saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa

Data

27.04.2015

Erreferentzia

Enpresak lagatako ibilgailua % 10ean erabiltzea langilearen gauza pribatuetarako.

Galdera

Kontsulta-egilea enpresa bateko zuzendari nagusia da, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari lotutako lan pertsonalaren etekinak jasotzen ditu horregatik. Bere lan jarduerak badakar etengabe eta egunero konpainiak dituen lantokietara eta enpresaren hornitzaileen eta bezeroen egoitzetara joan behar izatea. Horregatik, erakundeak enpresa ibilgailua laga dio. Helburu pribatuetarako erabil dezake, baina bakarrik Bilboko etxetik ohiko lantokira joateko. Kontsulta-egileak beste ibilgailu partikular batzuk ditu. Horrenbestez, uste du enpresa ibilgailua helburu partikularretarako erabiltzen duela % 10ean, asko jota.Jakin nahi du, ibilgailu hori erabiltzetik ondorioztatutako gauzazko ordainsaria baloratzeko ondorioetarako, egiaztatu behar den hori % 90ean helburu profesionaletarako eta % 10ean beharrizan partikularretarako erabiltzen dela.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 17. artikulua: "1. Besteak beste, ondoko hauek dira lanaren gauzazko etekinak: (...) d) Ibilgailuak erabiltzea edo ematea. (...)".

Bestalde, PFEZAko bereko 60. artikuluak hauxe dio: "(...) 2. Gauzazko lan-etekinak erregela berezi hauen arabera baloratuko dira: (...) b) Ordaintzailearen jabetzako automobilak eta haien erremolkeak, motorrak, motozikletak, laketontziak edo itsas kiroletako ontziak zein aireontziak erabili edo ematen diren kasuetan: - Ibilgailua eman egiten bada, ibilgailu horren eskuratze-kostua hartuko da, eragiketa kargatzen duten tributuak barne. - Ibilgailua erabili egiten bada, aurreko lerroaldean aipatzen den kostuaren % 20 hartuko da urteko. - Ibilgailua erabili eta, horren ondoren, eman egiten bada, azken horren balorazioa aurreko erabileraren ondorioz ateratzen den balorazioa kontuan hartuz egingo da. Ordaintzailearena ez den garraiogailu bat erabiliz gero, hark jasaten duen kostua, zergak eta gastuak barne. Goian aipaturiko kasu guztietan, ordaintzaileak ordaintzen dituenean ibilgailua erabiltzeari berez dagozkion gastuak (hala nola konponketak, erregaia, aparkalekua eta ordainpeko autobideak), horrek guztiak ordaintzaileari dakarkion kostua. Ibilgailua lanerako zein helburu partikularretarako erabiltzen denean, gauzazko ordainketaren balorazioa izango da letra honetan jasotako erregelak dena delako kasuari aplikatu ondoren ateratzen den emaitzaren % 50. (...)".

Gai horri dagokionez, manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko (PFEZA) 13.B 4 artikuluan garatu da; artikulu hori enplegatzaileak ibilgailuaren erabilerari atxikitako gastuei (adibidez, erregaiak, konponketak, aparkalekuak, ordainsariak eta abar) aurre egiteko ordaintzen dituen diru-kopuruak gauzazko ordainsaritzat jotzeari buruzkoa da. Honako hau dio: "Joan-etorri gastuetarako eta mantenu eta egonaldiko gastu arruntetarako sariak eta kopuruak. (...) B. Erregela bereziak. (...) 4. Zergari buruzko Foru Arauko 60. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran xedatutakoari dagokionez, zergadunak hautatu ahal izango du enplegatuei gauzatan ordaindutako zenbatekoa kalkulatzean kontuan ez edukitzea haiek lanerako eta euren helburu partikularretarako erabiltzen dituzten garraio-elementuen berezko gastuak, hain zuzen ere modu sinesgarrian frogatu ahal badu gastuok lan-denboran egin direla. Aurreko paragrafoan ezarritakoa hautatuz gero, garraio-elementuen erabilerak eragiten dituen berezko gastuetatik ordaintzaileak ordaintzen dituenak osorik egotziko dira lanaren gauzazko etekin gisa, garraio-elementuak nork bere beharrizanetarako erabilita egin dira eta. Hala ere, garraio-elementu baten erabileraren berezko gastuak ezin badira banakatu xedearen arabera (beharrizan pribatuak eta lana), Zergari buruzko Foru Arauko 60. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letrako erregelen arabera egotzi behar dira. (...)".

Ondorio horietarako, ondokoa argitu du Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 26ko 1/2015 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 13/2013 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 3.3.3 idatz-zatian: "1) Ibilgailua erabili eta ondoren emanez gero, ematea aurreko erabileraren emaitzako balorazioa kontuan hartuz baloratuko da, hau da, ondasunaren erabilera-aldian zehar sortutako gauzazko etekina kenduz. Horregatik, ibilgailua langileak 5 urtean erabili ondoren ematen bada, horren zioz ez da konputatu beharko lanaren etekinik. 2) Enpresak langile bati enpresak edo hirugarren batek (langileak ez) erabilitako ibilgailu bat ematen badio, langilearentzako gauzazko ordainsariaren balorazioa ibilgailuak ematean duen merkatu-balioa izango da. 3) Ordaintzailearena ez den ibilgailua erabiliz gero, gauzazko ordainsariaren zenbatekoa hark jasaten duen kostua izango da, zergak eta gastuak barne. 4) Ordaintzaileak ibilgailuaren erabilerak eragiten dituen berezko gastuak ordaintzen baditu (konponketak, erregaia, aparkatzeko zerbitzua, bidesariak...), gauzazko ordainsaria enplegatzaileak jasandako kostua da. 5) Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 60.2.b) artikuluko azken paragrafoan ibilgailua lanerako eta helburu partikularretarako erabiltzen den kasuak araupetu dira. Bada, bertan adierazitako ibilgailuaren erabilerari soilik dagokio. Horrenbestez, ibilgailua ematen denean, gauzazko ordainsariaren balorazioa inolaz ere ez da izango ordaindutako eskuraketa-balioaren %50. 6) Honen guztiaren ondoreetarako, Zergaren Araudiko 13.B.4 artikuluaren arabera langilearen gauzazko ordainsarien zenbatekoa zehazteko enplegatzaileak hautatu ahal izango du kontuan ez edukitzea lanerako eta helburu partikularretarako erabilitako ibilgailuen berezko gastuak, hain zuzen ere modu sinesgarrian frogatu ahal badu gastuok lan-denboran egin direla. Aurreko paragrafoan ezarritakoa hautatuz gero, ibilgailuaren erabilerak eragiten dituen berezko gastuetatik ordaintzaileak ordaintzen dituenak osorik egotziko dira lanaren gauzazko etekin gisa, ibilgailua nork bere beharrizanetarako erabilita egin dira eta. Hala ere, ibilgailu baten erabileraren berezko gastuak ezin badira banakatu xedearen arabera (beharrizan pribatuak eta lana), Zergari buruzko Foru Arauko 60. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letrako erregelen arabera egotzi behar dira (hau da, erdi bana, ibilgailua beharrizan partikularretarako eta lanerako erabiliz gero). Erregela honen bidez ibilgailuari egozten zaizkion gastuak banakatu daitezke, baina erabilerak eragiten dituenei soilik aplikatu ahal zaie. Beraz, banakatu ezin diren gastuetan sartzen da eskuraketa-kostua edo enplegatzaileak ibilgailuaren lagapena lortzeko ordaindutako kopurua".

Aurreko guztiaren arabera, langileei ibilgailuak helburu partikularretarako lagatzea lanaren gauzazko etekina da, baina haren balorazioa ezberdina da, enplegatzailea ibilgailuen jabea den ala ez kontuan hartuta. Horrela, enpresaren ibilgailuak badira, urteko ordainsaria da ordaintzailearentzako eskuraketa-kostuaren % 20 (erostetik ondorioztatutako tributuak eta bestelako gastuak barne). Baina, ibilgailu horiek ez badira enpresarenak, gauzazko ordainsaria da enpresarako dakarren kostua, arrazoi horrengatik ordaindu behar dituen tributuak eta gainerako gastuak barne.

Nolanahi ere, kontuan hartu behar da, gauzazko ordainsaria egoteko, ondasunak, eskubideak edo zerbitzuak helburu partikularretarako doan edo merkatuko ohiko prezioaren azpitik erabili, kontsumitu edo eskuratu behar direla. Horrenbestez, bakarrik egotzi ahal zaio langileari mota horretako errenta bat, dena delako ibilgailua bere beharrizan partikularretarako erabiltzeko gaitasuna ematen zaionean, gaitasun hori erabiltzen duen ala ez alde batera utzita (izan ere, ordainsaria eman den ondasuna erabiltzeko gaitasunak zehazten du, bere intereserako hori benetan erabiltzeak baino neurri handiagoan).

Zehatz-mehatz, erabiltzeko lagatako ibilgailua bai helburu partikularretarako bai lan helburuetarako erabiltzen denean (kasu honetan bezala, antza), helburu pertsonaletarako erabiltzetik ondorioztatutako gauzazko ordainsaria goian azaldutako arauak aplikatzearen emaitzaren % 50 omen da (enpresaren ibilgailua den ala ez kontuan hartuta).

Kuantifikazio horrek ez du onartzen bestelako frogabiderik. Hori dela eta, zergadunak ez dauka modurik, ibilgailua helburu profesionaletarako ehuneko horretan baino handiagoan erabiltzen duela egiaztatzeko. Beraz, ezin da errenta kuantifikatzeko irizpiderik onartu, ibilgailua helburu partikularretarako eta profesionaletarako benetan erabiltzen diren orduetan, egindako kilometroetan edo antzeko elementuetan oinarritzen denik, ondorio horretarako parametro erabakigarria ibilgailua helburu partikularretarako erabiltzeko gaitasuna izatea baita (eta hori % 50ekoa da). Bereziki, Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 1eko 1/2015 Jarraibideko 3.3.3 idatz-zatian beren-beregi adierazten den bezala, PFEZAko 13.B.4 artikuluko erregelak, garraio-elementuei egotzi beharreko gastuak indibidualizatzeko aukera onartzen duenak, benetako erabileraren ondoriozko zenbatekoak bakarrik ukitzen ditu, eta ez ibilgailua erabiltzeko lagatzetik ondorioztatutako gauzazko ordainsaria.

Ondorio horietarako, enplegatzaileak ibilgailua beharrizan pribatuetarako erabiltzeari atxikitako gastuak (adibidez, konponketak, erregaia, aparkalekua, ordainbideen erabilera eta abar) ordaintzen dituenean, aurreko guztiaz (ibilgailua erabiltzeko lagatzetik ondorioztatutako gauzazko ordainsaria) gain, gauzazko ordainsari osagarria jasotzen da, ordaintzaileak bere gain hartzen dituen gastuen kostuak haren zenbatekoa zehazten duela.

Helburu pertsonaletarako eta profesionaletarako erabiltzen diren ibilgailuei dagokienez, gauzazko ordainsari hori zenbatekoaren % 50 da. Hala eta guztiz ere, horri dagokionez, PFEZAko 13.B 4 artikuluak onartzen du berez indibidualiza daitezkeen eta ibilgailua erabiltzeari egotzi behar zaizkion gastuen zenbatekoa langileari ez egoztea, ordaintzaileak modu fede-emailean frogatu baditzake lan helburuetarako erabilerari bakarrik dagozkiola. Aukera hori hautatuz gero, ibilgailuaren erabilerak eragiten dituen berezko gastuetatik ordaintzaileak ordaintzen dituenak osorik egotziko dira lanaren gauzazko etekin gisa, ibilgailua nork bere beharrizanetarako erabiltzean egin dira eta.

Hala ere, garraio-elementu baten erabileraren berezko gastuak ezin badira banakatu ibilgailuaren xedearen arabera (beharrizan pribatuak eta lana), zergadunari egotziko zaizkio, PFEZFAko 60. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letran ondorio horretarako ezarritako erregelaren arabera, hau da, zenbatekoaren % 50ean.

PFEZAko 13.B 4 artikuluan ezarritako aukera aplikatzea hautatzen ez bada, zergadunari ordaintzaileak ibilgailuaren erabileraren ondorioz bere gain hartzen dituen gastu guztien % 50 egotzi behar zaio.

Goian adierazi bezala, PFEZAko 13.B 4 artikuluko gastuak indibidualizatzeko erregelak dena delako garraio-elementua benetan erabiltzearen ondoriozko zenbatekoak bakarrik ukitzen ditu, eta ez ibilgailua erabiltzeko lagatzetik ondorioztatutako gauzazko ordainsaria.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 17. eta 60. artikuluak.47/2014 Foru Dekretuko 13. artikulua.

Itzuli