www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

01.07.2015

Erreferentzia

Lanbide zerbitzuak emateko kontratu zibila suntsiarazteagatiko kalte-ordaina.

Galdera

Kontsultaren egilea osasun arloko profesional moduan alta emanda dago Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifetan, medikuntza orokorreko mediku gisa zerbitzuak ematen dituelako. Gainera, 2008tik aurrera, sozietate mugatu bati aholkularitza profesionala ematen jardun zuen bere kabuz, zerbitzu-kontratu zibil baten bitartez. 2014an sozietate mugatuak kontratu hori hutsaldu zuen, arrazoi ekonomikoengatik soil-soilik, eta kalte-ordaina eman zion, elkarren lankide izan ziren urteetan egindako zerbitzuen zioz. Harrezkero kontsultaren egilea ez da aholkularitzan aritu eta bere beste lanbide jardueran bakarrik aritu da.Jakin nahi du ea kalte-ordain gisa jaso duen diru kopurua bi urtetik gorako aldian sortutako errentatzat jo behar den edo denboran modu irregular nabarmenean lortutako etekintzat kalifikatu daitekeen.

Ebazpena

Planteatutako gaiari dagokionez, esan behar da, lehenengo eta behin, aurkeztu diren datuak kontuan izanik, kontsultan aipatutako kontratua suntsiaraztearen ondorioz jasotako kalte-ordainaren tributazioaren azterketan, kontsultagileak 2014ra arte egindako jarduera ekonomikoaren etekin gisa hartu behar dugula kalte-ordain hori.

Beraz, horiek horrela, aipatutako kalte-ordaina Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean eta horren atxikipen sistemari lotuta egongo da, ezin zaiolako aplikatu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 8. eta 9. artikuluetan, hurrenez hurren, araututa dauden loturarik eza eta salbuespen kasuetariko bakar bat ere.

Hala, PFEZFA horren 24. artikuluan hau xedatzen da: "1. Honako hauek hartzen dira ekonomia-jardueren etekin osotzat: norberaren lanetik eta kapitaletik -bietatik aldi berean edo horietako batetik bakarrik- datozen etekinak, baldin eta, haiek lortzeko, zergadunak produkzio-bideak eta giza baliabideak -edo bietako bat bakarrik- bere kontura antolatzen baditu, ondasun eta zerbitzuen produkzio edo banaketan esku hartzeko. (...)".

Beste alde batetik, PFEZFA horren 25. artikuluak honako hau dio: "(...) 4. Ekonomia-jardueraren etekin garbia bi urtetik gorako epean sortu denean eta aldizka edo noizean behin lortu ez denean, etekin horren 100eko 60 aplikatuko da; portzentaje hori 100eko 50 izango da, berriz, sorrera-aldia 5 urtetik gorakoa denean edo, erregelamendu bidez, etekin hori denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen denean. Zatika kobratzen bada, sorrera-aldia konputatzerakoan kontuan hartu beharko da zenbat urtetan zatikatzen den kobrantza, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. Integrazio-portzentajeak aplikatzeko hartuko den etekin garbiaren zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina 100eko 100ean integratuko da. 100eko 100 baino integrazio-portzentaje txikiagoa aplikatu behar zaien etekinak jasotzen badira, aurreko lerroaldean zehazten den 300.000 euroko muga zenbatzerakoan, lehenengo eta behin, integrazio-portzentaje txikienei dagozkien etekinak hartuko dira kontuan. (...)".

Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 24. artikuluan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 25. artikuluko 4. idatz-zatian ezarritako 100eko 50eko integrazio portzentajea aplikatzeko, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako ekonomi jardueren etekintzat jarraian adieraziko direnak baizik ez dira hartuko, baldin eta zergaldi bakarrean egozten badira: (...) b) Jarduera ekonomikoei uzteagatik jasotako kalte-ordainak eta laguntzak. (...) 2. Bi urtean baino aldia luzeagoan sortutako jarduera ekonomikoen etekinak zatika jasotzen badira, kasu honetan bakarrik aplikatu ahal izango dira Zergari buruzko Foru Arauko 25. artikuluko 4. idatz-zatiko integrazio-ehunekoak (100eko 60 edo 50): sorreraldiko urteen kopurua, datatik datara zenbatuta, zatikapenak hartzen dituen zergaldien kopuruaren artean zatitzearen emaitza bi urte (100eko 60) edo bost urte (100eko 50) baino gehiago izanez gero. 3. Sorreraldia bi urte baino luzeagoa izan dela jakin arren benetan zenbatekoa izan den zehazterik ez badago, etekinak hiru urtean sortu direla pentsatuko da. 4. Integrazio-ehunekoa aplikatu ahal bada, gehienez ere 300.000 euroko zenbatekoari aplikatuko zaio urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik integratuko da (100eko 100). 100etik beherako integrazio-ehuneko bat baino gehiago aplikatu behar zaizkien etekinak jaso badira, aurreko paragrafoko muga (300.000 euro) konputatzean lehenbizi integrazio-ehuneko txikiena aplikatu behar zaienak hartuko dira kontuan. Etekinak zatika jaso badira, artikulu honetako 2. idatz-zatian azaldu den bezala, eta 300.000 euroko muga aplikatu behar bada, gehieneko kopuru hori modu proportzionalean banatuko da zatikapenak hartzen dituen ekitaldien artean".

Kontsulta idazkian azaldu diren datuen arabera, hizpide dugun kasuan etekin garbia ez da sortu bi urte baino aldi luzeagoan, hura hartzeko eskubidea zerbitzu-kontratu zibila suntsiaraztearen ondorioz sortu baita. Beste alde batetik, kalte-ordaina denboran modu nabarmen irregularrean lortutako etekintzat jotzea dela eta, kasu honetan horrekin bat etor daitekeen figura bakarra PFEZAren 24.1 artikuluko b) letran bildutakoa izan daiteke: jarduera ekonomikoei uztearen ziozko kalte-ordainak eta laguntzak. Hala ere, kontsultaren egileari kalte-ordaina ez zaio eman jarduera bati uzteagatik; enpresa ordaintzailearekin sinatutako kontratua suntsiaraztea izan da arrazoi bakarra eta, beraz, lehenago aipatutako manua ezin da aplikatu kasu honetan.

Horregatik guztiagatik, galderan aipatutako kalte-ordaina kontsultaren egilearen lanbide-jardueraren etekina da eta mota horretako gainerako etekinekin batera sartu behar da zerga-oinarrian.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 24.1 eta 25.4 artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 24. artikulua.

Itzuli