saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

01.07.2015

Erreferentzia

Ohiko etxebizitza zer den.

Galdera

2012ko azaroan kontsultaren egileak etxebizitza bat erosi zuen Kantabrian, eta han bizi da gaur egun. Laster ezkonduko da Bizkaiko udalerri batera, hara joango da bizitzera eta han erroldatuko da, emaztegaia bertan bizi delako.Jakin nahi du ea Kantabrian daukan etxebizitzak ohikoa izaten jarraituko duen nahiz eta zerga araudian ezarritako hiru urteko epea ez bete bertan bizitzen.

Ebazpena

Kontsulta idazkian planteatutako gaiari dagokionez, lehenengo eta behin ekainaren 21eko 101/2005 Foru Dekretuaren 1. artikulua aplikatu behar da. Dekretu horren bidez zergei buruzko kontsulta idatzien eta zerga-ordainketako aurretiazko proposamenen prozedurak eta itzurpenaren aurkako klausula garatu dira. Hona zer dioen 1. artikuluak: "Bizkaiko Lurralde Historikoko Zerga Administrazioari zergei buruzko kontsultak aurkeztu ahal izango zaizkio idatziz eta zerga-egitateen eta zerga-betebeharren ziozko ordainketako aurretiazko proposamenak egin ahal izango zaizkio, Ekonomi Itunean xedatutakoarekin bat etorriz, ondoko inguruabarretako bat gertatuz gero: a) Bizkaiko Lurralde Historikoko arautegia aplikatu behar izatea. b) Bizkaiko Lurralde Historikoko Foru Aldundiko Zerga Administrazioaren organoek edukitzea ikuskatzeko eskumena. c) Foru Aldundiko Zerga Administrazioak zergapekoekin dituen harremanetan bere eskumenak erabiltzearekin lotuta dauden beste inguruabar batzuk".

Horren arabera, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusi honek zerga-kontsulta idatziei erantzuteko eskumena edukiko du baldin eta Bizkaiko Lurralde Historikoko araudia aplikatu behar zaien gaiei buruzko kontsultak badira, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zerga Administrazio foralak gai horien gaineko ikuskapenerako eskumena badauka edo kontsultak zerikusia badu aipatutako foru administrazio horrek zergapekoekin dituen harremanetan bere eskumenak erabiltzearekin. Administrazio honek dauzkan datuen arabera, kontsultaren egilea 2005eko irailaren 5ean irekitako etxebizitza-kontu baten titularra izan zen, eta hainbat ekitalditan kontu horretan ekarpenak egin zituen, bai eta horien gaineko kenkariak aplikatu ere, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik, Bizkaiko Foru Ogasun honetan aurkeztutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioetan. 2012ko azaroan Kantabriako etxebizitza erosi zuen. Erosketa horretarako erabili zuen etxebizitza-kontuaren saldoa. Higiezin hori ohiko etxebizitza izan du 2013ko urritik hona.

Horri dagokionez, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2015 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua eta hura garatu duten xedapenak aplikatzeko irizpide batzuk ezartzen dituenak, hau argitzen du 16.8.15 atalean: "(...) d) Zergadunak bere bizilekua beste lurralde batera (komuna edo forala izan) aldatuz gero, Bizkaian egindako kenkarietarako eskubidea finkatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituenetz ebazteko eskumena Foru Ogasun honi dagokio, eta lurralde historiko honetan indarrean dagoen araudia aplikatuko du. Betekizun horiek betetzen ez badira, Bizkaian kendutako zenbatekoak Foru Ogasun honetan sartu behar dira, beren berandutza interesekin batera, zergaduna ez-betetzearen ekitaldian non bizi den gorabehera. (...)".

Beraz, Foru Ogasun honek badu eskumena zergadunak bere etxebizitza-kontuan egin zituen ekarpenen ondorioz Bizkaian aplikatutako kenkariak zuzenak diren ala ez adierazteko, bai eta lurralde historiko honetako egoiliarra zenean Kantabriako higiezinaren erosketagatik aplikatu zituen gainerako kenkariak zuzenak diren ala ez adierazteko ere.

Bada, ohiko etxebizitzan egindako inbertsioaren ziozko kenkariari dagokionez, 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 13/2013 Foru Arauaren (PFEZFA) 87. artikuluak honako hau xedatzen du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erosteko zergaldian inbertitu dituzten kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, haien kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabili badituzte, kapital horiek erabiltzeagatik zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete; horretarako kontuan hartuko dira besteren finantzaketak zergadunari sortutako beste gastuak, zergadunaren kargura joan badira. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare-irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea 100eko 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, berdinetsi egingo dira honako hauek eta ohiko etxebizitzaren erosketa: a) Ohiko etxebizitza birgaitzeko erabili diren diru kopuruak. b) Erregelamendu bidez ezarritako formalizazio- eta erabilera-baldintzak betetzen dituzten kreditu-erakundeetako kontuetan gordailatzen diren kopuruak, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten kopuruak ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen badira, kontua ireki denetik 6 urte igaro baino lehen. Ez da bete gabekotzat hartuko erabilera-baldintza, baldin eta kenkarirako eskubidea sortu duten diru-kopuruak berriro osorik sartzen badira kreditu-erakunde berean edo beste kreditu-erakunde batera osorik eramaten badira zergaren sortzapena gertatu baino lehen. Zergaduna letra honetako lehen lerroaldean aipatzen den epea amaitu aurretik hiltzen bada, ez da bete gabekotzat hartuko etxebizitza-kontuko kopuruak ohiko etxebizitza erosteko edo birgaitzeko erabiltzeko obligazioa. Ezin izango da berriro kenkaririk egin letra honetan aipatzen diren kontuetan gordailatutako diru-kopuruak direla eta, aurrez kenkarirako eskubidea sortu badute, ohiko etxebizitza erosi edo birgaitzeko erabiltzen direnean. c) Erregelamendu bidez zehazten diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun-gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. (...) Familia-unitateko kideak hiri-ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, haietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. (...)".

Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 67. artikuluan: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko egoitza izan dadin, zergaduna bera benetan eta iraunkortasunez bizi behar da bertan hamabi hilabetez etxebizitza erosi eta obrak amaitu direnetik aurrera. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitza okupatzea eragozten duen zerbait gertatzen denean, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat etorriz. b) Zergadunak ohiko etxebizitza karguagatik edo enpleguagatik badauka eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez badu; honelako kasuetan lehen aipatutako hamabi hileko epealdia kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatu behar da. Lokalak etxebizitza gisa gaitzen badira, etxebizitza lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia ematen denetik aurrera hasiko da zenbatzen atal honetako lehenengo paragrafoan aipatzen den hamabi hileko epealdia. (...) 3. Aurreko paragrafoetan ezarritako salbuespenak aplikatu behar direnean, etxebizitza aldatzea nahitaez dakarten edo etxebizitzan bizitzea eragozten duten inguruabarrak gertatu arte aplikatuko da ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria, salbu eta zergadunak karguagatik edo enpleguagatik erabiltzen duenean ohiko etxebizitza (horrelakoetan kontzeptu honen kenkariak aplikatu ahal izango ditu egoera horrek dirauen artean, etxebizitza erabiltzen ez badu. Hori dela eta, aurrekoarekin parekatuko da zergadunak etxebizitzaren beharra konpentsatzeko kopuruak jasotzea eta, gainera, etxebizitza familia unitatetik kanpoko pertsonek ez erabiltzea. Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, ondoko kasuan zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da: artikulu honetan ezarritakoaren arabera eraikina une horretan beraren ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetan ohikoa izateari utzi dionean".

Oraingo PFEZFA eta hura garatzen duen araudia indarrean jarri baino lehen, gai horiek, termino baliokideetan, hemen interesatzen zaigunari dagokionez, xedapen hauetan garatzen ziren: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 89. artikuluan, eta azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 68. artikuluan (biak indargabetuta daude gaur egun).

Bestalde, hau xedatzen du goian aipatutako PFEZFAren 49. artikuluak, berrinbertsioarengatiko salbuespenari buruzkoak: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa txikiagoa bada eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino, lortutako ondar- irabazian berrinbertitutako zenbatekoari dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe".

Honako hau gehitzen du PFEZAren 49. artikuluak: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik ondare-irabaziak lortzen badira, irabazi horiek kargatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta eskualdaketan lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitzen bada ohiko beste etxebizitza bat eskuratzeko, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kenduta geratzen dena hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 8. idatz-zatian eta araudi honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi batean edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdaketa-egunetik urte bi pasatu baino lehen. Berrinbertsioa epealdiaren barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, orduan, zergadunak ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko autolikidazioan adierazi beharko du berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa daukala. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, ondare-irabazia kargatuko da. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia: baldintza betetzen ez den egunetik hori gertatzen den zergaldiko autolikidazioa egiteko ezarritako epealdia amaitu arte".

Aurreko guztiarekin bat, kontsulta honetakoa bezalako kasuetan aplikatutako kenkarietarako eskubidea finkatu dadin, erositako etxebizitzan benetan bizi behar da hamabi hilabeteko epea igaro baino lehen, erosten denetik hasita, edo obrak amaitzen diren egunetik hasita (eraikitzen ari zenean erositako etxebizitza bada), eta etxebizitza horretan iraun behar da hiru urtez jarraian, gutxienez. Baldintza horien salbuespena gerta daiteke soilik higiezina ezarritako epean okupatzea galarazten edo bizilekua ezinbestean aldatzea dakarren inguruabarren bat gertatzen bada, interesdunaren borondatea edo komenientzia edozein delarik ere. Horrek esan nahi du saihestu edo gainditu ezinezko kausaren bat behar dela.

Beraz, gutxienez hiru urtean etengabeko egoitza izatearen baldintzaren salbuespena aplikatzeko, honako hau jakin behar da: higiezina erositakoan sortutako inguruabar baten aurrean bizilekuz aldatzea zergadunaren aukera den edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen ondorioa den. Zergadunak hautatzeko aukera mantentzen badu eta bizilekuz aldatzea erabakitzen badu, etxebizitza ezingo da ohikotzat jo Zergari dagokionez. Erabakitzeko aukerarik ez badu, berriz, etxebizitza ohikoa izango da, nahiz eta bertan ez bizi legez eskatzen den gutxieneko denboraldian.

Kontsulta honetako kasuan, zergadunak bere ohiko etxebizitza erosi zuen 2012ko azaroan, eta bertan inbertitu zuen etxebizitza-kontuaren saldoa, aurreko ekitaldietan saldo horren gaineko kenkaria aplikatu eta gero. Berak dioenez, laster ezkonduko da eta Kantabriatik bere emaztegaia bizi den Bizkaiko udalerrira etorriko da bizitzera.

Kasu honetan, beraz, etxebizitzaz aldatzea justifikatuta dago zergaduna ezkondu egingo delako eta familiaren etxebizitza emaztegaiaren egungo etxebizitza izango delako.

Ildo horretatik, PFEZAren 67. artikuluak ezkontza aipatzen du, besteak beste, legegileak etxebizitzaz aldatu behar izateko modukotzat jotzen dituen inguruabarren artean, betiere, jakina, higiezin hori erositakoan gertatutako inguruabarra bada ezkontza, eta kausazko erlazioa badago ezkontzaren eta bizileku-aldaketaren artean (horrela izango da, normalean, ezkontide batek edo biek bere etxebizitza utzi eta bi ezkontideak familia-etxebizitzan elkarrekin bizitzen jartzen direnean, baina ez biak lehendik higiezin berean bizi direnean).

Beraz, kontsulta honetako kasuan gertatu den inguruabar batek, ezkontzak hain zuzen, bide ematen du higiezina erosten denetik hamabi hilabete igaro baino lehen hura okupatu beharretik salbuesteko eta higiezin horretan gutxienez hiru urtez jarraian bizi beharretik ere salbuesteko.

Hala, galderan aipatutako bizileku-aldaketak ez du eragotziko Kantabriako etxebizitza ohikotzat hartzea aipatu ditugun ondorioetarako, betiere aldaketa horren arrazoia ezkontza bada (hau da, behar bezalako kausa/ondorio erlazioa badago ezkontzaren eta bizileku-aldaketaren artean). Hori guztia horrela izango da, kontsultaren egilea Kantabriako etxebizitzan hiru urtez jarraian bizi izatera iristen ez bada ere.

Ondore horietarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiak ez du aurreikusten gehieneko eperik, lehen edo gero, etxebizitza-aldaketa eskatzen duen inguruabarra (ezkontza) sortzen den egunetik eraginkortasunez bertan bizitzeari uzten zaion (edo eskualdatzen den) arte. Hala ere, epe horiek behar bezain zentzuzkoak izan beharko dute, alegatutako gertaeraren (egoitza-aldaketa) eta hura justifikatzen duen inguruabarraren (ezkontza) artean kausa/ondorio erlazioa argi eta garbi zehazteko. Foru Ogasun honetako kudeaketa eta ikuskaritza organoei dagokie kasu bakoitzeko gertaerak baloratzea. Zergadunen arteko kausa/ondorio erlazio hori frogatzeko, zuzenbidean onartutako edozein frogabide erabil daiteke.

Hala ere, berrinbertsioaren ziozko salbuespena egiteari dagokionez, kontuan hartu behar da PFEZAren 67.4 artikuluan zehazturikoa, hots, zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela ulertuko dela kasuan kasuko eraikuntza haren ohiko etxebizitza bada une horretan (besterentzearen unean), halako moldez non bertan bizi baita harrezkero, edo halakotzat hartu bada gehienez bi urteko epean eskualdaketaren eguna baino lehen.

Hortaz, kontsultagileak ez ditu galduko galderan aipatutako etxebizitzan inbertitzearekin lotutako zerga onurak, baldin eta ezkontzeak eragin badu etxebizitza hori uztea, erantzun honetan azaldu den moduan. Horrela izanez gero, etxebizitza eskualdatuz irabazitakoa berriro inbertitzearen ziozko kenkaria ere aplikatu ahal izango du, PFEZFAren 49. artikuluan eta PFEZAren 49. eta 67.4 artikuluetan araututako kenkaria hain zuzen, betiere bi urteko epean saltzen badu higiezina, ohiko etxebizitza izateari uzten dion unetik zenbatuta.

Kontsulta honen beste zatiari, hau da, berrinbertsioagatiko salbuespenaren aplikazioari dagokionez, salbuespen hori aplikagarria izango da baldin eta kontsultagileak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena Bizkaiko Foru Ogasun honetan aurkeztu behar duen ekitaldi batean besterentzen bada higiezina (izan ere, kontsultagilea lurralde erkideko egoiliarra den ekitaldi batean sortuko balitz errenta, lurralde horretako organo eskudunari egin beharko litzaioke kontsulta).

Araua

Ekainaren 21eko 101/2005 Foru Dekretuaren 1. artikulua.Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 49. eta 87.8 artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 49. eta 67. artikuluak.

Itzuli