www.bizkaia.eus/guregida


BEZri buruzko kontsulta


  
Data

10.12.2014

Erreferentzia

Etxebizitzatarako higiezinak aldi laburretarako alokatzea

Galdera

Kontsultaren egilea egoitza Bizkaian daukan pertsona fisikoa da, eta etxebizitzatarako ondasun higiezinen errentamenduan dihardu. Adierazi duenez, etxebizitza horiek aldi laburretarako errentan eman nahi ditu. Horretarako iragarkiak jarriko ditu kanpoko enpresek kudeatutako Interneteko atarietan, enpresa horiei komisioa (edo argitalpenaren prezioa) ordainduko die, eta errentaren zenbatekoa jasoko du, fidantzarekin batera, errentariak etxebizitza okupatzen duen unean. Adierazi duenez, errentaria etxebizitzan dagoen bitartean berak ez du ostalaritza industriako inongo zerbitzurik egingo, eta errentamendua amaitzen denean itzuli egingo du jarritako fidantza (errentan emandako ondasunek ez badute jasan errentariari egotzi ahal zaion kalterik). Higiezinei buruzko iragarkiak argitaratutakoan, Asturiasko Printzerriko Gobernuak, higiezinak han daude eta, autonomia erkidego horretako turismo ostatuen erregistroan sar ditzala eskatu dio, horretarako betekizunak betetzen omen dituelako, autonomia erkidegoko legerian (Asturiasko Turismoari buruzko ekainaren 22ko 7/2001 Legea eta hori garatzeko legeak) ezarritako betekizunak hain zuzen. Dioenez, legeria horrek ez du agintzen ostalaritzako zerbitzuak emateko etxebizitza osoak alokatzen direnean, eta prestazio horiei uko egin ahal zaie, maizterrekin berariazko akordioa eginda. Horregatik, kontsultaren egileak berriro dio ez diela ostalaritzako industriako inolako zerbitzurik ematen errentariei.Ematen dituen zerbitzuak Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden ala ez jakin nahi du.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, lehenengo eta behin, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauaren (BEZFA) 4. artikulua aplikatu behar da: "Bat. Zergari loturik egongo dira enpresariek edo profesionalek, euren enpresa- edo lanbide-jardueran aritzean, kostu bidez eta ohiko zein lantzean behingo izaeraz zergaren gune-eremuan burutzen dituzten ondasun-emateak eta zerbitzugintzak, baita burutzen dituzten entitateen euren bazkide, elkartu, kide edo partaideentzakoak izanik ere. (...)".

BEZFAren beraren 5. artikuluak honako hau gaineratzen du: "Bat. Foru arau honetan xedatutakoak ondoreak izan ditzan, enpresari edo profesionaltzat hartuko dira: a) Artikulu honetako hurrengo atalean zehaztuko diren enpresa edo lanbide jardueretan ari diren pertsona edo erakundeak. (...) c) Etengabeko diru-sarrerak lortu xedez, gauzazko zein gauzazkoez besteko ondasuna ustiatzea dakarren edo dakarten ondasun-emate edo zerbitzugintza bat edo gehiago burutzen dutenak. Ondasun errentatzaileak, bereziki, horrelakotzat hartuko dira. (...) Bi. Enpresa edo lanbide jarduerak dira ekoizpen-faktore materialak edo ekoizpeneko giza baliabideak norberaren kontura antolatzea dakartenak, helburua ondasunak edo zerbitzuak ekoiztean edo banatzean esku hartzea dela. Bereziki, halakotzat joko dira erauzpeneko jarduerak, fabrikaziokoak, merkataritzakoak eta zerbitzugintzak (artisautza barne), nekazaritzakoak, basogintzakoak, abeltzaintzakoak, arrantzakoak, eraikintzakoak, meatzaritzakoak, eta lanbide liberal eta artistikoak. (...)".

Beste alde batetik, BEZFAren 11. artikuluak hau xedatzen du: "Bat. Balio Erantsiaren gaineko Zergak ondoreak izan ditzan, zerbitzugintzatzat hartuko da, honako foru arau honen arabera, ondasun- emate, Elkarte barneko eskuraketa, edo inportaziotzat hartzen ez den aipatu tributuari loturiko eragiketa oro. (...) Bi. Bereziki, zerbitzugintzatzat hartuko dira: (...) 2. Ondasun, industria edo negozio, merkataritzako enpresa edo establezimenduen errentamenduak, erosteko aukera eduki zein ez eduki. 3. Ondasunen erabileraren edo luperketaren lagapena. (...) 9. Ostalaritza-, jatetxe- edo kanpaketa-zerbitzuak eta tokian bertan berehala kontsumitzeko edari edo jangaiak. (...)".

Aurreko guztiarekin bat, ohiko nahiz sasoikako etxebizitzatarako higiezinen errentamenduak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargapean daude, zerbitzu-emate gisa.

Hala ere, arestiko guztia ez ezik, BEZFAren beraren 20.Bat.23 artikuluan xedatutakoa ere kontuan izan behar da. Horren arabera: "Bat. Zerga honetatik ondoko eragiketak salbuetsiko dira: (...) 23. Honako foru arau honen 11. artikuluan xedaturik dagoenaren arabera, zerbitzutzat hartzen diren errentamenduak, eta eduki eta luperketako ondasun-eskubideak eratu eta eskualdatzea, baldin eta eskubideok gaitzat ondoko ondasunak badituzte: (...) b) Etxebizitza sustatzeko egitarau publikoak kudeatzen dituzten erakundeek edo Sozietateen gaineko Zergaren arautegian etxebizitzak errentatzen dituzten erakundeentzat ezarritako araubide bereziari heldutako sozietateek etxebizitzetarako edo gero errentatzeko ez beste ezertarako erabiliko dituzten eraikinak edo haien zatiak. Salbuespenak etxebizitzen osagarri diren garajeak eta eraikuntza erantsiak eta altzariak hartzen ditu, haiekin batera errentatutakoak. Salbuespenaz ate daude: (...) d') Lur edo etxebizitzak erosteko aukera duten errentamenduak, baldin eta lur edo etxebizitza horien ematea Zergari loturik eta hartatik salbuetsita ez badago. e') Apartamentu edo etxebizitza jantzien errentamenduak, errentatzailea ostalaritzaren berezko zerbitzu osagarrietarikoren bat ematera behartuz gero bere burua, hala nola, jatetxe, garbiketa, arroparen ikuzketa edo antzeko zerbitzuak. f') Azpierrentan emateko diren eraikinen edo eraikin zatien errentamenduak, aurreko b) letran xedatutakoari jarraituz egindakoak izan ezik. g') Hiri Errentamenduei buruzko Legean xedaturik dagoenaren arabera etxebizitza gisa berdinetsirik dauden eraikinen edo berauen zati baten errentamendua. h') Aurreko a'), b'), c'), e') eta f') puntuetan aipatu diren ondasunen gaineko eduki edo luperketako ondasun-eskubideen eraketa edo eskualdaketa. i') Azalerako ondasun-eskubideen eraketa edo eskualdaketa. (...)".

Manu horretan ezarritakoaren arabera, etxebizitzatarako baino ez diren higiezinen errentamendua Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargapean eta salbuetsi gabe dago, beren-beregi salbuetsitako kasuetan izan ezik. Zehatzago, aurkeztu den kasuan, etxebizitzatarako baino ez diren eraikinak edo eraikin zatiak errentatzeko eragiketa bat Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargatik salbuetsita egon dadin, BEZFAren 20.Bat.23.b) artikuluan xedatutakoaren arabera, errentatzaileak ez du bere burua behartu behar ostalaritza industriako zerbitzu osagarriak ematera, adibidez jatetxe zerbitzua, etxe garbiketa, arropa garbiketa edo antzekoak.

Bestela, errentamendu horiek Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargapean eta salbuetsi gabe egongo dira. Horrela izango da, bereziki, errentatzaileak errentariari ostalaritza industriako zerbitzuak egiten dizkionean, esate baterako, aurreko lerroaldean aipatutako zerbitzuak.

Horren harira, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko araudiak "ostalaritzaren berezko zerbitzu osagarrien" adibide gisa aipatzen ditu jatetxe zerbitzuak, etxe garbiketa, arropa garbiketa eta antzekoak, bezeroei ematen zaien ostatu zerbitzuaren ohiko osagarriak direnak (eta, beraz, ostalaritza zerbitzuaren izaera galtzen ez dutenak, beraren osagarriak baitira).

Ostalaritza zerbitzuen ezaugarria da, hain zuzen ere, bezeroarentzako arreta higiezin bat edo higiezin zati bat bezeroaren esku jartzeaz harantzago doala. Beraz, ostatu jarduerak, etxebizitzen alokairuak ez bezala, barruan hartu ohi ditu hainbat zerbitzu, hala nola bezeroari harrera egin eta etenik gabeko arreta eskaintzea horretarako erabiltzen den leku batean, aldian behin higiezina eta ostatulekua garbitzea, aldian behin ohe eta bainu arropak aldatzea, bezeroari beste zerbitzu batzuk eskaintzea (arropa-garbitegia, maleta zaintza, prentsa, erreserbak eta abar), eta, batzuetan, elikadura eta jatetxe zerbitzuak ere ematea.

Bereziki, ostalaritza industriako zerbitzu osagarritzat jotzen dira, aipatutakoez gainera, aldian behin etxebizitzaren barrualdea garbitzea eta aldian behin higiezineko arropak aldatzea.

Honako hauek, aldiz, ez dira ostalaritza industriako zerbitzu osagarritzat jotzen: 1) errentari bakoitzak kontratatutako egonaldiaren hasieran eta amaieran higiezina garbitzeko zerbitzua; 2) errentari bakoitzak kontratatutako egonaldiaren hasieran eta amaieran etxebizitzako arropak aldatzeko zerbitzua; 3) eraikineko gune komunak (ataria, eskailerak eta igogailuak) garbitzeko eta, eraikina urbanizazio batean badago, berdegune, sarrerako ate, espaloi, kale eta abarrekoak garbitzeko zerbitzua; edo 4) laguntza teknikoa eta mantentze zerbitzuak, konponketak egiteko (iturgintza, elektrizitatea, beirak, pertsianak, sarrailagintza eta etxetresna elektrikoak).

Kontsulta idazkian adierazitakoaren arabera, kontsultagilearena bezalako kasuetan, Asturiasko Printzerriko legeria autonomikoak zenbait baldintza betetzeko eskatzen du, segurtasunerako baldintzak eta abarrekoak, baina ez dio errentatzaileak ostalaritzako zerbitzuak eman behar dizkienik errentariei, aitzitik, aukera ematen du zerbitzu horiei uko egiteko, alderdien arteko akordioaren bidez (zehazki, itxura denez, etxebizitza osoak alokatzen direnean alderdiek itundu behar dute kontu hori). Horregatik guztiagatik, kontsultagileak adierazi du ez duela horrelako zerbitzurik ematen, nahiz eta bere etxebizitzak autonomia erkidegoko turismo ostatuen erregistroan egon.

Horrenbestez, galderan aipatutako errentamenduak Balio Erantsiaren gaineko Zergaren kargatik salbuetsita egongo dira baldin eta kontsultagileak ez badu ematen ostalaritza industriako berezko zerbitzurik (gorago azaldu diren horietakoak), eta, aldi laburretarako izan arren, etxebizitza gisa soilik erabiltzeko alokatzen badizkie higiezinak bezeroei.

Araua

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauaren 4., 5., 7., 11. eta 20.Bat.23 artikuluak.

Itzuli