12.02.2016
Ohiko bizilekua Bizkaiko Lurralde Historikoan. Ohiko etxebizitzan inbertitzeagatiko kenkaria. Okupazioaldia. Karguaren ondorioz ohiko etxebizitza erabiltzeko salbuespena.
Kontsulta-egilea Poliziako Kidego Nazionaleko kidea da. Adierazitakoaren arabera, 2014ko martxotik Euskal Autonomia Erkidegoko Bulego Nagusiari (Bilbo) atxikita dago, eta Bizkaian dagoen polizia zentro batean bizi da. 2014ko maiatzean eraikitze prozesuan zegoen higiezin bat erosi zuen Santanderren; haren obrak 2015ean amaitzekoak ziren. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 2014ko aitorpena lurralde erkidean aurkeztu zuen (Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren aurrean).Jakin nahi du ohiko etxebizitzan inbertitzegatiko kenketa aplika dezakeen Santanderreko etxebizitzaren erosketari dagozkion zenbatekoen gainean.
Kontsulta-idazkian planteatutako gaiari dagokionez, lehenengo eta behin ekainaren 21eko 101/2005 Foru Dekretuaren 1. artikulua aplikatu behar da. Dekretu horren bidez, zergei buruzko kontsulta idatzien eta zerga-ordainketako aurretiazko proposamenen prozedurak eta itzurpenaren aurkako klausula garatu dira. Hona zer dioen 1. artikuluak: "Bizkaiko Lurralde Historikoko Zerga Administrazioari zergei buruzko kontsultak aurkeztu ahal izango zaizkio idatziz eta zerga-egitateen eta zerga-betebeharren ziozko ordainketako aurretiazko proposamenak egin ahal izango zaizkio, Ekonomi Itunean xedatutakoarekin bat etorriz, ondoko inguruabarretako bat gertatuz gero: a) Bizkaiko Lurralde Historikoko arautegia aplikatu behar izatea. b) Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Zerga Administrazioaren organoek edukitzea ikuskatzeko eskumena. c) Foru Aldundiko Zerga Administrazioak zergapekoekin dituen harremanetan bere eskumenak erabiltzearekin lotuta dauden beste inguruabar batzuk".
Horretatik ondorioztatzen da Ogasun Zuzendaritza Nagusi honek honako gaiei buruzko idatzizko zerga kontsultei erantzuteko eskumena baino ez daukala: a) Bizkaiko Lurralde Historikoko arautegia aplikatu behar dutenak. b) Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Zerga Administrazioaren ikuskapen eskumena jaso dezaketenak. c) Foru Aldundiko Zerga Administrazioak zergapekoekin dituen harremanetan bere eskumenak erabiltzearekin lotuta daudenak.
Horregatik, horrelako kasuetan maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomi Itunaren (Ekonomi Ituna) 6. artikuluan ezarritakoa hartu behar da aintzat. Honako hau adierazi da bertan: "Bat. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoari lotuta dago. Lurraldearen arabera, eskumena daukan foru aldundiari dagokio zerga hori ordainaraztea, baldin eta subjektu pasiboaren ohiko bizilekua Euskadin badago. Bi. Familia-unitate bereko subjektu pasiboek ohiko bizilekua lurralde desberdinetan baldin badaukate eta zergak batera ordaintzea erabakitzen badute, likidazio-oinarri handiena duen kideak ohiko bizilekua duen lurraldeko Administrazioak izango du eskumena; likidazio-oinarria kasuan kasuko lurraldeko arauei jarraituz kalkulatuko da".
Beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoari lotuta dago. Halaber, lurraldearen arabera, eskumena daukan foru aldundiari dagokio zerga hori ordainaraztea, baldin eta zergadunaren ohiko bizilekua Euskadin badago.
Familia-unitate bereko zergadunek ohiko bizilekua lurralde desberdinetan baldin badaukate eta zergak batera ordaintzea erabakitzen badute, likidazio-oinarri handiena duen kideak ohiko bizilekua duen lurraldeko Administrazioak izango du eskumena; likidazio-oinarria kasuan kasuko lurraldeko arauei jarraituz kalkulatuko da.
Arau horiek Ekonomi Itun beraren 43. artikuluan adierazitakoarekin osatu behar dira. Honako hau ezarri du artikulu horrek: "Bat. Ekonomi itun honetan xedatutakoari begira, Euskadin bizi izaten diren pertsona fisikoek ohiko bizilekua Euskadin dutela pentsatzeko, ondoren aipatzen diren arauak aplikatuko dira, hurrenez hurren: - Lehenengoa. Lurralde horretan zergaren ezarraldiko egun gehien ematea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez; (...) Lurralde jakin batean pertsona batek zenbat denbora eman duen zehazteko, aldi batez kanpoan izandako denbora hartuko da kontuan. Kontrako frogarik ez dagoen artean, pertsona fisiko bat Euskadiko lurraldean dagoela pentsatuko da bere ohiko etxebizitza bertan baldin badu. - Bigarrena. Lurralde horretan baldin badu bere eginkizunen zentro nagusia; leku hori zein den jakiteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ezarpen-oinarriaren zatirik handiena zein lurraldetan eskuratzen duen ikusiko da; kasu honetarako, ez dira kontuan hartuko higigarrien kapitalak emandako errentak eta ondarearen gehikuntzak, ez eta zerga-gardentasunaren araubidean profesionala alde batera utzitaegotzitako oinarriak ere. - Hirugarrena. Lurralde horretan baldin badu aitortutako bere azken bizilekua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako. (...) Bost. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek eta erakunde ez-egoiliarren establezimendu iraunkorrek zerga-egoitzaren aldaketak bi administrazioei jakinarazi behar dizkiete, baldin eta egoitzaren aldaketak honako zerga ordainarazteko eskumenean aldaketaren bat badakar. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, zergaren aitorpena aurkeztea nahikoa izango da jakinarazpen hori egiteko. Sei. Zergapekoen egoitza zein den erabakitzeko orduan administrazioen artean auziak sortzen baldin badira, Arbitraje Batzordeak konponduko ditu arazoak, zergapekoek diotena entzun ondoren. Arbitraje Batzorde hori ekonomi itun honen III. kapituluko 3. atalean dago araututa. Zazpi. Lurralde erkidean edo foru lurraldean bizi diren pertsona fisikoek beren ohiko bizilekua lurralde horietako batetik bestera aldatzen baldin badute, zerga-betebeharrak bizileku berriaren arabera beteko dituzte aurrerantzean, bizileku berri hori lotura-puntua baldin bada. Gainera, idatz-zati honetan aurreikusitakoagatik bizilekurik ez dela aldatu pentsatu behar baldin bada, pertsona fisikoek kasuan kasuko aitorpen osagarriak aurkeztu beharko dituzte, eta atzerapenek sortarazitako korrituak ere gehitu beharko dituzte. Bizilekua aldatzearen helburu nagusia zerga gutxiago ordaintzea baldin bada, aldaketa horiek ez dute ondoriorik edukiko. Bizileku berrian jarraian emandako denbora gutxienez hiru urtez luzatzen den kasuetan izan ezik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren ondorioetarako, aldaketarik ez dela izan pentsatuko da ondorengo inguruabarrak gertatzen direnean: a) Bizilekua aldatzen den urtean edo hurrengoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ezarpen-oinarria aldaketaren aurreko urtean zegoen ezarpen-oinarria baino 100eko 50 handiagoa izatea, gutxienez. Zerga-ordainketa batera egiten denean, banakotzeari buruzko arauak erabiliz zehaztuko da. b) Egoera hori sortzen den urtean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoriozko tributazio efektiboa aldaketa izan aurreko lurraldean aplikatu beharreko araudiagatik gertatuko litzatekeen tributazio efektiboa baino txikiagoa izatea. c) Ohiko bizilekua berriz ere hasierako lurraldean edukitzea a) letran azaldutako egoera sortzen den urtearen hurrengoan, edo honen hurrengoan. (...) Bederatzi. Administrazio interesatuetatik edozeinek zergadunaren egoitza aldaketa eragin ahal izango du. Administrazio horrek bere proposamena besteari helaraziko dio, jakin beharreko aurrekariak erantsita, eta lau hilabeteko epea emango dio egoitza aldaketari buruz duen iritzia azaltzeko eta egoitza aldatzen bada ondoreak zein egunetatik sortuko diren adierazteko. Besteak proposamenari baietza ematen badio, administrazio eskudunak zergadunari jakinaraziko dio. Bi administrazioak ados jartzen ez badira ere, prozeduran aurrera jarraitu ahal izango da artikulu honetako Sei idatz-zatian azaldutako eran. Egoitza aldatzeko proposamen bat bidali baino lehen, administrazio interesdunak, beste administrazio batekin lankidetzan, egoitza fiskala erroldan egiaztatzeko jarduketak egin ahalko ditu Egoitza ofizioz aldatzen denean, administrazio biek akordio bat egin ondoren, edo Arbitraje Batzordearen ebazpen baten ondorioz, ulertuko da egoitza fiskal berria ebazpen dataren ondoko hiru urteetan mantenduko dela, aurkako frogarik ez badago.
Bizkaiko foru araudiari dagokionez, arau horiek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 2. eta 3. artikuluetan garatu dira. Hona hemen zer dioen horietako lehenengoak: "Foru arau honetan xedatutakoa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren honako zergapeko hauei aplikatuko zaie: 1. Zergadun gisa: a) Hurrengo artikuluan xedatzen denaren arabera, beren ohiko egoitza Bizkaian duten pertsona fisikoei. Familia-unitatea osatzen duten kideek ohiko egoitza lurralde ezberdinetan dutenean, eta batera tributatzeko asmoa dutenean, foru arau honetako 97. artikuluan xedatzen denarekin bat, Bizkaiko Foru Aldundiari tributatuko dio, baldin eta familia-unitate horretan likidazio-oinarri handiena duen kideak ohiko bizilekua lurralde honetan badu. Likidazio-oinarri handiena kalkulatzeko, berez dagokien arautegia aplikatuko zaie Bizkaiko egoiliar ez diren zergadunei. (...)".
PFEZFA horren 3. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Subjektu pasiboak ohiko egoitza Bizkaiko Lurralde Historikoan duela ulertuko da ondoko erregela hauek betetzen baditu: Zergaldiko egun gehienak Euskal Autonomia Erkidegoan ematen baditu, eta Bizkaian egindako egun kopurua handiagoa denean Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino. Lurralde jakin batean zenbat denbora eman den zehazteko, konputagarriak izango dira kanpoan eman diren aldi baterako egonaldiak, salbu eta zergadunak frogatzen badu zerga-egoitza beste herrialde batean duela. (...) Bestelakorik frogatzen ez bada, pertsona fisiko bat Bizkaian bizi dela joko da pertsona horren ohiko egoitza lurralde honetan dagoenean. 2. Interesen gune nagusia Bizkaian badu. Zergadun batek bere interesen gune nagusia Bizkaian duela ulertuko da, zerga-oinarriaren zatirik handiena Euskal Autonomia Erkidegoan lortzen duenean eta, gainera, Bizkaian lortutako zerga-oinarriaren zatia handiagoa denean beste lurralde historikoetako bakoitzean lortutakoa baino. Dena dela, ondorio bietarako, irizpide horretatik kanpo geratuko dira kapital higigarriaren errentak nahiz ondare-irabaziak eta egotzitako zerga-oinarriak. 3. Zerga honen ondorioetarako aitortutako azken egoitza Bizkaian dagoenean. Lehenengo erregela aplikatuta ere ezinezkoa gertatzen bada zergadunaren ohiko egoitza zein lurraldetan -komun edo foralean- dagoen zehaztea, bigarren erregela aplikatuko da. Lehen eta bigarren erregeletan xedatutakoa aplikatu ondoren gauza bera gertatzen bada, hirugarren erregela aplikatuko da. (...) 4. Ohiko egoitza aldatzen denean, honako irizpide hauek izango dira kontuan: a) Bizkaian bizi den zergadunak ohiko egoitza beste lurralde batera (komun edo foralera) aldatzen badu, edo ohiko egoitza beste lurralde batean (komun edo foralean) izanik bere ohiko egoitza Bizkaira aldatzen badu, zerga-betebeharrak egoitza berriaren arabera beteko ditu aurrerantzean, egoitza berri hori lotura-puntua baldin bada. Horrezaz gain, hurrengo b) letran ezarritakoa dela-eta, uste bada egoitza ez dela lekuz aldatu, zergadunek beren ohiko egoitza dagoen tokiko Zerga Administrazioari aurkeztuko dizkiote aitorpenak, eta berandutze-interesak ere gehitu beharko dituzte. b) Egoitza aldatzearen helburu nagusia zerga gutxiago ordaintzea baldin bada, aldaketa horiek ez dute ondoriorik edukiko. Egoitza berrian egiten diren egonaldiak gutxienez eta etenik gabe hiru urtetik gorakoak direnean ulertuko da bizileku aldaketa egon dela. Ordea, honako inguruabar hauek gertatzen direnean, ez da egoitza aldaketarik egongo: 1) Egoitza aldatzen den urtean edo hurrengoan, zerga honen zerga-oinarria aldaketaren aurreko urtean izandako zerga-oinarria baino %50 handiagoa izatea, gutxienez. Familia-unitatea osatzen duten pertsona fisikoek tributazio modu ezberdinak (banakakoa edo baterakoa) aukeratu badituzte aurreko lerroaldean aipatzen diren urteetan, tributazio moduak homogeneizatu egingo dira lerroalde horretan aipatzen diren oinarriak alderatzeko, eta, horretarako, behar diren indibidualizazio-arauak aplikatuko dira. 2) Egoera hori gertatzen den urtean, zerga honen ondoriozko benetako tributazioa aldaketa egin aurreko lurraldean aplikatu beharreko araudiarekin gertatuko litzatekeen tributazio efektiboa baino txikiagoa izatea. 3) Ohiko egoitza berriz ere hasierako lurraldean edukitzea a) letran azaldutako egoera sortzen den urtearen hurrengoan, edo honen hurrengoan. (...)".
Horrekin guztiarekin bat etorriz, zergadunak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga non ordaindu behar duen erabakitzeko, kasuan kasuko zergaldian ohiko bizilekua duen tokia izan behar da aintzat, Ekonomi Itunaren 43. artikuluan eta PFEZFAren 3. artikuluan ezarritako erregelen arabera.
Zehatz-mehatz, Ekonomi Itunaren 43. artikuluan adierazitakoaren arabera, ulertzen da Espainiako lurraldean bizi diren pertsona fisikoek ohiko egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan daukatela, ondoz ondo hurrengo irizpideak aplikatuta:
a) Iraupenaren irizpidea. Euskal Autonomia Erkidegoan zergaldiko egun gehien ematen dutenean. Kalkulu hori egiteko, ez dira kendu behar aldi baterako egonaldiak. Horri dagokionez, pertsona fisiko bat Euskal Autonomia Erkidegoan dagoela pentsatuko da bere ohiko etxebizitza bertan baldin badu, kontrako frogarik ez dagoen artean.
b) Interesen gune nagusiaren irizpidea. Aurreko irizpidea kontuan hartuta zergadun baten egoitza zehaztea ezinezkoa denean, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela pentsatuko da, bertan lortzen badu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarriaren zati handiena, kapital higigarritik ondorioztatutako errentak eta ondare-irabaziak eta egotzitako zerga-oinarriak kenduta.
c) Adierazitako azken egoitzaren irizpidea. Amaitzeko, aurreko irizpideak kontuan hartuta zergadun baten ohiko egoitza zehaztea ezinezkoa denean, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela pentsatuko da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako adierazitako azken egoitza bertan badago.
Ondoz ondo aplikatu behar dira erregela horiek, eta, beraz, iraupenaren irizpidea aztertu behar da lehenengo eta behin. Soilik irizpide hori aplikatuz ezin ezar badaiteke bizilekua jo behar da interesen gune nagusiaren kokapenera. Azkenik, bigarren erregela horren bidez ere ezin ezar badaiteke zergadunaren bizilekua, zergadunak berak aitorturiko azken bizilekuaren arabera aurkeztu beharko du Zergaren autolikidazioa.
Goian adierazi den bezala, familia-unitate bereko zergadunek ohiko bizilekua lurralde desberdinetan baldin badaukate eta zergak batera ordaintzea erabakitzen badute, likidazio-oinarri handiena duen kidea bizi den lurraldeko Administrazioak izango du eskumena; likidazio-oinarria kasuan kasuko lurraldeko arauei jarraituz kalkulatuko da.
Zergadun baten ohiko egoitza eta, zehatzago, lurralde bateko edo besteko iraupena izatezko kontua da, zuzenbidean onartzen den edozein frogabideren bidez egiazta daitekeena, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorraren (ZFAO) 104. artikuluan adierazi bezala. Horren arabera: "1. Zerga-prozeduretan, Kode Zibilean eta Prozedura Zibileko Legean frogabideez eta frogaren balioespenaz ezarritako arauak aplikatuko dira, zerga-arautegian besterik ezarri ezean. 2. Zergak aplikatzeko prozeduretan, eskubide bat baliarazi nahi duenak hura sortu duten egitateak frogatu behar ditu (froga zama). (...)".
Hala denean aurkezten diren frogak tributuak kudeatzeko eta ikuskatzeko eskumena daukaten organoek baloratu beharko dituzte.
Modu osagarrian, adierazi behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordainarazteko eskumenaren zehaztapena Ekonomi Itunaren 6. eta 43. artikuluetan ezarritako arauak aplikatuz gauzatu behar dela. Beraz, kontsulta-egilea Euskal Autonomia Erkidegora bidali izanak edo lurralde batean edo bestean erroldatuta egoteak ez ditu berez aldatzen erantzun honetan ateratako ondorioak.
Amaitzeko, Ekonomi Itunaren 43.Bost artikuluak adierazten duen bezala, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadunek lurralde erkidetik foru lurraldera eta alderantziz egindako bizileku aldaketak jakinaraz ditzakete Zergaren autolikidazioa aurkeztuz.
Ogasun Zuzendaritza Nagusi honek Bizkaian zergak ordaindu behar dituzten zergadunek ohiko etxebizitzako inbertsioagatik kenketa egiteko aukerari buruzko iritzia emateko eskumena baino ez du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Bizkaiko foru araudia aplikatuta aurreko guztiaren arabera.
Hori dela eta, ezin du ezer adierazi zergadunak lurralde erkideko zerga araudiaren mende dauden zergaldietan kenketa hori egiteko daukan aukerari buruz. Lurralde erkidean indarrean dagoen legediaren interpretazioari buruzko galderak horiek erantzuteko eskumena daukan Estatuko Administrazioaren organoaren aurrean aurkeztu behar dira.
Dena den, horri dagokionez, kontuan hartu behar da, aurkeztutako datuen arabera, agerliarra Bizkaian egon zela zergaldiko egun gehienetan 2014tik.
Aurrekoa argitu ondoren, ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko Bizkaiko kenketari dagokionez, PFEZFAren 87. artikuluak honako hau ezarri du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea 100eko 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren erosketarekin parekatuko dira: (...) c) Arauz finkatzen diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondoreetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtean jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea.
Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiaren (PFEZA) 68. artikuluan garatu da. Hauxe ezarri da bertan: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza erostearen parekoak dira: (...) b) Eraikuntza; zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. (...) 2. Epai bidez adierazitako konkurtsoaren ondorioz sustatzaileak ez baditu amaitzen eraikuntza-obrak lau urteko epean, hau da, artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako epea amaitu aurretik, edo epealdi horretan ezin baditu etxebizitzak eman, epea beste lau urte luzatuko da. Kasu horietan, hamabi hilabeteko epea, aurreko artikuluko 2. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan aipatzen dena, zenbatzen hasiko da, ematea egiten denaz gero. Epea luzatze horrek, artikulu honetan ezarritakoak, ondorea izango du, baldin eta zergadunak zergaldiko autolikidazioari, hau da, hasierako epea bete ez den zergaldikoari, eransten badizkio etxebizitzan egindako inbertsioak egiaztatzen dituzten frogagiriak, edo egoera horietarik bat gertatu dela frogatzen duen agiria. Idatz-zati honetako balizkoetan, zergadunak ez du ezein sarrerarik egin beharko, eraikuntza obrak amaitzeko lau urteko epe orokorra ez betetzearen zioz. 3. Salbuespeneko inguruabarretarik beste baten bat dela-eta, baldin eta inguruabar hori zergadunari ezin bazaio egotzi eta obrak geldiarazten badituzte, eta obra horiek ezin badira amaitu artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako lau urteko epea igaro baino lehen, orduan zergadunak eskatu ahal izango dio, lau urteko epea betetzen ez den dataren ondorengo hilabetearen barruan, Zerga Administrazioari, epea luzatzeko. Eskabidean agertu beharko dute epealdia ez betetzea sorrarazi duten zioak, bai eta eraikuntza obrak amaitzeko beharrezkotzat hartzen den denboraldia ere, eta denboraldi horrek ezin du lau urtetik gorakoa izan. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, zergadunak frogagiri egokia ekarri beharko du. Agiriak ekarriko dira eta, horiek ikusita, Zerga Administrazioak erabakiko du eskatu den luzapen hori bidezkoa denentz, bai eta zenbatekoa izango den luzatzen den epealdia ere, eta epealdia ez da nahitaez izango zergadunak eskatutakoa. Epealdiak luzatzeko egindako eskabideei gaitz iritziko zaie, baldin eta eskabideok beren beregi ebazten ez badira hiru hileko epealdian. Luzapena ematen bada, obrak bertan behera geratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. (...)".
Gai horri dagokionez, ondokoa argitu du Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 26ko 1/2015 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 16.8.13 atalean: "Etxebizitzaren eraikuntza eta ohiko etxebizitzaren eskuratzea asimilatu egingo dira, baldin eta zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. Horretarako, oro har, eraikuntza-obrak amaitzeko ezarritako lau urteko epealdia zergadunak, inbertsioak direla eta, ohiko etxebizitzan inbertitu izanagatiko kenkariarekin lotutako onuraren bat lortzen duen lehenengo alditik aurrera konputatzen hasi behar da (kenkariaren aplikazioa, etxebizitza-kontuaren saldoaren helburua, berrinbertsioa gauzatzea)".
Gainera, hauxe ezarri du PFEZA horren 67. artikuluak: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. Ez dira sartuko ohiko etxebizitzaren kontzeptuan ez lorategiak, ez parkeak, ez igerilekuak, ez kirol instalazioak, ez garajea, ezta, oro har, berez etxebizitza ez diren gainerako elementu guztiak, erregistroan etxebizitzarekin batera ageri direnak izan ezik. Familia unitateko kideak ondasun higiezin hiritar baten baino gehiagoren titularrak direnean, ondasun horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko bizilekua izan dadin, benetan eta iraunkortasunez bizi behar du zergadunak berak hartan, hamabi hilabeteko epean zehar, etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera zenbatzen hasita. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitzan bizitzea nahitaez eragozten duten bestelako inguruabarrak gertatzen direnean, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera. b) Zergadunak ohiko etxebizitza duenean kargu edo enpleguaren zioz, eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez duenean; horrelakoetan, hamabi hilabeteko epea, lehen aipatutakoa, kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatuko da. Lokalak etxebizitza gisa gaitzen badira, etxebizitza lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia ematen denetik aurrera hasiko da zenbatzen paragrafo honen lehenengo lerroaldean aipatzen den hamabi hilabeteko epea. 3. Aurreko paragrafoetan ezarritako salbuespenak aplikatzekoak direnean, etxebizitza aldatzea nahitaez dakarten edo etxebizitzan bizitzea eragozten duten inguruabarrak gertatu arte egingo da ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria, salbu eta zergadunak kargu edo enpleguaren zioz erabiltzen duenean ohiko etxebizitza; horrelakoetan, kontzeptu honen ziozko kenkariak egin ahal izango ditu, egoera horrek dirauen bitartean, eta etxebizitza erabiltzen ez bada. Ondorio horietarako, aurrekoarekin parekatuko da zergadunak etxebizitzaren beharra konpentsatzeko kopuruak jasotzea eta, gainera, etxebizitza famili unitatetik kanpoko pertsonek ez erabiltzea".
Hortaz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eremuan, eraikuntza etxebizitza erostera asimilatzen da zergadunak obrak egitearen ondoriozko gastuak (lurzatiaren ordainketari dagokiona barne) zuzen-zuzen ordaintzen dituenean, edo obren sustatzaileari konturako zenbatekoak ematen dizkionean, baldin eta obrak gehienez ere lau urteko epean amaitzen badira (eta etxebizitzaren jabetza eskuratzen bada, zentzu juridikoan), inbertsioa hasi denetik zenbatzen hasita. Azken betekizun hori kasu jakin batzuetan soilik salbuets daiteke. Kasu horietan, PFEZAren 68. artikuluan jasotako betekizunak bete ez ezik (goian beraren zati bat transkribatu da), administrazioak aldia luzatzea baimendu ere egin beharko luke (gehienez beste lau urtez). Horretarako, eraikuntza-obrak amaitzeko ezarritako epealdia zergadunak, inbertsioak direla eta, ohiko etxebizitza erosteagatik izanagatiko kenkariarekin lotutako onuraren bat lortzen duen lehenengo alditik aurrera konputatzen hasi behar da (esate baterako, kenkariaren aplikazioa, etxebizitza-kontuaren saldoaren aplikazio osoa edo partziala edo berrinbertsioa gauzatzea). Arestian esana dugunez, epea luza daiteke lehenago hitzez hitz emandako PFEZAren 68. artikuluaren 2. eta 3. idatz-zatietan ezarritako kasuetan (sustatzailearen konkurtsoaren edo beste arrazoi batzuengatik obrak geldiaraztearen gaineko adierazpena).
Eraikuntza erosketarekin berdinetsi daitekeen kasu hauetan, zergadunak kontsultan adierazitako kenkaria aplika dezake, etxegilearentzako ordainketa (edo lurzorua erosteari eta etxebizitza eraikitzeari lotutako zenbatekoak) horiei aurre egiteko eskatutako maileguak amortizatzen joan ahala. Azken kasu horretan ere mailegu horiei lotutako interesak eta gastuak kengarriak izango dira.
Beraz, horrelako kasu batean, eraikuntza erosketarekin parekatzen dela, kontsulta-egileak galdetu den kenketa aplikatu ahalko du etxebizitzaren sustatzaileari egindako ordainketei dagokien zenbatekoaren gainean (etxebizitzaren prezioa dela eta) edo, hala denean, ordainketa horiek finantzatzeko eskatu dituen maileguei dagozkien zenbatekoen gainean, 2014tik bertatik (logikoa denez, Administrazio honi dagokionez, baldin eta ekitaldi horretan egoitza Bizkaian badu). Modu osagarrian, kenketa hori aplikatu ahalko du higiezinaren prezioaren (edo horretarako eskatzen duen maileguaren) ordainketari buruzko zenbatekoen gainean, horren gaineko jabetza osoa eskuratzen duen unetik bertatik (hau da, salerosketako eskritura publikoa gauzatzen den unetik).
Logikoa denez, hori guztia horrelakoa da, galdetzen den kenketa aplikatzeko eska daitezkeen gainerako baldintzak betetzen diren neurrian.
Aurreko guztiaren ondorio modura, etxebizitzaren sustatzaileari ordainketak egiteak (etxebizitzaren prezioa dela eta) eskubidea ematen du kontsultaren xede den kenketa aplikatzeko, etxebizitza eraikitzeko obrak inbertsioa hasi eta gehienez 4 urteko epean bukatzen badira (epe hori luza daiteke, adierazi ditugun baldintzetan) eta etxebizitza zergadunen ohiko etxebizitza bilakatzen bada.
Momentu hori heltzen denean (inbertsioa hasi zenetik 4 urte igarotzen direnean) higiezina eraikitzeko obrak amaitu gabe badaude, zergadunek horren zioz (etxebizitza eraikitzearen zioz) aplikatutako kenkarietarako eskubidea galduko dute eta itzuli egin beharko dituzte, dagozkien berandutze-interesekin batera. Kasu horretan, bere zerga egoera, etxebizitza eraikitzeagatik egindako kenkari desegokiak eta haien berandutze-interesak itzuliz, erregularizatu ondoren, zergadunek berriro hasi ahalko dira kenkaria aplikatzen, erregularizatutako azken ekitaldiaren hurrengoan, ekitaldi horretan haien etxebizitza izango den hori eraikitzeko ordaindutako kopuruengatik. Kasu horretan, etxebizitza eraikitzearekin erlazionatuta dagoen lehenengo kopuru berria, kenkaria aplikatzen dioten hori, izango da eraikuntza bukatzeko izango duten 4 urteko epe berriaren hasiera markatuko duena.
Horrenbestez, ohiko etxebizitza berria eraikitzeko inbertitzen diren zenbatekoak haren erosketarekin parekatzeko, beharrezkoa da obrak 4 urteko gehieneko epean bukatzea, inbertsioaren hasieratik zenbatuta. Salbuespen kasuetan, epe hori luzatzeko eska daiteke, PFEZAren 68. artikuluan ezarritako kasu eta baldintzetan.
Modu osagarrian, higiezina benetan okupatu aurretik egindako kenketetarako eskubidea finkatu ahal izateko, beharrezkoa da zergadunak etxebizitza okupatzea obrak amaitzen diren egunetik hamabi hilabeteko epean eta bertan bizi izatea hiru urtez, gutxienez, PFEZFAren 87.8 artikuluak eta PFEZAren 68. artikuluan ezarritako zirkunstantzietako baten bat gertatu ezean.
Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, bere lana edo enplegua dela eta zergadunak ohiko etxebizitza duenean eta erositako etxebizitza hori erabiltzen ez denean (adibidez, hori alokatuz), bertan bizi izaten hasteko daukan hamabi hilabeteko epea lana edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatzen hasiko da. Salbuespen hori aplikatzen da, etxebizitza izatea lanari edo enpleguari atxikitako onura bada. Horrek higiezina helmugako herrian (edo hurbil dagoen beste batean) egotea dakar, jarduneko langileek horri onura ateratzen diotela beren lana edo enplegua dela eta (nahiz eta langilea bertan bizi izatera behartuta ez egon). Salbuespen horrek zergadunak etxebizitza okupatzeko daukan hamabi hilabeteko epea zenbatzen hasteko eguna berandutzea baino ez dakar. Hori dela eta, hori behin betiko okupatzen ez bada, hori erosteagatik aplikatutako kenkariak galduko dira.
Amaitzeko, Zerga arautzen duen araudiak eskatzen ez duenez erositako etxebizitza Lurralde Historiko honetan egotea, egokia da adieraztea, horretarako legez eskatzen diren baldintzak bete ondoren, zergadunek kenketa aplika dezaketela bai Bizkaian bai beste Lurralde Historiko batean, lurralde erkidean edo atzerrian dauden etxebizitzak erosteagatik (baldin eta, logikoa denez, etxebizitza horiek ohiko etxebizitzak badira beraientzat, legez eskatzen diren baldintzei jarraikiz).
Aurkeztutako datuen arabera, kontsulta-egileak ohiko etxebizitza bat dauka bere lana edo enplegua dela eta. Beraz, gauzak horrela, kenketa aplikatu ahalko du kontsultaren xede den etxebizitzari dagozkion zenbatekoen gainean, honako baldintza hauek (Zergaren araudian oro har ezarritako guztiak, goian aztertu direnak, ere bai) betetzen dituen neurrian: 1) etxebizitza ez erabiltzea; 2) etxebizitza okupatzea benetan eta etengabe, lana edo enplegua uzten duen egunetik zenbatuta hamabi hilabeteko epearen barnean; eta 3) une horretatik aurrera, bertan egotea hiru urteko gutxieneko epe jarraituan.
Maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 6. eta 43. artikuluak.Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 2., 3. eta 87. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 67. eta 68. artikuluak.