www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900005913

Ohiko etxebizitza errentatzeagatik aplika daitekeen kenkaria


  
Kenkariaren xedea

Kenkaria aplikatzeko, ezinbestekoa da zergaldian zergadunak diru-kopuruak ordaindu izana ohiko etxebizitzaren alokairuagatik. Beraz, errentamendu-kontratua edo alokairukoa egon behar da eta beraren xedea zergadunaren etxebizitza izan behar da. Baldintza horiek ez dira betetzen, errentamendu-kontratuaren ordez, zergadunak bizi den egoitzarekin kontratuzko harremana daukan kasuetan; izan ere, egoitzekin eratzen den kontratuzko harremana ez dator bat etxebizitza-errentamenduei dagokienarekin. Zehazki, egoitzekin sinatutako kontratuen xedean prestazioak sartzen dira, hala nola mantenua, egonaldia, garbiketa, edo zaintzak, besteak beste, eta halakoak ez dira errentamendu-kontratuetan sartzen.

2022ko urtarrilaren 1az gero ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoen parekoak izango dira erabilera-lagapeneko erregimeneko etxebizitzengatik ordaindutako kanonak edo errenta sozialak, baldin eta ohiko etxebizitzatzat hartzen badira etxebizitza-kooperatibetako edo bestelako elkarte-moduetako bazkideek edo irabazi-asmorik gabeko elkarteetako bazkideek, betiere hotel-industriari dagozkion zerbitzu osagarriak ematen ez badira; adibidez, jatetxea, arropa garbitzea edo antzeko beste batzuk, edo gizarte-laguntzako zerbitzuak.

Ala ere, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik ordaindutako zenbatekoen parekoak ez dira izango ohiko etxebizitzatzat hartzen diren eta ohiko etxebizitzatzat hartzen diren erabileralagapeneko erregimeneko etxebizitzengatik ordaindutako kanonak edo errenta sozialak, erosketa-aukeraren eskubidea edo jabetza transferitzeko klausula dutenak, bai eta etxebizitza-kooperatibetako edo bestelako elkarte-moduetako bazkideek edo irabaziasmorik gabeko elkarteetako bazkideek ordaindutako beste batzuk ere, ekainaren 18ko 3/2015 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintza guztiak betetzen ez direnean. Administrazio publiko baten jabetzako lurren gaineko azalera-eskubide bat eratuz egindako babes publikoko etxebizitzen sustapenen kasuan, erabiltzeko eskubidearen izaera mugagabea betetzat joko da elkartekideen erabilera-eskubidearen iraupena aipatutako azalera-eskubidearen iraupenarekin bat datorrenean

Beste alde batetik, kenkaria aplikatu ahal izateko, etxebizitza errentatzeko kontratu bat egon behar da. Horri buruzko jurisprudentzia ugaria dago Auzitegi Gorenean. Horren adibide da Arlo Zibilaren 1992ko abenduaren 23ko Epaia (zazpigarren zuzenbide oinarria). Hau dakar: "(...) jabekidetza egoera batean, jabekide batek beste jabekide bati (edo arrotz bati) bere kuota zatiezin ideala errentatzen badio, ez du esan nahi espazio erreal bat, fisikoki mugatua, errentaren bidez lagatzen dionik (hori baita higiezinak errentatzeko oinarrizko kontzeptua), baizik eta eskubide huts bat (kuota ideial eta abstraktu horrek ordezkatzen duena)".

Horregatik, etxebizitza bat bi jabekiderena bada eta haietako batek bere erdi indibisoa besteari laga nahi badio, hori ezin da parekatu errentamendu-kontratu batekin, etxebizitza alokatzeagatik kenkaria aplikatzeko alokairuaren zenbatekoa aintzat hartuta, azken horretan errentariak (lagapen-hartzaileak) ez baitauka higiezinaren (horren zati indibiso baten) jabetza. Horrenbestez, ezin da kenkari hori aplikatu sinatzen den kontratuan ezartzen den hileko kopuruetan.

Kenkariaren oinarria eta ehunekoa

Errentariak ordaindu beharreko Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuota kenkariaren oinarrian sartzen da.

Kenkariaren oinarriari zergadunak etxebizitza errentatzeko jasotako pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsitako dirulaguntzen zenbatekoa kendu beharko zaio.

Dirulaguntza ondoko ekitaldi batean jasoz gero, hori jasotzeagatik bidegabe bihurtzen den ohiko etxebizitzaren errentamenduaren kenkariaren zenbatekoa (eta beraren berandutze-interesak) dirulaguntza jasotzen den ekitaldiko aitorpenean sartu behar da.

Bestalde, gela baten errentariak kenkaria aplikatu ahal izango du ohiko etxebizitza errentatzeagatik, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak 86. artikuluan xedatzen duen bezala, artikulu horretan ezarritako baldintza orokorrak betez gero.

Epaile batek erabaki baten bidez ezarri badu zergadunak nahitaez ordaindu behar duela familiaren etxebizitzaren alokairua, kenkariaren ehunekoa eta muga irizpide orokorrak aplikatuz zehaztu behar dira (hau da, zergaduna 30 urtetik beherakoa den eta familia ugariaren titularra denez kontuan hartuz).

Zerga batera ordaintzen bada eta kenkari hau hainbat pertsonak aplikatu ahal badute, batzuk 30 urtetik beherakoak eta beste batzuk adin horretatik gorakoak, kenkaria ehuneko 30ekoa izango da eta denen baterako muga 2.400 euro.

Kenkariaren oinarria zergaldian ordaindutako kopuruek osatzen dutenez, errentak ordaindu behar diren ekitaldiaren ondoko ekitaldi batean ordaintzen diren errentak (adibidez, aipatutako kopuruak ez ordaintzearen ondoriozko prozesu judizial baten ondorioz) ondoko ekitaldi horretan kendu ahal izango dira, nahiz eta ekitaldi horretan jada ez bizi etxebizitza horretan (betiere, hori bai, zergaduna etxebizitza horretan bizi zen ekitaldiei dagozkien zenbatekoak badira).

Itzuli