www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

27.05.2015

Erreferentzia

PFEZa. Ohiko etxebizitza. Obra berriaren aitorpena.

Galdera

Kontsultagilea etxebizitza baten jabea da eta, dioenez, han dago erroldatuta. Obra berriko eskritura, ordea, ez du egin, eta ez du higiezinaren gaineko titulartasuna inskribatu, ez jabetzaren erregistroan ez katastroan, zio ekonomikoak direla-eta, bizigarritasun-zedula eta dioena egia dela frogatzen duten beste agiri batzuk dauzkan arren.Jakin nahi du ohiko inbertsioagatiko kenkaria aplika dezakeen, obra berriko eskritura egin ez arren.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 87. artikulua: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. Zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturagatik urtean, gehienez, 1.530 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuengatik zergaldi jarraituetan zehar egindako kenkarien batura ez da 36.000 euro baino gehiago izango. Zifra horri gutxitu egingo zaio, hala badagokio, foru arau honetako 49. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. zenbakian jasotako portzentajea 100eko 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 1.955 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren erosketarekin parekatuko dira: (...) c) Erregelamendu bidez zehazten diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondoreetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtean jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste inguruabar batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro finka bakarra osatzen dutenean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. 9. Artikulu honetako kenkaria aplikatzeko, aurreko idatz-zaitetan aipatutako kopuruen baturatik zergadunak etxebizitza erosteko edo birgaitzeko jasotako diru-laguntzen zenbatekoa kendu behar da, hain zuzen ere zerga honen arautegiaren arabera salbuetsita dauden diru-laguntzen zenbatekoa".

Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiko (PFEZA) 67. artikuluak honako hau xedatu du: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. Ez dira ohiko etxebizitzaren kontzeptuaren barruan sartuko lorategiak, parkeak, igerilekuak eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak edo beste edozein osagai edo elementu, etxebizitza berez ez dena, salbu eta elementu horiek etxebizitzarekin batera erregistroko finka bakar bat direnean. Familia unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia unitateak bere bizitza interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat. 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko bizilekua izan dadin, benetan eta iraunkortasunez bizi behar du zergadunak berak hartan, hamabi hilabeteko epean zehar, etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera zenbatzen hasita. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitzan bizitzea nahitaez eragozten duten bestelako inguruabarrak gertatzen direnean, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera. b) Zergadunak ohiko etxebizitza duenean kargu edo enpleguaren zioz, eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez duenean; horrelakoetan, hamabi hilabeteko epea, lehen aipatutakoa, kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatuko da. Lokalak etxebizitza gisa gaitzen badira, etxebizitza lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia ematen denetik aurrera hasiko da zenbatzen paragrafo honen lehenengo lerroaldean aipatzen den hamabi hilabeteko epea. 3. Aurreko paragrafoetan ezarritako salbuespenak aplikatzekoak direnean, etxebizitza aldatzea nahitaez dakarten edo etxebizitzan bizitzea eragozten duten inguruabarrak gertatu arte egingo da ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkaria, salbu eta zergadunak kargu edo enpleguaren zioz erabiltzen duenean ohiko etxebizitza; horrelakoetan, kontzeptu honen ziozko kenkariak egin ahal izango ditu, egoera horrek dirauen bitartean, eta etxebizitza erabiltzen ez bada. Ondorio horietarako, aurrekoarekin parekatuko da zergadunak etxebizitzaren beharra konpentsatzeko kopuruak jasotzea eta, gainera, etxebizitza famili unitatetik kanpoko pertsonek ez erabiltzea".

Halaber, arestian kopiatutako PFEZFAko 87. artikulua PFEZAko 68. artikuluan garatu da. Han, ohiko etxebizitzaren eskuratzearekin parekatutako zenbait kasu jaso dira, eta haien artean higiezina eraikitzeari buruzkoa dago. Zehazki, PFEZA horretako 68. artikuluak hau dio: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza erostearen parekoak dira: (...) b) Eraikuntza; zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. (...) 2. Epai bidez adierazitako konkurtsoaren ondorioz sustatzaileak ez baditu amaitzen eraikuntza-obrak lau urteko epean, hau da, artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako epea amaitu aurretik, edo epealdi horretan ezin baditu etxebizitzak eman, epea beste lau urte luzatuko da. Kasu horietan, hamabi hilabeteko epea, aurreko artikuluko 2. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan aipatzen dena, zenbatzen hasiko da, ematea egiten denaz gero. Epea luzatze horrek, artikulu honetan ezarritakoak, ondorea izango du, baldin eta zergadunak zergaldiko autolikidazioari, hau da, hasierako epea bete ez den zergaldikoari, eransten badizkio etxebizitzan egindako inbertsioak egiaztatzen dituzten frogagiriak, edo egoera horietarik bat gertatu dela frogatzen duen agiria. Idatz-zati honetako balizkoetan, zergadunak ez du ezein sarrerarik egin beharko, eraikuntza obrak amaitzeko lau urteko epe orokorra ez betetzearen zioz. 3. Salbuespeneko inguruabarretarik beste baten bat dela-eta, baldin eta inguruabar hori zergadunari ezin bazaio egotzi eta obrak geldiarazten badituzte, eta obra horiek ezin badira amaitu artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) letran aipatutako lau urteko epea igaro baino lehen, orduan zergadunak eskatu ahal izango dio, lau urteko epea betetzen ez den dataren ondorengo hilabetearen barruan, Zerga Administrazioari, epea luzatzeko. Eskabidean agertu beharko dute epealdia ez betetzea sorrarazi duten zioak, bai eta eraikuntza obrak amaitzeko beharrezkotzat hartzen den denboraldia ere, eta denboraldi horrek ezin du lau urtetik gorakoa izan. Aurreko paragrafoan adierazitakoaren ondorioetarako, zergadunak frogagiri egokia ekarri beharko du. Agiriak ekarriko dira eta, horiek ikusita, Zerga Administrazioak erabakiko du eskatu den luzapen hori bidezkoa denentz, bai eta zenbatekoa izango den luzatzen den epealdia ere, eta epealdia ez da nahitaez izango zergadunak eskatutakoa. Epealdiak luzatzeko egindako eskabideei gaitz iritziko zaie, baldin eta eskabideok beren beregi ebazten ez badira hiru hileko epealdian. Luzapena ematen bada, obrak bertan behera geratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. (...)".

Gai horri dagokionez, ondokoa argitu du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 26ko 1/2015 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 15.8.13 idatz-zatian: "Etxebizitzaren eraikuntza eta ohiko etxebizitzaren eskuratzea asimilatu egingo dira, baldin eta zergadunak zuzenean ordaintzen baditu obrak egitearen ondoriozko gastuak, edo obren sustatzaileari konturako kopuruak ematen badizkio, betiere obra horiek, gehienez, lau urteko epean amaitzen direnean, inbertsioa hasten denetik zenbatuta. Horretarako, oro har, eraikuntza-obrak amaitzeko ezarritako lau urteko epea zergadunak, inbertsioak direla eta, ohiko etxebizitzan inbertitu izanagatiko kenkariarekin lotutako onuraren bat lortzen duen lehenengo alditik aurrera konputatzen hasi behar da (kenkariaren aplikazioa, etxebizitza-kontuaren saldoaren helburua)".

Arestikoaren arabera, ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkaria egiteari begira, etxebizitzaren eskuraketaren parekoa da eraikuntza zergadunak zuzenean ordaintzen dituenean obra-burutzapenaren ondoriozko gastuak, edo kopuruak obren sustatzaileari kontura ematen dizkionean, betiere kasu bietan lanak oro har lau urteko epearen barruan amaitzen badira (eta etxebizitzaren jabetza eskuratzen denean arlo juridikoaren arabera) inbertsioa egiten hasten denetik zenbatzen hasita. Horri dagokionez, inbertsioaren hasiera da ohiko etxebizitzan inbertitzearekin lotutako etekinen bat lortzen den lehen ordainketa egiteko unea (adibidez, kenkaria egitea, edo etxebizitza-kontuaren saldoa osorik edo zati batean erabiltzea). Epea luza daiteke gorago transkribatu diren PFEZAko 68. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan ezarritako kasuetan (sustatzailearen konkurtsoaren edo beste arrazoi batzuengatik obrak geldiaraztearen gaineko adierazpena).

Kontsultagileak galdetu du ea obra berriaren aitorpena eman eta erregistroan inskribatzea funtsezko baldintza den PFEZFAko 87. artikuluko ohiko etxebizitzaren eskuratzeagatiko kenkaria egiteko.

Ondorio horietarako, zergadunak etxebizitza eskuratu duela ulertzen da, eraikin osoaren edo zati baten jabetza osoaren titularra bihurtzen denean, tituluaren eta moduaren teoria izenekoaren arabera. Eraikuntza zergadunak zuzenean burutzen duen kasuetan, kontsultatutako kasuan gertatzen omen denez, etxebizitzaren jabetza osoaren eskuraketa, kenkariari begira, obrak amaitzean gertatu dela ulertzen da (eraikuntzan inbertitutako kopuruak, obrak gauzatu ahala, kenkaria egiteko aukeraren kalterik gabe) eta, beraz, une horretan jo behar dira obrak amaitutzat. Kasu horretan, eraikuntza amaitutakoan obra berria aitortzea obrak amaitu izanaren eta ohiko etxebizitza, etxebizitza gisa, zergadunaren ondarea osatzera igaro izanaren beste froga elementu bat da. Horrek ez du galarazten puntu hori frogatzeko beste bide batzuk erabili ahal izatea.

Obra berriaren aitorpenaren bidez, finka baten jabeak eskritura publikoan adierazten du jarduketa, eraikuntza, hobekuntza, edo antzeko beste obra berriak hasi edo amaitu dituela. Jabetzaren erregistroan inskribatzean, erregistroa eta erregistroz kanpoko errealitate juridikoa bat etortzea lortzen da.

Hala ere, obra berriaren aitorpena ez da funtsezko baldintza, eta hura gabe ere ohiko etxebizitzako inbertsioagatiko kenkaria aplikatu edo inbertsioaren errealitatea froga daiteke. Halaber, ez da bide bakarra eraikuntza obrak amaitu direla frogatu ahal izateko. Hortaz, ez da derrigorrez bete beharreko baldintza formala, ez etxebizitzaren jabetza osoa eskuratzeko (etxebizitza gisa), ez hirugarrenen artean eraikuntza obrak amaitu direla frogatzeko.

Hala, honakoa ezarri du Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorreko (ZFAO) 103. artikuluak "1. Zerga-prozeduretan, Kode Zibilean eta Prozedura Zibileko Legean frogabideez eta frogaren balioespenaz ezarritako arauak aplikatuko dira, zerga-arautegian besterik ezarri ezean. Beste estatu batzuek edo nazioarteko zein nazioz gaindiko beste erakunde batzuek elkarren laguntzaren esparruan emandako frogak edo informazioak dagokien prozeduran jaso ahal izango dira, aurreko lerroaldearen arabera dagokien froga-balioarekin. 2. Zergak aplikatzeko prozeduretan, eskubide bat baliarazi nahi duenak hura sortu duten egitateak frogatu behar ditu (froga zama). (...)".

Horregatik guztiagatik, honakoa baino ezin da ondorioztatu: kontsultagileak galdetzen duen etxebizitzaren eskuraketaren errealitatea, zenbatekoa eta data (eraikuntzaren amaierarena) zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bidez frogatu ahalko du, eta zergak aplikatzeko eskumena duten kudeaketa edota ikuskaritza organoei dagokie, kasuan kasu, emandako frogak baloratzea; haien artean, bizigarritasun-zedula eta eduki ditzakeen beste agiri batzuk (Udalaren lizentziak, fakturak, ariktektuen ziurtagiriak, etab.) sartu ahalko ditu, eta ezingo zaio ukatu kenkari hori egiteko eskubidea, besterik gabe, higiezinaren obra berriaren aitorpena formalizatu ez izateagatik.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 87. artikulua.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 67. eta 68. artikuluak.Martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arauaren 103. artikulua

Itzuli