18.06.2015
Enplegu-modalitateko BGAEko erreskatea, kapital erakoa.
Banku-erakunde bateko langile batzuek jardunean jarraitzen dute, eta beste batzuek erretiroa hartu dute. Guztiek enplegu-modalitateko BGAEko kideak dira. Egitura berritzeko azken erabakia 1996an hartu zen, urte horretan sindikatuek eta enpresako ordezkariek sinatu zuten enpresaren hitzarmen kolektiboaren arabera.BGAE horretatik kapital eran jasotako prestazioei zer zerga aplikatu behar zaien jakin nahi du. Zehazki, 13/2013 Foru Arauak (PFEZFA), abenduaren 5ekoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoak, hogeigarren xedapen iragankorrean xedatzen duena aplikagarria den jakin nahi du.
Eginiko galderari dagokionez, lehenik eta behin13/2013 Foru Arauak (PFEZFA), abenduaren 5ekoak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoak, 18. artikuluan ezartzen duena aplikatu behar da. Hauxe dio: "Lanaren etekintzat jo behar dira: a) Honako prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazio hauek: a) Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide osoek eta haien onuradunek jasotako zenbatekoak, borondatezko edo nahitaezko bajagatik, entitatea desegin edo likidatzeagatik, edota gaixotasun larriaren kasuan nahiz iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotakoak barne. Dena den, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik nahiz entitatea desegin edo likidatzeagatik jasotako zenbatekoak oso-osorik sartzen badira, bi hilabeteko epea igaro baino, borondatezko gizarte aurreikuspeneko beste entitate batean, ez dira zergaren oinarri ezargarrian integratuko. b) Pentsio-planen onuradunek jasotako prestazioak, barruan sartuta, baita ere, gaixotasun larrien kasuan edo iraupen luzeko langabezia egoeretan modu aurreratuan erabiltzen diren kopuruak, eta Europako Parlamentuak eta bertako Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an enpleguko pentsio fondoen jarduerei eta ikuskapenari buruz emandako 2003/41/EB Arteztarauan araututako pentsio-planetatik jasotakoak. (...)".
Bestalde, PFEZFA beraren 19. artikuluak hauxe dio: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute oro har. 2. Alabaina, apartatu honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari portzentaje hauek aplikatuz kalkulatuko da: (...) b) Foru Arau honetako 18.a) artikuluan aurreikusitako prestazioak ?6. zenbakikoak kanpoan utzita? kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da. Aurreko paragrafoan ezartzen dena gorabehera, kapital gisa jasotako zenbatekoa 100eko 60an integratuko da, kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere bi urte baino gehiago igaro badira lehenengo ekarpena egin zenetik. Prestazioak baliaezintasun edo mendetasunagatik jasotzen badira, ez da eskatuko bi urteko epea betetzea. Orobat, letra honetan ezartzen den tratamendu bera emango zaie gaixotasun larriagatik eta iraupen luzeko langabeziagatik jasotzen diren kopuruei ere. Letra honetan jasotzen den %60ko integrazio-portzentajea berdin aplikatuko zaie estalitako kontingentziak baino beste arrazoi batzuengatik eta azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik jasotako lehenengo zenbatekoa. Letra honetan ezarritako ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehenengo zenbatekotzat. (...) Zenbaki honetako b) eta c) letretan aipatzen diren etekinei %100etik beherako integrazio-portzentajeak aplikatuko bazaizkie ere, etekinon zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina %100ean integratuko da".
Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiko 15. artikuluan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran ezarritako integrazio-ehunekoa (100eko 60) kontingentzia bakoitzagatik kapital modura jasotzen den lehenengo prestazioari (18. artikuluko a) letrakoak; 6. zenbakikoei ez) bakarrik aplikatu ahal zaio, lehenengo ekarpenetik urte bi baino gehiago pasatu badira. Prestazioak baliaezintasun edo mendetasunagatik jasotzen badira, ez da eskatuko bi urteko epea betetzea. Urte bakar batean jaso ez bada, kontzeptu bakoitzagatik jasotako lehenengo prestazioari aplikatuko zaio 100eko 60ko integrazioa, horretarako ezarritako betekizunak betez gero. Hori dela eta, hauxe da lehen prestazioa: zergaldi batean kontingentzia bakoitzagatik kapital gisa jasotzen diren diru kopuru guztien batura. Aurreko guztia gorabehera, zergadunak prestazioa kobratzen duen lehenengo urtean ez dauka nahitaez kapital gisa jasotzen duen kopuruaren 100eko 60 integratu beharrik. Aitzitik, integrazio-ehuneko hori bigarren ekitaldian eta hurrengoetan modu berean lortzen dituen kapital zenbatekoei aplikatzea hautatu dezake, baldin eta lehendik aplikatu ez badie. Kontingentzia bategatik lehenbizikoz prestazioa jasotzen denean batera jasotzen badira alde batetik kapital bakarra eta gainera aldizkako errenta bat, lortutako kopuruak honela integratu behar dira: a) Errenta gisa jasotako prestazioari dagokionez, ekitaldian jasotako kopuruaren 100eko 100. Horretarako, errenta-prestazioa da aldizka bi ordainketa edo gehiago jasotzea (gutxienez ordainketa bat urtean). b) Kapital gisa jasotakoaren 100eko 60, lehenengo ekarpena egin denetik bi urte baino gehiago pasatu badira. Prestazioak baliaezintasun edo mendetasunagatik jasotzen badira, ez da eskatuko bi urteko epea betetzea. 2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeko, honako hauetako bakoitza kontingentzia bat izango da: a) Erretiroa hartzea, laneko arautegia ezarritako kasu guztietan. b) Baliaezintasuna. c) Kausatzaile bakoitzaren heriotza. d) Iraupen luzeko langabezia. e) Gaixotasun larria. f) Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege-Dekretuak onetsitako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen Testu Bategineko 8. artikuluko 8. idatz-zatian ezarritako kontingentziak edo egoerak gertatzeagatik ez beste arrazoi batzuengatik jasotzen diren kopuruak. 3. Zergari buruzko Foru Arauko 18. artikuluko a) letran ezarritako prestazio mistoa jasoz gero, hau da, mota guztietako errentak eta kapital kobrantzak bateratzen dituen prestazioa, 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako ehunekoak kapital modura kobratutako kopuruei bakarrik aplikatu ahal zaizkie. Hain zuzen ere, errenta-prestazioak kobratzen hasi ondoren errenta aurreraturik berreskuratzen hasi bada, lortutako etekinari prima edo ekarpen bakoitzak errenta eratzerakoan duen antzinatasunaren araberako integrazio-ehunekoa aplikatuko zaio. (...)".
Horrez gain, PFEZAren 16. artikuluan hauxe zehazten da: "Zergari buruzko Foru Arauaren 19. artikuluaren arabera 100eko 100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauaren 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauaren 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa)".
PFEZFAren 19.2 b) artikuluan ezarritako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiak PFEZFAren 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. zenbakietan aipatutako gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren zenbatekoei tratamendu bateratua ematen die, zenbateko horiek ordaintzaile bakarrak eman, zein ordaintzaile gehiagok eman. Hau da, tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letran aipatzen diren BGAEetatik, pentsio planetatik, gizarte aurreikuspeneko mutualitateetatik, enpresen gizarte aurreikuspeneko planetatik, aurreikuspen-plan aseguratuetatik eta mendekotasun-aseguruetatik jasotzen diren kopuruei.
Horrekin guztiarekin bat etorrita, BGAEetatik lortutako zenbatekoek lanaren etekinak sortzen dizkiete hartzaileei, eta hartzaileek %60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahal diete, goian transkribatu dugun PFEZFAren 19.2 b) artikuluan aipatutakoa, baldin eta: a) kapital gisa kobratzen badira; b) lehenengo ekarpenetik bi urte baino denbora gehiago igaro bada, baliaezintasun edo mendekotasun prestazioak izan ezean; eta c) BGAEetatik kobra daitezkeen kontzeptuetako bakoitzagatik jasotzen den lehen diru-kopurua bada. Aipatutako kontzeptuetako bakoitzagatik jaso den lehenengo diru-kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen diren kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da PFEZari buruzko arauek tratamendu bakarra ematen dietela, besteak beste, zergadun batek bera bazkide duten BGAE guztietatik lor ditzakeen zenbateko guztiei.
PFEZFAren 19. artikuluan eta PFEZAren 16. artikuluan berariaz adierazten den bezala, %60ko integrazio-portzentaje hori urtean gehienez ere 300.000 eurori aplikatu ahal zaie. Muga hori zenbatze aldera, kontuan hartu behar da PFEZFAren 19. artikuluaren 2. paragrafoko b) eta c) idatz-zatietan aurreikusitako etekinen multzoa. Hau da, zergaduna bazkide, partaide edo onuradun gisa duten gizarte-aurreikuspeneko sistemen eta enplegatzaileen pentsio-konpromisoak gauzatzen dituzten aseguru kolektiboen multzoa, kontsultagilea horien onuraduna bada.
2013ko abenduaren 31 arte indarrean egon zen araudian (6/2006 Foru Araua, abenduaren 29koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa) ezarrita dagoenez, aipatutako %60ko integrazio-portzentajea berriro aplikatu ahal izateko, beste ekitaldi batean kontingentzia beragatik edo arrazoi beragatik, gutxienez 5 urteko epeak igaro behar du, arrazoi beragatik azken hartukizuna jaso zenetik (eta zerga-oinarrian %60 sartu zenetik), eta, horrez gain, egindako ekarpenen maiztasunak eta erregulartasunak egun horretara arte indarrean egon zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan eskatutakoak izan behar dute.
Hala ere, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen gorago aipatutako PFEZFA, gaur egun aplikatu behar dena, eta, bertan adierazten denez, galderan aipatutako %60ko integrazio-portzentajea soilik ezarri ahal izango zaie kontsulta honetan aipatu ditugun gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitezkeen zioengatik jaso diren lehenengo prestazioei, eta gehienez ere urtean 300.000 eurokoak izango dira. Ondore horietarako, zio horietako bakoitzarengatik jaso den lehenengo prestazioa 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako lehenengoa dela joko da (aurreko ekitaldietan kobratu diren zenbatekoak alde batera utzita).
Horrela, bada, lanaren etekinei aplikatu beharreko atxikipen portzentajeak aldatzen dituen abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuko xedapen gehigarri bakarrak hauxe dio: "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikuluko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jaso dena joko da lehenengo prestaziotzat, eta ez da kontuan hartuko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren babesean, data hori baino lehen prestaziorik jaso den eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien".
Horrenbestez, PFEZFAren 19.2.b) artikuluan araututako 100eko 60ko integrazio-portzentajea aplikatzeari begira, manu horretan aipatzen diren gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bide ematen duten kontzeptuetariko bakoitzarengatik jasotako lehenengo diru-kopurua hauxe da: 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lehenengo aldiz ekitaldi bakar batean kapital eran lortzen diren diru-kopuruen multzoa. Ez da kontuan hartzen egun hori baino lehen prestazio edo hartukizunik jaso den, ezta, 2013ko abenduaren 31 arte indarrean egon den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan, ezarritakoaren babesean, zein zerga tratamendu aplikatu zaien ere.
PFEZFAren hogeigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa kasu horretan aplikatzeko aukerari dagokionez, hauxe dio xedapen horrek: "1. Foru arau honetako 19.2 artikuluan eta 25.4 artikuluan ezarritakoa gorabehera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoarekin bat denboran era irregular nabarmenean lortutakotzat jotzen diren etekinei, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen hitzartutako kontratu edo akordioei badagozkie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie. 2. Foru arau honetako 30.3 artikuluan eta 39.3 artikuluan ezarritakoa gorabehera, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen hitzartutako kontratu edo akordioen ondoriozko etekinei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie. 3. Foru arau honetako 19.2 artikuluan, 25.4 artikuluan, 30.3 artikuluan eta 39.3 artikuluan ezarritakoa gorabehera, foru arau hau indarrean jarri aurretik lortutako etekinei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritako integrazio-portzentajeak aplikatu bazaizkie eta etekinok zatika kobratzen badira, etekin horiei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoa aplikatuko zaie".
Kontsultaren gaiari dagokionez, gaur egun indarrean dagoen PFEZFAk, aurrekoaren (6/2006 Foru Araua, abenduaren 29koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa) aldean, etekin irregularren gaineko arauetan aldaketa bakarra dakar: urtean 300.000 euroko muga ezartzen dio bi urtetik gorako sortze-aldia duten lanaren etekinen eta modu irregular nabarmenean lortutakoen guztizko zenbatekoari, 100eko 100etik beherako integrazio portzentajeak aplikatu ahal izateko. Aurreko lerroaldean transkribatu den xedapenean ezarritako araubideak, beraz, hain zuzen ere berekin dakar 300.000 euroko muga hori ezin aplikatzea bi baldintza hauek betetzen dituzten etekinei: 1) alde batetik, denboran modu irregular nabarmenean lortutako etekinak izatea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren erregelamenduzko garapenaren arabera; eta 2) bestetik, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen sinatutako kontratu edo akordioen ondoriozko etekinak izatea.
Lanaren etekinak denboran zehar modu irregular nabarmenean lortuak izateari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa den 6/2006 Foru Arauan (abenduaren 29koa) eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera, esan beharra dago kontzeptu horren (denboran zehar modu irregular nabarmenean lortutako lanaren etekinak) erregelamenduzko erregulazioa azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 14. artikuluan zegoela. Bertan honako hau adierazten zen: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran ezarritako 100eko 50eko integrazio portzentajea ezartzeko, denboran zehar modu nabarmen irregularrean lortutako lanaren etekintzat jarraian adieraziko direnak soilik hartuko dira, baldin eta zergaldi bakarrean egozten badira: a) Enpresak enplegatuei, beste lanpostu batera aldatzeagatik, ordaindutako kopuruak, baldin eta kopuruok araudi honetako 13. artikuluan ezarritako zenbatekoak gainditzen badituzte. b) Gizarte Segurantzaren edota klase pasiboen araubide publikoen ondoriozko kalte-ordainak, bai eta zurtzen erakundeek eta antzeko erakundeek ordaindutako prestazioak ere, elbarritasunik ez dakarten lesioen kasuan ematen direnean. c) Elbarritasunik edo ezgaitasun iraunkorrik, gradu guztietan, ez dakarten lesioen zioz enpresek eta herri izakiek ordaintzen dituzten prestazioak. d) Langile edo funtzionarioen heriotzaren eta ehorzketa gastuen ziozko prestazioak, hala publikoak nola zurtzen erakundeek edo antzeko beste erakunde batzuek, enpresek eta herri izakiek ordaintzen dituztenak, Zergari buruzko Foru Arauko 9.23 artikuluan xedatutakoaren arabera salbuespenaren gehieneko muga gainditzen dutenak. e) Soldaten osagarriak, pentsioak edo iraupen mugagabeko urtealdiak konpentsatu edo zuzentzeko, nahiz lan baldintzak aldatzeagatik ordaintzen diren zenbatekoak. f) Enpresak langileei lan-harremanak elkarren adostasunez suntsiarazteagatik ordaintzen dizkien kopuruak. g) Literatur, arte edo zientzia sariak, baldin eta ez badute salbuespenik zerga honetan. Ez dira saritzat hartuko, honi dagokionez, jabetza intelektual edo industrialeko eskubideak lagatzearen ondoriozko kontraprestazio ekonomikoak, ez eta haien ordezkoak ere. Halaber, dauzkaten baldintza objektiboak direla-eta, integrazio hori behar duten jarduerak egitearen ondorioz lanaren etekinak lortzen badira, paragrafo honetan ezartzen den portzentajea aplikatuko da, ezartzen diren zehaztapen eta baldintzetan. (...)".
Galderan aipatzen diren lan-etekinak (enplegu-modalitateko BGAEetako prestazioak kapital eran kobratzeagatik sortzen direnak) ez dira hartzen modu nabarmen irregularrean lortutako lanaren etekintzat, azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 14. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hori dela eta, pertsona horiek ezin dute PFEZFAren hogeigarren xedapen iragankorrean ezarritako erregimena baliatu. Horren ordez, %60ko portzentajean integratu behar dira, gehienez ere 300.000 euroko zenbateraino, PFEZFAren 19.2 artikuluan eta PFEZAren 16. artikuluan ezarritako baldintzekin bat etorrita. Gehieneko zenbateko horretatik gora lortutakoaren 100eko 100 sartu behar da zergaren zerga-oinarrian.
Arestian argitu den bezala, egindako galderari dagokionez, %60ko integrazio-portzentajea aplikatu ahal zaion gehienezko zenbatekoa 300.000 euro da, eta muga hori PFEZFAren 19. artikuluko 2. zenbakiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinei dagokie. Hau da, zergaduna bazkide, partaide edo onuradun gisa duten gizarte-aurreikuspeneko sistemei eta enplegatzaileen pentsio-konpromisoak gauzatzeko aseguru kolektiboei dagokie, kontsultaren egilea horrelako asegururen baten onuraduna bada.
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 18., 19. artikuluak eta hogeigarren xedapen iragankorra.Azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren 14. artikulua.Bizkaiko Foru Aldundiaren 47/2014 Foru Dekretuak, apirilaren 8koak, ezarrita dituen 15 eta 16. artikuluak.