www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

02.06.2014

Erreferentzia

Etxebizitza bi eskuratzea batzeko eta haietan ohiko etxebizitza eraikitzeko

Galdera

Kontsultagilea elkarren ondoko etxebizitza bi eskuratu, batu eta haietan bere eta bere familiaren ohiko etxebizitza eraikitzea pentsatzen ari da.Jakin nahi du egin nahi duen inbertsioari ohiko etxebizitza eskuratzeagatiko kenkaria aplika diezaiokeen eta, hala bada, zer agiri aurkeztu behar duen hura frogatzeko.

Ebazpena

Kontsulta-idazkian egindako galderei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko (PFEZFA) 89. artikulua aplikatu behar da; 2013ko ekitaldirako indarra duen testuan, honako hau zehaztu du: "1. Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Era berean, ohiko etxebizitza erosteko besteren kapitalak erabiltzeagatik, zergadunen kargura joan diren besteren finantzaketak sortutako gastuak barne, zergaldian ordaindutako interesen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete. 2. Aurreko 1. zenbakian aipatzen diren kontzeptuen baturarengatik urtean, gehienez, 1.800 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. paragrafoan aipatzen diren kontzeptuengatik egindako kenkarien zenbatekoen batura ez da 36.000 euro baino gehiagokoa izango, zergaldi jarraituen denbora osoan. Zifra horri gutxituko zaio, hala badagokio, foru arau honek 51. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 30 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, baita zergaduna artikulu honetako 7. idatz-zatian aipatutakoetakoa bada ere, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. paragrafoan jasotako portzentajea 100eko 23 izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. zenbakian aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 2.300 euro izango da, salbu artikulu honen 5. zenbakiko b) letran aipatzen diren kasuetan. Baterako tributazioa aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, zenbaki honetan ezarritako portzentajeak eta muga aplikatuko dira. 5. Artikulu honetan jasotako ondorioetarako, ohiko etxebizitzaren erosketarekin parekatuko dira: (...) c) Arauz finkatzen diren kasuak. (...) 8. Zerga honen ondoreetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtean jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikotelagunaren ezintasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro-finka bakarra osatzen dutenean. Familia-unitateko kideak ondasun higiezin hiritar baten baino gehiagoren titularrak direnean, ondasun horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia unitatea bizitzako interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen erdigunea dena hartuko da ohiko etxebizitzatzat. 9. Artikulu honetako kenkaria aplikatzeko, aurreko idatz-zaitetan aipatutako kopuruen baturatik zergadunak etxebizitza erosteko edo birgaitzeko jasotako diru-laguntzen zenbatekoa kendu behar da, hain zuzen ere zerga honen arautegiaren arabera salbuetsita dauden diru-laguntzen zenbatekoa".

Manu hori azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiko (PFEZA) 68. artikuluan garatu da. Hauxe ezarri da bertan: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergadunak gutxienez hiru urteko epe jarraituan egoitza gisa daukan edozein eraikin. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ez dira ohiko etxebizitzaren kontzeptuaren barruan sartuko lorategiak, parkeak, igerilekuak eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak edo beste edozein osagai edo elementu, etxebizitza berez ez dena, salbu eta elementu horiek etxebizitzarekin batera erregistroko finka bakar bat direnean. Famili unitateko kideak hiri-lurreko ondasun higiezin bat baino gehiagoren titularrak badira, horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitza legez. Horretarako, familia unitatea bizitzako interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen erdigunea dena hartuko da ohiko etxebizitzatzat. 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko bizilekua izan dadin, benetan eta iraunkortasunez bizi behar du zergadunak berak hartan, hamabi hilabeteko epean zehar, etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera zenbatzen hasita. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitzan bizitzea nahitaez eragozten duten bestelako inguruabarrak gertatzen direnean, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera. b) Zergadunak ohiko etxebizitza duenean kargu edo enpleguaren zioz, eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez duenean; horrelakoetan, hamabi hilabeteko epea, lehen aipatutakoa, kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatuko da. Lokalak etxebizitza gisa gaitzen badira, etxebizitza lehen aldiz erabili edo okupatzeko lizentzia ematen denetik aurrera hasiko da zenbatzen paragrafo honen lehenengo lerroaldean aipatzen den hamabi hilabeteko epea. (...)"

Beste alde batetik, PFEZAko 69. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Honako kasu hauek ohiko etxebizitza eskuratzetzat hartuko dira: a) Etxebizitza handitzea; baldin eta bizi izateko den azalera handitzen bada, bai haize ageriko aldea itxiz, bai beste edozelan, modu iraunkorrean eta urtaro guztietan zehar. (...) 4. Hurrengoak ez dira etxebizitza eskuraketatzat hartuko: a) Artapen edo konponketa gastuak, foru dekretu honek 40. artikuluan jasotakoari jarraiki. b) Hobekuntzak. c) Garajeko plaza, lorategi, parke, igerileku eta kirol instalazioen erosketa eta, oro har, eranskinak edo foru dekretu honek 68,1 artikuluan jasotakoaren arabera ohiko etxebizitzaren kontzeptuaren barruan sartzen ez den beste edozein elementu. (...)".

Oro har, etxebizitza bat ohiko etxebizitza izateko (ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkariaren ondoreetarako), beharrezkoa da etxebizitzan gutxienez hamabi hilabete baino lehen bizitzen hastea, eskuratu denetik edo obrak amaitu direnetik zenbatzen hasita, baita bertan hiru urtez jarraian bizitzea ere. Etengabeko okupazioaren betekizunak alde batera uzteko, PFEZFAko 89.9 artikuluan edo PFEZAko 68. artikuluan aurreikusitako inguruabarretakoren bat gertatu beharko da. Dena delako higiezin osoaren edo zati baten gaineko jabetza edukitzeko eskakizunak ez dauka inolako salbuespenik.

Hortaz, oro har, zergapeko bakoitzak eta, orokorrean, familia unitate bakoitzak, ohiko etxebizitza bakarra baino ezin eduki dezake. Hala ere, legezko berariazko xedapenaren arabera, azalera bizigarriaren gehikuntza iraunkorra etxebizitzaren eskuraketarekin parekatzen da. Gehikuntza hori ondoko etxebizitzarekin barrutik eta era iraunkorrean komunikatuz burutu daiteke. Horregatik, trenkada bakar batek banatzen dituen higiezin atxikiei dagokienez, banantzen dituen trenkada eraitsiz haiek barrutik komunikatzea, zergari begira, ohiko etxebizitzaren handitzetzat hartzen da.

Hortaz, kontsultagileak eskuratu nahi dituen lursail biak etxebizitza bakarra izango dira galdetutako kenkaria aplikatzeari begira, era iraunkorrean fisikoki batuta geratzen badira.

Horren ondorioz, kontsultagileak elkarren ondoko etxebizitza biak eskuratu eta barrutik komunikatzeko erabilitako zenbatekoak ohiko etxebizitza eskuratzeko erabilitako zenbatekoak izango dira berarentzat eta, beraz, eskubidea emango diote galdetutako kenkaria egiteko (Zerga arautzen duen araudian horretarako xedatutako gainerako baldintzak eta mugak betetzen baditu, noski).

Horri dagokionez, argitu egin behar da, galdetutako kasuan, pisu biak ohiko etxebizitza bakartzat hartzeko, ez da beharrezkoa erregistroan biak lursail bakar batean batuta egotea; aitzitik, nahikoa da fisikoki komunikatuta egotea eta zergapekoaren ohiko etxebizitza izatea.

Egindako inbertsioen izaera eta errealitatea eta haien data frogatzeari begira, zergapekoak zuzenbidean onartutako edozein froga bide erabili ahalko du, baina trenkadak eraisteko eta kasuan kasu egin behar dituen higiezinen egokitzapenak burutzeko obrak, lehentasunez, haiek burutzen dituen kontratistak emandako fakturaren bidez frogatu beharko ditu, PFEZFAko 96. artikuluak berariaz xedatu duenez: "Titulu honetan araututako kenkariak aplikatu ahal izateko ezinbestekoa da zergadunak aplikatzeko eskubidea daukala frogatzen duten agiriak aurkeztea. Aipatu agiriek enpresari eta profesionalei dagozkien fakturak egin eta emateko arauetan eskatutako baldintzak bete behar dituzte, hala dagokionean".

Erantzun honetan ateratako ondorioak aplikagarriak dira, era berean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua indarrean sartu ondoren ere (indarrean joan den 2014ko urtarrilaren 1az geroztik), bertako 87, eta 94. artikuluetan xedatutakoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 68/2014 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 67 eta 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 89 eta 96. artikuluak.Azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuko 68 eta 69. artikuluak.

Itzuli