Hemen zaude:
Kontsultak Identifikazio zenbakia: 900006071
Kontsultaren egileak %60ko integrazio portzentajea aplikatu ahal izango dio galderan aipatutako lehenengo hartukizunari, urtean 300.000 euro gainditu gabe, baldin eta, aurkeztutako kasuan itxuraz gertatzen den moduan, PFEZFAren 18. artikuluko a) letrako 3., 4., 5., 7. eta 8. zenbakietan aipatzen diren gizarte aurreikuspeneko sistemetako edozeinetan parte hartzen badu (edo parte hartu badu) eta luzaroko langabezia dela-eta kapital eran harengandik jasotzen duen lehenengo prestazioa bada. 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako diru kopuruak bakarrik konputatuko dira.
Hala denean, lehenengo hartukizuna eragin duen arrazoi beragatik (esaterako, luzaroko langabeziagatik) hurrengo ekitaldietan jasotzen dituen zenbatekoei ezingo die %60ko integrazio portzentajea berriro aplikatu, baina erretiroaren kontingentzia gertatzeagatik beste ekitaldi batean kapital eran lortzen duen lehenengo zenbatekoari bai, aplikatu ahal izango dio, kasu horretan pentsa daitekeelako diru kopuru hori aurreko hartukizuna eragin zuen arrazoia ez beste batengatik lortu dela.
Dena dela, %60ko integrazio portzentajea aplikatu ahal zaion gehieneko zenbatekoa 300.000 euro da, eta muga hori PFEZFAren 19. artikuluko 2. zenbakiko b) eta c) letretan aipatzen diren etekinen multzoari dagokio. Hau da, zergaduna bazkide, partaide edo onuradun duten gizarte aurreikuspeneko sistemen multzoari eta enplegatzaileen pentsio-konpromisoak gauzatzeko aseguru kolektiboen multzoari dagokie, kontsultaren egilea horrelako asegururen baten onuraduna bada.