www.bizkaia.eus/guregida


Konsulta


  
Data

19.11.2014

Erreferentzia

Alokatzaileari zuzenean ordaindu gabeko alokairuaren kuotak. Ohiko etxebizitzaren alokairuaren ziozko kenkaria.

Galdera

Kontsulta egin duenak hiru urterako errentamendu-kontratu bat sinatu zuen 2013ko irailaren 1ean. Horren bitartez higiezin bat alokatu zuen, bere ohiko etxebizitza dena. Adierazitakoaren arabera, kontratu hori sinatzeagatik ordainketa batzuk egin zizkien alokatzailea ez diren hirugarren batzuei. Zehatz-mehatz esanda ondorengoak: 1) Hileko kuotaren pareko zenbatekoa ordaindu zion alokatzeko etxebizitzak bilatzeko zerbitzua eskaini zion higiezinen enpresari; 2) iraileko kuota ordaindu zien etxebizitza margotu eta prestatzeko obrak egin zituzten gremioei, erabiltzeko baldintzetan egon zedin; eta 3) azaroko kuotaren zati handi bat higiezineko galdara konpontzeko baliatu zuen, alokatzaileak kontzeptu horrengatik egin beharreko ordainketan bitartekari lana eginez.Aipatutako zenbatekoei (higiezinen agentziari zerbitzuengatik ordaindutakoari, higiezina margotzeko eta prestatzeko obrengatik ordaindutakoari eta galdara konpontzeagatik ordaindutakoari) ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria aplikatu ahal dien jakin nahi du.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderari dagokionez, 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere, 88. artikulua: "1. Zergaldian ohiko etxebizitzaren alokairuagatik diru-zenbatekoak ordaintzen dituzten zergadunek zergaldi horretan ordaindutako diru-zenbatekoen %20ko kenkaria aplikatu ahal izango dute (gehienez 1.600 euro urtean). Alabaina, zergadunak 30 urtetik beherako zergadunak edo familia ugarien titularrak badira eta artikulu honetako 4. idatz-zatian aipatzen direnak badira, %25ekoa izango da aurreko lerroaldean ezarritako kenkaria, eta urteko 2.000 euroko kenkaria izango da gehienez. Horretarako, alokairuagatik ordaindutako guztirako zenbatekotik zergadunak alokairugatik jasotako diru-laguntzen zenbatekoa kendu behar da, hain zuzen ere zerga honen arautegiaren arabera salbuetsita dauden diru-laguntzen zenbatekoa. 2. Kapitulu horretan ezarritako ondorioetarako, zergadunaren adina eta familia ugaritsuaren titulartasuna zehazteko Zergaren sortzapen-eguna hartuko da kontuan. 3. Baterako zerga ordainketa aukeratzen bada eta kenkaria aplikatzeko eskubidea duten hainbat pertsona badaude, batzuk 30 urtetik gorakoak eta besteak 35 urtetik beherakoak, aurreko 1. idatz-zatiko bigarren lerroaldean ezarritako portzentajea eta muga aplikatuko dira. 4. Baldin eta epaile batek ebazpen bidez ezartzen badu zergadunak bere kargura ordaindu behar duela familia etxebizitzaren alokairua, berak aplikatu ahal izango du artikulu honetako kenkaria autolikidazioan. Betebehar hori bi zergadunei badagokie, haien artean lainduko da kenkaria eta bakoitzaren autolikidazioan aplikatuko da bakoitzari dagokionaren arabera, baina artikulu honetako 1. idatz-zatiko bigarren lerroaldean ezarritako mugak izango dira".

Arau horretan xedatutakoari jarraiki, kontsultaren xedea den kenkaria zergaldi horretan zergadunaren ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoari aplikatzen zaio. Horregatik diru-laguntzak jaso baditu (ohiko etxebizitzaren alokairu horrengatik), kenkariaren zenbatekoa txikiagoa izango da.

Edonola ere, kenkariaren oinarriaren barruan, zentzu hertsian alokairuari dagokion zenbatekoaz gain, alokatzaileak etxebizitzaren jabea den heinean ordaindu behar dituen eta kontratuaren arabera alokairuan hartu duenak bere gain hartu behar izan dituen gastuak eta zergak sartzen dira, esate baterako jabeen erkidegoaren kuotak eta Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. Hala ere, ez dira kenkariaren oinarri horretan sartzen etxebizitza alokairuan hartu duenaren kontsumoei dagozkien etxeko hornidura-gastuak (hondakinen kudeaketaren tasak barne), ezta kasu batzuetan jarri beharreko fidantza ere.

Ondorioz, Zuzendaritza Nagusi honen esanetan, kontsulta egin duenak higiezinen agentziari bere zerbitzuengatik ordaindutako kopurua ez da kenkariaren oinarriaren parte. Izan ere, ez da etxebizitzaren alokairua ordaintzeko erabilitako diru kopurua, higiezinen agentzia horrek alokatzeko etxebizitzak bilatzeko eskaini dion zerbitzua eta egindako bitartekari lana ordaintzeko erabilitakoa baizik.

Bestalde, 2013ko iraileko eta azaroko kuotei dagokienez, horiek kenkariaren oinarriaren parte izango dira. Hilabete horietako alokairuari dagokion ordainketa direlako, zuzenean alokatzaileari ordaindu ez bazaio ere, alokatzaileak ordaindu beharreko obra jakin batzuk ordaintzeko izan baitzen. Kasu horretan, kontsulta egin duen pertsonak bitartekari lana egin du alokatzaileak hirugarren batzuei egin beharreko ordainketan.

Horrenbestez, alokatzaileak bere gain hartu beharreko gastuen ordainketan bitartekari-lana egin du etxebizitza alokairuan hartu duen pertsonak, kopuru batzuk ordaindu baitzizkien hirugarren batzuei aipatutako alokatzailearen aginduz eta kontuz. Ondorioz, horregatik eska zitekeen ordainketa diru-konpentsazioa izan zen. Berari ordaindu ordez, hirugarren bati eman zitzaion alokatzailearen aginduz. Hori horrela, alokatzaileak ondasun, eskubide edo zerbitzu jakin batzuk erosteko erabili zuen diruzko ordainsarien zati bat, baina errentaren ordaintzaileak ordaindu zituen horiek zuzenean.

Horregatik guztiagatik, Zuzendaritza honen ustez, 2013ko iraileko eta azaroko alokairuaren kuotak PFEZFAren 88. artikuluan araututako kenkariaren oinarriaren parte dira, alokatzaileak hala aginduta hirugarren batzuei ordaindu bazitzaien ere. Zehazki, higiezinaren jabeak bere gain hartu beharreko gastuak ordaintzeko izan bazen ere.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 88. artikulua.

Itzuli