www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900004185

Kuota osoaren muga. Ondarearen gaineko Zergari buruzko 2/2013 Foru Arauaren 33. artikulua


  

Betebehar pertsonalaren zioz zergapean dauden zergadunen kasuan, zerga honetako kuota osoaren eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kuota osoaren batura ezingo da izan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako zerga oinarri orokorraren eta aurrezpenaren zerga oinarriaren %65 baino handiagoa.

Kalkulu hori egiteko, ez da kontuan hartuko zerga horren kuota osoaren zer zati dagokien haien izaera edo xedeagatik Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Arauak zergapeturiko etekinik sortzeko gai ez diren ondare elementuei.

Baldin eta bien baturak aurreko muga gainditzen badu, Ondarearen gaineko Zergaren kuota murrizten da aipaturiko mugara iritsi arte, baina murrizpena ezin izan daiteke kuota horren %75etik gorakoa.

Ondarearen gaineko Zerga murriztu behar badu, murrizpenak ez du inoiz eraginik izango etekinik ez dakarten elementuei egotzi beharreko zatian. Ildo horretan, gaineko elementuei egotzi beharreko kuotaren zatiaren murrizpena ezin izan daiteke kuota osoaren zenbatekoaren %75etik gorakoa.

Etekinik ez dakarten ondare elementuak
Kontzeptua

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zergapeturiko etekinak sortu ahal izatea edo ez kasuan kasuko elementuen izaeraren eta zergadunak elementuei emandako xedearen arabera aztertu behar da.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauan exijitzen denez, ondare elementuek etekinak sortzeko modukoak izan behar dute haien izaera eta norako zehatzak direla-eta, baina ez da exijitzen etekinak benetan sortu izana.

Horregatik, bereziki errentamendurako diren higiezinei dagokien kuotaren zatia ezin salbuetsi daiteke Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 33. artikuluan ezarritako zenbaketatik, ondasunak hirugarrenei alokatzeko modurik izan ez bada ere, edo etekin positiborik sortu ez dutenean, betiere errentamendurako beharrezko atazak egin direla egiaztatzen bada.

Jabetza banatzeko kasuak

Jabetza banatuta badago, ondare elementuen izaeraren arabera eta gozamendunak edo jabe soilak emango dien xede zehatzaren arabera ezarri beharko da kasuan kasuko ondare elementuek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zergapeturiko etekinak sor ditzaketen edo ez.

Beraz, bereziki produktibotzat hartzen dira gozamenduarentzat zergapeturiko etekinak sor ditzaketen elementuak, bai zergadunarentzat, bai jabe soilarentzat.

Etekinik ez dakarten elementuei egotz dakiekeen zerga kuotaren zatia kalkulatzea.

Etekinik sortzen ez duten ondare elementuak dira etekinik ez dakarten ondasunak eta eskubideak, baita horien gaineko kargak eta zergadunak ondasunak eta eskubideak eskuratzeko hartutako zorrak ere. Halaber, kontuan izan behar dira ezein elementu zehatzi egotz ezin dakizkiokeen zorrak, betiere etekinik sortzen ez duten ondasunek zergadunaren ondasun eta eskubide guztiekiko duten proportzio berean.

Zergaren sortzapenaren aurreko bost ekitaldietan dohain eskualdaturiko ondasunak eta eskubideak zenbatzea.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 33. artikuluko Hiru idatz-zatiko azken paragrafoaren ezarri denez, kuotaren muga kalkulatzeko, zergadunak sortzapena aurreko bost ekitaldietan dohain eskualdaturiko ondasunak zenbatuko dira zergadunaren ondarean, salbu eta egiaztatzen denean dohaintza-hartzaileak benetan tributatzen duela Ondarearen gaineko Zergan, edo dohain eginiko eskualdaketa mezenasgoaren erakunde onuradunaren alde egin dela egiaztatzen denean.

Manu horrek arau bat dakar, eta horren arabera, nahitaez kalkulatu behar da Ondarearen gaineko Zergaren kuota, soil-soilik Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 33. artikuluan ezarritako muga kalkulatzeko.

Horrenbestez, araua aplikatzearen ondorioa ezin izan daiteke Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 32. artikuluan arauturiko kuota osoaren gehikuntza, zeren eta ez baita zergadunaren zerga oinarria ezartzeko araua, ezta zerga egitatea zedarritzeko ere.

Hortaz, Ondarearen gaineko Zergari buruzko otsailaren 27ko 2/2013 Foru Arauko 33. artikuluko Bat idatz-zatiko c) hizkian ezarritakoaren ondoriozko Ondarearen gaineko Zergaren gutxieneko kuota kalkulatzeko erabili behar da soilik araua. Kuota hori ezin izan daiteke zergadunak doako eskualdaketa egin izan ez balu zergadunak lortuko zukeen Zergaren kuotaren %25ekoa baino txikiagoa.

Beraz, zergadunak Ondarearen gaineko Zergaren kuotan egin dezakeen murrizpenak ez dio ahalbidetuko kuotaren %25etik beherakoa zenbateko zerga-ordainketa gauzatzea. Izan ere, zerga oinarrian zergadunak aurreko bost urtean dohain eskualdaturiko ondasunen zenbatekoa integratzearen emaitza da kuota hori.

Araua aplikatuko da dohain eskualdaturikoa ondasuna izan nahiz eskubidea izan.

Dohaintza modalak eta berdinesgarriak badira, eginiko eskualdaketaren balio garbia izango da konputatu beharreko zenbatekoa, onuradunak eskualdaketan bere gain hartutako zorrak kontuan izanik.

Ondorio horietarako guztietarako, dohaintza bidez loturikotzat jotzen da ondasunen eta eskubideen eskualdaketa, edo ekainaren 5eko 107/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren Arautegiko 11. artikuluan aipaturiko doako eta inter-vivos eginiko edozein beste negozioren bidezkoa.

Ondarearen gaineko Zergaren gutxieneko kuota ezartzeko klausula hori ez da aplikagarria izango zergadunak egiaztatzen badu eskualdaketaren onuradunak Ondarearen gaineko Zergagatik benetan zerga ordaindu duela. Hala dela ulertuko da dohain jasotako ondasunen eta eskubideen zenbateko baliokidea integratu badu zerga oinarrian eskuraketaren ondorioz. Aldi berean, likidazio oinarrian integratu behar du dohain jasotako ondasunen eta eskubideen zenbatekoaren %35 eskuraketa aurreko egoerarekiko.

Alabaina, ez da ulertuko eskualdaketaren onuradunak Ondarearen gaineko Zerga benetan ordaintzen duela noiz-eta, aurreko paragrafoan ezarritako baldintzak beteta ere, aipaturiko zenbatekoari dagokion zerga kuota murrizten duenean onuradunak hobariak edo kenkariak aplikatuz.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga baterako ordainketaren bidez ordaintzen duten zergadunak direnean, banaka kalkulatuko da horietako bakoitzari dagokion Ondarearen gaineko Zergaren gutxieneko kuota.

Loturak

5/2013 Jarraibidea, Ondarearen zergari buruzkoa, 11. atala

Informazio gehiago

Lotutako orrialdeak

Kuota osoaren muga

Itzuli