saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa

Data

28.07.2014

Erreferentzia

Kapital sozialerako ekarpen kuotak eta kooperatiba batean sartzeko kuotaren eskuratze data.

Galdera

Kontsultatzailea kooperatibista izan da bi kooperatiba ezberdinetan (dena den, kooperatiba talde berekoak dira) lehenengoan sartu zenetik, hau da, 1969tik. 1996an kooperatibak porrot egin zuen (bertako bazkide eta langilea zen). Horregatik, talde bereko beste kooperatiba batera eraman zuten. 2013ko irailean erretiratu zen eta kooperatiban egindako ekarpenak jasotzeko eskubidea aitortu zioten (modu zatikatuan jasoko du, lau ordainketetan, lehenengoa 2013an eta gainontzekoak 2014an).Jakin nahi du kooperatiban egindako ekarpenen itzuleraren ondoriozko ondare irabazia kalkulatzeko zein data hartu behar duen kontuan, taldeko lehenengo kooperatiban sartu zenean (1969) edo bigarren kooperatiban sartu zenean (1996), bertan eskaini baititu zerbitzuak azken urteetan.

Ebazpena

Bajaren kasuan, kooperatiba bateko bazkideek egindako ekarpenen itzulera jaso dezakete Euskadiko kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean (eta garapen-xedapenetan) jasotako terminoetan.

Baja hori eta ondoriozko ekarpenen itzulerak aldaketa eragiten du zergadunaren ondarearen osaeran eta horrek balioan aldaketa eragiten badu, pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren menpe dagoen ondare irabazi edo galera eragin dezake, pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 42. artikuluan (PFEZFA) xedatutakoarekin bat eginez: "Zergadunaren ondarearen osaeran gertatutako edozein aldaketa dela-eta agerian jartzen diren balio-aldaketak dira ondare irabaziak eta galerak, baldin eta foru arau honek etekintzat jotzen ez baditu".

Horren ondorioetarako, PFEZFAren 49.1.f) artikuluan hauxe ezarri da: "1. Ondarearen balioaren aldaketaren jatorria hauxe denean (...) f) Bazkideak banandu edo sozietateak desegiten direnean, honako hau hartuko da ondare irabazi edo galeratzat, sozietateari dagokiona eragotzi gabe: sozietatearen likidazio-kuotaren balioa edo jasotako ondasunen merkatuko balioa ken tituluaren edo kapital partaidetzaren eskurapen balioa. (...)".

Dena den, xedapen horiek kooperatiben zerga araubideari buruzko urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauaren 23. c) eta d) artikuluetan xedatutakoarekin osatu behar da: "c) Sozietate-ekarpenen eskualdaketa edo itzulketaren ondoriozko ondare-aldakuntzen zenbatekoa zehazteko, ekarpen horien eskuraketa kostuari gaineratu egingo zaizkio ordaindutako sarrera-kuotak eta aldizkakoak eta, Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen edo, hala badagokio, aplikagarri izan dadin Kooperatibei buruzko Legearen arabera, bazkideari egotziak eta dirutan itzuliak edo bazkidearen titulartasunekoak izan eta Batzar Nagusiak araupetutako Fondo Berezi batean sarturik dauden itzulkinez konpentsatuak izan diren sozietate-galerak. d) Ez da bazkide baten ekarpenen eskualdaketa edo itzulketa egon dela joko, kooperatiba batek haren izenean ekarpen horiek beste kooperatiba batera aldatzen dituenean, baldin eta honako eskakizun hauek betetzen badira: - Ekarpenaren aldaketa bazkide titularra beste kooperatiba batera aldatzearen ondorioa izatea. - Bazkide titularrak ezin du bereganatu ekarpena baliatzeko ahala. - Bazkideak uzten duen kooperatibaren estatutuetan ezarrita egon behar da beraren ekarpena atxikitzen zaion kooperatibara eraman behar dela hark inolako ordainsaririk jaso gabe. - Ekarpena hartzen duen kooperatiban berariaz jasota geratu behar dira ekarpenaren eskuraketa-kostua baloratzeko behar diren datuak, bazkidea beste kooperatibari atxiki zitzaionetik (eta aurreko guztiei atxiki zitzaienetik, behar den kasuetan)".

Beraz, kooperatiban baja ematearen ondorioz ekarpenak itzultzeak ondare irabazia edo galera eragin ahal dio bazkideari. Hori kuantifikatzeko jasotako zenbatekoaren eta partaidetzaren eskuratze-balioaren arteko aldea aintzat hartu behar da, urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauaren 23 c) artikuluan jasotakoarekin bat eginez (gorago hitzez hitz jaso da).

Kooperatibetako lan bazkideek eta lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileek jasotzen dituzten errentei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ordainketan eman behar zaien tratamenduari buruzko Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren maiatzaren 6ko 3/2013 Jarraibidearen 3. atalean argitu da, baja emanez gero, kooperatibetan egindako kapital-ekarpenen itzulketen ondoriozko errenta nola kalkulatu behar den: "Baja emanez gero, kooperatibetako bazkideek sozietate kapitalera egindako ekarpenak itzultzeko eskubidea dute; horren inguruko arautegia Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legean eta hura garatzen duen araudian (martxoaren 29ko 58/2005 Dekretuaren bidez onetsia) finkatu da. Bajaren ondorioz bazkideari kooperatibaren sozietate kapitalera egindako ekarpenak itzultzen zaizkio, eta horrek beraren ondarea aldatzen du. Beraz, bajak bazkidearen ondarearen balioa aldatzen badu, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapeko ondare irabazia edo galera ekartzen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 42. artikuluan ezarri den bezala. Ondare irabazia edo galera zenbatekoa den kalkulatzeko arau hauek hartu behar dira kontuan: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arautegian ondare elementuen eskualdaketen ondoriozko irabaziak eta galerak kalkulatzeko ezarritako arau orokorrak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 49 f) artikuluan bazkideak banantzen direneko eta sozietateak desegiten direnerako ezarritako arauak eta Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauko 23 c) artikuluan ezarritakoak. Kasu hauetan partaidetzaren eskuraketa-balioan kontzeptu hauek sartu behar dira: a) Partaidetzaren eskuraketa-kostua, egonez gero. b) Bazkideak hasieran egindako nahitaezko ekarpena, ordaintzeko modua gorabehera. Zehatzago esanik, ekarpena epeka ordaindu bada ere, zenbatekoa berdin sartu behar da eskuraketa-balioan. c) Bazkideak ordaindutako kuotak: sarrerakoa eta aldizkakoak. d) Hasierako ekarpenaren eta sarrera-kuotaren gaineko ekarpenak, bazkideak aldi baterako bazkidea izateari utzi eta bazkide iraunkor bihurtzeagatik ordaindutakoak. e) Bazkideari eratxikitako kooperatibaren galerak, hain zuzen ere berak ordaindu dituenak edo bera titular den itzulkinekin, Batzar Nagusiak araupetutako funts berezi batean bildutakoekin, konpentsatu direnak (ikusi jarraibide honetako aurreko bigarren idatz zatiko c) puntua). Sozietate kapitalera egindako ekarpen horiek guztiak baloretzat hartzen ez diren titulu izendunen bitartez egiaztatzen dira, edo partaidetzako libreta edo kartilla izendunen bitartez; agiri horietan ekarpenak edo egunerapenak azaltzen dira, eta bazkideari egotzitako galerengatik egindako kenkariak ere bai. Horrela finkatutako eskuraketa-balioa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 47.2 artikuluan aipatzen diren koefizienteak aplikatuz eguneratzen da, kopuru bakoitza ordaindu den urtea kontuan hartuta. Beste alde batetik, eskualdaketa-balioa kalkulatzeko bazkideari itzuli beharreko zenbatekoa hartu behar da oinarritzat (Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeko 63. artikulua eta martxoaren 29ko 58/2005 Dekretuak onetsi zuen lege horren Araudiko 8. artikulua). Hau da, kontuan eduki behar dira kooperatibak baja dela aplikatzen dizkion kenkariak. Beraz, eskualdaketa-balioan bazkideari itzultzen zaizkion ekarpenak ez ezik kapitalizatutako itzulkinak eta onartzen zaizkion ekarpenen egunerapenak ere zenbatu behar dira. Gainera, balio horretan bazkideari kooperatiban baja ematen zaion urteko itzulkinak edo estornuak ere zenbatu behar dira. Horien zenbatekoa urteko kontuak onesten dituen Batzar Nagusian finkatzen dira. Oro har, kooperatibetako bazkideek sozietate kapitalerako egindako ekarpenen itzulketaren bidez lortzen dituzten ondare irabaziak kooperatibaren itzulkinen kapitalizazioaren (batez ere) eta ekarpenen balioaren egunerapenen (legez baimendutako balantzeak eguneratuz egiten direnak) ondoriozkoak dira. Ildo honetatik, balantzeak eguneratuz sortzen diren gainbalioak bazkideen artean banatzeko bi kopuru har daitezke kontuan: bakoitzak kapitalera egindako ekarpena edo kooperatibaren jardueretan egin izan duen lana. Aldiz, kooperatibaren itzulkinak kooperatiban egindako eragiketen, zerbitzuen edo jardueren proportzioan adjudikatzen zaizkie. Horregatik, bazkideek kooperatibaren kapitalera egiten dituzten gainerako ekarpenak, aurreko a) - e) bitarteko puntuetan aipatutakoak ez beste batzuk, eskuraketa-balioan zenbatu beharrekoak, ekarpenen itzulketaren bidez jasotzen duten kopurutik kendu behar dira eskualdaketa-balioa finkatzeko (beraz, ez dira sartzen partaidetzaren eskuraketa-balioan). Ondorioz, ekarpenen itzulketaren bidez jasotako kopurutik kendu behar dira gainerako ekarpenak, borondatezkoak eta nahitaezkoak, dagoeneko aipatu direnez gainekoak: kapitalera egindako ekarpenen korrituak; kapitalizatutako laneko aurrerakinak; bazkidea titular den itzulkinekin, Batzar Nagusiak araupetutako funts berezi batean bildutakoekin, sozietate kapitalera egindako ekarpenak (ikusi jarraibide honetako aurreko bigarren idatz zatiko c) puntua). Hori bat dator ekarpen horiek bazkideei zuzenean kooperatibaren itzulkin handiagoak jasotzeko eskubiderik ez ematearekin (korrituak bai, handiagoak dira) Horrela, aurreko paragrafoan aipatzen diren kopuruen itzulketaren tratamendua mailegu-emaileei maileguak itzultzen zaizkienean ematen zaienaren antzekoa da Nolanahi ere, interpretazio honek ondorio hau dakar berekin: kapitalera egindako ekarpenen korrituak oso-osorik kargatu behar dira onartzen diren ekitaldian, ez ekarpenak itzultzen direnean, korrituek zuzeneko eta berehalako lotura baitute kapitalera egindako ekarpenarekin, ez kooperatiban egindako lanarekin. Kasu batzuetan aurreko guztiarekin bat etorriz kalkulatutako ondare irabaziari Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko lehenengo xedapen iragankorrean araututako murrizketa-koefizientea aplikatu beharko zaio. Hori dela eta, bazkideek egiten dituzten gainerako ekarpenak, eskuraketa-balioan zenbatu beharrekoak (lehen aipatu diren a) - e) bitarteko puntuetan zehaztu dira) hobekuntzak bezala kargatzen dira. Beraz, bazkide batek hasierakoaz gainera beste ekarpen batzuk egin baditu, besterentze-balioan osagai bakoitzari dagokion zatia zehaztu behar (hasierako balioa eta hobekuntza bakoitzarena). Hemen hizpide dugun kasuan bereizketa hori ez da nahitaez proportzioan egin behar, baizik eta kontuan hartuta bazkideek kooperatiban baja ematean lortutako errenta kooperatibaren itzulkinen kapitalizazioaren ondoriozkoa, batez ere, eta ekarpenen egunerapenaren ondoriozkoa dela. Kooperatiben kapitalera egindako ekarpenen itzulketen ondoriozko ondare aldakuntzak ondare elementuak eskualdatuta lortutako aurrezkiaren errentatzat hartzen dira. Ondare irabazi eta galera hauek, kooperatiben kapitalera egindako ekarpenak itzultzen direnean sortzen direnak, beraien titular diren zergadunei eratxikitzen zaizkie. Horretarako zergadunek eurek aurkezten dituzten probak edo Administrazioak aurkitzen dituztenak aztertu behar dira. Hain zuzen ere, senar-emazteen edo izatezko bikoteen araubide ekonomikoari buruzko xedapenetan eta senideen arteko ondare harremanez aplikatzen diren legeria zibileko manuetan ondasunen eta eskubideen titulartasun juridikoaz ezarritako arauak aplikatuko dira. EAEko Auzitegi Nagusiak 2003ko abenduaren 9an emandako epaian ezarritakoaren arabera irabazpideko araubidean edo foru komunikazioan dauden senar-emazteen kasuan kooperatibetako bazkideek sozietate kapitalera egindako ekarpenak ez dira bazkideen ekarpen pribatiboak, Kode Zibileko 1.346.5 artikuluan ezarri den bezala (horren arabera pertsona bati datxezkion ondare ondasunak eta eskubideak eta "inter vivos" eskualdatu ezin direnak pribatiboak dira). Beraz, ekarpenok pribatiboak edo irabazpidekoak diren jakiteko zer ondasun-multzoren kargura egin diren argitu behar da Hemen aztertu diren ondare irabazi eta galerak bazkideari baja eman eta kooperatibak ekarpenak itzultzeko eskubidea onartzen dion zergaldiari egozten zaizkio (onarpenerako Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeko 57.1 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da). Aurrekoa gorabehera, kooperatibek ordainketa aurreratuak egin ahal dizkiete bazkideei ekarpenen itzulketaren aurrerakin gisa. Bazkide bati diru kopuruak ordaintzen bazaizkio kooperatiban baja eman aurretik eta ordainketon kalifikazio juridikoa "konturako aurrerakinak" bada, hots, ez badira ekarpenak itzulita egindako kapital murrizketak, ez zaie aplikatu behar Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 43.2 a) artikuluan horrelako murrizketetarako (kapital murrizketak ekarpenak itzulita) ezarritako zerga tratamendua. Gainera, bajaren aurreko ordainketek ez dute eragiten ondare aldakuntzarik sozietate kapitalera egindako ekarpenen itzulketaren ondorioz. Nolanahi ere, ordainketa horiek Sozietateen gaineko Zergaren ondoko araubide bietako batean daude, aurrerakin gisa: ekainaren 26ko 3/1996 Foru Arauko 5. artikuluan errentak zenbatesteko ezarritako araubidea edo 16. artikuluko lotutako eragiketen araubidea. Kapitalera egindako ekarpenak epeka itzultzen badira, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeko 63.4 artikuluak baimentzen duen bezala, zergadunak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 21eko 10/1998 Foru Arauko 59.2 e) artikuluan epekako eragiketetarako eta prezio geroratuko eragiketetarako ezarritako aldi-egozketako araubideari heldu diezaioke, horretarako ezarritako betekizunak betez gero".

Modu gehigarrian, maiatzaren 6ko 3/2013 Jarraibidearen hirugarren ataleko 5. puntuak zera xedatu du: "Kooperatiben Zerga Araubideari buruzko urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauko 23 d) artikuluan berariaz ezarri da kooperatiba batera egindako ekarpena beste batera eramaten denean ez dela gertatzen eskualdaketarik ez ordainketarik, ondokoak betez gero: - Ekarpenaren aldaketa eragiten duena haren titularra den bazkidea beste kooperatiba bati atxikitzea izan behar da. - Bazkide titularrak ezin du bereganatu ekarpena baliatzeko ahala. - Bazkideak uzten duen kooperatibaren estatutuetan ezarrita egon behar da beraren ekarpena atxikitzen zaion kooperatibara eraman behar dela hark inolako ordainsaririk jaso gabe. - Ekarpena hartzen duen kooperatiban berariaz jasota geratu behar dira ekarpenaren eskuraketa-kostua baloratzeko behar diren datuak, bazkidea beste kooperatibari atxiki zitzaionetik (eta aurreko guztiei atxiki zitzaienetik, behar den kasuetan)".

Urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauko 23. d) artikuluan eta maiatzaren 6ko 3/2013 Jarraibidearen hirugarren ataleko 5. puntuan berariaz ezarri da kooperatiba batera egindako ekarpena beste batera eramaten denean (kooperatibak berak bazkidearen ekarpenak beste kooperatiba batera eramaten dituenean, bere izenean) ez dela gertatzen eskualdaketarik ez ordainketarik, ondokoak betez gero: 1) ekarpenaren aldaketa eragiten duena haren titularra den bazkidea beste kooperatiba bati atxikitzea izan behar da; 2) bazkide titularrak ezin du bereganatu ekarpena baliatzeko ahala; 3) bazkideak uzten duen kooperatibaren estatutuetan ezarrita egon behar da beraren ekarpena atxikitzen zaion kooperatibara eraman behar dela hark inolako ordainsaririk jaso gabe; eta 4) ekarpena hartzen duen kooperatiban berariaz jasota geratu behar dira ekarpenaren eskuraketa-kostua baloratzeko behar diren datuak, bazkidea beste kooperatibari atxiki zitzaionetik (eta aurreko guztiei atxiki zitzaienetik, behar den kasuetan).

Zuzendaritza Nagusi horrek ulertzen du urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauaren 23.d) artikuluan xedatutakoa aplikagarria dela ere jatorrizko kooperatibak ez badu inolako ekarpenik lekualdatzen helmuga den kooperatibara bazkidearen izenean, izan ere, ekarpenak konpentsatzen dira bazkide horri esleitutako galerekin, betiere, aipatutako manuan jaso diren gainerako baldintza guztiak betetzen badira. Zehatz-mehatz: 1) lekualdatzearen arrazoia izan behar da bazkide bat kooperatiba batetik beste batera eraman dutela (hau da, helmuga den kooperatibako bazkide izatea jatorrizko erakundean bazkide zelako eta baja zein alta aldi berean gertatzea); eta 2) helmuga den kooperatiban berariaz jasota geratu behar dira bazkidearen ekarpenen eskuraketa-kostua baloratzeko beharrezkoak diren datuak, jatorrizko kooperatiban edo kooperatibetan sartu zenetik.

Logikoa den moduan, kasu horretan bazkideak helmuga den kooperatibaren kapitalerako egindako derrigorrezko ekarpenek (bazkide izateko nahitaez egin behar dituen horiek) eskurapen-balioa osatzen duten kapitalerako egindako hurrengo ekarpenei dagokien tratamendua jasoko dute. Hortaz, hobekuntzei dagokien tratamendua jasoko dute. Beraz, bazkide batek hasierakoaz gainera beste ekarpen batzuk egin baditu, eskualdaketa-balioan osagai bakoitzari dagokion zatia zehaztu behar da (hasierako balioa eta hobekuntza bakoitzarena). Hemen hizpide dugun kasuan bereizketa hori ez da nahitaez proportzioan egin behar, baizik eta kontuan hartuta bazkideek kooperatiban baja ematean lortutako errenta kooperatibaren itzulkinen kapitalizazioaren ondoriozkoa, batez ere, eta ekarpenen egunerapenaren ondoriozkoa dela.

Horrenbestez, hemen aztertzen ari garen kasuan ez dagoenez ekarpenen eskualdaketarik, besterentze-balio guztia helmugako kooperatibaren kapitalerako egindako nahitaezko ekarpenei egotzi beharko zaio.

Ez badira erantzun honetan adierazitako baldintzak betetzen, ulertu beharko da jatorrizko kooperatibako bajak ondare irabazia edo galera eragin diola zergadunari, beraz, kapitalerako ekarpenak ez dira aintzat hartuko helmuga den kooperatibako bajaren ondoriozko ondare aldera kalkulatzeko (ezta data ere).

Horrela kalkulatutako irabaziei lotuta, PFEZFAren lehenengo xedapen iragankorrean araututako murrizpen koefizienteak aplikatu daitezke. Xedapen horretan berariaz errepikatu da eskualdatutako ondare elementuetan hobekuntzak egin badira, osagai bakoitzari dagokion besterentze-balioaren zatia nabarmendu behar dela.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 42. eta 49. artikuluak eta lehen xedapen iragankorra.Urriaren 14ko 9/1997 Foru Arauaren 23.c) eta d) artikuluak.Ogasuneko Zuzendaritza Nagusiaren maiatzaren 6ko 3/2013 Jarraibidea.

Itzuli