Zuzendaritzaren Jarraibidea Identifikazio zenbakia: 900001650
a) Zergadunak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea badu eta haren zenbatekoa lan-erlazioa azkendu denetik zehatz-mehatz ezarrita badago eta zenbateko hori aldatu ezin bada eta urte batzuetan zehar jasotzen bada, zergen ondorioetarako zatika jasotako kapital etekintzat hartuko da. Beraz, PFEZ Foru Arauko 19. artikuluan eta Zergari buruzko Araudiko 14. artikuluan ezarritako integrazio-ehunekoak aplikatu behar dira, bertan ageri diren erregelak aintzat hartuz.
b) Ostera, kalte-ordainaren zenbatekoa zehatz-mehatz finkatuta ez badago eta kanpoko parametroen arabera aldatu ahal bada (esaterako: hobekuntza, soldata-igoerak...) edo Gizarte Segurantzaren edo EINen pertzepzioen osagarria bada, errenta erregular gisa tratatuko da, nahiz eta urte batzuetan zehar kobratu. Kasu horretan, urtero jasotako kopuruen % 100 sartu beharko da, eta ez dira aplikagarriak izango PFEZ Foru Arauko 19. artikuluan eta Zergari buruzko Araudiko 14. artikuluan ezarritako integrazio-ehunekoak. Beraz, errenta gisa jasotako kalte-ordaina izango litzateke, nahiz eta urte batzuetan zehar kobratu.
Ondorioz, aurretik erretiratutako langileek jasotzen dituzten aldizkako osagarriak, urriaren 31ko 8/2000 Foru Arauaren aplikazio-eremutik kanpo daudenak, etekin erregular gisa zergapetu behar dira.
Langileek prestazio publikoen osagarriak kobratzeko eskubidea lan-kontratua azkentzearekin batera sortzen da. Horrenbestez, osagarri horiek, zati batean, dagoeneko jasotzen ez dituzten lansariak ordezten dituzte, eta bizitza aktiboa amaitzearen ondoriozko kalteak konpentsatzen dituzte. Beraz, ez zaie tratamendu bakarra eman behar orduan (kontratua azkentzen denean) jasotzen diren diru kopuru guztiei, lan-harremana indarrean dagoen artean jasotzen direnei ematen ez zaien bezala. Horregatik, bereizita aztertu behar dira kapital modura jasotzen diren kopuruen zerga-tratamendua, batetik, eta errenta modura jasotzen direnena, bestetik. Beraz, etekin batzuk errenta moduan jasotzea gorabehera, baliteke etekin irregularrak egotea.