www.bizkaia.eus/guregida


2017/05/19ko kontsulta


  
Data

19.05.2017

Erreferentzia

PFEZa. Enplegua erregulatzeko espedientea. Luzaroko langabezia eta erretiroa. BGAEa eta pentsio-plana.

Galdera

Kontsulta-egilea enplegua erregulatzeko espediente (EEE) batean sartu zen 2013ko abenduan, eta gaur egun luzaroko langabezian dago. Adierazitakoaren arabera, BGAE bateko bazkidea eta pentsio-plan bateko partaidea da, biak banakako sistemakoak direla, eta horietatik zegozkien hartukizunak kobratzeko asmoa zeukan 2016a amaitu baino lehen, luzaroko langabezia zela-eta. Gainera, enpleguko pentsio-plan bateko partaidea da, eta horretatik kobratu ahalko du erretiro-adinera heltzen denean edo aurreko edozein unetan, erretiroaren aurrerakin gisa, lan-merkatuan berriro sartu ezean.Jakin nahi du Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aldetik zer tratamendu dagokien eskuratu nahi dituen bi hartukizunei: 1) 2016an banakako sistemako pentsio-planetik eta BGAEtik luzaroko langabeziagatiko prestazioa kobratzea kapital gisa; eta 2) etorkizunean enpleguko pentsio-planetik erretiroagatiko prestazioa kobratzea kapital gisa.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian eginiko galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 18. artikulua aplikatu behar da. Hau ezarri da artikulu horretan: "Ondokoak ere lanaren etekintzat jo behar dira: a) Honako prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazio hauek: a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide osoek eta haien onuradunek jasotako zenbatekoak, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik, entitatea desegin edo likidatzeagatik, edota gaixotasun larriaren kasuan nahiz iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotakoak barne. Dena den, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik nahiz entitatea desegin edo likidatzeagatik jasotako zenbatekoak, oso-osorik, borondatezko gizarte aurreikuspeneko beste entitate batean sartzen badira, bi hilabeteko epea igaro baino lehen, zenbateko horiek guztiak ez zaizkio batuko zergaren zerga-oinarriari. b) Pentsio planen onuradunek jasotako prestazioak -gaixotasun larrien kasuan edo iraupen luzeko langabezia egoeretan modu aurreratuan erabilitako zenbatekoak barne- eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an emandako 2003/41/EB Zuzentarauan araututako pentsio-planetatik jasotakoak (zuzentarau hori enpleguko pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoa da) . (...)".

Bestalde, PFEZFAren beraren 19. artikuluak hauxe dio: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute, oro har. 2. Alabaina, zenbaki honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kalkulatuko da portzentaje jakin batzuk aplikatuz kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari. Hauek dira portzentajeok: (...) b) Foru arau honetako 18.a) artikuluan aurreikusitako prestazioak 6. zenbakikoak kanpoan utzita kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da. Aurreko paragrafoan ezartzen dena gorabehera, kapital gisa jasotako zenbatekoa % 60an integratuko da, kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere bi urte baino gehiago igaro badira lehenengo ekarpena egin zenetik Prestazioak baliaezintasun edo mendetasunagatik jasotzen badira, ez da galdatuko bi urteko epea pasatzea. Orobat, letra honetan ezartzen den tratamendu bera emango zaie gaixotasun larriagatik eta iraupen luzeko langabeziagatik jasotzen diren kopuruei ere. Letra honetan jasotzen den % 60ko integrazio-portzentajea berdin aplikatuko zaio estalitako kontingentziak baino beste arrazoi batzuengatik eta 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik jasotako lehenengo zenbatekoari. Letra honetan ezarritako ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehenengo zenbatekotzat. (...) Zenbaki honetako b) eta c) letretan aipatzen diren etekinei 100eko 100etik beherako integrazio ehunekoak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina 100eko 100ean integratuko da. (...)".

Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren (PFEZA) 15. artikuluan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran ezarritako integrazio-ehunekoa (% 60) kontingentzia bakoitzagatik kapital modura jasotzen den lehenengo prestazioari (18. artikuluko a letrakoak; 6. zenbakikoei ez) bakarrik aplikatu ahal zaio, lehenengo ekarpenetik urte bi baino gehiago pasatu badira. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasunagatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte pasatuta egotea. Urte bakar batean jaso ez bada, kontzeptu bakoitzagatik jasotako lehenengo prestazioari aplikatuko zaio % 60ko integrazioa, horretarako ezarritako betekizunak betez gero. Hori dela eta, hauxe da lehen prestazioa: zergaldi batean kontingentzia bakoitzagatik kapital gisa jasotzen diren diru kopuru guztien batura. Aurreko guztia gorabehera, zergadunak prestazioa kobratzen duen lehenengo urtean ez dauka nahitaez kapital gisa jasotzen duen kopuruaren % 60 integratu beharrik. Aitzitik, integrazio-ehuneko hori bigarren ekitaldian eta hurrengoetan modu berean lortzen dituen kapital zenbatekoei aplikatzea hautatu dezake, baldin eta lehendik aplikatu ez badie. Kontingentzia batengatik lehenbizikoz prestazioa jasotzen denean batera jasotzen badira alde batetik kapital bakarra eta gainera aldizkako errenta bat, lortutako kopuruak honela integratu behar dira: a) Errenta gisa jasotako prestazioari dagokionez, ekitaldian jasotako kopuruaren % 100. Horretarako, errenta-prestazioa da aldizka bi ordainketa edo gehiago jasotzea (gutxienez ordainketa bat urtean). b) Kapital gisa jasotakoaren % 60, lehenengo ekarpena egin denetik bi urte baino gehiago pasatu badira. Prestazioa elbarritasunagatik edo mendekotasunagatik jasotzen bada, ez da beharrezkoa lehenengo ekarpenetik bi urte pasatuta egotea. 2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeko, ondoko hauetako bakoitza kontingentzia bat izango da: a) Erretiroa hartzea, laneko arautegian ezarritako kasu guztietan. b) Baliaezintasuna. c) Kausatzaile bakoitzaren heriotza. d) Iraupen luzeko langabezia. e) Gaixotasun larria. f) Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen Testu Bategineko 8. artikuluko 8. idatz-zatian ezarritako kontingentziak edo egoerak gertatzeagatik ez beste arrazoi batzuengatik jasotzen diren kopuruak. 3. Zergari buruzko Foru Arauko 18. artikuluko a) letran ezarritako prestazio mistoa jasoz gero, hau da, mota guztietako errentak eta kapital kobrantzak bateratzen dituen prestazioa, 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako ehunekoak kapital modura kobratutako kopuruei bakarrik aplikatu ahal zaizkie. Hain zuzen ere, errenta-prestazioak kobratzen hasi ondoren errenta aurreraturik berreskuratzen bada, lortutako etekinari prima edo ekarpen bakoitzak errenta eratzerakoan duen antzinatasunaren araberako integrazio-ehunekoa aplikatuko zaio. (...)".

Horrez gain, PFEZAren 16. artikuluan hauxe errepikatu da: "Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluaren arabera % 100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa)".

PFEZFAren 19.2.b) artikuluan ezarritako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatzeari begira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. zenbakietan aipatutako gizarte aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren zenbatekoei, diru-kopuru horiek ordaintzaile bakarrak eman zein ordaintzaile gehiagok eman. Hau da, tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letran aipatzen diren BGAEetatik, pentsio planetatik, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetatik, enpresen gizarte aurreikuspeneko planetatik, bermatutako aurreikuspen-planetatik eta mendekotasun-aseguruetatik jasotzen diren kopuruei.

BGAE-ek estalitako kontingentziei dagokienez, hauxe ezarri da Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legean: "1. Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez, lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonal batzuetara edo guztietara. a) Erretiroa. Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa izango dira. Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan zehaztutako adinean gertatu dela joko da -inoiz ez hirurogei urtetik behera-; betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo horri utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan. Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera, betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo horri utzita badago. (...) e) Luzaroko langabezia. Hau da, enplegua galtzea edo, langile autonomoen kasuan, jarduera etetea, honako irizpide hauen arabera erregelamenduz garatuko diren baldintzak betetzen badira: - Legez langabezia egoeran egotea, ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzen duela urtebetez, non eta ez zaion hori baino lehen prestazio hori amaitu. - Ez bada ordaindutakoaren araberako langabezia-prestaziorik jasotzen, prestazioa berehalakoan jaso daiteke, enplegu-eskatzaile gisa legezko langabezian egotea egiaztatuz gero.- Prestazioa hileroko errenta gisa ordainduko da, eta ordaindutakoaren araberako prestazioaren baliokidea izango da, non eta bazkideak ez duen eskatzen prestazioa ordainketa bakarraren bidez ordaintzea, enplegua bultzatzeko helburu zehatzarekin. (...)".

Puntu honetan kontuan hartu behar da otsailaren 23ko 5/2012 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak trantsizio aldia ezartzen duela lege hori 2012ko martxoaren 7an indarrean jarri aurretik eratutako BGAE-en estatutuak egokitzeko: "Lege hau argitaratu baino lehen eratutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek, hala badagokio, lege horri buruzko erregelamendua indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean egokitu beharko dituzte beren estatutuak. Egokitzapen horri dagozkion erabakiak bertaratutakoen edo ordezkatutakoen boto-eskubidearen erdia gehi baten aldeko baliozko botoaren bidez hartuko dira; ez da, beraz, 51.2 artikuluan estatutuak aldatzeko aurreikusitako gehiengo kualifikatua eskatuko".

Horrela, zehazki, 2016ko urtarrilaren 1ean Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua, urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onartutakoa, jarri zen indarrean, eta haren lehenengo xedapen iragankorrak honakoa xedatzen du: "Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren estatutuak, erregelamenduak, eta gainerako legezko dokumentazioa eta bestelako eskakizun operatiboak moldatu beharko dituzte, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legeari eta Erregelamendu honi egokitzeko, egokitu beharra dutenean, Dekretu hau indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean. Egokitzapen horri dagozkion erabakiak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean ezarritako moduan hartuko dira. Epe berean, bere sailkapenekoak ez diren gizarte-aurreikuspeneko planak dauzkaten borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek plan horiek bereizi eta ezaugarri berak betetzen dituen beste erakunde batean sartzeko erabakiak hartu beharko dituzte".

Halere, lehenago, Ogasun eta Finantzen sailburuordearen 2012ko uztailaren 26ko Jarraibideak, Borondatezko Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko 5/2012 Legearen zenbait artikulu interpretatzeko irizpideak onesten dituenak, Euskadiko Borondatezko Aurreikuspeneko Erakundeen Federazioaren kontsultari erantzunez, hau argitzen du: otsailaren 23ko 5/2012 Legearen lehenengo xedapen iragankorrean adierazitakoa gorabehera, BGAE-en estatutu eta araudietako manuren bat otsailaren 23ko 5/2012 Legean ezarritakoaren kontrakoa bada, indargabetutzat jo behar da lege hori indarrean jarri zen egunetik, hau da, 2012ko martxoaren 7tik. Horrenbestez, otsailaren 23ko 5/2012 Legean araututakoa argi eta garbi automatikoki aplikatzen zitzaien BGAE-ei (haien estatutuak edo araudiak aldatu edo egokitu beharrik ez zeukaten aldietan ere bai).

2016ko urtarrilaren 1az geroztik, otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudiak (urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onetsiak) iraupen luzeko langabeziaren prestazioa kobratzeari buruzko 33. artikuluan dakarrena bete behar da. Horren arabera: "Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak luzaroko langabeziaren kontingentzia babesten duenean, luzaroko langabeziatzat ulertuko da lanpostua galtzea, edo jarduerari uztea langile autonomoak direnean, baldintza hauek betetzen direnean: a) Legezko langabezian egotea. Legezko langabezia egoera gertatzen dela pentsatuko da lan harremana edo administrazio harremana azkentzen eta lan kontratua eteten denean; egoera horiek legezko langabezia egoeratzat jotzen dira Gizarte Segurantzaren legedian. b) Kotizaziopeko langabezia-prestazioetarako eskubiderik ez izatea, edo, hala denean, urtebetean kobratu izana edo prestazio horiek agortu izana. Urtebetea zenbatu ahalko da, nahiz eta langabezian emandako hamabi hilabeteak ondoz ondo ez gertatu. c) Eskaera aurkezten den unean enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea kasuan kasuko enplegu zerbitzu publikoan. d) Norberaren konturako langileek ere, aurretik Gizarte Segurantzako araubide batean halakotzat sarturik egon badira eta jarduerari utzi badiote, eskubide kontsolidatuak gauzatu ahal izango dituzte, aurreko b) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen badira".

Araudiaren 36. artikuluak, iraupen luzeko langabeziaren prestazioa ordaintzeko moduari buruzkoak, hau dakar: "1. Bazkideak, indarrean dagoen legeriaren arabera enplegua bultzatzeko xede zehatzarekin, prestazio osoa ordainketa bakarrean jasotzea eskatu ezean, hileko errenta moduan ordainduko da prestazioa. 2. Legearen 24. artikuluko 1. paragrafoko e) letran azkeneko paragrafoan aurreikusten den hileko errenta baliokidea kalkulatzeko, irizpide hauek aplikatuko dira. a. Langabeziagatiko kotizaziopeko prestazio publikoa jasotzen bada, gehieneko errenta baliokidea jasotzen den kotizaziopeko prestazioa bezalakoa izango da, hasierako zenbateko gordin berdina izanda. b. Kotizaziopeko prestaziotik jasotzen den zenbatekoa murrizten bada, murrizketa hori konpentsatu ahalko da prestazio osagarrian gehikuntza sartuta, egin den murrizketa bezalako gehieneko zenbatekoa izango duena. c. Kotizaziopeko prestazioa jasotzeko eskubiderik ez badago, gehieneko prestazio baliokidea izango da sistema publikoari egindako kotizazioak eta kotizaziopeko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko baldintzak bete izana kontuan hartuta kalkulatutakoa edo, hala denean, norberaren konturako langileak edo kooperatiba eta lan sozietateetako bazkide langileak eta lanekoak biltzen dituzten BGAE-ek arautzen duten langabeziagatiko prestazioa".

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudi hau indarrean sartu ondoren, BGAE-ek euren estatutu eta araudiak egokitu behar izan diete bertan xedatutakoaren edukiari eta otsailaren 23ko 5/2012 Legean xedatutakoari. Gauzak horrela, hemen hizpide dugunari dagokionez, luzaroko langabeziagatiko prestazioa hileko errentaren moduan ordaindu behar da, enplegua sustatzeko helburu zehatzei begira bazkideak horren ordainketa bakarra eskatu ezean.

Bestalde, pentsio-planen eremuan, erretiroaren kontingentzia Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legearen testu bateginak, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuenak, bere 8.6 artikuluan mugatzen du. Hauxe dakar: "6. Aurreko prestazioak ordainduko diren kontingentziak hauek izango dira: a) Erretiroa: kontingentzia hori zehazteko, kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren araubidean aurreikusitakoari helduko zaio. Partaideak ezin badu erretirorik hartu, behin 65 urte bete eta gero kontingentzia gertatutzat joko da partaide horrek lan jarduerari edo jarduera profesionalari uzten dion unean, ez bada erretiroaren kontingentziarako kotizatzen ari Gizarte Segurantzako inongo araubidetan. Hala ere, prestazioaren kobrantza aurreratu ahal izango da hirurogei urte betetzen direnean, erregelamenduz ezartzen den moduan. Pentsio planek aurreikusi ahal izango dute erretiroko prestazioa ordain dadila baldin eta partaideak, edozein adinetan, bere lan harremana azkentzen badu eta legezko langabezia egoerara igarotzen bada, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.1.g), 51., 52. eta 57 bis artikuluetan jasotako kasuetan. (...)".

Gainera, otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsen Araudiaren 8. artikuluak, erretiroagatiko prestazioa aurreratu daitekeen kasuei buruzkoak, hauxe dio: "(...) 2. Pentsio planetako zehaztapenetan aurreikusi ahal izango da, halaber, erretiroko prestazio aurreratua ordain dadila, baldin eta partaideak, edozein adinetan, bere lan harremana azkentzen badu eta legezko langabezia egoerara igarotzen bada, Langileen Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.1.g), 51., 52. eta 57 bis artikuluetan jasotako kasuetan.

Halaber, arestian aipatu den Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen Testu Bateginak, 8.8 artikuluan, hau ezartzen du: "8. Partaideek luzaroko langabezia edo gaixotasun larria gertatzen zaienean baino ezingo dituzte gauzatu euren eskubide kontsolidatuak. Erregelamenduz zehaztuko dira egoera horiek, bai eta horrelako kasuetan eskubide kontsolidatuak gauzatu ahal izateko baldintzak eta epeak ere. (...)".

Era berean, goian aipatu dugun Pentsio Plan eta Funtsen Araudiak hauxe gehitzen du 9. artikuluan: "1. Aparteko kasuetan, pentsio planetako eskubide kontsolidatuak osorik edo partez gauzatu ahal izango dira gaixotasun larria edo luzaroko langabezia gertatuz gero, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, pentsio planeko zehaztapenetan berariaz horrela aurreikusten bada; betiere, zehaztapen horietan ezarritako baldintzak eta mugak bete beharko dira. (...) 3. Pentsio planetako eskubide kontsolidatuak gauzatu ahal izango dira luzaroko langabezia gertatzen denean. Artikulu honetan ezarritakoari dagokionez, partaidea luzaroko langabezian dagoela pentsatuko da honako baldintza hauek betetzen baditu: a) Legezko langabezian egotea. Legezko langabezia egoera gertatzen dela pentsatuko da lan harremana edo administrazio harremana azkentzen eta lan kontratua eteten denean; egoera horiek legezko langabezia egoeratzat jotzen dira ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginaren 208. artikuluko 1.1 eta 1.2 puntuetan eta lege hori osatu eta garatzeko arauetan. b) Kotizaziopeko langabezia-prestazioetarako eskubiderik ez izatea, edo prestazio horiek agortu izana. c) Eskaera aurkezten den unean enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea kasuan kasuko enplegu zerbitzu publikoan, d) Norberaren konturako langileek ere, aurretik Gizarte Segurantzako araubide batean halakotzat sarturik egon badira eta jarduerari utzi badiote, eskubide kontsolidatuak gauzatu ahal izango dituzte, aurreko b) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen badira".

Beste alde batetik, otsailaren 20ko 87/1984 Foru Dekretuak, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudia indarrean sartu ondoren ere indarrean dagoenak (azken horren xedapen indargabetzailean ezarritakoaren arabera), 31. artikuluan hau agintzen du BGAE-ei buruz: "Bazkide batek baja boluntarioa hartzen duenean -erabatekoa edo neurri batekoa- metatutako erreserben kontura finantzatutako prestazio horiek eragiteko egintza gertatu baino lehen, Entitateak, gabealdiko 10 urte gutxienez biltzen dituen bazkidearentzat, bere Estatutuetan arautuko du hurrengo formuletatik baten bat: a) Bazkide izaten jarraitzearen aukera, kotizatu eta bere unean prestazioak jasotzeko. b) Egindako kotizazioekiko prestazio murriztuak jasotzeko eskubidea. c) Metatutako erreserbak itzultzea. Ondorio horietarako, BGAEko banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko bazkideek aurretiaz eskuratu ahal izango dute banakako modalitateko edo elkarte-modalitateko aurreikuspen-planetarako egindako ekarpenei dagozkien eskubide ekonomikoen zenbateko osoa edo zati bat, hamar urtetik gorako antzinatasuna baldin badute".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, pentsio-planen edo BGAE-en bidez lortutako zenbatekoek lan-etekinak sortzen dizkiete hartzaileei, eta hartzaileek % 60ko integrazio-portzentajea (urtean 300.000 euro, gehienez) aplikatu ahal diete, goian transkribatu dugun PFEZFAren 19.2 artikuluan aipatutakoa, hain zuzen, baldin eta: a) kapital gisa kobratzen badira; b) lehenengo ekarpena egin zenetik bi urtetik gorako epea igaro bada, baliaezintasun edo menpekotasunaren ziozko prestazioetan izan ezik; eta c) aipatutako manuan azaltzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bidea ematen duten kontzeptuetako bakoitzagatik jasotako lehenengo diru-kopurua bada (kontsulta honetako kasuan, erretiroagatik, luzaroko langabeziagatik edo borondatezko bajagatik jasotako lehenengo diru-kopurua bada, BGAE batean 10 urteko gutxieneko antzinatasuna frogatu ondoren).

Aipatutako kontzeptu bakoitzagatik jaso den lehenengo diru-kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen den kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak tratamendu bateratua ematen diela, besteak beste, zergadun bera bazkide edo partaide duten pentsio-planetatik, BGAE-etatik edo gizarte aurreikuspeneko bestelako sistemetatik lor daitezkeen zenbateko guztiei.

Zuzendaritza Nagusi honek beti uste izan du hauxe besterik ezin esan daitekeela: BGAE batetik jasotako zenbatekoa borondatezko bajaren (edo erreskatea) ondoriozkoa da, baldin eta otsailaren 20ko 87/1984 Dekretu honen 31. artikuluan horretarako ezarritako inguruabarrak gertatzen badira. Bereziki, metaturiko erreserben pentzura oso-osorik edo zati batean finantzaturiko prestazioen gertaera kausatzailea jazo baino lehen gertatzen denean baja. Hortaz, metaturiko erreserben pentzura finantzaturiko prestazioen gertaera kausatzailea jazo ondoren kobraturiko diru kopuruak ezin har daitezke zergadunak BGAEan borondatez hartutako bajaren ondorioz lortutakotzat, baizik eta kasuan kasuko kontingentzia gertatu izanaren ondoriozkotzat.

Ildo bereko adierazpena egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, besteak beste, 2014ko azaroaren 6ko epaian, erretiroaren kontingentzia gertatutakoan BGAE batetik kobratu izanari buruz. Ondorio hau atera du: "BOSGARRENA.- Erreskate partziala antzinatasunagatik borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batean, behin erretiroa hartutakoan; erretiroaren kontingentziarekiko lotura, PFEZaren zerga-oinarrian sartzearen ondorioetarako. (...) Horrek ondorio honetara eramaten du: borondatezko erreskatea, interesatzen zaigun aldetik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariaren otsailaren 26ko 9/1999 Ebazpenaren bidez onetsitako eta 1999ko martxoaren 10eko 48 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako 1998ko abenduaren 22ko Zirkularrak (horren bidez igorri ziren banakako, enpleguko eta elkartutako modalitateetako BGAE-entzako arauak, ekarpenen mugaketari lotuak, prestazioak aitortzerakoan eta metatutako erreserbak itzuli edo aldatzerakoan bete beharrekoak) ezarri zituen ildoetan (arau esparru zehatzik ezean, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/183 Legean eta lege hori garatzeko 87/1984 Dekretuak onetsitako Araudian ezarritakoari eutsiz), 4.1.2 puntuan erreskate partzialak aipatu zituen, antzinatasunaren 10 urteko gutxieneko ezalditik abiatuta, eta horrek ez du baztertzen guk berresten dugun ondorioa, alegia, behin gertatuta kontingentzia, oraingo honetan erretiroa, zeina, demandatzailearen kasuan, 2001eko ekitaldian gertatu baitzen, jasotako prestazioak erretiroko prestazioak dira, eta ezin dute autonomiarik eduki, ondorio horietarako, ez antzinatasunagatiko erreskatetzat hartzeko eskaerak ez horren onarpenak. (...)".

Era berean, aurretik aipatu den urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onetsi den Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudiaren 29. artikuluan hauxe zehaztu da: "2. Legearen 17. artikuluan ezarritako mugaketak honako irizpideen arabera aplikatuko dira: (...) e) Erretiratu batek ezin izango du borondatezko bajaren eskubidea gauzatu. (...)".

2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egondako araudian (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) ezarrita dagoenez, beste ekitaldi batean kontingentzia beragatik edo arrazoi beragatik jasotako zenbatekoen gainean aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea berriro aplikatu ahal izateko, gutxienez 5 urte igaro behar ziren arrazoi beragatik azken hartukizuna jaso zenetik (eta zerga-oinarrian 100eko 60 sartu zenetik), eta, horretaz gainera, egindako ekarpenen maiztasuna eta erregulartasuna egun horretara arte indarrean egon zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren 15. artikuluan eskatutakoak izan behar ziren.

Hala ere, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen gorago aipatutako PFEZFA, gaur egun aplikatu behar dena, eta, bertan adierazten denez, galderan aipatutako 100eko 60ko integrazio-portzentajea soilik ezarri ahal izango zaie kontsulta honetan aipatu ditugun gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitezkeen zioengatik jaso diren lehenengo prestazio edo hartukizunei, eta gehienez ere urtean 300.000 eurokoak izango dira. Ondorio horietarako, zio horietako bakoitzarengatik jaso den lehenengo prestazioa 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako lehenengoa dela joko da (aurreko ekitaldietan kobratu diren zenbatekoak alde batera utzita).

Horrela, bada, Lanaren etekinei aplikatu beharreko atxikipen ehunekoak aldatzen dituen abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak hau dio: "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2013ko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikuluko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jaso dena joko da lehenengo prestaziotzat, eta ez da kontuan hartuko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren babesean, data hori baino lehen prestaziorik jaso den eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien".

Horrenbestez, PFEZFAren 19.2.b) artikuluan araututako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatzeari begira, manu horretan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bide ematen duten kontzeptuetako bakoitzarengatik jasotako lehenengo diru-kopurua hauxe da: 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lehenengo aldiz ekitaldi bakar batean kapital gisa lortzen diren diru-kopuruen multzoa. Ez da kontuan hartzen egun hori baino lehen prestazio edo hartukizunik jaso den, ezta zein zerga tratamendu aplikatu zaien ere 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoaren babesean.

Kontsulta-idazkian adierazi da kontsulta-egilea BGAE bateko bazkidea eta pentsio-plan bateko partaidea dela, biak banakako sistemakoak direla, eta horietatik luzaroko langabeziagatik dagokion prestazioa jaso nahi duela kapital gisa.

Ondorio horietarako, kontuan hartu behar da Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen Testu Bateginaren 8.6 artikuluak (Pentsio Plan eta Funtsen Araudiaren 8. artikuluan garatutakoa) onartu egiten duela pentsio planetan (zehatzago, horien zehaztapenetan) aurreikus dadila erretiroagatiko prestazioa ordaintzea, baldin eta partaidea, edozein adinetan, bere lan harremana azkendu eta legezko langabezia egoerara igarotzen bada enplegu erregulazioko espediente baten ondorioz. Egoera hori, hain zuzen, Pentsio Plan eta Funtsen Araudian azaltzen da, eta kasu horretan erretiro-prestazioaren ordainketa aurreratua kobratu ahal dela ezarrita dago.

Kontsulta-egilearen kasua hura bada, galdetzen den banakako sistemako pentsio planetik jaso nahi dituen kopuruak erretiroko kontingentzia gertatu izanak sortuak direla ulertuko dira.

Ondorioz, zio horrengatik eskuratzen duen lehen hartukizunari % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahalko dio -gehienez 300.000 euro urtean- (PFEZFAren 19.2 artikuluko b) eta c) letretan ezarritako errenta guztien gainean aplikagarria), erretiroko kontingentzia horrengatik PFEZFAren 18.a)3, 4, 5, 7 eta 8 artikuluan aipatu gizarte aurreikuspeneko sistemetatik parte hartzen duen (edo parte hartu duen) edozeinetatik kapital eran jasotzen duen lehen prestazioa bada, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik eskuratutako kopuruak bakarrik zenbatuta.

Kasu horretan, arestian adierazi denez, ezingo die % 60ko integrazio-ehuneko hori berriz aplikatu geroko ekitaldietan enpleguko pentsio planetik erretiroko kontingentzia beragatik jasotzen dituen zenbatekoei, ezta dagokion Gizarte Segurantzako erregimenean egoera horretara (erretiroa) igarotzen den uneaz geroztik eskuratzen baditu ere.

Kontsulta-egilea enplegu erregulazioko espedientearen ondorioz (edo Pentsio Plan eta Funtsen Araudiaren 8.2 artikuluan aurreikusitako beste edozein kausarengatik) langabezian ez badago, ordea, edo partaide den pentsio planaren zehaztapenetan kasu horietan (enplegu erregulazioko espedientea edo langabeziaa, Pentsio Plan eta Funtsen Araudiko 8.2 artikuluan aipatutako beste kausaren batengatik) erretiro prestazioaren ordainketa aurreratzeko aukera aurreikusi ez bada, pentsio plan horretatik erretiroko kontingentzia gertatu aurretik jasotzen dituen zenbatekoak iraupen luzeko langabeziagatik eskuratutzat hartu ahalko dira, baldin eta zehaztapenek horretarako aukera ematen badute.

Ondorioz, galdetzen den lehen hartukizunari % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahalko dio -gehienez 300.000 euro urtean- (PFEZFAren 19.2 artikuluko b) eta c) letretan ezarritako errenta guztien gainean aplikagarria), luzaroko langabeziagatik PFEZFAren 18.a)3, 4, 5, 7 eta 8 artikuluan aipatu gizarte aurreikuspeneko sistemetatik parte hartzen duen (edo parte hartu duen) edozeinetatik kapital eran jasotzen duen lehen prestazioa bada, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik eskuratutako kopuruak bakarrik zenbatuta.

Kasu horretan, ezin izango du berriro aplikatu % 60ko integrazio-portzentaje hori lehenengo hartukizuna eragiten duen arrazoi beragatik (luzaroko langabezia) hurrengo ekitaldietan jasotzen dituen zenbatekoen gainean, baina bai beste aldi batean kapital gisa erretiroaren kontingentzia gertatzeagatik eskuratzen duen lehenengo zenbatekoaren gainean, arrazoi horrengatik (erretiroaren kontingentzia) bera partaide duten edo izan duten eta PFEZFAren 18.a) artikuluaren 3., 4., 5., 7. eta 8. idatz-zatietan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistema guztietatik (bera bazkide duen BGAE barne, hurrengo paragrafoetan aztertuko den bezala) eskuratzen duten lehenengo prestazioa den neurrian.

Bestalde, BGAEei eragiten dienari dagokionez, otsailaren 23ko 5/2012 Legea indarrean sartu ondoren, erretiroaren kontingentzia aurreko legerian baino luzeago araututa dago, aurreko legerian ez baitzegoen kontu horri buruzko manurik. Zehazki, otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluan ez da beren-beregi aurreikusten kontingentzia horrengatik kobratzeko aukerarik bazkidea langabezia egoerara igarotzen denean enplegu erregulazioko espediente baten ondorioz, baina berariaz aurreikusten da erretirotzat hartuko direla, dagozkigun ondorioetarako, erretiro aurreratua, erretiro malgua, erretiro partziala eta Gizarte Segurantzak onartzen dituen beste formula baliokide batzuk.

Hala eta guztiz ere, bazkide duen BGAEaren estatutuek (edo dagokion aurreikuspen planaren araudiak) ahalbidetzen baldin badute erretiroaren prestazioa honelako kasu batean (hau da, enplegua erregularizatzeko espediente baten ondorioz langabezian geratzea) sistema publikoaren pentsiorako eskubidea hasteko eguna baino lehen kobratzea, kontsulta-egileak prestazio horren aurrerakina eskatu ahal izateko exijitzen diren betekizunak beteko ditu, eta, ondorioz, ez da ulertuko BGAEtik ateratzen diren zenbatekoak erakundean borondatezko baja hartzetik datozenik (erreskate-eskubidea gauzatzea) edo iraupen luzeko langabeziaren kontingentzia gertatzetik datozenik, baizik eta erretiroa hartzetik.

Aitzitik, BGAEaren estatutuetan (edo dagokion aurreikuspen planaren araudian) ez baldin bada ezer adierazten enplegua erregularizatzeko espedientearen ondorioz gertatzen diren langabezia kasuetan erretiroaren prestazioaren kobrantza aurreratzeko aukerari buruz (otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 24. artikuluan ezarrita dagoenetik ondorioztatzen denez), ondorioztatu ahalko da Gizarte Segurantzan erretiroa hartu baino lehen BGAEtik eskuratutako pertzepzioa bertan borondatezko baja hartzetik datorrela edo, bidezkoa bada, iraupen luzeko langabeziaren kontingentzia jazotzearen ondorioz (horretarako exijitzen diren betekizunak betetzen baldin badira).

Gorago adierazi dugunez, gaur egun, iraupen luzeko langabeziaren prestazioa hileko errenta gisa ordaindu behar da, salbu eta kapital gisa kobratzeko eskaera egiten bada, enplegua sustatzeko helburu zehatzekin.

Horregatik, kontsulta-egileak erreskaterako (edo borondatezko baja hartzeko) eskubidea gauzatzeko betekizunak betetzen baditu, eta iraupen luzeko langabeziaren kontingentziaren prestazioa jasotzeko (baina ez erretiro-prestazioa eskuratzeko) betekizunak betetzen baditu, eta bere eskubide ekonomikoak kapital gisa kobratzen baditu, enplegua sustatzeko helburu zehatzik gabe, ulertu beharko da jasotako zenbatekoa erreskate-eskubidea gauzatzetik datorrela, eta ez iraupen luzeko langabeziaren kontingentzia gertatzetik. Izan ere, bigarren kasu horretan, erakundeak zenbateko hori errenta gisa ordaindu beharko lioke, eta ez kapital gisa (beraz, legean zio horrengatik kobratzeko ezarrita dauden baldintzak ez lirateke beteko).

Ondorio berberera iritsiko gara, baldin eta kontsulta-egileak galdetu duen BGAE horretatik kobratzen badu erretiro-kontingentzia nahiz iraupen luzeko langabeziaren kontingentzia gertatu baino lehen. Kasu horretan, ulertu beharko da jasotako zenbatekoa erakundean borondatezko baja hartzetik datorrela (erreskate-eskubidea gauzatzetik).

Nolanahi ere, kapital gisako lehenengo hartukizun horren gainean % 60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahalko du, PFEZFAren 19.2 artikuluan arautua (urtean 300.000 euroren gainean gehienez ere, PFEZFAren 19. 2 artikuluaren b) eta c) letretan ezarritako errenta guztien gainean aplikatu beharrekoa), dagokion zioagatik (erreskatea edo erretiroa) 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera kapital gisa eskuratzen duen lehenengo zenbatekoa den neurrian.

Dena dela, gorago argitu den bezala, % 60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahal zaion gehieneko zenbatekoa 300.000 euro da urtean, eta muga hori PFEZFAren 19. artikuluko 2. zenbakiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinen multzoari dagokio; hau da, zergaduna bazkide, partaide edo onuradun duten gizarte-aurreikuspeneko sistemen multzoari eta enplegatzaileen pentsio-konpromisoak gauzatzeko aseguru kolektiboen multzoari dagokie, kontsulta-egilea horrelako asegururen baten onuraduna bada. Kasu honetan, zergaldi berean kobratu nahi diren banakako sistemako pentsio planari eta BGAEari.

Hurrengo beste ekitaldi batean, Gizarte Segurantzan erretiro egoeran sartzen denean, partaide duen enpleguko pentsio planetik jaso nahi duen edo erretiro prestazioaren ordainketa aurreratua izango den kobrantzari dagokionez, kontsulta-egileak berriro aplikatu ahalko du % 60ko integrazio-ehunekoa horren gainean (urtean 300.000 euro, gehienez), baldin eta banakako sistemako pentsio planetik eta BGAEtik jasotako lehenengo hartukizunak justifikatzen dituen arrazoia ez den beste batengatik eskuratu duela uler badaiteke; hau da, baldin eta uler badaiteke kontsulta-egileak erretiroagatiko lehenengo prestazioa kobratu ez duela % 60an integratutako kapital gisa (2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lortutakoak baino ez zenbatuta).

Beraz, banakako sistemako pentsio planak ordaindutako ordainketa luzaroko langabezia egoeratik datorrela eta BGAEtik jasotako lehenengo zenbatekoa erreskate eskubidea gauzatzetik datorrela uler badaiteke, aurreko guztiaren arabera, kontsulta-egileak berriro aplikatu ahalko du % 60ko integrazio-ehunekoa (urtean 300.000 euroren gainean, gehienez) hurrengo beste ekitaldi batean erretiro kontingentzia gertatzearen ondorioz kapital gisa eskuratzen duen prestazioaren gainean, Gizarte Segurantzan erretiro egoeran sartzen denean, edo erretiro prestazio horren ordainketa aurreratu gisa.

Goian argitu den bezala, kobratzeko azken aukera hori beren-beregi jasorik dago Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginaren 8.6 artikuluan eta Pentsio Plan eta Funtsen Araudiaren 8. artikuluan. Manu horietan onartu egiten da pentsio planetan (zehatzago, horien zehaztapenetan) aurreikus dadila erretiroagatiko prestazioa ordaintzea, baldin eta partaidea, edozein adinetan, bere lan harremana azkendu eta legezko langabezia egoerara igarotzen bada enplegu erregulazioko espediente baten ondorioz Egoera hori, hain zuzen, Pentsio Plan eta Funtsen Araudian azaltzen da, eta kasu horretan erretiro-prestazioaren ordainketa aurreratua kobratu ahal dela ezarrita dago.

Hala, kasu horietan, kontsulta-egileak enpleguko pentsio planetik jasotzen duen zenbatekoa erretiroa gertatu izanaren ondoriozkoa dela ulertuko da.

Horrenbestez, bakarrik aplikatu ahalko du % 60ko integrazio-ehunekoa arrazoi horrengatik kobratzen duen zenbatekoaren gainean, 2014ko urtarrilaren 1etik erretiro kontingentziagatik bera partaide duten edo izan duten eta PFEZFAren 18.a) artikuluaren 3., 4., 5., 7. eta 8. idatz-zatietan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetako edozeinetatik kapital gisa eskuratzen duen lehenengo prestazioa den neurrian. Horretarako, kontuan hartu beharko da zein kontingentzia jotzen diren jada gertatutakotzat eta zein prestazioren gainean aplikatu den aldez aurretik % 60ko integrazio-ehunekoa.

Banakako sistemako pentsio planetik eta BGAEtik eskuratutako hartukizunetako baten bat erretiro kontingentzia gertatzetik ondorioztatutakotzat jo badaiteke eta kontsulta-egileak horren gainean % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzen badu, ezin izango du % 60ko integrazio-ehuneko hori berriro aplikatu hurrengo ekitaldi batean partaide duen enplegu pentsio planetik erretiro kontingentzia horrengatik jasotzen duen zenbatekoaren gainean.

Horrenbestez, laburbilduz:

a) Kontsulta-egilea partaide duen banakako pentsio planaren zehaztapenek aurreikusten badute enplegua erregularizatzeko espedientearen ondorioz gertatzen diren langabezia kasuetan erretiroaren prestazioaren kobrantza aurreratzeko aukera, ulertu beharko da erakunde horretatik eskuratzen duen hartukizuna erretiro kontingentzia hori gertatzetik ondorioztatzen dela. Horrenbestez, % 60an integratzen badu, ezin izango du berriro % 60ko integrazio-ehuneko hori aplikatu hurrengo ekitaldi batean kontingentzia beragatik jasotzen dituen zenbatekoen gainean.

Bestela, dena delako pentsio planaren zehaztapenek arrazoi horrengatik prestazioaren kobrantza aurreratzeko aukera aurreikusten ez badute, ulertu ahalko da horretatik eskuratzen dituen zenbatekoak luzaroko langabeziatik ondorioztatzen direla, baldin eta zehaztapen horiek hori ahalbidetzen badute.

b) BGAEaren estatutuek edo dena delako aurreikuspen planaren araudiak horrelako kasu batean erretiro kontingentziaren kobrantza aurreratzeko aukera aurreikusten badute, ulertu beharko da horretatik jasotzen duen zenbatekoa kontingentzia hori gertatzetik ondorioztatzen dela. Horrenbestez, % 60an integratzen badu, kontsulta-egileak ezin izango du berriro % 60ko integrazio-ehuneko hori aplikatu hurrengo ekitaldi batean arrazoi beragatik jasotzen dituen zenbatekoen gainean.

Baina, banakako sistemako BGAEak horrelako kasu batean (EEEren ondorioz gertatutako langabezia) erretiroaren prestazioaren kobrantza aurreratzeko aukera aurreikusten ez badu eta kontsulta-egileak bertan dituen eskubide ekonomiko guztiak kapital bakarraren moduan kobratzen baditu, ulertu beharko da kobrantza hori erreskatea gauzatzetik ondorioztatzen dela (horretarako eskatzen diren baldintzak betez gero), luzaroko langabeziagatiko prestazioa ezin baita kapital gisa kobratu, enplegua sustatzeko helburuetarako izan ezik.

c) Gainera, kontsulta-egilea enpleguko pentsio plan bateko partaidea da, eta horretatik hurrengo ekitaldi batean kobratuko du erretiroaren kontingentzia gertatzeagatik edo horren aurrerakin gisa (EEEren ondorioz langabezia egoeran egoteagatik).

Banakako sistemako pentsio planetik eta BGAEtik eskuratutako hartukizunetako baten bat erretiro kontingentzia gertatzetik ondorioztatutakotzat jo badaiteke eta kontsulta-egileak horren gainean % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzen badu, ezin izango du % 60an integratu hurrengo ekitaldi batean partaide duen enplegu pentsio planetik erretiro kontingentzia horrengatik jasotzen duen zenbatekoaren gainean.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 18. eta 19. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 15. eta 16. artikuluak.Abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra.

Itzuli