-kontuari emandako epealdia amaitu aurretik haren saldoa bere ohiko etxebizitza erosten edo zaharberritzen inbertitu gabe hiltzen bada, hari emandako zenbatekoetan egindako kenkariak (hiltzearen ondorioz bere xederako erabili ez direnak) ez dira itzuli beharko. Aitzitik, etxebizitza-kontu horri dagokion epealdia amaitu ondoren hiltzen bada,etxebizitza-kontuaren zenbatekoei egin eta bere xederako erabili ez diren kenkariak itzuli beharko dira, bidezko berandutza-korrituekin batera. f) Aurreko c) letran ezarritakoa gorabehera, etxebizitza eraikitzea eta hori eskuratzea loturik dauden heinean, balizko kasu horietan (eraiki beharreko etxebizitzak) bi aukera daude etxebizitza-kontuko saldoa egoki inbertitutzat jotzeko: 1) Zergadunak kenketaren xede izan den kontuaren saldo osoa erabiltzea higiezinaren jabetza osoa erosteko, etxebizitza-kontuei ematen zaien 6 urteko epea amaitu baino lehen. Horrela, une horretarako, dena delako higiezina erosteko eskritura publikoa gauzatuta egongo da. 2) Zergaduna etxebizitzaren eraikuntzaren sustatzailearentzako konturako ordainketak egiten hastea (edo zuzenean diru-kopuruak ordaintzea hori eraikitzeko obrak egikaritzeagatik) kontuan gordailatutako zenbatekoaren kontura, kontua ireki denetik 6 urteko epea amaitu baino lehen. Kasu horretan, ulertu behar da kenketaren xede den kontuaren saldoa haren xederako behar bezala erabili dela epearen barnean, baldin eta: a) higiezina eraikitzeko obrak oro har gehienez lau urtetik gorako epean -inbertsioa abiarazi denetik zenbatzen hasita- amaitzen badira (eta higiezinaren gaineko jabetza osoa eskuratzen bada alde juridikotik); epe hori Zergaren Araudiko 68. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako kasuetan luzatu ahalko da; eta b) eraikitzeko epean (printzipioz, 4 urte) zergadunak kenkaria izan duen kontuaren saldoa erabiltzen badu eraikuntzaren sustatzailearentzako konturako ordainketak egiteko (edo zuzenean berak eraikitzeko obrak egikaritzeko). Ildo horretan, Zergaren araudiak etxebizitza-kontuei ematen dien epea, 6 urtekoa kontua hasten denetik zenbatuta, ezin luza daitekeela, baina uste du luzapenik ez izate hori alde batetik honi dagokiola: kenkaririk ezin aplikatzea epe hori igarotakoan (6 urtekoa) eginiko ekarpenen gainean; eta bestetik, kenkaria aplikatu zaien eta gordailatu diren diru-kopuru guztiak Zergaren araudian beren beregi ezarritako helburuetarako nahitaez erabili beharra, ohiko etxebizitza eskuratzeko adibidez. Baina hori ez da eraikuntzarekin berdinesten. Beraz, pentsatu daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa epearen barnean behar bezala inbertitu dela, higiezinaren eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiten hasten badira edo obrak egiteko kopuruak zuzenean ordaintzen badira etxebizitza-kontu horren kontura kontua ireki eta hurrengo 6 urteko epearen barnean, baldin eta obrak 4 urteko gehieneko epean amaitzen badira, inbertsioa abiarazten denetik zenbatuta (zenbait kasutan epe hori luza daiteke) eta 4 urte horien barnean etxebizitza-kontuaren saldo osoa inbertitzen bada. Kontuaren saldoaren zati bat bakarrik erabiltzen bada eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiteko edo etxebizitza eraikitzeko 4 urteko epe horretan, zati hori baino ez da behar bezala inbertitutakotzat joko (horrenbestez, gainerakoen gainean egindako kenkarietarako eskubidea galduko da). Hortaz, eraikitzen ari diren etxebizitzak direnean, 10 urtera arte luzatu daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa erabiltzeko gehieneko epea, kontu hori irekitzen denetik zenbatzen hasita (6 urte etxebizitza-konturako, gehi beste 4 higiezina eraikitzeko, eta bi kasuetan luzatu egin daiteke epea).

Horrekin guztiarekin bat etorriz, zergadunek ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egin dezakete etxebizitza-kontura ekarritako kopuruen gainean, baldin eta kenkariaren xedeko zenbateko horiek ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko erabiltzen badira kontua irekitzen denetik 6 urte igaro baino lehen. Modu iragankorrean, kasu batzuetan, esate baterako kontsulta egilearen kasuan, epe hau 8 urtera arte luzatzen zen, etxebizitza-kontua 2005ean ireki baitzen.

Hasteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudian ez da ezarri etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko legez emandako epea (6, 7 edo 8 urtekoa) luzatzeko kasurik, ohiko etxebizitza eskuratzean edo birgaitzean kenkaria egiteko eskubidea eman duenik.

Epe horren mugaeguna iritsi eta kenkaria jaso duen saldo osoa lehen aipatutako helburuetarako inbertitu ez bada, galdu egingo da aplikatu barik dauden zenbatekoen gaineko kenkaria aplikatzeko eskubidea. Kasu horretan, kontuan sartu diren eta kenkaria jaso duten lehenengo kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabili ez direla pentsatzen da, harik eta epe barruan helburu horretarako erabili ez den saldora iritsi arte. Halaber, galdu egingo da etxebizitza kontuan egindako ekarpenen zioz aplikatutako kenkarietarako eskubidea, baldin eta zergadunak ohiko etxebizitza erosteko ez eta beste xede batzuetarako erabili baditu kenkarietarako eskubidea sortu duten diru kopuruak (eta ez baditu berrezartzen edo zerga sortu aurretik ez baditu osorik sartzen kreditu erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean) edo diru kopuru horiekin erositako etxebizitza ez bada ohiko etxebizitza.

Kasu hauetan, zergadunak urratzearen ekitaldian sorturiko zergaren kuotari bidegabeko kenkaria jaso duten zenbatekoak gehitu beharko dizkio, berandutze-interesekin batera.

Ondore horietarako, etxebizitzaren eskuraketaren parekoa da eraikuntza, zergadunak zuzenean ordaintzen dituenean obra-burutzapenaren ondoriozko gastuak edo obren sustatzaileari kopuruak kontura ematen dizkionean, betiere kasu bietan lanak oro har lau urteko epearen barruan amaitzen badira (eta etxebizitzaren jabetza eskuratzen denean arlo juridikoaren arabera) inbertsioa egiten hasten denetik zenbatzen hasita. Horri dagokionez, inbertsioaren hasiera da ohiko etxebizitzan inbertitzearekin lotutako etekinen bat lortzen den lehen ordainketa egiteko unea (adibidez, kenkaria egitea, edo etxebizitza-kontuaren saldoa osorik edo zati batean erabiltzea). Epea luza daiteke gorago transkribatu diren PFEZAren 68. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako kasuetan (sustatzailearen konkurtsoaren edo beste arrazoi batzuengatik obrak geldiaraztearen gaineko adierazpena). Beraz, bidezkoa da eraikitzen ari den etxebizitzaren konturako ordainketak egiteko erabiltzea etxebizitza-kontuaren saldoa, kontua irekitzen denetik 6 urteko epearen barruan (kontsultaren kasuan 8 urteko epearen barruan) higiezinaren jabetza eskuratu ez bada ere.

Aurkeztutako idazkian adierazi denez, eskuratzaileak 2008an eraikitzen zegoen etxebizitzaren sustatzaileari ordainketa bat egin zion, titular zen etxebizitza-kontuaren kontura; horrenbestez, hasiera batean, eraikuntza obrak amaitzeko zeukan epea eta, horrela, zenbateko hori behar bezala inbertitu zuela ulertu ahal izateko, lau urte beranduago amaitu zen, hau da 2012an. Une honetan PFEZAren 68.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, kontsulta egileak epe hori luzatzeko eskatu ahal zuen Bizkaiko Foru Ogasun honetako Zuzeneko Zergen Zerbitzuaren aurrean, epea mugaeguneratu ondoko hilabetearen barruan, ez-betetzearen arrazoiak agerraraziz, eta obrak amaitzeko kalkulatzen zuen denbora ere bai, beste lau urte baino gehiago izan ezin zitekeena.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudiak eraikuntza obrak amaitzeko ematen duen lau urteko epea (beste lau urtez luza daitekeena) amaitu da, eta obrak bukatu gabe daude. Beraz, ulertu behar da sustatzaileari ordainketak egiteko inbertitu den etxebizitza-kontuaren saldoa beste xede batera bideratu dela, eta ez ohiko etxebizitza eskuratzera (zehazki, sustatzaileari ordainketak egitera bideratu da, higiezinaren eraikuntza haren eraikuntzan asimilatu ezin den kasu batean).

Gainera, kasu honetan kontuan izan behar da, halaber, kontsulta egileak ez duela hasieran 2008an kontratatutako etxebizitza inoiz eskuratuko.

Horrenbestez, ondorioztatu behar dugu agerliarrak galdu egingo duela 2008an adjudikatu zitzaion etxebizitza erosteko inbertitutako kontuaren saldoaren kenkariak egiteko eskubidea, eta kenkari horien zenbatekoa 2012ko ekitaldiko zergaren kuotan edo 2016ko ekitaldiko kuotan (kasuaren arabera) gehitu beharko duela, berandutza-interesekin batera. Modu berean, etxebizitza horretan inbertsio bat egitearen ondorioz egin dituen gainerako kenkariak erregularizatu beharko ditu.

Zerga-egoera erregularizatutakoan, hau da, bidegabe egindako kenkari guztiak eta berandutza-interesak itzuli ondoren, zergadunek berriro ere kontsultaren xedea den kenkaria egin ahalko dute, erregularizatu den ekitaldiaren ondoko ekitalditik aurrera, ohiko etxebizitza eskuratzeko ordaintzen diren zenbatekoetan, bertan edo beste etxebizitza-kontu batean egiten dizkioten ekarpenak barne.

Horri buruz, kontsulta egileak adierazi du beste etxebizitza-kontu baten titularra dela, 2011. urtean irekia, eta haren saldoa aurrekoa ez den etxebizitza baten erosketan inbertituko duela (horren kenkariak 2012an edo 2016an erregularizatu beharko ditu, kasuaren arabera).

Horrenbestez, Zuzendaritza Nagusi honek ulertzen du agerliarrak etxebizitza-kontu horren saldoa galderan aipatutako babes ofizialeko etxebizitza baten gaineko azalera-eskubidea erostera bideratu ahalko duela, horrela berari egindako ekarpenen ondorioz egindako kenkarien eskubidea bermatuz, baldin eta 6 urteko epean egiten badu. Epe hori Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudiak ematen du (epe horren barruan inbertitu beharko du saldo hori, eta epe horren barruan eskuratu behar du azalera eskubidea). Hori guztia, noski, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudian ezarrita dauden gainerako baldintzak betetzen baditu, jakina. Bestela, etxebizitza-kontu berriaren saldoa etxebizitza berri bat eraikitzera bideratu ahalko du, baldin eta zergaren araudian horretarako exijitzen diren betekizunak betetzen baditu (dagoeneko aztertuta daude).

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87. artikulua.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 68 eta 69. artikuluak.

Itzuli