www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

28.07.2014

Erreferentzia

Suitzatik pentsioa jasotzen duen egoiliarra

Galdera

Kontsultatzailea Bizkaian bizi den pertsona fisikoa da. 2013. urtean zahartzaroko ohiko prestazioa jaso zuen Suitzako Konpentsazio Kutxaren eskutik, zehazki, 25.524 franko suitzar. Modu berean, urte horretan beste pentsio bat kobratu zuen Gizarte Segurantzaren eskutik, zehazki, 5.651,80 €.Jakin nahi du pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena egin behar duen jaso dituen prestazioengatik.

Ebazpena

Erantzun honen oinarria hipotesi hau da: kontsultatzailea pertsona fisikoa da, zerga-bizilekua Bizkaian duena, pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren (PFEZFA) abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez -indarrean dago 2013ko abenduaren 31ra arte-.

Hala, aipatutakoa aintzat hartuta, kontuan hartu behar da adierazitako PFEZFAren 6. artikuluak zera xedatu duela: "1. Zergadunak errenta bat lortzea hartzen da zerga-gaitzat, errenta hori non sortu den eta ordaintzailearen egoitza non dagoen kontuan izan gabe. Foru arau bidez ezartzen diren errenta egozpenak ere errenta lorpentzat joko dira. (...)".

Foru arau bereko 5. artikuluak, bere aldetik, hauxe ezarri du: "Foru arau honetan xedatutakoa gorabehera, Espainiako barru antolamendua osatzera etorri diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoak indarrean jarraituko du".

Beraz, kontsultatzailea, pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren zergapekoa den heinean, zergak Bizkaian ordainduko ditu mundu mailako errentagatik, diru-sarrerak non eskuratzen dituen alde batera utzita eta ordaintzailearen bizilekua non dagoen gorabehera. Horixe da PFEZFAren 6. artikuluan jasotakoa irakurrita ondorioztatu daitekeena. Hori guztia errenta mota bakoitzaren kasuan aplikagarriak diren berezitasunen kaltetan izan gabe. Horiek kasu bakoitzean aplikagarria den hitzarmenean ezarri dira zerga bikoitza saiheste aldera.

Horri dagokionez, errentaren gaineko zergaren eta estatu espainiarraren eta Suitzako Konfederazioaren arteko ondarearen arloan zerga bikoitza saihesteko 1966ko apirilaren 26ko Nazioarteko Hitzarmenaren 18. artikuluak (1967ko urtarrilaren 26ko Espainiako Berrespen Tresna, Hitzarmen Hispaniar Suitzarra) zera adierazi du: "19. artikuluaren xedapenen kaltetan izan gabe (ordainsari publikoak), estatu kontratatzaile bateko egoiliar bati aurreko lan bategatik ordaindutako pentsioak eta antzerako ordaintzeak zergen menpe bakarrik estatu honetan jar daitezke".

Hori ikusita ondorioztatu daiteke, oro har, estatu kontratatzaile bateko egoiliar batek (gure kasuan, Bizkaian bizi den egoiliar batek) jasotzen dituen eta aurreko lan baten ondoriozkoak diren pentsioak eta antzerako ordainsariak bakarrik jarri daitezkeela zergen menpe estatu horretan, hau da, kasu honetan Bizkaian.

Bestalde, aipatutako hitzarmen hispaniar suitzarraren 19. artikuluak pentsio publikoetarako arau berezi bat jasotzen du (estatuarentzako, haren azpiatal politiko, erakunde autonomo edo eskubide publikoko pertsona juridikoentzako egindako aurreko lanetatik sortuak, eta beraiek ordainduak edo beraiek eratutako fondoen kontura ordainduak), eta ondokoa arautzen du: "Estatu kontratatzaile batek, haren azpiatal politiko edo tokiko erakunde batek, erakunde autonomo edo estatu horretako eskubide publikoko pertsona juridiko batek, zuzenean edo funts berezi baten kargura, estatu horretako nazionalitatea duen pertsona fisiko bati ordaindutako ordainsariak, pentsioak barne, eskaini dituen zerbitzuen truke (une horretan edo lehenago), bakarrik jar daitezke zergen menpe ordainsari horien jatorria den estatu kontratatzailean".

Hortaz, estatu kontratatzaile batek (gure kasuan, Suitza) haren azpiatal politiko edo tokiko erakunde batek, erakunde autonomo edo estatu horretako eskubide publikoko pertsona juridiko batek, zuzenean edo funts berezi baten kargura, estatu horretako nazionalitatea (mahai gainean jarri den kasuan, nazionalitate suitzarra) duen pertsona fisiko bati ordaindutako pentsioak, estatu, azpiatal politiko, tokiko erakunde, erakunde autonomo edo estatu horretako eskubide publikoko pertsona juridiko bati eskainitako zerbitzuen truke, bakarrik jar daitezke zergen menpe horien jatorria den estatuan (Suitza).

Horrenbestez, Hitzarmen Hispaniar Suitzarreko 18. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, kontsultatzaileak Suitzako Konpentsazio Kutxaren eskutik jasotzen duen pentsioa Bizkaian besterik ezin da zergen menpe jarri, interesdunaren ohiko bizilekua lurralde historiko horretan baitago. Dena den, pentsio hori zuzenean edo funts berezi baten kargura estatu suitzarrak, haren azpiatal politiko edo tokiko erakunde batek, erakunde autonomo edo estatu horretako eskubide publikoko pertsona juridiko batek (Suitzakoa) ordainduko balu, hari eskainitako zerbitzuen truke, eta agertutakoak nazionalitate suitzarra edukiko balu, Hitzarmen Hispaniar Suitzarraren 19. artikuluan xedatutakoari jarraiki, zergen menpe jatorrizko herrialdean (hau da, Suitzan) besterik ezin liteke jarri eta, horri dagokionez, ez lituzke Bizkaian zergak ordaindu beharko.

Helarazi dizkiguten datuak ikusita ondorioztatu daiteke ez direla Hitzarmen Hispaniar Suitzarreko 19. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen (bereziki hauxe oinarritzat hartuta: kontsultatzaileak ez du pentsio publikorik jasotzen, ez aipatutako hitzarmenean jasotakoa bezalakoa behintzat, gainera, ez dauka nazionalitate suitzarra), beraz, galderak hizpide duen pentsioagatik Bizkaian besterik ez ditu zergak ordaindu behar; izan ere, agertutakoak jasotzen dituen errenta guztiengatik Bizkaian zergak ordaindu beharko ditu. Horri dagokionez, aintzat hartu behar da, aurkeztu den ziurtagiriaren arabera, aipatutako pentsioa ez dagoela inolako komisio, zerga edo kenkariren menpe Suitzan.

Zehazki, kontsultaren idazkian aipatutako errentak lan-etekintzat joko dira, PFEZFAren 18. artikuluan berariaz ezarri den moduan. Horren arabera: "Ondokoak ere lanaren etekintzat jo behar dira: a) Honako prestazio hauek: 1. Gizarte Segurantzaren eta klase pasiboen araubide publikoetatik jasotako pentsio eta hartzeko pasiboak, eta ezintasun, erretiro, istripu, gaixotasun, alarguntasun edo antzeko egoerengatik erakunde publikoek emandako gainerako prestazioak, Foru Arau honetako 9. artikuluan xedatutakoari kalterik eragin gabe. Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, jarduera ekonomikoren bat burutzen dutenak jarduera egiteko aldi baterako ezinduta badaude, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrean ezarritako kontzeptuetako bat dela eta, jasotzen dituzten prestazioak eta kopuruak jarduera ekonomikoaren etekintzat joko dira. (...)".

Amaitzeko, aitorpena egiteko betebeharrari dagokionez, PFEZFAren 104. artikulua aplikagarria da. Haren idazketa honako hau xedatu da: "1. Zergadunek zerga honen autolikidazioa aurkeztu eta sinatu beharko dute, legez finkatzen diren muga eta baldintzez. 2. Hala ere, errentak ondoko iturrietatik soilik lortzen dituzten zergadunek ez dute autolikidaziorik egin beharko: a) Lanaren etekin gordinak, urteko 12.000 euroko mugarekin banakako zerga-ordainketan. Muga hori bete beharko da baterako zerga-ordainketan horrelako etekinak lortzen dituen zergadun bakoitzari dagokionez. b) 12.000 eurotik gorako lanaren etekin gordinak, gehienez 20.000 eurokoak banako zerga-ordainketan, salbu eta hurrengo 3. idatz-zatiko kasuetako batean badago. Muga hori bete beharko da baterako zerga-ordainketan horrelako etekinak lortzen dituen zergadun bakoitzari dagokionez. c) Urteko baterako 1.600 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten ondare irabazien eta kapitalaren etekin gordinak. 3. Aurreko idatz-zatiko b) letran adierazitako zergadunek zerga honen autolikidazioa aurkeztu behar dute kasu hauetan: Lan etekinak ordaintzaile batengandik baino gehiagorengandik jasotzen dituztenean. b) Lan kontratu bat baino gehiago sinatu dutenean, laborala izan edo administratiboa izan, ekitaldiaren barruan edo indarrean zegoen kontratua luzatuta. c) Ezkontide edo izatezko bikote-lagunarengandik pentsio konpentsagarriak edo foru arau honek 8.b) artikuluan jasotakoak ez diren urteko mantenuak jasotzen dituztenean. d) Arauz jasotako kasuetako batean sartuta daudenean. Dena den, paragrafo honetan jasotakoaren ondorioz zergaduna autolikidazioa aurkeztera behartuta dagoenean, aukera hauetako bat izango du: - zerga honen xedapen orokorrei jarraituz tributatzea, edo - lan etekinak bakarrik kontuan hartuz tributatzea, arau hauen arabera: a) Lan-etekinetarako ezarritako atxikipenaren ehuneko-taulak ezarriko zaizkie sortutako laneko etekin osoei, Foru Arau honek 9. artikuluan ezarritakoaren arabera salbuetsita daudenak izan ezik. Horretarako, atxikipenari lotutako etekinen zenbatekoa zehazteko arauak hartuko dira kontuan, bai eta zerga sortzen den egunean indarrean dauden atxikipen taulak finkatu eta aplikatzeko arauak ere. b) Lan etekinei egindako atxikipenen eta konturako sarreren zenbatekoa gutxituko zaio aurreko a) idatz-zatian ezarritakoa aplikatu ondoren ateratzen den kopuruari. Horren emaitzako kopurua Foru Aldundian sartu beharko da, eta ordainketa arauz ezartzen den bezala zatikatu ahal izango da. Inola ere ez da diru-kopururik itzuliko likidazio honen ondorioz. c) Inoiz ez da aplikatuko gastu kengarririk, hobaririk, murrizpenik, kenkaririk, baterako tributazioaren araurik edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudian jasota dauden beste edozein onurarik. (...)".

Helarazi dizkiguten datuekin bat eginez, kontsultatzaileak ezarritako gehienezkoak baino altuagoak diren lan-etekinak jasotzen ditu, beraz, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari lotuta aitorpena aurkezteko betebeharra dauka. Beraz, egoera horretan, aipatutako aitorpena egiteko eginbeharra dauka.

Erantzun honetako ondorio horiek guztiak berdin aplikatu behar dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua indarrean sartzen denetik (2014ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean dagoena), 3., 5., 6., 18. eta 102. artikuluetan ezarritakoa kontuan hartuta.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 2., 5., 6., 9. eta 108. artikuluak.

Itzuli