www.bizkaia.eus/guregida


Kontsultak Identifikazio zenbakia: 900009879

Banakako bizi-asegurua, 1994an kontratatua. Errentak indibidualizatzea. Aseguratzaileak informatzeko dituen betekizunak.


  
Data 07.06.2019

Zera jakin nahi du:

  1. Hark ordaindu beharko duen, osorik, asegurua iraungitzen denean kobratuko duen prestazioari dagokion zerga; edo 100eko 50 bakarrik ordaindu beharko duen, polizaren primak irabazpidezko diruz ordaindu baitira.
  2. Aseguratzaileak bi ziurtagiri eman beharko dizkion, hitzartutako asegurutik eratorritako prestazioa jasotzen duenean: bata jasotako kapitalaren zenbatekoari buruzkoa, eta bestea ordura arte heriotza- edo ezintasun-arriskuaren kapitalari dagozkion primetatik kontsumitutako parteari buruzkoa.
  3. Jasotzen duen biziraupen-pertzepzioaren gaineko murrizketa-motaren bat aplikatu ahal izango duen (jaitsiera-koefizienteak), eta lortzen duen etekina aurrezkiaren zerga-oinarrian integratuko beharko duen.
  4. Aurreko galdera horien guztien erantzunak ezkontidearentzat ere hala diren. Izan ere, ezkontidea ezaugarri bereko aseguru-poliza baten hartzaile eta aseguratua da.

Erantzuna

  1. Biziraupen-aseguruko kontratu batean kontratatzailea eta onuraduna pertsona bera badira, kostu bidezko eta ausazko kontratua da. Aseguratutako kapitala ordaindutako primen kontraprestazioa da, eta horien izaera, pribatiboa edo irabazpidezkoa, aurrez ordaindutako primen araberakoa izango da. Kasu horretan, primak irabazpidezko diruarekin ordaindu zirenez, aseguratuaren biziraupenaren kasuan aseguratutako kapitalaren errendimendua % 50ean egotziko zaie bi ezkontideei, polizan horietako bat bakarrik agertzen bada ere hartzaile eta onuradun gisa.
  2. Aseguru-erakundeak PFEZren zerga-oinarrian sartzen den prestazioaren zati bat atxiki beharko du. Atxikipen hori kalkulatzeko, ordaindutako kapitalaren eta dagozkion primen arteko aldea hartuko da kontuan, orain arte kontsumitutako arriskuko kapitalari dagokion ordaindutako primen zatia ere kontuan hartuta. Aseguru-entitateak ziurtagiri bat egin beharko du ordaindutako errenta eta egindako atxikipena egiaztatzeko.
  3. 1999ko urtarrilaren 1a baino lehen ondarean aldaketak sortzen zituzten bizi-aseguruek PFEZren Foru Arauko 8. xedapen iragankorrean ezarritako eraispen-koefizienteak izan ditzakete. Hala ere, ezingo dute integrazio-ehunekorik aplikatu, ez eta bestelako murrizketa gehigarririk ere. Prestazioaren bidez lortutako kapital higigarriaren errendimendua aurrezkiaren zerga-oinarrian integratu eta konpentsatuko da.
  4. Azkenik, laugarren galderari dagokionez, aurreko puntuetan ateratako ondorioak kontsultatzailearen ezkontidearen aseguruaren biziraupen-prestazioari ere aplikatu behar zaizkio, baldin eta kontsultatzaileak kontratatutakoaren ezaugarri berak baditu.
Araubidea

Martxoaren 25eko 4/2015 Foru Arauaren 4. eta 36. artikuluak.

Abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 8, 33, 36, 63, 76 eta 115. artikuluak eta zortzigarren xedapen iragankorra.

Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuaren 79, 81, 92 eta 106. artikuluak.

Loturak

kontsulta osoa

Itzuli