www.bizkaia.eus/guregida


4/2013 Foru Dekretoa 6 eta 7 artikuluak


  
Data

26.02.2016

Erreferentzia

Enpleguko BGAEa desegitea. Eskubide ekonomikoak banako BGAE batera intsuldatzea.

Galdera

Kontsultagilea 1995ean eratutako enpleguko BGAE bateko bazkidea da. Enpresa sustatzaileak (bazkide babeslea) ekarpenak egin ditu urtero langile bakoitzaren alde. 2015ean sinatutako akordio kolektiboaren bidez, aipatu bazkide babesleak enpleguko BGAE horri enpresa ekarpen gehiagorik ez egitea hitzartu zen eta, beraz, kontsultagileak uste du desagertu egingo dela hura. Horregatik, aipatu erakundean dauzkan eskubide ekonomokoak banako BGAE batera intsuldatzea pentsatu du.Jakin nahi du bazkide den enpleguko BGAEa desagertu edo desegitearen ondorioz jasotzen dituen kopuruak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo diren, banako sistemako BGAE batera transferitzen baditu.

Ebazpena

Kontsultagilea zerga-egoitza Gipuzkoan duen sozietate bateko enpresa batzordeko kide gisa egin du kontsulta. Horregatik, lehenik,Zergei buruzko kontsulta idatzien eta zerga-ordainketako aurretiazko proposamenen prozedurak eta itzurpenaren aurkako klausula garatzen dituen ekainaren 21eko 101/2005 Foru Dekretuaren 1 artikuluan xedatutakoa hartu behar da kontuan. Haren arabera: "Bizkaiko Lurralde Historikoko Zerga Administrazioari zergei buruzko kontsultak aurkeztu ahal izango zaizkio idatziz eta zerga-egitateen eta zerga-betebeharren ziozko ordainketako aurretiazko proposamenak egin ahal izango zaizkio, Ekonomi Itunean xedatutakoarekin bat etorriz, ondoko inguruabarretako bat gertatuz gero: a) Bizkaiko Lurralde Historikoko arautegia aplikatu behar izatea. b) Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Zerga Administrazioaren organoek edukitzea ikuskatzeko eskumena. c) Foru Aldundiko Zerga Administrazioak zergapekoekin dituen harremanetan bere eskumenak erabiltzearekin lotuta dauden beste inguruabar batzuk".

Horren arabera, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusi honek zerga-kontsulta idatziei erantzuteko eskumena edukiko du baldin eta Bizkaiko Lurralde Historikoko araudia aplikatu behar zaien gaiei buruzko kontsultak badira, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zerga Administrazio foralak gai horien gaineko ikuskapenerako eskumena badauka edo kontsultak zerikusia badu aipatutako foru administrazio horrek zergapekoekin dituen harremanetan bere eskumenak erabiltzearekin.

Horri dagokionez, kontsultagilea pertsona fisikoa da eta, emandako datuetatik ondorioztatzen denez, ohiko bizilekua Bizkaian dauka eta aipatu Gipuzkoako sozietatean ematen ditu langile zerbitzuak.

Ondorioz, erantzun honetan galdetutako eragiketak kontsultagilearen egoitzan, hura pertsona fisikoa izanda, dauzkan zerga ondorioak (pertsonalki, Bizkaiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadun eragin diezaioketen zerga-egitateak eta zerga-betebeharrak) baino ez dira aztertuko; ez da aztertuko, aldiz, ez Gipuzkoako sozietateari (bazkide babesleari), ez BGAEari (zeina, dirudienez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko foru araudiaren mende baitago), ez beste lurralde batzuetan bizi diren aipatu BGAEko bazkideei dagokien egoera.

Kontsulta idatzian emandako datuetatik ondorioztatzen da kontsultagilea berak lan egiten duen enpresak 1995ean eratutako enpleguko BGAE bateko bazkidea dela. Une harrezkeroztik (1995az geroztik), konpainiak enpresa ekarpenak egin dizkio aipatu BGAEri langile bakoitzaren alde. 2015ean, ordea, akordio kolektiboaren bidez, enpresak (bazkide babesleak) aipatu ekarpenak egiteari uztea hitzartu zen.

Testuinguru horretan, kontsultagileak errepikatutako enpleguko BGAEa banako sistemako BGAE bihurtzeko aukera pentsatu du.

Kontsulta idatzita dagoen moduari kasu eginez, ordea, ez dago argi egindako galderak zeri egiten dion erreferentzia: 1) enpleguko BGAEko eskubide ekonomikoak banako sistemako beste BGAE batera mobilizatzeko aukerari; 2) enpleguko BGAEa banako sistemako BGAE bihurtzeko aukerari; ala 3) kasuan kasu, enpleguko BGAEa desegin edo likidatzearen ondorioz eskura litzakeen hartukizunak zergatik salbuetsita uzteko aukerari, hala jasotako kopuruak banako sistemako BGAE batean sartuz gero. Puntu horretan, dirudienez, kontsultagileak ziurtzat jotzen du enpleguko BGAEa desegin eta likidatu egin beharko dela bazkide babesleak (haren sozietate sustatzaileak) enpresa ekarpenak egiteari uztearen ondorioz.

Arestiko paragrafoan aipatu kontu biak finantzakoak baino ez dira, eta ez zergen arlokoak. Hortaz, Zuzendaritza Nagusi honek ez dauka eskumenik haiei buruz kontsulta loteslearen bidez ebazteko.

Kontsultagileak bere eskubide ekonomikoak bazkide arrunta den enpleguko BGAEtik halaber bazkide den banako modalitateko beste BGAE batera mobilizatzeko aukera izateari dagokionez, ordea, adierazi denez kontu finantzarioa bada ere, esan daiteke, informazio hutsa emate aldera, BGAE-en arteko eskubide ekonomikoen mobilizazioak otsailaren 20ko 87/1984 Dekretuaren 31. artikuluan araututa daudela, zeinak indarrean jarraitzen baitu are urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onartutako Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudia indarrean jarri ondoren (haren xedapen indargabetzailean berariaz adierazi denez).

Hala, otsailaren 20ko 87/1984 Foru Dekretuaren 31. artikulu horrek hauxe dio: "Halaber, aurreikuspen-planetan sartuta dauden borondatezko aurreikuspen sozialeko erakundeek bere estatutuetan ezarriko dute bazkide osoaren eta onuradunaren eskubidea beren eskubide ekonomikoak beste aurreikuspen-plan batera mugitzeko honako arau hauei jarraituz: (...) b) Bai zehaztutako ekarpenari bai zehaztutako prestazioari dagokienez, enplegu modalitateko aurreikuspen-planetan eskubide ekonomikoak mugitzeak betiere eskubide horiek hala aitortuta badaude baldintza bat izango du, jardunean edo etendura egoeran dagoen bazkide osoak bazkide babeslearekin duen lan-harremana amaitzea, alegia. Eskubideen mugimendua eskubide guztiei egokitu beharrekoa lehentasunez beste enplegu plan batera egingo da eta hala ez denean beste edozein aurreikuspen-plan batera, betiere baldin eta betetzen baditu jatorrizko BASEren estatutuetan aurretiaz ezar daitezen prestazioen kobrantza moduaren gaineko baldintzak eta ezaugarriak. Bazkideak mugimendurako eskubideaz baliatzen hasteko estatutuetan ezarriko den epea ezin da izan bi urtekoa baino luzeagoa lan harremana amaitzen denetik kontatzen hasita. Doakionak mugitzeko eskaera egin ondoren, Erakundeak betetzeko duen epea bi hilekoa baino laburragoa da. Enplegu aurreikuspen-planen bazkide pasibo eta onuradunek, eskubideak mugitzeari dagokionez, beren estatutuetan ezarritakoari jarraituko diote. (...) d) Eskubide ekonomikoen mobilizazioak ez dio inolako gasturik sortuko bazkide arruntari edo onuradunari, eta ez ditu eskubide horiek murriztuko".

Antzeko zerbait dio otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsen Araudiaren 35. artikuluak. Haren arabera: "(...) 3. Enplegu sistemako pentsio planetako partaideen eskubide finkatuak ezingo dira mobilizatu beste pentsio plan batzuetara edo aseguru peko beste aurreikuspen planetara edo enpresako gizarte aurreikuspeneko planetara, lan harremana iraungi ezean eta planaren zehaztapenetan aurreikusita balego baino ez, edo pentsio plana amaitu ezean. Mobilizaziorako, partaideak jomugako erakunde kudeatzailera edo aseguru erakundera jo beharko du, haren intsuldatzea hasteko. Horretarako, partaideak mobilizazio eskabidea aurkeztu beharko du, zeinak mobilizazioa egingo den jatorrizko pentsio plan eta funtsaren identifikazioa zein, kasuan kasu, mobilizatu beharreko zenbatekoa jaso beharko baititu; baita partaideak erakunde kudeatzaileari edo aseguru erakundeari, bere izenean, jatorrizko funtsaren kudeatzaileari finkatutako eskubideak mobilizatzeko eskatu ahal izateko emandako baimena zein hori egiteko behar den finantza eta zerga informazio guztia ere. (...) 5. Onuradunek enplegu planetan dituzten eskubide ekonomikoak ezingo dira mugitu, pentsio plana amaitu bada salbu".

Enpleguko pentsio planak amaitzearen kausak eta ondorioak otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsen Araudi beraren 24. artikuluan daude jasota. Haren arabera: "(...) 2. Pentsio planen likidazioak euren zehaztapenetan xedatutakoa beteko dute zeinek, betiere, eragindako prestazioen berme banakatua errespetatu eta partaideen eskubide finkatuen eta, kasuan kasu, planean, beste pentsio plan batzuetan, aseguru peko aurreikuspen planetan edo enpresako gizarte aurreikuspeneko planetan geratzen diren eragindako prestazioetatik eratorritako eskubideen integrazioa aurreikusi beharko baitute. Enplegu sistemako planetan partaideen finkatutako eskubideen integrazioa partaideek izaera hori izan dezaketen enplegu sistemako planean edo planetan edo partaideak aseguratuak izan daitezkeen enpresako gizarte aurreikuspeneko planean edo planetan edo, halakorik ezean, banako edo kidetutako sistemako planetan edo aseguru peko aurreikuspen planetan egingo da. Enplegu planen zehaztapenek aukera aurreikusi ahalko dute kontrol batzordeak finkatutako eskubideen eta/edo eskubide ekonomikoen jomugako pentsio plan bat izendatzeko, likidatzen den enplegu plan baten partaideek eta/edo onuradunek, zehaztapenetan horretarako aurreikusitako epean, haien jomuga izendatu ez badute. Edonola ere, plana amaitu aurreko baldintzak izango dira eragindako prestazioen berme banakatua eta partaideen eskubide finkatuak beste pentsio plan batean edo aseguru peko aurreikuspen plan batean edo enpresako gizarte aurreikuspeneko plan batean integratzea".

Eskubide ekonomikoak aurreikuspen plan batetik beste batera (edo BGAE batetik beste batera) halako eragiketak arautzen dituen finantza legedian ezarritako moduan egindako mobilizazioek ez dute kargapeko inolako errentarik sortzen. Kasu horietan, eskubide ekonomiko horiei dagozkien lanaren etekinak eskubide horietatik eratorritako prestazioak egiatan jasotzen diren ekitaldietan egozten dira.

Arestian aipatu bigarren aukerari dagokionez, hau baino ezin da adieraz: ez Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legeak, ez urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onetsitako hura garatzeko araudiak ez dute berariaz arautu enpleguko BGAE edo aurreikuspen plan bat banako sistemako BGAE edo aurreikuspen plan bihurtzeko aukera.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legeak eragiketa hauek arautu ditu: BGAE bat egin eta banantzeko eragiketak (otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 36. eta 37. artikuluak), enpleguko aurreikuspen planak erakunde batetik bestera intsuldatzea (otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 45. artikulua) eta gizarte aurreikuspeneko planak bat egin eta banantzea (otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 46. artikulua).

Finantza legedian ezarritakoaren arabera egindako bat egite, banantze eta intsuldatze eragiketa horiek ere ez dakarkie BGAE-en bazkideei zergaren peko errentarik lortzea zeinek, dagokien unean, haietatik eskuratzen dituzten hartukizunak zergapetuko baitituzte.

Azkenik, otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 38-41. artikuluek BGAEak desegin eta likidatzeko eragiketak arautu dituzte. Halaber, posible da iraungitzen dena aurreikuspen plan jakin bat izatea (adibidez, haren epea amaitzeagatik, bazkiderik, onuradunik eta/edo aktiborik ez izateagatik, edo haien araudietan ezarritako beste edozein kausagatik).

Zehazki, BGAE-en desegite eta likidazioari dagokionez, otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 38. artikuluak honakoa jaso du: "1.- Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakunde bat desegiteko kausak dira: a) Haren helburu soziala amaitzea, hura amaitzea argi eta garbi ezinezkoa izatea edo erakundearen estatutuetan jasotako beste kasuak. b) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundearen jarduera gelditzea edo etetea, kausa justifikaturik gabe, segidako bi ekitalditan. c) Erabateko bat egitea edo banantzea. d) Dagokion batzar nagusi bereziaren erabakia, Lege honek adierazi dituen gehiengo kualifikatuekin edo haren estatutuetan ezarritako handiagoekin. e) Estatutuetan ezarritako epea amaitzea. f) Erregelamenduz ezarritako baldintza eta epeak berrorekatzeko plan bat ez betetzea edo ezin betetzea. 2.- Edonola ere, erakundearen desegitea eta ondorengo likidazioa gertatzen dira, Lege honetan ezarritakoaren arabera, administrazioak dagozkion baimenak ezeztatzen dituenean".

Erakundea desegitea hitzartu ondoren, hura likidatzeko aldia zabaltzen da, bat egite edo banantze kasuetan izan ezik. Kasu horietan, eragindako prestazioan osorik ordaindu edo aseguratutakoan, erakundearen gainerako ondarea urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Araudiaren 25. artikuluak ezarritako ordenaren arabera esleitzen da, hasteko oraindik haien izenean geratu diren eskubideak bazkideei itzuliz.

Kasuan kasu, BGAE bat desegin eta likidatzearen ondorioz eskura daitezkeen hartukizunen zerga trataerari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 18. artikuluak hau ezarri du: "Lanaren etekintzat jo behar dira: a) Honako prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazio hauek: a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide osoek eta haien onuradunek jasotako zenbatekoak, borondatezko edo nahitaezko bajagatik, entitatea desegin edo likidatzeagatik, edota gaixotasun larriaren kasuan nahiz iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotakoak barne. Dena den, borondatezko edo nahitaezko bajagatik nahiz entitatea desegin edo likidatzeagatik jasotako zenbatekoak, oso-osorik, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batean sartzen badira, bi hilabeteko epea igaro baino lehen, zenbateko horiek guztiak ez zaizkio batuko zergaren zerga-oinarriari. (...)".

Hortaz, oro har, BGAE-en bazkideek eskuratutako hartukizunak lan pertsonalaren errendimenduak dira haientzat, are erakundea desegin eta likidatzetik datozenean (hots, are aipatu hartukizunak estalitako kontingentziaren bat gertatzetik, ez erreskate eskubidea erabiltzetik ez datozenean). Zergadunek, ordea, ez dituzte euren zerga-oinarrian sartu behar BGAEaren desegite eta likidazio kasu horietan jasotzen dituzten zenbatekoak, zio horregatik jasotako kopuru osoa (kasuan kasu jasan behar dituzten atxikipenak kendu gabe) gehienez hil biko epean beste BGAE batean sartzen badute.

Kasua hori balitz, kontsultagileak ez ditu Zergaren zerga-oinarrian sartu beharko bazkide den enpleguko BGAEaren, edo atxikita dagoen enpleguko aurreikuspen planaren desegite eta likidazioaren ondorioz eskura ditzakeen hartukizunak, haien zenbateko osoa bazkide agertzen den beste BGAE batean sartzen badu, gehienez ere bi hileko epean PFEZFAren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Arestikoa kaltetu gabe, kasuan kasu zergadunak bazkide den enpleguko BGAEaren (edo atxikita dagoen aurreikuspen planaren) desegite eta likidazioaren ondorioz jasotzen dituen zenbatekoen gaineko atxikipena egiteari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren (PFEZA) 81. artikulua aplikatu beharko da. Haren arabera: "1. Hauexek dira atxikipena edo konturako sarrera aplikatu beharreko errentak: a) Lanaren etekinak. (...)".

Beraz, enpleguko BGAEa desegin eta likidatzen bada, kontsultagileak zio horregatik jasotzen dituen zenbatekoen gainean dagokion atxikipena jasan beharko du; izan ere, Bizkaiko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak ez du salbuespenik jaso kasu horietarako atxikipena egin beharrerako (jasotzen duen zenbatekoa PFEZFAren 18 a) 3) artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera zergatik salbuetsita geratuko balitz ere).

Azken batean, ondorioztatu behar da bazkideen eskubide ekonomikoak, zuzenean, zenbatekorik jaso gabe, eta eragiketa horiek arautzen dituen finantza araudia betez, BGAE batetik bestera mobilizatzea edo intsuldatzea dakarten eragiketek ez dute ekarriko, une horretan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren mendeko errendimendurik jasotzea. Aitzitik, galdetu den BGAEaren zergadunak, haren desegite eta likidazioaren ondorioz, eskura ditzakeen kopuruak Pertsona Fisikoaren gaineko Zergaren mende egongo dira, gehienez ere bi hileko epean osorik borondatezko gizarte ekarpeneko beste erakunde batean sartu ezean.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 15. eta 18. artikuluak.Apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 81. artikulua.

Itzuli