www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

26.02.2016

Erreferentzia

Errentamenduaren kontratua aldez aurretik suntsiarazteagatik errentariaren aldetik jasotako kalte-ordaina.

Galdera

Kontsultagileak 2007az gero etxebizitza ez den erabilerarako bi lokal alokatuak izan ditu errentamendu kontratuaren bidez eta hasieran 20 urterako zen. Aipatu kontratuan errendamenduari aske uko egitea errentariak zuen eskubidea hitzartu zen. Dena den, errentatzaileari asmoa hiru hilabete lehenago jakinarazi behar zitzaion, baita kalte-ordaina eman ere. Zenbatekoa une horretan betetzeke zegoen kontratuaren urte bakoitzeko indarreko errentaren hileko bati zegokion kopurua zen. 2015eko ekainean, errentariak bere aldetik kontratua suntsiaraztearen erabakia jakinarazi zuen, urte bereko uztailaren 29tik aurrera. Ondorioz, agertzen denari bi hilabete ordaindu beharko dizkio kalte-ordainaren kontzeptupean aldez aurretik ohartarazteko epea ez betetzeagatik, baita hileko bana betetzeke duen kontratuaren urte bakoitzeko (hau da, 12 urte eta 8 hilabete) ere, hitzartutako indarreko epea ez betetzearengatik kalte-ordain gisa.Errentariak eman behar dion kalte-ordainari buruz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zerga-ordainketa ezagutu nahi du.

Ebazpena

Kontsulta idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 29. artikulua: "1. Kapitalaren etekin osotzat hartuko dira zuzenean edo zeharka ondare elementu, ondasun edo eskubideetatik datozen onura edo kontraprestazio guztiak, duten izendapena edo izaera dutelarik, diruzkoak izan edo gauzazkoak izan, baldin eta elementu, ondasun edo eskubide horien titularra zergaduna bada eta zergadunak berak egindako ekonomia-jarduerei afektatuta ez badaude. (...) 3. Nolanahi ere, kapilaren errentamendu bezala sartuko dira: a)Landa- zein hiri-ondasun higiezinetatik datozen etekinak, zergadunak egindako ekonomia-jarduerei afektatuta ez badaude. (...)".

Aurkeztutako datuen arabera, kontsultagileak ez ditu betetzen PFEZFAren 24.3 artikuluan eskatzen diren baldintzak, kontsulta honetan aztergai dugun higiezinaren lagapenetik lortzen dituen errentak jarduera ekonomikoen etekintzat hartu ahal izan daitezen (horretarako, langile bat eduki beharko luke lan-kontratuarekin eta lanaldi osoarekin, lagapen horren antolaketan bakarrik jardunean).

Horregatik, PFEZFAren beraren 30. artikuluan ezarritakoa hartu behar da kontuan: "1. Kapital higiezinaren etekin osotzat hartuko dira ondasun higiezin hiritar nahiz landatarrak edota horien gaineko eskubide errealak lagatzetik datozen etekinak, eta barne hartuta egongo dira ondasun horiek errentan edo azpierrentan ematetik edota erabiltzeko edo gozatzeko eskubide edo ahalmenak lagatzetik datozen etekin guztiak, horien izena edo izaera edozein izanik ere. 2. Etekin oso gisa konputatuko da erabili edo lupertzeko eskubidearen edo ahalmenaren eraketaren errentari, azpierrentari, lagapen-hartzaile edo onuradunak kontzeptu guztiengatik ordaindutako zenbatekoa; zenbateko horren barruan egongo da, halakorik lortuz gero, higiezinarekin batera lagatako ondasunei dagokien zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga kanpoan utzita. 3. Hala ere, foru arau honetako 32.2 artikuluan aipatzen diren etekinak bi urtetik gorako epean sortu badira eta aldizka edo noizean behin lortu ez badira, haien zenbatekoaren % 60 hartuko da etekin osotzat; ehuneko hori % 50 izango da, berriz, sorrera-aldia bost urtetik gorakoa denean edo, araumendu bidez, etekin horiek denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen direnean. Etekinak zatika kobratzen badira, etekinaren sorrera-aldia zenbatzerakoan kontuan hartuko da zenbat urtetan zatikatzen den kobrantza, araumendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Integrazio-portzentajeak aplikatzeko hartuko den etekinen zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. %100 baino integrazio-portzentaje txikiagoa aplikatu behar zaien etekinak jasotzen badira, aurreko lerroaldean zehazten den 300.000 euroko muga zenbatzerakoan, lehenengo eta behin, integrazio-portzentaje txikienei dagozkien etekinak hartuko dira kontuan. Ondasun higiezinak erabiltzeko edo gozatzeko eskubide errealak eratzeak sortzen dituen etekinak osorik konputatu behar dira (zenbatekoaren %100)".

Beste alde batetik, PFEZFAren 32. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Etxebizitzetatik datozen kapital higiezinaren etekinen kasuan, higiezin bakoitzeko lortutako etekin osoen % 20ko hobaria aplikatuko da. (...) Zenbaki honetan jasotakotzat joko dira, soilik, Hiri Errentamenduei buruzko 1994ko azaroaren 24ko 29/1994 Legeko 2. artikuluan aipatzen diren etxebizitzaren errentamendutzat jotakoetatik eratorritako etekinak. 2. Aurreko lerroaldean sartu gabe dauden kapital higiezinaren etekinetan, etekin osoari gastu kengarri hauen zenbatekoa gutxituko zaio: (...)".

Manu horiek garatu egin dira Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 39. artikuluan eta hala dio: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 30. artikuluko 3. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan ezarritako %50eko integrazioa aplikatzeko, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako higiezinen kapitalaren etekintzat jarraian adieraziko direnak soilik hartuko dira, baldin eta zergaldi bakarrean egozten badira: a) Negozio-lokalen errentamendu-kontratuak intsuldatuta edo lagata lortutako zenbatekoak. b) Errentariak, azpierrentariak edo lagapen-hartzaileak higiezinean egindako gaitzkalteengatik emandako kalte-ordainak. 2. Zergari buruzko Foru Arauko 32. artikuluko 2. idatz-zatian kapital higiezinaren etekinak bi edo bost urte baino aldi luzeagoan sortu badira eta zatika jasotzen badira, Zergari buruzko Foru Arauko 30. artikuluko 3. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan ezarritako integrazio-ehunekoak (% 60 eta % 50) honela aplikatuko dira: sorreraldiko urteen kopurua, datatik datara zenbatuta, zatikapenak hartzen dituen zergaldien kopuruaren artean zatitzearen emaitza bi urte baino gehiago bada, % 60; bost urte baino gehiago izanez gero, % 50. 3. Sorreraldia bi urte baino luzeagoa izan dela jakin arren benetan zenbatekoa izan den zehazterik ez badago, etekinak hiru urtean sortu direla pentsatuko da. 4. % 100etik beherako integrazio-ehunekoa aplikatu ahal bada, gehienez ere 300.000 euroko zenbatekoari aplikatuko zaio urtean. Hortiko gorako zenbatekoa osorik integratuko da (% 100). % 100 baino integrazio-portzentaje txikiagoa aplikatu behar zaien etekinak jasotzen badira, aurreko lerroaldean zehazten den 300.000 euroko muga zenbatzerakoan, lehenengo eta behin, integrazio-portzentaje txikienei dagozkien etekinak hartuko dira kontuan. Etekinak zatika jaso badira, artikulu honetako 2. idatz-zatian azaldu den bezala, eta 300.000 euroko muga aplikatu behar bada, gehieneko kopuru hori modu proportzionalean banatuko da zatikapenak hartzen dituen ekitaldien artean".

Planteatutako ustezkoan, errentariak bere jabetzako bi lokaletan kontratua bere aldetik suntsiarazteagatik kontsultagileak ordaina jaso ondoren, zenbatekoen zerga-ordainketari buruz galdetzen da. Nolanahi ere, kontsultagilearentzat kapitalaren etekintzat jokoa dira, PFEZFAk 29. eta 30. artikuluetan xedatutakoarekin bat.

Ondorioz, zenbatekoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan ordaindu beharko dira, ez ordaintzeko ustezkorik ez baitie babesten, ezta salbuespenik ere, (PFEZFAren 8. eta 9. artikuluak, hurrenez hurren).

Modu osagarrian, agertzen denak ordaindu behar dituen zenbatekoak araubidez denboran nabarmenki modu irregularrean lortutako etekinen artean ez daude (PFEZAren 39.1. artikulua). Bereziki, higiezinean kalte edo galerak izateagatik errentariak emandako kalte-ordainak ez dira (PFEZAren 39.1. artikuluko b) hizkia). Arrazoia errentamenduaren kontratua bere aldetik suntsiaraztea da.

Hala eta guztiz ere, kontratuaren indarraldia ez betetzeagatik kalte-ordainari dagokionez, Zuzendaritza Nagusi honen iritziz, bost urtetik gorako sorreraldia du, kontsultagileari hasieran sinatutako kontratua amaitu arte gelditzen zen denboran (hau da, 12 urte eta 8 hilabete) lortu behar zituen etekinak galtzeagatik ordaina ematen baitzaio. Gainera, itxuraz, onuradunak errenta ez du aldizka edo errepikari lortzen.

Ondorio hori, ordea, ez zaio aplikagarria aldez aurretik ohartarazteko epea ez betetzearen ondoriozko kalte-ordainari. Ezin daiteke bi urtetik gorako sorraldiarekin etekintzat jo, jasotzeko eskubidea errentamendu kontratua suntsiarazteagatik sortzen baita. Nolanahi ere, lotua gelditzeko ez dago denboraldirik.

Horrengatik guztiarengatik, kontsultagileak PFEZFAk 30.3. artikuluan aurrez ikusitako % 50eko integrazio-ehunekoa aplikatu ahal izango du kontratuaren indarraldia ez betetzeagatik kalte-ordainari dagokion zenbatekoaren gainean, urtean gehienez 300.000 eurora arte. Bien bitartean, beste kalte-ordaina (aldez aurretik ohartarazteko epea ez betetzeari dagokiona) oso-osorik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan sartuko da, higiezinaren beste kapital etekin bat gehiago bezala.

Etekinak Zergaren oinarrian integratzeari buruz, PFEZFAk 62. artikuluan adierazitakoari erreparatuko zaio. Hala dio: "Honako hauek osatuko dute errenta orokorra: hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera, aurrezkiaren errentatzat jotzen ez diren etekinak, ondare-irabaziak eta -galerak, bai eta honako foru arau hauetan aipatzen diren errenta-egozpenak: foru arau honetako 51. eta 52. artikuluetan, eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko VI. tituluaren III. kapituluan".

Ildo horretan, PFEZFAren 63. artikuluan hauxe ezartzen da: "Aurrezkiaren errentatzat hauek hartuko dira: a) Foru arau honetako 32. artikuluaren 1. zenbakian aipatzen diren etxebizitzetatik datozen kapital higiezinaren etekinak. b) Foru arau honetako 34, 35 eta 36. artikuluetan jasotako kapital higigarriaren etekinak. Hala ere, salbu araumendu bidez jasotzen diren kasuetan, foru arau honetako 35. artikuluan eta 56. artikuluko hirugarren lerroaldean jasotako kapital higigarriaren etekinak zergadunari loturiko entitateetatik datozenean Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluan emandako zentzuan, errenta orokorraren parte izango dira. c) Ondare osagaien eskualdaketak direla-eta adierazten diren ondare irabaziak eta galerak".

Azkenik, PFEZFAko 64. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Zerga-oinarria kalkulatzeko, zergadunaren errenten zenbateko positiboak edo negatiboak foru arau honetan jasotakoaren arabera integratu eta konpentsatuko dira. 2. Errentaren sailkapena kontuan hartuta, zerga-oinarria bi alderditan zatituko da: a) Zerga-oinarri orokorra. b) Aurrezkiaren zerga-oinarria".

Horri PFEZFAren 65. artikuluak hauxe erantsi dio: "Zerga-oinarri orokorra saldo hauen batura izango da: a) Batetik, foru arau honek 62. artikuluan aipatzen dituen etekinak (jarduera ekonomikoetatik eratorriak salbu)eta errenta egozpenak, haien artean zergaldi bakoitzean eta inolako mugarik gabe, elkarrekin integratu eta konpentsatuz ateratzen den saldoa. b) Ondare irabaziak eta galerak, soil-soilik haien artean eta zergaldi bakoitzean, integratuz eta konpentsatuz ateratzen den saldo positiboa, foru arau honen ondorengo artikuluan jasotakoak alde batera utzita. Emaitzak saldo negatiboa badu, zenbateko hori hurrengo 15 urteetako ekonomia-jardueretatik lorturiko etekinen saldo positiboarekin konpentsatuko da, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 55. artikuluan xedatzen diren baldintzetan. Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko Foru Arauko 117.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, zergadunak adierazi behar du ea aplikatu nahi duen saldo negatiboen konpentsaziorako aurreko lerroaldean adierazten den aukera hori; konpentsazioa aplikatu nahi duen ekitaldiko autolikidazioa aurkezterakoan egin behar du adierazpen hori. Zergaldi baterako egindako aukera geroago aldatu ahal izango da, hain zuzen ere, zergaren autolikidazioa egiteko borondatezko epea amaitu ondoren, baina Zerga Administrazioak aurretiazko errekerimendurik egin ez badu. c) Ondare-irabaziak -eta galerak soil-soilik haien artean eta zergaldi bakoitzean integratuz eta konpentsatuz ateratzen den saldo positiboa, foru arau honen hurrengo artikuluan jasotakoak alde batera utzita. Artikulu honetako c) letran aipatzen den integrazio eta konpentsazioaren emaitza saldo negatiboa bada, haren zenbatekoa artikulu honetako a) eta b) letretan jasotako errenten saldo positiboarekin konpentsatuko da, hau da, zergaldi berean lortutako saldo positiboarekin, muga izanik saldo horren % 10. Konpentsazio hori egin eta saldo negatiboa ateratzen bada, zenbateko hori hurrengo lau urteetan zehar konpentsatuko da, artikulu honetako aurreko letretan ezarri den hurrenkera berari jarraituz. Ondorengo ekitaldi bakoitzean onar daitekeen gehieneko kopuruan egin beharko da konpentsazioa, betiere lau urteko epearen barruan, aurreko ekitaldietan ondare galera moduan jasoz".

Ondorioz, kontsultaren xede den kalte-ordainari dagokion higiezinaren kapital etekina zerga-oinarri orokorrean integratu eta orekatu beharko da, PFEZFAk 65. artikuluan xedatutako arauekin bat, PFEZFAk 32. artikuluko 1. atalean arautzen duen etxebizitzetatik datorren higiezinaren kapital etekina ez den neurrian.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 29., 30., 63. eta 76. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 39. artikulua.

Itzuli