01.07.2015
Gauzazko ordainsariak. Hitzarmen kolektiboaren bidez ezarritako osasun laguntzak.
Kontsultaren egilea sozietate publikoa da, eta haren langileek aitortuta daukate, hitzarmen kolektiboaren bidez, laguntza ekonomikoak kobratzeko eskubidea, zati batez ordaintzeko farmazia gastuak, ortopediako materialak eta protesiak, ortodontzia, esterilizazio ebakuntzak, audifonoak, fonazio aparatuak, artikulatzaile bibrotaktilak eta ezinduentzako ibilgailuak, material optikoa, hortz protesiak eta osasun estaldura publikoaren esparruan sartuta ez dauden beste medikuntza-tratamendu batzuk.Jakin nahi du ea enpresaren hitzarmen kolektiboan aurreikusitako laguntza horiek enpresaren langileentzat lanaren etekinak diren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako, eta, baiezkoan, salbuespenen bat aplikatu ahal zaien.
Kontsulta idazkian azaldutako gaiari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da. Horren 15. artikuluak honako hau dio: "Kontraprestazio eta onura guztiak hartuko dira lanaren etekintzat, haien izena edo izaera zeinahi dela ere, eta diruzkoak nahiz gauzazkoak izan, betiere lan pertsonaletik edo hark duen lan-harremanetik edo estatutupeko harremanetik zuzenean edo zeharka eratorritakoak badira eta ekonomia-jardueren etekinak ez badira. Gauzazko ordainketatzat jotzen dira ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak dohainik edo merkatuko ohiko preziotik behera nork bere xedeetarako erabili, kontsumitu edo lortzea, nahiz eta ematen dituenarentzat gastu erreala ez izan. Errentak ordaintzen dituenak zergadunari eskudirutan ordaintzen dionean azken horrek ondasun, eskubide edo zerbitzuak eros ditzan, errenta diruzkoa dela joko da".
Definizio horren arabera, kontsulta egin duen erakundeak ematen dituen laguntzak, funtsean, lanaren etekinak dira hartzaileentzat, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean daude, eta zerga horren konturako atxikipenen sistemari lotuta.
Osasun zerbitzu publikoak edo mutualitateak estaltzen ez dituen gaixotasun gastuengatik kontsultaren egileak ematen dituen laguntza ekonomikoak, ordea, ez dira Zergaren kargapeko errentatzat joko, betiere osasun tratamenduetarako edo sendabideetarako erabiltzen badira, hau da, onuradunak hobera egiteko osasun laguntzako formula egokietarako.
Baldintza horiek zehatz-mehatz betetzen ez dituzten gizarte-prestazio guztiek, are gaixotasun edo lesioengatik ematen direnek ere, hartzailearen egoera ekonomikoa arindu edo leuntzea badute helburua, onuradunaren ahalmen ekonomikoa handituko dute eta, beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean eta zerga horren atxikipen sistemari lotuta egongo dira, zeren eta, horrelakoetan, laguntzaren helburuak ez baitu zerikusirik osasun laguntzaren kontzeptuarekin, hots, pertsonak sendatzea xede duten osasun zerbitzuen prestazioarekin. Lanaren etekin gisa Zergaren kargapean egongo dira, era berean, osasun zerbitzu publikoak edo kasuan kasuko mutualitateak estaltzen dituen gaixotasun edo osasun gastuengatik ematen diren laguntza ekonomiko guztiak.
Beraz, farmazia gastuak, ortopediako materialak eta protesiak, ortodontzia, esterilizazio ebakuntzak, audifonoak, fonazio aparatuak, artikulatzaile bibrotaktilak eta ezinduentzako ibilgailuak, material optikoa, hortz protesiak eta osasun estaldura publikoaren esparruan sartuta ez dauden beste medikuntza-tratamendu batzuk zati batean ordaintzeko langileei ematen zaizkien laguntzak ez dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean egongo, betiere zerbitzu publikoak (edo kasuan kasuko mutualitateak) estaltzen ez dituen gastuak badira eta pertsonen osasun tratamenduaren edo sendabidearen ondorioz jasaten badira. Pertsonaren egoera ekonomikoa arintzea helburu duen beste edozein gizarte-prestaziok, baita gaixotasun, lesio edo desgaitasunen bat duten pertsonek jasotzen dituztenek ere, langilearen ahalmen ekonomikoa handituko du eta, beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapeko errenta izango da.
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 15. artikulua.