www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

17.02.2016

Erreferentzia

Etxebizitza-kontua. Bikotekideari esleitzen zaion BOE baten erosketaren konturako ordainketa. BOEren zati bat ondoren erostea.

Galdera

Kontsulta-egilea 2009ko abenduan irekitako etxebizitza-kontu baten titularra da. Horretan 24.000,98 € sartu zituen, guztira (eta horien gainean ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenketa egokiak egin zituen). 2014ko azaroan, salerosketako kontratu pribatu bat sinatu zuen enpresa etxegile batekin, eraikitzen ari zen babes ofizialeko etxebizitza baten % 50 erosteko (beste % 50 haren bikotekideari zegokion). Horregatik, 2014ko abenduan, bere etxebizitza-kontuko 17.904,83 € erabili zuen, higiezinaren prezioaren zati baten ordainketari aurre egiteko. 2015eko martxoan, salerosketako kontratua suntsiarazi behar izan zuen berari zegokion zatian (% 50), -adierazitakoaren arabera- babes ofizialeko etxebizitzen araudiari lotutako kontu formalengatik (nahiz eta horiek azaldu ez dituen). Horrenbestez, haren bikotekidea subrogatu zen horrek etxebizitzaren % 50en erosle gisa zeukan posizioan (gauzak horrela, bera higiezinaren % 100en erosle bihurtu zen). Une horretan, kontsulta-egileak beste ekarpen bat egin zuen etxebizitza-kontuan, 2013ko abenduan, hau da, lehenengo erabilera partziala egin baino lehen, zeukan saldo berdina (24.000,98 €) ager zedin bertan. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2014ko aitorpenean, kontsulta-egileak zerga-onurak galtzeagatiko bidezko gehikuntza aitortu zuen. Geroago, 2015eko ekainean, hain zuzen, bere bikotekideak behin betiko erosi zuen etxebizitzaren % 100, eta baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzari kontsulta-egileari etxebizitzaren % 50 eskualdatzeko (horrek etxebizitza-kontuaren saldo osoa 2015eko abenduaren aurretik erabiltzeko asmoa zeukan, erosketa horri aurre egiteko).Jakin nahi du uler daitekeen etxebizitza-kontuaren saldoa erabili duela bere helbururako epearen barnean, aurretik egindako kenketetarako eskubidea ez galtzeko moduan. Izan ere, saldo hori erabili zuen azkenean bikotekideari esleitu zion higiezina ordaintzeko, eta horrek higiezinaren % 50 eskualdatuko dio.

Ebazpena

Idazkian egindako galderari dagokionez, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere, arau horren 87. artikulua: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea 100eko 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren erosketarekin parekatuko dira: (...) b) Arauzko eran ezarritako formalizazio eta erabilera baldintzak betez, kreditu erakundeetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira, kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen. Ez da bete gabekotzat hartuko erabilera-baldintza, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten diru kopuruak berriro osorik sartzen badira kreditu erakunde berean edo beste kreditu-erakunde batera osorik eramaten badira zergaren sortzapena gertatu baino lehen. Zergaduna idatz-zati honetako lehen paragrafoan aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, etxebizitza-kontuko kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzeko obligazioa ez da bete gabekotzat hartuko. Ezin izango da berriro egin idatz-zati honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru kopuruen kenkaririk, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen denean. c) Arauz ezarritako balizkoetan. (...) 8. Zerga honen ondoreetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtean jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro finka bakarra osatzen dutenean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat".

Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 69. artikuluan garatu da, besteak beste. Hauxe ezarri da bertan: "1. Kreditu entitateetan, beste edozein ezarpen motatatik bereizitako kontuetan, gordailatutako kopuruak ohiko etxebizitza erostearekin parekatuko dira, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak zergadunaren ohiko etxebizitza erosteko erabiltzen badira sei urte baino lehen. Dena den, gordailatutako kopuruak beste etxebizitza kontu batean ezarri arren ez da betetzat hartuko azken baldintza hori. 2. Kenkaria egiteko eskubidea galduko da honako kasu hauetan: a) Zergadunak etxebizitza-kontuan gordailatutako kopuruak, kenkaria egiteko eskubidea sortarazi dutenak, ohiko etxebizitza erosteko ez beste xede baterako erabiltzen baditu eta zergaren sortzapena gertatu aurretik kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik birjartzen ez badira edo kontu horretara aldatzen ez badira. Baldin eta gordailatutako kopuruen zati bat erabiltzen bada, orduan ulertuko da erabiltzen diren kopuruak zergadunak lehenengo gordailatuta zituenak direla. b) Sei urte igaro badira kontua ireki zenetik, baina kenkaria egiteko eskubidea sortarazi duten kopuruak ohiko etxebizitza erosteko erabili ez badira. c) Ondoren egiten den ohiko etxebizitzaren erosketak erosten denean kenkari honetarako eskubidea ematen duten baldintzak betetzen ez baditu. 3. Zergadun bakoitzak etxebizitza-kontu bat bakarrik izan dezake. 4. Etxebizitzarako kontuak bereizita identifikatu behar dira zergaren autolikidazioan; eta, gutxienez, honako datu hauek jarriko dira: - Kontua dagoen erakundea. - Kontuaren zenbakia. - Kontua ireki den eguna. - Ekitaldian zenbatean gehitu den kontuaren saldoa. 5. Egindako kenkariak egiteko eskubidea galduz gero, zergadunak honako hauek batu beharko dizkio kenkarirako baldintzak bete ez dituen zergaldiko zergaren kuotari: kendutako kopuruak gehi Zergei buruzko Foru Arau Orokorreko 26. artikuluak aipatzen dituen berandutza interesak".

Horren harira, honako hau adierazi du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2015 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezartzen dituenak, 15.8.15 idatz-zatian: "a) Zergaren Araudiko 69. artikuluan ezarritakoa dela bide, kreditu erakundeetan (ezarpen mota guztietatik bereizitako kontuetan) gordailatzen diren kopuruak zergadunak ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko erabili dituela pentsatuko da, baldin eta kenkari eskubidea sortu duten kopuruak beraren ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birdoitzeko ez beste ezertarako erabili badira. Idatz-zati horretan "kenkari eskubidea sortu duten kopuruak" esamoldea ageri da, eta esan nahi du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplikatu dela. Gordailaturiko kopuruak baliatzeko betekizunak betetzat joko dira, baldin eta kenkaria aplikatzeko eskubidea sortu duten kopuruak zerga sortu aurretik berriz jartzen badira edo kreditu-erakunde bereko edo beste bateko beste kontu batean oso-osorik jartzen badira. b) Diru-kopuru batzuk baliatzea: Kontuko kopuru batzuk ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko barik beste zerbaitetarako baliatzen badira eta Zerga ordaindu baino lehen berriz jartzen ez badira, hurrenkera honetan baliatu direla pentsatuko da: - Lehenik eta behin, kenkaria egin ez zaien diru-kopuruak, eta gordailaturiko zenbatekoa handiagoa izango balitz, - Lehenbizi gordailaturikoak. c) PFEZaren araudian ez da ezarri, oro har, etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, hain zuzen ohiko etxebizitza eskuratzean edo birgaitzean kenkaria egiteko eskubidea ematen duen etxebizitza-kontuaren saldoa. Hala eta guztiz ere, azken ondore horietarako, kontuan hartu behar da abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarriak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 8 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2008ko urtarrilaren 1a eta 2009ko abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauko lehen xedapen gehigarrian beste kasu batzuetara ere hedatu du neurri hori: ohiko epea 2010eko urtarrilaren 1a eta 2011ko abenduaren 31 bitartean amaitzen zaien etxebizitza-kontuetara. Era berean, halakoetan, epea luzatzeko bi urteko epealdian ekarritako diru-kopuruek ere emango dute ohiko etxebizitzan inbertitzearen zizoko kenkaria egiteko eskubidea. Azkenik, otsailaren 29ko 1/2012 Foru Arauak epealdia luzatzea aurreikusten duela, alegia, 7 urtekoa izatea etxebizitza-kontuen kasuan, baldin eta 6 urteko epealdi arrunta 2012ko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean amaitzen bada. Era berean, azaldu du luzapeneko bi urte hauetan sartutako kopuruaren bidez ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria egin ahalko dela. Legez ezarritako luzapenen ondorioz 2004an 2012an irekitako etxebizitza-kontuetarako finkatutako gehieneko epealdia amaitu da. 2013an 2005ean (abenduaren 23ko 3/2009 Foru Araua), 2006an (otsailaren 29ko 1/2012 Foru Araua) eta 2007an (abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) irekitako kontuen gehieneko epealdia amaituko da. 2008an irekitako kontuena 2014an amaituko da. d) Zergapekoak bere bizilekua beste lurralde batera (komuna edo forala izan) aldatuz gero, Bizkaian egindako kenkarietarako eskubidea finkatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituenetz ebazteko eskumena Foru Ogasun honi dagokio, eta lurralde historiko honetan indarrean dagoen araudia aplikatuko du. Baldintza horiek betetzen ez badira, Bizkaian kendutako zenbatekoak Foru Ogasun honetan ordaindu beharko dira, dagozkien berandutza-korrituekin batera, non ere bizi den zergaduna baldintzak bete gabe. e) Zergadun bat etxebizitza-kontuari emandako epealdia amaitu aurretik haren saldoa bere ohiko etxebizitza erosten edo zaharberritzen inbertitu gabe hiltzen bada, hari emandako zenbatekoetan egindako kenkariak (hiltzearen ondorioz bere xederako erabili ez direnak) ez dira itzuli beharko. Aitzitik, etxebizitza-kontu horri dagokion epealdia amaitu ondoren hiltzen bada, etxebizitza-kontuaren zenbatekoei egin eta bere xederako erabili ez diren kenkariak itzuli beharko dira, dagozkien berandutza-korrituekin batera".

Beste alde batetik, PFEZAren 68. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza erostearen parekoak dira: (...) b) Eraikuntza; zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. (...) 2. Epai bidez adierazitako konkurtsoaren ondorioz sustatzaileak ez baditu amaitzen eraikuntza-obrak lau urteko epean, hau da, artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako epea amaitu aurretik, edo epealdi horretan ezin baditu etxebizitzak eman, epea beste lau urte luzatuko da. Kasu horietan, hamabi hilabeteko epea, aurreko artikuluko 2. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan aipatzen dena, zenbatzen hasiko da, ematea egiten denaz gero. Epea luzatze horrek, artikulu honetan ezarritakoak, ondorea izango du, baldin eta zergadunak zergaldiko autolikidazioari, hau da, hasierako epea bete ez den zergaldikoari, eransten badizkio etxebizitzan egindako inbertsioak egiaztatzen dituzten frogagiriak, edo egoera horietarik bat gertatu dela frogatzen duen agiria. Idatz-zati honetako balizkoetan, zergadunak ez du ezein sarrerarik egin beharko, eraikuntza obrak amaitzeko lau urteko epe orokorra ez betetzearen zioz. 3. Salbuespeneko inguruabarretarik beste baten bat dela-eta, baldin eta inguruabar hori zergadunari ezin bazaio egotzi eta obrak geldiarazten badituzte, eta obra horiek ezin badira amaitu artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako lau urteko epea igaro baino lehen, orduan zergadunak eskatu ahal izango dio, lau urteko epea betetzen ez den dataren ondorengo hilabetearen barruan, Zerga Administrazioari, epea luzatzeko. Eskabidean agertu beharko dute epealdia ez betetzea sorrarazi duten zioak, bai eta eraikuntza obrak amaitzeko beharrezkotzat hartzen den denboraldia ere, eta denboraldi horrek ezin du lau urtetik gorakoa izan. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, zergadunak frogagiri egokia ekarri beharko du. Agiriak ekarriko dira eta, horiek ikusita, Zerga Administrazioak erabakiko du eskatu den luzapen hori bidezkoa denentz, bai eta zenbatekoa izango den luzatzen den epealdia ere, eta epealdia ez da nahitaez izango zergadunak eskatutakoa. Epealdiak luzatzeko egindako eskabideei gaitz iritziko zaie, baldin eta eskabideok beren beregi ebazten ez badira hiru hileko epealdian. Luzapena ematen bada, obrak bertan behera geratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. (...)".

Gai horri buruz, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2015 Jarraibideak, goian aipatutakoak, 15.8.13 atalean honako hau argitzen du: "Etxebizitzaren eraikuntza eta ohiko etxebizitzaren eskuratzea asimilatu egingo dira, baldin eta zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. Horretarako, oro har, eraikuntza-obrak amaitzeko ezarritako lau urteko epealdia zergadunak, inbertsioak direla eta, ohiko etxebizitzan inbertitu izanagatiko kenkariarekin lotutako onuraren bat lortzen duen lehenengo alditik aurrera konputatzen hasi behar da (kenkariaren aplikazioa, etxebizitza-kontuaren saldoaren helburua, berrinbertsioa gauzatzea)".

2013ko abenduaren 31ra arte, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua eta hura garatzen duen araubidea, abenduaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa, indarrean egon ziren. Horietan arautzen ziren kontsulta honetan egindako galderak, aurrekoen baliokide diren abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuak gaur egun arautzen dituzten modu berean.

Horrekin guztiarekin bat etorriz, zergadunek ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria egin dezakete etxebizitza-kontura ekarritako kopuruen gainean, baldin eta kenkariaren xedeko zenbateko horiek ohiko etxebizitza eskuratzeko edo birgaitzeko erabiltzen badira kontua irekitzen denetik 6 urte igaro baino lehen.

Hasteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian ez da ezarri etxebizitza-kontuaren saldoa inbertitzeko legez emandako 6 urteko epea luzatzeko kasurik, ohiko etxebizitza eskuratzen edo birgaitzen kenkaria egiteko eskubidea eman duenik.

Epe horren mugaeguna iritsi eta kenkaria jaso duen saldo osoa lehen aipatutako helburuetarako inbertitu ez bada, galdu egingo da aplikatu barik dauden zenbatekoen gaineko kenkaria aplikatzeko eskubidea. Kasu horretan, kontuan sartu diren eta kenkaria jaso duten lehenengo kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabili ez direla pentsatzen da, harik eta epe barruan helburu horretarako erabili ez den saldora iritsi arte. Eginiko kenkarietarako eskubidea orobat galduko da etxebizitza-kontuaren saldoa ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko ez beste helburu batzuetarako behin betiko erabiltzen denean eta erositako edo birgaitutako etxebizitzak ohiko etxebizitzatzat hartzeko eskaturiko betekizunak betetzen ez dituenean.

Ondore horietarako, etxebizitzaren eskuraketaren parekoa da eraikuntza, zergadunak zuzenean ordaintzen dituenean obra-burutzapenaren ondoriozko gastuak edo obren sustatzaileari kopuruak kontura ematen dizkionean, betiere kasu bietan lanak oro har lau urteko epearen barruan amaitzen badira (eta etxebizitzaren jabetza eskuratzen denean arlo juridikoaren arabera) inbertsioa egiten hasten denetik zenbatzen hasita. Horri dagokionez, inbertsioaren hasiera da ohiko etxebizitzan inbertitzearekin lotutako etekinen bat lortzen den lehen ordainketa egiteko unea (adibidez, kenkaria egitea, edo etxebizitza-kontuaren saldoa osorik edo zati batean erabiltzea). Epea luza daiteke gorago transkribatu diren PFEZAren 68. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan ezarritako kasuetan (sustatzailearen konkurtsoaren edo beste arrazoi batzuengatik obrak geldiaraztearen gaineko adierazpena). Beraz, bidezkoa da eraikitzen ari den etxebizitzaren kontuan ordainketak egiteko erabiltzea etxebizitza-kontuaren saldoa, kontua irekitzen denetik 6 urteko epearen barruan higiezinaren jabetza eskuratu ez bada ere.

Beraz, esan daiteke ohiko etxebizitza eraikitzeko erabiltzen diren etxebizitza-kontuko zenbatekoak zuzen baliatu direla euren xedea betetzeko, ondokoak gertatzen badira: 1) eraikuntza-lanak gehienez ere 4 urteko epean edo, inguruabar jakin batzuetan, epe luzeagoan amaitzen direnean (eta, zentzu juridikoan, higiezinaren jabetza eskuratzen denean); eta 2) higiezina ohiko etxebizitza bilakatzen denean zergadunarentzat.

Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak (FAEA) (esate baterako, 2014ko apirilaren 10eko eta abenduaren 18ko ebazpenen bidez) ezarritako doktrinari jarraiki, hizpide darabilgunaren antzeko inguruabarretan, etxebizitza eraikitzea eta etxebizitza eskuratzea parekatzen direnez, bi aukera daude etxebizitza-kontuaren saldoa behar bezala inbertitutzat jo ahal izateko:

1) Zergadunak kenkariaren xede den kontuko saldo osoa higiezinen jabetza osorik eskuratzeko erabiltzea, etxebizitza-kontuei ematen zaien 6 urteko epea (edo, inguruabar jakin batzuetan, 7 edo 8 urteko epea) bukatu baino lehen, halako moldez non ordurako gauzatuta egongo baita dena delako higiezinaren erosketaren eskritura publikoa.

2) Zergadunak etxebizitzaren eraikuntzaren sustatzaileari konturako ordainketak egiten hastea (edo zenbatekoak zuzenean ordaintzea etxebizitza eraikitzeko lanak gauzatzearen zioz), kontuan gordailutako zenbatekoaren kargura, 6 urteko epea bukatu baino lehen kontua zabaldu denetik zenbatzen hasita. Kasu horretan, ulertu behar da kenketaren xede den kontuaren saldoa haren xederako behar bezala erabili dela epearen barnean, baldin eta: a) higiezina eraikitzeko obrak oro har gehienez lau urtetik gorako epean -inbertsioa abiarazi denetik zenbatzen hasita- amaitzen badira (eta higiezinaren gaineko jabetza osoa eskuratzen bada alde juridikotik); epe hori PFEZAren 68. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako kasuetan luzatu ahalko da; eta b) eraikitzeko epean (printzipioz, 4 urte) zergadunak kenkaria izan duen kontuaren saldoa erabiltzen badu eraikuntzaren sustatzailearentzako konturako ordainketak egiteko (edo zuzenean berak eraikitzeko obrak egikaritzeko).

Hortaz, oro har, eraikitzen ari diren etxebizitzak direnean, 10 urtera arte luza daiteke etxebizitza-kontuaren saldoa erabiltzeko gehieneko epea, kontu hori irekitzen denetik zenbatzen hasita (6 urte etxebizitza-kontuari dagokionez, eta beste 4 urte higiezina eraikitzeari dagokionez, eta bi kasuetan ere epea luzatu egin daiteke).

Ildo horretan, FAEAk onartu egiten du ezen, Zergaren araudiak etxebizitza-kontuei ematen dien 6 urteko epea (edo, inguruabar jakin batzuetan, 7 edo 8 urtekoa) kontua zabaltzen denetik zenbatuta, ezin luza daitekeela, baina uste du luzapenik ezin egitea honi dagokiola: alde batetik, kenkaririk baliatu ezin izatea epe hori (6 urtekoa, kasu jakin batzuetan 7 edo 8 urtekoa izan daitekeena) igarotakoan eginiko ekarpenen gainean; eta, bestetik, kenkaria aplikatu zaien eta gordailatu diren diruzko zenbateko guztiak Zergaren araudian beren-beregi ezarritako helburuetarako nahitaez erabili behar izatea, ohiko etxebizitza eskuratzeko, adibidez, kontuan harturik etxebizitza eskuratzea eta eraikitzea berdinesten direla.

Beraz, FAEAren iritziz, uler daiteke etxebizitza-kontuko saldoa epearen barruan behar bezala inbertitu dela higiezinaren eraikuntzaren sustatzaileari ordainketak egiten bazaizkio etxebizitza-kontu horren kontura aipatutako kontua ireki ondoko 6 urteko (edo, kasu jakin batzuetan, 7 edo 8 urteko) epearen barruan, baldin eta eraikitze-lanak gehienez ere 4 urteko epean amaitzen badira, inbertsioa abiatzen denetik zenbatzen hasita (zenbait kasutan, epe hori luza daiteke) eta 4 urte horien barruan etxebizitza-kontuaren saldo osoa inbertitzen bada. Kontuaren saldoaren zati bat bakarrik erabiltzen bada eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak egiteko 4 urteko epe horretan, zati hori baino ez da behar bezala inbertitutakotzat joko (horrenbestez, gainerakoen gainean egindako kenkarietarako eskubidea galduko da).

Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren (ZFAO) 244.7 artikuluan xedatutakoaren arabera, Zuzendaritza Nagusi honek zerga araudiaz egiten duen interpretazioa egokitu behar du FAEAk behin eta berriz ezartzen duen doktrinara. Horrenbestez, egindako galderari dagokionez, onartu behar du, etxebizitzaren eraikuntzaren sustatzailearentzako ordainketak etxebizitza-kontuaren kontura egiten direnean, horren saldoa erabiltzeko gehieneko epea 10 urtera arte luza daitekeela, kontua ireki denetik zenbatuta (6 urte etxebizitza-konturako eta horretara ekarpenak egiteko eta beste 4 urte osagarri, zenbait kasutan luza daitezkeenak, etxebizitza eraikitzeko), goian adierazi bezala. Horrela, gai horri dagokionez, ZFAOren 244.7 artikuluak honako hau ezarri du: "Bizkaiko Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak behin eta berriz ezartzen duen doktrinak gainontzeko Zerga Administrazioak lotetsiko ditu".

Aurreko guztian oinarrituta, etxebizitza-kontuko saldoa higiezina eraiki duen sustatzaileari ordaintzeko inbertitzen den kasuetan, aipatutako etxebizitza-kontuko saldoa oso-osorik inbertitzen deneko epea zenbatzeko, kontuan hartu behar dira, alde batetik, etxebizitza-kontuari berari ematen zaion 6 urteko epea (kasu batzuetan, 7 edo 8 urteko epea), etxebizitza-kontua zabaldu zenetik zenbatzen hasita, eta bestetik, eraikuntza-lanak amaitu eta, beraz, lurzatiaren gaineko jabetza osoa eskuratu ahal izateko legez ezarritako lau urteko epea (kasu jakin batzuetan, denbora luzeagokoa) zenbatzen hasten deneko unea. Goian argitu den bezala, 4 urte horiek inbertsioa abiarazten denetik zenbatzen dira. Horri dagokionez, inbertsioaren hasiera da ohiko etxebizitzan inbertitzearekin lotutako etekinen bat lortzen den lehen ordainketa egiteko unea (adibidez, kenkaria egitea, edo etxebizitza-kontuaren saldoa osorik edo zati batean erabiltzea).

Kasu honetan, kontsulta-egileak bere etxebizitza-kontuko saldoaren zati bat erabili zuen 2014an, enpresa etxegile bati ordainketak egiteko hori eraikitzen ari zen etxebizitzetako baten % 50aren prezioa zela eta (gainerako % 50 haren bikotekideari zegokion). Hala ere, 2015eko martxoan, salerosketako kontratua suntsiarazi behar izan zuen berari zegokion zatian (% 50), -adierazitakoaren arabera- babes ofizialeko etxebizitzen araudiari lotutako kontu formalengatik (nahiz eta horiek azaldu ez dituen). Horrenbestez, haren bikotekidea subrogatu zen horrek etxebizitzaren % 50en erosle gisa zeukan posizioan (gauzak horrela, bera higiezinaren % 100en erosle bihurtu zen). Une horretan, kontsulta-egileak beste ekarpen bat egin zuen etxebizitza-kontuan, 2013ko abenduan, hau da, lehenengo erabilera partziala egin baino lehen, zeukan saldo berdina (24.000,98 €) ager zedin bertan.

Geroago, 2015eko ekainean, hain zuzen, bere bikotekideak etxebizitzaren % 100 erosi zuen, eta baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzari kontsulta-egileari etxebizitzaren % 50 eskualdatzeko (horrek etxebizitza-kontuaren saldo osoa 2015eko abenduaren aurretik erabiltzeko asmoa zeukan, erosketa horri aurre egiteko).

Gauzak horrela, laburbilduta, kontsulta-egileak bere etxebizitza-kontuko saldoaren zati bat erabili zuen epearen barnean, azkenean haren bikotekideari osorik esleitu zitzaion babes ofizialeko etxebizitza baten % 50aren prezioaren ordainketari aurre egiteko (bikotekidea kontsulta-egileak enpresa etxegilearen aurrean zeukan posizioan subrogatu zen higiezinaren erdiaren erosle gisa). Hala ere, etxebizitza erosi bezain laster, kontsulta-egilearen bikotekideak horren % 50 eskualdatuko dio (kontuko saldoa eraikitzen ari den etxebizitza erosteko inbertitzeko emandako epea amaitu baino lehen).

Horregatik guztiagatik, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusi honek uste du kontsulta-egileak epearen barnean behar bezala inbertitutakotzat jo ahalko duela bere etxebizitza-kontuko saldoa, bere garaian, azkenean haren bikotekideari esleitu zitzaion etxebizitzaren prezioa dela eta, enpresa etxegileari ordaindu zion zenbatekoa hark jaso duela ulertzen den neurrian, orain egin nahi duten salerosketaren zenbatekoa dela eta, eta kontu horren gainerako zenbatekoa erosketa hori ordaintzeko erabiltzen duen neurrian.

Horrela, kontsulta-egilearen bikotekidea horrek enpresa etxegilearen aurrean zeukan posizioan subrogatu zenean, kontsulta-egileak kreditu bat hartu zuen bikotekidearen aurrean, kreditu horri dagokion zenbatekoa aldeen artean gauzatu beharreko salerosketako preziotik kenduz orain deuseztatuko dena. Hau da, kontsulta-egileak enpresa etxegilearekiko salerosketako kontratua suntsitu zuenean, horrek ordaindutako zenbatekoa bikotekidearentzako benetako ordainketa bihurtu zen, une hartan eraikitzen ari zen etxebizitzaren % 50aren prezioa zela eta.

Hori guztia horrelakoa da, logikoa denez, baldin eta kenketa egiteko eskatzen diren gainerako baldintzak betetzen badira eta kasu honetan kontsulta-egileak bere bikotekideari (eta ez etxebizitzaren erakunde sustatzaileari zuzenean) bere etxebizitza-kontuko saldoa eraikitzen ari zen etxebizitzaren prezioaren zati bat ordaintzeko erabili zuen kontuan hartu gabe.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87. artikulua.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 67., 68. eta 69. artikuluak.

Itzuli