saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa

Data

05.07.2016

Erreferentzia

Farmazia-negozio baten salmenta. Alokatzeko higiezin bat erostetik lortutako zenbatekoaren berrinbertsioa.

Galdera

Kontsulta-egilea botikari lanetan aritu izan da 1990etik 2015eko urtarrilera arte, bere titulartasuneko farmazia eskualdatu zuenera arte, alegia. Salmenta horren ondorioz, ezohiko mozkina lortu zuen eta zati bat berriro inbertitu dezakeen jakin nahi du, Alicante inguruan apartamentu turistiko bat erosteko, gero hirugarren batzuei alokatzeko asmoz. Horretarako, apartamentu turistikoen kudeaketaz eta horiei lotutako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen den enpresa bati lagako lioke.Ezohiko mozkinen berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatu eta berriro inbertitzeko konpromisoa deskribatu dugun apartamentu turistikoa erosteko balia dezakeen jakin nahi du.

Ebazpena

Kontsulta idatzian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, 24 artikulua, hain zuzen ere. Beraren arabera: "1. Jarduera ekonomikoen etekin osotzat honako hauek hartzen dira: lan pertsonaletik eta kapitaletik, bietatik aldi berean edo horietako batetik bakarrik, eratorriak izanik, zergadunak produkziobideak eta giza baliabideak, edo bietako bat bakarrik, bere kontura antolatzea dakartenak ondasun eta zerbitzuen produkzio edo banaketan esku hartzeko. Bereziki, halakotzat joko dira erauzketa eta fabrikazio jarduerak, merkataritza edo zerbitzu prestazioak, artisautza, nekazaritza, basogintza, abeltzaintza, arrantza, eraikuntza eta meagintza jarduerak, eta baita profesionalenak ere. (...)".

Gainera, PFEZFAren 25.3. artikuluan hauxe xedatu da: "3. Ekonomia-jardueren etekin garbia kalkulatzeko, haiei afektatutako ondare-elementuetatik eratortzen diren ondare-irabazi edo -galerak hartuko dira kontuan, zeinak Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauak ezarritakoaren arabera kuantifikatuko baitira. Halaber, foru arau horren 36. artikuluan aparteko mozkinen berrinbertsioaz xedatutakoa aplikatuko zaie. Berrinbertsioa aukeratu nahi bada, hura aplikatuko den lehenengo ekitaldiko autolikidazioan adierazi behar da, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arauko 117.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Zergaldi baterako egindako aukera geroago aldatu ahal izango da, hain zuzen ere, zergaren autolikidazioa egiteko borondatezko epea amaitu ondoren, baina Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin ez badu. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuta irabazi edo galerak sortzen badira, horiek jarduera ekonomikoaren etekin arruntari gehitu edo kenduko zaizkio etekin garbia kalkulatzeko".

Hortik ondorioztatzen da jarduera ekonomikoen garapenari lotutako ondare-elementuen eskualdaketatik eratorritako ondare irabazi eta galerak Sozietateen gaineko Zergaren araudian ezarritakoaren arabera zenbatzen direla eta jarduera horien etekin garbiaren barruan sartzen direla.

Beraz, jarduera ekonomiko bati lotuta dauden elementuak zeintzuk diren zehaztu behar da. Horretarako, PFEZFAren 26. artikuluak hau xedatzen du: "1. Hauexek dira ekonomi jarduerari lotutako ondare-elementuak: a) Zergadunak jarduera garatzeko erabiltzen dituen ondasun higiezinak. b) Jardueraren zerbitzupeko pertsonalaren zerbitzu ekonomiko eta soziokulturaletarako dauden ondasunak; ez dira afektatutzat joko, ordea, astialdi eta jolasaldirako ondasunak edo, oro har, ekonomia-jardueraren titularraren bakarreko erabilerakoak direnak. c) Etekinak lortzeko beharrezkoak diren gainerako ondare-elementu guztiak. Ez dira inoiz horrelakotzat joko erakunde baten funts propioetako partaidetzak eta gainerakoei egindako kapital-lagapenak ordezkatzen dituzten aktiboak. (...) 5. (...) Jarduera uzten den kasuetan, ondare-elementuak jarduera utzi den ekitaldi horren aurretik desafektatu direla ulertuko da, salbu eta zergadunak jarduera utzi ondorengo hiru urteko epean berriro ekiten badio edozein ekonomia-jarduerari. (...)".

Eskualdatutako ondare elementuak (lokala, estoka, farmazia lizentzia, etab.) kontsultagileak egiten zuen jarduera ekonomikoari atxikita zeuden. Hori dela eta, besterentzearen zerga-ordainketari emango zaion trataera zehazteko, kontuan hartu behar da ea jaregintzat (edo desatxikitzat) jo behar diren ala ez berauek besterendu aurretik, PFEZFAren 26. artikuluko 5. zenbakian aurreikusitakoaren arabera. Artikulu horren arabera, garatzen ari zen jarduera ekonomikoa uzten den kasuetan, horri dagozkion ondare-elementu material eta ez-materialak jaregin direla ulertuko da, betiere jarduera utzi ondorengo hiru urteko epean jarduera horri edo beste bati ekiten ez bazaio.

Arau hori aktibo ez-korronteko elementuei baino ez zaie aplikatzen; ez, ordea, izakinei, haien eskualdaketak beti baitakar jardueraren errendimendu bat.

Jarduera eteten ez den kasuetan, zergadunak beste jarduera batzuk egiten jarraitzen duelako, nahiz egiten zuenari edo beste edozeini berrekiten diolako, negozioa besterentzen den egunaren ondorengo hiru urteetako epean, kontsultatutakoa bezalako eragiketek eragindako errenta Sozietateen gaineko Zergaren araudian xedatutakoaren arabera zenbatzen da eta osorik sartzen da jardueraren errendimenduen artean (bai aktibo ez-korrontearen elementuen salmentari egotz dakiokeen zatian, bai izakinen eskualdaketari dagokionez).

Ondorioz, kasu honetan, galdetzen den negozioaren eskualdaketak eragindako errenta Sozietateen gaineko Zergaren araudian xedatutakoaren arabera kalkulatu beharko litzateke, eta kontsultagilearen jardueraren errendimendu garbian sartu beharko litzateke, hark ez balio utziko aipatu jarduera ekonomikoa egiteari, momentura arte egindakoa ez beste batzuk badira ere. Kasu horretan, kontsultagileak Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren (SZFA) 36. artikuluan araututako etekin berezien berrinbertsio araubideari heldu ahalko lioke, eskualdatutako negozioko ibilgetu immaterial eta ukiezineko ondare elementuei egotz dakiekeen eskuratutako errenta zatiari dagokionez.

Etekin berezien berrinbertsio araubide hori ezin da inola ere aplikatu izakinen besterentzeari egotz lekizkioken etekinen zatiari, ez direlako ibilgetuaren ondare-elementuak, ondasun zirkulatzaileenak baizik.

Horrela, zehazki, BEZFAren 36. artikuluak honakoa xedatzen du: "1. Nahi izanez gero, zerga-oinarrian sartu gabe utz daitezke ustiapen ekonomikoei loturiko ibilgetu material edo ez materialaren ondare-elementuen kostu bidezko eskualdaketetan lortutako errentak, foru arau honetako 40. artikuluko 11. idatz-zatian araupetutako moneta-balio galera aplikatuz zuzendu ondoren. Horretarako beharrezkoa da eskualdaketaren ondorioz lortutako zenbatekoa aurrean aipatutako ondare elementuetako batean berrinbertitzea hura eman edo eskura jarri den aurreko urtearen eta osteko hiru urteen arteko epearen barruan. (...) Berrinbertsioa, hura gauzatzen den ondare-elementuak eskura jartzen diren egunean egindakotzat joko da. (...) 2. Ondare-elementuen balio-narriaduragatik izandako galeren zenbatekoa ez da sartuko zerga-oinarritik kanpo uzten diren errenten multzoan, baldin eta galera horiek kenkari fiskala izan badute, ezta foru arau honetako 25. artikuluan xedatutakoari jarraituz kendu diren zenbatekoak ere, edo amortizazio askatasunari, amortizazio azaleratuari nahiz baterako amortizazioari aplikatutakoak, aipatutako zerga-oinarrian sartu behar badira, onura horiek izan zituzten ondare-elementuen eskualdaketa dela-eta. (...) 4. Berrinbertsioaren xede diren ondare-elementuek zergadunaren ondarean iraun beharko dute, artikulu honetako 1. zenbakian ezarritako betekizunak betez, justifikatutako galerak salbu, bost urtean, edo, ondasun higigarriak badira, hiru urtean, berrinbertsioa gauzatzen denetik hasita, non eta ez duten bizitza baliagarri laburragoa, foru arau honetako 16. artikuluan xedatutakoaren arabera. Aipatutako epea amaitu baino lehen elementu horiek eskualdatzeak berekin ekarriko du sartu gabeko errenta zatia zerga-oinarrian sartzea, lortutako zenbatekoa eskualdaketaren osteko hiru hilabeteko epean aurreko 1. zenbakian araututako baldintzetan berrinbertizen den kasuetan izan ezik. 5. Berrinbertsioa adierazitako epean egiten ez bada, epea amaitu den zergaldiko zerga-oinarrian sartuko dira ez-betetzea dagokien zenbatekoak, zerga-oinarrian sartu gabe utzi direnak, eta euren zenbatekoaren % 15 gehituko zaie. (...) 6. Berrinbertitutako diru kopurua eskualdaketan jasotakoa baino gutxiago denean, berrinbertitutako diru kopuruari dagokion zati proportzionala baino ezingo da utzi zerga-oinarrian sartu gabe. Artikulu honetan jasotako araubidea ez da bateragarria izango eskualdatutako zenbatekoa berrinbertitzen den elementuei legokiekeen beste edozein zerga-onurarekin, albo batera utzita amortizatzeko askatasunari, amortizazio azeleratuari eta baterako amortizazioari dagokiena. Berrinbertitutako kopurua eskualdaketan guztira lortutakoa baino gehiago bada, gaindikinari, hala badagokio, foru arau honetako V. tituluko III. kapituluan araututa dauden inbertsioaren ziozko kenkariak aplikatu ahal izango zaizkio, edo gai izango da foru arau honetako 53. artikuluan aipatzen den erreserba gauzatzeko".

Aurrekoa gorabehera, kontsulta-egileak farmazia eskualdatu ondoren hasi nahi duen jarduera ekonomikoa apartamentu turistiko modura erabiltzeko xedez erositako apartamentu bat alokairuan jartzean oinarrituko dela adierazi du aurkeztu duen idatzian. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren esparruan, higiezinen alokairua jarduera ekonomikotzat jotzeko, baldintza batzuk bete beharko dira. Ildo horretan, hauxe dakar PFEZFAko 24.3. artikuluak: "3. Higiezinen errentamendua eta salerosketa bakarrik joko da ekonomia-jardueratzat baldin eta jarduera hori antolatzeko pertsona bat badago, lan-kontratuarekin, lanaldi osoan eta jarduera horretarako dedikazio esklusiboarekin. Horri dagokionez, honako hauek ez dira kontratatutako pertsonatzat hartuko: batetik, zergadunaren ezkontidea, izatezko bikotekidea (2003ko maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoarekin bat eratutako bikotea bada) edo aurrekoa, ondorengoa edo bigaren graduko alboko ahaidea (ahaidetasunaren jatorria odolkidetasuna, ezkontza, izatezko bikotearen eraketa edo adopzioa izan daiteke); bestetik, zergadunarekin pertsona lotutzat jotzen direnak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 42.3 artikuluan ezartzen denaren arabera".

Oro har, jarduera ekonomikoen etekinak lirateke lan pertsonalaren eta kapitalaren edo faktore horietako bakarraren emaitza direnak eta norbere kabuz ekoizpen faktoreak eta/edp giza baliabideak antolatzea dakartenak, merkaturako ondasun edo zerbitzuen ekoizpenean edo banaketan esku hartzeko asmoz. Dena den, higiezinen alokairuari edo salerosketari dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudiak baldintza jakin batzuk betetzeko eskatzen du. Baldintza horiek betetzen ez badira, ezingo da esan lortutako errentek izaera hori dutenik (jarduera ekonomikoen etekinak direnik) eta horren ordez, kapital higiezinaren etekintzat (alokairuaren kasuan) edo ondare-aldaketatzat (higiezinen salerosketaren kasuan) joko dira.

Beraz, higiezinak errentatzea edo salerostea jarduera ekonomikotzat hartzeko ezinbestekoa da gutxienez langile bat edukitzea kontratatuta jarduera antolatzeko lanaldi osoarekin eta dedikazio esklusiboarekin. Ondore horietarako, zergadunaren ezkontidea edo egitatezko bikotekidea ez dira langile moduan hartuko, ezta haren aurrekoak, ondorengoak edo bigarren mailako ahaideak ere (odolkideak zein ezkontzazkoak).

Planteatutako kasuan, kontsulta-egileak apartamentu turistiko bat erosi nahi du, hirugarren batzuei alokatzeko. Azaldu duenez, zerbitzu mota horretan espezializatuta dagoen enpresa bat kontratatu nahi du, higiezina bera eta alokairuak kudea ditzan. Hala, aurkeztutako datuen arabera, alokairu horiek kudeatzeko ez du langilerik izango lanaldi osoko eta arduraldi osoko lan-kontratuarekin. Horrenbestez, baldintza horiek aintzat hartuta, ez du galderan aipatutako higiezina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoreetarako jarduera ekonomikotzat jotzeko baldintza beteko, PFEZFAren 24.3 artikuluan ageri dena.

Beraz, honako hau ondoriozta daiteke: kontsulta-egileak ez du jarduera ekonomikorik gauzatzen jarraituko botikari lana uzten duenean eta beraz, arestian transkribatu dugun PFEZFAren 26.5 artikuluan xedatutakoari jarraituz, transmititu nahi diren ondare-elementuak (lokala, farmaziaren lizentzia, etab.) jareginda daudela ulertuko da besterendu aurretik.

Hala, lokala besterentzearen ondorioz lortutako errentaren kasuan, PFEZFAn ondare irabazietarako eta galeretako aurreikusitako arau orokorrei jarraituz ordaindu beharko ditu zergak eta ezingo du SZFAren 36. artikuluan araututako ezohiko mozkinen berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatu.

Horri dagokionez, PFEZFAren 44. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Ondare irabazi edo galeren zenbatekoa honakoa izango da: a) Ordain edo musu trukeko eskualdaketa burutuz gero, eskuraketa balioen arteko aldea, dagokionez hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera eguneratua, eta ondare elementuen eskualdaketa. B) Gainerako kasuetan, ondare elementuen edo, halakorik balitz, zati proportzionalen merkatu balioa. 2. Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, inorenganatze baliotik beronen kide bakoitzari dagokion zatia bereiziko da".

Beste alde batetik, hau xedatzen du PFEZFAren 45. artikuluak: "1. Eskuraketa-balioa honako hauen batura izango da: a) Ondasuna eskuratzeko ordaindutako benetako zenbatekoa. b) Eskuratzaileak eskuratutako ondasunetan egindako inbertsio eta hobekuntzen kostua eta eskurapenari atxikitako gastuak eta zergak, interesak kanpoan utzita. Bidezkoa denean, balio horri arauzko eran egindako amortizazioen zenbatekoa gutxituko zaio, eta, edonola ere, gutxieneko amortizazioa konputatuko da. 2. Aurreko paragrafoan aipatutako eskurapen-balioa erregelamendu bidez finkatzen diren koefizienteak aplikatuz eguneratuko da. Horretarako, kontuan hartuko da batik bat ondare elementuen eskurapen egunetik kontsumorako prezioen indizeak izan duen bilakaera eta eskualdaketaren ekitaldirako espero dena. Era honetan aplikatuko dira koefizienteak: a) Aurreko zenbakiko a) eta b) letretan aipatutako zenbatekoen gainean, ordaindu direneko urtea kontuan izanik. b) Amortizazioen gainean, dagokien urtea kontuan izanik. 3. Eskualdaketa-balioa besterentzearen benetako zenbatekoa izango da. Balio honi aurreko 1. paragrafoko b) letran adierazitako gastu eta zergak kenduko zaizkio, behin eskualdatzaileak horiek ordaindu ondoren. Besterentze balioaren benetako zenbatekotzat ordaindutakoa hartuko da, betiere merkatuko ohiko balioaren azpitik ez badago, kasu honetan azken hori hartuko baita".

Halaber, PFEZFAren 26.4. artikuluan hauxe ezarri da: "(...) 4. Zergadunak ondare-elementuak afektatzea edo aktibo finkoak desafektatzeak ez du ondare-aldaketarik ekarriko, betiere ondasun-eskubideok haren ondarearen parte izaten jarraitzen badute. Aurreko lerroaldean xedatutakoaren kalterik gabe, ekonomia-jarduerari afektatuta dauden elementuei atxikipena kentzen bazaie eta zergadunaren ondare pertsonalerako bideratzen badira, haien eskuratze-balioa honako hau izango da, geroagoko ondare-aldaketen ondorioetarako: a) Baldin eta etekin garbia zuzeneko zenbatespenaren metodoaren ohiko modalitatearen bidez kalkulatzen bada, atxikipena kentzen duten kontabilitate balio garbia. b) Gainerakoetan, eskuraketa prezioaren eta eginiko edo egin beharko ziratekeen amortizazioen arteko diferentzia. Elementuak jarduerari lotuta egon diren aldian zergadunak jarduera ekonomikoaren etekinak kalkulatzeko aplikatu duen zenbatespen modalitateak ez badu aukerarik eman, aldi osoan zein zati batean, elementu horien amortizazioagatik kenkaria aplikatzeko, aldi horretan amortizazio honen kenkaria aplikatu dela pentsatuko da: Sozietateen gaineko Zergaren arautegian ezarritako gehieneko aldiari dagokion gutxieneko koefizientea aplikatzearen emaitzako kopurua. (...)".

Manu horiek garatu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 47. artikuluan: "2. Ondare osagaiak eskualdatzen badira Zergari buruzko Foru Arauko 26. artikuluak aipatzen duen jaregitea gertatu eta gero, osagai horien eskuraketa-balioa eguneratuko da jaregitea gertatu den egunari dagokion koefizientea aplikatuz. (...)".

Hala, farmaziari lotutako ondare-elementuak transmititzeagatik lortutako ondare-irabaziaren zenbatekoa elementu horien balioaren eta eguneratutako jaregite balioaren arteko aldea kontuan hartuta kalkulatuko da, PFEZFAren 45.2 artikuluan eta PFEZAren 47.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Horrez gain, kontsultatu den errentaren gainean PFEZFAko lehen xedapen iragankorrean jasotako eraispen koefizienteak aplikatzeko aukera aztertu behar da. Honakoa dio xedapenak, zehazki: "Bat. 1994ko abenduaren 31 baino lehen eskuratu diren eta jarduera ekonomikoei loturik ez dauden ondare-elementuak eskualdatzeagatik lortutako ondare-irabazien zenbatekoa ondoko erregela hauei jarraikiz kalkulatuko da: 1. Oro har, foru arau honetako IV. tituluko V. kapituluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira, ondare-elementu bakoitzerako. Horrela kalkulatutako ondare irabazitik bereizi beharko da zein zati sortu den 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta hauxe hartuko da halakotzat: eskurapen egunetik 2006ko abenduaren 31ra arte (bi egunak barne) igarotako egun kopuruari zergadunaren ondarean egon den egun kopuru osoarekiko proportzioan dagokion ondare irabaziaren zatia. 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortutako ondare irabaziaren zatia era honetan murriztuko da: a) Zergadunaren ondarean elementuak izan duen iraupen alditzat honako hau hartuko da: elementua eskuratu den egunetik 1996ko abenduaren 31ra bitartean igarotako urte kopurua, goitik biribilduta. Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, zergadunaren ondarean izandako iraunalditzat hartuko da elementua eskuratu zenetik 1996ko abenduaren 31ra bitarteko urteen kopurua, gehiagoz biribildua. ( ) d) 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortutako gainerako ondare irabaziak %14,28 murriztuko dira aurreko a) letran adierazitako iraupen urteak bitik gora gainditzen diren urte bakoitzeko. e) Aurreko b), c), eta d) letretan adierazitakoaren arabera 1996ko abenduaren 31n hurrenez hurren hamar, bost eta zortzi urteko iraupen aldia duten ondare elementuetatik 2007ko urtarrilaren 1a baino lehen sortu den ondare irabaziaren zatia ez da zergapetuta egongo. (...) 3. Eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzarik egin bada, osagai bakoitzari besterentze balioan zein zati dagokion bereziko da xedapen iragankor honetan xedatutakoa aplikatzeari begira. Bi. Zergadunaren jarduera ekonomikoari atxikita izan diren ondare elementuen eskualdaketetan ez da aplikatuko xedapen iragankor honetan ezarritakoa, jarduera hori beste titularitate batekin egiten jarraitzen denean".

Gai honetan interesgarri suerta daitekeenaren harira, PFEZAko lehenengo xedapen iragankorrak honakoa dio: "Ondare-elementuak eskualdatzen badira, baldin eta elementuoi, eskualdatu aurretik, jarduerarekin zuten lotura kendu bazaie, Zergari buruzko Foru Arauko 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta elementuok 1994ko abenduaren 31 baino lehen eskuratu badira, orduan, ondare-irabaziak murriztu egingo dira, Zergari buruzko Foru Arauko lehenengo xedapen iragankorreko Bat zenbakiko 1. erregelan ezarritakoaren arabera, elementuok eskuratu ziren eguna kontuan hartuz. Hala ere, aurreko paragrafoan adierazitakoa ez da aplikatuko Zergari buruzko Foru Arauko lehenengo xedapen iragankorreko Bi atalean aipatzen diren eskualdaketen kasuan."

Horrekin guztiarekin bat etorriz, desatxikipena badago, jarduera garatzen erabilitako ondare elementuak (material eta ez-materialak) eskualdatzearen ondorioz sortutako errentak PFEZFAko lehen xedapen gehigarrian arauturiko eraispen-koefizienteak balia ditzake haiek eskuratu direneko datuaren arabera, betiere eskuratzaileak jarduera bera egiten jarraitzen ez badu ondare elementu horiek erabiliz.

Datuen arabera, hala ere, kasu honetan (farmazia eskualdatzean) baldintza hau bete ezin dela dirudi, definizioz eskuratzaileak erabiliko baitu jarduera bera garatzeko.

Beraz, desatxikipena izan arren eskuratzaileak jarduera berari eusten badio eskuraturiko ondasunekin, saltzaileak ezin aplika ditzake aipaturiko eraispen koefizienteak, eta aurrezpenaren zerga oinarrian integratu eta konpentsatu beharko du PFEZFAren 44 eta 45. artikuluetan eta PFEZAren 47. artikuluan xedaturikoa aplikatzearen ondoriozko errenta.

2015 ekitaldian, aurrezkiaren oinarri likidagarria PFEZFAko 76. artikuluan aurreikusitakoaren arabera dagokion tasa proportzionalean zergapetzen da. Horren arabera: "1. Aurrezkiaren likidazio-oinarriari eskala honetan adierazten diren karga-tasak aplikatuko zaizkio: Zerga-oinarria / Karga-tasa. 0,00 - 2.500,00 euro: % 20; 2.500,01 - 10.000,00 euro: % 21; 10.000,01 - 15.000,00 euro: % 22; 15.000,01 - 30.000,00 euro: % 23; 30.000,01 eurotik aurrera: % 25. (...)".

Errenta hori salmenta egin zen ekitaldiko (2015, emandako datuen arabera) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean jaso beharko da, urte berean izandako gainontzeko etekin eta sarrerekin batera.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 24., 25., 26., 27., 44., 45. eta 76. art., eta lehen xedapen iragankorra.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 47. artikulua eta lehen xedapen iragankorra.Abenduaren 5eko 11/2013 Foru Arauaren 36. artikulua.

Itzuli