www.bizkaia.eus/guregida


Pentsio Planerako ekarpenak desgaitasuna duen pertsona bakoitzeko. Erreskatea kapital eta errenta moduan. Zerga-ordainketa


  
Data

18.12.2014

Erreferentzia

Desgaitasuna duen pertsona batek pentsio-plan batean egindako ekarpenak. Erreskatea, kapital gisa eta errenta gisa. Tributazioa

Galdera

Kontsultagilea erretiratuta dago eta menpekotasun moderatua du aintzatetsia (I. graduko 2. maila). Hori, % 65eko edo gehiagoko desgaitasunaren baliokidea da. Ezintasun hori aintzatetsi aurretik, pentsio-plan batean ekarpenak egin zituen. Menpekotasun hori aintzatetsi ondoren, pentsio-plan horretan ekarpenak egiten jarraitzeko asmoa du.Hau jakin nahi du:1) Berak partaidetutako pentsio-planetik eratortzen diren erretiroagatiko prestazioa kapital gisa kobratzeari aplikatu ahal zaion zerga-tratamendua.2) Ea berak nahiz bere senideek pentsio-plan horretan egiten dituzten ekarpenek eskubidea ematen duten Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga oinarria murrizteko, kontuan hartuta menpekotasun moderatua duela.3) Pentsio-plan horretan menpekotasunaren kontingentziatik dagokion prestazioa (menpekotasun hori onartu zitzaionetik egindako ekarpenetatik sortua) errenta gisa kobratzeari dagokion zerga-tratamendua.

Ebazpena

1) Kontsulta-idazkian eginiko lehenengo galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 18. artikulua aplikatu behar da (PFEZFA). Hau ezarri da artikulu horretan: "Ondokoak ere lanaren etekintzat jo behar dira: a) Honako prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazioak: (...) b) Pentsio planen onuradunek jasotako prestazioak, barruan sartuta, baita ere, gaixotasun larrien kasuan edo iraupen luzeko langabezia egoeretan modu aurreratuan erabiltzen diren kopuruak, eta Europako Parlamentuak eta bertako Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an enpleguko pentsio fondoen jarduerei eta ikuskapenari buruz emandako 2003/41/EB Arteztarauan araututako pentsio planetatik jasotakoak. (...)".

Bestalde, PFEZFAren beraren 19. artikuluak hauxe dio: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute oro har. 2. Hala ere, idatz zati honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari ondoko ehunekoak aplikatuz kalkulatuko da: (...) b) Foru arau honetako 18.a) artikuluan aurreikusitako prestazioak -6. zenbakikoak kanpoan utzita- kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da. Aurreko paragrafoan ezartzen dena gorabehera, kapital gisa jasotako zenbatekoa 100eko 60an integratuko da, kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere bi urte baino gehiago igaro badira lehenengo ekarpena egin zenetik. Prestazioak elbarritasun edo ezintasunagatik jasotzen badira, ez da exijituko bi urteko epea. Paragrafo honetan ezarritako tratamendua gaixotasun larrien kasuan eta iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotzen diren kopuruei ere aplikatuko zaie. Letra honetan jasotzen den % 60ko integrazio-ehunekoa berdin aplikatuko zaie estalitako kontingentziak baino beste arrazoi batzuengatik eta 1/2002 Legegintzako Errege-dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik jasotako lehenengo zenbatekoa. Letra honetan ezarritako ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehenengo zenbatekotzat. Letra honetan aipatzen diren etekinei % 100tik beherako integrazio-ehunekoa aplikatuko bazaie ere, etekinon zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Hortik gorako zenbatekoa osorik integratuko da (100eko 100)".

Manu hori garatu egin da Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan: "1. Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran ezarritako integrazio-ehunekoa (100eko 60) kontingentzia bakoitzagatik kapital modura jasotzen den lehenengo prestazioari (18. artikuluko a letrakoak; 6. zenbakikoei ez) bakarrik aplikatu ahal zaio, lehenengo ekarpenetik urte bi baino gehiago pasatu badira. Prestazioak elbarritasun edo ezintasunagatik jasotzen badira, ez da exijituko bi urteko epea. Urte bakar batean jaso ez bada, kontzeptu bakoitzagatik jasotako lehenengo prestazioari aplikatuko zaio 100eko 60ko integrazioa, horretarako ezarritako betekizunak betez gero. Ondorio horietarako, lehendabiziko prestaziotzat hartuko da kontingentzia bakoitzagatik ekitaldi bakarrean kapital moduan jasotako kopuruen batura. Aurreko guztia gorabehera, zergadunak prestazioa kobratzen duen lehenengo urtean ez dauka nahitaez kapital gisa jasotzen duen kopuruaren 100eko 60 integratu beharrik. Aitzitik, integrazio-ehuneko hori bigarren ekitaldian eta hurrengoetan modu berean lortzen dituen kapital zenbatekoei aplikatzea hautatu dezake, baldin eta lehendik aplikatu ez badie. Kontingentzia bategatik lehenbizikoz prestazioa jasotzen denean batera jasotzen badira alde batetik kapital bakarra eta gainera aldizkako errenta bat, lortutako kopuruak honela integratu behar dira: a) Errenta gisa jasotako prestazioari dagokionez, ekitaldian jasotako kopuruaren 100eko 100. Horretarako, errenta-prestazioa da aldizka bi ordainketa edo gehiago jasotzea (gutxienez ordainketa bat urtean). b) Kapital gisa jasotakoaren 100eko 60, lehenengo ekarpena egin denetik bi urte baino gehiago pasatu badira. Prestazioak elbarritasun edo ezintasunagatik jasotzen badira, ez da exijituko bi urteko epea. 2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatzeko, ondoko hauetako bakoitza kontingentzia bat izango da: Erretiroa hartzea, laneko arautegia ezarritako kasu guztietan. b) Baliaezintasuna. c) Kausatzaile bakoitzaren heriotza. d) Iraupen luzeko langabezia. e) Gaixotasun larria. f) Azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege-Dekretuak onetsitako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8. artikuluko 8. idatz-zatian ezarritako kontingentziak edo egoerak gertatzeagatik ez beste arrazoi batzuengatik jasotzen diren kopuruak. 3. Zergari buruzko Foru Arauko 18. artikuluko a) letran ezarritako prestazio mistoa jasoz gero, hau da, mota guztietako errentak eta kapital kobrantzak bateratzen dituen prestazioa, 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako ehunekoak kapital modura kobratutako kopuruei bakarrik aplikatu ahal zaizkie. Bereziki, errenta itxurako prestazioak kobratzen hasita, errenta aurreraturik berreskuratzen bada, orduan lortzen den etekina integrazio-ehunekoari ezarriko zaio, alegia, prima edo ekarpen bakoitzak errenta eratueran duen antzinatasunaren araberakoari ezarriko zaio. (...)".

Horrez gain, PFEZAren 16. artikuluan hauxe ezarri da: "Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluaren arabera 100eko 100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa)".

PFEZFAren 19.2 b) artikuluan ezarritako % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzeko ondorioetarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiak PFEZFAren 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. zenbakietan aipatutako gizarte aurreikuspeneko sistemetatik jasotzen diren zenbatekoei tratamendu bateratua ematen die, zenbateko horiek ordaintzaile bakarrak eman zein ordaintzaile gehiagok eman. Hau da, tratamendu bateratua ematen die PFEZFAren 18. artikuluko a) letran aipatzen diren BGAE-etatik, pentsio planetatik, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetatik, enpresen gizarte aurreikuspeneko planetatik, bermatutako aurreikuspen-planetatik eta mendekotasun-aseguruetatik jasotzen diren kopuruei.

Bereziki, pentsio planak direla-eta, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuaren bitartez onetsitakoak, hau xedatzen du 8.6 artikuluan: " 6. Aurreko prestazioak kontingentzia hauengatik ordaindu ahal izango dira: a) Erretiroa: Kontingentzia hori zehazteko, kasuan kasuko Gizarte Segurantzaren Erregimenean aurreikusitakoari helduko zaio. Kide bat erretirora iristea posible ez bada, kontingentzia 65 urte betetzen direnetik aurrera gertatu dela ulertuko da, kidea ez denean gehiago jarduten edo lan jarduera edo jarduera profesionala eten duenean eta Gizarte Segurantzaren Erregimenetan ez duenean erretiroaren kontingentziarako kotizatzen. Hala ere, dagokion prestazioa hartzeari aurrea hartu ahal izango zaio hirurogei urtetik aurrera, arauz horretarako finkatzen diren baldintzetan. Pentsio planek erretiroari dagokion prestazioa ordaintzea aurreikusi ahal izango dute partaideak, duen adina izan da ere, lan-harremana azkendu eta legezko langabezia egoera igarotzen denean, Langilee Estatutuari buruzko Legearen Testu Bateginaren 49.1.g), 51, 52 eta 57.bis artikuluetan. Kasu horretan pentsio planei egindako ekarpenei eusteko edo berriz ekiteko baldintzak legez finkatu ahal izango dira. Erretiroa hartzen denetik, partaideak pentsio planari ekarpenak egiten jarraitu ahal izango du. Hala ere, erretiroaren prestazioa kobratzen hasi ondoren, edo erretiroari dagokion prestazioaren aurretiazko kobrantza hasi ondoren, ekarpenak soilik heriotza eta mendekotasun kontingentziari egin ahal izango zaizkie. Erregimen bera aplikatuko zaie 65 urte betetzen direnetik aurrera egindako ekarpenei, erretirora iristea posible ez denean. Jarduna edo jardueran berriz hasteagatik ondoren Gizarte Segurantzako Erregimen batean alta ematearen ondorioz erretirorako ekarpenei berriz ekiteko baldintzak legez finkatu ahal izango dira. a) letran finkatutakoa ulertuko da enplegu sistemako pentsio planen sustatzaileek egingo dituzten onuradunen aldeko ekarpenetan eraginik izan gabe, Lege honetako 5. artikuluaren 3. atalean aurreikusitakoaren babesean. b) Lan ezintasun osoa eta iraunkorra ohiko lanbidean edo erabatekoa eta iraunkorra edozein lanetarako, eta ezintasun osoa, Gizarte Segurantzako dagokion Erregimenean zehaztutakoaren arabera. Egoera horietan eroritako pertsonek bizi ditzaketen kontingentzietarako ekarpenen helburua erregelamendu bidez arautu ahal izango da. (...) d) Partaidearen menpekotasun larria edo handia, Besteren menpean bizi diren pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatzeko legean araututa dagoena. (...)".

Bestalde, otsailaren 20ko 304/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Araudiaren 10. artikuluak honako hau dio: "1. Prestazioak pentsio planen onuradunen eskubide ekonomikoak dira, planek estaltzen duten gertakizunen bat gertatzen denean sortzen direnak. Planeko prestazioek aurkakoa esaten badute izan ezik, oro har prestazioen hartukizunen datak eta modalitateak parte-hartzaileak edo onuradunak modu librean finkatu eta aldatuko ditu, zehaztasunetan edo prestazioen bermeen baldintzetan ezarritako eskakizunekin eta mugekin. Pentsio planetako prestazioak diruzkoak izango dira, mota hauetakoak: a) Kapital gisako prestazioa, ordainketa bakarra jasotzean datza. Prestazio hori kontingentziaren une berean edo ondorengo beste une batean ordaindu ahalko da. b) Errenta gisako prestazioa, aldizkakotasun erregularrarekin ordainketa bi edo gehiago jasotzean datza, gutxienez bat urteroko bakoitzekoa izanik. Errenta aktuariala edo finantzarioa izan daiteke, eta zenbateko finkoa edo aldakorra izan dezake (aurrez ezarritako indize edo erreferentziako parametroren baten arabera aldatzen den zenbatekoa). Errentak biziartekoak edo aldi baterakoak izan daitezke; gertakizuna gertatu eta berehala jasotzen direnak edo geroago jasotzen direnak. Zehaztapenetan ezarri ahalko da onuraduna hiltzen bada aurrez ikusi edo izendatu den beste onuradun batzuei itzuliko zaiela errenta. c) Prestazio mistoak, era bateko zein besteko errentak eta kapital gisako ordainketa konbinatuko dituztenak, betiere aurreko letretan ezarritakoari lotuta. d) Aurrekoak ez bezalako ordainketak aldizkakotasun erregularrik gabeko ordainketen eran. 2. Zehaztapenetan alderdi hauek zehaztu beharko dira: prestazioen era, haien modalitateak, eta haien zenbatekoa eta mugaegunak zehazteko arauak, orokorrak nahiz onuradunak aukeratu beharrekoak; haien balioa handitu daitekeen ala ez eta, baiezkoan, nola handitu daitekeen adierazi behar da, baita balizko itzulketak eta aseguru edo bermearen gradua ere. (...)".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, pentsio planen bidez lortutako zenbatekoek lanaren etekinak sortzen dizkiete hartzaileei, eta hartzaileek % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahal diete, goian transkribatu dugun PFEZFAren 19.2 artikuluan aipatutakoa, baldin eta: a) kapital gisa kobratzen badira; b) lehenengo ekarpena egin zenetik bi urtetik gorako epea igaro bada, baliaezintasun edo menpekotasunaren ziozko prestazioetan izan ezik; eta c) aipatutako manuan azaltzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bidea ematen duten kontzeptuetariko bakoitzagatik (kontsulta honetako kasuan, erretiroagatik) jasotako lehenengo diru kopurua bada. Aipatutako kontzeptu bakoitzagatik jaso den lehenengo diru kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen den kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da PFEZari buruzko araudiak tratamendu bateratua ematen diela, besteak beste, zergadun bera partaide duten pentsio planetatik (edo BGAE-etatik) lor daitezkeen zenbateko guztiei.

2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egondako araudian (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua) ezarrita dagoenez, aipatutako % 60ko integrazio-ehunekoa berriro aplikatu ahal izateko beste ekitaldi batean kontingentzia beragatik edo arrazoi beragatik, gutxienez 5 urte igaro behar ziren arrazoi beragatik azken hartukizuna jaso zenetik (eta zerga-oinarrian % 60 sartu zenetik), eta, horretaz gainera, egindako ekarpenen maiztasuna eta erregulartasuna egun horretara arte indarrean egon zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren 15. artikuluan eskatutakoak izan behar ziren.

Hala ere, 2014ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen gorago aipatutako PFEZFA, gaur egun aplikatu behar dena, eta, bertan adierazten denez, galderan aipatutako % 60ko integrazio-ehunekoa soilik ezarri ahal izango zaie kontsulta honetan aipatu ditugun gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitezkeen zioengatik jaso diren lehenengo prestazioei, eta gehienez ere urtean 300.000 eurokoak izango dira. Ondorio horietarako, zio horietako bakoitzarengatik jaso den lehenengo prestazioa 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako lehenengoa dela joko da (aurreko ekitaldietan kobratu diren zenbatekoak alde batera utzita).

Horrela, bada, Lanaren etekinei aplikatu beharreko atxikipen ehunekoak aldatzen dituen abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak hau dio: "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2013ko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikuluko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jaso dena joko da lehenengo prestaziotzat, eta ez da kontuan hartuko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren babesean, data hori baino lehen prestaziorik jaso den eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien".

Horrenbestez, PFEZFAren 19.2.b) artikuluan araututako % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzeari begira, manu horretan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobratzeko bide ematen duten kontzeptuetariko bakoitzarengatik jasotako lehenengo diru kopurua hauxe da: 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera lehenengo aldiz ekitaldi bakar batean kapital eran lortzen diren diru kopuruen multzoa. Ez da kontuan hartzen egun hori baino lehen prestazio edo hartukizunik jaso den, ezta zein zerga tratamendu aplikatu zaien 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoaren babesean.

Kontsultaren egileak, beraz, % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahal izango die partaide den pentsio-planetik 2014an erretiroagatik kapital eran jasotzen dituen diru kopuruei, goian transkribatutako Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Araudiaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtean 300.000 euroko gehieneko zenbatekoraino, diru kopuru horiek erretiroagatik jasotako lehenengoak direlako (2013an edo lehenago jaso dituen diru kopuruen arrazoia eta eman zaien tratamendua edozein izanda ere), eta ezingo die integrazio-ehuneko hori berriro aplikatu geroko ekitaldietan erretiroagatik jasotzen dituen diru kopuruei. Ehuneko hori berriro aplikatu ahal izango da etorkizunean erretiroa ez den beste kontingentzia batengatik, adibidez menpekotasun larriarengatik edo menpekotasun handiarengatik.

Emandako datuei erreparatuta, kontsultagilea erretiro egoeran dago, baina menpekotasunaren kontingentzia gertatu dela ulertzeko eskatzen diren baldintzak ez ditu betetzen, menpekotasun moderatua duelako (I. gradua, 2. maila), eta pentsio-planetan kontingentzia gertatzeko nahikoa delako menpekotasun larria edo handia jasatea. Horrenbestez, baldintza horiekin, ulertu beharko da galderaren xede den prestazioa erretiroagatiko kontingentzia gertatu izanaren ondorioa dela.

Egindako galderari dagokionez, % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahal zaion gehieneko zenbatekoa 300.000 euro da, eta muga hori PFEZFAren 19. artikuluko 2. zenbakiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinei dagokie. Hau da, zergaduna bazkide, partaide edo onuradun duten gizarte aurreikuspeneko sistemei, eta enplegatzaileen pentsio-konpromisoak gauzatzeko aseguru kolektiboei, kontsultaren egilea horrelako asegururen baten onuraduna bada.

2) Kontsulta-idazkian planteatutako bigarren galdera, kontsultagileak berak eta haren senideek kontsultagilearen menpekotasuna aintzatetsi ondoren pentsio-planetan egindako ekarpenei buruzkoa da. Galdera horri dagokionez, PFEZFAren 72. artikuluan xedatuta dagoena kontuan hartu behar da. Artikulu horrek dioenez: "1. Zerga-oinarri orokorrean murriztu daitezke foru arau honek 70. artikuluan aipatzen dituen gizarte aurreikuspeneko sistemetan egindako ekarpenak, baldin eta horiek egin badira % 65eko minusbaliotasun fisiko edo zentzumenezkoaren maila edo handiagoa edo % 33ko minusbaliotasun psikikoa edo handiagoa dutenez gaituen alde edo, bestela, maila kontuan hartu gabe, Kode Zibilean jasotako kausak direla medio epaileak deklaratutako ezgaitasuna duten pertsonen alde. Hona murrizpenaren gehieneko mugak: a) Pertsona bakoitzak ahaide duen edo tutoretzapean daukan urritu batentzat urtean ekarritako kopuruak, 8.000 euro gehienez. Hori guztia, beren gizarte-aurreikuspeneko sistemetan beren kabuz egin ditzaketen ekarpenen kalterik gabe, foru arau honetako 71. artikuluan ezarritako mugen arabera. Ekarpenak egin ditzakete pertsona desgaituen zuzeneko nahiz zeharkako ahaideek -hirugarren mailara artekoek barne-, bai eta pertsona horien ezkontideek edo izatezko bikotekideek edo desgaitasuna duen pertsona tutoretza-edo harrera-araubidean beren kargupean hartuta dutenek ere. Kasu horietan pertsona ezinduak onuradun bakar izendatu behar dira modu ezeztaezinean, edozein gertakizunetarako. Dena den, desgaitasuna duen pertsonaren heriotza kontingentziak alarguntasun-edo zurztasun-prestazioak jasotzeko eskubidea sor dezake edo, bestela, desgaituaren aldeko ekarpenak egin dituzten pertsonek prestazioak jasotzeko eskubidea, azken horiek egindako ekarpenen proportzioan. b) Pertsona desgaituek eurek egindako ekarpenen urteko muga 24.250 euro da. Pertsona urritu batentzat urtean egindako ekarpen guztien txikipenen zenbatekoa, urrituak berak egindakoak ere zenbatuta, ezin da izan 24.250 euro baino gehiago. Honen ondoreetarako, urtean zehar pertsona urritu batentzako ekarpen batzuk egin badira, lehenik eta behin pertsona urrituak berak egindako ekarpenek sortuko dituzte txikipena eta gero, aurrean ezarritako 24.250,00 euroko mugara iritsi ezean, beste pertsona batzuek euren zerga oinarrietan aplikatu ahal izango dituzte egindako ekarpenen ziozko txikipena modu proportzionalean. Pertsona urritu batentzako ekarpenak egin dituzten pertsonek aplikatutako txikipenak ezin dira 24.250,00 euro baino gehiago. 1. zenbaki honetan jarritako mugak batera bete behar dira desgaituen alde eratutako gizarte-aurreikuspeneko sistema guztietarako. 2. Zerga-oinarri orokorrean ezin izan bada murrizketarik egin zerga-oinarria nahikoa ez delako edo artikulu honetako 1. zenbakiko a) letran ezarrita dagoen gehieneko muga gainditzen delako, hurrengo bost ekitaldietan egin ahal izango da zenbateko horiei dagokien murrizketa. Erregela hori ez zaie aplikatuko aurreko euren finantza-arautegian ezarritako gehieneko mugak gainditzen dituzten ekarpenei. 3. Artikulu honetan aipatzen diren ekarpenak ez daude Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren mende. 4. Desgaitasuna duten pertsonen alde eratutako gizarte-aurreikuspeneko sistemen araudian jasotakoez besteko kasuetan edo borondatezko edo ezinbesteko baja gertatu eta entitatea likidatzean prestazioak jaso eta eskubide kontsolidatuak edo eskubide ekonomikoak aurrez erabili nahi badira, foru arau honetako 70.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da".

PFEZFAren 72. artikuluak, kontsultako murrizpen araubidea aplikatu ahal zaien ekarpenak dauzkaten ezindutako pertsonen alde eratutako aurreikuspen sistemak zeintzuk diren azaltzeko, 70. artikulua aipatzen du. 70. artikulu horrek besteak beste pentsio planei egindako ekarpenen murrizpenak arautzen ditu.

Horrenbestez, zergaren zerga-oinarri orokorretik murriztu ahal dira PFEZFAren 70. artikuluan garatutako gizarte aurreikuspeneko sistemei (besteak beste pentsio planei) egindako ekarpenak, ezindutako pertsonen alde egindakoak, pertsona horien gorputz edo zentzumen minusbaliotasuneko gradua % 65ekoa edo handiagoa denean, adimen minusbaliotasuneko gradua ehuneko 33koa edo handiagoa denean, edo epaile batek aitortutako ezintasuna dutenean, muga hauekin:

a) Pertsona batek, minusbaliotasuna duten hirugarren mailara arteko zuzeneko edo alboko ahaide, ezkontide nahiz izatezko bikotekide, edo tutoretza nahiz harrera araubidean bere kargura dauzkan pertsonentzat, urtean gehienez 8.000 euroko ekarpenak egin ditzake murrizketarekin. Horrek ez die ezertan eragiten ahaide horiek euren gizarte aurreikuspeneko sistemetarako egin ditzaketen ekarpenei. Zerga araubide berezi hori aplikatu ahal izateko, desgaituaren ordez beste pertsona batek egiten baditu ekarpenak, argi jasorik utzi beharko da desgaitua dela onuradun bakarra eta errebokaezina, gerta daitekeen edozein kontingentziatarako. Noski, horrek ez du eragotziko, desgaituaren heriotzaren kontingentzia gertatuz gero, alarguntasun edo zurztasun prestazioa edo ekarpenak egin dituztenentzako prestazioa lortu ahal izatea.

b) Erakundeko bazkide edo partaide den desgaituak berak urtean gehienez 24.250,00 euroko ekarpenak egin ditzake murrizketarekin. Ezindutako pertsonak ekarpen horiek egin dituenean eta beste senide batzuek ere haren aldeko ekarpenak egin dituztenean, lehenik eta behin ezindutako pertsonak egindako ekarpenak murriztu beharko dira. Horiek 24.250,00 euroko mugara iristen ez badira, beste pertsona horiek egindako ekarpenak murriztu ahalko dira beren zerga oinarrian, modu proportzionalean. Ezindutako pertsona berberaren aldeko ekarpenak (ezindutakoak egindako ekarpenak barne) egiten dituzten pertsona guztiek egindako murrizpenak, guztira, ezin dira izan 24.250,00 euro baino gehiago.

Desgaitasuna duten pertsonentzat eratutako gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenetatik, zerga-oinarri orokorraren murrizketarako aplikatu ezin izan direnak (zerga-oinarria nahikoa ez izateagatik edo desgaitua ez den pertsona bakoitzeko 8.000,00 euroko gehieneko zenbatekoa gainditzeagatik) hurrengo bost ekitaldietako zerga-oinarrietan murrizketa egiteko aplikatu ahal izango dira. Erregela hori ez zaie aplikatuko finantza-araudian ezarritako gehieneko mugak gainditzen dituzten ekarpenei. Aplikatzeke dauden zenbatekoak, hurrengo ekitaldietan murrizten badira, beraiei dagozkien murrizpen-mugen barruan zenbatuko dira.

Aurrekoaz gainera, PFEZFAk ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonentzat hirugarrenek egiten dituzten ekarpenak, lege testu beraren 72. artikuluan ezarritako eran egiten badira, ez dira egongo Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren kargapean.

Bereziki, desgaitasunak dituzten pertsonen alde eratutako pentsio-planei dagokienez, bidezkoa da lehenago aipatu den Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Erregelamenduaren 12. artikuluan xedatuta dagoena. Artikulu horrek dioenez: "Legearen Testu Bateginaren laugarren xedapen gehigarrian eta Erregelamendu honetan ezarritako baldintzen aurreikusitako araubide bereziaren arabera, pentsio-planen zehaztapenetan aurreikusi ahal da pentsio-planetarako ekarpenak % 65eko edo gehiagoko minusbaliotasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonen alde, % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasun psikikoa duten pertsonen alde, eta gradua kontuan hartu gabe, epaileak deklaratutako ezintasuna duten pertsonen alde. Minusbaliotasun gradua aplika daitekeen araudiaren arabera egindako ziurtagiri baten bidez edo ebazpen judizial irmo baten bidez egiaztatuko da. Horiei aplikatuko zaie pentsio-planen finantza-araubidea, berezitasun hauekin: a) Araubide berezi honen babespean, ekarpenak egin ahal izango ditu honako hauek: partaide den ezinduak zuzenean, partaidearen zuzeneko nahiz zeharkako ahaideek ?hirugarren mailaraino?, eta ezkontideak edo ezindua tutoretza edo harrera araubideari jarraituz hartua duten pertsonek ere. Desgaitasunak dituzten pertsonen aldeko ekarpenak direnean, desgaitasuna duten pertsonak onuradun izendatu behar dira, eurak bakarrik eta modu ezeztaezinean, edozein kontingentziatarako. Desgaitutako pertsona hiltzen bada, 13.c) artikuluan xedatuta dagoena aplikatuko da. b) Desgaituen aldeko ekarpenak banakako sistemako pentsio-planetan egin ahal izango dira, eta lotutako sistemako pentsio-planetan ere bai, baldin eta desgaitua bera edo haren alde ekarpena egiten duen pertsona erakunde sustatzaileko bazkide, kide edo afiliatua bada. Nolanahi ere, desgaitutako pertsona baten alde Erregelamendu honen arabera egindako ekarpenek sortutako eskubide sendotuen titularra desgaitutako pertsona hori izango da. Pertsona horrek partaide izaerari dagozkion eskubideak baliatuko ditu, bere kabuz edo legezko ordezkari baten bitartez, adingabea bada edo legearen arabera gaitasunik ez badu. Hala ere, desgaituak berak pentsio-plan berean edo beste pentsio-plan batzuetan ekarpenak egin ahal izango ditu. c) Aurreko a) eta b) paragrafoan aurreikusitako ekarpenak, desgaitutako pertsonen aldeko enplegu-plan baten sustatzaileak plan horren kide izateagatik egindako ekarpenak gorabehera egingo dira".

Horrez gain, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Erregelamenduaren 13. artikuluak zera xedatzen du: "12. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera minusbaliotasun gradua duten partaideek pentsio-planetan egindako ekarpenak, bai eta artikulu horren arabera haien alde egindakoak, honako kontingentzia hauek estaltzeko erabili ahal izango dira: a) Desgaitasuna duen pertsona erretiratzea, 7. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. Egoera hori lortzea ezinezkoa bada, planaren zehaztapenen arabera ezartzen den adinari dagokion prestazioa jaso ahalko dute, 45 urte betetzen direnetik aurrera, baldin eta lanik edo lanbide-jarduerarik ez badauka. b) Erregelamendu honen 7. artikuluko b) eta d) letretan aurreikusita dagoenaren arabera, honako hauen desgaitasuna eta menpekotasuna: desgaitutako pertsonarena edo haren ezkontidearena, zuzeneko nahiz zeharkako ahaide batena ?hirugarren mailaraino?, haien menpean badago, edo tutoretza edo harrera araubideari jarraituz hartua duten pertsonena ere. Halaber, desgaitasun-gradua larriagotzeagatik partaideak orain arte egin izan duen lan edo jarduera edo edozein motatako lana aurrerantzean egiteko erabat ezinduta geratzen bada, estali egingo da ezintasun hori, baita geroago sortutako baliaezintasun handia ere, Gizarte Segurantzaren araubide baten arabera prestaziorik lortu ezin bada. c) Desgaituta hiltzea, horregatik prestazioak sortu ahal baitira, 7.c) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. Hala ere, 12.a) artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera desgaituaren aldeko ekarpenak egin ahal dituzten pertsonen ekarpenek, desgaitua hiltzen bada, alarguntsako edo zurztasuneko prestazioak edo ekarpen horiek egin dituzten pertsonen aldeko prestazioak bakarrik sortuko dituzte, egin den prestazioaren araberako proportzioan. d) Desgaituaren ezkontideak edo haren zuzeneko nahiz zeharkako ahaide batek ?hirugarren mailaraino? erretiroa hartzea, desgaitua haien menpean badago, edo tutoretza edo harrera araubideari jarraituz hartua duten pertsona batek ere erretiroa hartzea. e) Hauetariko bat hiltzea: desgaituaren ezkontidea, hirugarren mailarainoko zuzeneko nahiz zeharkako ahaide bat ?haien menpean badago?, edo tutoretza edo harrera araubideari jarraituz hartua duten pertsona".

Beste alde batetik, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Erregelamenduaren 7 b eta d) artikuluak (13.b) artikuluak hori aipatzen du), zera xedatzen du: "Kontingentziak. Pentsio-plan batean estali ahal diren kontingentziak hauek izango dira: (...) b) ohiko lanbiderako ezintasuna, lan mota guztietarako erabateko ezintasuna eta baliaezintasun handia. (...) d) Partaidearen menpekotasun larria edo handia, Besteren menpean bizi diren pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legean araututa dagoena".

Horri dagokionez, Besteren menpean bizi diren pertsonen autonomia pertsonala eta arreta sustatzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak 26. artikuluan hau ezartzen du: "Menpekotasun graduak: 1. Menpekotasun-egoera gradu hauetan sailkatuko da: a) I. gradua. Menpekotasun moderatua: Kasu hauetan, pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, eta hori gutxienez egunean behin, edo tarteka laguntza mugatua behar du, autonomia pertsonalarekin laguntzeko. b) II. gradua. Menpekotasun larria: Pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, eta hori egunean bi edo hiru aldiz, baina ez du behar kanpoko zaintzaile batek etengabe laguntzea, edo laguntza-premia zabalak ditu autonomia pertsonalaren arloan. c) III. gradua. Menpekotasun handia: Pertsonak laguntza behar du eguneroko bizitzako oinarrizko hainbat jarduera aurrera eramateko, egunean hainbat aldiz, eta autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsoriala erabat galdu duenez, beste pertsona batek lagundu behar dio nahitaez eta etengabe, edo laguntza orokorra behar du autonomia pertsonalik ezaren ondorioz. 2. Graduak eta mailak zehazteko tarteak hurrengo artikuluan azalduko den baremoan ezarriko dira".

Azkenik, desgaitasunak dituzten pertsonen alde eratutako pentsio-planetatik eratorritako prestazioei dagokienez, Pentsio Plan eta Funtsen Erregelamenduaren 15. artikuluak hau arautzen du: "1. Desgaituak edozein pentsio-planetan egindako ekarpenetatik eratortzen diren prestazioak eta sustatzaileak enplegu-planetan egotzi dituenak 10. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera arautuko dira. 2. Ezkontideak edo 12.a) artikuluan aurreikusita dauden pertsonek desgaituen alde egindako ekarpenetatik eratortzen diren prestazioak, onuraduna desgaitua bera bada, errenta gisa hartu beharko dira. Hala ere, kapital gisa edo era mistoan hartu ahal izango dira, 10. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera, honako kasu hauetan: a) Kontingentzia gertatzean sendotutako eskubidearen kopurua urteko lanbidearteko oinarrizko soldata halako bi baino txikiagoa bada. b) Desgaitutako onuradunak baliaezintasun handia jasaten badu, eta horregatik eguneroko jarduera funtsezkoenetarako laguntza behar badu".

Pentsio-planen arloan, goian transkribatu den PFEZFAren 72. artikuluan araututako murrizketek Pentsio Plan eta Fondoen Erregelamenduaren 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera eratzen diren planetan egindako ekarpenei eragiten diete. Beraz, dena delako pentsio-planak, bere zehaztapenen artean, aipatu araubide berezia aurreikusi eta arautu behar du. Pentsio-plan espezifiko horietan egindako ekarpenen gaineko murrizketa berdin egingo da, partaidea edo ekarpen-egilea erretiratuta egon zein ez.

3) Egindako hirugarren galderari dagokionez, jada aztertu den PFEZFAren 18. artikuluak zehazten duenez, pentsio-planen onuradunek hartutako prestazioak laneko etekintzat hartzen dira.

Bestalde, PFEZFAren beraren 9. artikuluak hauxe dio 25. idatz-zatian: "Honako errenta hauek salbuetsita egongo dira: (...) 25. Pertsona ezgaituek errenta moduan jasotako prestazioetatik eratortzen diren lan etekinak, betiere foru arau honen 72. artikuluan aipatzen diren ekarpenei badagozkie. Lanbidearteko gutxieneko soldata hiru halako izango da muga".

Beraz, desgaitasuna duten pertsonentzat eratutako pentsio-planetatik, PFEZFAren 72. artikuluak aipatzen dituen horietatik, datozen prestazioak, beraz, lanaren etekintzat jotzen dira. Hala ere, pentsio-plan horietako partaideek (desgaitasuna duten pertsonak) PFEZFAren 9.25 artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatu ahal diete BGAE-etatik errenta moduan jasotzen dituzten diru kopuruei. Lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru izango da salbuespen horren muga, kontuan izanik PFEZFAren 72. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gizarte aurreikuspeneko sistema guztietatik urtean jasotzen diren prestazio guztiak. Muga horren gainetik kobratzen dena Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapean eta salbuetsi gabe dago.

PFEZAren 15.1.a) artikuluan adierazten denez, errenta erako prestaziotzat jotzen da aldian behingo bi ordainketa edo gehiago kobratzea maiztasun erregularrarekin, gutxienez ordainketa bat urtean.

Salbuetsi gabeko zenbatekoen tributazioa, PFEZFAren 9.25 artikuluan xedatutakoaren arabera, lege testu beraren 19. artikuluan garatuta dago. Jada aztertu dugun artikulu horretan bereizi egiten dira errenta eran kobratutako prestazioa eta kapital eran kobratutakoa.

Kontsulta honetan aztergai dugun prestazioa errenta eran jasotzen bada, beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita egongo da, eta salbuespen horren muga izango da lanbide arteko gutxieneko soldata halako hiru urtean. Hortik gorakoaren % 100 sartuko da Zergaren zerga-oinarrian.

Esan beharra dago, azkenik, ekitaldi batean prestazio bat errenta eran kobratzeak ez diola zergadunari eragozten % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzea ekitaldi horretan nahiz beste batean kapital eran jasotzen dituen diru kopuruei (horretarako eskatzen diren betekizunak betetzen baditu), ezta kontzeptu beragatik jasotzen dituenean ere. Izan ere, PFEZFAren 19. artikuluan araututako bateraezintasuna (horren zioz, ezin da berriro, beste ekitaldi batean, integrazio-ehunekoa aplikatu kontingentzia berberarengatik) kapital eran lortutako diru kopuruei baino ez dagokie, horiei bakarrik aplikatu ahal baitzaie, bidezkoa denean, % 60ko integrazio ehunekoa.

Kapital eran lortutako hartukizunei dagokienez, azpimarratu beharra dago 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudiak ez duela aukerarik ematen % 60ko integrazio-ehuneko hori beste zergaldi batean berriro aplikatu ahal izateko kontingentzia beragatik kapital eran jasotzen diren diru kopuruei.

Horrenbestez, kontsultan aipatutako gizarte aurreikuspeneko sistemen prestazio edo ordainketak eskuratu ahal diren arrazoietako bakoitzagatik kapital gisa kobratzen den lehenbiziko prestazio edo ordainketari bakarrik aplikatu ahal zaio integrazio-ehuneko hori. Ondorio horietarako, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehen kobratutakoa ez da kontuan izango, lehenago transkribatu den abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak adierazten duenez. % 60ko integrazio-ehuneko hori aplikatu ahal izango da beste ekitaldi batzuetan arrazoi diferente batengatik hartzen diren diru-kopuruen gainean. Erantzun honen aurreko puntuan murrizketei buruz esan den bezala, pentsio-planei dagokienez, PFEZFAren 9.25 artikuluan arautzen den salbuespena aplikatu ahal izateko, hizpide diren hartukizunak Pentsio Plan eta Fondoen Erregelamenduaren 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatuta dagoenaren arabera eratutako pentsio-planetatik sortu beharko dira.

Araua

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9.25., 0,18., 19., 70. eta 72. artikuluak.Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 15. eta 16. artikuluak.Abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra.

Itzuli