www.bizkaia.eus/guregida


2005-02-03ko kontsulta


  
Data

03.02.2005

Erreferentzia

Higiezin baten zatitugabea desegitea

Galdera

Ezkontza-banantzeko kasua. Eskontzaren ekonomi araubidea ondasun-banantzea da. Bi ezkontideak euren ohiko etxebizitza den etxebizitza baten jabekideak dira. Zatitugabe eskuratu zuten 2001eko abenduaren 1ean, 200.000 euroren truke. Eskontide bakoitza etxebizitzaren ehuneko 50aren titularra da. Eskuraketa hori finantzatzeko, ezkontideek 200.000 euroko hipoteka-mailegua eskatu zuten. Etxebizitzaren jabarikidetza 2004ko ekainean bukatu zen, eta hura emazteari adjudikatu zitzaion, senarrari titulartasunaren %50a konpentsatu eta gero. Konpentsazioa 100.000 € ordaintzea eta amortizatzeke dagoen hipoteka-zorra (150.000 €) osorik bereganatzea izan da. Higiezinaren titulartasunean zuen kuota eskualdatu duen ezkontideak jasotako diru-kopuruari PFEZn zein zerga‑tratamendu emango zaion jakin nahi da.

Ebazpena

Idazkian egindako galderari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 21eko 10/1998 Foru Araua (PFEZFA) aplikatu behar da, hain zuzen ere 41. artikulua: "1. Zergadunaren ondarearen balioak izandako aldaketak ondarezko irabaziak eta galerak dira, ondarean izandako aldaketaren batengatik agerian geratu badira, foru arau honek etekintzat jotzen dituenean izan ezik. 2. Ondarearen osaketan aldaketarik ez dela izan joko da hurrengo kasuotan: a) Gauza erkidea zatitzen denean. b) Irabazpidezko sozietatea edo ondasunen foru komunikazioa desegiten denean, ezkontzako partaidetzako araubide ekonomikoa azkentzen denean eta maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eraturiko izatezko bikote baten ezkontzako araubide ekonomikoa azkentzen denean, baldin eta aurreko ondarearen araubide ekonomikoetako bat itundu badute. c) Ondasun erkidegoak desegiten direnean edo erkideak banantzen direnean. Idazati honetan aipatzen diren kasuek ez dute, inola, jasotako ondasunen edo eskubideen balioa eguneratzea eragiterik izango. 3. Hurrengo kasuetan ez da egongo ondare irabazi edo galerarik: (...) e) Ezkontzaren ondasun-banantzearen araubide ekonomikoa edo maiatzaren 7ko 2/2003 Legean xedatutakoaren arabera eraturiko izatezko bikote baten ondarearen araubide ekonomikoa azkentzen denean, baldin eta legearen aginduz edo epailearen ebazpen bidez adjudikazioren bat egiten bada ezkontideen arteko konpentsaziozko pentsioa ez den arrazoiren batengatik. Letra honetan aipatzen diren kasuak ez du, inola, adjudikatutako ondasunen edo eskubideen balioa eguneratzea eragiterik izango"Beste alde batetik, foru arau bereko 42. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Ondare irabazi edo galeren zenbatekoa honakoa izango da: a) Ordain edo musu trukeko eskualdaketa burutuz gero, eskuraketa balioen arteko aldea, dagokionez hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera eguneratua, eta ondare elementuen eskualdaketa (...)". Foru arau bereko 43. artikuluan hauxe ezarri da: "1. Eskuraketa balioa honakoen baturak osatzen du: a) Eskualdaketa gauzatu dadin eragin duen benetako zenbatekoa. b) Eskuratutako ondasunetan egindako inbertsioen eta hobekuntzen kostua eta eskuraketari datxezkion gastuak eta zergak, eskuratzaileak ordaindutako korrituak salbu. Balio hori, gutxitzekotan, arauz gauzatutako amortizazioen zenbatekoan gutxituko da, eta, edonola ere, gutxienezko amortizazioa zenbatuko da. 2. Aurreko idatz-zatian aipatutako eskuraketa-balioa arauz onetsiko diren koefizienteak aplikatuz eguneratuko da; koefizienteak ezartzeko batez ere kontsumorako prezioen indizeen bilakaera hartuko da kontuan, hain zuzen ere ondare-elementuak eskuratu direnetik eskualdatu arte, zenbatespenaren arabera, gertatutako bilakaera. Era honetan aplikatuko dira koefizienteak: a) Aurreko idatz-zatiko a) eta b) letretan aipatutako zenbatekoen gainean, ordaindu direneko urtea kontuan izanik. b) Amortizazioen gainean, dagokien urtea kontuan izanik. 3. Eskualdaketa balioa inorenganatzea gauza dadin eragin duen benetako zenbatekoa da.Balio honi aurreko 1.idazatiko b) letrak aipatzen dituen gastu eta zergak kenduko zaizkie, behin eskualdatzaileak beroriek ordaindu ondoren. Inorenganatze balioaren benetako zenbatekotzat ordaindutakoa hartuko da, betiere merkatuan ohizkoa denaren azpitik ez badago, kasu honetan azken hori gailenduko delarik". .

Idazkian jasotako datuetatik ondorioztatzen da kontsultako kasuan ez dela epailearen ebazpenaren bidez edo legearen aginduz ondasunik edo eskubiderik adjudikatu ezkontzaren ondasun-banantzearen ekonomi araubidea azkendu delako, baizik eta jabarikidetza bukatu izanari baino ez dagokiola, ezkontza banandu delako, hori bai. Ildo horretan, PFEZFAn ezarrita dago, zergaren ondoreetarako, ondarearen osaketan aldaketarik ez dagoela gauza erkide zatitzen denean, ondasun erkidegoak desegiten direnean edo erkideak banantzen direnean. Hain zuzen ere, kasu horietan guztietan ez da jasotako ondareen balioa gaurkotu behar. Dena dela, arau hori aplikatzeko, egindako adjudikazioek lehen izandako titulatarsun-kuotekin bat etorri behar dute. Izan ere, hori ez bada gertatzen, hau da, lehendik izandako titulartasun-kuota baino gehiago adjudikatzen bada, litekeena da ondarezko irabazia edo galera egotea. Era berean, badago ondare-aldakuntza (eta, beraz, ondarezko irabazia edo galera egon daiteke) aurkeztu den moduko kasuetan, gauza erkidea banandu beharrean, gauza hori alderdietako bati adjudikatu baitzaio, besteari konpentsazioa eman eta gero.

Hori dela eta, kontsultako kasuan, konpentsazioa jaso duen alderdiak ondarezko irabazia lortu du, higiezinaren titulartasunean zuen kuotaren eskualdaketa-balioaren (jasotako konpentsazioaren zenbatekoa) eta kuota beraren eskuraketa-balioaren (100.000 €, idazkian emandako datuen arabera) artean dagoen aldeagatik. Alabaina, konpentsazioa jasotzen duenari (oraingoan, senarra da) dagokion eskualdaketa-balioaz esan behar da balio hori osatzen dutela bai eskudirutan kobratutako kopuruak (100.000 €) bai eskatutako hipotekan ordaindu beharreko saldoaren 100eko 50ak (75.000 €), hau da, guztira 175.000 € dela. Hala eta guztiz ere, PFEZFAko 43. artikuluko azken tartekaduran ezarritakoa ere kontuan hartu beharko da, hor zehaztuta baitago besterentze-balioaren zenbatekotzat benetan ordaindutakoa hartuko dela, betiere merkatuko ohiko balioaren azpitik ez badago, halako kasuan azken hori hartuko baita.

Araua

Abenduaren 21eko 10/1998 Foru Arauko 41, 42 eta 43. artikuluak.

Itzuli