15.04.2014
Ohiko etxebizitzan egindako berrinbertsioaren ziozko salbuespena. Ohiko etxebizitzaren kontzeptua. Ohiko etxebizitza eskualdatzea hiru urte baino lehenago, lana galdu edo aldatzeagatik
Kontsulta egilea kazetaria da. Lansaio partzialeko kontratua du egunkari batean eta beste argitalpen batzuentzat ere lan egiten du. 2014ko maiatzaren 14ra arteko epea dauka aurreko ohiko etxebizitza salduz atera zuen zenbatekoa etxebizitza berria erosiz berrinbertitzeko, eta horrela lehenengo etxebizitzaren eskualdaketan lortutako irabaziaren salbuespen eskubidea finkatzeko. Agerliarrak adierazi du bere sarrerak asko gutxitu direla azken urteetan, bizi dugun egoera ekonomikoaren ondorioz. Bere lan-kontratua bera ere arriskuan dago. Horregatik, oraindik ez du etxebizitza berririk erosi, horretarako asmoa zeukan arren. Testuinguru horretan, Alemaniara lan bila joateko aukera aztertzen ari da, gaur egun daukan lanpostua galduz gero.Zera jakin nahi du:1) Berrinbertsioa egiteko daukan epea luzatu ahal zaion, daukan lan egoera prekarioa dela-eta.2) Etxebizitza berria 2014ko maiatzaren 14a baino lehen erosiz gero, ohiko etxebizitza izango litzatekeen edo ez, baldin eta, daukan lan egoera kaskarragatik, atzerrira badoa bizitzera etxebizitza berrian hiru urte bizitzen eman gabe, lanpostu berria lortzearen ondorioz edo hemen langabezian geratzearen ondorioz.3) 2014ko maiatzaren 14a baino lehen ohiko etxebizitza eskuratzen badu, eta bertan gutxienez hiru urtez bizi izan gabe eskualdatu behar badu, ezin diolako ordainketari aurre egin, etxebizitzako ohiko etxebizitzatzat joko litzatekeen edo ez.
1) Kontsulta-idazkian planteatutako gaiari dagokionez, 6/2006 Foru Araua, abenduaren 29koa, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa (PFEZFA) aplikatu behar da, aurreko etxebizitza eskualdatzeko unean indarrean zegoenez gero. 51. artikuluan hala xedatzen du: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzean lortutako ondare irabaziak zergapetu gabe geratuko dira baldin eta eskualdaketa horretan lortutako zenbateko osoa beste ohiko etxebizitza bat eskuratzeko berrinbertitzen bada arauz jasotako baldintzetan. 2. Berrinbertitutako zenbatekoa eskualdaketan jasotako zenbateko osoa baino txikiagoa bada, lortutako ondare irabaziaren zati proportzionala, berrinbertitutako zenbatekoari dagokiona, baino ez da utziko zergapetu gabe".
Manu hori azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudiaren (PFEZA) 50. artikuluan garatu da. Hauxe ezarri da bertan: "1. Zergadunaren ohiko etxebizitza eskualdatzeagatik ondare-irabaziak lortzen badira, irabazi horiek kargatik salbuetsi ahal izango dira, baldin eta eskualdaketan lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitzen bada ohiko beste etxebizitza bat eskuratzeko, artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat. Horri dagokionez, berdintzat joko dira etxebizitza eskuratzea eta etxebizitza birgaitzea, Zergari buruzko Foru Arauko 89. artikuluko 6. paragrafoan ezarritakoaren arabera. Etxebizitza ohikotzat hartzeko, Zergari buruzko Foru Arauko 89. artikuluko 8. paragrafoan eta Araudi honetako 68. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat. 2. Besterentzean lortzen den zenbateko osoa berriro inbertitu behar da, aldi batean edo batzuetan, baina, edozelan ere, eskualdaketa-egunetik urte bi pasatu baino lehen. Berrinbertsioa epealdiaren barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta epeen zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Aurreko paragrafoetan xedatutakoaren arabera, berrinbertsioa ez bada egiten besterentzea egiten den urte berean, orduan, ondare-irabazia lortzen duen ekitaldiko zergaren autolikidazioan berrinbertsioa aurretik adierazitako baldintza eta epeetan egiteko asmoa duela agerrarazi beharko du zergadunak. Era berean, besterentzean lortzen diren kopuruek berrinbertsioagatiko salbuespenerako eskubidea emango dute, baldin eta kopuruok ohiko beste etxebizitza baten prezioa ordaintzeko erabiltzen badira, eta betiere etxebizitza hori ohiko etxebizitzaren besterentzea egin den urtearen aurre-aurreko urte bietako epealdian eskuratu behar izan da. 3. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare-irabaziaren zati bat kargatik salbu geratuko da, hain zuzen ere artikulu honetan ezarritakoarekin bat etorriz benetan inbertituriko kopuruari dagokiona. 4. Artikulu honetan ezarritako baldintzetako bat betetzen ez bada, ondare-irabazia kargatuko da. Hori gertatzen bada, zergadunak salbuetsita ez dagoen ondare-irabazia irabazi hori lortu duen urteari egotziko eta autolikidazio osagarria egingo du; autolikidazio osagarri horretan bidezko berandutza-korrituak sartuko ditu. Ez-betetzea izan den egunaren eta ez-betetze hori gertatzen den zergaldiari dagokion autolikidazioaren arauzko epea amaitu arteko epean aurkeztuko da autolikidazio osagarria".
Aurrekoaz gain, 2009. urterako Zerga Neurriei buruzko abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauak hirugarren xedapen gehigarrian honakoa arautzen du: "Berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatzeko (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 51. artikuluan ezarritakoa), ohiko etxebizitza besterenduta lortutako diru kopurua berrinbertitzeko epealdia (azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 50. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutakoa) lau urtekoa izango da. Xedapen osagarri honetan aipaturiko epea luza daiteke ohiko etxebizitza 2006ko urtarrilaren 1a eta 2008ko abenduaren 31 bitartean eskualdatzen bada edo ohiko etxebizitza bat 2006ko urtarrilaren 1a eta 2008ko abenduaren 31 bitartean eskuratzen bada eta aurreko ohiko etxebizitza ondoren eskualdatzen bada".
Era berean, kontuan hartu behar da abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauak bigarren xedapen osagarrian behin-behinekoz zabaldu zituela PFEZAk 50. artikuluan aurrez ikusitako epeak, honakoa arautzen baitu: "Berrinbertsioaren ziozko salbuespena aplikatzeko (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 51. artikuluan ezarritakoa), ohiko etxebizitza besterenduz lortutako diru kopurua berrinbertitzeko epealdia (azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bitartez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 50. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutakoa) lau urtekoa izango da. Xedapen gehigarri honetan aipatutako epe luzapena aplikagarria izango da 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra artean ohiko etxebizitza eskualdatu bada edo 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean ohiko etxebizitza erosi eta aurreko ohiko etxebizitza eskualdatu bada".
Horri dagokionez, honakoa argitu du Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 1/2014 Jarraibideak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua eta hura garatzeko xedapenak aplikatzeko zenbait irizpide ezarri dituenak, 8.19 idatz-zatian: "PFEZaren arautegian, oro har, ez da ezarri zergaduna Zergaren Araudiko 50. artikuluan berrinbertsio-konpromisoa gauzatzeko ematen diren epealdiak bete beharretik salbuetsita dagoen kasurik. Hala ere, azken ondore horietarako, kontuan hartu behar da abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarriak hauxe ezarri duela: 2006ko urtarrilaren 1etik 2008ko abenduaren 31ra bitartean ohiko etxebizitza eskualdatuz gero edo aldi horretan eskuratu eta gero eskualdatuz gero, berrinbertsioa egiteko epealdia lau urtekoa da (dela ohiko etxebizitza eskualdatu aurretik, dela ondoren). Epe hori 3/2009 Foru Arauak, abenduaren 23koak, bigarren xedapen osagarrian luzatu du ohiko etxebizitzen eskualdaketak 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean egiten direnerako, baita denboraldi berean egindako erosketa eta ondoren aurreko ohiko etxebizitzaren eskualdaketarako ere".
Gauzak horrela, kontsultagileak bere aurreko ohiko bizilekua besterendu zuen 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean (zehazki, 2010eko maiatzean), eta lau urteko epea dauka, etxebizitza hori saldu zuen unetik zenbatzen hasita, horrela lortu duen zenbatekoa beste etxebizitza bat erosteko berrinbertitzeko goian idatzi diren PEFZFAko 51. artikuluan eta PFEZAko 50. artikuluan ezarri bezala (abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauko bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin osatutakoak). Halaber, berrinbertsioa epearen barruan egintzat hartuko da salmenta epera edo prezio geroratuarekin egiten denean, baldin eta mugaegunetako bakoitzaren zenbatekoa helburu horretarako erabiltzen bada epeok hartzen diren zergaldiaren barruan. Zergadunak besteren finantzaketa erabili badu eskualdatutako etxebizitza eskuratzeko, orduan, horri dagokionez soil-soilik, eskualdaketaren balioari eskualdaketaren unean amortizatzeko dagoen maileguaren printzipala kentzean lortzen den emaitza hartuko da lortutako zenbateko osotzat.
Salmentan jasotako zenbatekoa ez bada berrinbertitzen legeak ezarritako denboraldian (egin den kontsulta honen kasuan, besterentzea egin zenetik lau urte igaro aurretik), PFEZAko 50. artikuluan ezarritako baldintzak ez dira beteko eta lortutako ondare-irabazia zergapean egongo da. Hori hala gertatzen bada, salbuetsita ez dagoen errenta hori lortu zuen urteari egotziko dio zergadunak, eta autolikidazio osagarri egokia egingo du; autolikidazio osagarri horretan, dagozkion berandutza korrituak sartuko ditu. Autolikidazio osagarria aurkezteko epealdia honakoa da: ez-betetzea gertatzen denetik ez-betetzea gertatzen den ekitaldiko autolikidazioaren arauzko epealdia amaitu arte. Berrinbertsioaren zenbatekoa besterentzean lortutakoa baino gutxiago bada, ondare irabaziaren zati bat bakarrik geratuko da kargatik salbu, hain zuzen ere benetan berrinbertitutako kopuruaren proportziozko zatia.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen araudiak ez du aurreikusten berrinbertsiorako konpromisoa gauzatzeko ezarritako epeak luzatu ahal diren kasurik, transkribatu ditugun zerga-neurriei buruzko foru arauetan (epe orokorra aldi batez bi urtetik lau urtera luzatu zutenak) berariaz araututakoetatik kanpo.
Puntu honetan, adierazi behar dugu 2014ko urtarrilaren 1ean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZFA berriari) buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua indarrean sartu zela. Haren 49. artikuluan ohiko etxebizitzan berrinbertitzeagatiko salbuespena arautzen da, ordura arte PFEZFAren 51. artikuluan (goian garatutakoan) egiten zen termino berberetan. Gainera, PFEZFA berri honen xedapen indargabetzaileak ondokoa azaltzen du: "Bat. Hemen ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak, eta zehazki Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 26ko 6/2006 Foru Araua, indargabetuta geratzen dira. (...) Hiru.. Aurreko 1. idatz-zatian aipatu diren xedapenen indargabetzeak ez ditu eragotziko Zerga Administrazioak haien indarraldian sortutako betebeharren gainean dauzkan eskubideak".
Hortik ondorioztatzen da, baldin eta kontsulta egileak bere aurreko ohiko etxebizitza salduz eskuratu duen zenbatekoa ez badu etxebizitza berria erostean berrinbertitzen, PFEZFAren 51. artikuluan eta PFEZAren 50. artikuluan (abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauaren bigarren xedapen gehigarriari lotuta) ezarritako moduan, 2010eko autolikidazioaren osagarria den beste autolikidazio bat aurkeztu behar duela, arestian azaldu denez.
2) Kontsultaren idazkian galdetzen den bigarren gaiaz, kontsulta egileak berrinbertsiorako konpromisoa 2014ko maiatzaren 14a baino lehen gauzatzen badu, ohiko etxebizitza berria erosiz, PFEZFAren 89.8 artikulua aplikatuko da. Horren arabera: "8. Zerga honen ondoreetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtean jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro-finka bakarra osatzen dutenean. Familia-unitateko kideak ondasun higiezin hiritar baten baino gehiagoren titularrak direnean, ondasun horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia-unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat".
Gauza bera dio Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87.8 artikuluak, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean dagoenak.
Ildo beretik, oraindik indarrean dagoen azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 68. artikuluan (PFEZFA) hauxe ezarri da: "1. Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergadunak gutxienez hiru urteko epe jarraituan egoitza gisa daukan edozein eraikin. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. (...) 2. Etxebizitza bat zergadunaren ohiko bizilekua izan dadin, benetan eta iraunkortasunez bizi behar du zergadunak berak hartan, hamabi hilabeteko epean zehar, etxebizitza erosi edo obrak amaitu direnetik aurrera zenbatzen hasita. Hala ere, etxebizitzak ez dio ohikoa izateari uzten honako inguruabar hauek gertatzen direnean: a) Zergaduna hiltzen denean edo etxebizitzan bizitzea nahitaez eragozten duten bestelako inguruabarrak gertatzen direnean, artikulu honetako 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera. b) Zergadunak ohiko etxebizitza duenean kargu edo enpleguaren zioz, eta eskuratutako etxebizitza erabiltzen ez duenean; horrelakoetan, hamabi hilabeteko epea, lehen aipatutakoa, kargua edo enplegua uzten duen egunetik aurrera zenbatuko da. (...) 4. Zergari buruzko Foru Arauko 44.b) eta 51. artikuluetan jasotzen diren salbuespenak aplikatzeko bakarrik, zergaduna ohiko etxebizitza eskualdatzen ari dela ulertuko da artikulu honetan jasotakoaren arabera eraikin hori une horretan bere ohiko etxebizitza denean edo, bestela, eskualdatu aurreko bi urteetako edozein egunetara arte halakotzat hartu denean".
Etxebizitzak ohiko izaera izan dezan inbertsioaren ziozko kenkariaren berrinbertsioaren ziozko salbuespenaren ondoreetarako, beharrezkoa da erosten denetik gehienez hamabi hilabete igaro baino lehen okupatzea eta bertan bizitzea gutxienez hiru urtez jarraian. Baldintza horien salbuespena gerta daiteke soilik etxebizitza ezarritako epean okupatzea galarazten edo etxebizitza ezinbestean aldatzea dakarren inguruabarren bat gertatzen bada, interesatuaren borondatea edo komenentzia edozein delarik ere. Beharrezkotasun horren arabera, saihestu edo gainditu ezinezko kausaren bat behar da. Beraz, okupazioaren baldintzan eta gutxienez hiru urtez etengabeko egoitza izatearen baldintzan salbuespena aplikatzeko, honakoa jakin behar da: higiezina erosi eta ondoren sortutako egoerarengatik, etxebizitza ez okupatzea edo egoitza aldatzea zergadunaren aukera den edo bere borondatetik kanpoko ondorioa den. Zergadunak hautatzeko aukera mantentzen badu eta etxebizitza ez okupatzea edo egoitza aldatzea erabakitzen badu, etxebizitza ezingo da ohikotzat jo Zergarako. Erabakitzeko aukerarik ez badu, berriz, etxebizitza ohikoa izango da, nahiz eta bertan ez bizi edo legez eskatzen den gutxieneko denboraldian bertan ez bizi.
Kontsultan azaldu den auzian, agerliarrak azaldu du balitekeela, berrinbertsioa dagokion etxebizitza eskuratu ondoren, atzerrira joatea bizitzera, etxebizitzan gutxienez hiru urtez bizi gabe, lanpostu berria eskuratzearen ondorioz.
Lanpostu berria eskuratzeagatik egoitzaz aldatzen bada, higiezina ez okupatzea edo etxebizitza aldatzea baimentzeko kasuetako bat litzateke, zergaren araudian berariaz azaldua. Zehatzago, PFEZFAn eta PFEZAn berariaz jaso da lanpostuz aldatzea edo lanpostu berria lortzea, besteak beste, etxebizitza okupatu ezin izatea edo etxebizitzaz aldatzeko beharra justifikatzen duten inguruabarrak direla; baina, hori horrela izan dadin, kausa/ondorio erlazioa egon behar da etxebizitza aldaketaren edo lanpostu berria eskuratzearen eta okupazio ezaren edo etxebizitza aldaketaren artean (hau da, azken bi kasuak lehenengo biek behartuta egon behar dira). Izan ere, laneko lekualdaketa hutsak edo lanpostu berria eskuratze hutsak ez dakarte beti etxebizitza okupatzeko ezintasuna edo etxebizitza aldatu beharra. Ondorioz, azaldutako inguruabarrarengatik etxebizitza okupatzearen ezintasuna edo bizilekuz aldatzeko beharra norainokoa den baloratzerakoan, kontuan hartu behar da, beste gauza batzuen artean, zenbateko distantzia geografikoa dagoen lantoki berriaren eta okupatu nahi ez den edo utzi nahi den etxebizitzaren artean, batetik, eta lanpostu berri horren eta hartu nahi den etxebizitza berriaren artean, bestetik. Beraz, ez da nahikoa lanpostu-aldaketa egotea edo lanpostu berria eskuratzea egoitza-aldaketa justifikatzeko, gertaera baten eta bestearen artean kausa/ondorio erlaziorik ez badago.
Egitate baten eta ondorio baten arteko kausalitate erlaziorik ba ote dagoen zehaztea, betiere, Foru Ogasun honetako zerga-kudeaketa eta ikuskapen organoei dagokie, baina, aurkeztu diren datuak ikusirik, Zuzendaritza Nagusi honek uste du kontsulta honetan azaldutako kasuan behintzat bai, badagoela kausa/ondorio erlazio hori, kontuan izanik lanpostu berria Alemanian egongo litzatekeela.
Horrenbestez, kontsulta egileak erosi nahi duen etxebizitza ez badu 2014ko maiatzaren 14a baino lehen okupatzen, edo gutxienez hiru urtez ez bada bertan bizitzen, azaldutako arrazoiengatik bi kasuetan (hau da, atzerrian lanpostu berria eskuratzeagatik), Zuzendaritza Nagusi honek uste du etxebizitza hori ohiko etxebizitza izango dela, 2010ean eskatu zuen berrinbertsioagatiko salbuespena finkatzeko ondorioetarako.
Ondorio bera aplikatuko litzateke baldin eta etxebizitza eskuratu ondoren agerliarrak gaur egun daukan lanpostua galtzen badu edota dauzkan diru-sarreretako asko galtzen baditu, eta horregatik behin betiko atzerria joan beharra badu han lana bilatzeko edo autonomo gisa lan egiteko, hemen ez daukalako lan-aukerarik eta herrialde hartan lana aurkitzeko aukera gehiago dituelako hemen baino.
3) Azkenik, emandako datuen arabera, baliteke kontsulta egilearen lan egoerak txarrera egitea eta langabezian geratzea, edo haren gainerako diru-sarrerak asko gutxitzea, eta horregatik etxebizitza berriaren erosketa finantzatzeko eskatu behar duen maileguaren ordainketari ezin aurre egin izatea (halere atzerrira joan beharrik gabe).
Horri dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko araudiak ere higiezina ez okupatzea edo etxebizitzaz aldatzea onartzen du bertan bizi izaten hiru urteko epe orokorra bete baino lehen, baldin eta inguruabar ekonomikoek higiezina ordaintzea eragozten badute. Horrela, PFEZFAren 89.8 artikuluak berariaz aitortzen duenez, etxebizitza ordaintzea galarazten duten inguruabar ekonomikoak egotea arrazoi nahikoa da etxebizitzan normalean bizitzen eman behar diren segidako hiru urteak amaitu baino lehen etxebizitzaz aldatu ahal izateko, etxebizitzak horregatik ohiko etxebizitza izaera galdu gabe.
Ondorio horietarako, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua eta hura garatu duten xedapenak aplikatzeko irizpideak ezarri dituen Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren martxoaren 31ko 1/2014 Jarraibidearen 13.8.19 idatz-zatian hauxe gehitu da: "Abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauak 6/2006 Foru Arauko 89. artikuluko 8. idatz-zatia aldatu zuen; honela idatzita geratu da: "8. Zerga honen ondoreetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergaduna hiru urtean jarraian bizi den etxebizitza. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo berarekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo Zergaren kuota osoan kenkaria aplikatzeko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, inguruabar ekonomikoengatik aipatu aldian etxebizitzaren ordainketari aurre ezin egin izatea, edo antzeko beste egoerak gertatzea". Etxebizitza ordaintzea eragozten duten inguruabar ekonomikoak egoteak bertan hiru urtez etengabe bizi izan baino lehen bizilekua aldatzea justifikatzen du; hala ere, horrek ez du etxebizitzak ohiko izaera izatea eragozten. Izan ere, agerikoa da honelako kasuetan etxebizitza aldatzea ezinbesteko gertatzen zaiola zergadunari, hau da, ez dela bere borondatez edo komeni zaiolako egiten duen aldaketa. Horrenbestez, zergadunak enplegua galtzen badu, etxebizitzak ohikoa izaten jarraituko du, baldin eta, haren ondare egoera eta enplegu berria aurkitzeko iguripenak kontuan hartuta, etxebizitzaren salmenta borondatezko hautapenaren ondorioa barik saihestu ezin daitekeen ezinbesteko eginbeharra bada. Halako kasuan dauden zergadunek erabaki-ahalmenik dutenez zehazteko, ondoko alderdiak aztertu behar dira: ondare-egoera, orokorrean, gastu arruntetarako berak eta bere mendeko pertsonek baliagarri daukaten errentaren zenbatekoa (hipoteka-maileguaren kuotak kenduta), eta enplegu berria aurkitzeko iguripenak. Horiek guztiak baloratzeko, kontuan eduki behar da egungo egoeran, merkatua nola dagoen ikusita (erabat motelduta dago eta prezioak beheraka hasita daude), etxebizitzen salmenta nekez izan daitekeela espekulaziorako. Irizpide hori bera aplikatuko zaie lanari utzi behar dioten langile autonomoei eta sarreretan murrizpen handia jasaten dutenei ere".
Aldi baterako inguruabartzat har daiteke nahikoa baliabiderik ez izatea, eta horren larritasuna edo garrantzia ezin balora daiteke kontsulta loteslearen fasean eta, berez eta kasu guztietan, ez dakar ohiko etxebizitza saldu beharra. Inguruabar horiek baloratzeko, zergadunaren gaitasun ekonomikoari erreparatu behar zaio, baita higiezina eskuratu zuenean ia aldatu den edo ordutik hona dagoen bera den ere. Aitzitik, esan dezakegu gehienetan (hau da, salbuespen zehatzak izan ezik), lanpostua galtzea, jarduera bat egiteari uztea edo langile autonomoek izaten dituzten diru-sarreren galera handia etxebizitza okupatu baino lehen, edo bertan hiru urtez segidan bizitzeko denboraldia amaitu baino lehen, etxebizitza saltzea (edo errentatzea) justifikatzen duten kausak direla.
Horrenbestez, zergadunak enplegua galtzen badu, edo laneko diru-sarrerak asko murrizten badira, etxebizitzak ohikoa izaten jarraituko du, baldin eta, haren ondare egoera eta enplegu berria (edo aukera profesional berriak) aurkitzeko iguripenak kontuan hartuta, etxebizitza uztea borondatezko hautapenaren ondorioa barik saihestu ezin daitekeen ezinbesteko eginbeharra bada.
Halako kasuan dauden zergadunek erabaki ahalmenik dutenez zehazteko, ondoko alderdiak aztertu behar dira: ondare egoera (kasu honetan, kontsulta egilearen aurreko ohiko etxebizitza saltzean eskuratutako zenbatekoa kontuan izanik), orokorrean, gastu arruntetarako berak eta bere menpeko pertsonek baliagarri daukaten errentaren zenbatekoa (hipoteka-maileguaren kuotak kenduta), eta enplegu berria (edo aukera profesional berriak) aurkitzeko igurikizunak.
Ondorio horietarako, bakarrik esan dezakegu, aurreko guztiarekin bat etorriz, kontsulta egileak azaldutako arrazoiengatik higiezina ez okupatzeaz gain edo uzteaz gain beste aukerarik ez badauka ez lukeela galduko aurreko etxebizitza saltzeagatik eskuratutako zenbatekoa higiezin horretan berrinbertitzeko eskubidea, horrela 2010ean errenta horrek sortutako irabaziaren salbuespena finkatuz. Alabaina, horretarako, hala dela egiaztatzeko modua egon beharko luke, eta kudeaketa eta ikuskapen organoei dagokie aurkezturiko frogak baloratzea, aurretik errekerimendua eginda.
Noski, etxebizitza ez okupatzea edo bertan hiru urte bizitzen emateko denboraldia amaitu baino lehen uztea etxebizitzaren ordainketa galarazten duten inguruabar ekonomikoengatik gertatzen bada, eta etxebizitzak ez badu ohiko etxebizitza izaera horregatik galtzen, inguruabar ekonomiko horiek (hau da, egoera ekonomiko txarra) gerora gainditzeak ez du ekarriko etxebizitzak ohiko etxebizitza izaera galtzea une horretan (hau da, kontsulta egilearen egoera ekonomikoa hobetzen denean, hala gertatzen bada). Horrenbestez, etxebizitza epe barruan ez okupatzea edo etxebizitzaz aldatzea justifikatzen duten kausen analisia egiterakoan, unean uneko inguruabarrak kontuan izan behar dira (inguruabarrok gerora aldatzea gorabehera). Azkenik, erantzun honetan suposatu denaren kontra 2014k maiatzaren 14a baino lehen erosi nahi den etxebizitzak ez badu ohiko etxebizitzaren izaera bereganatzen, goian adierazitakoarekin bat etorriz, kontsulta egileak eskuratzen duen urteari (2010ari) egotzi beharko dio salbuetsi gabeko errenta, autolikidazio osagarria eginez, eta berandutza interes egokiak sartuz. Autolikidazio osagarri hori epe honetan aurkeztu beharko da: etxebizitza ohiko etxebizitza izateko betekizunak betetzen ez diren unetik hasita, eta hori gertatzen den ekitaldiko autolikidazioa aurkezteko arauzko epea amaitu arte.
Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauaren 51 eta 89. artikuluak.Azaroaren 20ko 207/2007 Foru Dekretuko 50. eta 68. artikuluak.Abenduaren 23ko 3/2009 Foru Arauko bigarren xedapen gehigarria.Abenduaren 10eko 7/2008 Foru Arauko hirugarren xedapen gehigarria.Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 87.8 artikulua.