www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

24.02.2014

Erreferentzia

Bizkaitar egoiliarra, amerikar pentsio plan bat kobratzen duena

Galdera

Kontsulta egilea Estatu Batuetan bizi izan da 1993ko urritik 2013ko maiatzera arte. Orduan egoitza Bilbora aldatu zuen, Bizkaiko enpresa batean lan egiten hasteko. Bere aurreko lana Estatu Batuetako unibertsitate publikoa batean izan zen. Han "associate professor" izan zen 2005eko irailaz geroztik. Denboraldi horretan, laneko pentsio plan bati ekarpenak egin zizkion. Gaur egun 100.000 dolar pilatu ditu. Estatu Batuetako legeriaren arabera, 59 urte bete baino lehen planetik kobratzen diren zenbatekoek %30eko zerga-tasa daukate.Jakin nahi du plan horretatik eskuratzen dituen zenbatekoak Bizkaian kargapean dauden eta, baiezkoan, errenta horren gainean ezarpen bikoitza galarazteko mekanismorik dagoen.

Ebazpena

Egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da lehenik eta behin, kontsulta egin zen egunean indarrean baitzegoen (2014ko urtarrilaren 1era arte), hain zuzen ere 2. artikulua: "Foru arau honetan xedatutakoa Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren honako zergapeko hauei aplikatuko zaie: 1. Zergadun gisa: a) Hurrengo artikuluan xedatzen denaren arabera, beren ohiko egoitza Bizkaian duten pertsona fisikoei. (...)".

Ildo honetatik, PFEZFAko 3. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Subjektu pasiboak ohiko egoitza Bizkaiko Lurralde Historikoan duela ulertuko da ondoko erregelak betetzen baditu: 1.a Zergaldiko egun gehienak Euskal Autonomia Erkidegoan emanik, Bizkaian egindako egun kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean. Lurralde jakin batean zenbat denbora eman den zehazteko, kanpoan eman diren aldi baterako egonaldiak konputatuko dira, salbu eta frogatzen bada zerga egoitza beste herrialde batekoa dela. Zerga egoitza paradisu fiskaltzat jotzen diren herrialde edo lurraldeetako batean dagoenean, bertan urte naturaleko 183 egun baino gehiago egin direla frogatzeko eska dezake Zerga Administrazioak. Bestelakorik frogatzen ez bada, pertsona fisiko bat Bizkaian bizi dela joko da pertsona horren ohiko etxebizitza lurralde honetan dagoenean. 2.a Interesen gune nagusia Bizkaian duenean. Zergadun batek bere interesik gehienak Bizkaian dituela ulertuko da, zerga-oinarriaren zatirik handiena Euskadin lortuta, Bizkaiko Lurraldean beste lurralde bietan baino zerga-oinarriaren zati handiagoa lortzen duenean. Dena dela, ondorio bietarako, irizpide horretatik kanpo geratuko dira higigarrien kapitalaren errentak eta ondare-irabaziak, eta ezarritako zerga-oinarriak. 3.a Zerga honen ondorioetarako aitortutako azken egoitza Bizkaian dagoenean. Lehenengo erregela aplikatuta ere zergadunaren ohiko bizilekua zein lurraldetan dagoen -komun edo foralean- zehaztea ezinezkoa gertatzen bada, orduan, bigarren erregela aplikatuko da. Lehen eta bigarren erregeletan xedatutakoa aplikatu ondoren, inguruabar bera gertatzen bada, hirugarren erregela aplikatuko da. 2. Lurralde espainiarrean egoiliar diren pertsona fisikoek ez badituzte bertan ematen 183 egun baino gehiago urte naturalaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliartzat joko dira enpresa jarduera edo profesionalen gune nagusi edo basea, edo beren interes ekonomikoena lurralde horretan kokaturik dutenean. Aurreko paragrafoan jasotakoaren arabera pertsona fisikoen ohiko bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenean, pertsona horiek Bizkaian bizi direla joko da beren jarduera ekonomiko edo profesionalen interes gune edo basea edo beren interes ekonomikoena lurralde horretan kokatzen bada. 3. Pertsona fisiko bat lurralde espainiarreko egoiliarra dela uste bada, legez banandu gabeko ezkontideak eta honen menpe dauden adingabeko seme-alabek ohiko bizilekua Bizkaian dutelako, pertsona fisiko horren ohiko bizilekua Bizkaian dagoela ulertuko da. Uste horren aurka kontrako froga aurkez daiteke. (...)".

Halaber, PFEZFAren 6. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Zergadunak errenta bat lortzea hartzen da zerga-gaitzat, errenta hori non sortu den eta ordaintzailearen egoitza non dagoen kontuan izan gabe. (...)".

Hori guztia gorabehera, PFEZFAko 5 artikuluan ondokoa ezarri da: "Foru arau honetan xedatutakoa gorabehera, Espainiako barru antolamendua osatzera etorri diren nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoak indarrean jarraituko du".

Aurreko guztiarekin bat etorriz, kontsulta egilea Bizkaiko egoiliarra da (eta beraz, lurralde historiko horretan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren mende egongo da eskuratzen duen errenta guztiagatik, errenta hori sortu den lekua gorabehera eta ordaintzailearen egoitza edonon egonik ere) baldin eta PFEZFAren 3. artikuluko 1-3 zenbakietan (goian transkribatuta daudenak) ezarritako inguruabarren bat gertatzen bada.

Zehazki, egoitza zehazteko irizpide nagusiari dagokionez (Bizkaian bizitzea alegia), Bizkaian bizi da eta, horrenbestez, lurralde historiko horretan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren mende dago betekizun hauek betetzen dituen pertsona fisiko oro: 1) Espainiar lurraldean urte naturaleko 183 egun baino gehiago ematen dituena; eta 2) Zergaldiko (urte naturaleko) egun gehienak Euskal Autonomia Erkidegoan emanik, Bizkaian egindako egun kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean. Lurralde jakin batean zenbat denbora eman den zehazteko, kanpoan eman diren aldi baterako egonaldiak konputatuko dira, salbu eta frogatzen bada zerga egoitza beste herrialde batekoa dela.

Horrenbestez, gaia egonaldiaren irizpide nagusian jartzen badugu, kontsulta egileak Bizkaiko Foru Ogasun honen aurrean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadun gisa ordaindu behar ditu zergak, betekizun horiek betetzen dituen zergalditik (urte naturaletik aurrera). Hau da, baldintza hauek betetzen dituen ekitalditik aurrera: 1) Espainian 183 egunetik gora ematen dituenean; eta 2) urte naturaleko egun gehienak Euskal Autonomia Erkidegoan emanik, Bizkaian egindako egun kopurua Euskal Autonomia Erkidegoko beste bi lurralde historikoetako bakoitzean egindakoa baino handiagoa denean.

Betekizun horiek, emandako datuen arabera, 2013ko ekitalditik aurrera betetzen dira. Izan ere, urte horretako maiatzean ekarri zuen agerliarrak bere egoitza Estatu Batuetatik Bizkaira. Beraz, Bizkaian zergaldiko 183 egun baino gehiago eman ditu.

Halere, baliteke 2013an kontsulta egilea Estatu Batuetako egoiliar fiskaltzat ere jotzea, herrialde horretako barne legeria aplikatuz (horren berri ez dakigu). Kasu horretan, erabaki beharko litzateke auzitan dauden bi administrazioetatik zeini dagokion zergaduna egoiliar gisa zamatzea zergaldi horretan. Horretarako, PFEZFAren 5. artikuluan xedatutakoa kontuan izanik, Espainiako Erresumak eta Amerikako Estatu Batuek errentaren gaineko zergetarako ezarpen bikoitza ekiditeko eta zergetako ihes fiskala ekiditeko 1990eko otsailaren 22ko hitzarmenean ezarritako arauak aplikatu beharko lirateke. Hitzarmena Madrilen egin zen eta hauxe dakar haren 4.2 artikuluak: "2. 1. idatz-zatiko xedapenekin bat etorriz pertsona fisiko bat bi Estatu kontratatzaileetan bada egoiliarra, haren egoera modu honetan konponduko da: a) Pertsona horrek etxebizitza iraunkor erabilgarria non duen, Estatu horretako egoiliartzat hartuko da; bi Estatuetan badu etxebizitza iraunkor bat erabilgarri, harreman pertsonal eta ekonomiko estuenak zein Estatutan dituen (ezinbesteko interesen gunea), hango egoiliartzat hartuko da. b) Ezin bada zehaztu pertsona horrek zein Estatutan duen ezinbesteko interesen gunea, edo ez badu etxebizitza iraunkorrik Estatuetako bakar batean ere erabilgarri, eskuarki bizi den Estatuko egoiliartzat hartuko da. c) Eskuarki bi Estatuetan bizi bada edo ez bada bizi bietako batean ere, nazionala den Estatuko egoiliartzat hartuko da. d) Bi Estatuetako nazionala bada, edo ez bada bietako bakar batekoa ere, bi Estatu kontratatzaileetako agintaritza eskudunek ebatziko dute kasua, elkarren arteko adostasunez".

Egoitza estatu batean edo bestean finkatutakoan, aurreko guztiaren arabera, errepikatu behar da kontsulta egileak foru ogasun honen aurrean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren zergadun gisa zergak ordaindu behar dituen ekitaldietan (2013tik aurrera), printzipioz, hemen bere munduko errenta guztia aitortu beharko duela, goian transkribatu den PFEZFAren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, errenta hori non sortzen den gorabehera eta ordaintzailearen egoitza non dagoen gorabehera. Hala eta guztiz ere, esan dugunez, Espainiako barne antolaketan dauden nazioarteko itun eta hitzarmenetan ezarritakoa kaltetu gabe ulertu behar da PFEZFAn xedatutakoa.

Horregatik, lehen aipatu den hitzarmenaren 1. artikuluan aurreikusita dagoena bete beharko da. Artikulu horrek dioenez: "1. Hitzarmen hau estatu kontratugileetako batean edo bietan bizi diren pertsonei aplikatzen zaie, hitzarmenean ez bada beste ezer xedatzen. (...)".

Halaber, hitzarmen horren 4. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Hitzarmen honen ondorioetarako, "estatu hitzarmengile baten egoiliarra" espresioak Estatu horretan bizilekua edo egoitza duelako edo bere enpresaren zuzendaritzak edo bulego nagusiak bertan egoitza duelako, edo antzeko izaerako beste irizpideren batengatik, bertako legeen ondorioz hantxe zergapetu behar duen pertsona esan nahi du. (...)".

Kontsulta egilea pertsona fisikoa da eta Bizkaiko Lurralde Historikoko egoiliarra den ekitaldietan (printzipioz 2013tik aurrera) lurralde horretako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren mende egongo da jasotzen duen errenta osorako, errenta hori sortzen den lekua gorabehera eta ordaintzailearen egoitza edonon egonik ere.

Horrenbestez, aipatutako hitzarmena aplikatzeko eskubidea izango du, beraren 1-4. artikuluetan xedatutakoa kontuan izanik. Eskubidea izango du, bestalde, PFEZFAren 5. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko (horren arabera, PFEZFAn ezarritakoa hitzarmen horretan araututakoa kaltetu gabe ulertu behar da). Gainera, hitzarmen hori kontuan izan behar da zehazteko zein errenta eta zein baldintzatan egon ahal diren zergapean Bizkaian.

Zehazki, interesdunak planteatu dun gaiari dagokionez, hitzarmenaren 20. artikuluak hauxe aurreikusten du: "1. 21. artikuluko xedapenak (funtzio publikoak) kaltetu gabe: a) Pentsioak eta beste antzeko ordainsari batzuk, estatu kontratari bateko egoiliar batek eskuratzen dituenak, beraien benetako onuraduna dena, aurreko lanpostu batengatik jasoak, estatu horretan bakarrik ezarri ahal dira, eta b) Gizarte Segurantzaren onurak, estatu kontratari batek beste estatu kontratariko egoiliar bati edo Estatu Batuetako herritar bati ordainduak, lehenbizi aipatutako estatuan ezarri ahal dira. (...)".

Hitzarmenaren protokoloaren 15. idatz-zatiak hauxe gehitzen du: "Espainiako Erresumak eta Amerikako Estatu Batuek hitzarmena sinatu zuten unean, errentaren gaineko zergetan ezarpen bikoitza eta zerga ihesa ekiditeko helburuz, sinadurek ondoko xedapen hauek adostu dituzte, hitzarmenean sartuko direnak: (...) 15. 20. artikuluko 1 b) idatz-zatiari dagokionez (pentsioak, urteko ordainketak, elikagaien pentsioak eta seme-alabengatiko laguntzak). Gizarte Segurantzako onurei aplikatu beharreko xedapenak kudeaketa publikoko fondoen kontura ordaindutako pentsioei ere aplikatu behar zaizkie, sektore pribatuari emandako zerbitzuak direla-eta [Estatu Batuen kasuan, Trenbideen Erretiro Fondoa, adibidez (Railroad Retirement Fund)]".

Manu horiek ELGAren hitzarmen ereduko 18. artikuluan xedatutakoan oinarritzen dira. Beraien iruzkinetan hau adierazten da: "4. Langile bati zenbait ordainketa egin ahal zaizkio lana uzten duen unean. Ordainketa horiek artikuluaren eremuan sartzea edo ez ordainketen izaeraren arabera izango da, egitateak eta ordainketak egiten diren inguruabarrak kontuan izanik, hurrengo bi paragrafoetan azaltzen denez. 5. "Pentsio" hitzaren ohiko zentzuaren arabera, hemen aldizka egiten diren ordainketak bakarrik sartzen dira. "Antzeko gainerako ordainketak" esaera, ordea, oso zabala da, eta aldizka egiten ez diren ordainketak onartzen ditu. Adibidez, oroharreko zenbateko bat, aldian behingo pentsioen ordainketen ordez ematen dena, lana uzteko unean edo geroago, artikulu honen barruan sar daiteke. 6. Ordainketa jakin bat pentsio baten antzeko beste ordainsaritzat jo behar izatea edo egindako lanaren azken ordainketatzat (15. artikulua) jo behar izatea egitatezko kontua da. Adibidez, ordainketak pentsioa ordezkatzen duela edo pentsioa murrizteagatiko konpentsazioa dela ikusten bada, ordainketa hori artikuluan sartutako "antzeko ordainsari" giza kalifikatu ahal da. Kasu hori gertatuko litzateke pertsona bati bere erretiroaren unean aukeran ematen bazaio pentsio baten ordainketa jasotzea edo oroharreko zenbateko bat jasotzea, bere ekarpenen zenbateko osoarekin kalkulatua edo pertsona horrek bere pentsio planari aplikatu beharreko arauen arabera beste kasu batean egokituko zitzaion pentsioaren zenbatekoaren arabera kalkulatuta. Ordainketaren jatorria faktore garrantzitsua da; pentsio plan batetik egindako ordainketak artikuluan sartuko lirateke normalean. Ordainketa bat edo ordainketa sorta bat artikuluaren barruan sartzen diren zehazten lagunduko luketen beste faktore batzuk hauek lirateke: ordainketa bat ordainketa sortu zuen mendeko laneko prestazioa amaitzeko unean edo beranduago egin den, jasotzaileak lanean jarraitzen duen, jasotzailea erretiratzeko adin normalera iritsi den lan mota zehatz horri dagokionez, oroharreko zenbateko mota bera jasotzeko gaituta dauden beste jasotzaile batzuen izaera, eta jasotzailea aldi berean beste prestazio batzuk, pentsio moduan, eskuratzeko gaituta dagoen. Pentsioetarako ekarpenen itzulketa (adibidez, aldi baterako lan baten ondoren) ez da 18. artikuluko "beste antzeko ordainketa bat". Honelako ordainketa moten zamaketan kasu zailak sortzen direnean, estatu kontratariek 25. artikuluko xedapenen arabera konpondu behar dute arazoa. 7. Artikulua aurreko mendeko lan baten kontzeptupean ordaindutako pentsioei eta antzeko ordainketei bakarrik aplikatzen zaienez gero, ez da beste pentsio batzuetara iristen, adibidez, aurreko lan independenteko errenta gisa ordaintzen direnetara. Aitzitik, estatu batzuek artikuluaren eremua zabaltzen dute mota guztietako pentsioak estaltzeko, pentsio publikoak barne. Horrela jokatu nahi duten estatuek askatasuna dute xedapen egokiak sartzea erabakitzeko. (...) 28. (...) "Gizarte segurantza", normalean, nahitaezko babes sistema bat da, estatu batek sortzen duena, biztanleriari erretiratzeko gutxieneko errenta edo prestazio maila bat eskaintzeko, edo zenbait gertakizunen (esate baterako langabezia, lan istripuak, gaixotasunak edo heriotza) finantza-eragina arintzeko asmoz. Gizarte segurantzaren ezaugarrietako bat da prestazioen maila estatuak zehazten duela. Xedapenaren mende gera daitezkeen ordainketetan hauek sartzen dira: pentsioen araubide publiko baten arabera biztanleria osoaren esku dauden erretiratze pentsioak, zahartze pentsioak, langabezia pentsioak, ezintasun pentsioak, amatasun pentsioak, biziraupen pentsioak, gaixotasun pentsioak, gizarte-laguntzako pentsioak eta familia-babeserako ordainketak, estatuak edo banatu behar diren fondoak administratzeko eratzen diren erakunde publikoek eginak. Estatu kontratarien gizarte segurantza sistemetan ezberdintasun potoloak egon daitezke, horregatik proposamena erabiliko duten estatuek, alde biko negoziazioetan zehar, egiaztatu beharko lukete xedapenaren babespean geratuko dena berdin ulertzen dutela".

Hortik ondorioztatzen da pentsioak eta estatu kontratari bateko egoiliar batek (gure kasuan Bizkaiko egoiliar batek) eskuratzen dituen antzeko beste ordainsari batzuk estatu horretan (hau da, Bizkaian) soilik zergapetu ahal direla, salbu eta beste estatuaren Gizarte Segurantzako onurak badira (gure kasuan Estatu Batuetakoak); azken kasu horretan, onura horiek beste estatu horretan (Estatu Batuetan) nahiz zergaduna bizi den estatuan (Bizkaian) zamatu ahal dira. Azken arau hori, Gizarte Segurantzaren prestazioei buruzkoa, sektore pribatuari emandako zerbitzuengatik kudeaketa publikoko fondoen kontura ordaindutako pentsioei ere aplikatu ahal zaie (Estatu Batuen kasuan, adibidez, Trenbideen Erretiro Fondoa, "Railroad Retirement Fund").

Planteatutako kasuan, eman diren datu urrietatik, ondorioztatzen omen da kontsultaren xedea den pentsio plana ez dela sartzen Estatu Batuetako Gizarte Segurantzaren barruan, eta ez dela kudeaketa publikoko fondoa, hitzarmenaren protokoloaren 15. atalean ezarritako zentzuan.

Kasu horretan, gauzak horrela izanik, pentsioak eta plan horretatik ondorioztatu diren beste antzeko ordainsariak, Bizkaiko egoiliar batek eskuratuak, lurralde historiko honetan soilik daude zamapean (eta ez Estatu Batuetan). Baina, emandako datuetatik ondorioztatu denaren kontra, hau Gizarte Segurantzako pentsio bat (edo horri asimilatutako zerbait) bada, Estatu Batuetan eta Bizkaian kargapetu beharko litzateke.

Bestalde, hitzarmenaren 21. artikuluak pentsio publikoetarako arau berezi bat jasotzen du (estatuarentzako edo haren azpiatal politikoentzako edo tokiko erakundeentzako aurreko lanetatik sortuak, eta beraiek ordainduak edo beraiek eratutako fondoen kontura ordainduak), eta ondokoa arautzen du: "2. a) Estatu kontratari batek edo beraren azpiatal politikoetako edo tokiko erakundeetako batek estatu horri edo azpiatal edo erakunde horri emandako zerbitzuengatik pertsona fisiko bati ordaindutako pentsioak, zuzenean nahiz eratutako fondoen kontura, estatu horretan bakarrik ezarri ahal dira. b) Aitzitik, pentsio horiek beste estatu kontratari batean bakarrik ezarri ahal dira baldin eta pertsona fisikoa estatu horretako egoiliarra eta nazionala bada. 3. 15. artikuluko xedapenak (zerbitzu pertsonal independenteak), 16. artikulua (mendeko zerbitzu pertsonalak), 18. artikulua (kontseilarien ordainsariak), 19. artikulua (artistak eta kirolariak) eta 20. artikulua (pentsioak, urteko ordainketak, elikagaien pentsioak eta seme-alabentzako laguntzak) industria edo merkataritza jarduera baten barruan emandako zerbitzuengatik ordaintzen diren ordainsari eta pentsioetan aplikatu ahalko dira, baldin eta jarduera hori estatu kontratari batek edo bere azpiatal politiko edo tokiko erakundeetako batek egiten badu".

Horrela, manu honen inspirazioa den ELGAren hitzarmen ereduaren 19. artikuluari egindako iruzkinek hauxe dakarte: "(...) 3. Artikuluaren xedapenak estatuek egindako ordainketetan aplikatu ahal dira, baina baita ere beraien azpiatal politikoek eta tokiko erakundeek egiten dituztenetan ere (estatu federatuak, eskualdeak, probintziak, departamenduak, kantoiak, barrutiak, arrondissementak, Kreise, udalak edo udal elkarteak etab). (...) 5.1 "Pentsio" hitzaren ohiko zentzuaren arabera, hemen aldizka egiten diren ordainketak bakarrik sartzen dira. "Antzeko bestelako ordainketak" esaera, ordea, 2005ean 2. idatz-zatiari gehitu zitzaiona, oso zabala da, eta aldizka egiten ez diren ordainketak onartzen ditu. Adibidez, oroharreko zenbateko bat, aldian behingo pentsioen ordainketen ordez ematen dena, lana uzteko unean edo geroago, artikulu honen barruan sar daiteke. Ordainketa jakin bat pentsio baten antzeko ordainsaritzat jo behar izatea, 2. idatz-zatian ageri dena, edo egindako lanaren azken ordainketa gisa, 1. idatz-zatian dagoena, egitatezko kontu bat da, 18. artikuluari buruzko iruzkinen 5. paragrafoan azaldutako elementuen argitan ebatzi ahal dena. 5.2 Nabarmendu behar da "eratutako fondoen kontura" esaerak, 2. idatz-zatiko a) hizkian, aipatzen duen egoeran estatuak eta bere azpiatal politikoek edo tokiko erakundeek ez dutela zuzenean pentsioa ordaintzen, baizik eta gobernu erakunde batek eratutako fondo bereizi batek ordaintzen duela. Gainera, fondoaren hasierako kapitala ez lukete estatuak edo beraren azpiatal politikoek edo tokiko erakundeek ordaindu beharko. Manuak modu pribatuan administratutako fondo batetik, gobernuko erakunde batek ezarria, datozen ordainketak estaliko lituzke. (...) 6. Artikuluko 1 eta 2. idatz-zatiak ezin dira aplikatu baldin eta estatuak, edo bere azpiatal politiko batek edo tokiko erakunde batek, egiten duten enpresa-jarduera bategatik ematen badira zerbitzuak, eta beraiek ordaintzen badituzte soldatak, pentsioak eta antzeko ordainsariak. Horrelako kasuetan arau orokor hauek aplikatu beharko dira: 15. artikulua soldatei, 16. artikulua kontseilari gisa ematen diren ordainsariei eta antzeko ordainsariei, 17. artikulua artistei eta kirolariei, eta 18. artikulua pentsioei. Estatu kontratariek, arrazoi partikularrak direla-eta, beren aldebiko hitzarmenetan 3. idatz-zatia sartu nahi ez badute, hala egin dezakete. Horrenbestez, 1. eta 2. idatz-zatiak jarduera edo negozio baten inguruan emandako zerbitzuei ere aplikatuko zaizkie. Erakunde publiko jakin batzuek betetzen dituzten funtzio espezifikoak kontuan izanik (adibidez, estatuaren trenbideak, posta zerbitzuak, antzoki nazionalak etab), 3. idatz-zatia mantendu nahi duten estatu kontratariek, beren aldebiko hitzarmenetan, 1. eta 2. idatz-zatietako xedapenak soldatei, pentsioei eta antzeko beste ordainsariei aplikatzea erabaki dezakete, erakunde horiek ordainduak, nahiz eta pentsa litekeen enpresa-jarduerak egiten dituztela".

Horrenbestez, estatu kontratari batek edo bere azpiatal politiko edo tokiko erakunde batek, zuzenean nahiz berak eratutako fondoen kontura, pertsona fisiko bati estatu horri, edo azpiatal edo erakunde horri, emandako zerbitzuengatik ordaintzen dizkion pentsioak, hitzarmenaren 21. 3 artikulukoak ez direnak (hau da, estatu, azpiatal politiko edo tokiko erakunde horrek egiten duen industria edo merkataritza jarduera baten esparruan ematen direnetatik ezberdinak direnak), estatu horretan bakarrik ezarri ahal dira, salbu eta jasotzailea beste estatu bateko egoiliarra eta nazionala bada; kasu horretan, beste estatu horretan bakarrik kargapetu ahal dira.

Kontsultan eman diren datuetatik ondorioztatzen omen da agerliarrak espainiar naziotasuna duela. Beraz, galderako errenta pentsio publiko gisa, hitzarmeneko 21.2 eta 3 artikuluan araututakoetatik, kalifikatzeko betekizunak betetzen baldin badira (eta ez dirudi hori gerta daitekeenik, zergadunak lan egin duen erakundea eta erakundeak egiten dituen jarduerak kontuan izanik), Bizkaian bakarrik ordainduko ditu zergak, hitzarmenaren 21.2 artikuluko b) puntuan xedatutakoaren arabera.

Aurreko guztia gorabehera, ELGAren hitzarmen ereduaren 18. artikuluari buruzko iruzkinen 6. idatz-zatiak berariaz azaltzen duenez, ordainketa jakin bat pentsiotzat edo antzeko ordainsaritzat, hitzarmenaren 20 eta 21. artikuluetan araututakoen artekoak, jo behar izatea, edo egindako lanaren amaierako ordainketatzat jo behar izatea, lege-testu bereko (Estatu Batuekin sinatutako Hitzarmeneko) 16. artikuluan edo 21.1 a) artikuluan dagoena, (lanaren) mendeko zerbitzu pertsonaletatik datozen etekinei edo funtzio publikoen ordainsariei dagozkienak, egitatezko kontua da.

Horri dagokionez, ELGAren hitzarmen ereduko 18. artikuluari egindako iruzkinen 6. idatz-zatiak adierazi du ordainketaren jatorria aztertu beharreko faktore garrantzitsua dela. Eta zehaztu du pentsio plan batetik egindako ordainketak normalean hitzarmen ereduaren 18 edo 19. artikuluetan sartzen dira (Estatu Batuekin egindako hitzarmenaren 20 eta 21. artikuluak, hurrenez hurren). Ordainketa bat pentsioa den edo ez zehazten laguntzeko beste faktore batzuk ere zehazten ditu, halere, adibidez: a) ordainketa bat mendeko laneko prestazioa amaitzeko unean edo beranduago egin den; b) jasotzaileak lanean jarraitzen duen; c) jasotzailea erretiratzeko adin normalera iritsi den lan mota zehatz horri dagokionez; d) oroharreko zenbateko mota bera jasotzeko gaituta dauden beste jasotzaile batzuen izaera; eta e) jasotzailea aldi berean beste prestazio batzuk, pentsio moduan, eskuratzeko gaituta dagoen. Eta zehazten du pentsioetarako ekarpenen itzulketa, adibidez, aldi baterako lan baten ondoren, ez dela pentsioen antzeko ordainsaria.

Horrenbestez, inguruabar hauek kontuan izanik, bereziki, kontsultaren xedea den prestazioa kobratu ahal izateko arrazoiak kontuan izanik, prestazioa egindako lanaren azken ordainketatzat jo daitekeela ondorioztatzen bada, hitzarmenaren 16. artikuluan azaldutakoa aplikatu beharko da. Beraren arabera: "1. 20., artikuluan (pentsioak, urteko ordainketak, elikadura pentsioak eta seme-alabentzako laguntzak) eta 21. artikuluan (funtzio publikoak) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, Estatu hitzarmengile bateko egoiliar batek enplegu batengatik lortutako soldatak, lansariak eta antzeko ordainsariak estatu hitzarmengile horretan bakarrik zergapetu ahal izango dira, salbu eta enplegua beste estatu hitzarmengilean burutzen bada. Enplegua beste estatu horretan burutzen bada, kontzeptu horrengatik jasotako ordainsariak beste estatu horretan zergapetu ahal izango dira".

Horri buruz, ELGAren hitzarmen ereduaren 15. artikuluari buruzko iruzkinen 2.2 idatz-zatiak (Estatu Batuetako hitzarmenaren 16. artikuluaren baliokideak) hau aurreikusten du: "2.2. Iturriko estatuak zamatu ahal izateko, artikuluak ezartzen duen betekizuna da soldatak edo antzeko bestelako ordainsariak estatu horretan mendeko lan bat egitetik ondorioztatzea. Hori balioduna da, langileari errenta hori zein unetan ordaindu edo sorrarazi ahal zaion edo noiz eskuratu ahal duen kontuan izan gabe".

Horrenbestez, beste estatu batean (Estatu Batuetan) izandako lanpostu batengatik estatu kontratari bateko (gure kasuan Bizkaiko) egoiliar batek eskuratutako soldatak eta antzeko bestelako ordainsariak bi lurraldeetan zergapetu ahal dira. Hau da, lana egiten den lekuan (Estatu Batuetan) nahiz zergadunaren egoitzan (Bizkaian) zergapetu ahal dira. Azken horretan, pentsio planen eta BGAEen izaera analogoko errentak badira, beraiei aplikatu beharreko arauen arabera zergapetuko dira.

Hitzarmenaren 16. artikuluko arauak, era berean, agerliarrak Estatu Batuetan egindako lanetik eratorritako etekinetan eragina izango du, Bizkaiko egoiliar izaera daukan ekitaldietan. Zehazki, kontsulta egileak 2013ko maiatzera arte egin duen lanetik eratorritako etekinetan izango du eragina (denboraldi horretan, antza denez, lurralde historiko honetako egoiliar izaera eskuratu zuen). Hori guztia gorabehera, errenta honetan PFEZFAren 9.17 artikuluan araututako salbuespena aplikatu ahal da, atzerrian egindako lanetatik eratortzen diren etekinetarako dena.

Erantzun honetan azaldutakoaren kontra Estatu Batuetan egiten den lanaren ordainsariak ordainsari publikotzat jotzen badira, hitzarmenaren 21.1 a) artikuluko araua aplikatuko litzateke beraietan (eta ez lege-testu beraren 16. artikuluan araututakoa). Beraren arabera: "1. a) Estatu kontratari batek edo beraren azpiatal politikoetako edo tokiko erakundeetako batek estatu horri edo azpiatal edo erakunde horri emandako zerbitzuengatik pertsona fisiko bati ordaindutako ordainsariak, pentsioak izan ezik, estatu horretan bakarrik ezarri ahal dira. (...) 3. 15. artikuluko xedapenak (zerbitzu pertsonal independenteak), 16. artikulua (mendeko zerbitzu pertsonalak), 18. artikulua (kontseilarien ordainsariak), 19. artikulua (artistak eta kirolariak) eta 20. artikulua (pentsioak, urteko ordainketak, elikagaien pentsioak eta seme-alabentzako laguntzak) industria edo merkataritza jarduera baten barruan emandako zerbitzuengatik ordaintzen diren ordainsari eta pentsioetan aplikatu ahalko dira, baldin eta jarduera hori estatu kontratari batek edo bere azpiatal politiko edo tokiko erakundeetako batek egiten badu".

Hortik ondorioztatzen da estatu kontratari batek edo beraren azpiatal politikoetako batek edo tokiko erakunde batek pertsona fisiko bati ordaintzen dizkion ordainsariak (pentsioak izan ezik), estatu horri edo azpiatal edo erakunde horri emandako zerbitzuengatik ordaindu badizkio, eta hitzarmenaren 21. artikuluko 3. idatz-zatian aipatuta ez badaude, estatu horretan (gure kasuan, Estatu Batuetan) bakarrik zergapetu ahal direla. Errenta baten gaineko benetako ezarpen bikoitzeko kasuetan, hitzarmenaren 24. artikuluan azaldutakoaren arabera eta PFEZFAren 94. artikuluan azaldutakoaren arabera desagerrarazten da ezarpen bikoitza. Artikulu horietako lehenak hau dakar: "1. Espainian espainiar legerian dauden eta aplikatu behar diren xedapenen arabera ekidingo da ezarpen bikoitza, modu honetan: a) Espainiako egoiliar batek errentak lortzen dituenean, hitzarmen honen xedapenekin bat Estatu Batuetan zergapetu daitezkeenak herritartasunaren irizpidea ez den beste irizpide batzuk oinarri hartuta, Espainiak Estatu Batuetan ordaindutako zergaren zatiaren bera den zenbatekoaren kenkaria onartuko du egoiliar horren errenten gainean. Hala ere, kenkari horrek ezingo du gainditu Estatu Batuetan lortutako errentei dagokien errentaren gaineko zergaren zatia, kenkaria baino lehen kalkulatutakoa".

Bigarren artikuluak, hau da, PFEZFAren 94. artikuluak, hau agintzen du: "Zergadunaren errentan atzerrian lortu eta zergapetutako etekinak edo ondare irabaziak daudenean, kopuru hauen arteko txikienaren kenkaria egingo da: a) Zerga honen antzeko edo Zergadun Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren pareko zerga bat dela medio, etekin edo ondare irabazi horien gainean atzerrian ordaindu den zenbateko efektiboa. b) Atzerrian lortutako errentari karga orokorraren batez besteko tasa edo aurrezpenaren karga-tasa aplikatuz lortzen den emaitza, errenta hura sartu den oinarri likidagarri orokorraren edo aurrezpenaren oinarri likidagarriaren zatiaren arabera. (...)".

Kontsulta honen erantzuna termino berberetan aplikatu behar da 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren abenduaren 5eko 13/2013 Foru Araua indarrean sartu zen egunetik aurrera alegia, 2, 3, 5, 6 eta 92. artikuluetan ezarritakoa kontuan izanik.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 2, 3, 5, 6, 9 eta 94. artikuluak.Espainiaren eta Amerikako Estatu Batuen arteko hitzarmeneko 1., 4., 21., 23. eta 24. artikuluak.

Itzuli