www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta 2011-02-16


  
Data

16.02.2011

Erreferentzia

Titularretako batek hipoteka mailegua ordaintzea senar-emazteak banandu ondoren. Ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria.

Galdera

Kontsultagilea bananduta dago 2010eko otsailaren 10az gero bere gizon ohiarengandik; harekin ezkonduta egon zen irabazpidezko araubidean. Senar-emazte bien izenean dago biok oraindik ere titularrak direneko etxebizitza zergapetzen duen hipoteka mailegua, baina gaur egun emazteak egiten dio aurre maileguari dagozkion kuoten 100eko 100i. Gainera, berari esleitu zaio ezkontideen helbidearen erabilera. Ez behin-behineko neurrien autoan, ez dibortzioaren epaian, ez da ezarri ezer maileguaren ordainketari buruz.Jakin gura du ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplika dezakeen berak bakarrik ordaintzen duen maileguaren guztizko zenbatekoaren gainean.

Ebazpena

Idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 89. artikulua: "1. "Zergadunek ohiko etxebizitza erostean zergaldian inbertitutako kopuruen 100eko 18ko kenkaria egin dezakete, beren kargura joan diren erosketa gastuak barne. Halaber, zergaldian ordaindutako interesen %18ko kenkaria aplikatu ahal izango dute ohiko etxebizitza erosteko inoren kapitalak erabiltzeagatik (edo antzeko kontzeptuak), haien pentzura izan diren eskuraketa-gastuak barne direla. 2. Aurreko 1. paragrafoan aipatzen diren kontzeptuen baturarengatik urtean, gehienez, 2.160 euroko kenkaria egin daiteke. 3. Zergadun bakoitzeko aurreko 1. paragrafoan aipatzen diren kontzeptuengatik egindako kenkarien zenbatekoen batura ez da 36.000 euro baino gehiagokoa izango, zergaldi jarraituen denbora osoan. Zifra horri gutxituko zaio, hala badagokio, foru arau honek 51. artikuluan jasotakoaren arabera berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare irabaziaren zenbatekoari 100eko 18 aplikatuz ateratako emaitza. 4. Zergaduna 35 urtetik beherakoa bada edo familia ugariaren titularra bada, baita zergaduna artikulu honetako 7. idatz-zatian aipatutakoa bada ere, berezitasun hauek aplikatuko dira: a) Aurreko 1. paragrafoan jasotako portzentajeak 100eko 23koak izango dira, salbu artikulu honen 5. paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen diren kasuetan. b) Aurreko 2. paragrafoan aipatzen den urteko gehieneko kenkaria 2.760 eurokoa izango da, salbu artikulu honen 5. paragrafoko b) idatz-zatian aipatzen diren kasuetan. Zerga batera ordaintzea aukeratzen bada eta kenkari horretarako eskubidea dutenak pertsona bat baino gehiago badira, batzuk 35 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, paragrafo honetan ezarritako portzentajea eta muga aplikatuko dira. (...) 7. Epaileak erabakita, bakarrik zergadunari ezarri bazaio etxebizitza familiarrarengatik aurreko 1. paragrafoan aipatzen diren diru kopuruetako bat ordaintzeko betebeharra, horrek eskubidea izango du autolikidazioan artikulu honetan aipatzen den kenkaria egiteko. Betebehar hori bi zergadunei balegokie, haien artean lainduko litzateke kenkaria eta bakoitzari dagokion proportzioan egingo litzateke autolikidazioa, artikulu honetako 4. idatz-zatian ezarritako portzentajeekin eta mugarekin. 8. Zerga honen ondorioetarako, ohiko etxebizitzatzat hartuko da zergadunak, hiru urteko epe jarraituan, bizileku gisa daukana. Hala ere, etxebizitza ohikoa izan dela joko da, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen denean, edo ezinbestez etxebizitzaz aldatzera behartzen duten beste zirkunstantzia batzuk gertatzen direnean, hala nola: etxebizitza ez egokitzea zergadunaren edo horrekin bizi den ondorengo edo aurreko ahaidearen, ezkontidearen edo izatezko bikote-lagunaren ezintasun mailara edo zergaren kuota osoan kenkaria egiteko eskubidea ematen duen pertsonarenera; senar-emazteak banantzea, izatezko bikotea desegitea, lantokia aldatzea, lehen enplegua edo beste bat lortzea, edo antzeko beste egoerak gertatzea. Ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro-finka bakarra osatzen dutenean. Familia unitateko kideak ondasun higiezin hiritar baten baino gehiagoren titularrak direnean, ondasun horietako bat bakarrik hartuko da ohiko etxebizitzatzat. Horretarako, familia unitateak bere bizitza-interesen eta harreman pertsonal, sozial eta ekonomikoen gune nagusitzat duena hartuko da ohikotzat".

Azaldutakoaren arabera, ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria aplika dezake kasuan kasuko higiezinaren gaineko jabetza osoa osorik edo zati batez eskuratzen duenak, betiere PFEZko araudian horretarako ezarritako gainerako baldintzak betetzen badira. Bereziki, betiere kasuan kasuko higiezina ohiko etxebizitza bada jabe horrentzat. Baldin eta, emandako datuetatik ondoriozta daitekeenez, galdeturiko higiezinaren %50aren jabea bada kontsultagilea, inbertsioaren gaineko kenkaria aplika dezake titularitatearen portzentaje horri dagokion zatian (betiere, esana dugun moduan, horretarako exijitzen diren gainerako beharkizunak betetzen baditu, jakina). Inoren kapitala erabiltzen bada inbertsioak finantzatzeko, kenkaria aplikatzea aukeratu dezakete zergadunek, ez higiezinari dagokion zenbatekoa ordaintzean, baizik eta eskaturiko maileguaren printzipala amortizatu ahala. Hala denean, era berean, zio berarengatik ordaintzen dituen interesen eta gainerako finantza gastuen gaineko kenkaria aplika dezake.

Eginiko galderan, agerliarrarena eta senar ohiarena da etxebizitza, erdibana (100eko 50ean). Gainera, erosketa finantzatzeko eskaturiko maileguan, biak agertzen dira mailegari gisa, zati berdinetan. Hori dela-eta, printzipioz, amortizazioari eta maileguaren interesei dagozkien diru-kopuruen erdian baizik ezin aplika dezake kontsultagileak ohiko etxebizitzan inbertitzearen ziozko kenkaria (betiere, Zergaren araudian exijituriko gainerako baldintzak betetzen baditu, jakina). Ondorio horietarako, ezin uler daiteke maileguaren beste 100eko 50ari dagozkion diru-kopuruak agerliarraren ohiko etxebizitza eskuratzeko erabiltzea, zeren eta diru-kopuru horiek ordaintzeak senar ohiarekiko kreditu eskubidea baizik ez baitio ematen (azkenean kreditu eskubide hori kitatzeari kalterik egin gabe, higiezinaren titularitatearen portzentajerik handiena eskuratuta).

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 89. art.

Itzuli