25.09.2014
Desgaitu baten BGAErako ekarpenak baterako tributazioan
Kontsulta-egilea eta bere emaztea irabazpidezkoen araubidean ezkondu ziren. Beren semeak % 33ko desgaitasun psikikoa dauka, eta BGAE bateko bazkidea eta onuradun bakar eta ezeztaezina da edozein kontingentziatarako 2011ko abendutik. Kontsulta egin duenak eta bere ezkontideak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren baterako aitorpena aurkezten dute urtero, baina gizona da lan-etekinak eskuratzen dituen bakarra. Testuinguru horretan urtean 8.000 €-ko ekarpena egin nahi dio semea bazkide duen BGAEri.Jakin nahi du zein gogoeta hartu behar duen kontuan seme desgaituaren BGAErako ekarpenak egiteko orduan, haren ekarpen pertsonaltzat jotzeko eta, beraz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarritik osorik murriztu ahal izateko, baterako aitorpena aurkeztea hautatzen duen alde batera utzita.
Idazkian egindako galderari dagokionez, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 72. artikulua: "1. Zerga-oinarri orokorrean murrizketa egin daiteke foru arau honetako 70. artikuluan aipatzen diren gizarte-aurreikuspeneko sistemei ekarpenak egiteagatik desgaitasuna duten pertsonen alde. Hain zuzen ere, hiru motatako pertsonen alde egin daitezke ekarpenok: batetik, %65 edo handiagoa den minusbaliotasun fisiko edo sentsoriala duten pertsonen alde; bestetik, %33 edo handiagoa den minusbaliotasun psikikoa duten pertsonen alde; eta, azkenik, gradua kontuan hartu gabe, Kode Zibilean jasotako kausak direla medio, epaileak deklaratutako ezintasuna duten pertsonen alde. Murrizketa horiek guztiek gehieneko muga hau izango dute: a) Pertsona bakoitzak berarekin ahaidetasun- edo tutoretza-harremana duten pertsona desgaituen alde egindako urteko ekarpenen muga 8.000 euro izango da. Hori guztia, beren gizarte-aurreikuspeneko sistemetan beren kabuz egin ditzaketen ekarpenen kalterik gabe, foru arau honetako 71. artikuluan ezarritako mugen arabera. Ekarpenak egin ditzakete pertsona desgaituen zuzeneko nahiz zeharkako ahaideek -hirugarren mailara artekoek barne-, bai eta pertsona horien ezkontideek edo izatezko bikotekideek edo desgaitasuna duen pertsona tutoretza- edo harrera-araubidean beren kargupean hartuta dutenek ere. Kasu horietan, desgaitasuna duten pertsonak onuradun izendatu behar dira, eurak bakarrik eta modu ezeztaezinean, edozein kontingentziatarako. Dena den, desgaitasuna duen pertsonaren heriotza kontingentziak alarguntasun- edo zurztasun-prestazioak jasotzeko eskubidea sor dezake edo, bestela, desgaituaren aldeko ekarpenak egin dituzten pertsonek prestazioak jasotzeko eskubidea, azken horiek egindako ekarpenen proportzioan. b) Pertsona desgaituek eurek egindako ekarpenen urteko muga 24.250 euro da. Desgaitasuna duen pertsona beraren alde ekarpenak (desgaituaren beraren ekarpenak barne) ordaintzen dituzten pertsona guztiek egindako murrizketa guztiak ezin dira 24.250 euro baino gehiago izan urtean. Ondorio horietarako, desgaitasuna duen pertsonaren alde ekarpen batzuk batera egiten direnean, desgaituak berak egindako ekarpenak direla-eta egin beharko da murrizketa. Eta, ondoren, 24.250 euroko muga horretara iristen ez badira, beste pertsona batzuek ere murrizketa egin ahal izango dute, proportzionalki, bakoitzaren zerga-oinarri orokorrean, desgaitu horren alde egindako ekarpenak direla eta. Dena dela, desgaitasuna duen pertsona beraren alde ekarpenak egiten dituzten pertsona guztiek aplikatutako murrizketek inoiz ezingo dute 24.250 euroko muga gainditu. 1. zenbaki honetan jarritako mugak batera bete behar dira desgaituen alde eratutako gizarte-aurreikuspeneko sistema guztietarako. 2. Zerga-oinarri orokorrean ezin izan bada murrizketarik egin zerga-oinarria nahikoa ez delako edo artikulu honetako 1. zenbakiko a) letran ezarrita dagoen gehieneko muga gainditzen delako, hurrengo bost ekitaldietan egin ahal izango da zenbateko horiei dagokien murrizketa. Erregela hori ez zaie aplikatuko beren araudi finantzarioan jasotako gehieneko mugak gainditzen dituzten ekarpenei. 3. Artikulu honetan aipatzen diren ekarpenak ez daude Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren mende. 4. Desgaitasuna duten pertsonen alde eratutako gizarte-aurreikuspeneko sistemen araudian jasotakoez besteko kasuetan edo borondatezko edo ezinbesteko baja gertatu eta entitatea likidatzean prestazioak jaso eta eskubide kontsolidatuak edo eskubide ekonomikoak aurrez erabili nahi badira, foru arau honetako 70.4 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da".
PFEZFAko 72. artikuluak, kontsultako murrizpen araubidea aplikatu ahal zaien ekarpenak dauzkaten ezindutako pertsonen alde eratutako aurreikuspen sistemak zeintzuk diren azaltzeko, 70. artikulua aipatzen du. 70. artikulu horrek besteak beste BGAEei eta pentsio planei egindako ekarpenen murrizpenak arautzen ditu.
Horrez gain, PFEZFAko 67. artikuluak honako hau adierazi du: "1. Likidazio-oinarri orokorra eta aurrezkiaren likidazio-oinarria batuz lortuko da likidazio-oinarria. 2. Likidazio-oinarria lortzeko, zerga-oinarri orokorrean murrizketa hauek egin behar dira, baina hauek bakar-bakarrik, eta hurrenkera honetan: - Lehenengoa: Murrizketak konpentsazio-pentsioen eta mantenurako urtekoen ordainketagatik. - Bigarrena: Murrizketak gizarte-aurreikuspeneko sistemen alde egindako ekarpen eta kontribuzioengatik. - Hirugarrena: Murrizketak baterako tributazioagatik. Zenbaki honetan aipatzen diren murrizketak aplikatuz ezin da lortu likidazio-oinarri orokor negatiborik, ez eta likidazioa-oinarria gehitzea ere. (...)".
Horrenbestez, zergaren zerga-oinarri orokorretik murriztu ahal dira PFEZFAko 70. artikuluan garatutako gizarte aurreikuspeneko sistemei (besteak beste BGAEei eta pentsio planei) egindako ekarpenak, ezindutako pertsonen alde egindakoak, pertsona horien gorputz edo zentzumen minusbalioko gradua ehuneko 65ekoa edo handiagoa denean, adimen minusbalioko gradua ehuneko 33koa edo handiagoa denean, edo epaile batek aitortutako ezintasuna dutenean, muga hauekin:
a) Pertsona bakoitzak minusbalioa duen pertsona baten alde (baldin eta minusbalioa duen pertsona hori bere zuzeneko edo alboko ahaidea bada, hirugarren graduraino ?barne?), ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen alde, edo tutoretza edo harrera araubidean bere ardurapean dauzkan pertsonen alde egiten dituen urteko gehieneko ekarpenak, murrizketa jasoko dutenak, gehienez 8.000,00 eurokoak izango dira urtean. Hori gorabehera, hala denean, senideek ere euren ekarpenak egin ditzakete beren gizarte-aurreikuspeneko sistemetara. Zerga araubide berezi hori izateko, ekarpenak desgaitua ez den pertsona batek egiten baditu, argi eta garbi adierazi beharko da hori onuradun bakar eta ezeztaezina dela gerta daitekeen edozein kontingentziatarako (logikoa denez, desgaituaren heriotza kontingentzia gertatu ezean; izan ere, kasu horretan alarguntasun- edo zurztasun-prestazioak onartu ahalko dira, edo ekarpenak egin dituztenen aldeko prestazioak).
b) Ezindutako pertsona bazkideak edo partaideak egindako ekarpenak, murriztu ahal direnak, ezin dira izan 24.250 euro baino gehiago urtean. Ezindutako pertsonak ekarpen horiek egin dituenean eta beste senide batzuek ere haren aldeko ekarpenak egin dituztenean, lehenik eta behin ezindutako pertsonak egindako ekarpenak murriztu beharko dira. Horiek 24.250 euroko mugara iristen ez badira, beste pertsona horiek egindako ekarpenak murriztu ahalko dira beren zerga oinarrian, modu proportzionalean. Ezindutako pertsona berberaren aldeko ekarpenak (ezindutakoak egindako ekarpenak barne) egiten dituzten pertsona guztiek egindako murrizpenak, guztira, ezin dira izan 24.250 euro baino gehiago.
Ondorio horietarako, Gizarte-aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legeko hirugarren xedapen gehigarrian honako hau adierazi da: "Gizarte-aurreikuspeneko planak dituzten gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan ekarpenak egin ahal izango dira, honako hauen alde: erregelamendu bidez zehaztutako minusbaliotasun-maila duten minusbaliatu fisikoak edo sentimen-minusbaliatuak, judizialki aitortutako edozein mailako desgaitasuna dutenak. Ekarpenak desgaituak berak nahiz hirugarren mailara arteko ahaidetasun zuzena edo zeharkakoa duen batek egin ahal izango ditu, bai eta ezkontideak edo desgaitua zaintzan edo harreran bere kargura duen batek ere".
Ezindutako pertsonen alde eratzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemen aldeko ekarpenak, ekarpen horiek ezin izan direnean zerga-oinarri orokorretik murriztu, oinarria ez delako nahikoa edo ezindutakoa ez diren pertsonetako bakoitzaren 8.000,00 euroko gehieneko murrizpen-muga kuantitatiboa gainditzen delako, hurrengo bost ekitaldietan murriztu ahalko da zerga-oinarritik. Arau hau ez zaie aplikatuko berariazko finantza-arautegian ezarritako gehieneko mugak gainditzen dituzten ekarpenei. Aplikatzeke dauden zenbatekoak, hurrengo ekitaldietan murrizten badira, beraiei dagozkien murrizpen-mugen barruan zenbatuko dira.
Era berean, PFEZFAk zehazten du hirugarrenek desgaitutako pertsonen alde egiten dituzten ekarpenak, lege testu horretako 72. artikuluan ezarritako terminoetan, ez daudela zergapetuta Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergan.
Horrez gain, baterako tributazioari dagokionez, PFEZFAko 99. artikuluak honako hau xedatu du: "1. Zergadunen errenta, zerga-oinarria, likidazio-oinarria eta zerga-zorra kalkulatzeko zerga honetan jasota dauden arau orokorrak aplikatu ahal izango dira baterako tributazioan, artikulu honetan ezartzen diren berezitasunekin. 2. Banakako tributaziorako finkatutako zenbateko eta muga kuantitatiboak neurri berean aplikatuko dira baterako tributazioan, familia-unitateko kide kopuruaren arabera handitu edo biderkatu gabe. Aurreko lerroaldean ezarritakoa gorabehera: (...) c) Foru arau honetako 71. eta 72. artikuluetan nahiz zortzigarren xedapen gehigarrian jasota dauden zerga-oinarri orokorra murrizteko gehieneko mugak banaka aplikatuko ditu familia-unitatean sartutako partaide, mutualista, aseguratu edo bazkide bakoitzak. Era berean, foru arau honetako 67. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, kontuan hartuko da zerga-oinarrian zer proportzio dagokion zergadun bakoitzari. (...) 3. Baterako tributazioa hautatuz gero, familia-unitate bateko pertsona fisikoek lortutako errenta guztiak batera zergapetuko dira, edozein motatakoak direla ere. (...)".
Azken arau hori irakurtzetik ondoriozta daiteke baterako tributazioan arau orokor bat eta arau berezi batzuk aplikatzen direla. Horrela, arau orokorraren arabera, banakako tributazioaren ondorioetarako ezarritako muga kuantitatiboak neurri berean aplikatuko dira baterako tributazioan, familia-unitateko kide kopuruaren arabera handitu edo biderkatu gabe. Hala ere, gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako ekarpenen murrizketei dagokienez, PFEZFAko 71. eta 72. artikuluetan eta zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritako gehieneko mugak banaka aplikatzen dira familia-unitateko kide den partaide, mutualista, aseguratu edo bazkide bakoitzeko. Goian adierazi den bezala, gai honi dagokionez, PFEZFAko 72. artikuluak desgaitua ez den pertsona bakoitzeko urteko 8.000 €-ko gehieneko muga ezartzen du murrizketarako.
Halaber, PFEZFAko 67. artikuluak kontuan hartu beharreko murrizketarako beste muga bat ezarri du, honako hau adierazita: konpentsazio-pentsioen eta mantenurako urtekoen ordainketagatik, gizarte-aurreikuspeneko sistemen alde egindako ekarpen eta kontribuzioengatik eta baterako tributazioagatik murrizketak aplikatzeak ezin du likidazio-oinarri negatiborik ekarri, ezta hori gehitzea ere. Baterako tributazioan muga hori familia-unitateko kidea den zergadun bakoitzaren zerga-oinarriaren proportzioa kontuan hartuta aplikatzen da.
Azken ondorio horietarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua aplikatzeko irizpideak ezarri dituen Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 1/2014 Jarraibideko 13.8.15 idatz-zatian hauxe argitu da: "10.1 Murrizketak gizarte aurreikuspeneko sistemetara egindako ekarpenengatik eta kontribuzioengatik. Nola aplikatu baterako zerga-ordainketan likidazio-oinarri orokorraren muga. Txikipenen aplikazioak ezin du sortu likidazio oinarri negatiborik, baina ezta hura gehitu ere. Zerga batera ordaintzen bada, aipatutako muga erlatiboa familia unitateko kide bakoitzari dagokio; horretarako, zergadun bakoitzari zerga-oinarrian dagokion ehunekoa hartu behar da kontuan. Horregatik, kasu hauetan bi muga daude: 1./ Batetik, familia unitateko kide bakoitzak gehienez ere kopuru hau ken dezake: bere banako zerga-oinarritik konpentsazio-pentsioen eta mantenurako urtekoen zioz aplika ditzakeen murrizketak deskontatuta geratzen den zenbateko positiboa. 2./ Bestetik, familia unitateko kide guztiek bat eginda gehienez ere kopuru hau ken dezakete: baterako zerga-oinarri orokorretik konpentsazio-pentsioen eta mantenurako urtekoen zioz denek aplika ditzaketen murrizketak deskontatuta geratzen den saldo positiboa".
Aurreko guztiaren arabera, kontsulta-egileak zerga-oinarri orokorretik murriztu ahalko du 8.000 €-ko gehieneko zenbatekoa semea bazkide duen BGAErako ekarpenengatik (bere gizarte-aurreikuspeneko sistemetara egin ditzakeen ekarpenei kalterik egin gabe), gizarte-aurreikuspeneko sistemetarako (bereak eta bere semearenak) ekarpenengatik gauzatzen dituen murrizketen ondorioz, ez banakako likidazio-oinarri orokorra ez baterako likidazio-oinarri orokorra negatiboak ezin direla izan kontuan hartuta.
Pertsona minusbaliodunentzat gizarte aurreikuspeneko sistemetara egiten diren ekarpenak ezarritako mugak gainditzeagatik oinarrian murriztu ezin badira, hurrengo bost ekitaldietan aplikatu ahal izango dira, baldin eta gizarte aurreikuspeneko sistemaren finantza-araudian ezarritako mugak errespetatzen badira.
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 67., 72. eta 99. artikuluak.