www.bizkaia.eus/guregida


Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900001561

13/2013 Foru Arauko 9.3. artikulua: Erabateko ezintasun iraunkorra (iraikitzen)


  

Kargatik salbuetsita daude Gizarte Segurantzak, edo aurreko artikuluan aipatzen diren erakundeek, ezintasun iraunkor osoagatik aintzatetsitako prestazioak, baldin eta zergadunak 55 urte baino gehiago badauzka eta ez badu jasotzen bere lanagatik 13/2013 Foru Arauko 18.a) artikuluan ezarritakoez beste etekinik, ez eta jarduera ekonomikoen etekinik ere.

Hori dela eta, argitu behar da:

  1. salbuespena 55 urte betetzen direnetik aurrera kreditatu daiteke;
  2. lanaren etekinen aipamena (13/2013 Foru Arauko 18.a) artikulukoak) lan jarduera bat (edo horiekin berdinetsitako bat) eginez lortzen ez diren lanaren etekin guztiei dagokie.

Salbuespenaren eta lan aktiboen etekinak, edo jardueren etekinak, lortzearen arteko bateraezintasuna ez da aplikatuko ezintasun iraunkor osoagatiko prestazioa jasotzen den lehenengo zergaldian.

Zahartzaro eta Elbarritasun Aseguruaren (ZEA) zahartzaro-ezintasuneko pentsioa eta elbarritasun-pentsioa Gizarte Segurantzaren ezintasun iraunkor osoagatiko prestazioekin parekatu dira eta, beraz, salbuetsita daude, baldin eta hartzaileak 55 urte baino gehiago badauzka eta ez badu jasotzen lanaren etekinik lan-jarduera batean aritzeagatik, ez jarduera ekonomiko batean aritzeagatik (salbuespena: aurreko paragrafoan betekizun honetaz ezarritakoa).

Ostera, ZEAren zahartzaro-pentsioak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kargapeko eta horretatik salbuetsi gabeko lanaren etekinak dira.

(*) Ezintasun iraunkorraren pentsioen izendazioaren aldaketa.

Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 200.4 artikuluan hauxe ezarri da: "4. Ezintasun iraunkorraren pentsioak, onuradunak hirurogeita zazpi urte betetakoan, erretiro-pentsioak izango dira. Izendazio berriak ez dakar berekin inolako aldaketarik prestazioa jasotzeko moduari dagokionez".

Honelako kasuetan, pentsioaren izendazioa baino ez da aldatzen; gainerako inguruabarrek, ekonomikoek tarteko, bere hartan jarraitzen dute.

Ondorioz, prestazioaren izendazioa bakarrik aldatzen denez gero, orain arte bezala aplikatu ahal izango zaio abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauak 9.3 artikuluan arautzen duen salbuespena, aldaketaren aurreko modu berean.

2.000 euro arteko diru-sarrerek ez dute eragozten salbuespen hau, garrantzi gutxikotzat jotzen baitira (abenduaren 1eko 11/2020 Foru Dekretu Arauemaileak aitortu beharraz ezartzen duenaren arabera), baldin eta zergadunaren jarduera pasiboen edo lan-ekarpen urriko jardueren ondoriozkoak badira: entresakak, basojardueren etekinetan, edo aseguru-agente ohiek jasotzen dituzten aseguru-zorroen komisioak.

(*) Erretiro-pentsioa hautatzea.

Hala ere, batzuetan, erretiratzeko adinera heltzen denean pertsonak bi aukera dauzka: ezintasunaren pentsioa jasotzen jarraitu edo erretiro-pentsioa jaso, baldin eta horretarako eskubidea badauka urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 163. artikuluan xedatzen denarekin bat etorriz. Izan ere, horren arabera: "1. Pertsona batek ezin du jaso araubide orokor honetako pentsio bat baizik, legerian edo arautegia berariaz ezarri ezean. Beste pentsio bat jasotzeko eskubidea sortzen bada eta aurrekoarekin bateragarria ez bada, erakunde kudeatzaileak pentsiorik handiena (urteko zenbatekoa kontuan hartuta) ordainduko du, eta bestea bertan behera utziko du. Hala ere, interesdunak bertan behera utzitako pentsioa jasotzea hautatzen badu, erabaki hori deusezteko eskatu ahal izango du. Hautapen horrek eskaera aurkeztu ondoko hileko lehen egunetik aurrera sortuko ditu ondorio ekonomikoak. 2. Aurreko apartatuan ezartzen den bateraezintasun-araubidea 196.2 artikuluan ezartzen den honenbesteko kalteordainari ere aplikatuko zaio (ezintasun iraunkor osoaren pentsioaren ordezko prestazioa)". (testua 21-01-01ean aldatu zen)

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 163. artikuluan ezartzen da zer kasutan daukan zergadunak bi prestazio bateraezin jasotzeko eskubidea. Halakoetan, zergadunak pentsiorik handiena jasoko du, berak bestea hautatu ezean. Hori dela-eta, orokorrean, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorreko pentsioak bateraezinak dira beren artean, berariaz besterik arautu ezean.

Baldin eta berariaz ezarritako adinera iritsitakoan zergadunak erretiro-pentsioa jasotzeko eskubidea badauka eta erakunde kudeatzailea ordaintzen hasten bada (handiena delako) edo interesdunak berak jasotzea hautatzen badu, ezintasunaren pentsioari uko eginda (horrek dakartzan baldintza-aldaketekin), kasu honetan gertatzen dena ez da izendapen-aldaketa hutsa, eta ondorioz ordutik aurrera jasoko den prestazioa ez da egongo zergatik salbuetsita, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9.3 artikuluan ezartzen denarekin bat etorriz (izan ere, erretiratzeagatik onartutako pentsioa da, ez ezintasun iraunkorraren pentsioa, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9.3 artikuluan eskatzen den bezala).

Loturak

Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren Jarraibidea

Itzuli