14.07.2014
BGAE kapital gisa kobratzea hainbat kontingentziarengatik. Erretiro arruntaren aurreko laguntzak hausnartzea
Kontsulta-egilea BGAE bateko bazkidea da. 2009an bere eskubide ekonomikoetako batzuk kobratu zituen kapital gisa, luzaroko langabezia zela eta, eta horrela lortutako zenbatekoaren 100eko 60 sartu zuen ekitaldi horri zegokion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zerga-oinarrian. Foru Ogasun honetan dauden datuen arabera, 2010ean beste 20.000 € lortu zituen BGAE horretatik, eta horien gainean ere % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu zuen. 2014an (hasieran), berriro ere dirua eskuratu nahi du BGAEtik, luzaroko langabezia dela eta (saldoa beste banketxe batera intsuldatu eta gero). Gaur egun kontsulta-egilea Gizarte Segurantzaren erretiroaren aurreko laguntza kobratzen ari da, eta 2014ko ekainean behin betiko erretiroa hartuko du.Jakin nahi du ea BGAEtik 2014an kobratu nahi dituen diru-kopuruen 100eko 60 sartu ahal duen zerga-oinarrian, luzaroko langabezia dela eta.
Idazkian egindako galderari dagokionez, 2014ko urtarrilaren 1az geroztik indarrean dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere, 18. artikulua: "Ondokoak ere lanaren etekintzat jo behar dira: a) Prestazio hauek: (...) 3. Jarraian zerrendatzen diren prestazioak: a) Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek eta haien onuradunek jasotzen dituzten kopuruak, are borondatezko edo derrigorrezko baxaren ondorioz eta erakundearen desegitearen edo likidazioaren ondorioz jasotzen direnak eta gaixotasun larriaren eta langabezia luzearen zioz jasotzen direnak ere. Hala ere, borondatezko edo derrigorrezko bajagatik nahiz erakundea desegiteagatik edo likidatzeagatik jasotako zenbatekoak borondatezko gizarte aurreikuspeneko beste erakunde batean oso-osorik sartzen badira bi hilabete pasatu baino lehen, ez dira zerga-oinarrian integratu behar. (...)".
Era berean, PFEZFAko 19. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekin guzti-guztiek osatzen dute oro har. 2. Hala ere, idatz zati honetan zerrendatzen diren kasuetan, lanaren etekin osoa kapitulu honetako aurreko artikuluetan definitu diren etekinen zenbateko osoari ondoko portzentajeak aplikatuz kalkulatuko da: (...) b) Foru arau honetako 18.a) artikuluan aurreikusitako prestazioak -6. zenbakikoak kanpoan utzita- kapital moduan jasotzen badira, jasotako zenbatekoa 100eko 100ean integratuko da. Aurreko paragrafoan ezartzen dena gorabehera, kapital gisa jasotako zenbatekoa 100eko 60an integratuko da, kontingentzia bakoitzagatik jasotzen den lehenengo prestazioa bada, betiere bi urte baino gehiago igaro badira lehenengo ekarpena egin zenetik Prestazioak elbarritasun edo ezintasunagatik jasotzen badira, ez da exijituko bi urteko epea. Paragrafo honetan ezarritako tratamendua gaixotasun larrien kasuan eta iraupen luzeko langabezia egoeretan jasotzen diren kopuruei ere aplikatuko zaie. Letra honetan jasotzen den 100eko 60ko integrazio-portzentajea berdin aplikatuko zaio estalitako kontingentziak baino beste arrazoi batzuengatik eta 1/2002 Legegintzako Errege-dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik jasotako lehenengo zenbatekoari. Letra honetan ezarritako ondorioetarako, zergaldi berean kapital moduan jasotako kopuruen batura hartuko da jasotako lehenengo zenbatekotzat. Letra honetan aipatzen diren etekinei 100eko 100etik beherako integrazio-portzentajea aplikatuko bazaie ere, etekinon zenbatekoa ezin da 300.000 euro baino handiagoa izan urtean. Zenbateko horretatik gorako soberakina 100eko 100ean integratuko da. (...)".
Bestalde, % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzeari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak baterako tratamendua ematen dio PFEZFAko 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. idatz-zatietan ezarritako gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik jasotako kopuruen multzoari; ondorio horietarako, berdin dio kopuru horiek ordaintzaile batek edo hainbatek emandakoak izateak. Hau da, tratamendu bateratua ematen die PFEZFAko 18. artikuluko a) letran aipatzen diren BGAEetatik, pentsio planetatik, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetatik, enpresen gizarte aurreikuspeneko planetatik, bermatutako aurreikuspen-planetatik eta mendekotasun-aseguruetatik jasotzen diren kopuruei.
Aurrekoarekin guztiarekin bat etorriz, BGAEetatik eskuratutako zenbatekoek laneko etekinak sortzen dituzte horien hartzaile direnentzat, eta haiek goian transkribatu den PFEZFAren 19.2.b) artikuluak aipatutako % 60ko integrazio portzentajea aplikatu diezaiokete kopuru horri, betiere: a) kapital gisa kobratzea; b) lehen ekarpenetik bi urte baino gehiago igaro izana, salbu eta baliaezintasun edo mendekotasun prestazioak badira; eta c) BGAEetatik kobra daitezkeen kontzeptu guztietatik jasotako lehen diru-kopurua izatea (hots, planteaturiko bezalako kasuan aplika daitekeena, betiere jasotako lehen diru-kopurua bada, dela erretiroaren zioz, dela luzaroko langabeziaren zioz). Aipatutako kontzeptu bakoitzagatik jaso den lehenengo diru-kopurutzat hartuko da ekitaldi batean kapital gisa jasotzen den kopuru guztien multzoa. Ondorio horietarako, lehenago esan denez, kontuan izan behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araudiak tratamendu bakarra ematen diela, besteak beste, zergadun berak bazkidetza duen BGAEetatik lor daitezkeen zenbateko guztiei.
2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den araudiaren arabera (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua), hurrengo ekitaldietan kontingentzia edo arrazoi beragatik % 60ko integrazio-ehunekoa berriz aplikatzeko, gutxienez 5 urte pasatu behar dira arrazoi horrengatik (eta % 60ra integratua) kobratutako aurreko prestaziotik, eta egindako ekarpenek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 15. artikuluan eskatutako aldizkakotasuna eta erregulartasuna izan behar dituzte.
Hala eta guztiz ere, 2014ko urtarrilaren 1ean PFEZFA indarrean sartu zen, gaur egun aplikatzen dena, hain zuzen. Horretan adierazten da galdetzen den % 60ko integrazio-portzentajea soilik ezarri ahal izango zaiela gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitezkeen zioengatik jaso diren lehenengo prestazioei, eta, gehienez ere urtean 300.000 eurokoak izango direla. Ondorio horietarako, zio horietako bakoitzarengatik jaso den lehenengo prestazioa 2014ko urtarrilaren 1etik jasotakoa dela joko da (aurreko ekitaldietan kobratu diren zenbatekoak alde batera utzita).
Halaber, lanaren etekinei aplikatu beharreko atxikipenen portzentajeak aldatzen dituen abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuko xedapen gehigarri bakarrak honako hau ezarri du: "Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2013ko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 19. artikuluko 2. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jaso dena joko da lehenengo prestaziotzat, eta ez da kontuan hartuko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko 2006ko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren babesean, data hori baino lehen prestaziorik jaso den eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien".
Horren ondorioz, PFEZFAko 19.2 b) artikuluan araututako 100eko 60ko integrazio-ehunekoa aplikatzeari begira, manu horrek aipatzen dituen gizarte aurreikuspeneko sistemetatik kobra daitekeen kontzeptu bakoitzarengatik eskuratutako lehenengo kopurutzat jotzen da ekitaldi bakar batean lehenengo aldiz 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera kapital gisa eskuratzen diren zenbatekoen multzoa, data horren aurretik prestaziorik edo saririk jaso den eta horiei aplikatutako zerga tratamendua zein den alde batera utzita, 2013ko abenduaren 31ra arte indarrean egon den Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauan ezarritakoaren babesean.
Horrenbestez, kontsulta-egileak 100eko 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahalko du galdetzen duen BGAEtik kapital gisa kobratu nahi dituen diru-kopuruen gainean, eta, gehienez ere, urtean 300.000 eurokoak izango dira. Gainera, ez da kontuan hartuko 2014ko urtarrilaren 1aren aurretik saririk eskuratu duen eta prestazio horiei zer zerga-tratamendu ezarri zaien.
Era berean, % 60ko integrazio-ehunekoa aplikatu ahalko du berriro (300.000 euroko gehieneko muga horrekin) hurrengo ekitaldietan BGAEtik edo zergaduna bazkide, partaide edo onuradun izan dezaketen gizarte aurreikuspeneko sistema guztietatik kobratzen dituen zenbatekoen gainean, galdetzen den 2014ko saria dakarren arrazoia ez denagatik jasotzen baditu (kasu honetan, beste kontingentzia bat).
Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 16. artikuluan beren-beregi adierazten den bezala, % 60ko integrazio-ehunekoa aplika dezakeen 300.000 euroko gehieneko mugak PFAZFAko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan ezarritako etekin guztiei eragiten die, hau da, zergaduna bazkide, partaide edo onuradun izan dezaketen gizarte aurreikuspeneko sistema guztiei eta onuradun bihur dezaketen enplegatzaileen pentsioengatiko konpromisoak gauzatzen dituzten aseguru kolektiboei. Aipatutako manu horretan zera jaso da: "Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluaren arabera %100etik beherako integrazio-ehunekoak 300.000 euroko zenbatekoa gainditzen ez duten etekinei aplikatuko zaizkie. Bada, gehieneko muga hori banaka aplikatuko zaie ondoko etekin hauei: a) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko a) letran aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa). b) Zergari buruzko Foru Arauko 19. artikuluko 2. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinak (guztirako zenbatekoa).
BGAEen prestazioak kobratzeko eskubidea ematen duten kontingentziei dagokienez, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legeko 24. artikuluak, 2012ko martxoaren 7tik indarrean dagoenak, honako hau xedatu du: "1.- Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez, lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonal batzuetara edo guztietara: a) Erretiroa. Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa izango dira. Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan zehaztutako adinean gertatu dela joko da inoiz ez hirurogei urtetik behera; betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo hori utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan. Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera, betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo horri utzita badago. (...) e) Luzaroko langabezia. Hau da, enplegua galtzea edo, langile autonomoen kasuan, jarduera etetea, honako irizpide hauen arabera erregelamenduz garatuko diren baldintzak betetzen badira:- Legez langabezia egoeran egotea, ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzen duela urtebetez, non eta ez zaion hori baino lehen prestazio hori amaitu.- Ez bada ordaindutakoaren araberako langabezia-prestaziorik jasotzen, prestazioa berehalakoan jaso daiteke, enplegu-eskatzaile gisa legezko langabezian egotea egiaztatuz gero..- Prestazioa hileroko errenta gisa ordainduko da, eta ordaindutakoaren araberako prestazioaren baliokidea izango da, non eta bazkideak ez duen eskatzen prestazioa ordainketa bakarraren bidez ordaintzea, enplegua bultzatzeko helburu zehatzarekin. (...)".
Puntu honetan kontuan hartu behar da otsailaren 23ko 5/2012 Legeko lehenengo xedapen iragankorrak trantsizio aldia ezartzen duela lege hori 2012ko martxoaren 7an indarrean jarri aurretik eratutako BGAEen estatutuak egokitzeko: "Lege hau argitaratu baino lehen eratutako borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek, hala badagokio, lege horri buruzko erregelamendua indarrean sartzen denetik sei hilabeteko epean egokitu beharko dituzte beren estatutuak. Egokitzapen horri dagozkion erabakiak bertaratutakoen edo ordezkatutakoen boto-eskubidearen erdia gehi baten aldeko baliozko botoaren bidez hartuko dira; ez da, beraz, 51.2 artikuluan estatutuak aldatzeko aurreikusitako gehiengo kualifikatua eskatuko".
Otsailaren 23ko 5/2012 Legearen erregelamenduzko garapena onetsi gabe dagoenez, hura indarrean jarri aurretik eratutako BGAEek ez dute euren estatutuak aldatu eta legeria berriari egokitu beharrik.
Hala ere, horri dagokionez, Ogasun eta Finantza sailburuaren 2012ko uztailaren 26ko Jarraibideak, Euskadiko BGAEen Federazioak eginiko kontsulta dela eta, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen 5/2012 Legearen zenbait artikulu interpretatzeko irizpideak onartzen dituenak, azaldu du otsailaren 23ko 5/2012 Legeko lehenengo xedapen iragankorrean adierazitakoa ulertu behar dela, otsailaren 23ko 5/2012 Lege horretan ezarritakoari aurka egiten dioten BGAEen estatutuen eta araudien aginduak hori indarrean sartu denetik, hau da, 2012ko martxoaren 7tik, automatikoki eraginik gabekotzat jotzeari kalterik egin gabe.
Horri dagokionez, kontsulta-egileak adierazi du langabezian dagoela eta Gizarte Segurantzatik erretiro arruntaren aurreko laguntza bat jasotzen duela.
Gaur egun laguntza horiek enpresak berregituratzeko prozesuek ukitutako langileei Gizarte Segurantzako sistemako erretiro arruntaren aurreko laguntzak emateko arau bereziak ezarri dituen urtarrilaren 10eko 3/2014 Errege Dekretuan araututa daude.
Urtarrilaren 10eko 3/2014 Errege Dekretuan ezarritakotik ondorioztatu da laguntza horiek enpresak berregituratzeko prozesuek ukitzen dituzten eta erretiroaren adinetik hurbil dauden langileei estaldura ekonomikoa emateko helburua daukatela.
Zehatz-mehatz, hileko laguntza ekonomikoa da. Haren hasierako zenbateko finkoa iraizpenaren aurreko sei hilabeteei dagozkien langilearen lan istripuengatiko eta lanbide gaixotasunengatiko kotizazio oinarriak kontuan hartuta finkatzen da, eta ezin da inoiz izan Gizarte Segurantzako sisteman ematen den urterako ezartzen den gehieneko pentsioa baino handiagoa. Ondoren, laguntzaren zenbatekoa Gizarte Segurantzaren ordaindutakoaren araberako pentsioei hori kobratzeko lehenengo ekitaldirako eta aurreko hiru ekitaldietarako balioa berriz emateko indizearen batezbestekoa aplikatuz eguneratzen da.
Martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 51. eta 52.c) artikuluetan adierazitakoaren arabera kaleratu diren eta, laburbilduta, honako betekizun hauek betetzen dituzten langileek eskuratu ditzakete laguntza horiek: 1) erretiro arruntaren adina baino lau urte gutxiago, gehienez, izatea; 2) erretiro-pentsioa ordaindutakoaren arabera eskuratu ahal izateko eskatutako kotizazio aldia betetzea; 3) 2 urteko gutxieneko antzinatasuna egiaztatzea enpresan (edo enpresen taldean); 4) laguntza emateko unean, enplegu eskatzaile gisa inskribatuta egotea lan bulegoetan, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoak ez diren diru-sarrerak sortzen dituzten lanaldi partzialeko inoren konturako jarduerak egin ezean; eta 5) langabezia-prestazioa amaitu izana.
Laguntza jasotzen den bitartean, horren onuradunak Gizarte Segurantzako alta egoeraren antzekoan daude, eta, horrenbestez, kotizatu beharra daukate, nahiz eta kotizazioaren zenbatekoa laguntzaren barnean dagoen. Gainera, Gizarte Segurantzako sistemaren babes ekintzaren ondorioetarako, laguntzaren hartzaileak kontingentzia profesionalen ondoriozko prestazioetatik eta pentsio izaerarik ez duten kontingentzia arrunten ondoriozko prestazioetatik salbuetsita egongo dira.
Horrez gain, laguntza jasotzea bateraezina da erretiro edo baliaezintasun pentsioak kobratzearekin, langabezia-prestazioak edo subsidioak jasotzearekin eta norberaren edo inoren konturako jarduerak gauzatzearekin, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoak ez diren ordainketak dituzten lanaldi partzialeko inoren konturako jarduerak izan ezean.
Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak ordaintzen ditu laguntza horiek Gizarte Segurantzako sistemako pentsioen moduan eta epean. Horiek aintzatesteko eskumena Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioari edo dena delako Autonomia Erkidegoko organo eskudunari dagokio, eta enpresa eskatzaileen (% 60) eta aurrekontu publikoen (% 40) kargura finantzatzen dira.
Urtarrilaren 10eko 3/2014 Errege Dekretua 2014ko urtarrilaren 30ean indarrean sartu arte, erretiro arruntaren aurreko laguntzak Ministerioaren 1994ko urriaren 5eko Aginduan arautzen ziren, hemen adierazi bezala. Hala ere, agindu horretan ezarritakoaren arabera, aipatutako laguntzak bateraezinak ziren norberaren edo inoren konturako edozein jarduera ordaindu gauzatzearekin, eta laguntzak erretiro arruntaren adina baino bost urte (eta ez 4) lehenago, gehienez, eman zitezkeen.
Ministerioaren 1994ko urriaren 5eko Aginduak aurreko "erretiro aurreratuaren laguntza baliokideen" araubidea Langileen Estatutuko 51. eta 52.a) artikuluetan ezarritako arrazoiengatik berregituraketa prozesuetan dauden enpresetan plantillak murrizteko kasuetara egokitzea ekarri zuen.
"Erretiro aurreratuaren laguntza baliokideei" dagokienez, 1997ko otsailaren 27ko epaian Auzitegi Gorenak adierazi zuen laguntzen hartzaileek erretiroa bezalakoa den ondare egoera daukatela, eta horretan aldi baterako daudela, erretiroa behin betiko eskuratu arte. Horrek laguntzek hartzeko pasiboetan parte izatea dakar.
Aurreko guztia kontuan hartuta, Zuzendaritza Nagusi honek uste du kontsulta-egileak jasotzen duen erretiro arruntaren aurreko laguntza Gizarte Segurantzak aintzatesten duen erretiro aurreratuaren, erretiro malguaren eta erretiro partzialaren formula baliokidetzat jo behar dela, goian idatzi den Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legeko 24.1.a) artikuluak adierazitakoaren aldetik.
Horrenbestez, kasu honetan egokia da kontsulta-egileak 2014an jaso nahi duen prestazioa erretirotik eta ez luzaroko langabeziatik ondorioztatzen dela uste izatea. Hori dela eta, ezin izango du berriro aplikatu galdetzen den 100eko 60ko integrazio-ehunekoa hurrengo ekitaldietan bazkide edo partaide duten gizarte aurreikuspeneko sistemetatik eskuratzen dituen diru-kopuruen gainean erretiroaren kontingentziagatik (nahiz eta behin betiko erretiroa hartu ondoren kobratu).
Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 18. eta 19.2.b) artikuluak.Abenduaren 10eko 175/2013 Foru Dekretuko xedapen gehigarri bakarra.