saltatu edukira

Aldundiaren Logoa
 
 

Hemen zaude:

Gure Gida

Informazioa


www.bizkaia.eus/guregida


Ohiko galderak Identifikazio zenbakia: 900006414

PFEZetan murrizketak gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpen eta kontribuzioengatik?

Gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpen eta kontribuzioengatik:

  1. BGAE
  2. Pentsio-planak
  3. Europako pentsio-planak
  4. Mutualitateak
  5. Aurreikuspen-planak
  6. Enpresen gizarte aurreikuspeneko planak
  7. Mendetasun larri edo oso larrirako arriskua bakarrik estaltzen duten aseguru pribatuak

Oharrak:

  • Sistema hauetara egiten diren ekarpenek kasu batean bakarrik murriztu dezakete zerga-oinarria: xedea kontingentziak estaltzea edo eskubideak mugitzea denean, pentsio plan eta funtsen araudian edo BGAEn ezartzen den bezala.
  • BGAEek, gizarte aurreikuspeneko gainerako sistemek ez bezala, ez dute finantza-mugarik ekarpenetarako.
  • Sistema horiek ematen dituzten prestazio guztiak kargatzen dira.
  • Bazkidea, partaidea, mutualista edo aseguratua erretiratu ondoko zergaldia hasi ondoren egiten diren ekarpenek ez dute murrizten zerga-oinarria. Bazkidea, partaidea, mutualista edo aseguratua erretiratu ondoko zergaldia hasi ondoren egiten diren ekarpenek ez dute murrizten zerga-oinarria. Muga hau ez da egindako ekarpenei aplikatzeko modukoa edo % 33 baino gehiagoko ezgaitasun fisiko % 65 baino gehiagoko edo psikikoarekiko pertsonen alde.
  • Erretiroagatik edo borondatezko bajagatik kapital prestazioa jasotzen den ekitaldian egiten diren ekarpenak eta kontribuzioak: murrizketak muga hau dauka: ekitaldiko zerga-oinarrian benetan sartutako kopuruei dagozkien ekarpenen kopurua.

70. artikulua. Murrizketak gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpen eta kontribuzioengatik.

70.1. Zerga-oinarri orokorretik murriztu daitezke gizarte-aurreikuspeneko sistemei egiten zaizkien ekarpen eta kontribuzio hauek:

  1. BGAE

    Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek egindako ekarpenak, betiere ekarpenok 1998ko ekainaren 30eko 6/1988 Foru Arauko 3. artikuluan jasotzen dituen kontingentziak nahiz bazkide langileen langabezia estaltzeko direnean (foru arau hori Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko entitateen erregimen fiskalari buruzkoa da), bai eta bazkide babesleak egin eta entitateetako bazkideei lan-etekin gisa egotzi zaizkien kontribuzioak ere.

    Indizera igotzea

  2. PENTSIO PLANAK

    Pentsio-planen partaideek plan horiei egindako ekarpenak, bai eta sustatzaileak egin eta partaideei lan-etekin gisa egotzi zaizkien kontribuzioak ere.

    Indizera igotzea

  3. 2003/41/EEE ZUZENTARAUAN ARAUTUTAKO PENTSIO-PLANAK

    Partaideek Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an emandako 2003/41/EEE Zuzentarauan (enpleguko pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan) araututako pentsio-planei egindako ekarpenak, enpresa sustatzaileek egindako kontribuzioak barne, betiere betekizun hauek betetzen badira:

    1. Kontribuzioak prestazioa lotzen zaion partaideari egoztea zergen ondorioetarako.
    2. Etorkizuneko prestazioa jasotzeko eskubidea modu ezeztaezinean eskualdatzea partaideari.
    3. Kontribuzio horri dagozkion baliabideen titulartasuna partaideari eskualdatzea.
    4. Estali behar diren kontingentziak Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8 artikuluan jasotakoak izango dira; testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege-dekretuak onartu zuen.

    Indizera igotzea

  4. GIZARTE AURREIKUSPENEKO MUTUALITATEAK

    Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei egindako ekarpen eta kontribuzioak, baldintza hauek betetzen dituztenean:

    1. Baldintza subjektiboak:
      1. Gizarte Segurantzako erregimenen batean integraturik ez dauden profesionalek, haien ezkontideek edo izatezko bikotekideek eta lehen mailako ahaide odolkideek nahiz mutualitate horietako langileek gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin kontrataturiko aseguruengatik ordaindu dituzten kopuruak direnean, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8.6 artikuluan jasotako kontingentziak estaltzen dituen zatian (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen), baldin eta ordaindutako kopuru horiek gastu kengarritzat hartu ez badira ekonomia-jardueren etekin garbiak foru arau honetako 27. artikuluko 1. erregelaren bigarren paragrafoan jasotakoaren arabera zehazterakoan.
      2. Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan integraturik dauden profesional edo enpresaburu indibidualek, haien ezkontideek edo izatezko bikotekideek eta lehen mailako ahaide odolkideek nahiz mutualitate horietako langileek gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin kontrataturiko aseguruengatik ordaindu dituzten kopuruak direnean, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8.6 artikuluan jasotako kontingentziak estaltzen dituen zatian (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen).
      3. Besteren konturako langileek edo bazkide langileek gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin kontrataturiko aseguruengatik ordaindutako kopuruak, sustatzaileek lan-etekin gisa haien alde egotzitako kontribuzioak barne, betiere Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko lehenengo xedapen gehigarrian jasotakoaren arabera egiten badira eta aipaturiko bazkide langileen langabezia ere estaltzen badute (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen).
    2. Mutualisten eskubide kontsolidatuak bakarrik gauzatu ahal izango dira Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 8.8 artikuluan pentsio-planei dagokienez jasotako kasuetan (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen).

    Indize igotzera

  5. AURREISKUPEN-PLAN ASEGURATUAK

    Aurreikuspen-plan aseguratuei ordaindutako primak. Aurreikuspen-plan aseguratuak aseguru-kontratuak dira, berez, eta baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Zergaduna izan behar da hartzailea, aseguratu eta onuraduna. Dena den, heriotza kasuan, prestazioak jasotzeko eskubidea sor dezake, Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bateginak ezarritakoaren arabera (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen).
    2. Estali behar diren kontingentziak Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen Testu Bategineko 8.6 artikuluan jasotakoak izango dira bakarrik, eta erretiroa estaliko dute nagusiki (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen). Testu bategin horretako 8. artikuluko 8. zenbakian jasotako kasuetan bakarrik baimenduko da kontratu horietako zenbatekoak aurrez erabiltzea, osorik edo zati batean. Kontratu hauetan ez da aplikatuko Aseguru kontratuei buruzko 1980ko urriaren 8ko 50/1980 Legeko 97. eta 99. artikuluetan xedatutakoa.
    3. Gisa honetako aseguruek interes bat bermatu behar dute nahitaez, eta teknika aktuarialak erabili.
    4. Polizaren baldintzetan berariaz eta nabarmen utzi beharko da agerian aurreikuspen-plan aseguratua dela.
    5. Erregelamendu bidez ezarriko dira hornidura matematikoa beste aurreikuspen-plan aseguratu batera aldatzeko betekizunak eta baldintzak.

      Foru arau honetan eta araua garatzeko arauetan berariaz erregulatuta ez dauden alderdietan, kontratu horien ekarpen, kontingentzia eta prestazioen araubidea pentsio-planen arautegi erregulatzailearen araberakoa izango da, salbu hornidura teknikoen alderdi finantzario eta aktuarialetan. Zehatzago, aurreikuspen-plan aseguratu batean jasotako eskubideak ezin izango dira enbargatu, ez eta epailearen edo Administrazioaren trabarik jaso ere, harik eta prestaziorako eskubidea sortu arte edo gaixotasun larria edo iraupen luzeko langabezia gertatzean haiek erabili arte, eta gauza bera gertatuko da gutxienez hamar urteko antzinatasuna duten prima ordainduei badagozkie.

    Indize igotzera

  6. ENPRESEN GIZARTE-AURREIKUSPENEKO PLANAK

    Langileek Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko lehenengo xedapen gehigarrian araututa dauden enpresen gizarte-aurreikuspeneko planetara egin dituzten ekarpenak, hartzailearen kontribuzioak barne (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen). Dena dela, enpresen gizarte-aurreikuspeneko planek baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Aseguru-kontratu mota honi printzipio hauek aplikatuko zaizkio: diskriminaziorik eza, kapitalizazioa, ekarpenen ezeztaezintasuna eta eskubideen esleipena; printzipio horiek guztiak Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko 5. artikuluko 1. zenbakian jasotzen dira (testu bategin hori 2002ko azaroaren 29ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen).
    2. Polizan zehaztuta agertuko da zein prima ordaindu beharko duen hartzaileak gizarte-aurreikuspeneko plana betetzeko. Prima horiek aseguratuei egotziko zaizkie.
    3. Polizaren baldintzetan berariaz eta nabarmen utzi beharko da agerian enpresaren gizarte-aurreikuspeneko plana dela.
    4. Erregelamendu bidez ezarriko dira hornidura matematikoa gizarte-aurreikuspeneko beste enpresa-plan batera aldatzeko betekizunak eta baldintzak.
    5. Aurreko 5. zenbakiko b) eta c) letretan xedatutakoa.
    6. Foru arau honetan eta araua garatzeko arauetan berariaz erregulatu ez diren alderdietan, aurreko 5. zenbakiaren azken letran jasotakoa aplikatuko da.

    Indize igotzera

  7. MENDETASUNAREN ASEGURUAK

    7. Mendetasun larri edo oso larrirako arriskua bakarrik estaltzen duten aseguru pribatuei ordaindutako primak, 2006ko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotakoaren arabera; lege hori Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoa da.

    Era berean, zergadunarekin hirugarren maila arteko zuzeneko edo zeharkako ahaidetasun harremana duten pertsonek -hiru-garren maila hori barne-, edo zergadunaren ezkontideak edo izatezko bikotekideak edo zergaduna tutoretza- edo harrera-araubidean beren kargura duten pertsonek aseguru pribatu horiei ordaindutako primengatiko murrizketa egin dezakete zerga-oinarri orokorrean, kontuan hartuta foru arau honetako hurrengo artikuluan murrizketarako jasotako muga.

    Zergadun beraren aldeko primak (zergadunaren beraren primak barne) ordaintzen dituzten pertsona guztiek egindako murrizketak, gehienez ere, 5.000 euro izango dira urtean. Horretarako, zergadun beraren alde prima bat baino gehiago ordaintzen denean, lehenengo, zergadunak berak ordaindutako primak murriztu behar dira, eta, bakarrik 5.000 euroko mugara iristen ez badira, beste pertsona batzuek haren alde ordaindutako primak murriztu daitezke haien zerga-oinarri orokorrean.

    Azken kasu horretan, murrizketa modu proportzionalean egin behar da. Prima horiek ez daude Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren mende.

    Aseguru-kontratuak aurreko 5. zenbakiko a) eta c) letretan jasotakoa bete behar du betiere. Foru arau honetan eta araua garatzeko arauetan berariaz erregulatu ez diren alderdietan, aurreko 5. zenbakiaren azken lerroaldean jasotakoa aplikatuko da.

    Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategineko lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera egindako mendetasuneko aseguru kolektiboen kasuan, enpresa bakarrik ageriko da aseguruaren hartzaile gisa, eta langileari dagokio, berriz, aseguratu eta onuradun izaera. Zenbaki honetan jasotakoa erregelamendu bidez garatuko da.

    Indize igotzera

70. artikulua. Murrizketak gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpen eta kontribuzioengatik.
70.2. Jasotako prestazioak osorik zergapetuko dira

Aurreko 1. zenbakiko 1etik 7ra bitarteko azpizenbakietan jasotako gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik jasotako prestazioak osorik zergapetuko dira, eta ezingo dira inoiz gutxitu, murriztu ezin izan diren gehiegizko ekarpen eta kontribuzioen zenbatekoak direla eta.

Indize igotzera

70.3. Ezkontidearen alde ekarpenak

Kontuan hartu gabe foru arau honen hurrengo artikuluan aipatutako mugen arabera egin diren murrizketak, zergadunaren ezkontideak edo izatezko bikotekideak ez badu zerga-oinarri orokorrean integratu beharreko errentarik lortzen edo lortzen dituenak urteko 8.000 eurotik beherakoak badira, zergadunek zerga-oinarri orokorrean murriztu ahal izango dituzte artikulu honetan jasotako gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenak, ezkontidea edo izatezko bikotekidea haietako bazkide, partaide, mutualista edo titularra denean, urteko 2.400 euroko gehieneko mugarekin.

Ekarpen horiek ez daude Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergaren mende.

Indize igotzera

70.4. Araudian aurrez ikusitakoetarako suposizio behar ez bezala erabilerak

Zergadunak osorik edo zati batean erabiltzen baditu artikulu honetan jasotako gizarte-aurreikuspeneko sistemetatik eratorritako eskubide kontsolidatuak eta eskubide ekonomikoak, pentsio-plan edo -funtsen araudian jasotakoetan barik beste batzuetan edo borondatezko edo ezinbesteko bajaren kasuetan eta entitatearen likidazio kasuetan, berriro jarri beharko ditu zerga-oinarri orokorrean behar ez bezala egin dituen murrizketak. Horretarako, autolikidazio osagarriak egin beharko ditu, eta berandutze-interesak ere gehitu beharko ditu. Ekarpenen zenbatekoa gaindituta jaso diren kopuruek -sustatzaileak egotzitako kontribuzioak barne- lan-etekin gisa tributatuko dute, haiek jasotzen diren zergaldian.

Indize igotzera

70.5. Erretiroaren ondoko zergaldietako ekarpenak

Zerga-oinarrian ezin da murrizketarik egin aurreko 1etik 3ra arteko zenbakietan aipatzen diren gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenak eta kontribuzioak direla eta, baldin eta bazkide, partaide, mutualista edo aseguratuak erretiro egoeran dauden zergaldiaren osteko lehenengo zergaldiaren hasieratik aurrera egiten badira.

Indize igotzera

70.6. Ekarpenak eta ekitaldi bereko kapital gisako prestazioak jasotzea

Halaber, gizarte-aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpen eta kontribuzioei dagokienez (aurreko 1. zenbakian aipatzen dira), halakoak egiten diren ekitaldi berean kapital gisako prestazioak jasotzen badira erretiroagatik edo estalitako kontingentziengatik baino beste arrazoi batzuengatik edo 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuko (Pentsio Plan eta Funtsei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 8. artikuluko 8. zenbakian aipatzen diren egoerengatik baino beste arrazoi batzuengatik, bada, orduan, murrizketan muga izango dute ekitaldian egindako ekarpenek; hain zuzen, ekitaldiko zerga-oinarrian benetan integratutako hartukizunen zenbatekoa izango da muga hori.

Zenbaki honetan ezarritakoa ez da aplikatuko ekarpenok hauei egiten bazaizkie: enpleguko pentsio-planei, enpresaren gizarte-aurreikuspeneko planei, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2003ko ekainaren 3an emandako 2003/41/EEE Zuzentarauan (enpleguko pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoan) araututako pentsio-planei, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei edo borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei; halaber, ez da aplikatuko foru arau honetako artikulu honetako 3. zenbakian eta 72. artikuluan aipatzen direnen moduko ekarpenak badira.

Indize igotzera

1/2002 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 29koa, pentsio planak eta funtsak arautzen Legearen testu bategina onesten duena. 8. artikulua.- Ekarpenak eta prestazioak
8.6. Aurreko prestazioak honako kontingentzia hauengatik ordaindu ahal izango dira:
  1. Erretiroa: kontingentzia hau zehazteko, Gizarte Segurantzaren araubide egokian ezartzen dena aplikatuko da.

    Partaideak ezin badu erretirorik hartu, behin 65 urte bete eta gero kontingentzia gertatutzat joko da partaide horrek lan jarduerari edo jarduera profesionalari uzten dion unean, ez bada erretiroaren kontingentziarako kotizatzen ari Gizarte Segurantzako inongo araubidetan. Hala ere, prestazioaren kobrantza aurreratu ahal izango da hirurogei urte betetzen direnean, erregelamenduz ezartzen den moduan.

    Pentsio planek ezarri ahal izango dute erretiroko prestazioa ordainduko dela baldin eta partaideak, adina gorabehera, bere lan-harremana azkentzen badu eta legezko langabezia egoerara pasatzen bada Langileen Estatutuaren Legearen testu bategineko 49.1.g), 51., 52. eta 57 bis artikuluetan aipatzen diren kasuetan. Erregelamenduz baldintzak ezarri ahal izango dira pentsio planetarako ekarpenei eusteko edo berriro ekarpenak egiten hasteko, horrelako kasuetan.

    Erretiroa hartzen duenetik, partaideak pentsio planari ekarpenak egiten jarraitu ahal izango du. Hala ere, erretiroko prestazioaren kobrantza edo erretiroari dagokion prestazioaren kobrantza aurreratua hasiz gero, heriotzaren eta mendekotasunaren kontingentzietarako baino ezingo dira egin ekarpenak. Araubide bera aplikatuko zaie, erretirorik ezin hartu denean, 65 urte bete eta gero egiten diren ekarpenei. Erregelamenduz baldintzak ezarri ahal izango dira erretirorako ekarpenak berriro egiten hasi ahal izateko, geroztik Gizarte Segurantzako araubideren batean alta hartzen bada, jarduera egiten delako edo jarduerari berriro ekiten zaiolako.

    Ulertu behar da a) letra honetan xedatutakoak ez dituela ezertan eragotziko enplegu sistemako pentsio planen sustatzaileek lege honen 5. artikuluko 3. zenbakian ezarritakoaren babesean onuradunentzat egiten dituzten ekarpenak.

  2. Lan ezintasun osoa eta iraunkorra ohiko lanbidean edo erabatekoa eta iraunkorra edozein lanetarako, eta ezintasun osoa, Gizarte Segurantzako dagokion Erregimenean zehaztutakoaren arabera.

    Egoera horietan eroritako pertsonek bizi ditzaketen kontingentzietarako ekarpenen helburua erregelamendu bidez arautu ahal izango da.

  3. Partaidearen edo onuradunaren heriotza, alarguntasun edo zurztasun pentsioa edo oinordekoen edo izendatutako pertsonen aldeko prestazioa sortzen duena.
  4. Partaidearen mendekotasun larria edo mendekotasun handia, Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko Legeak arautzen duenaren arabera.

    Lege honen lehenengo xedapen gehigarria dela eta, bertan ezartzen denaren arabera kontuan hartu beharreko kontingentziak erretiroa, ezintasuna, heriotza eta mendekotasuna dira (aurreko a), b), c) eta d) letretan arautzen dira, hurrenez hurren).

Lan-harremana azkendu eta, aurreko a) letrako hirugarren paragrafoan aipatzen diren kasuetan, legezko langabezia egoeran geratzen diren langileekin enpresek hartzen duten konpromisoa erretiroa hartu aurretik prestazioak ordaintzea bada, lege honetako lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen den araubidean bideratu ahal izango da, nahi izanez gero. Hala eginez gero, lege honen ondoriozko finantzei eta zergei buruzko araudia aplikatuko da.

(8. artikuluko 6. zenbakia; Estatuko 2013ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legeak azken xedapenetako bederatzigarrenean finkatutako testua («B.O.E.», abenduaren 28koa). Indarraldia: 2013ko urtarrilaren 1a.)

8.7. Pentsio-plan baten parte hartzen dutenen eskubide kontsolidatuak dira honako hauek:
  • a) Ekarpen definituko pentsio-planetan, partaideari dagokion kuota-partea; hori ekarpenen, etekinen eta gastuen arabera zehazten da.
  • b) Prestazio definituko planetan, erabili den sistema aktuarialarekin bat dagokion erreserba.
8.8. Partaideek bide bakarra dute euren eskubide kontsolidatuak betearazteko eta hori iraupen luzeko enplegugabeziaren edo gaixotasun larriaren kasua da. Egoera horiek arauz ezarriko dira eta gauza bera gertatuko da horrelako kasuetan betearazi ahal izango diren eskubide kontsolidatuen baldintza eta terminoekin.

Halaber, sistema indibidual eta elkartuko pentsio-planen partaideek aukera izango dute gutxienez hamar urteko antzinatasunarekin egin dituzten ekarpenen bidezko eskubide kontsolidatuen zenbatekoa aurrez eskuratzeko. Kasu horretan eskubide kontsolidatuak jasotzea bateragarria izango da gerta daitezkeen inguruabarretarako pentsio-planetara ekarpenak egitearekin. Enplegu-sistemako pentsio-planetako partaideek gutxienez hamar urteko antzinatasunarekin egin dituzten ekarpenen eta enpresa-ordainketen eskubide kontsolidatuen zenbatekoa eskura ditzakete konpromisoak horretarako aukerarik ematen badu eta planaren zehaztapenek aurrez, hala denean ezarritako baldintzak edo mugak betez, hori egitea ezarrita badute. Paragrafo honetan ezarri diren kasuetan eskubide kontsolidatuak betearazi ahal izateko baldintzak, terminoak eta mugak arauz emango dira.

Dena dela, aurreko paragrafoetan azaldu diren kasuetan jasoko diren zenbatekoak pentsio-planen prestazioetarako Legeak ezarri duen zerga-araubidearen araberakoak izango dira.
Sistema elkartuko eta indibidualeko pentsio-planetako eskubide kontsolidatuak beste plan edo pentsio-plan batera mugi daitezke. Aldaketa hori partaidearen aldebakarreko erabakiagatik edo sustatzaileak pentsio-plan baten bazkidearen izaera galtzeagatik edo plana amaitzeagatik gerta daiteke.

Sistema indibidual eta elkartuko onuradunen eskubide ekonomikoak, aldi berean, beste pentsio-plan batzuetara onuradunak eskatuta mugi daitezke, beti ere prestazioaren bermearen eta aseguratzearen baldintzek horretarako aukera ematen badute eta kasuan kasuko pentsio-planen zehaztapenetan ezarrita dauden baldintzak betez egiten bada.

Enplegu-sistemako pentsio-planetako partaideen eskubide kontsolidatuak ezin dira beste pentsio-plan batzuetara mugitu kasu bakarrean izan ezik, lan-harremana iraungitzen delako eta arauz ezarrita dauden baldintzak betetzen direlako, eta horrela ere bakarrik planeko zehaztapenean aurrez idatzita badago, edo pentsio-plana amaitu delako. Enplegu-planetako onuradunen eskubide ekonomikoak ezin dira mugitu, pentsio-plana amaitzen denean izan ezik.
Bere eskubideak mugitzea erabakitzen duen pentsio-plan bateko partaide edo onuradunak destino-funtsaren erakunde kudeatzailera jo beharko du eta era fede-emailean beharrezko kudeaketak egiteko aginduko dio. Destinoko erakunde kudeatzaileak lege honetan eta garatzeko arautegian eskubide horiek mugitu ahal izateko ezarri diren beharkizunak betetzen diren egiaztatu beharko du eta jatorrizko funtsaren kudeatzaileari eskubideen eskualdaketa eskatu beharko dio gutxienez destinoko plan eta funtsa, horren gordailuzaina eta eskualdaketa egin behar den destinoko pentsio-funtsaren kontuko datuak adieraziz. Jatorrizko erakunde kudeatzaileak, bere ustez beharrezkoak izango diren egiaztapenak egin ondoren, bidezko banku-transferentzia egiteko agindua eman beharko du eta destinoko kudeatzaileari igorri beharko dio eskualdaketarako beharrezkoa den informazio finantzario eta zerga-informazio guztia. Partaideek eskatuta egingo diren eskualdaketetan informazio horren barruan eskualdaketaren xede diren eskubide kontsolidatuen ondoriozko egindako ekarpen guztien zenbatekoa eta betearazi ziren datak zehaztuko dira.

Destinoko erakunde kudeatzaileak jatorrizko erakunde kudeatzailearen eta jatorrizko eta destinoko funtsen gordailuzainak diren erakundeen arteko emaitzako dokumentazioa kontserbatuko du eta, halaber, dokumentazio hori eskumendun agintarien eskuetan jarri beharko du.

Partaideen eta onuradunen eskubideak mugitzea tramitatzeko eta horiek betearazteko prozeduraren baldintzak eta epeak erregelamenduaren bidez arautu ahal izango dira; eragiketa horiek mugimenduen fidagarritasuna, gardentasuna eta azkartasuna bermatzeko beharrezko terminoetan burutuko dira; aldi berean, aukera egongo da parte hartzen duten erakundeen artean informazioa segurtasuneko baldintza egokiekin eskualdatzeko eta zenbatekoaren eskualdaketa egiteko sistema estandarizatuak baimentzeko.

Atal honetan ezarri dena Lege honen xedapen gehigarrietatik seigarrenean ezarri diren pentsio-planen, prebisio-plan bermatuen eta prebisio sozial eta enpresarialeko planen arteko eskubide kontsolidatuen eta ekonomikoen mugimenduen kalterik gabe da.

Pentsio-plan bateko partaide baten eskubide kontsolidatuak ezin dira bahituraren edo epaitegietako edo administrazioko trabatzearen xede izan prestazioaren eskubidea sortu arte edo gaixotasun larri edo iraupen luzeko enplegugabezia kasuetan eskuragarri egon arte edo gutxienez hamar urteko antzinatasunarekin egindako ekarpenengatik bidezkoak izan arte.

Indize igotzera

Ley de EPSV (5/2012 LEGEA, otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeena.)

23. Artikulua– Bazkideen beste eskubide batzuk, eskubide ekonomikoen mobilizazioaren osagarri.

1.– Banakako modalitateko edo elkartekide modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen estatutuetan edo banakako nahiz elkartekide modalitateko gizarte-aurreikuspeneko planen erregelamenduetan, beste eskubide hauek ere sartu behar dira:

a) Lehenengo ekarpena gutxienez hamar urte lehenago egin zuten bazkideentzat, eskubide ekonomikoak erreskatatzeko eskubidea, guztiz edo zatiren bat, erabilitako finantza-sistemaren arabera pilatutako erreserben kontura.

24. Artikulua– Kontingentzia pertsonalak.

1.– Gizarte-aurreikuspeneko araubidearen bidez, lege honek borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ematen dien babesa zabaldu egin daiteke honako kontingentzia pertsonal batzuetara edo guztietara:

  1. Erretiroa. Erretiroaren kontingentzia bazkide arruntak Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean eta antzekoetan aurreikusitako erretiroa hartzen duen une horretan gauzatuko da, edo eskumena daukan organoak erabakitzen duenean. Ondorio horietarako, aurreratutako erretiroa, malgua, partziala eta Gizarte Segurantzak kasuan kasu aitortzen dituen horien pareko beste formulak, denak ere, erretiroa izango dira.

    Ezinezkoa baldin bada aurreko lerrokadan aipatutako erretiro hori lortzea, kontingentzia erakundearen estatutuetan zehaztutako adinean gertatu dela joko da -inoiz ez hirurogei urtetik behera-; betiere, bazkidea jada ez badabil lan-jardueran edo jarduera profesionalean edo horri utzita badago, eta ez baldin bada ari erretiroko kontingentziarako kotizatzen Gizarte Segurantzako inongo erregimenetan.

    Halaber, autonomoak edo kooperatiba- eta lan-elkarteetako bazkide langileak edo laneko bazkideak biltzen dituzten enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek beren esku dute erretiroko prestazioa eskuratzeko arauak jartzea, hirurogei urtetik aurrera, betiere, langilea lan-jardueran edo jarduera profesionalean ez badabil jada edo horri utzita badago.

  2. Ezintasun iraunkorra edo lana egiteko baliaezintasuna, Gizarte Segurantzaren edozein erregimenetan eta antzekoetan aurreikusitakoaren arabera, edo eskumena daukan organoaren erabakiaren arabera.
  3. Mendekotasuna. Adinagatik edo gaixotasun edo desgaitasunen batengatik, pertsona batzuek modu iraunkorrean bizi duten egoera da mendekotasuna, eta autonomia fisiko, mental, intelektual edo sentsorialaren gabezia edo galerarekin zerikusia du; horren ondorioz, mendekotasuna dutenek beste pertsona baten edo batzuen arreta behar dute, edo laguntza handia behar dute eguneroko oinarrizko ekintzak aurrera eraman ahal izateko; adimen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala dutenen kasuan, berriz, autonomia pertsonala izateko beste laguntza mota batzuen beharra daukate.
  4. Luzaroko langabezia. Hau da, enplegua galtzea edo, langile autonomoen kasuan, jarduera etetea, honako irizpide hauen arabera erregelamenduz garatuko diren baldintzak betetzen badira:
    • Legez langabezia egoeran egotea, ordaindutakoaren araberako prestazioa kobratzen duela urtebetez, non eta ez zaion hori baino lehen prestazio hori amaitu. .
    • Ez bada ordaindutakoaren araberako langabezia-prestaziorik jasotzen, prestazioa berehalakoan jaso daiteke, enplegu-eskatzaile gisa legezko langabezian egotea egiaztatuz gero.
    • Prestazioa hileroko errenta gisa ordainduko da, eta ordaindutakoaren araberako prestazioaren baliokidea izango da, non eta bazkideak ez duen eskatzen prestazioa ordainketa bakarraren bidez ordaintzea, enplegua bultzatzeko helburu zehatzarekin.
  5. Gaixotasun larria. Bazkidearen beraren, ezkontidearen edo izatezko bikotearen edo lehen mailako senideen gaixotasun fisikoa edo psikikoa, aldi baterako (hiru hilabetetik gora) ezinduta uzten duena baina ebakuntza handirik edo ospitalean sartzea behar ez duena, eta diru-sarrerak gutxitzea edo gastuak handitzea eragiten duena.

Indize igotzera

Informazio gehiago

Oharra

Galdera/Erantzun honek ez du ondore loteslerik Bizkaiko Foru Ogasunarentzat; informazio hutsa besterik ez da.

Itzuli