www.bizkaia.eus/guregida


Kontsulta osoa


  
Data

14.07.2009

Erreferentzia

Ordezkapen kontratu bat egiteko erretiroa aurreratzen duten langileek jasotako kalte-ordainetan salbuetsitako muga.

Galdera

Kontsulta egin duena biltegi handiak ustiatzen dituen erakundea da. Horretarako, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren tarifen 1.661.1 epigrafean alta emanda dago. Gaur egun, langabetutako langileak kontratatzeko aukera aztertzen ari da, erretiratzeko adin arrunta aurreratzen duten beste batzuk ordezkatzeko.Jakin nahi du ordezkapen kontratu baten babespean lan harremana desegiten duten eta erretiroa aurreratzen duten langileei ordaintzen zaien dirua kargapetzetik salbuetsita dagoen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan.

Ebazpena

Aurkeztutako idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 29ko 6/2006 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 9.4 artikulua: "Honako errenta hauek salbuetsita egongo dira: (...) 4. Langilea iraizteagatik edo uztarazteagatik dauden kalte-ordainak, Langileen Estatutuak, bere garapenaren arauzko araudiak, edo, egoki bada, epaien betearazpena arautzen duen araudiak nahitaezkotzat ezarritako zenbatekoan. Alabaina, ezin da halakotzat jo hitzarmen, itun edo kontratu bidez ezarritako kalte-ordaina. Era berean, EAEko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 103.2 artikulua aplikatuz, bazkideak kooperatiban baja hartzean jasotzen dituen kalte-ordainak salbuetsita egongo dira, Langileen Estatutuaren 52. artikuluko c) hizkian aurreikusitako lan uzterako lanari buruzko araudiak derrigortzat jotzen duen diru-zenbateko berean.Lan-kontratua adiskidantza ekitaldia baino lehen azkentzen bada, iraizpenaren ziozko kalte-ordainak salbuetsita egongo dira, iraizpena bidegabekotzat joz gero jaso beharko zirenak gainditu ezean eta kontratua bi alderdiek elkar hartuta azkendu ezean baxa pizgarridunetan oinarritutako taldeko plan edo sistemen barruan. Aurreko lerroaldeetan ezarritakoaren kalterik gabe, langilearen iraizpena edo utzarazpena lan erregulazioko espedientearen bidez gertatzen bada, espedientea Langileen Estatutuen 51. artikuluan xedaturikoarekin bat etorriz tramitatu eta agintari eskudunak onetsi ondoren, edo bestela Langileen Estatutuen 52. artikuluko c) idatz-zatian ezarritako karietako bategatik gertatzen bada, eta beti ere, batera zein bestera izanik, karia ekonomikoa, teknikoa edo ezinbestekoa denean, salbuetsita egongo da jaso den kalte-ordainetik Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenerako ezarritako nahitaezko muga gainditzen ez duen kopurua. Muga hori berori dela, salbuetsita daude, halaber, ordezpen-kontratuaren itzalpean lan-harremanak alde batera utzi eta lanari sasoia baino lehen uzten dioten langileek jasotzen dituzten kopuruak. Zenbaki honetan xedatutakoaren ondoreetarako, aurreko lerroaldean aipatu diren lan-erregulazioko espedienteekin berdinetsiko dira administrazio publikoek Langileen Estatuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako bat oinarritzat hartuta egiten dituzten giza baliabideen plan estrategikoak." Ondorio horietarako, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuko 56 artikuluan ezarritakoaren arabera: "1. Kanporatzea bidegabea denean, enpresariak, bost eguneko epean, epaia jakinarazten denetik zenbatzen hasita, langilea berriro hartzeko aukera izango du, 1. atal honetako b) paragrafoan adierazitako tramitazio-soldatak ordainduta, edo bestela, bertan finkatu beharreko pertzepzio ekonomiko hauek ordaindu beharko ditu: a) Berrogeita bost eguneko soldataren kalte-ordaina, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, eta urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuko dira, gehienez berrogeita bi hilera arte. (...)". Bestetik, 64 urteko erretiro bereziari eta kontratazio berriei buruzko uztailaren 17ko 1.194/1985 Errege Dekretuaren 1. artikuluan, hauxe ezarri zen: "Bat. Erretiro pentsiorako eskubidea izateko, Gizarte Segurantzaren sistemak oro har hirurogeita bost urte izatea eskatzen du. Adin hori hirurogeita lau urtetara jaitsiko da inoren kontura lanean ari diren langileentzat, haien enpresek, erretiratzen diren une berean, beste langile batzuekin ordezkatzen dituztenean, errege dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan. (...)". 1.194/1985 Errege Dekretu horren 2.hiru artikuluak ondokoa gaineratzen du: "Hiru.Nolanahi ere, erretiro pentsiorako eskubidea sortzeko, ezinbestekoa da lana benetan uztea eta aldi berean langile berria kontratatzea". Ondorio horietarako, 1.194/1985 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ondokoa arautzen du: "Bat.Erretiratzen diren langileak ordezkatzeko egiten diren kontratuak indarrean dauden kontratazio modalitateetako edozeinen itzalpean egin daitezke, lansaio partzialerako kontratazioa eta Langileen Estatutuko 15.1 b) artikuluan ezarritako modalitatea izan ezik, langile bulego batean langabetu gisa izena emanda dauden edozein langilerekin.Bi.Honelako kontratuak dagokien kontratu modalitatearen berariazko araudiarekin arautuko dira. Gutxienez urte beteko iraupena izan behar dute eta, betiere, idatziz formalizatu behar dira. Kontratuan, ordezkatu den langilearen izena adierazi behar da.Dagokien enplegu bulegoan erregistratu behar dute. Ale bat bertan geratuko da. Beste ale bat, behar bezala diligentziatua, erretiratu den langileari emango zaio, erretiratzeko pentsiorako eskubidea aitortu behar dion erakunde kudeatzaileari aurkezteko". Azkenik, 1.194/1985 Errege Dekretuaren 4. artikuluak ondokoa agintzen du: "Kontratuaren indarraldian langileak lana uzten badu, enpresariak gehienez hamabost eguneko epea izango du langilea beste langabetu batez ordezkatzek, kontratuaren gutxieneko iraupena betetzeko falta den denborarako, ezinbestekorik gertatzen ez bada.Hori betetzen ez bada, kontratatutako langileak lana uzten dionetik sortu den erretiro prestazioaren zenbatekoa ordaindu beharko dio erakunde kudeatzaile egokiari". Aurreko guztiaren ondorioz, enpresarekiko lan harremana azkentzen duten eta lan jardunetik erretiroa aurreratzen duten langileei ordaintzen zaizkien diru-zenbatekoak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsita daude, uztailaren 17ko 1.194/1985 Errege Dekretuan araututako ordezkapen kontratuetako baten itzalpean egiten bada, Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenerako nahitaez ezarrita dagoen diru-zenbatekoaren mugarekin. Hau da, berrogeita bost eguneko soldataren mugarekin, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko, eta urtebetetik beherako aldiak hilabeteka hainbanatuko dira, gehienez berrogeita bi hilera arte.

Araua

Abenduaren 29ko 6/2006 Foru Arauko 9.4 artikulua.

Itzuli