www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

05.07.2016

Erreferentzia

Etxebizitza kontuko 6 urteko epea ez betetzea. Ez betetzearen urtean emandako kopuruen murrizketa.

Galdera

Kontsulta-egilea duela 6 urte baino gehiago irekitako etxebizitza kontu bateko titularra da. Ez du kontu horren saldoa bere ohiko etxebizitza erosteko, edo berritzeko erabili. Hori dela eta, bere egoera erregularizatu zuen eta hari egindako ekarpenen gaineko bidegabe egindako kenkariak itzuli zituen. Dena den, ohiko etxebizitza erosteko asmoa izaten jarraitzen du. Horregatik, 2015ean adierazitako etxebizitza kontura ekarpenak egin zizkion.Jakin nahi du 2015ean etxebizitza kontura egindako ekarpenetan kenkaria jaso dezakeen, bere egoera erregularizatu ondoren.

Ebazpena

Idazkian egindako galderari dagokionez, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere, arau horren 87. artikulua: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. idatz-zatiak hizpide duen kontzeptuen baturagatik urteko gehienezko kenkaria 1.530 eurokoa izango da. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako ehunekoa % 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: (...) b) Erregelamendu bidez ezarritako formalizazio- eta erabilera-baldintzak betetzen dituzten kreditu-erakundeetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira, kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen. Ez da bete gabekotzat hartuko erabilera-baldintza, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten diru-kopuruak berriro osorik sartzen badira kreditu-erakunde berean edo beste kreditu-erakunde batera osorik eramaten badira zergaren sortzapena gertatu baino lehen. Zergaduna letra honetako lehen lerroaldean aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada,ez da bete gabekotzat hartuko etxebizitza-kontuko kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzeko obligazioa. Ezin izango da berriro kenkaririk egin letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru-kopuruak direla eta, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean. c) Araumendu bidez zehazten diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro finka bakarra osatzen dutenean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. (...)".

Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren (PFEZA) 69. artikuluak honako hau xedatu du: "1. Kreditu entitateetan, beste edozein ezarpen motatatik bereizitako kontuetan, gordailatutako kopuruak ohiko etxebizitza erostearekin parekatuko dira, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak zergadunaren ohiko etxebizitza erosteko erabiltzen badira sei urte baino lehen. Aurreko baldintza ez da beteko gordailatutako kopurua beste etxebizitza-kontu batean ezarrita. 2. Kenkaria egiteko eskubidea galduko da honako kasu hauetan: a) Zergadunak etxebizitza-kontuan gordailatutako kopuruak, kenkaria aplikatzeko eskubidea sortu dutenak, ohiko etxebizitza erosteko ez beste xede baterako erabiltzen baditu eta Zergaren sortzapena gertatu aurretik kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik birjartzen ez badira edo kontu horretara aldatzen ez badira. Gordailatutako kopuruen zati bat erabiltzen bada, erabilitako kopuruak zergadunak lehenengo gordailatutakoak direla pentsatuko da. b) Kontua irekitzen denetik sei urte pasatzen badira kenkaria aplikatzeko eskubidea sortzen duten kopuruak ohiko etxebizitza erosteko erabili gabe. c) Ondoren egiten den ohiko etxebizitzaren eskuraketan ez badira betetzen kenkari hau aplikatzeko eskubidea ematen duten baldintzak. 3. Zergadun bakoitzak etxebizitza-kontu bat bakarrik eduki dezake. 4. Etxebizitza-kontuak bereizita identifikatu behar dira Zergaren autolikidazioan; gutxienez datu hauek adierazi behar dira: - Kontua dagoen erakundea. - Kontuaren zenbakia. - Kontua ireki den eguna. - Ekitaldian zenbatean gehitu den kontuaren saldoa. 5. Egindako kenkariak egiteko eskubidea galduz gero, zergadunak honako hauek batu beharko dizkio kenkarirako baldintzak bete ez dituen zergaldiko zergaren kuotari: kendutako kopuruak gehi Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluak aipatzen dituen berandutza interesak".

Aurrekoaren harira, honako hau argitzen du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2016 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezartzen dituenak, 15.8.15 zenbakian: "a) Zergaren Araudiko 69. artikuluan ezarritakoa dela bide, kreditu erakundeetan (ezarpen mota guztietatik bereizitako kontuetan) gordailatzen diren kopuruak zergadunak ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko erabili dituela pentsatuko da, baldin eta kenkari eskubidea sortu duten kopuruak beraren ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko ez beste ezertarako erabili badira. Idatz-zati horretan "kenkari eskubidea sortu duten kopuruak" esamoldea ageri da, eta esan nahi du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatu dela. Gordailaturiko kopuruak baliatzeko betekizunak betetzat joko dira, baldin eta kenkaria aplikatzeko eskubidea sortu duten kopuruak zerga sortu aurretik berriz jartzen badira edo kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik jartzen badira. b) Diru-kopuru batzuk baliatzea: Kontuko kopuru batzuk ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko barik beste zerbaitetarako baliatzen badira eta Zerga ordaindu baino lehen berriz jartzen ez badira, hurrenkera honetan baliatu direla pentsatuko da: - Lehenik eta behin, kenkaria egin ez zaien diru-kopuruak, eta gordailaturiko zenbatekoa handiagoa izango balitz, - Lehenbizi gordailaturikoak. c) PFEZaren araudian ez da ezarri, oro har, etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, hain zuzen ohiko etxebizitza eskuratzean edo birgaitzean kenkaria egiteko eskubidea ematen duen etxebizitza-kontuaren saldoa. Hala eta guztiz ere, azken ondore horietarako, kontuan hartu behar da abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarriak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 8 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2008ko urtarrilaren 1a eta 2009ko abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauko lehen xedapen gehigarrian beste kasu batzuetara ere hedatu du neurri hori: ohiko epea 2010eko urtarrilaren 1a eta 2011ko abenduaren 31 bitartean amaitzen zaien etxebizitza-kontuetara. Era berean, halakoetan, epea luzatzeko bi urteko epealdian ekarritako diru-kopuruek ere emango dute ohiko etxebizitzan inbertitzearen zizoko kenkaria egiteko eskubidea. Azkenik, otsailaren 29ko 1/2012 Foru Arauak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 7 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2012ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Legez ezarritako luzapenen ondorioz 2004an 2012an irekitako etxebizitza-kontuetarako finkatutako gehieneko epealdia amaitu da. 2013an 2005ean (abenduaren 23ko 3/2009 Foru Araua), 2006an (otsailaren 29ko 1/2012 Foru Araua) eta 2007an (abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) irekitako kontuen gehieneko epealdia amaituko da. 2008an irekitako kontuena 2014an amaitu zen, eta 2015ean amaitu zen 2009an zabaldutako kontuen epea. d) Zergapekoak bere bizilekua beste lurralde batera (komuna edo forala izan) aldatuz gero, Bizkaian egindako kenkarietarako eskubidea finkatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituenetz ebazteko eskumena Foru Ogasun honi dagokio, eta lurralde historiko honetan indarrean dagoen araudia aplikatuko du. Baldintza horiek betetzen ez badira, Bizkaian kendutako zenbatekoak Foru Ogasun honetan ordaindu beharko dira, dagozkien berandutza-korrituekin batera, non ere bizi den zergaduna baldintzak bete gabe. e) Zergadun bat etxebizitza-kontuari emandako epealdia amaitu aurretik haren saldoa bere ohiko etxebizitza erosten edo zaharberritzen inbertitu gabe hiltzen bada, hari emandako zenbatekoetan egindako kenkariak (hiltzearen ondorioz bere xederako erabili ez direnak) ez dira itzuli beharko. Aitzitik, etxebizitza-kontu horri dagokion epealdia amaitu ondoren hiltzen bada,etxebizitza-kontuaren zenbatekoei egin eta bere xederako erabili ez diren kenkariak itzuli beharko dira, bidezko berandutza-korrituekin batera. f) Aurreko c) letran ezarritakoa gorabehera, etxebizitza eraikitzea eta hori eskuratzea loturik dauden heinean, balizko kasu horietan (eraiki beharreko etxebizitzak) bi aukera daude etxebizitza-kontuko saldoa egoki inbertitutzat jotzeko: 1) Zergadunak kenkariaren xedeko kontuko saldo osoa higiezinen jabetza osoa eskuratzeko erabiltzea etxebizitza-kontuei ematen zaien 6 urteko epea bukatu baino lehen, halako moldez non, ordurako, gauzatuta egongo baita kasuan kasuko higiezinaren erosketaren eskritura publikoa. 2) Zergadunak etxebizitzaren eraikuntzaren sustatzailearen konturako ordainketak egiten hastea (edo zuzenean ordaintzea kopuruak etxebizitza eraikitzeko obrak burutzearen zioz), kontuan gordailutako zenbatekoaren kargura, kontua hasten denetik 6 urteko epe hori bukatu baino lehen. Kasu horretan, ulertu behar da kenketaren xede den kontuaren saldoa haren xederako behar bezala erabili dela epearen barnean, baldin eta: a) higiezina eraikitzeko obrak oro har gehienez lau urtetik gorako epean -inbertsioa abiarazi denetik zenbatzen hasita- amaitzen badira (eta higiezinaren gaineko jabetza osoa eskuratzen bada alde juridikotik); epe hori Zergaren Araudiko 68. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako kasuetan luzatu ahalko da; eta b) eraikitzeko epean (printzipioz, 4 urte) zergadunak kenkaria izan duen kontuaren saldoa erabiltzen badu eraikuntzaren sustatzailearentzako konturako ordainketak egiteko (edo zuzenean berak eraikitzeko obrak egikaritzeko). Ildo horretan, Zergaren araudiak etxebizitza-kontuei ematen dien epea, 6 urtekoa kontua hasten denetik zenbatuta, ezin luza daitekeela, baina uste du luzapenik ez izate hori alde batetik honi dagokiola: kenkaririk ezin aplikatzea epe hori igarotakoan (6 urtekoa) eginiko ekarpenen gainean; eta bestetik, kenkaria aplikatu zaien eta gordailatu diren diru-kopuru guztiak Zergaren araudian beren beregi ezarritako helburuetarako nahitaez erabili beharra, ohiko etxebizitza eskuratzeko adibidez. Baina hori ez da eraikuntzarekin berdinesten. Beraz, pentsatu daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa epearen barnean behar bezala inbertitu dela, higiezinaren eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiten hasten badira edo obrak egiteko kopuruak zuzenean ordaintzen badira etxebizitza-kontu horren kontura kontua ireki eta hurrengo 6 urteko epearen barnean, baldin eta obrak 4 urteko gehieneko epean amaitzen badira, inbertsioa abiarazten denetik zenbatuta (zenbait kasutan epe hori luza daiteke) eta 4 urte horien barnean etxebizitza-kontuaren saldo osoa inbertitzen bada. Kontuaren saldoaren zati bat bakarrik erabiltzen bada eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiteko edo etxebizitza eraikitzeko 4 urteko epe horretan, zati hori baino ez da behar bezala inbertitutakotzat joko (horrenbestez, gainerakoen gainean egindako kenkarietarako eskubidea galduko da). Hortaz, eraikitzen ari diren etxebizitzak direnean, 10 urtera arte luzatu daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa erabiltzeko gehieneko epea, kontu hori irekitzen denetik zenbatzen hasita (6 urte etxebizitza-konturako, gehi beste 4 higiezina eraikitzeko, eta bi kasuetan luzatu egin daiteke epea).

Horrekin guztiarekin bat etorriz, zergadunek ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egin dezakete etxebizitza-kontura ekarritako kopuruetan, baldin eta kenkariaren xede diren zenbateko horiek ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko erabiltzen badira kontua irekitzen denetik 6 urte igaro baino lehen.

Hasteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian ez da ezarri etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko legez emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, ohiko etxebizitza eskuratzen edo birgaitzen kenkaria egiteko eskubidea eman duenik.

Epe horren mugaeguna iritsi eta kenkaria jaso duen saldo osoa lehen aipatutako helburuetarako erabili ez bada, galdu egingo da aplikatu barik dauden zenbatekoen gaineko kenkariak aplikatzeko eskubidea. Kasu horretan, kontuan sartu eta kenkaria jaso duten lehenengo zenbatekoak etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabili ez direla ulertzen da, harik eta epe barruan helburu horretarako aplikatu ez den saldora iritsi arte. Eginiko kenkarietarako eskubidea orobat galduko da etxebizitza-kontuko saldoa ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko ez beste helburu batzuetarako behin betiko erabiltzen denean, eta erositako edo birgaitutako etxebizitzak ohiko etxebizitzatzat hartzeko eskaturiko betekizunak betetzen ez dituenean.

Kode Zibilaren 5.1 artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 48.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, dataz data zenbatzen dira urtetan finkaturiko epeak.

Beraz, horrelako kasuetan, etxebizitza-kontua 2009ko abenduan zabaldu zenez, Zergaren Araudiak kontuaren saldoa bere xederako erabiltzeko ematen duen 6 urteko epea 2015eko abenduko egun berean amaitu zen (sei urte aurrerago kontua ireki zen egunean, alegia).

Horren ondorioz, kontsulta-egileak 2015era arteko epea zeukan aurreko ekitaldietan kenketa izan duen etxebizitza-kontuaren saldoa bere helbururako erabiltzeko. Egun hori iritsita saldo oso hori bere ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko erabili ez zuenez, helburu horretarako erabili ez ziren zenbatekoen gainean eginiko kenkarietarako eskubidea galdu zuen. Hala, 2015eko ekitaldiko Zergaren kuotari gehitu behar zizkion etxebizitza-kontuan eginiko ekarpenengatik aurretiaz bidegabe aplikatu zituen kenkarien zenbatekoak, gehi berandutza-interesak, PFEZAren 69.5 artikuluan ezarritakoaren arabera. Administrazio honek dituen datuen arabera, kontsulta-egileak bere egoera erregularizatu zuen eta aurreko ekitaldietan emandako kenkariak itzuli zituen, atzerapenak sortutako interesekin batera, Foru Ogasun horrek 2016ko urtarrilean gauzatutako likidazioaren bidez.

Dena den, bere zerga egoera bidegabe ezarritako kenkari guztiak atzerapen interesekin batera itzuli ostean erregularizatu ondoren, zergadunak berriz ere abiarazi dezake kenkarien aplikazioa erregularizatutako azken ekitaldiaren hurrengo ekitaldiaren ostean, horren ostean bere ohiko etxebizitza erosteko helburuz beharrezko kopuruekin, aldizka kontu horretan edo beste etxebizitza kontu batean egiten dituen ekarpenak barne.

Planteatutako kasuan, kontsulta-egileak 2014ko ekitaldira arte aplikatutako kenkariak erregularizatu zituen. Beraz, baldintza horietan, kenkari hori horretara emandako kopuruetan ezarri ahalko du edo 2015ean beste etxebizitza kontu batera. Kasu horretan, 6 urteko epe berri bat izango du kopuru horiek bere ohiko etxebizitza erosteko edo berritzeko erabiltzeko.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87. artikulua.Apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 69. artikulua.

Itzuli