www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

17.02.2016

Erreferentzia

Jaraunspena onartu ez duten oinordekoek ohiko etxebizitzan kenkaria egitea

Galdera

Kontsultagilea 1985eko urrian ezkondu zen, foru komunikazioko araubidean. 2014ko uztailean, emaztea hil zen testamenturik egin gabe. Ezkontzako ondasunen artean, famili etxebizitza dago, eta zati batez amortizatzeko dagoen hipoteka-mailegua du etxebizitzaren gainean. Senar-emazteek adin nagusiko bi seme zituzten, eta dirudienez, batek bakarrik jarraitzen du aitarekin bizi izaten aipaturiko etxebizitzan. Kontsulta aurkeztu zen egunean, ez zegoen emanda emaztearen jaraunspena onartzeko eta esleitzeko eskritura.Jakin nahi du:1) Ea kenkaria egin dezakeen ohiko etxebizitzarako inbertsioagatik famili etxebizitzaren hipoteka-mailegu osoari dagozkion zenbatekoen gainean, berak egiten baitie aurre maileguaren kuotei, emaztearen jaraunspena oraindik onartu eta banatu gabe badago ere.2) Ea kenkaria egin dezakeen ohiko etxebizitzarako inbertsioagatik amortizatzeko dagoen hipoteka-mailegu osoaren gainean, baldin eta oinordeko guztiek jaraunspena onartzen badute, eta ea berak har dezakeen oso-osorik mailegua, baita ezkontide-sozietatean eta jaraunspeneko hartzekoan duen partaidetzaren arabera hari dagokion etxebizitzaren zatia ere, kasu honetan higiezinaren %100 eskuratzera iristen ez bada ere (higiezinaren jabetza semeekin partekatu beharko baitu).

Ebazpena

1) Kontsulta idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da. Horren 87. artikuluak hau xedatzen du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erosteko zergaldian inbertitu dituzten kopuruen % 18ko kenkaria egin dezakete, haien kargura joan diren erosketa-gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabili badituzte, kapital horiek erabiltzeagatik zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete; horretarako kontuan hartuko dira besteren finantzaketak zergadunari sortutako beste gastuak, zergadunen kargura joan badira. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare-irabaziaren zenbatekoari % 18 aplikatuz ateratako emaitza. (...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun-gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol-instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro-finka bakarra osatzen dutenean. Familia-unitateko kideak hiri-ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, haietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. (...)".

Aurreko guztiaren arabera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapeko zergadunek kenkaria aplikatu dezakete zergaldi bakoitzean euren ohiko etxebizitza eskuratzeko erabiltzen dituzten diru kopuruengatik. Kenkari hau aplikatzeko, funtsean, bi baldintza hauek betetzea exijitzen da: 1) Etxebizitza osoaren edo zati baten gaineko jabetza osoa eskuratzea; eta 2) etxebizitza zergadunaren ohiko etxebizitza izatea, une horretan edo aurrerantzean.Ondorioz, kasuan kasuko higiezin osoaren edo zati baten jabetza osoa eskuratzen duenak ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplika dezake, betiere Zergaren araudian horretarako eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen baditu, jakina.Honelako kasuetan, ezkontideetako bat hiltzen denean, bi egitate juridiko ezberdin eta bereizi gertatzen dira, denboran bata bestearen atzetik jazotzen direnak. Bi egitate horiek bereiz aztertu behar dira, ikuspegi zibiletik nahiz zerga ikuspegitik.2014ko uztailaren 22an, agerliarraren emaztea hil zen testamenturik egin gabe. Ondorio horietarako, argitu beharra dago ezkontideen ezkontza-araubidea foru komunikaziokoa zela. Honelako kasuetan, ezkontideetako bat hiltzen denean, bi egitate juridiko ezberdin eta bereizi gertatzen dira, denboran bata bestearen atzetik jazotzen direnak. Bi egitate horiek bereiz aztertu behar dira, ikuspegi zibiletik nahiz zerga ikuspegitik: batetik, ezkontza sozietatearen desegitea (kontsultatu den kasuan, foru komunikazioaren araubidea) eta bestetik ondorengotzaren irekiera.

Horrela, ezkontideetako baten heriotzan, batetik, foru komunikazioaren araubidea desegiten da.Horri dagokionez, EAEko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legeko 104. artikuluan hauxe xedatu da: "Ezkontideetako baten heriotzaren ondorioz ezkontza desegiten denean, eta bien seme-alabak edo ondorengoak daudenean, foru komunikazioa finkatuko da eta ondasun erkidego bihurtuko da. Erkidego hori batetik, alargundutako ezkontideak, eta bestetik, hildakoaren ondorengo diren seme-alabek edo ondorengoek osatuko dute. Erkidegoak ondasunak banatu eta adjudikatu arte iraungo du".

Ildo beretik doa gaur egun indarrean dagoen EAEko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 140. artikulua.

Gainera, EAEko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legea horren 95. artikuluak hauxe araupetu du: "Foru-komunikazioaren bidez ezkontideek erdibana izango dituzte ondasun mugikor eta mugiezin guztiak, ondasunen jatorria dena delakoa dela, batenak zein bestearenak izan, berdin ezkontzara bakoitzak ekarritakoak zein ezkontzan zehar irabazitakoak, ondasunok dauden lekuak zerikusirik ez duela". Hauxe gehitu du EAEko Zuzenbide Zibilari buruzko uztailaren 1eko 3/1992 Legearen 96. artikuluak: "Foru-komunikazioa, ezkontzeaz batera sortzen denez, seme-alaba edo ondorengorik elkarrekin izan duten ezkontideren bat hiltzeagatik ezkontza desegiten den unean finkatzen da".

Erregela hauek, era berean, EAEko Foru Zuzenbide Zibilari buruzko ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 129 eta 132. artikuluetan daude bilduta. Hauxe ezarri da horietan: "2.- Komunikatutzat joko dira ezkontideetako edozeinek ezkontza desegin arte lorturiko edozein ondasun, eskubide eta ekintza, baina ez pertsonari datxezkion eskubideak, ezta ezkontideetako bat hil ondoren eskuraturikoak ere. Ezin eskualda daitezkeen ondasunak eta eskubideak ere ez dira komunikatuko, edo norberaren erabilerarakoak".

Horrekin guztiarekin bat, foru komunikazioko araubidean, ezkontza desegiten bada ezkontideetako baten heriotzagatik eta seme-alabak edo ondorengo komunak uzten badira, ezkontideek erdibana izango dituzte ondasun mugikor eta mugiezin guztiak, batenak zein bestearenak izan, berdin ezkontzara bakoitzak ekarritakoak zein ezkontza zehar irabazitakoak, ondasunok dauden lekuak zerikusirik ez duela.

Une horretan, foru komunikazioa ondasunen erkidego bihurtzen da, batetik ezkontide alargunaren eta seme-alaben edo aurrez hildako ezkontidearen oinordekoak direnen artean, eta bestetik, hartzeko komuna banatu eta esleitu arte.

EAEko Foru Zuzenbide Zibilaren uztailaren 1eko 3/1992 Legearen 104. artikuluan eta EAEko Foru Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 140. artikuluan arauturiko ezkontza-ondoko erkidegoa, germaniar erako erkidegoa da, non ez baitago kuota zehatzak esleitzeko modurik erkidegoa osatzen duen bakoitzaren gainean, erkidegoko kide bakoitza aparte hartuta, baizik eta komunean dituzten ondasunen eta eskubideen multzoaren gainean esleitzen da. Horregatik, erkidegoa desegin artean, ez da zehazten zein ondasun eta eskubide zehatz datxezkion erkidegoko kide bakoitzari, erkidegoan parte hartu izana ordaintzeko. Ezkontideetariko bat hiltzeagatik ezkontza desegin eta seme-alabak izan daitezenean finkatzen da foru-komunikazioa eta ondasun-erkidego bihurtzen da. Erkidego hori alde batetik alargunak eta beste batetik hildakoaren seme-alaba edo ondorengoek osatzen dute, ondasunak banatu eta esleitu arte iraungo duela.

Horrenbestez, laburbilduz, foru komunikazioko araubidea desegiten denean ezkontideetako baten heriotzagatik eta seme-alaba edo ondorengo komunak badituzte, ezkontideek erdibana dituzte bakoitzari dagozkion ondasunak eta eskubideak. Hildakoari atxikitako erdiaren gainean irekitzen da oinordetza.

Hala eta guztiz ere, horrek guztiak ez du esan nahi bi ezkontideek berentzat nahitaez hartu behar dutenik aipaturiko ondasun eta eskubide horien guztien erdia. Izan ere, eskubidea dute ondasunak eta eskubideak eslei dakizkien guztizko hartzekoaren balio erdian.

Horrenbestez, erkidegoa desegitean esleituriko ondasunak eta eskubideak egokituko zaizkie (ondasun eta eskubide horien zenbatekoa komunean dutenaren balio erdia izango da).

Alabaina, komunean izandako ondasunak eta eskubideak banatu eta esleitzen diren arte, ulertu behar da ezkontide alargunari dagokiola ezkontzan izandako ondasunen eta eskubideen erdia, hemen interesa zaizkigun ondoreetarako eta inbertsioaren ziozko kenkaria egitearen ondoreetarako behinik behin. Horrenbestez, kasu honetan, bidezkoa da ulertzea egoiliarrari dagokiola kontsultaren xedeko etxebizitzaren eta maileguaren erdia, ezkontide-sozietatean izan duen partaidetzagatik. Horri dagokionez, aurreko paragrafoan adierazi den legez, ohiko etxebizitza inbertitzearen ziozko kenkaria egiteko, nahitaez eskuratu behar da zergadunaren ohiko etxebizitza den etxebizitza osoaren edo zati baten gaineko jabari osoa. Hortaz, kontsultagileak kenkaria egin dezake harena den etxebizitzaren portzentajea (%50ekoa hain zuzen, emandako datuen arabera) finantzatzeko maileguaren zatiari dagozkion zenbatekoetan.

Etxebizitzaren beste erdiari dagokionez (horren gainean, printzipioz, oinordetza ireki da), Kode Zibilaren 989. artikuluan ezarritakoa izan behar da kontuan: "Onarpenaren eta arbuiatzearen ondoreak atzeraeraginezkoak dira beti, zein pertsonaren jarauntsia izan eta heriotza-unea arte".

Gure ordenamendu juridikoan, hartzailearen borondatearen araberakoa da jaraunspena eskuratzea; izan ere, onartu edo arbuiatu dezake jaraunspena, eta kasu bietan, atzeraeraginezkoak izango dira ondoreak kausatzailearen heriotza-unera arte.

Horrenbestez, jaraunspena onartzen ez den artean (alboko jaraunspena), ezin uler daiteke hartzaileetako batek ere jabetzako ondasunen eta eskubideen jabetza-kuotarik eskuratu duela. Gauzak horrela, arestian aipatu denez, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egiteko, ezinbesteko baldintza da zergadunak kasuan kasuko higiezin osoaren edo zati baten gaineko jabetza osoa eskuratzea (hala izango da ondoren jaraunspenaren balizko onarpenaren ondoreak atzeraeraginezkoak badira ere kausatzailearen heriotza-unera arte).

Kasu honetan, hain zuzen ere EAEko Foru Zuzenbide Zibilaren uztailaren 1eko 3/1992 Legearen 104. artikuluko ezkontza-ondoko erkidegoa alboko jaraunspena izanik (jaraunspena oraindik onartu eta banatu barik dago), ezin onar daiteke senar alargunari dagokion etxebizitzaren eta maileguaren portzentajea handiagoa izatea ezkontide-sozietatean zuena baino (%50ekoa), ondasunak banatu eta esleitzen ez diren bitartean behinik behin.

2) Eginiko bigarren galderan, honako posibilitate hau planteatzen du agerliarrak: jaraunspena onartutakoan, agerliarrak beretzat hartzea etxebizitzaren gaineko hipoteka-mailegu osoa eta horren gaineko jabetzaren zatia, hala dela kontuan hartuta (berak pasibo osoa izatea) eta ezkontide-sozietatean nahiz hartzeko jarauntsitan duen partaidetzaren arabera. Hartara, jaraunspeneko gaineko ondasunak eta haiei datxekien higiezinaren zatia beretzat hartuko dute seme-alabek, jaraunspeneko hartzekoan dituzten kuoten arabera.

Honako erantzun honetako aurreko puntuan azaldu denez, foru komunikazioko araubidean, baldin eta ezkontza desegiten bada ezkontideetako baten heriotzagatik edo seme-alaba edo ondorengo komunak uzten badituzte, ezkontideek erdibana dituzte ondasun mugikor eta mugiezin guztiak, batenak zein bestearenak izan, berdin ezkontzara bakoitzak ekarritakoak zein ezkontzan zehar irabazitakoak, ondasunok dauden lekuak zerikusirik ez duela. Une horretan, foru komunikazioa ondasunen erkidego bihurtzen da, batetik ezkontide alargunaren eta seme-alaben edo aurrez hildako ezkontidearen oinordekoak direnen artean, eta bestetik, hartzeko komuna banatu eta esleitu arte.

Ondorioz, laburbilduz, baldin eta ezkontza desegiten bada ezkontideetako baten heriotzagatik, eta seme-alaba edo ondorengo komunak uzten badituzte, ezkontideek erdibana izango dituzte ezkontzan izandako ondasunak eta eskubideak. Hildakoari esleituriko erdiaren gainean irekitzen da oinordetza.

Alabaina, horrek ez du esan nahi bi ezkontideek ezinbestean eurentzat hartu behar dituztenik erdibana aipaturiko ondasun eta eskubide guztiak. Eskubidea dute ondasunak eta eskubideak guztizko hartzekoaren balio erdian eslei dakizkien. Gauza bera gertatzen da oinordetza ireki zaion zatiaren gainean.

Horrenbestez, azkenik, ezkontza-ondorengo erkidegoa likidatzean (komunean izandako multzoaren erdiaren berdina izango da zenbatekoa) eta jaraunspeneko hartzekoa zatitzean jasotako ondasunak eta eskubideak dagozkio bakoitzari.

Hildakoari esleituriko hartzekoaren erdiaren gainean, oinordetza irekitzen da. Horri dagokionez, hauxe ezarri du Foru Zuzenbide Zibilaren uztailaren 1eko 3/1992 Legeko 58. artikuluak, nahitaezko oinordetzari buruzkoak: "Alargunak oinordetzailearen ondasun guztien erdiaren gozamena izango luke, ondorengoekin edo aurrekoekin batera balego. (...)". Hauxe gehitu du lege-testu bereko 69. artikuluak, abintestato oinordetzari buruzkoak: "Ondorengorik ez aurrekorik ez badago, alarguna izango da jarauntsiaren oinordeko, alboko senideak baino lehenago, tronkalak ez diren ondasun guztietan. Bestelakoetan, alargunak 58. artikuluan aitortutako seniparte-eskubideak izango ditu".

Planteaturiko kasu honetan interesa zaigunari dagokionez (testamenturik gabeko oinordetza, non senar alarguna kausatzailearen seme-alabekin dagoen), erregela horiek Euskal Foru Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Legearen 52 eta 114. artikuluetan daude araupetuta: Gainera, EAEko Foru Zuzenbide Zibilaren ekainaren 25eko 5/2015 Lege horren 53. artikuluak hauxe gehitu du: "1.- Ezkontideari edo bizirik dirauen izatezko bikotekideari bere gozamen-zatia ordaintzeko, jaraunsleek esleitu ahal dizkiote bizi arteko errenta, ondasun zehatz batzuen produktuak edo eskudiruzko kapitala; horretarako, elkarrekin ados jarrita jardun behar dute edo, bestela, epailearen aginduz. (...)".Ildo beretik doa Kode Zibilaren 839. artikulua, era berean senar alargunaren gozamenaren kommutazioari buruzkoa.

Kontsulta egilearen ezkontza foru komunikazioaren araubide ekonomikoaren bidez eraentzen zen. Emaztea 2014ko uztailean hil zenean, ondorengo komunak zeuzkatenez gero, foru komunikazioa finkatu zen eta, argitu dugunez, ondasun erkidego bihurtu zen, alargundutako ezkontideak (kontsultagilea) eta seme-alabak osatua, ondasunak banatu eta adjudikatu arte.

Ezkontideen hartzekoari eta jaraunspen-masari dagozkien ondasunen banaketan, ezerk ez du galarazten ezkontide alargunari edo jaraunsleei ondasun zehatzak esleitzea, betiere haien artean legez ezarritako banaketarako erregelak errespetatzen badira. Ezerk ez du galarazten ezkontide alargunaren gozamen eskubidea balio bereko ondasun eta eskubide zehatzen jabetza osoa ematearekin kommutatzea ere.

Bestalde, arestian ere esana dugunez, etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatzeko, funtsean, bi beharkizun bete behar dira nahitaez: 1) jabetza osoa eskuratzea etxebizitza osoaren edo zati baten gainean, eta 2) etxebizitza hori zergadunaren ohiko bizilekua izatea edo izatekotan dena. Horrenbestez, soilik egin ahal izango zaio aipaturiko kenkaria higiezinaren (osoarena edo zati batena) jabea denari.

Emandako datuen arabera, emaztearen jaraunspena onartzen eta jaraunspena nahiz ezkontide-sozietatea likidatzen denean, kontsultagilearentzat izango da hari dagokion higiezinaren zatia: a) ezkontide-sozietatean parte hartzeagatik; b) alarguntzaren gozamena kommutatzeagatik; eta c) etxebizitzaren gain dagoen zor osoa bereganatzeagatik. Hortaz, egoera horretan, agerliarraren jabetzapeko higiezinaren portzentajea finantzatzeko igaroko da mailegu osoa.

Azken finean, mailegu-hartzaileari esleituriko etxebizitzaren portzentajea finantzatzera igaroko da mailegua, eta oso-osorik izango da kengarria harentzat.

Ondore horietarako guztietarako, kontuan izan behar da Kode Zibileko 609. artikuluan ezarritakoa. Horren arabera, jabetza testamenduko oinordetzaren edo abintestato oinordetzaren bidez eskuratzen da, besteak beste. Bestalde, hauxe dio Kode Zibileko 657. artikuluak: "Norbaiten oinordetzarako eskubideak eskualdatzen dira bera hiltzen den unetik". Kode Zibilerako 440. artikuluak, berriz, hauxe araupetzen du: "Jaraunsleak jarauntsia onartzen duenean ulertzen da jarauntsiko ondasunen edukitza berari eskualdatu zaiola kausatzailearen heriotza-unetik, inolako geldiarazpenik gabe. (...)".Azkenik, hauxe zehazten du Kode Zibileko 989. artikuluak: " Onarpenaren eta arbuiatzearen ondoreak atzeraeraginezkoak dira beti, zein pertsonaren jarauntsia izan eta heriotza-unea arte".

Manu horiek guztiak ikusita, honako kasu honetan, bidezkoa da ondorioztatzea onarpenaren eta arbuiatzearen ondoreak atzeraeraginezkoak direla emaztearen heriotza-unera arte. Hortaz, jaraunspena onartu eta esleitu ondoren eta ezkontide-sozietatea deseginda, hori guztia azaldutako irizpideekin bat etorriz, esan liteke eskuratzaileak titularitatearen ehuneko gehigarri bat eskuratu duela galdeturiko etxebizitzaren gainean, zati batez behinik behin, haren gaineko zorraren zati bat bere gain hartuta, hori ere zati batez, emaztea heriotzaren egunetik hasita. Hortaz, agerliarrak eskubidea izango du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egiteko une horretatik hasita (emaztea hil zen egunetik hain zuzen ere), betiere zuzentzeko autolikidazioak aurkeztuta hala denean.

Azkenik, esan behar da ezen, emandako datuen arabera, kasu honetan ez direla betetzen Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiak 2014ko azaroaren 19an emandako kontsultako inguruabar berberak. Hauxe ondorioztatu zen orduan: "Hori guztia gorabehera, Espainiako Konstituzioaren 39 eta 47. artikuluetan xedaturikoa abiapuntutzat hartuta, hots, herri botereek familiaren eta seme-alaben babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa bermatzeko eta, hurrenez hurren, bizitza duina izateko duten eskubidea bermatzeko, Zuzendaritza Nagusi honen ustez, hemen aztergai dugun kasuko inguruabarretan, ezkontideetako baten heriotzak eragindako jabariaren zatiketa gertatu da. Izan ere, gurasoek familiaren etxebizitza indibisoaren jabetza osoa eskuratzeko edo ezkontide-sozietatearentzat eskaturiko mailegua amortizatzeke egonik ere, ezin egin daiteke erantzun honetan hitzez hitz emandako manuei buruzko honako interpretazio hau, hots, senar alargunari eta harekin bizi diren seme-alabei kontsultaren xedeko kenkaria aplikatzeko posibilitatea ukatzea, noiz-eta jabetza soila nahiz gozamena familia-unitate berari dagozkionean. Horrenbestez, bereizi egin behar dira "inter vivos" ekintzak edo negozioen ziozko jabetza soileko edo gozameneko eskubideak eskuratzeko kasuak eta planteaturikoa bezalako kasuak, non ezkontideek etxebizitza, jatorrian, indibiso eskuratu baitute, edo ezkontide-sozietatearentzat, eta, bi ezkontideen eta seme-alaba adingabeen ohiko bizilekua izanik, jabariko zati bat galtzen baita ezkontideetako baten heriotzagatik, baina higiezinak familiaren ohiko etxebizitza izateari eutsita. Hala denean, jabariaren zati bat galdu bada ere, higiezinaren gaineko jabetza osoaren eskuraketa finantzatzeko eskaturiko mailegua oraindik amortizatzeke egonda, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkariak aplikagarri izaten jarraitu behar du, betiere higiezinak familia-unitatearen ohiko bizilekua izateari eusten badio. Azken finean, galdeturiko kenkaria egiteko eskubidea aitortu behar zaio agerliarrari, baldin eta higiezina zergapetzen duen maileguko kuota ordaintzen jarraitzen badu eta higiezinak familia-unitatea izaten jarraitzen badu".

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 87. art.

Itzuli