www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta


  
Data

07.11.2014

Erreferentzia

BEZa. Jabe erkidego batentzako igogailua konpondu, berritu eta instalatzeko lanak.

Galdera

Kontsultagilea arkitektoa da eta etxebizitza eraikin baten jabe erkidegoaren parte da. Eraikin horretan 2009ko abendutik 2011ko abendura arte hainbat konponketa eta berritze lan egin dira. Aurkeztutako datuen arabera, dirudienez aipatu lanak egiteko kontratatu zen sozietateak hodiak eta sistema elektrikoa konpontzeko hainbat lan egin ditu eta higiezinaren erkidego eskailera konpondu eta berritu du (tarima eta errodapia ere aldatu ditu). Era berean, aipatu sozietateak beharrezko obrak egin ditu igogailua aldatzeko eta haren kokaleku den zuloa konpontzeko. Aipatutako lan horietan guztietan kontratistak beharrezko materialak jarri ditu horiek gauzatzeko (dirudienez igogailua bera ere).Bada, hori guztia kontuan hartuta, honakoa jakin nahi du: ea eraikina berritu eta konpontzeko lanak egin dituen sozietateak aurkeztutako ordainagiriak egokikoak eta baliozkoak diren berak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren autolikidazioak aurkezteko orduan kontuan har ditzan, batez ere gogoan izanda horietan Balio Erantsiaren gaineko Zerga tasa desberdinetan jasanarazten dela.

Ebazpena

Kontsulta idazkian planteatutako galderari dagokionez, beharrezkoa da aurretiaz adieraztea aldatu egin direla, 2010eko uztailaren 1etik aurrerako ondoreekin, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua eta zergen arloko beste xedapen batzuk aldatu dituen urtarrilaren 26ko 1/2010 Foru Dekretu Arauemailea indarrean sartu ondoren. Hala, egun horretatik aurrera, %16ko zerga tasa orokorra 2010eko ekainaren 30era arte egon zen indarrean %18koa izatera igo da, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko (BEZFA) 90. artikuluaren idazkuntza berrian xedatzen den bezala; hain zuzen ere, honako hau dio data horretatik aurrera aplikagarria de lege horrek: "Bat. Aplikatuko den zerga-tasa % 18 izango da, hurrengo artikuluan xedatzen diren kasuetan izan ezik. Bi. Eragiketa bakoitzean aplikagarri den zerga-tasa sortzapenaren unean indarrean dagoena izango da. (...)".

Bestalde, %7ko zerga tasa murriztua ere %8ra igo zen 2010eko uztailaren 1etik, urtarrilaren 26ko 1/2010 Foru Dekretu Arauemaile berbera aplikatuz; izan ere, haren 1. artikuluko 2. idatz-zatiak aldatu egin zuen BEZFAko 91. artikulua. BEZFAko 90. artikuluko Bi idatz-zatian beren-beregi adierazten den bezala, eragiketa bakoitzari aplikagarri zaion zerga tasa (%16-18koa edo %7-8koa) zerga sortzen den unean indarrean dagoena izan behar da.

Era berean, kontuan hartu behar da 2010eko apirilaren 14an Bizkaian apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemailea jarri zela indarrean; Foru Dekretu horren bitartez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatu zen eta aldakuntza nagusietako bat birgaikuntzari buruzkoa da. Halaber, Foru Dekretu Arauemaile hau indarrean sartzean aldaketa bat egon zen BEZFAko 91.Bat.2.15 artikuluan ezarritako tasa murriztuaren aplikazioan. Ordutik aurrera eraikinak edo etxebizitzarako erabiltzen diren eraikin zatiak birgaitu edo berritzeko lan guztietan (ez soilik igeltserotza lanetan) aplikatuko zen tasa hori, baldin eta eragiketa horietarako ezarritako baldintzak betetzen bazituzten eta 2010eko apirilaren 14aren eta 2012ko abenduaren 31ren artean sortzen baziren (ondoren, indarraldi mugagabea eman zitzaion neurri honi).

Aurrekoa argitu ostean, galderan planteatutako obrei dagokien zerga aztertu behar da.

1. 2010EKO APIRILAREN 14A BAINO LEHEN SORTUTAKO ERAGIKETAK

1.1) BIRGAIKUNTZA:

Kontsulta idazkian planteatutako gaiari dagokionez, BEZFAko 91. artikuluak honako hau ezartzen du 2010eko apirilaren 10a baino lehen aplikatu beharreko idazkuntzan: "Bat. Ondoko jarduera hauei aplikatuko zaie % 7ko tasa: (...) 3.- Ondoko eragiketa hauek: 1. Sustatzailearen eta kontratistaren artean zuzenean egiten diren obra-egikaritzeak, materiala ekarrita zein ekarri gabe, baldin eta xedea batez ere etxebizitzak egongo diren eraikinak edo haien atalak (haien barnean diren lokal, eranskin, garaje, instalazio eta zerbitzu osagarriak barne) eraikitzea edo birgaitzea bada. Batez ere etxebizitzak egongo den eraikintzat hartuko dira eraikitzen den azaleraren %50 horretarako duten etxebizitzak. (...)".

Horren harira, BEZFA beraren 20.1.22. artikuluak birgaitzearen kontzeptua definitzen du zergaren esparruan, eta hau xedatzen du: "(...) Halaber, honako Foru Arau honen ondoreetarako, eraikuntzen birgaitze-obrak dira egitura, fatxada edo estalkien finkatze eta tratamenduaren bidez eraikuntza horiek berreraikitzeko helburu nagusia dutenak eta antzeko beste batzuk, betiere birgaitze-jardueren kostu osoak eskuratze-prezioaren % 25 gainditzen badu, eskuratze hori birgaitze-obrak hasi baino bi urte lehenago egin bada, edo, bestela, eraikuntzak edo horren zati batek obren hasieran daukan merkatu-balioaren % 25 gainditzen badu. Ondorio horietarako, eskuratze-preziotik edo eraikinak merkatuan duen baliotik lurzoruari dagokion zati proportzionala kenduko da. (...)".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, BEZaren eremuan, birgaitzearen kontzeptuak bi osagai ditu, bat kuantitatiboa eta bestea kualitatiboa, eta biak batera bete behar dira obra-egikaritzeak adierazitako kalifikazioa jaso dezan. Osagai kualitatiboari dagokionez, birgaitze-obratzat hartzen dira eraikinaren egitura elementuak finkatzea edo tratatzea helburu duten lanak (egiturak, fatxadak, estalkiak, zimenduak, habeak edo antzeko elementuak). Era horretan, egin daitezkeen berregokitze, berritze, egokitze, hobetze edo konpontze lanetatik bereizten dira (hala nola, barrualdea berrantolatzea, zolatze-lanak, alikatatze-lanak, arotz-lanak, sabaiak jaistea, bai eta iturgintza, berokuntza, elektrizitate, gas, eta abarretako instalazioak ordezkatzea edo berritzea), hori egitearen zenbatekoa edozein dela ere. Egikaritze konplexuen kasuan, aipatu diren obra-motekin batera, era berean egitura-elementuen tratamendu eta finkatze lanak egiten direnetan, alegia, birgaitze izendapena nagusiki eraikinaren egitura-elementuak tratatzeko jarduerak egiten direnean bakarrik eman ahal izango da. Horrela bada, tratamendu hori obraren aurrekontu osoaren zati txiki bat baino ez bada, ezingo zaio denari birgaitze izendapena eman. Testuinguru horretan, obra konplexutzat hartzen dira, soilik edo nagusiki, eraikinaren egiturazko elementuak finkatzeko edo tratatzeko obrak, horien kostuaren % 50 baino gehiago horrelako jarduerei dagokienean.

Osagai kuantitatiboari dagokionez, obraren kostua eraikuntza eskuratzeko prezioaren % 25 baino handiagoa izan behar da, aipatutako eraikuntza hori obrak hasi aurreko bi urteko epearen barruan eskuratu bada, edo, bestela, obren kostua eraikuntzaren edo horren zati baten balioaren % 25 baino handiagoa izan beharko da, birgaitzen hasi baino lehen (aipatutako obrak hasteko unean). Merkatuko balioa hau izango da: merkatuko ohiko egoeran, hirugarren independente batekin egindako kostu bidezko eskualdatzean hitzartuko litzatekeen prezioa. Ondorio horietarako, eskuratze-preziotik eta merkatuko baliotik lurzoruari dagokion zati proportzionala kenduko da. Era berean, hau adierazi behar da: eraikuntzaren zatia, helburua edozein izanda ere (etxebizitza, saltokia, etab.), birgaitze-jarduera partzialak egin ahal zaizkiona da, eraikinaren gainerako zatiarekiko erabilera autonomoa ahalbidetzen duelako, izaera propio objektiboa edukitzeagatik. Beraz, ondore horietarako, ez dira eraikuntzaren "zatiak" izango berrikuntza- edo birgaitze-jarduerak dituzten eraikuntza-elementuak (fatxadak, sabaiak, egiturak, etab.).

Beraz, eginiko obrak birgaitze-obrak diren eta zerga-tasa murriztua dagokien zehazteko, bi faseko azterketa egin behar da:

1.) Ikuspuntu kualitatibotik birgaitze-obrak diren zehaztu behar da. Horrela izango da, obren kostu osoaren % 50 baino gehiago eraikuntzako egitura-elementuak finkatu edo tratatzeko lanei badagokie (egiturak, estalkiak, fatxadak, etab.); eta2.) Aurreko betekizuna betetzen bada, elementu kuantitatiboa aztertu behar da, hau da, obren zenbateko osoak eskuratze-prezioaren % 25 gainditzen badu edo birgaitzearen aurretik eraikuntzak duen balioaren % 25 gainditzen badu, lurzoruari dagokion zenbatekoa kenduta.

1.2) IGELTSEROTZA:

Adierazitako guztia oinarri hartuta obrak ezin badira birgaitze-obra gisa kalifikatu, bidezkoa da BEZFAren 91.1.2.15. artikuluan xedatutakoa kontuan hartzea. Horren arabera: "Bat. Ondoko jarduera hauei aplikatuko zaie % 7ko tasa: (...) 2. Ondoko zerbitzugintza hauek: (...) 15. Etxebizitza-eraikinetan edo haien ataletan egiten diren igeltserotzako obrak, ondoko beharkizunak betetzen direnean: a) Hartzailea pertsona fisikoa izatea, enpresari edo profesional gisa ez aritzea, eta etxebizitza beretzat erabiltzea. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, zenbaki honetan daude jabeen erkidegoei egiten zaizkien obrak ere. b) Obrak egiten diren etxebizitzaren eraikuntza- edo birgaitze-obrak obra haiek hasi baino bi urte lehenago amaituta egotea. c) Obrak egiten dituen pertsonak obrak burutzeko materialik ez ekartzea, edo, ekartzen baditu, haien kostua ez izatea eragiketaren zerga-oinarriaren % 20 baino gehiago. (...)".

Hau eskatzen du BEZFAren 91.1.2.15. artikuluak etxebizitzetara bideraturiko erakinetan edo eraikin horietako zati batzuetan egindako igeltserotzako obra-egikaritzei dagokien % 7ko tasa aplikatzeko aukerari buruz: 1) hartzailea pertsona fisikoa izatea, enpresari edo profesional gisa ez aritzea, eta etxebizitza beretzat erabiltzea; 2) eraikuntza edo birgaitzea obrak hasi baino bi urte lehenago amaituta egotea; 3) obrak egiten dituen pertsonak obrak burutzeko materialik ez ekartzea, edo, ekartzen baditu, haien kostua ez izatea eragiketaren zerga-oinarriaren %20 baino gehiago.

Ondorio horietarako, zerga-antolamenduan "igeltserotza" terminoaren inolako definiziorik agertzen ez dela kontuan hartuta, "Real Academia Espaņolaren" hiztegian jasotzen den esanahia hartuko da, eta haren arabera hau da "igeltserotza": "kasuaren arabera eraikinak edo obrak eraikitzeko adreilua, harria, karea, harea, igeltsua, zementua edo bestelako antzeko materialak erabiltzen dituen artea". Halaber, Zuzendaritza Nagusi honen iritziz, galdetzen den tasa murriztu hori aplikatu ahal izateko, enpresaburuak edo igeltserotza lanak egiten dituen profesionalak "emandako material" moduan hartu behar dira eraikinari zuzenean edo aldaketaren bat egin ostean erantsita dauden gauzazko ondasun guztiak (hala nola: adreilua, harriak, karea, harea, igeltsua eta igeltserotzaren definizioan aipatzen diren antzeko beste elementu batzuk). Horrenbestez, ez dira "emandako material" moduan hartuko obra egiten duen enpresaburuaren ekoizbideak erabiltzen dituzten baina higiezinari eransten ez zaizkien ondasunak (hala nola: makinak, tresnak, etab.). Zehazki, ez dira "emandako material" moduan hartuko obra egiten duen enpresaburuak jarritako aldamioak.

Horregatik guztiagatik, aurreko atalean azaldutako baldintzetan ematen den birgaitze-obra ez bada, % 7ko tipo murriztua soilik "igeltserotza" obretan aplikatu ahal izango litzateke, objektiboki horrela ikusita, betiere, horrez gain, BEZFAko 91.1.2.15 artikuluan adierazitako eskakizunak beteko balira; aipatutako modu horretan hartzen ez diren obrak burutzea % 16ko tipo orokor gisa ordaindu beharko lirateke (esaterako iturgintza-lanak, pintura-lanak, etab.)

Ildo honetatik, BEZFAko 79. artikuluaren Bi idatz-zatian hauxe ezarri da: "Bi. Eragiketa berean eta prezio bakarrez zenbait ondasun-emate edo zerbitzu-mota egiten direnean, enpresa-ondare bat oso-osoan edo haren zati bat eskualdatzeko balizkoak ere barne, bakoitzari dagokion zerga-oinarria ematen diren ondasun edo egiten diren zerbitzuen merkatuko balioaren heinean ezarriko da. Aurreko lerroaldean xedatu dena ez da aplikatuko aipatutako ondasun edo zerbitzuak Zergari lotzen zaion prestazio nagusiaren prestazio osagarrien gaia direnean". Beraz, prezio bakarrean zerga tasa desberdineko zerbitzu desberdinak ematen direnean eta horiek elkarren osagarriak ez direnean, zerbitzu bakoitzaren zerga oinarria zehazteko, kobratutako prezio bakarra guztien artean banatuko da, merkatuan dituzten balioen araberako proportzioan. Zerga oinarri horri prestazio bakoitzari dagokion karga aplikatuko zaio (% 7 aztertu diren baldintzak betetzen dituzten igeltserotzako obra-burutzapenei, eta % 16 gainerako obra-burutzapenei).

Aurreko paragrafoan jasotako ondorioari dagokionez, beharrezkoa da gauza batzuk zehaztea aldamioei dagokien zenbatekoaren arloan. Ondorio horietarako, aintzat hartu behar da Europako Erkidegoen Justizia Auzitegiak 1999ko otsailaren 25ean emandako epaiak adierazitakoa (Gaia: C-349/96), zenbait elementuk osatutako eragiketa bat prestazio bakar gisa noiz ulertu behar den, edo zergak ordaintzeko modu bereizian antolatu beharreko prestazio desberdinetan banandu behar ote den azaltzeko.

Izan ere, EEJAren epai horrek hauxe ezarri du: "27. Lehenbizi gogoratu behar da eragiketa bat luzatzeko kontuak garrantzi berezia duela BEZaren ikuspegitik, bai zerbitzuen prestazioak ematen diren tokia zehazteko, bai zerga tasa aplikatzeko edo, kasu honetan bezala, Seigarren Zuzentarauan salbuespenari buruz ezartzen diren xedapenak aplikatzeko. Gainera, merkataritzako transakzioak anitzak direnez, ezin da kasu guztietan arazoari behar bezala heltzeko moduari buruzko erantzun zehatza eman. 28. Hala ere, Justizia Auzitegiak jatetxe baten ustiapenaren kalifikazioari buruz 1996ko maiatzaren 2an emandako epaian adierazi zuenez, Faabor-Gelting Limen (C-231/94, Rec, I.2395 or.), 12-14. idatz-zatiak, auzitan jarritako eragiketa elementu eta ekintza multzo batek osatuta badago, kasuan kasuko eragiketaren inguruabar guztiak hartu behar dira aintzat lehenbizi. 29. Horri dagokionez, inguruabar bi ematen dira kasu honetan: batetik, Seigarren Zuzentarauko 2. artikuluaren 1. idatz-zatiaren arabera zerbitzuaren prestazio bakoitza normalean ezberdin eta independente moduan hartu behar da; eta, bestetik, alderdi ekonomikotik zerbitzu bakarra duen prestazioa ez da modu artifizialean banatu behar BEZaren sistemaren funtzionaltasuna ez aldatzeko. Bada, inguruabar bi horiek kontuan hartuta, garrantzitsua da eztabaidatzen ari den eragiketaren elementu bereizgarriak bilatzea eta gero zehaztea subjektu pasiboak prestazio nagusi bat baino gehiago edo prestazio bakarra egiten duen kontsumitzailearentzat (tarteko kontsumitzailearentzat). 30. Prestazio bakarra egin da, bereziki autoen kasuan, elementu batek edo gehiagok osatzen baitute prestazio nagusia; bestalde, elementu bat edo gehiago prestazio osagarri bat edo gehiago bezala hartu behar dira, prestazio nagusiaren zerga tratu bera dutenak. Prestazio bat prestazio nagusi baten osagarri gisa hartu behar da bezeroentzat berez xedea ez denean, hau da, egilearen zerbitzu nagusiari ahalik eta baldintzarik onenetan probetxua ateratzeko bitartekoa denean (1998ko urriaren 22ko epaia, Madgett eta Baldwin, C-308/96 eta C-94/97 pilatutako gaiak, Rec. p. I-0000, 24. idatz-zatia). Orduan, prezio bakarra fakturatzea ez da oso garrantzitsua. Egia da egileak elementu bat baino gehiago duen zerbitzua ematen dienean bezeroei prezio bakarra ordainduta, honek prestazio bakarraren alde egin dezakeela. Baina prezio bakarra izan arren, epai honen 7-10 idatz-zatien artean deskribatutako inguruabarren arabera, bezeroek prestazio ezberdin bi erosten badituzte (aseguru prestazioa eta txartelak erregistratzeko zerbitzu-prestazioa) aseguru prestazioaren prezio bakarrari dagokion zatia bereizi beharko litzateke, hau salbuetsita geratzen baita. Horretarako kalkulu edo hautemate metodo errazena erabili behar da (horretarako, ikus Madgett eta Baldwinen epaia, lehenago aipatutakoa, 45. eta 46. atalak)."

EEJAk ezarritako irizpideak betez, Zuzendaritza Nagusi honek uste du igeltserotza lanak xedetzat dituzten kontratuetan kontratistak aldamioen eta bestelakoen kontzeptuan zenbateko bat sartzen badu aurrekontuan eta fakturan (partida bereizi moduan, irizpide jakin batzuen arabera: erabilitako elementuak, materialak, eskulana, etab.; edo lan horien atalak edo faseak, zulatzea, zarpiatzea, etab.) horrek ez duela nahitaez ekarriko Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako guztira jasoko duen zenbatekoa banakatzean ateratzen den kontzeptu kopurua besteko eragiketak egin behar direnik. Kontratuaren xedea bada bezeroarentzat igeltserotza lanak egitea, eragiketa bakarra egingo da eta horren zerga oinarria adostutako kontraprestazioaren zenbateko osoa izango da, BEZFAko 78. artikuluan ezarritakoa betez; kasu horretan ez da kontuan izango kontraprestazioa kontzeptu ezberdinetan banakotu edo zatitu den arestian aipatutako irizpideen arabera. Beraz, kasu honetan, eragiketaren zerga-oinarri bakarrean sartuko da enpresaburuak aldamioak erabiltzeko kontzeptuan aurrekontuan sartzen duen eta fakturatzen duen zenbatekoa. Oinarri bakar horri % 7ko tasa murriztua aplikatuko zaio, BEZFAko 91. artikuluaren Bat idatz-zatiko 2.15 puntuan ezarritako baldintzak betetzen badira, edo % 16ko tasa orokorra aplikatuko zaio aipatutako baldintzak betetzen ez badira.

Beste alde batetik, enpresaburu batek, galderan aipatzen den tasa murriztua aplikatu ahal zaien igeltserotza lanak egiteaz gainera zerga orokorra aplikatu behar zaien beste obra-burutzapen batzuk ere egiten baditu (adibidez: margotze, arotzeria, insonorizazio eta berokuntza lanak), eta adostutako kontraprestazioaren kontzeptuetako batek bi burutzapen horiek ukitzen baditu (hori gertatuko da, adibidez, aldamio edo segurtasun neurri berberak erabiltzen badira besteak beste igeltserotza eta iturgintza lanetarako), enpresaburuak kontzeptu horretan (aldamioak) ezarritako kopurua bi atali egotzi behar die: batetik, igeltserotza lanei dagokien kontraprestazioari eta, bestetik, gainerako obra-burutzapenei (iturgintza lanak eta abar) dagokien kontraprestazioari. Egozketa hori egitean, hala ere, egindako lanen ezaugarrietan oinarritzen diren irizpide objektiboak hartuko dira aintzat (hala nola, garrantzi erlatiboa, aldamioa benetan zenbat denborarako erabili den bakoitzean, etab.).

2. 2010EKO APIRILAREN 14AREN ONDOREN SORTUTAKO ERAGIKETAK

2.1 BIRGAIKUNTZA.

2010eko apirilaren 14an Bizkaian apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemailea jarri zen indarrean; Foru Dekretu horren bitartez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatu zen.

Apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemaile horretan jasotako aldaketetako batek Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako birgaikuntzaren kontzeptuari egiten dio erreferentzia, hain zuzen ere. Hortaz, indarrean jarri ondoren (esan bezala, 2010eko apirilaren 14an), 20.1.22 artikuluak hau xedatzen du. "22. (...) B) Foru arau honen ondoreetarako, ondoko betekizunak betetzen dituzten obrak hartuko dira birgaikuntzako obrak: 1. Obren xede nagusia eraikin bat birdoitzea izan behar da; hau betetzat jotzeko birgaikuntza proiektuaren guztirako kostuaren 100eko 50 egitura-elementuak, fatxadak edo estalkiak sendotzeko edo tratatzeko obrek eta birgaikuntzakoen antzeko obrek edo haiekin lotutakoek eragin behar dute. 2. Proiektuko obren guztirako kostua ondoko bi zenbateko baten 100eko 25 baino handiagoa izan behar da: eraikinaren eskuraketa-prezioa, eskuraketa obrak hasi aurreko bi urteetan egin bada; gainerako kasuetan, obrei ekitean eraikinak edo haren zatiak merkatuan eduki duen balioa. Horren ondoreetarako, eskuraketa-preziotik edo eraikinak merkatuan duen baliotik lurzoruari dagokion zati proportzionala kenduko da. Ondorio horietarako, eskuratze-preziotik edo eraikinak merkatuan duen baliotik lurzoruari dagokion zati proportzionala kenduko da. Ondokoak dira birgaikuntzakoen antzeko obrak: a) Eraikinaren egitura egokitzeko egiten direnak, hau da, eraikinaren segurtasuna, egonkortasuna eta erresistentzia mekanikoa finkatzeko egiten direnak. b) Zimenduak sendotzeko edo egokitzeko egiten direnak, eta pilareak eta forjatuak tratatzeko egiten direnak. c) Eraikitako azalera sestra gainean eta sestrapean handitzeko egiten direnak. d) Fatxadak eta barruko patioak berreraikitzeko egiten direnak. e) Igogailuak instalatzeko obrak, are oztopo arkitektonikoak ezabatzeko, ezinduen onurarako, egiten direnak ere. Ondoren azalduko diren obrak birgaikuntzakoekin lotutzat joko dira, baldin eta beraien guztirako kostua egitura elementuak, fatxadak edo estalkiak sendotzeko edo tratatzeko obrek eta, eginez gero, antzekotzat jotako obrek eragindako kostua baino gutxiago bada, haiekin ezinbestean lotuta badaude eta beraien xedea ez bada eraikina akabatzea edo apaintzea, ez fatxada mantentzea ez pintatzea. a) Igeltserotza, iturgintza eta zurgintza obrak. b) Itxiturak, instalazio elektrikoak, uraren instalazioa, girotze instalazioa eta suteen aurkako babesa hobetzeko egiten diren obrak. c) Birgaikuntza energetikorako obrak. Ondokoak dira birgaikuntza energetikorako obrak: eraikinen portaera energetikoa egiten direnak, hau da, eskari energetikoa murrizteko, berokuntzako sistema eta instalazioen errendimendua hobetzeko edo energia-iturri berriztagarridun ekipoak sartzeko egiten direnak."

Horren ondorioz, obra batzuk birgaikuntza lan gisa har daitezkeen edo ez zehazteko,bi faseetako azterketa egin behar da

1) Esan bezala, ikuspuntu kualitatibotik berretsi behar da birgaikuntza lanak direla, hau da, lanen kostuaren, guztira, ehuneko 50 baino gehiago egitura, fatxada edo estalkien elementuak tratatzeko edo finkatzeko lanak direnenean, edo birgaikuntzaren lan analogoekin edo horrekin lotutako lanak direnean, BEZFAren 20.1.22 artikuluaren idazketa berrian finkatutakoaren haritik. Horretarako, birgaikuntza ondoko lan gisa ulertzen dira egitura elementuak finkatzeko edo lantzeko lanetatik eratorritako kostua baino kostu txikiagoa dutenak, edo hala izanez gero, horien lan analogoena, betiere bereizi ezin den moduan lotuta daudenean eta eraikina apaintzeko edo bukatzea baino gehiago denean, edo fatxada margotzea edo fatxadaren mantentze-lan hutsa ez denean. Bestalde, 2010eko apirilaren 14tik igogailuak jartzeari dagozkion obrak dira birgaikuntza-obren antzeko obrak, barrera arkitektonikoak gainditzekoak barne ezinduek erabil ditzaten.2) Aurreko eskakizuna betetzen bada, kantitatearen elementuari erreparatu behar zaio, hau da, proiektuak aipatzen dituen lanen zenbatekoa guztira eraikina birgaitu baino lehenagoko balioaren edo eskuraketa prezioaren % 25 baino gehiagokoa denean, lurzoruari dagokion zenbatekoa alde batera utzita.

Aipatutako kasua horrelakoa ez dela ematen duen arren, apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemailea indarrean sartu ondoren, aipatutako lanak birgaikuntza lantzat hartu ziren, BEZFAren 20.1.22 artikuluaren idazketa berriaren haritik, aipatutako apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemailearen hirugarren xedapen iragankorrak finkatzen duenari erreparatu behar zaio, horren arabera: "Hirugarrena. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 20.bat.22 artikuluaren testu berriaren ondoriozko araubide iragankorra. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 20.bat.22 artikuluaren testu berria irizpide hauen arabera aplikatuko da: 1. Birdoikuntzaren kontzeptua (Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauko 20.bat.22 artikuluko B) atalean zehaztu den bezala) lehen ematetzat hartzen diren eraikinen (edo eraikin atalen) emateei aplikatu ahal izango zaie, baldin eta, Foru Arauko 75.bat.1. artikuluan xedatutakoaren arabera, foru dekretu arauemaile hau ondoreak sortzen hasten denetik aurrera gertatzen badira (honetan ez dute inolako eraginik egun hori baino lehen egindako ordainketa aurreratuek, erabatekoek zein partzialek) 2. Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arau Arauemailearen 91.bat.3.1 artikuluan ezarritako zerga tasa murriztua ondoko kasuan aplikatu ahal izango zaie birgaikuntza obratzat hartzen diren obrei: obrengatik ordaindu beharreko zerga, Foru Arauaren 75.bat artikuluan ezarritako irizpideen arabera, foru dekretu arauemaile hori ondoreak izaten hasiz gero sortzen bada (honetan ez dute inolako eraginik egun hori baino lehen egindako ordainketa aurreratuek, erabatekoek zein partzialek). Subjektu pasiboek jasanarazitako kuotetatik aurreratutako ordainketei dagozkienak zuzendu beharko dituzte, hain zuzen ere foru dekretu arauemaile hau ondoreak sortzen hasi aurretik (aurreko lau urteetan) kobratutakoei dagozkienak. 3. Aurreko 1. zenbakian aipatutako emateak egiten dituzten enpresaburuek eta profesionalek oso-osorik kendu ahal izango dituzte birgaikuntzan erabilitako ondasunengatik eta zerbitzuengatik jasandako edo ordaindutako kuotak. Horretarako, kuota horiek kentzeko eskubidea foru dekretu arauemaile hau ondoreak sortzen hasten den egunean sortuko da. Kuotak lehendik kenduta badaude, are zati bat baizik ez bada ere, enpresaburuek eta profesionalek egindako kenkariak erregularizatu beharko dituzte 2010eko azken likidazioaldiko autolikidazioan.

Horren guztiaren arabera, birgaikuntza obra bihurtu ziren lanak, aurretik izaera hori izan gabe, BEZFAko 91.Bat.3.1 artikuluko tasa murriztuaren pean gelditu ziren, lan horien zerga 2010eko apirilaren 14tik aurrera sortu zen kasuetan, BEZFAko 75.Bat artikuluan ezarritako irizpideen arabera, ordainketa aurreratu osoak edo partzialak egin arren data horren aurretik. Zehazki, BEZFAko 75. artikulu horretan hauxe ezarri da: "Bat. Zerga ondoko kasuetan sortzen da: 1. Ondasun-emateetan, eskuratzailearen esku jartzen direnean edo aplika dakiekeen legeriaren arabera gertatzen direnean. (...) 2. Zerbitzugintzetan, kargapeko eragiketak eman, burutu edo gauzatzen direnean. ( ) Aurreko paragrafoetan xedatutakoak badauka salbuespen bat: material ekarpenak behar dituzten lan-burutzapenetan, ondasunak lanaren jabearen esku jartzen diren unean sortuko da. (...)".

2.2 ERAIKINAK BERRITZEA ETA KONPONTZEA.

Horrez gain, aipatutako apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemaileak BEZFAren 91.1.2.15 artikulua berriz idatzi zuen (orain arte igeltserotza lanei dagokien tasa murriztuari buruzkoa), 2010eko apirilaren 14tik 2012ko abenduaren 31 arte tasa murriztu hori aplikatu ahal izateko ez soilik eraikinetan edo etxebizitza gisa erabiltzeko egindako igeltserotza lanei, baizik eta higiezin mota horiek edo horien zati bat konpontzeko eta berritzeko egindako edozein lani ere. Gainera, kontratugileak eman ditzakeen materialen kostuaren gehienezko muga handitu egin zen % 20tik % 33ra. Hala, apirilaren 27ko 3/2010 Foru Dekretu Arauemaileko lehen xedapen iragankorrak honako hau dio: "Zerga tasa txikitua aplikatzea etxebizitza gisa erabiliko diren eraikinak edo haien zatiak berriztatzeko eta konpontzeko obrei, betekizun jakin batzuk betez gero. 91. artikuluko bat.2 idatz-zatiko 15. zenbakia aldatu da eta honela geratu da (aldaketak 2010eko apirilaren 14tik aurrera sortuko ditu ondoreak eta 2012ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean): "15. Etxebizitza-eraikinak edo haien atalak berriztatzeko eta konpontzeko egiten diren obrak, ondokoak betez gero: a) Hartzailea pertsona fisikoa izatea, enpresari edo profesional gisa ez aritzea, eta etxebizitza beretzat erabiltzea. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, zenbaki honetan sartzen dira jabeen erkidegoei egiten zaizkien obrak. b) Obrak egiten diren etxebizitzaren eraikuntza- edo birgaitze-lanak obra berriak hasi baino bi urte lehenago amaituta egon behar dira. c) Obrak egiten dituen pertsonak ez du ekarri behar materialik obrak burutzeko; ekartzen baditu, haien kostua ezin da izan eragiketaren zerga-oinarriaren 100eko 33 baino gehiago"

Horren ondorioz, BEZFAren 91.1.2.15 artikuluan finkatutako tasa murriztua (% 7koa 2010eko ekainaren 30era arte, % 8koa urte horretako uztailaren 1etik aurrera) etxebizitza gisa erabiliko diren eraikinak edo eraikin horien zatiak konpontzeko eta berritzeko lan guztiei aplikatuko zaie (ez soilik igeltserotza kasuetan), eragiketa horietarako finkatutako eskakizunak betetzen badira eta aipatutako bi daten artean sortu badira (2010eko apirilaren 14tik 2012ko abenduaren 31ra arte).

Laburbilduz, hauek dira zergak % 7ko tasa murriztuan (edo % 8an) ordaindu beharko dituzten etxebizitza konponketa eta berriketa lanak (ez soilik igeltserotzakoak, beste edozein izaeradunak ere) burutzeko denbora tarte horretan eskatzen diren baldintzak: 1) obren jasotzailea jabeen erkidego bat edo enpresaburu edo profesional gisa ez diharduen pertsona fisiko bat izatea, eta lanak jasoko dituen etxebizitza haren erabilera partikularrerako izatea; 2) lanak jasoko dituen etxebizitzaren eraikuntza edo birgaikuntza amaituta egotea lan horiek hasi baino gutxienez bi urte lehenagotik; eta 3) lanak egingo dituen pertsonak lana burutzeko materialik ez ekartzea, edo, ekartzen baditu, kostua ez dadila izan eragiketaren zerga-oinarriaren 100eko 33 baino gehiagokoa.

Hortik ondoriozta daiteke legedi aldaketa horrek berrikuntza hauek ekarri zituela: 1) tasa murriztua aplikatzea etxebizitzen konponketa edo berrikuntza lan guztiei hedatu dela, ez soilik igeltserotza lanei; eta 2) tasa murriztu hori aplikatu ahal izateko, lanak burutuko dituen pertsonak emango dituen materialen kostua lan horien prezio osoaren % 33 baino gehiagokoa ez izatea eskatzen da; lehenago muga hori % 20koa zen

Kontsultan aipatutako lanen burutzapenen Balio Erantsiaren gaineko Zergaren sortzapenari dagokionez, lehenago esan dugun bezala, BEZFAko 75. artikuluak hau zehazten du: "Bat. Zerga ondoko kasuetan sortzen da: 1. Ondasun-emateetan, eskuratzailearen esku jartzen direnean edo aplika dakiekeen legeriaren arabera gertatzen direnean. (...) 2. Zerbitzuak ematean, kargapeko eragiketak eman, burutu edo gauzatzen direnean. ( ) Aurreko paragrafoetan xedatutakoak badauka salbuespen bat: material ekarpenak behar dituzten lan-burutzapenetan, ondasunak lanaren jabearen esku jartzen diren unean sortuko da. (...) Bi. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, zerga egitatea gauzatu baino lehenagoko ordainketa aurreratuak sortzen dituzten eragiketa kargagarrietan, benetan hartzen den zenbatekoengatiko prezioaren guztizko edo zatikako kobrantzaren unean izango du Zergak sortzapena. (...)".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, materialak ematen diren obren kasuetan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eragiketen jasotzailea jabe bihurtzen den unean sortuko da. Hau da, ondasun baten jabeari dagozkion gaitasun guztiak bereganatzen dituenean, une horretan ulertzen baita obraren emaitza bere eskuetan jarri dela. Hori guztia, aurretiazko ordainketak egiten badira salbu; kasu horretan, ordainketa bakoitzari dagokion zerga kontratistak horrela modu zuzenean jasotzen duen unean sortuko da.

Horren ondorioz, galderan aipatutako obren burutzapen guztiek % 7ko tasa murriztua ordainduko dute (igeltserotzakoak zein pintura eta iturgintzakoak), baldin eta. a) 2010eko apirilaren 14tik aurrera sortu badira; b) etxebizitza eraikitzea edo birgaitzea gutxienez bi urte lehenago bukatu bada, eta c) obrak burutuko dituenak ez du emango obra burutzapenen prezio osoaren % 33 baino gehiagoko zenbatekoa balio duen materialik.

2010eko apirilaren 14a baino lehenago sortutako lanen burutzapenek (data horren aurretik ordaindutako zenbatekoak barne), ez dute atal honetan aztertutako araudi aldaketaren eraginik jasoko. Hortaz, birgaikuntza kasu bat ez denez, atal honetako 1.2 atalean adierazitakoa aplikatu ahal izango da.

Azkenik, esan beharra dago 2010eko uztailaren 1etik aurrera sortuko diren eragiketetan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasa orokorra %16tik %18ra igo dela, eta galderan aipatutako tasa murriztua, ostera, % 7tik % 8ra

Bestalde, kontsultatu diren eragiketen fakturazioari dagokionez, fakturazio betebeharrak arautzen dituen apirilaren 6ko 57/2004 Foru Dekretuko 6. artikuluak (galdetu den obraren betearazpenaren datan indarrean dagoena) honakoa dio: "1. Fakturek eta fakturen kopiek ondoren aipatuko diren datuak eduki behar dituzte eta ondoko baldintzak bete behar dituzte beti (horiez gainera baliteke beste datu eta baldintza batzuk ere beharrezkoak izatea beste ondorio batzuetarako, eta bestelako aipamenak sartu behar izatea): (.) f) Eragiketen deskripzioa. Eragiketen zerga-oinarria zehazteko behar diren datu guztiak jarriko dira (Zergari buruzko Foru Arauko 78 eta 79. artikuluetan zerga-oinarriaz dagoen definizioari jarraituz), eta zenbatekoa ere bai, unitate bakoitzaren prezioa sartuta, Zergarik gabe, baita unitate bakoitzaren prezioan sartuta ez dauden deskontu edo beherapen guztiak ere. (...)".

Ondorioz, ondasun entregak eta zerbitzu prestazioak dokumentatzen dituzten ordainagirietan agertu beharko dira eragiketa horien zerga oinarria zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak, unitate prezioa bera barne. Hala ere, Zuzendaritza Nagusi honek ez dauka eskumenik kontsultagileak aurkeztu dituen dokumentuetan agertzen diren datuen zehaztasuna egiaztatzeko zerga kontsulten bidez. Halaber, ez dauka eskumenik, logikoa den bezala, kontsultagileari jakinarazteko ea enpresa kontratistak obra betearazpen horiek aitortu dituen ala ez.

Kontsulta honen erantzunak argibideak ematen ditu besterik gabe; ez da loteslea Bizkaiko Foru Ogasunarentzat, ez dituelako betetzen Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 10eko 2/2005eko Foru Arau Orokorreko 85. eta 86. artikuluetan horretarako eskatutako baldintzak. Zehazki, legez aldi horietako autolikidazioak borondatez aurkezteko ezarritako borondatezko epea amaitu ondoren aurkeztu delako.

Araua

Azaroaren 9ko 90/1994 Foru Arauko 20, 79, 90 eta 91. artikuluak.Apirilaren 27eko 3/2010 Foru Dekretuko hirugarren xedapen iragankorra.Apirilaren 6ko 57/2004 Foru Dekretuko 6. artikulua.

Itzuli