Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900001942
Ohiko etxebizitza zer den: etengabeko okupazioa.
Oro har, ohiko etxebizitzatzat hartzen da zergaduna hiru urtez jarraian, gutxienez, bizi den etxebizitza.
Hala ere, zergaduna etxean aldi batez jarraian bizi behar bada ere, hori gorabehera noizean behin aldi bat kanpoan eman dezake (oporrak, asteburuak, laneko bidaiak, eta abar); etxetik kanpoko egonaldiak, nolanahi ere, bateragarriak izan behar dira higiezinaren okupazioaren egonkortasunarekin eta jarraitasunarekin.
Gainera, etxebizitza bat ohikotzat jotzeak ez du eragozten hark etekinak ematea, diruzkoak zein gauzazkoak, aldi batez hutsik dagoen artean (higiezin-trukeak oporretan, esaterako).
Horrenbestez, higiezin bat bertan inor bizi ez den aldi batez alokatzen bada turismorako, bidezkoa da pentsatzea zergadunaren ohiko etxebizitza izaten jarraitzen duela eta, beraz, ez dela beraren xedea aldatu beste zerbait egiteko.
Zergadunak higiezinaren bidez etekinak lortzen dituen aldietako gastuen zati proportzionalaren arabera kenkaria aplikatzeko eskubidea daukanez gero, aldi horietan ezin du aplikatu kenkaririk ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik (hau da, zenbatekoak hainbanatu behar ditu).
Zergadunak etxebizitzaren atal bat alokatzen badu (gela batzuk) eta beste atal batean bera bizi bada (ohiko etxebizitza), modu pribatiboan erabiltzen duen higiezinaren atalari eta gune komunei dagozkien zenbatekoak baino ezin ditu kontuan hartu ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik aplika daitekeen kenkarirako. Hau da, ezin izango du kenketarik aplikatu etxebizitza berarekin partekatuko duten errentarien erabilerarako erreserbatutako guneei egotzi beharreko zenbatekoen gainean. Horretan ez dauka inolako eraginik errentariak nola erabiltzen duen higiezina (etxebizitza edo beste xederen bat).
Honelako kasuetan, zergadunak higiezinaren erosketako zenbatekoen guztirako kopurua har dezake ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik aplika daitekeen kenkaria kalkulatzeko, etxebizitza osoa beraren esku dagoen unetik, baldin eta egoera horrek gutxienez hiru urte jarraian irauten badu, abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauko 87.8 artikuluak etxebizitza ohikotzat jotzeko eskatzen duen bezala (aldaketa ezinbestekoa denean izan ezean).
Ohiko etxebizitza zer den: eranskinak eta gehigarriak.
PFEZ Foru Arauan berariaz adierazten den bezala, ohiko etxebizitzaren kontzeptutik kanpo geratuko dira lorategiak, parkeak, igerileku eta kirol instalazioak, garajeak eta, oro har, eranskinak eta etxebizitza bera ez diren elementu guztiak. Aldiz, elementu horiek kontzeptu horren barruan sartuko dira etxebizitzarekin batera erregistro-finka bakarra osatzen dutenean.
Aurreko paragrafoko azken tartekoa gorabehera, ohiko etxebizitzaren kontzeptuan ezin dira sartu etxebizitza bati erantsita ez dauden elementuak, hau da, bizitoki moduan erabiltzen ez direnak, nahiz eta erregistro finka berekoak izan.
15.8.18. Ogasun Zuzendaritza Nagusiaren jarraibideak