saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa.


  
Data

27.03.2015

Erreferentzia

Ohiko etxebizitza hiru urte igaro baino lehen aldatzea, semea jaiotzearen ondorioz. Ohiko etxebizitza zer den

Galdera

2012ko uztailean kontsultagileak babes ofizialeko etxebizitza bat erosi zuen, 44,10 metro karratukoa. Etxebizitza hori haren ohiko etxebizitza izan da orain arte. Laster haren lehen semea jaioko dela-eta, higiezina eskualdatu eta hala eskuratutako kopurua etxebizitza handiagoa erosten berrinbertitu nahi du.Jakin nahi du aipatu etxebizitzak ohiko etxebizitza izaten jarraituko duen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian exijituriko hiru urteko epealdian etxebizitzan bizi izatera iristen ez bada ere, adierazitako arrazoiagatik, egindako kenkarirako eskubidea galdu gabe, baita eskualdaketaren ondorioz lor lezakeen irabaziaren berrinbertsioaren salbuespena balia dezakeen ere.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5ko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena, hain zuzen ere 87. artikulua, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkariak araupetzen dituena: "(...) 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtez jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohiko etxebizitzatzat hartuko da, epe hori igaro ez arren, baldin eta zergaduna hil bada, edo ezinbestez etxebizitza aldatzera behartzen duten inguruabarrak gertatu badira. Inguruabar horiek honako hauek dira: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren desgaitasun-gradura edo harekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaide baten, ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen desgaitasun-gradura edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsona baten desgaitasun-gradura; ezkontideak banantzea; izatezko bikotea desegitea; lantokia aldatzea; lehen enplegua lortzea edo enplegua aldatzea; epe horretan etxebizitza ordaindu ezin izatea dakarten inguruabar ekonomikoak, edo antzeko beste zirkunstantziak gertatzea. (...)".

Manu hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiko (PFEZA) 67. artikuluan garatu da. Hauxe ezarri da bertan: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna gutxienez hiru urte jarraian bizi den eraikina. Hala ere, etxebizitza ohikotzat hartuko da, nahiz eta bertan hiru urte jarraian bizi ez, zergaduna hiltzen denean edo ezinbestean etxebizitza aldatzera behartzen duen zerbait gertatzen denean, esaterako: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo harekin bizi den ondorengoaren edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikoteko kidearen desgaitasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emaztegaiak ezkontzea; senar-emazteak banantzea; izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea; lehen enplegua lortu edo enplegua aldatzea; inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea; edo arrazoitutako antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 4. Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluko b) eta c) letretan eta 49. artikuluan ezarritako salbuespenak aplikatzeko, ez beste ezertarako, ondoko kasuan zergadunak ohiko etxebizitza eskualdatu duela pentsatuko da: artikulu honetan ezarritakoaren arabera eraikina une horretan beraren ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetan ohikoa izateari utzi dionean".

Gauza bera diote Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 21eko 6/2006 Foru Arauko 89.8 artikuluak eta 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenago indarrean zegoen azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Arautegiko 68. artikuluak ere.

Bestalde, hauxe ezarri du PFEZFAko 49. artikuluak, berrinbertsioaren salbuespena dela-eta: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare-irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa txikiagoa bada eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino, lortutako ondar- irabazian berrinbertitutako zenbatekoari dagokion zati proportzionala baino ez da utziko zergapetu gabe".

Honako hau gehitzen du PFEZAren 49. artikuluak: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik ondare-irabaziak lortzen badira, irabazi horiek kargatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta eskualdaketan lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitzen bada ohiko beste etxebizitza bat eskuratzeko, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 6. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko Zergari buruzko Foru Arauko 87. artikuluko 8. idatz-zatian eta araudi honetako 67. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi batean edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdaketa-egunetik urte bi pasatu baino lehen. Berrinbertsioa epealdiaren barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, orduan, zergadunak ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko autolikidazioan adierazi beharko du berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa daukala. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, ondare-irabazia kargatuko da. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia: baldintza betetzen ez den egunetik hori gertatzen den zergaldiko autolikidazioa egiteko ezarritako epealdia amaitu arte".

Etxebizitzak ohiko izaera izan dezan inbertsioaren ziozko kenkariaren berrinbertsioaren ziozko salbuespenaren ondoreetarako, beharrezkoa da hiru urtez jarraian bertan bizitzea. Baldintza horren salbuespena egin daiteke soilik, interesdunak zer nahi duen edo zer komeni zaion aparte utzita, nahitaez bizilekuz aldatzera behartzen duen inguruabarren bat gertatzen denean. Beharrezkotasun horrek esan nahi du saihestu edo gainditu ezinezko kausaren bat dagoela.

Beraz, gutxienez hiru urtez etengabeko egoitza izatearen baldintzan salbuespena aplikatzeko, honako hau jakin behar da: higiezina erositakoan sortutako egoera batean bizilekuz aldatzea zergadunaren aukera den edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen ondorioa den. Zergadunak hautatzeko aukera mantentzen badu eta bizilekuz aldatzea erabakitzen badu, etxebizitza ezingo da ohikotzat jo Zergari dagokionez. Erabakitzeko aukerarik ez badu, berriz, etxebizitza ohikoa izango da, nahiz eta bertan ez bizi legez eskatzen den gutxieneko denboraldian.

Kontsultatutako kasuan, etxebizitzaren aldaketa justifikatuta dago kontsultagilearen familia baldintzak aldatzeagatik, haren lehen semea laster jaioko da-eta. Zehazki, jaiotza horrek eragingo du egun bizi den higiezinetik handiago batera aldatzea.

Horri dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudiak ez du zehazki jaso, etxebizitza aldaketa derrigorrez eskatzen duten kausen artean, semea edukitzea, ezta arrazoi horregatik toki nahikorik ez izatea. Bestalde, Zuzendaritza Nagusi honek ezin ditu baloratu, kontsulta loteslearen bidez, aipatu inguruabarrek eragindako ondorioak. Hala ere, esan behar da, inguruabar horiek, bakarka edo batera, eta kasu guztietan, ez dakartela bizilekua aldatu eta etxebizitza saldu beharra. Hortaz, printzipioz, ulertu behar da galdetutako aldaketa kontsultagileak askatasunez hartutako erabakiaren ondorio dela (gehien komeni zaionaren arabera). Kasu horretan, gauzak horrela, etxebizitza ohikoa izatera iristeko jarraian gutxienez hiru urtez geratu beharraren salbuespenak ez du baliorik izango.

Hala ere, izatezko kontu horiek guztiak ezin dira kontsulta fasean baloratu; aitzitik, zergak aplikatzeko eskumena duten kudeaketa eta ikuskaritza organoek baloratu behar dituzte, kasuan kasu dauden izatezko elementuen arabera.

Horregatik, kontsultagileak uste badu bere egoeraren inguruabarrak etxebizitzaz aldatu behar izateko bezain larriak direla, nahikoa frogatu beharko du premia hori, zuzenbidean onartzen diren frogabideetariko edozein erabiliz, Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005 Foru Arau Orokorreko 103. artikuluak xedatu duenez, Zerga Administrazioko kudeaketa edo ikuskapen organoek hala eskatzen badiote eta haien aurrean, eta organo horiei dagokie aurkezten diren frogak baloratzea. Orduantxe, eta ez lehenago, aurkeztu behar dira bidezkotzat jotzen diren frogak.

Galdetutako higiezinean geratzeko ezintasuna nahiko frogatuta geratuz gero, hark ohiko etxebizitza izaten jarraituko du aldaketa derrigorrez eskatzen duten inguruabarrak gertatu arte. Kasu horretan, ez da galduko ordura arte egindako kenkarietarako eskubidea, eta kontsultagileak berrinbertsioagatiko salbuespenari heldu ahalko dio.

Bestela, kontsultaren xede den higiezinak ohiko etxebizitza izateari utziko dio, bertan irautearen baldintza ez betetzeagatik, eta itzuli egin beharko dira inbertsioen ziozko kenkariak euren berandutza-korrituekin batera. Horrez gain, eskualdaketaren bidez lor lezakeen ondare irabazia ez da gorago azalduriko berrinbertsioaren ziozko salbuespentzat hartuko.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 49 eta 87.8 artikuluak eta lehenengo xedapen gehigarria.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 49 eta 67. artikuluak.

Itzuli