27.05.2015
Ohiko etxebizitza kontzeptua. Salbuespena berrinbertsioa dela-eta, etxebizitza erosi zuenetik hiru urte pasa barik eta aurretik bertan bizi izan dela aintzat hartuta
1999an, kontsultagileak Bizkaian dagoen higiezin baten jabetza soila eskuratu zuen, bere gurasoen dohaintzaren bidez, eta dioenez, 2011z geroztik haren ohiko etxebizitza da. 2015ean, bere gurasoek aipatu etxebizitzaren usufruktua emango diote dohaintzan, eta hala haren jabetza osoa izango du. Laster aipatu higiezina eskualdatzea pentsatu du.Jakin nahi du etxebizitzaren eskualdaketaren ondorioz eskuratuko duen irabaziaren berrinbertsioagatiko salbuespenari hel diezaiokeen, haren gaineko usufruktua onartu ondoren, bertan, gutxienez hiru urtez bizi ez bada ere, une harrezkeroztik zenbatuta.
Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, lehenengo eta behin, 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko (PFEZFA) 49. artikulua aplikatu behar da. Hauxe dio: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa txikiagoa bada eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino, lortutako ondar- irabazian berrinbertitutako zenbatekoari dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe".
Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiko (PFEZA) 49. artikuluan: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik ondare-irabaziak lortzen badira, irabazi horiek kargatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta eskualdaketan lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitzen bada ohiko beste etxebizitza bat eskuratzeko, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 8. idatz-zatian eta araudi honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi batean edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdaketa-egunetik urte bi pasatu baino lehen. Berrinbertsioa epealdiaren barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, orduan, zergadunak ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko autolikidazioan adierazi beharko du berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa daukala. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, ondare-irabazia kargatuko da. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia: baldintza betetzen ez den egunetik hori gertatzen den zergaldiko autolikidazioa egiteko ezarritako epealdia amaitu arte".
Etxebizitza bat ohikotzat kalifikatzeari dagokionez, PFEZFAko 87. artikuluak, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkariari buruzkoak, hau xedatzen du: "(...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun-gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. (...)".
BEZFAko 67. artikuluak, bestalde, honakoa xedatu du: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 4. Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, ondoko kasuan zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da: artikulu honetan ezarritakoaren arabera eraikina une horretan beraren ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetan ohikoa izateari utzi dionean".
Galdetutako kasuan, kontsultagileak 2015ean 2011z geroztik bizi den etxebizitzaren jabetasun osoa eskuratuko du, gurasoek usufruktuaren dohaintza eginda, 1999az geroztik haren jabetza soila baitauka.
Geroago, dioenez, etxebizitza horren gaineko jabetza osoa eskualdatuko du (non 2011z geroztik bizi izan baita), eta zio horregatik eskuratutako zenbatekoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzen berrinbertituko du.
Hortaz, PFEZFAko 49. artikuluan aurreikusitako berrinbertsioagatiko salbuespenari heldu ahalko dio, zergaren araudian eskatutako baldintzak eta betekizunak betetzen baditu.
Horri dagokionez, berrinbertsiogatiko salbuespenaren onura zuzenean honekin dagoela lotuta adierazi behar da: jabetza osoaren besterentzea, ohiko etxebizitza osoari edo zati bati dagokionez.
Halaber, arestian adierazi denez, etxebizitza bat eremu honetan ohikoa izateko, honakoak bete behar dira: a) denboraldi jarrai batean bertan bizi izana, gutxienez, hiru urte, PFEZFAko 87.8 artikuluak aipatzen duen inguruabarretako bat jazo ez bada; eta b) PFEZAko 67.4 artikuluan xedatutako epearen barruan transmititzea (alegia, zergapekoak han bizitzeari uzten dion unearen ondorengo bi urteko epean gehienez).
Hortaz, aztertzen ari garenari dagokionez, etxebizitza bat ohikoa denetz erabakitzeko gauza bat bakarrik hartzen da kontuan: zergaduna bertan bizi denez jarraian, PFEZFAko 87.8 artikuluan eta PFEZAko 67. artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz. Hizpide duguna egitate-auzia da; beraz, kasuan kasuko inguruabarren arabera ebatzi behar da eta ezin da baloratu kontsulta loteslearen fasean, fase honetan ezin baita baloratu probarik: zergadunaren araubidea eta zerga sailkapena edo kalifikazioa argitu baino ez dira egiten.
Ondorioz, kontsultagileak 2011z geroztik, hots, duela hiru urte baino gehiagoz geroztik, etengabe bizi den etxebizitzaren jabetza osoa eskualdatzen badu, PFEZFAko 87.8 artikuluan eskatutako bizitzeko epearen baldintza betetzat ulertuko da, eta PFEZFAko 49. artikuluan eta PFEZAko 49. artikuluan araututako berrinbertsioagatiko salbuespenari heldu ahalko dio, haren jabetza osoa hura besterendutako data aurretik hiru urte baino gutxiago igarota eskuratu badu ere (alegia, gutxienez hiru urtez higiezinaren jabetza osoa edukitzera iritsi ez arren).
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 49 eta 87.8 artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 49 eta 67. artikuluak.